GAROA Txomin Agirre __________ IRAKURLEARI Egun on ta berri on, adiskide. Garoa naiz, Kresalaren anai gaztea; baño menditarra, Gipuzkoako izkeraz jantzia. Nere anaiari abegi ona egin zioten euskaldunak. Gaurko egunean edozeri jotzen zaizka ta, Euskalerrian azi zalako, txalo batzuek jo emen zizkaten. Baño ni eznator txalo billa. Nere aitak esan dit buruauste gogorren erdian sortu naizala, zeregin askoren tartean, txolartietan, atalga ta pitinga; arantzapeko lore gaixoa diruditala, eguzki gutxiko landare maxkarra. Bai, nere aitak dionez, Kresala ta ni almen gabeko gizonaren egintzak gera, zazpikiak, eta gure aitak ondo ezagutzen gaitu. Ni jaio baño len zerbait izango nintzala uste omen zuan, baña jaio ta gero, zelaira naramala, begira begira egon zait eta utsune agiriak idoro dizkit azalean, ustegabeko erkintasuna errai-mamiñean. Ala ere, arrera txarrik ezaldirazu egingo. Apalari etzaio iñon gaizki begiratzen. Ta gañera, nai degunik eztegu, irakurle, ta aldeguna bearko. Gaur eztago aukerarik. Erneko aldira euskeraz irakurgai gozo, ugari, ta mardulak. Betoz ordu onean, betoz ainbat lasterren. Nork daki, ni ain kaxkarra ikustean, liburu eder bat zeuk asmatuko ezpadezu? Baño bitartean, ara ni naizen bezela. Tira, ikusi zazu Joanes artzaia, ireki zaiozu atea, irauli zadazu orria. __________ I. JOANES ARTZAIA Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean. Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak. Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka. Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko. Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko orduari zar ta illun samarra. Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara. Milla aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irritzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoatren txortxorra, txori kantari askoten txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri ezkutua. Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago. Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak. Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak. Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak. Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak. Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra. Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea. Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilpide okerrak. Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdera egin nizkion. Bagiñazen bein mendian gora lagun batzuek, orain urte asko dala, udako bero galdatan, izerditsu, arnasestuka, oso nekaturik, Aitzgorriko goi gallurrera igotzeko asmoetan, ta Urbiako zelai ederra igarota laster, aurrez aurre billatu genduan gure artzai zintzoa, kerizpean, zugatz andi baten sustraian jarrita, artillezko galtzerdia egiñaz ta an aurrean zebiltzan ardiai begira. Aldamenean zeukan zakurrak, sumatu genduzanean, ongi-etorri gaiztoa emateko itxurak artu zituan. —Ona, Txuri, —deitu zion artzai zarrak— geldi emen. Jum! —Egun on —oles egin giñon Joanesi— egun on, adiskidea. —Baita zueri ere, —erantzun zigun, gozoro irribarrez. —Jarleku ona billatu dezu. —Beste asko dauzkat basoan, ta danak ezagutzen naute igaroko urtietan. —Urteak dira noski emen zabiltzala? —Berrogetamarretik gora onezkero. —Ta beti mendian zaude, bakarrik? Nun biziko naiz paketsuago ta obeto? —Ain ondo bizi alzera? — Bai, ta nola ez? Nai detan aña jaten det, nai detan aña edan, ta nai detana agindu. Nere ustea da —jarraitu zuan parre antzean— nere ustea da emengo legea, ta nere aginduaren aurrean eztu iñork ezetzik erantzuten. Inguruetako jabe ta jaun bezela bizi naiz. —Ezta gaizki, ez; baña esan zaiguzu, galdera okerra ezpada gurea. Zer jaten dezu? —Taloa ta gaztaia batzuetan, taloa ta esnea geienean ta ongarritxoren bat astia izan ezkero, gaur bezela. —Zer ongarri? —Baba beltz ederra, urdai apur batekin. —Ta edan? —Arkaitz iturriko ur garbi garbia. —Baña eztezu emendik iñora ertetzen? —Bai, bai; udea da emen igarotzen detana, nere baserrian lan andirik ezpadago, Epailletik asi ta Azaroraño. Ala ere, morroia badatorkit, larunbatetan jaixten naiz Zabaletara, nere emazte, seme, illoba ta bazterrak ikusiaz, barruko jantzi garbiak ipiñi ta tabakorri piskabat artzera; ta igandetan igotzen naiz berriz, Aranzazuko eleizan Meza entzun da gero. Morroia larunbatean ezpadator, jai egunean bertan joaten naiz Aranzazura, ta an izaten da ordurako etxekoren bat tabakorri ta jantzi garbiarekin. —Zortzian bein ikusten dituzu beraz etxekoak? —Basetxean lan askorik ezpada bai; baña gure Zabaleta orretan eginbear estuak badaude, eguzki goiztarra baño goiztxoago jaiki, beti bezela, ardi guztiak jetxi ta zelaira eraman, esne ontziak lepoan artu ta an izaten naiz laster, zazpiretako bai. Bertan dago Zabaleta, or Gogordo azpian: ordu biko bidea geienez emendik ara. —Ta lanera joaten altzera? —Zetara ba? Atxurrera edo laietara edo bear danera, eguzkia gorde artean beintzat. Eta illunabarrean, aldapari arpegia eman da, goruntz ostera, kankarroak lepoan ditutala. —Eztezu lotarako gogoa makala ekarriko. —Zerbait bai; baña eznaiz beti berealakoan lotara joaten. Ardiak batu bear izaten dira eskortaldera lenbizi, ta pozik bat edo beste galdu ezpazait Orduan izaten dira istilluak, arren billa gaberdiraño edo bear dan artean... —Ori bizitza daramazu, gizona, dauzkazun urteakin! —Ona nik, Jaungoikoari eskerrak. Nere semeak esaten dirate, zarra naizalata, jetxi nedilla Zabaletara betiko, berak edo morroiak egingo dituela emengo eginkizunak, baño eztet nai. Danok baño geiago naiz mendiko gauzetan, ta ezta arrotasuna egia baizik. Aiek eztaude ni añan oituak. —Eta ezaldezu ostaturik emen urrean? —Zertarako ostatua? Ara or non daukatan nere jauregia, atozte zein polita dan ikustera. Atozte, emango dizutet esne pixka bat egarria kentzeko. Joan giñan artzaiaren atzetik eta ikusi genduan Joanesen txabola. Jauregi ura jasotzeko, arri batzuek alkarren gañean tolestatu ta aien buruan aga bat, lau ostro ta lasta pilla batzuek tellatutzat jartzea baño beste lanik etzuten egin. Etzan txabola zazpi oin zabal, amar ez luze, gorutz etzituan zortzi. A! Baño bazuan ate zar bat eta gauza anditzat erakutsi zigun artzaiak. Lurrean, alde batera, txillarra ta garoa zeuden zapaldurik; ura zan Joanesen oia. Beste aldean, egur batzuk sutan, ta egurren erdian baba-eltzetxoa gargar; ura zan Joanesen sukaldea ta asti egunetako janari ona. Su ondoan, artiriñaren zorrotxoa, lurrezko katillu andia ta zurezko kollarea agiri ziran. Etzegoan beste gauzarik: ez mairik, ez jarlekurik, ez beste osterantzeko etxe-tresnarik. —Eztezu gauza asko bear bizi izateko —esan giñon artzaiari. —Beste edozeñek aña bear det, —erantzun zigun— baña gutxitan artzen det bear baño geiago. —Emen jaten dezu? —Emen jatekoa egin; zelaian jan, girona bada. —Ta emen lo? —Ederki. —Sartuko zaitzu aizea galanki irriñarte oietatik. —Aizea ona da, udaldean batez ere. —Ta etzera bildurtzen gabaz, bakarrik? —Zeren bildur izan bear det Jaungoikoarekin ondo banago? Gaiztoak or bealdean bizi dira, diotenez; zenbat eta berago, gaiztoagoak; zenbat eta erri andiago, okerragoak eta ugariagoak. Eztakit nik nola dan, baña gizon txarrak gutxitan oidira mendizale. Arren egin giñon Joanesi lagun zaigula Aitzgorri gañeraño, astirik bazuan, ta lagundu zigun. —Ura gizona! esan bear det berriz ere. Beti aurretik zijoan, izerdi tantorik gabe, geti parre antzean, jolasean bezela, ta guk, ogei urteko mutillak, izerditan urtutzen ta biriak aotik boteaz, ezin giñon jarraitu. Atzean ez gelditzeagatik egiñalak egin genduzan, baña alperrik. Azkenerako, Joanesek, gure neke ta larria ikusi zuanean, errukituta, kendu zizkigun berotasuna baizen besterik ematen etziguten geure jakak eta goian zerbait artzeko geramakigun janari-otarratxoa. Lotsatzekoa zan, baña ezkiñan lotsatu: arritu egin giñan. Aitzgorriko bizkarretik ikusten dana ezta beste iñondik gure Euskalerrian ikusten. Mendiak, mendi anaiak lenbizi: Ernio ta Izarraitz, Aralar ta Gorbea, Arno ta Atxu, Oiz ta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz ta beste asko, egundaño ikusi eztiran gisan, lur ta errien gañetik beren buruak jasoaz alkarri begira, uri andi bateko eleiz-torreak alkarri begiratzen dioten antzera; baso andi zugatzez beteak gero: Usturre, Otsabio, San Adrian, Elgea, Zaraia, Sollube, Bizkargi, Andia, Belate ta nik eztakit zenbat geiago, denak ostro berde berriak zeruruntz jasoaz, Jaungoikoari eskeintzen zitzaizkion lorontzi eder batzuk ziruditela; belardiak eta soro landuak urrengo, zatika zatika, aldapa ta ibartxoetan zabaldurik zeuden zapi lodi mardul batzuen itxuran; euskal uri jakiñak oso beian, geure oñetan batzuek, Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koxkor ta kaxkar, andienak ere urri ta txiki, gizonen kabiak alkarri erantsita zeukazkitela eta kabi oien burualdeak gorri gorri, zeru goi urdifiaren anditasun ta apainduriak ikustean txit lotsaturik baleude bezela; ibai ta erreka garbiak nonai, mendi naroak urietara biraltzen dituen opari onak, baso tartean bera murmurrean ta ibarretan zear dizdizka, ispillu bizi ibilkorren irudira; bideak, alde askotan, indarraren indarrez gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak, or gorde ta emen agertu, an oker ta arutzago zuzen, beti estu estu, danean zuri zuri, norbaiti arilletik erori zaion ari albañu luze baten taiuan; ta azkenez, gizonaren jakituri ta alizatearen erakutsirik andienetakoa, suburdi beltza bere burni lerrotik barruan laisterka, txistuka ta zarraparrean, arrotasunaren agerpena bezela ke mataza lodi zikin bat kopeta gañean arro arro daramala. Guk ikusi genduan suburdiak bere atzetik utzi zuan keia, apurtxo batean goietan egonda bereala, zabaldu zan, makaldu zan, urratu zan, gutxitu zan, utseratu zan, gizonik andienen izen ta entzutea laster asko utsera etortzen dan era berean. Benetan! Aitzgorri gañetik begiratu ezkero, be aldeko gauza guztiak ume jolasak dirudite. Mendiak bakarrik dirade andi, mendiak eta beren Egille Jaungoiko altsua. Ta ala ere an zegoan, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Jesus Jaungoikoaren irudi maitagarria, kurutzean josirik eta apal, oso apal, gizon arroai apaltasuna erakutsi naian. Baseliz artara eraman genduzan Joanesek, antxen erakutsi zigun bere anima ederreko siñismen bero ta itxaropen eztia, antxen irabazi zidan osoro nere biotza. Etzait geiago aztu, nere bizitza guztian, Joanes artzaia. __________ II. BASERRIA Geroago ezagutu nituan, Joanesen oroimen gozoak artara eramanda, gizon bikain orren etxe ta ondorengoak. Gogordopeko zelaitxo baten, garometa andi batzuen urrean, soro eder narotuz inguraturik, bene benetako patxadan zegoan Zabaleta baserria. Bere alboetan, amari gonetatik eutsika dauden aurtxoak bezela, etxe nagusiari lotuta, bestetxo bi agiri ziran: bata ogi edo artoa erretzeko labea, bestea abere janariak gordetzeko lekua; ta auekandik ez urruti, zerbait mendi aldera ta beregain, neguan ardiak idukitzeko ellorra. Etxe nagusiaren arpegi aldetik, sarrerako ate gañean, lore ta usai gozodun belarrez egindako bi sorta legor ikusi nituan, oitura zarrari jarraituaz. Done Joane goizean ipiñiak, esan ziratenez; atearen erdi erdian erantsita, argizarizko gurutze txiki zapal bat, etxekoen kristautasuna erakutsi naian. Toki aien barruan zer zegoan jakin bearrik bai alda? Basetxetakoak badakite, baño ez itxastarrak: ezta, bada, ain gaizki etorriko auentzat emen zerbait jartzea. Labaldean etzan gauza andirik: abar batzuk, ia erdi erretako pala zatar bi, ta labeoia garbitzeko ipizkia. Janari etxean, lastoa ta belar-ondoa ugari, sapaian; atxur, eskobare, sarda, txardango, golde, periki, besabe, gurdi, gurtesi, orrazi, kabilla ta uztarriak lur-gañean. Etxe nagusian, sartuta bereala, sukaldea, lasai samarra, euskal baserri guztikoen irudira, etxebizitzarako ta lur-langintzarako bear ziran tresnaz betea. Bertan zeuden, su-aurrean, zumitzezko jarleku apalak eta keak eta urteak leundu zuten txisillu galanta, ta zapaldetan, sulla, morko ta beste urontzi batzuek, lurrezko txali zabalak, erretillu andi sakonak, zurezko kollara belztuak, eta ogi, tremes edo artoa idukitzeko otarratxoa; antxen arkitzen ziran, ormetatik bera esekita, eltze, tupin, padel, talo-burni, burruntzi, burruntzali, tanbolin ta kresalluak; antxen, bazter baten, beste atxur, lai, ortzbiko, sega ta itariak su egur, azpantar, abarka ta soka zarren laguntasunean; ta antxen egon oiziran askotan, ke zulo azpian, lurruntsu, labatzetik bera zinzilika, zeziñaren itxuran, baserri artakoen azkiñiko busti ta basaz loituak. Ta zer geiago? Onezkero dena ipiñi bearko degula uste det, guretzat eman diguen etxeko bazterrak ikusten gabiltzala esan badeiteke ere. Sukalde ondoko gelatxo batean zeuzkaten, oremai, legami, artirin, galbai ta arrazkoa, ta gela ortatik atea bitarte, ukulluan, esne-bei, biantx ta txekor gorri lodiak, belar gozoa mauska mauska jaten, txerritxo bi beren esi barruan etzanda ta ollo batzuek zitzetan azterka. Auek danak bealdean zeuden. Goian berriz, gizategia, bost edo sei lo-gela, estutxoak, argi gutxikoak, baña garbiak oso, ur bedeinkatu ontziz ta Ama Maria ta beste done batzuen irudiz naikoa poliki apainduak;eta gorago, etxearen gallur ondoan, ganbara andi bat, mandio bezela, gari, arto, baburrun ta sagar umatuk gordetzeko. Etxe orretan jaio zan gure artzaia, etxe orretan sortu ziran bere gurasoak eta gurasoen gurasoak, etxe orretara ekarri zuan, bear izan zan egunean, Garibaiko Ana Josepa, emakume maratz, pixkor ta begiratua, besterik iñor Garibain bazan. Sei seme alaba eman zizkon Joanesi Ana Josepak, baña etxadi au guk ezagutu genduanean, iru bakarrik zeuden bizirik, semeak irurak. Lenbizikoa, Jose Ramon, nekazaritzari jarraitzeko etxera ezkondua, Manueltxoren aita, Araozko neskatxa on batekin senartua zegoan. Bigarrena, Inazio Mari, aizkolari trebea, ezkongaia oraindik, ikazkintzan ibilli oi zan luzaro Aralargo mendietan. Gaztienak, Juan Andres arri zulatzalle ospetsuak, Oñati ondoko arrobi baten zeukan irabazbidea, etxean lan andirik etzegoan eretietan. Irurak ziran morrosko eder sendoak Oñati aldeko baserrietan etzegoan Zabaletako semeak bezelako mutillik. Zazpi arroa bazan bakoitza; andi, lodikote, bulartsuak zeuden; ingurukoen artean ta batez ere beurikoen ondoan, Erkules batzuk ziruditen; baña etzan iñor beren aita izan zan beste. —Bigunegi azi zaituztet —jardun oi zien arrek— edo etzerate aitaren semeak. Nik egun berean egin izan det beti emendik Bitorirako joan-etorria, oñez, ta zuek berriz zalpurdia bear dezute Bergara edo Zumarragaraño joateko. Zuen sasoian aterako nuan nik ipurditik Anbotoko arkaitza bera ere, ta zuek, indartsuak zeratela, laguna bear dezute zugatz zirzil bat gurdira jasotzeko. Badakigu esate oiek geiegizkoak zirala, baña, egiaz, bazetorkion nubaitetik bene-benetako galera Joanesen jatorri sendoari, bada berdiñeztasun andi ta agiria zegoan artzai orren ta bere semien bitartean. Zabaleta baserria Gogordopean bezela, Joanesen azpian egon bear izan zuten semeak, indar-auzietan, arrek irurogetamar urte zituan arte. Ta gero ere, oraindik ere... Jum! Naiago zukean Iñazio Marik bere indarrak aitarekin baño beste edozeñekin neurtu. Ta ez aitari itzal andia ziolako bakarrik; itzala zion ta azpiratuko ote zuan bildurra zeukan. Iru anaiak ziran kristau onak eta... bai, eleizkoiak; baño ez gurasoak añan. Beraldera zijoazen, mallaka, mallaka, Jaunaren maitetasunean ta animako gauzai zor zaien arretan. Jose Ramon zan kristaurik bero ta zintzoena, gurasoen urrengo. Au, bai, au jaiero izaten zan Meza nagusia ikusten, askotan bezperak entzuten, naikoa sarri bere utsegiteak aitortzen. Azoketara geiegi joatea kendu ezkero, etzeukan akatsik Jose Ramonek. Iñazio Mari, noizean bein animako beroaldi on batzuek izanda ere, askozaz epelagoa zebillen geienetan. Apostu zalea zan mutilla, ta jai egunean iñon dema edo aposturik bazan, toki artara joateagatik, erraz utziko zituan Meza nagusi, bezpera ta beste eleiz-jai guztiak. Mezalabur bat goizean entzun ta kito. Gañera, bere buruari geiegi zeritzon, arro samarra zan, ta jakiña, arrokeriak biotza betetzen duanean, toki gutxi izan oi da biotzean gure Jaungoikoarentzat. Juan Andres... etzan mutil okerra, ori ez, etzuan ezergatik bere jaiko eleizkizuna utziko, baña ala ere beste anai biak baño otzagotzat zeukaten etxeko guztiak Diru amesetan zebillen beti, dirua nola irabaziko, urrea nondik lortuko. Diru apur bat egiteagatik gau ta egun jardungo zukean lanean edo buruausten. Juan Andresek asmatutako dema, ziur ziur zan etxera dirua ekartzekoa. Ezagutzen zituan aitak, bazekizkian beren animetako argaltasun guztiak, eta etzuan uzten beta on bat bakarra bear zana semeai esan ta erakutsi gabe. Batez ere jai andien aurrean, menditik etorrita laister abarkak aldatzen zegoala, edo apal ostean, edo ondoen zeritzonean, asten zan galdezka: —Azpiak atera aldituzue? —Bai, jauna. —Abere jana ekarri? —Baita ere. —Ia ba, konpesatzera joan bearko diagu biar goizean. Jose Ramon, eramanzak eurekin Manueltxo, bide ona ikasi dezan gizagaixorrek. Ire, Iñazio, ezingo aiz egon arbi loreak jaio arte. Joari or Aranzazuko Mendibe A, Prailleagana: arekin konponduko aiz i... Ta utzizak bein jokorako griña gaiztoa Jokoa ezta errenta, motell. Juan Andresek eta nik Oñatiko eleiz nagusian daukagu gure Aita. Biok joango gera, seme, alkarrekin, anima aberastzera, bada animako aberastasuna obea dek lurrekoa baño, ta iraunkorragoa, gorde nai badegu. Pedro Antonek igo dezala mendira, ta emakumeak urrengo baten egingo dute beren eginkizuna. Iru anaiak ziran izugarri langilleak, eta bear ere bazuten. Gauzak nondik eta nolatan begiratzen zaieten iruditzen zaizkigu andi edo txiki, ta Zabaletako lurrak Arteagatik edo Aloñatik begiratu ezkero uts irudikoak izanarren, txit astunak ziran bear bezela maneatzeko. Txara, gaztañadi ta belardiak neurtu gabe, amar golde lur bazeuzkaten lantzeko; ta karobia zala, laia zala, atxurketa zala, zimaurrak eramatea zala, arto ipintze edo kentzea, gari ebakitze edo jotzea, menditik orbel, garo edo gaztañak ekartzea, zeregin andia sortzen zitzaien era batzuetan. Ta berak, etxekoak, egiten zuten dana, batere auzolanik gabe. Karobia izan ezik. Orduan bai, premiazkoa zan orduan norbaiten laguntasuna. Edonork daki: lurzulo biribil arriz jantzia izaten da karobia, arri labea Burua estali gabe idukitzen du, ta aurretik, be aldean, otea ta egurra sartzeko zulotxo bat, ate bezela. Orretarako egun argi aukeratuetan, zamatzen dute barru guztia kare arriz, ekartzen dute otea ta egurra gurdika ta gurdika, sartzen diote ate zulotik, su ematen diote, ta an egoten dira baserritarrak gau ta egun karobi aurrean, su-garretan, ke miñetan, gorri gorri, izerditsu, lukainkari bezela koipea dariotela, beti ere otea sartu ta sartu, sua makaldu eztedin ta beren lan guztia galdu eztakioten. Arretaz egin bear dana da kare erretzea, lan gogorra da, baño baserritar geienak billatzen dute bigungarri on bat, an nonbaiten gordeta idukitzen duten ardao zatoan. Zatoa eskuetan duela ikusiko dituzue, aoa zabalik, zerura begira sarritxo, euririk egingo ote duan edo ez nonbait, bada euria kaltegarri andia da karobirako. Askotan iruditu zait neri nekeak eta suak baño zatokoak bero geiago ematen ez ote dioten. Karea ondo erretzen bada eztai andiak egiten dituzte, ta eztaietan jan galanki, edan galankiago, ta gero mosk... Orra, orraba esan ixillik euki bear nuana. Zabaletakoak etziran ainbeste ardotara emanak, eta berentzat baño geiago izan oizuen ardoa auzoetako laguntzallientzat. Karobikoa baizen lan gaiztoa da gari ebakitzekoa, baño orduan ere etzuten ardo edate andirik egiten Zabaletan. Lana bai zintzo. Jaikitzen ziran goizean goiz, iruterdietarako bai, lo aspertu bat egin gabe; joaten ziran, gosari txiki bat eginda, soroetara, intza zegoan bitartean, eguzkiak erten baño lenago, belar gaiztoak kentze, azkenengo artajorratze edo beste orrelako lanen batzuk aurreratzeko asmoan; zazpiterdietatik zortziretara jaten zuten gosari obea —baratzuri zukua ta pertzakada bat arto-esne —; ta ordurartekoa ezer ezpazuten itxuretan, guztiak errenkadan jarri, zumea bezela oker egin, beren buruak ia anketan ipiñi, ta asten ziran biziro ta jarraitzen zuten gogotsu, rist eta rast, bata bestearen leian, alkarri destañaka, jeupadaka, irrintzika, zeñek geiago iraun, zeñek sail geiago ebaki, nork gariko geiago lotu, nor nekezago aspertu, burugañetik eskukada garia azkar jiratuaz, eguzkitan itaiari argi eragiñaz, kopetako izerdi galanta besoarekin kenduaz, eten gabeko arlo luze neketsuan eguardiko amabi orduak Oñatiko eleizan jo arteraño. Aian saingorri, belaunbelar, barrabasbelar ta orlakoak. Ta bitartean, gosetzen zanari etzitzaion debekatzen ogi-amesa, ta egarritzen zanak an izaten zuan ur-txangilla arekaren baten, belarrez estalduta, bertako ur epelari maitero maitero zangada on bat eman nai bazion. Eguardiko amabi amabietan gelditzen ziran lenbiziko atsedena egiten. Jartzen ziran lurrean zabal zabal, aurretiaz begiz jotako kerizpe batean, ipintzen zioten zamau zuri garbiaren gañean janaria, ta iru edo lau Aita gure esan ondorean, ia mutillak, ura izaten zan jan-ontzitik aora ta aotik jan-ontzirako joan-etorri gogotsua, ura irentsi bearra, ura besoak luzatzea, ura ostera bakoitzean altzuen aña ateratzea! Etzan bidean ezer asko galduko, ez; oso ederki ikasia zeukaten kutxara zabalaren azpiko aldetik arto zati andia jartzea. Zer jaten zuten? Ori ere bada ba jakinaia. Ogi zukua lenbizi, baburrun gorria edo baba beltza urrengo, urdai azpikoa gero, ta sagar erreak edo gaztai zati bat azkenean, sagardoaren laguntasunarekin Etziran oraindik Zabaletara eldu gaurko baserrietan izaten diran arrautzopil, aragizerra, tripaki gozo ta beste orrelako. Ana Joseparen iritziz, geiegizkeriak. Gauza oiek eta geiago auzoko edo erbestekoak ziranean; etxekoentzat naikoa zan artoa ta babea, ugari eman ezkero. Ta egiaz Zabaletako mutillak etzuten geiagoren bearrik, betetze on bat eginda bereala, bata or ta emen bestea, lo kuliska bat egiteko asmoetan, zugatz azpian etzaten ziranean. Laster asko entzuten zuan aitak, pipa erretzen zegoala, eltxoen zunburrunarekin batean, semien lo-zurrunga lodia, ta baita laster deitu ere lengo lanbideari jarraitzera. Lasterregi, semien ustez. Kentzen zuten orduan aiek, astiro astiro, buruko estalkia, nagiak botatzen zituzten, zorroztzen zituzten dranga dranga aingura gañean, itaien aoak, jaikitzen ziran noizbait gizonok, eta berriren berriz asten ziran beren lanean; ez asi bakarrik, asi ta ekin, ekin ta jarraitu, aurrera ta aurrera beti, ez goizean baizen alai ta adoretsu; baña bai ederki oraindik, iñoren aurrean ez lotsatzeko era oneane ta beste edozein basetxeko mutillek baño geiagoan. Iñork etzukean, ezergatik, nekatu zala esango; baña arratsalde erdirako bat edo bati, izerdia kentzen zebillela, ertetzen zion onelako esakera batek: bero zeok gaur, arraietan! edo: sail luzea dek au, egun batean dana egiteko. —Aspertu altzerate? —esaten zien aitak, parre antzean —Zaudete pixka bat, nai badezute, nik jarraituko det. Danak jarraitzen zuten. Nola ez? Ta siñistu aldezakegu? Orrelako lan gogorrean egun guztia igarota gero, apal ostean, illunabarrean, Joanes zarrak, pipea piztuaz, esne-ontziak lepoan zituala, artzen zuan mendirako aldapa latza, bere seme gazteak, oso auldurik, abereai jana emanda laster, lotarako gertatzen ziran bitartean. Ezta orrenbestez amaitzen gariak ematen duan eginkizuna. Metatu bear dira garikoak; eguzkitan legortu bear dira oraindik; arrian jo bear da gogotik galburua, sudur, belarri, ao ta kolkoa arotzez beteaz; mallatu bear dira iregurrez galondarrak alea galbai edo arrazkoan garbitu bear da, ta nik eztakit beste zenbat lan ematen dituan gariak mandiora sartu orduko. Berebizikoa ibiltzen zan zeregin andiko egun oietan Zabaletako Ana Josepa. Ta barkatu, irakurlea, beragatik lenago ezer esan eztizutalako. Ez beragatik, ez etxe artako beste enparauakgatik. Zabaletakoak ziran, aitatu ditugun gizon oiezaz gañera, Katalin, Jose Ramonen emaztea, etxekoandre on gazte leiala, ta bere semetxo Manuel, bederatzi urteko mutil sostor polita. Orren urrengo izan zituen aurtxoak txarranpiñak eraman zizkaten zerura. Ta guazen orain Ana Josepagana. Bere bizikoa, nion, ibiltzen zala lan andi egunetan. Goizeko irurak baño len asten zan deadarka, otoizka ta aginduka, gauza bat bestearen gañean esaten ta egiten zuala, aora edo burura zetorkion bezela. Jakiña zan asierea: —Gurutze santuaren señaleagatik, gure etsaietatik... —Inxio, jaiki ari, eguna dek eta— libra gaitzatzu gure Jauna ta Jaungoikoa. —Katalin, piztu zan sua, txierientzat zerbait gerta dezagun. Ta ez aztu akulluko txarkarta ekartzea. —Aita gurea, zeruetan zaudena, santifikatua izan bedi zure izena... —Jose Ramon, abereai botaiek zerbait, gero eztek astirik izango ta... betor gugana zure erreinoa... Auspoan billa alabill? Ara non daukan, emakumea... Irurogetasei urte bazeuzkan ta etzuten soroetara eramaten, baña bazuan zeri ekin etxe barruan. Berak egiten zituan oiak, berak txukundu etxea, berak beiak jetxi, berak gosaria gertatu. Ana Joseparen ustez, arrek bezelako baratzuri-zuku gozorik egiteko emakumerik etzan oraindik sortu. Ezta sortuko ere. Ta orea berak bezela nork egin? Taloak zeñek erre? Esnetarako artoa, me me, zeñek ebaki? Ezin zuan arrek, zion, onelako edo alakoren etxean ezertxore jan: estopaua tipulaz betea, urdai azpikoa erreigia, arrautzopilla koipe geiegirekin, naskatzeko bezela, billatu oizuan. Etzekiten da. Jaio egin bear orretarako ere. Baña biotz ederraren jabea zan gure etxekoandre zarra, garbia, beartsuentzat oso emankorra, etxekoentzat eutsia, batzuetan eutsiegia. Ala zioten beintzat Zabaletako aita semeak, eta aiek bazekiten. —Jolas andiak izaten dira gurean —esan oizuan Jose Ramonek— zerbait erosi bear degunean. Amak gordetzen du katu-larrua, ta ezin izaten zaio askatu erazi. Beti aigera: —Ama, dirua bear degu ba orain ere. —Dirua? Beti dirua? Zertarako? —Manueltxori praka batzuk eta abarketak erosteko. —Ama Kataliñek egingo dizka prakak eure batzuekin. —Jai egunetarako ere bai? —Baita. Ondo ederrak dauzkak jantzi naiezta ganbarako aga zarrean. Ederrak, ama, atze ta aurre arabakiz beteak daudeta? —Ezta ajola. —Ta abarketak? —Eztauka oraindik ain zarrak. —Zarrak eztauzkala? —Ator Manuel, begiratu beio, ama, nola biatzak agiri dituan. —Josiko dizkat biarko. —Biatzak? —Ara beste... argi-iturri. —Txapelare bear du. —Zer? Txapela? Aita ta semea...! Noiz erosi nion nik azkenengoa? —Orain bi urte. —Orain bi urte ta ostera txapel berria? Ondatuko zenduteke zuek Drotxillen aberastasunare. —Ez berorren eskuetan balego. Azkenerako, Manueltxok berak esaten zion, negar muxinga: —Erosi beit, amona. Zazpikiñeko mutillak berri berria dauka, ta nik zar zarra. Erosiko aldit? —Ez, ez, eztiak erosiko: alperrik abil. Baña erosten zion bai. Ez erosi bear, alajaña, bere illoba bakarrari! Ta nork esango zukean, etxekoentzat onelakoa izanda, agertzen ziran beartsu guztiai ematen ziena baño geiago eman naian zebillela beti? Bazekiten ondo inguruetako eskaleak. Amaika eskaleri eskupekoa emanda gaiñera bete zien urdalla Ana Josepak Zabaletako sukaldean, ta baita lo ederra eragin ere aldemeneko guk ezagutzen degun sapai artan! Bazezakean. Etxejauntzako semea zan Joanes. Berea zuan baserria, bereak lurrak, berea basoa Lan gogorrean bizi izanagatik artara oitua ta berez gogotsua zalako, etzeukan ogi gabe gelditzeko bildurrik. Pedro Antonek esaten zuanez, Andre Ana Josepak bazeukan urre mordoxkaren bat norbaiti emanda ere, edo non edo non ondo gordeta. Pedro Anton etxeko morroi zar maitea zuten, etxeko seme bezela. Etzan ezagun Zabaletan zein zan seme ta zein morroi. Mai baten jaten zuten guztiak, guztiak berdin lo egin, danak egun osoan lanean jardun, danak berdin samarrean jantzi ta bear zan orduan alkarri lagundu. Etxe artan zarrenak ziran nagusi, ta beste danak anaiarreba kristau paketsu ta zorionekoak. Gurutzearen itzalpean zegoan Zabaleta baserria. An zeukaten gurutzea, sarrerako ate gañean, egiazko anaitasuna erakusten. Eztegu nai ukatu an ere bazirala argaltasun ta griña batzuek. Non ez? Baña Jaunaren legea zan Zabaletako argaltasunen sendatzalle ta griña gaiztoen lokarri, euskal basetxe geienetan bezela. A! Zer izango litzake gure baserrietan Jaunaren legeko esi biguna urratuko balitz? __________ III. BAKOITZA BERE ALDETIK Iritzi bat gure buruan ernetzen bada, berealaxe biraltzen ditu sustraiak biotzeraño, lurrean landareak baño askozaz errezago ta sakonago, ta ezin izaten da, gero, dagoan tokitik atera. Lur ona billatzen du gure animan norbere iritziak. Zabaletako gure mutil sendoai uste bat sortu ta erne zitzaien: bakoitza beregain jartzea, ta uste ori ernetzen asi zan ezkero etzeuden ondo beren jaiotetxean. Bazekiten: andiak ziran baserri artan utzi bear zituzten lanak, baño billatuko zuten gurasoak nork lan egiña; eltze betea zeukaten bertako sukaldean, baño beste baserrietan ere zerbait jango zan, eta, bear bada, eltze gozoagoa, Ana Josepak uste izan ezarren. Beti izan oida gozoagoa auzoko janaria. Gañera berriz eztu janak bakarrik asetzen gizona. Bakoitzak bere gose ta egarriak ditu biotzean: ongi baizen obeto izateko asmoa, lokarri gabe bizitzeko gogoa, maitetasun berriak billatu naia ta beste ainbat. «Andia da lurbira —gogoratzen zitzaion Juan Andresi— Euskalerritik ostean zer ikusi asko dira ta irabazpide onak ere bai naikoa, norbera zerbait azkarra ta langillea izan ezkero. Zergatik, bada, nik irabazi bear eztet, al badet? Dirua irabaztea ta gordetzea baño gauza oberik bai aldago?» Iñazio Marik berriz, berekiko: «Ezingo naiz mutil zar gelditu —esan oizuan—. Nere eltzeari bakarrik su eman bear diot, nere lapikoan sartu bear det neuk irabazitako urdai zatia, ta lukainka muturra ere bai, nai detanean. Ni mutil zar gelditzea, janariz betetako mai baten aurrean etxeko-jauna goseak egotea litzake, edo erriko agintaria jarleku gabe gelditzea, udaletxean. Eztago iñor, erri onetan, ezkontzeko nik aña aukera daukan gizasemeri». Ta egia zion arroxko arrek. Soraluzeko neskatxak, Askontegi, Arzubi, Goienetxe, Balzategi, Eroztegi, Txope, Urtiaga, Aingeru ta Azkarragakoak, danak nai zuten berentzat gure mutil hau. Ta ez gertukoak bakarrik, baita ere Araoz, Olabarrieta, Urrejola, Zubillaga, Garibai, Zañartu, ta beste auzotegietakoak, bada alderdi guztietan zekiten Zabaletako Iñazio Mari mutil eder, ospetsu ta etxe onekoa zana. Amaika neska gaztek begiratu zion samurkiro, iñoizko aizkora jokoan, enparantzako buru ta agintari txeratua bezela ikusi zutenean! Baño etzekian mutill orrek ainbesteren artean beretzat nor aukeratu. Zalla da aukera dagoanean aukeratzea. Zein izango zan neskatxarik onena? Onena, onena... Ezta erraz jakiten. Ezkongei daudenean, emakume guztiak onak; ezkonduta gero, erdiak balira! Ezkondu artean, neskatxa danak gordeta idukitzen omen dituzte beren gogo, griña, utsune ta orañak, bear eztan orduetan agertzeko. Ta orduan ordukoak. Baña estali gabe idukita ere, giza-seme gazteak eztakite neska ezkongeiaren txaldankeri, seta gaizto ta alderdi txarrik ezagutzen ta, begiak zabalik erabilliarren, itxu itxuan ezkontzen dira geientsuak. Nola ez? Batzuk emakumien edertasunari begira itsutzen dira; beste batzuk, esan dezagun obeto, beste askok, neskatxen diru zorroari begiratzen diote; gutxik buru ta biotzari. Ta ille arroen azpian zentzun gabeko txepetxburu asko izan oida, ta jantzi apañaren barruan bada-ezpadako biotz aldakor txakillak ugari. «Ba, ba! —esan zuan Iñazio Marik orrelako gauzak gogoratzean—. Neuk iñorekin adiskidetasun berorik eztaukatan ezkero, amak neurtuko ditu neskatxa ezagunen menduak, amaren begi biziak ikusiko dute garbiro zein dan bere semearentzat emaztegairik egokiena». Orretan zebillen Ana Josepa semeak uste zuan baño lenagotik eta berak aukeratu zuan azkenean ere onek bear zuan emakumea. Jai egun baten Zabaletako etxekoandrea ta Azkarragako Mari Batista jaztetxean bat eginda, onela izketatu ziran andre biak: —Zure alabarekin etorri naiz bidean... Ondo neska ederra dago bera. —Gure! Mikalla? Bai orixe. Aren garaian gu ere bagiñan zerbait baña... —Zenbat urte dauzka? —Datorren ilbeltzean ogeta iru. —Ona dirudi. —Oso da ona, etxekoia ta maratza. Ez neurea dalako, baña eztago bera bezelako beste bat Uribarrin. —Zer ezkontsari emango ziñoke? —Ja jai! Orixe da galdera polita, Ana Josepa. —Ia ba, nik ere ezkongaiak dauzkat eta... —Bai, bai, guraso geran aldetik gure umien onari begiratu bear diogu, ta... Baña gurean eztago zuenean beste diru. Mutil on baten bearra bai: aurten ere ler egin degu garia jotzen ta iñaurkiñak ekartzen. Bai ba, zartu egin gera ta. Gure Antonek ere, onezkero, irurogeta bostenbat urte izango ditu, senar emazteak eta alabatxo bi bakarrik gaude, ta lanak dira emen. —Orduan elitzake gaizki etorriko zuentzat gure Iñazio Mari. —Ez orixe, ez Ana Josepa, ta biok ulertuko bagiña... —Uler gaitezen. Tira, zenbat emango diozute zuen alabari? —Baña gure etxerako. —Bai ba, zuenerako. Zenbat? —Eztakit ba nik ba. Bosteun dukat edo. —Zer diozu, emakumea? Bosteun dukat Azkarragako alaba zarrenari? Ikatzagakoak ere badu orrenbeste, maizterrak dirala gero. —Ia ba, besteak ere, ezkontzen danean, zerbait izan bearko du ta. Zeuek zenbat emango diozute mutillari? —Guk zortzireun dukat eta bi etxe-bizitza. —Ezkabiltz ondo, Ana Josepa. Zabaletako mutillak nai lituke, gutxienaz, milla dukat eta berak ikazkintzan irabazitakoak, bi etxe bizitza, bi bei, ogei bat ardi, gurdi bat... —Ezin ulertu geinkez, Mari Batista. —Ezaldezu nai? —Nai izatearekin zer daukagu? Milla dukat eta eztakit zenbat ondasun gañera eman bear guk, eta zuek bosteuntxo? Izango du Iñazio Marik milla dukatekoa, berak zortzireun eramanda ere. —Eztaba zuentzat gauza aundia milla dukat... Ara, zuek milla ta guk zazpireun. Gero ere, zuen mutil ori Azkarragara badator, etxean geldituko dira gure puskak. Eztago geiago zer esanik. —Zer esanik ez, ostera? Bai, Mari Batista, bai. Au ezta asiera baño besterik. Eskribauak gure paperak egin orduko zer esan andiak emango dizkigu gaur asi degun autuak. Gañera gure Joanesek ondo jakin, ondo ikusi ta ondo neurtu nai izaten ditu seme-alaben goraberako gauzak. Ni naiz Zabaletako etxekoandre, baña nere senarra beti etxeko jaun, ta berari dagokio Zabaletako gauza guztiak erabakitzea. —Ba, Joanesek, zenzunezko gizona da ta milla dukat emango dizka semeari. —Berriz ere? Gogoan artu dezu zeure eskabidea; baña alperrik zabiltz nerea aztutzen bazaitzu. —Guk aldegun aña, aldegun guzia emango diogu, orra. —Eztago gaizki esana. Zer Meza entzungo dezu datorren igandean? —Zortziretakoa nik. —Emen izango naiz ba, ni ere, Jaungoikoak nai badu, ta agur iganderarte. — Agur. Andretxo biak gogamen batekin aldendu ziran: egun artan asi zuten leloari nola bukaera on bat emango zioten. «Ezta gaitz izango —esaten zuan beretzat Mari Batistak—. Ana Josepak nai du, igarri diot, eta orrek nai duana egingo da Zabaletan. Baño askatu bearko du ziskua, bai, Jaungoikoak laguntzen badit. Urre gorritan ekarri bearko ditu mutillak ezkontza diruak, oiek urre borobil asko omen dauzketa. Noizko dituzte ontzako zarrak? Esandako gauzen gañera, nai litzake beste zertxobait. Atxur batzuen bearrean gaude, ondo etorriko litzaizkigu lai berriak... Ikusiko det etxean zeren premia daukagun... Urbiako zelai zatitxo bat emango baliguteke... Eskatu beintzat lenbizi, ta gero, ezin bada, gogorrean badaude, utziko zaio. Jaungoiko maitea! Sitsak jandako abe ustelak geunden Azkarraga jaso eziñik, baña abe zindo berria datorkigu etxea erori eztedin. Iñazio Mari, zeruak zakark, geurea zera, eztirazu igesik egingo». «Urteak ere aurrera dijoazkio ta —zion bere artean Ana Josepak, Zabaletarontz zijoala —nonbaiten sartu bear nuan nere semea. Etxe ona ta andre obea izango dituala deritzot Aspaldietan neukan nik begiz jota Azkarragako neskatxa zarrena; eztet beraganakoa gaur goizeko amesa. Ta nola erantzun dit Mari Batistak! Bigunago zegoan sasiko masustarik elduena baño. Ba! Iñazio Mari bezelako mutillik ezta soro bazterrean billatzen. Joko zalea ezpalitz... Arantzazuko Amari Salbe bat, jokorako griña kendu daion: Jaungoikoak salba zaitzala Erregiña, erruki biziaren Ama, gure bizitza, gozotasun ta itxaropena... Damu det zerbait geiago eskatu eza, baño ezta oraindik berandu... Zuri deiez gaude Ebaren ume erbestetuok... Eta ondo garbi ipiñi bearko da paperetan beste alabari zer agintzen dion, biar edo etzi nasterik izan eztaigun... Zuganako zuzpirioz ta negarrez gaude... Bi ama oiek buruauste gogorrean jardun zuten egun aietan. Batak eta besteak, alderdi guztietako aztarnak ondo artuta, jakin zuten norañokoa zan auzokoen ondasuna, ta estaldu zuten norberea oso amarruki; biak, gonadun Meternik batzuek bezela egin zituzten egiñalak gaitasunik andienarekin, alkar zuritzen ta zilibokatzen; biak galanki eskatu ta labur eskeñi zuten, bakoitzak bereari gogor eutsiaz; biak ibilli ziran jatorduan ta lotorduan, egunez ta gabaz, esna ta amesetan, ixiltzake, beti gauza bati eragiñaz; onenbeste koltsoi, orrenbeste maindira, orko beia, ango moxala, goiko zelaia, beko iñaurkiña; eziñeike, badezakezu, eztaukagula, badezutela, eztanean ezta, nai danean aida; nondik baña, zenbat bada, geuk zer jango, nola biziko, besteai zer emango; aserre ta adiskide, azkor ta makal, ezetz ta baietz, atzera ta aurrera, gora ta bera; baño, azkenean ere, bein edo bein, Joanes ta Antonek alkar arturik erabaki ta korapillatu zan Mikalla ta Iñazio Mariren ezkontza. Gurasoak lanbide ori zerabillen bitartean, gure gazteak ia etzuten alkar ikusi. Geienez ere, ustegabe iñon topoz-topo egin bazuten, bata bestearentzat egokiak zirala irudituaz ta zerbaiten berri bazekitela aditzen emateko, parra-irri gozoz agurtu ziran, edo itz lotsati erdikaren batzuk esan zizkion mutillak neskatxari. Onelako gertaerak ikustean, esan dezake norbaitek eztala ondo seme-alaben ezkontzak gurasoen artean egitea, aien berri gabe askotan. Izan leike: neuk ere esan det lenago beste nunbaiten, guraso batzuek, berekorregiak eta diruzalegiak diranean, erraz dala zorigaiztoko elkarteak egitea; baño aitortu bear det gaur, egiaren aide, badakitela gurasoak, onelako zeregiñetan, etxea jasotzen, ez bakarrik seme alaben kalte gabe, baita ere aien zorionari begiratuaz; sarri ikusten dutela ezkongaia nolakoa dan gazteak baño askozaz obeto, ta eztirala beti txarrenak izaten gurasoak korapillatu dituzten ezkontzak. Eta, dana dala, Iñazio Mari ta Mikalla ezkondu ziran beintzat eta ezkonduak gelditu ziran betiko. Jorrail ederreko asteazken baten, goizeko amaikak aldean, Zabaletatik Azkarragara dagoan gurdi bidetik bera zijoazen, baso-tuntuna aurretik zutela, neskamutil pilla batzuk, oso apain, txit alai, guziz urduri, egundokorik txoroen, deadar lekaio paregarriak egiñaz ta dantzan ezin asperturik. Apur bat atzerago zeramazkiten gizon soñekoz, oe-jantziz ta etxe ta lanerako tresnaz ongi zamatutako gurditxo bi, irrintzi bezelako, negar itxurako edo kurrixkaren antzeko soñu luze, ezti edo latz, atsegin edo mingarrian, beti ere juiim jim jim... juim jim jim... grrast grrast ardatzari eragiñaz Soñu ori, baserritarrentzat, ezti leun ta atsegingarria izan oida, ta erritarrentzat, asunarekin lepoan ikutzea bezela. Egun alaia zan. Zerua, batere odei gabe, osoro urdin zegoan; mendi gallurrak, elur-estalki ta laño-txapelak kendurik, garbi garbiro agiri ziran, ardi zuri otzanez ornituak; zelaiak, ezko, naro ta loretsu zeuden; zuaitz batzuek osto berri makalez jantziak, eta beste batzuk, jantzi naian, lertu-bearreko orri-buru berdez beteak; baratzetako baba landarak, elorriaren loreak eta sasietako arrosak usai on bigun biguna zabaltzen zuten; gari sail ederrak, aizetxoarekin jolasean bezela zabunean zebiltzan, beren buruakin alkarri mun egiñaz; txenara pizkor eguzki-zaleak, zeru aldean, iñoiz baño gorago ta azkarrago, txirrio txirrioka; txoriandra ego-txabalak, belardietan janari billa, noizean bein buruak jasoaz, ernai zaudela adierazi nairik; tarin, kardantxulo, txirriskillo ta berderoiak, bata bestearen atzetik jira-bira bizibizian, iñon ere gelditu ezinda; lenbiziko tximeletak, bada-ezpadako ibillera laburretan, egaka ikasten, sasitik zelaira ta zelaitik zuaitzera, nagi nagi, ta motel motel; ta erle pitin langilleak, lantegi billa edo lore gozuen kolkoan sartuta, bakartadean, ixillik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nai ezta. Tuntuna ta gurdien soñua aditzean, sorolanetan zeuden auzoetako nekazariak, gizon ta emakume, beren besoak atxur kertenaren gañean tolestatuta, eztaietakoai begira gelditu ziran danak, urruti aldetik; batzuk zer gizadi zijoan ikusi naian, beste norbaitzuk, batez ere neskatxak, ondamuz eztaietakoakgatik zerbait esateko gogo andiarekin. Sorotik sorora asi zuten izketartea, deadarka: —Jas! Ori gizadiz dijoa! —Larogei baño geiago omendira bazkaitan. —Eztaramate iskanbilla makala! Oiek parre algarak! —Zein da, an aurrean, besoak zabalik eta bira-biraka, goru-ardatzaren irudira dabillen ura? —Zein izango da? Peru Odolki. —Ai, alper, trakets, ardozalea! Billatuko du bai orrek ardoa ta jolasa non dagoan. —Bai, bai: orregatik ere esan dezakegu lenagokoagatik ziotena: Ankak ariñak eta Burua ariñago, Dantzan obeto daki Artajorran baño. —Ixo, ixo. Ikusten aldezute arrioa, bi gurditan? —Ufa! Zenbat gauza eder! Daukanak agertzen du bear danean. —Min artuko zuan ba Zabaletako atso zimurrak, baña eman egin bear Azkarragara semea sartuko bazan. —Eztu ez Ana Josepak toki txarrera bota begia. Mikalla bezelakoak gutxi. Talo itxurako arpegi zabal borobil ta matralla gizen gorridun atxur neska batek: —Mikallak dirua ugari, dirua. Dirua kendu ezkero, ura besteko neskatxak badira. Aldameneko agure zar alargun batek, parrez ta ixil antzean:__—Zeu bat, ezta Luisa? —Zeu bat. Naigabetan zaude, gaixori, eztaietara deitu eztizutelako; baña zu ta ni ezkontzen geranean, geuk ere eztiegu deituko. Urreko atso guztiak. —Ja jaiii! Orixen da unoria! Urrutiagokoak, aoa zabalik: —Zer dio Pedrok, zer dio? —Luixarekin ezkontzen danean, eztiotela Azkarragakoai eztaietara deituko. —Ijijiji! Baña guri bai, Pedro, guri bai. Luisak, aserre, suak arturik eta sokorra joaz: —Jolaserako gogoan bizarra daukazute. Pedrok: —Ez aldeitzazu ondo? Luisak: —Ezkon zaite Anbotoko sorgiñarekin, nai badezu. Eztaietakoen oiu ta santzoak mendi-oiarzun guztiak esnatu ta inguruko gizadien biotzak pizkortzen dakite; egun eder argiak, gosari onak lanik-ezak eta tuntunaren soñuak indar andi dute gogamen naigabetsuak kendu ta ankarik astunenak astintzeko; baño, ala ere, etzijoan gure Joanes oso pozik bere semearen eztaietara. Zer ote zuan? Aditu dezagun Iñazio Marikin zeraman jarduna. «Atzo artean eztet nik ezer jakin Juan Andresen aotik. Garai onean oroitu zaio bideak egitera joatea, garai onean, zuk etxetik erten bear dezun egunetan! Atzerri otsoerri esan oida, ta ala gertatzen da geienetan, bada erbestekoari etzaio iñon ere ain ondo begiratzen, ezagutu artean beiñik-bein. Nik badakit beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guztiak iriñak ere ez, nik badakit, Gastelerrian ere gizadi onak badirala, gure artean gaiztoren batzuk diraden bezela; baño ezin asmatu neike zeintzuekin batuko dan gure Juan Andres. Nola nai ere Burgos aldean eztu euskerarik billatuko beintzat, eta euskerari utzitzen badio, euskalduntasuna ere or nunbait ibilliko da euskerarekin batean. Gordeko aldu gure euskera maitea bere biotzaren erdian, Aita gurea, esateko bada ere. Ezaldu galduko etxetik daraman garo usaia! Ona izango alda dabillen tokian!» «Baita zu ere, ona izango altzera, seme. Adi zazu aitaren esana nere mendetik zoazkitan orduan. Gaurtik aurrera lan berriak izango dituzu ta orain artean baño lan andiagoak, baña ez ikaratu. Bildur bat bakarra izan bear du gizonak: Jaungoikoarena Itxaropen bat: Jaungoikoagan». «Zarrak eta nekatuak billatuko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Begiratu zaiezute guraso bezela, gorde zaiezute ille zuriai zor zaieten begirunea. Goiz guztiak dute beren arratsaldea. Zartuko zera zu ere, bizi bazera, ta egintzazu orain gaurko zarrakin zure buruari ordurako opa diozuna». «Izan zaite etxearen zaintzalle, argalen indargarri, emaztearen lagun zintzo. Emazte ona artu dezu, baño ez uste izan akats gabekoa dala. Danok dauzkagu geureak eta orrek ere bereak izango ditu; baño dana leuntzen du maitetasunak... Naita naiezkoa da gurutzea jasotzea. Naigaberen bat, ezbearren bat datorkizunean, artu zazu patxadan, alperrikako aserre gabe. Aserrearekin gauza on gutxi egin oida, patxadarekin bear dan guztia bear bezela». «Jaungoikoak seme-alabarik ematen badizu, azi zazuz bere maitetasunean edo egintzazu orretarako alegiña. Gero, beren erruz okertzen badira, zuk eztezu zer erantzunik izango». Entzun ote zuan Iñazio Marik aitaren jarduna? Entzun bai, entzun bakarrik, zorionaren atarian gazte zoroak gizon argi naigabetsuaren illeta illun gogaikarria entzun lezakean irudira... Azkarragara gure aita-semeak iritxi ziraneko, an zeuden beste bazkaltar guztiak etxe aurreko larrañean, oidan bezela, jolasak utzita, Iñazio Marin etxe-bizitzea ikusten. Jostuna ta Ana Josepa ziran erakusle. Biak zeuden arazoaz gorri gorri eginda, baño Ana Josepa batez ere, buruko zapiaren azpitik, belarrondotik zear, ille motz zuri batzuek ertetzen ziotela. Eztakit nik etxeko andre au zerk zeukan ain kiriotsua ta urduria: edo Juan Andresi laster agur egin bearrak edo lagun, aide ta auzoko askoren aurrean Zabaletakoen esku zabal, emankor, ioritsua erakutsi naiak. Nik ziur dakitana da naiago zukeala Ana Josepak Gipuzkoako andre danak Azkarragako larrañean egon baziran orduantxe. Bai, ipuiak esaten ziran beragatik, baña ondo egingo zituan arrek bere gauzak. Ikusi zezatela. Ara laiak, iru itai, lau atxur ta basorako bi aizkora. Erabilliak daude, baña onak dira: lengo astean zorroztu ditu Manel Motzak... Ara bi lo-mai, Jose Martiñi erosiak... Ara sei esertoki. Bitoriatik ekarri ditugu, ta ez merke merke... Jetxi zadazute kutxa ori gurditik... Astuna dagola? Bai ba, bete betea dakarguta. Begira zer datorren barruan. Bat, bi, iru, lau: lau galtza urdin astegunetan jazteko. Beste lau jaka, oiei dagokizkoenak. Beste bi galtza ta bi amilla neuk irutako eunez egiñak, soro ta basorako. Azokan erosten diranak baño geiago iraungo dute oiek, bai... Beste bi galtza ta bi amilla, oial lodizkoak, jai egunetarako; ta gaur jantzita dauzkanak gañera... Ara elizkizunetarako soin-gain luzea, kapa: ezta gaurkoa, neure aitarena zan, baño eztio sitsak ikutu oraindik... Bat, bi iru... ogetalau sudur-zapi, berri berriak. Amabi alkondara, urdin ta gorri, algadoizkoak. Artillezko kalzerdiak amar pare, aitaren eskuetatik erten duen egintzarik onenak. Beste sei pare, ille bigunagoz errañak antolatuak. Bost pare abarka, lau lanerako ta bat jaietarako. Bost pare abarketa, Zapatak pare bat, eta soñekoak gañera. Billerako geienak erdian artuta zeukaten Zabaletako etxekoandrea. Emakumeak, jantziai ikutuka, nolakoak ziran ta nola josiak zeuden begira zebiltzen; gizonezkoak, beren beatz lodiak aizkora-itaien aoetan erabilliaz, atxurrez zelaia joaz edo laiakaz lurra jasotzeko itxurak egiñaz. Mikalla, etxera sartu zan, zerbait aldatzera; an barruan zebillen Mari Batista ere, beste emakume batzuekin, maiak jazten, noizean bein larrañekoai begiratzea utzi gabe; Iñazio Mari, Antonekin batean, beiai jana ematen zegoan, ukulloan; Joanes, ate ondoko jarlekuan exerita, pipa erreaz, naigabetsu, antziñetako gauzak gogoratzen; Joan Andres, Azkarragako leio nagusitik etorkizunari gozoro begira. Ana Josepak, joandako edo etor-bearreko gauzak gogoan zituan eztakit, baña ajola andia zerabillen eskuarteko zeregiñean. —Ekarri orain beste gurdi ortakoak —agintzen zuan—. Ara emen sei oe-bigungarri, ondo beteak;sei buruazpiko, sei berogarri, bi berriak eta lau zarrak, danetara bearda ta... Araza-kutxa orretan datoz gauza zuriak. Bat, bi iru... ogetalau maindira, eun lodizkoak; ogetalau burkozorro, danak berdiñak; amabi alkondara, kirruzkoak; sei oestalki, zuri, me ta garbiak; zamau andi bat sei txikirekin, ta sei legorki, batere erabilli gabeak... Atoz onera, Mari Batista, etxeko lanak nork egiña badaukazuta. Begira zazu: auek dira paperean ipiñita daudenak. Auek eta zortzireun dukat urretan eta gurdi bat bei birekin. Naikoa dala uste det baserritar batentzat. Baño beste oparitxo batzuek ere badakarzkigu: nere senarrak orrako eliz-oiala, manteliña, amarauna baño meiagoa; Jose Ramonek urbedeinkatu-ontzia, aingeru ta guzti; Kataliñek sei pare kaltzerdi, arizkoak; Juan Andresek pertz oria, esnea egosteko; Pedro Antonek Aranzazuko Amaren irudia, eta nik gorua ta gorutxapela, zillarrezko ariz Santanako mojak apaindua. Gorutxapel au baño politagorik eztezute ikusi. Azkenez, «orain dirua eman da kito» —esanaz— sartu zuan bularrean eskua, atera zuan sudur-zapi urdin zimur bat, pelota bezala biribildua, askatu zizkion korapilloak, jarri zuan kutxa gañean, eta agertu ziran urre gorri zarrak: ogei ontzako, amar eun errealeko, bost larogeiko ta berrogeiko bat. Estutu zan gizadizko esia kutxaren jiran. Danak ikusi ta ukutu bear zituzten urreak. Mari Batistak banan banan eskuetan artu, bat edo bat buruko illean igortzi, besteren bat arri gañean jo, iru edo lau aldiz zenbatetu ta lengo sudur-zapian berriz lotu bitartean, etziran, aldemenekoak ixildu: —Lenago ere naikoa igortzi artuak daude. —Onak dira, bai. Asko bageunzka... —Ederrak. Gure astoaren arranak baño soñu obea dute. —Zenbat ardo edan leiteke diru oiekin! Ana Josepak amaitu zuan ainbeste lan eman zion arloa, jarri zan Bitoriatik ekarritako eserleku baten, erabilli zituan inguru guztian bere begi nabarrak, atsegiñez, zer deritzozue? galdetuko balu bezela, ta gero, buruko zapia askatu, belarrondoko illetxoak beatzakin jaso ta lotu zuan ostera zapi ori, txiztanak, belarrixo biren irudira, tente ta lerden jarriaz. Orduantxe atera zituzten billerakoak ezkonberrientzat zekarzkiten eskindeak. Onek, urre itxurazko belarritakoak, itxurazkoak bakarrik, bost errealean etzegoan oberik eta; arek, errirako esku-atorra; besteak, Mezatarako liburua; urrengoak, euri-estalpetxoa, urlia izebak azpirako gona gorria, sandia lengusuk sukalderako auspoa, auzoko lagun batek titare ta jostorratz ontzia... —Gutxi da baña barkatu —zioten eskintzalle danak— eta guztiai parkatu zioten ta baita eskerrak eman ere zekardena zekardelako. Artu, artu, artuak ematen du ogia ta. Badira emakume batzuek bidean billatzen dituzten txotx guztiak etxera eramaten dituztenak, naiz eta etxean gurdikada egurrak saltzeko euki. Oietakoak ziran Ana Josepa ta Mari Batista. Etxekoandre bi oiek Azkarraga ta Zabaletako ganbaretan gordeta zeuzkaten tresnak nolakoak ziran ezin siñistu liteke, ikusi gabe: galtza ta abarka zarrak; atorra ta gona zatiak; kaltzerdi, jipoi ta gorontz erdikak; ondorik etzuten tupin, pertza ta paelak; mutur, kerten ta belarri gabeko pitxar ta bonbillak; katillu ausiak, burni zatiak, piper potoak... zer ez? Dana biltzen zuten arretaz, dana omen zan zerbaiterako, ta ez omen zan ezertxo ere alperrik galdu bear, ezta ari albañu bat ere. Baño ez orregatik uste izan, irakurlea, garai danean, eztizutela emango gure baserrietan zure gosea asetzeko aña, ta zerbait geiago. O! Garai danean, eztago iñun euskal-etxekoandrea bezelakorik jan-edana ugari jartzen, ezeren erruki gabe. Azkarragako eztaietan Mari Batistak ipiñi zuan janari guztia iñork eztaki zenbateraño izan zan: ogiak, anegaka; barbantzoak, imiñaka; urdai-lukainkak, arroaka; azatan, baratzatxo bat; ukulluko txekorrik andiena oso osorik; arkumetan, artalde polita; ollotan, lau edo bost etxetakoak; esne ta arrautzatan, inguruko guztiak; ardo-sagardotan, errotarri bat erabiltzeko beste. Gutxik eramango dio euskaldunari jaten da edaten, baña Azkarragako eztaietan danak ziran euskaldunak eta ezin geinke jakin zeñek geiago egin zuan. Guztiak bete zuten urdalla galanki, guztiak lasaitu zuten larrua ezin geiagoan, ia estanda eragin artean, baño etzan iñor lertu. Ez, etzuten oker andirik izan: gizonen batzuk, iñoiz baño geiago ta adiskidetasun andiagoan itz egin bearra, lenbizi; dantzan egiteko gogoa edo ezkonberrien alde itz neurtuak esan naia, urrengo; toteltasun apur bat geroxeago; zuzen ibilli eziña illunabarrean: neurriak gañez egitea, etxerako bidean; ta lo ederra, azkenez, oia arrapatu zutenak oian, ta Peru Odolki Goienetxe aldeko soro ertzean. Bazan gizon bat, ala ere, gau artan lo andirik egin etzuana: Joanes. Jarkar, nakar ta zurbil igaro zuan egun guztia gizagaixoak; ardoa bakarrik artu zuan, ardo pixka bat, bere animako mikaztasuna itotzeagatik; baña etzitzaion ito, azalean zebilkion, igarian bezela, biotzaren erdian atzamarka egiñaz. Oi eder garbia jarri zioten Joanesi Azkarragan bertan, baño ezin zuan ezertara lorik erakarri: esna zegoan, esna ta larri, bero ta kixkal, beingotik beingora buru, anka ta besoak aruntz ta onuntz aldatuaz, eta beti ere gogamen bat zetorkion biotzetik aora: —Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera! __________ IV. LANDARE BERRIAK Manueltxo zan Zabaletako giza-landare berria, ta txit maite zuten etxe artako denak. Landare berriari beti begiratzen zaio zarrari baño pozago ta arreta geiagorekin. Zarrak zer eman duan jakiten da, baño ez gazteak zer eman dezakean. Zarra gogorra izan oida, sustraitsua, edertasun gabea, bere oiturari eutsia, txertatzen gaiztoa. Gaztea berriz ezea, polita, biguna, guria, txerterraza. Zarra iñausitzen danean zapuztu egiten da, gazteak indar berria artzen du. Zarrak beti dauka zer erantzun, gazteak beti zer ikasi. Gaztean egin bear da lan, zartzan gauza onik izatea nai badegu. Orregatik zaintzen zuten ain ondo Manueltxo bere gurasoak eta bere aitonak. Argia zan mutilla: oso poliki zekian irakurtzen, bere izena paperean jartzen zuan, edozein baño geiago zan kristau dotriña buruz esaten, ta orrela zekizkian beste gauza on batzuek Neguko gau luzietan, errosarioa esan ta laster Testamentu zarreko eta berriko Kondaira eskuetan artzen zuanean, aoa zabalik eta lerdea zeriotela egoten ziran danak, baño Ana Josepa ta Joanes beste guztiak baño geiago. —Eztek makala —esan oizuan amonak— orrelako liburu andia parra-parra irakurtzeko. Eta Jose Ramonek — Irakasleari eskerrak, badaki zerbait Manueltxok. Arrek egingo digu gizon gure mutilla. Aitonak — Arrek eta guk, lagun gaiztoak okertzen ezpadigute. Irakasleak eta gurasoak aña edo geiago eta beti errezago erakutsi oidute lagunak, eta oien bildur bear. Jose Ramonek — Bai erri andietan; baña emen? Emen, aita, Manuelen lagun guztiak baserrietako umeak dira, mendi mutillak, ogi bedeinkatua bezalakoak. Aitonak — Ai danak balira, Jose Ramon, ai balira! Beste giza-landare bat erakarri zuten Zabaletara Iñazio Mari ta Juan Andres etxetik joan ziranean: Iturraldeko Joxe, adiskide batzuen seme umezurtza, begi urdin gozodun, mutil koskor polita, beiak zaintzeko, itaurrean ibiltzeko edo erri ta mendira osterak egiteko morroitxo egokia. Manueltxorekin ikastetxean ibilli zan, oso bere lagun artua, Jaungoikoaren bildurrean ondo azia, mazal ta pizkorra, ta umetxoa izanarren, garai batzuetan gizon batek aña on egiten zuan. Pedro Anton morroi zarraren irudira etxekotzat zeukaten. Manueli txaloak jotzen zitzaizkonean txaloak izaten zituan Joxek ere, beti esaten zan biak zekitela berdin samar, biak zirala azkor ta ikastun, ta bientzat oiziran geienbat, Joanesek, sukaldeko ixillu gañean jarrita, zintzoro agertzen zituan erakustaldi ederrak. Etzuan arrek gaztetxoai zerbait adierazteko mugaldirik beñere galtzen. Ara nik gau batean, Manueltxok lapur-ipui bat eskatu zualako, artzai zarrari entzun nion jarduna: «Eztago gaur ipuirik. Egia zor dizuet, nere umeak, eta egi samiña aitortzera nua, naigabez bada ere. Badakizute: mendizalea naiz ni, beste mendizalerik iñor baldin bada. Askotan esan det be-aldietan dirala arriskurik andienak, eta orretan nago; baña goian bertan ere zerbaitzuk badira, ezin ukatu. Eztago iñon griña gabeko gizonik eta arantza gabeko lurrik. Emen ere sagarrik onenak izan oidute arjoa, lorien ondoan sortzen dira asun lakatzak, arkumeak dabiltzan tokian igarotzen dira otsoak eta axeriak». «Au ezta gure egunetako gaitza, ez; antziñetakoa da; baño antziñetako gaiztakeriak alde batera utzirik, neuk nere begiakin ikusitako gertaera bat agertuko dizuet. Adi zadazute». Joanes gauza jakingarriren bat esatera zijoala ulertu zutenean, etxeko danak, eta mutikoak eztago zer esanik, oso urduri ta jorantsu, artu zituzten beren aulkiak eta inguratu zuten gure aitona, bere aotik zetortzkion itz guztiak txit arretaz entzun ta gorde naian. «Ni gaztetxo nintzala —jarraitu zuan Joanesek— ezagutu nituan umekondo trakets bi, Manueltxo ta Joxeren idekoak gutxi gora bera. Axeri ta Otsoko esaten zioten. Etzan Axeri Idiazabalgoa, Otsoko etzan Ataungo basoetan jaio; baño ai! biak ziran euskaldunak, biak menditarrak. Axeri, azkar, argi, bizi, asmutsu ta erkin samarra zan; Otsoko, lodi, lotu, baldar, narras, bizartsua. Axerik asmatzen zituan egundañoko gaiztakeriak, eta Otsokok adiskidearen asmo danak beti ontzat eman eta guztietan pozik eta biotzez lagundu; arrek lapurtu inguruetan lenbizi azten ziran keriza, piko, sagar, udare, aran ta matsak; onek lagunari orman gora bultza, ta baratz barruan edo zugaitz gañean zebillen bitartean auzoetako bideak zaintu. Oso maiz egin oizuten ezbearren bat: gaur, nunbaiteko erleai eztia kendu; biar, astoren bati buztana ebaki; bein eskale arrotzari arrika eman; urrengoan garometaren bat erre. Etengabe zegoan mutil aiekatik zer esana». «Gazte ziran artean, nekez ta egun bat edo bestean bada ere, eraman oizituzten irakastolara, baño alperrik. Otsoko buru gogorrekoa zan, nagi ta motzegia ezer gauza onik ikasteko, ta Axerik, ikastetxean zegoan bitartean, iñoren esana entzun ta zerbait ikasi baño naiago zuan irakasleari ziñuka egon, edo lagun guztiai zirika, edo burura zetorzkion ames gaiztoai jarraika, etxe artatik ertetzeko orduaren zain, iñoren bildur gabe nai zuan guztia egiteko». «Gurasoak, beste askoren antzera, ardura gabeak lenengo, berandutxo ajolatu ziran». —«Urlia, sandia, —esan oizioten— begiratu zaiezute semeai, ertenegiak datoz». —«Umekeriak dira oiek —erantzun oizuten gurasoak— etorriko zaiete zentzuna, zerbait azitakoan». «Baño galanki azi ta zearo indartuagatik, etzitzaien zentzunik buruetan sartu. Ez: geiago ta geiago loditu zitzaien berengain nai zutena egiñaz bizitzeko amesa, sustrai andia bota zioten griña txar guztiak, alperreri ta nagitasunak ordoitu zituan lanerako, eta mutikotzar aietatik etzegoan ezertara ere gauza onaren itxaropenik». «Laster entzun zan Axerik aldamen baserriko olloak arrapatu zituala, Otsoak ardirik onena jan ziola urreko artzai bati». «Orduan egin zuan oiu Axeriren aitak: —Eskua moztuko diot semeari. Orduan esan zuan Otsokoren amak: —Anka biak ausiko dizkat gure mutillari». «Ba! Eskua moztuta ere axeriak axeri gelditzen dira; ankaezurrak ausita ere otsoak beti otso». «Lagun gazte biak, geroago ta okerrago, lotsagabeago, ausarkiago, arpegi eman zioten gurasoai, jarki zitzaizkoen erriko agintariari, mallaka mallaka berealako baten jetxi ziran gizon gaizkiñen zelai galduraño, ta norbait zematu zutela edo etzutela, gizonen bati diru eske bidera erten ziotela edo etziotela, sartu zituzten beintzat gaiztotegian luzarorako». —Orra, orra ibilbide txarraren azkena. «Etzan orretan amaitu. Noiz edo noiz urratu zitzaizten lokarriak, eta emen agertu zitzaizkigun berriro, izen gaiztoaren jabe, iñoiz baño beltzago, itzalago, bildurgarriago. Etzituan iñork begi onez ikusten: gizonak ozta ozta egin oizioten agur, ume ta emakumeak Axeri ta Otsokoren izenaz bakarrik izutzen ziran. Naikoa zan, Otsoko dator esatea umerik negartiena bereala ixiltzeko». «Bazegoan zergatik bildurtu». «Auntza larrera bezela lengo bidera jo zuten obendun adiskide biak. Bai ba: ondo jan bear, asko edan nai, etxekoaz ezin ase, lanerako gogo ta usterik ez, eleizatik urruti, seta gaiztoak okerrera deiezka, gautxori biurturik, lapurretatik sortzen zuten alzan guztia. Andiak esaten ziran: gaberdian, onelako tokitan, bata besteari txistuka zebiltzala; arabar mandazañari, makilka zuzitu ta gero, onenbeste diru kendu ziotela; Bizkaiko baserri baten arrigarrizko eriotza egin zutela, ta eztakit beste orrelako zenbat albiste. Danak etziran noski egiak izango, baño neronek ikusi nuan egiazko jazoera negargarri bat. Esaten ere ikaratu egin bear da. Otsokok, jai arratsalde batean, ardangelarako txanponik eman nai etziola ta beste gabe, aizkoraz zatitu zion burua bere aita zar gizagaixoari!» —Jesus! «Bai, Jose Ramonek ere badaki. Neuk nere eskutik eraman nuan gero urkamendira Otsokoren eriotza ikusi zezan, oben-bidearen gorrotorako». Jose Ramonek— Oroitzen naiz; begien aurrera datorkit gizon arren arpegi zurbil, makur ta ezaiña; gogoan daukat nola esan zigun barkatzeko bere gaiztakeria Jaungoikoaren izenean, Jaungoikoak ere barkatu zezaion. Itz neurtuetan ipiñi zuten Otsokoren bizitza, ta ortxe ziran nunbaiten euskerazko bertso berriak. Manueltxok — Nik uste nuan gizatxar guztiak urrutietakoak zirala. Aitonak — Etzenduan ondo uste. Josek — Orain bai alda emen era orretako gizonik? Aitonak — «Sustrai txarrak edonun ta edonoiz eman dezake kimu berria, ta gizonak dauden leku danetan oidira gaiztakerirako sustraiak. Eztet nai egiaren argitasuna estali: orain ere azaltzen da gure artean otsokotarren bat edo beste; baña, esan dezagun gure biotzaren poztasunerako, ez urietan bezela maiz ta ugari, baizik noizean bein, urri, bakan, iñoiz edo berriz. Ezin da gure lurretan orrelako landara ta piztirik ugaldu. Gurutzearen itzalak galtzen ditu emen orrelako landara ta piztiak, gurutzearen itzalak eta guk geure izen onari diogun begiruneak. Bai, goialdeko basurdeak baño geiagotan agertzen dira baserrietara urietako zakur amorratuak, baña euskaldun gurasoak ajolarik ezpaluteke edo euskal mendietan gurutzerik ezpalitz, laster ugalduko litzatezke zakur, otso ta basurde amorratuak Euskalerrian ta baserrietan bertan. Arretaz bizi bear, beti arretaz». Manueltxok — Ta zer egin zuan Axerik, aitona? —«Axeri, oso txaldandua, moteldua, gazterik auldua, xarpaz jantzia, zetakaz betea, zorriz erdi-jana, aterik ate ibilli zan errukari, zorro zar bat bizkarrean zuala, gizadi guztien iraintasunak iruntsiaz, ta beartsuen gaixotegi batean il zan, inpernu bizia lurrean igarota gero». Manueltxok — Inpernua? Gaur goizean, Moxolok, ikastetxera bidean, inpernurik eztagola esan dit. Aitonak — «Zer diok, motel! Aitaren, Semearen... Ara or bat. Moxolo otsokotarra dek, Manuel, uriko zakur amorraturen batek kutsatu du, bere aitaren ardangelan noski. Umearen zentzuna, etxean entzuna. Jakinzak, illobatxo: lagun orrek esan duanetik Otsokok egin zuan egitera bide gutxi ziok, eta naigo niket, i Otsokoren bizitzan ikustea baño, illoi batean luze luze ikustea». Amak — Bai orixe, bai milla aldiz! Aitonak — «Eztek Moxolo ire erakuslea». Manueltxok — Ez, jauna, Moxolo txit atzerea da. Dotriñan ere bera dabil azkenengo. Aitonak — «Siñisten diat. Eztik arrek gauza onik erakutsiko Bakoitzak dakiana erakusten du, ta gaiztoak gaiztakeria. Ez adi, bada, Moxolorekin egundaño ibilli. Ire lagunik andiena Joxe izango dek eta erakusleak geu, etxekoak, eta erriko apaiz jaunak, gurutzetarrak. Illobatxo, Joxe, nere semeak: bizi zaitezte baserrian, toki oberik eztagota; maita zazute mendia, maitagarria data; baño mendian bertan piztirik billatzen badezute, alde Jaungoikoaren izenean piztietatik gurutze ondora». Orrela aztertzen zituan Joanesek bere gizalandarak, orrela eman oizien buru ta biotzerako bear zuten janaria, orrela bizi zan, erbesteko semearen oroimenak ikutzen etzionean, atsegintsu ta gozoro, bizitza onak ematen duan animako lasaitasun eztian. Ala ere Joanesek eta bere emazteak bazuten beren buruan beste zerbaiten utsunea. Gauza andia etzan. Ara: Zabaletan beste aurtxo bat ez izatea, alaba, neskatxa. Bi amak kendu ezkero, Zabaletako guztiak gizonezkoak ziran, prakadunak. Ana Josepak zionez, amaika praka bear zan etxe artan, Jesus Maria ta Jose! Batean sasiak, oteak edo elorrantzak eldu ziotela, bestean zugaitz adarrean katigatu zirala, ta egunero zekarden gizonak urraturen bat etxera, ta mutikoak berriz txitean-potean bear zituzten praka berriak. Manueltxok besteak baño geiago. Larruzkoak ere etziran naikoa ume arrentzat. Beti zebillen orbel, lasto edo garotan txilipurdika, beti sasi tartean masusta billa, beti txori kabitan inguruko zugaitzetara igonda. Ura mutil biurria, ura basakerra, ura katardea. Uutikan mutillak! A ze izatekoak, ainbeste lan gurasoai eragin ta gero nai zuten lekura iges egiteko. Beste gauza bat ziran neskatxak, esanekoak, zuzenak, txotillak, paketsuak. Ai ene! ongi etorriko zitekean bat Zabaletan emakume bien laguntasunerako, etxea jasotzeko, amonaren ondorengotzat. Ori zan senar-emazte zar bien aspaldiko ames, gogo ta itxaropena. Emango alzioten Jaungoikoak. Eman zioten. Egun batean Pedro Anton morroia berri on bat ematera joan zitzaion Joanesi mendira: etxean aurra jaio zitzaien ta neskatxa zan! Gure artzaiak Aloñatik jetxi zanean, ezpañetan zekarren barruko alaitasunaren pitsa, parrea. Parrez erten zion emazteak ere ate ondora. —Badegu ba —esan zion senarrari. —Jaungoikoari eskerrak. Eta nolakoa da? —Zuri, eder, galanta: bere aita berbera dirudi. —Oraindik? Zuek emakumeok bereala artzen diozute umeai norbaiten itxura. —Alaxen da bata. Zeuk ikusiko dezu laster. Jose Ramonen ta gure aurraren sudur ta kopeta berdin berdiñak dira. —Ta begiak? —Begiak zeurien antzekoak. —Parre egingo aldet? —Egin zazu nai baldin badezu. Len ere etzenduan urruti. Zer uste dezu? Eztizutala ikusi arpegian ta biotzean? —Biotzean ere bai, emakumea? —Baita. Orain ere badakit nik zuri zer gogoratzen zaitzun: aurtxoa geuk biok artu bear gendukela besoetan. —Baña nik ezer esan ezpadizut. —Baña nik igarri. Askotan izan naiz ni zure gogoen igarle. Gaitz ere badata! Aiton-amandre biak jetxi ziran Oñatiko eleiza nagusira aurtxoaren aitabitxi bezela. Ta nola gero jetxi! Ana Josepa bizi bizi, txit orraztua, soñekorik onena arro erakutsiaz, buruko estalkiaren txiztanak iñoiz baño tenteago zituala ta aspaldian gordeta iduki zuan zortzi egiko oial andi loretua lepotik bera egokiro ipiñita; Joanes ederki bizarra kendurik, ezkontzarako egin zitzaion jantziz antolaturik, ia oñetarañoko kapa lodi luze tolestua sorbalda gañean jasoaz ta eun bigunezko alkondara zuri garbia paparrean agiri zitzaiola. Biak zijoazen edertuta, gaztetuta, alaituta, lekaio bana egiteko gogoetan; biak usai gozodun: gizonak eriñotz usaia zeraman, andreak alkanfor usaia. Bazituen lagunak: auzoko emakume gazte apain bat, aita Jose Ramon ta seme Manueltxo, au, eliz-kandela ta apaiz-opillarekin. Bidean, Manueltxok begi-onez begiratzen zion opil gozoari. Bazekian eleizan eskeñi bakarrik, apaizari erakutsi, eutsi ta tati egin ta etxera biurtzen zala opilla, ta ezin aspertu zan beretzat zenbat emango zioten galdezka. Bakarrik joan balitz ikuturen bat ere egingo zion biatzakin edo mingañarekin, nolakoa zegoan jakiteko. Aiton-amandreak, noizean bein aurrari begiratuta: —Lotan aldijoa? —zioten— Gaixoa! Eztedilla otzitu gero. —Baizera otzitu —erantzun zien andre gazteak— dagoan beroan, Uztaillaren 22-an. —Erri-sarreratik jaztetxeraño oñatiar guztiak, andrazko ta gizaseme, gure baserritarrai zerbait esan bearra bazeukaten. —Ongi etorri, Jose Ramon, landare berrixa aldozue? —Kaixo, Joanes, ori gizon gordiña zagoz. —Apaña zatoz, andre Ana Josepa. —Mutilla alda? Neskatilla? Zer izen ipiñi biar xaue? Eguneko donearen izena ipiñi zioten: Maria Magdalena. Bataiokoak eleizatik irten zutenean, uriko ume sostor guztiak, umeak etziran batzuekin nastatuta, eleizaren aurreko enparantzan idoro zituzten bolo, bolua! bolua! je! je! deadarka. —Au ezta orregatik oitura ona, —esan zuan Ana Josepak— Zer dalata bota bear ditugu emen geure diruak? Eta senarrak, eskukada bat txanpon jaurtiaz: —Zeuk esan dezu, ona edo txarra, oitura dalako. Nik ona deritzot. —Berealaxe ixilduko ziran umeteri ta gañerakoen oiuak. Aitonaren jaurtigi ziñua susmatzeaz bakarrik, gizataldeko guztiak, artega, igikor ta irritsu, zabundu zituzten buru ta besoak, ireki ta ernaitu zituzten beren begiak alzuten añan, ta txanpon gorri-beltz leunak izpi-une baten egaka bezela ikusita, gero, auspeztu ziran dirua erori zan tokira, denak batera, denak pilloan, burrukarik gogor, zoli, zital, ausarditsuena egiteko ustietan. Baita egin ere. Lauoñean edo etzinda, bultzaka edo atzaparka, arpegiz lurra igortziaz edo azpikoari ler eraginda, ezeren armin ta iñoren ardura gabe, azkar egin zituzten ango txanpon biltzeak. Ta aurrera berriz ere bataiokoen atzetik je! je! bolo! bolua! deiezka. Baño ez guztiak. An gelditu ziran autsez loituta, miñez ta negarrez, txiki, mengel, indarge ta makalak. Batari txapela galdu zitzaion, besteari gonea urratu, norbaiti biatza ostikopean zapaldu zioten. Zeñek egin dotzu, maite —galdetzen zion arri, ezin ibilli zan atsotxo batek, bazter guztiak begiratuaz, zerbait alperrik galdu etzedin. —Moxolok egin xao, —erantzun zuan urratudunak— aretxek, lapurrak alakoak. —Ixo, ezta olakorik esaten da. —Bai, andrea, egia data: neuri ostudost eskuan neukan dirua. Oidan bezela andi ta indartsuenak atera ziran nagusi lenengo txanpon eralgitzean, ta aiek zijoazen Joanesi jarraika je! bolua! je! aspertu gabe oiuka. Joanesek, emaztearen esanei entzungor egiñaz, mutikoen atarrapuzka ta iskanbilla ikustegatik, edo barruak eskatzen ziolako, beti parrez, atzera ta aurrera, ezker eskui botatzen zizkaten txanponak. —Gizona, —zion Ana Josepak beti ere— naikoa dezula. Txantxetako gauzea da! Orrenbeste diru eztu iñork egundaño Oñatiko kale arian bota; ezta jauregiko zaldunak berak ere, emalea da baña. Mutiko-neskatoak, txanpon bitzea bukatu ondorean, beingo baten zabaldu ziran pelotalekura edo gozotegietara, ta gure Zabaletakoak jaztetxean sartu gabe, igo zuten tapa tapa beren baserri paketsura. Baserri artan, egun orretatik aurrera, beste bizitza bat asi zan, obeagoa, bigunagoa, alaiagoa; len baño askozaz errezagoa zan etxeko guztien parre ta jolasa. Erdi umetu ziran danak, eta noiznai zeuden prest umekeriak esateko ta umekeriak egiteko. Jetxi zuten seaska ganbaratik sukaldera, ta seaska ondoan makurturik, lanera baño len edo lanetik zetozenean, arpegirik gozoenaz, soñurik samurrenaz, beti ari zitzaizkon aurrari Zabaletako gizonak: —Ekatzu patxobat, poxpolin, ekatzu patxobat, arrosatxoa. Noiz ikasi bear dezu pa ematen? Pa, Pedro Antoni. Pa, aitonari, maite zaituta. Pa, onelaxen. Noiz ikasi bear dezu baña zeuk, noiz? —Kendu zaitezte ortikan, —esaten zien amonak— umetxoa musuka jan bear dezueta. Ara, arpegi guzia gorri gorri jarri diozute zuen bizartzarrokin. Ta negarrik ere ez berak. Aingerutxoa! aur zoragarria! gure illargia! Bai, illargia zera zu, illargi bete argitsua! Nik erosiko dizut zuri jostallu ederra azokan, nik, bai, zuri, ederrorri! —Baño batez ere Manueltxoren amak, Katalin apal, belatz, lotsatiak, etxean bakarrik gelditzen zanean, bere aurrari egiten zizkon jolasak eta esaten zizkon txera palaguak etzuten beñere azken ta neurririk. Sarri, bere magalean zeukala, begira begira egoten zitzaion, zertan zegoan ere aztuta; anitzez, beste aurtxoen eriotza gogoratzean, estutzen zuan bere bular gañean sendoki; askotan, lo eragin nai zionean, euskaldun ama guztiak oiduten erreztasunaz, eresitzen zizkon ixil ixil, eztitsu, eztitsu, bere biotza ezpañetan zuala, onelako itz neurtu samur batzuk: Seaska zarrak aur berria du Zeruetatik jetxia, Aingerutxoak ekarri dute Ezur t'aragiz jantzia. Jaunak eman dit neretzat eta Nerea det nik Madalen. Maite kutuna, ezaidazala Jaun zerukoak berriz ken! Goi urdiñean izarri aña Daude zeruan aingeru, Zabaletako baserritxoan Bat edo bat bear degu. Nere laztana, nere bizitza, Nere erraien zatia. Ara zein bigun jarri dizutan Seaskatxoan kabia. Seaskatxoan nai ezpadezu, Zuretzako det altzoa; Egin ementxe lo ederrean Zerutar ames gozoa. Manueltxo, umea izan nonbait, ondamuak biotzean ikututa, espaz betea egon oizan gizagaixoa aurrari esaten ta egiten zizkioten gauzak entzun ta ikustean. Nola ez? Bera zan lenago ederra, bera mutil argia, bera etxeko maitea, ta orain bestearentzat ziran goramen ta ipui guztiak. Ezagutzen zion amak semearik barruko illuntasuna, ta zerbait gozatzeagatik eta aurraganako maitetasuna itsatsi naian, onela deitu oizion: —Ator ia, Manueltxo, ator ia laztanori. Goiko kutxan daukat nik iretzat gordeta udare andi bat, iretzat bakarrik dana. Asko azi aiz ta ezingo aut altzoan euki, baña bai biotzean, bai, nere semea. Altzoan aurrak idukitzen dira, txiki txikiak, Malentxo bezela oñez ibilli ezin diranak. Ikusten dek nolako polita dan gure Malentxo? Nai luteke auzoan onelako bat, baño eztago iñun onelakorik. Geurea da, geurea geurea. Txalopintxalo esaiok; tira, eskutxoak artuta, orrelaxe. Bein baño geiagotan, Manueltxo amaren ondoan belauniko jarririk eta beste Zabaletako guztiak zutik edo erdi okertuta, Joanes aurrean zala, erestu oizuten, denak batera txaloak joaz, antziñetako aur eresia: Txalopin txalo Txalopin txalo Katutxoa mizpira Gañean dago; Badago bego, Badago bego; Zapatatxo berrien Begira dago. Ana Josepak uxatu oizituan deadarka, bera tarteko etzanean: —Txoratu alzerate, kristauak? Ezaldaukagu bazterretan beste lanik? Baña umetxoaren musu borobil polita ikusi orduko, amona bera joaten zitzaion aurrari atsegiñezko arpegiz losinga: —Izan ere etxeko danak txoratzeko naikoa zera zu, erregintxo, elurgillo, gaztanbera, usakume, lili zuri! Ez, Urbiako zelaietan ezta zu bezelako lilirik sortu, ezta sortuko ere! Zu zera lore giztien lorea, zu zera apainduri giztien apainduria! Nik ekarriko dizut, bai, amonatxok ekarriko dizu jostallu eder ederra, zeu bezelako jostallurik iñon eztago baña! __________ V. AZOKA TA DEMA Azoka ta dema zalea da euskaldun basetxetarra. Etengabeko lanean egongo da iru edo lau aste osoan azokaren pozez, baña etzaiozute azokaren itxaropenik kendu, bada orduan egoak moztutako txoria bezela geldituko zaitzute, jangar ta nakar, abaildua ta ezertarako eza. Azoka da, menditarrentzat, ez bakarrik salerosketako garaia, baita ere albisteak jakiteko era ederra, lagun arterako beta egokia, jan edanerako epe gozoa, atseden ordurik onen onena. Gauza oiek guztiak bear ditu gizonak noizean bein, ta gure baserritarrak iñork baño geiago noski. Ezta padartzarako jaio, bakartasunean bizi bada ere. Paduak eztu izutzen, baño gogait eragiten dio Mendian dauka kabi maitea, baño be aldietan biotzak eskatzen dion jolas deigarria. Atzeka, lotua, itz gutxikoa dirudi ezezagun ta andikien aurrean, baño iztuna, edegia, ausarta da bere ideko adiskidien ondoan. Esan dezatela Tolosa, Billapranka, Billarreal, Zumarraga, Mondragoi, Bergara, Elgoibar ta Azpeitikoak, bada erri oietan izaten dira batez ere Gipuzkoako azoka ta demarik izentsuenak, eta bertan agertzen da gure mendi-gizona bera dan bezela, batere estalki gabe, anima guztia garbiro ikusten zaiola. Nai ta naiezkoak dira Euskalerriko azokak eta ongarriak gañera uri ta etxadi askorentzat, baño ta demak? Ez ongarri, ez nai ta naiezko, baserritarren gogokoak izanarren. Bai gogokoak, bai orixe. Eztago dema bezelako akullurik nekazaririk txepel, nagi ta geldoena dendatzeko. Naiz dala aberien ari topeak, ollar borroka edo idi dema, naiz dala gizasemien zama jasotze, lasterketa edo aizkora jolasa, oso aurretiaz jakin oidute noiz, nondik, nortara edo non, zeintzuk eta zergatik izango duten demaren bat; biltzen dira gero sagardotegi edo ardangeletan albiste berriak entzun ta esatera; jartzen dira orkoaren edo emengoaren aide, aide, auzo edo ezagunak diralako bakarrik edo apostularien indar, mendu ta almenak obeto dakizkitelako; jasotzen du batak bere gizon autua Ernio baño gorago ta jetxitzen du besteak itxasoko ondarretaraño; asten dira mingarrizko itzak alkarri esaten; berotzen dira ezta-baida zitalean irri ta ziri dabiltzala; suak artzen ditu geiegizko jardun garratz amaigabean; jokatzen dituzte bero beroan aldean dituzten txanpon guztiak; ipintzen dituzte urlia edo sandiaren eskuetan dema egin arteraño, ta ainbeste bidar gogoratu zaieten txango aldia datorrenean, apostu jakin orretako egun andi alaia zabaltzen danean, goiztxoago jaiki, etxeko lanak zerbait egin, igandietako jantziak soñean jarri, aidiran diru apurrak sakelean sartu emakumien ixillik, eta badijoaz onelako edo alako errira gazteak eta zarkoteak, erkiñak eta kankalluak, jolas-naikoak eta jokalariak, burutsuak eta buru gabeak, alderdi bateko ta besteko gaitasaunak neurtzen dakizkitenak eta biotzak dion aidera itxu itxuan daudenak, bide zabalean aurrera, bide ziorretan barruna, mendian gora, basotik bera, zelai erditik zear, soro ertzetik aldamenka, amilla mengelak sorbaldan dituztela, makillatxoak eskuetan daramazkitela, biotzaren Ieiaz osoro beterik, barruko azkortasuna ezin gorderik, arro, artega, esale ta ameslari, zezenetara baño errezago, eztaietara baño gogotsuago, umeak gozotegira baño pozago, abere ospatsuen indarra edo gizon trebien adorea zelai edo enparantzaren erdian ikusteko asmoetan. Done Tomas egun batean Mondragoira joan bearra izan nuan. Azoka eguna zan ta egunik andienetakoa. Zazpi milla aingeru! Bazan uri artako kale arietan itzotsa, zaratea, ixkanbilla ta nastea galanki. Egurrez tontortutako gurdiak, errenkadatik ertenda, urrengoai ibillera galeratzitzen; atzetik zetozen itzaiak, mendian bezela oiu egiñaz, beren uztarrientzat biderik ezin edekita; jolasbilla edo apostura bakarrik joan ziran gizonak, ardangeletako ateaurrean, betiko leloari utzi gabe, alkarri ardoa eskeintzen; artu-emanera zijoazen emakumeak, beso ta buru otarraz beterik, zerbait galdu etzezen, alderdi guztietara begiraka ernai; leio burnietan lotutako beiak ausnarrean, kalearen erdia berentzat bear zutela, idisko edo biantxa gazte izutiak, atzeraka ta alboraka zalaparta gogorrean, enparantzaruntz iñola ere joan nai ezik; patxadako asto zamatuak, nunbaitetik sartu bearrean, aldemenetako guztiai bultzaka; txerrikume pizkor urduriak, beren taldetatik arrapaladan iges eginda, gizatartean edo aberien anketan usaika... nik eztakit zenbat tresna, ele, gizadi ta lazka ikusi nituan enparantzarako bidean. Edonun zegoan traba, esia ta eragozketa; non-nai adarkada edo ostikada baten arriskua; bazter guztietatik entzuten zan oo ta aida, arre ta iso, jeup ta kaixo, alajaña ta arraiopola, aspaldikoa, ta lagun zarra, txintxarria, kurrinka, orroa, marrua, arrana ta arrantza. Lan aundiak izan nituan enparantzara igarotzen. Antxen zegoan azoka. Bertan zeuden salgai baserritarrak ekarritako edo baserrietan geienbat bear izaten diran gauzak. Alderdi batean, arto ta gari, baba beltz, zuri ta gorri, intxaur ta gaztañak zorroetan; udare, sagar, azi, landare, urdai, urdaiazpiko, lukainka, gaztai, arrautz, ollo, ollar iraindu, ollanda ta ollaskoak otarretan edo lurrean zabal zabalik; oial, txapel, zapata, galtzerdi, mantar, soka, abarka larru, kopetako, paela, tupin, pertza, lai, sega, itari, atxur ta aizkorak mai gañetan, edo agatxoetan esekita. Emakume saltzalle ta erosleak, jarrita edo zutik, ari ziran ekiñean beren gauzak gora jasotzen edo bera bota naian, era ta gogoa zetorkien bezela. —Zer? Eztakitala nik gaztaña zer dan uste aldezu? Au ezta bizkai gaztaña, au amalatz erdi ustela da. —Jas! Orire esan. Gaztaña zindoagorik... —Eta au zindoa alda? —Bat edo beste eztu ezer esan nai, emakumea. Bai, kendu zaiozu azala, ikusi zaiozu mintza. Gurean eztago amalatzik, gurean bizkai gaztaña, ibarbeltza ta txapardoa baño besterik ezta. —Zerori zera zu naikoa txapardo. Tira, danak eramatera, zenbatean emango dirazu? ................................................................ —Ara errege sagar ederrak. —Burdintxarik eztaukat, baño bai urtebiak, kanpandojak, altxondoak... Danak dira onak, naiz erreta naiz gordiñik jateko. Artu itzatzu kanpandojak. —Bai kaskarrak! —Kaskarrak, ukabilla beste badirata? —Ukabilla nolakoa dan. —Beti andia, euskaldunarena bada. Atxurrak eta laiak zabaltzen ditu eskuak galanki. Zenbat ipiñiko dizkitzut? ................................................................ —Ollaskorik bear aldezu, andrea? —Ez, kapoi batzuen billa nabil. —Ikusi zaizkidatzu auek, artu zaizkidatzu eskuetan; badira amalau libra gutxienez. —Ze amalau libra gero, ezurra ta azala besterik eztauketa? —Nai dezu amabi baietz? —Nai dezu ezetz? —Pillumena, ekatzu pixu ori. ............................................................... Emakume saltzailleakin batera jarrita ikusi nuan Zabaletako Ana Josepa, illuntxo, aserre antzean, ia iñori itzik egin nai ezta, arrautza-ollasko batzuek saldu naian Zer ote zuan ain muker egoteko? Geroxeago jakingo degu. Beste alderdi batean agiri ziran txerri ta abelgorri talde andiak. Bazeukaten gizonak naikoa zer ikusi. Urdama nagi narrasak, ume pilla guri politak, akets gazte gogor sendoak, zezenko eder bizi mamintsuak, urrux egoki garbi txukunak, esnebei gizen ta bikañak... danetik zegoan elea ugari, oso ugari baña. Entzutekoak ziran baserritarren galdeak, abere jabien erantzuerak eta guztien gogozko goramenak. Txal baten ondoan: —Biantxa polita dezu, adiskidea. —Bai, ama ere eztu onek edonolakoa. —Zenbat erralde bezela izango da? —Ogetamaseitik berrogeira. —Orrenbeste? ... Noiz jaio zan? —Biar izango ditu amairu illabete. (Alderdi guztiak begiratuaz). —Itxurazkoa da. Eztu aitzekiarik... (Egon egon eginda). —Saltzeko aldezu? —Uste orretan ekarri det. Etxean beste zazpi bei badauzkaguta... —Zenbatean? —Garestitxo. Jatorri onekoa nola baidan... Oraintxere onen amak sei pitxarro esne emango ditu, umea egin zuala bi illabete bada baña. —Zenbat eskatzen dezu ba txalagatik? —Iru ontzako ta erdi eskatu bearko. —Gizona! Zillarrezkoa balitz ere... —Ezta zillarrezkoa, baño bai aragiz ondo betea. Aragiak berak ere, erraldeko ogetamarrean, ia orrenbeste jotzen du. Begiratu zaiozu nolako atzealdeak dauzkan. —Ez, ezta neretzako egiten dana; merkexeagoa bear det. Billatuko aldegu, aukera badagota. —Gaitz izango dezu ba ona ta merkea billatzen... Idi erraldoi biren aldemenean: —Auetxek dira Tolosako dema irabazi zutenak. —Mutillak! Egundaño eztet onelako idirik ikusi. —Bai, gure bei koskorrak baño baba geiago jan dute idi auek. —Baita indarrare alaxen dute. Lau iltze ta erdi egin zituzten ordu betean berrogetamar kintaleko arriarekin. —Zenbat akullu ziran? —Iru, onenetakoak. —Asko esan nai du orrek. —Bai, baña onak ziran Elgoibarkoak ere, aiek obeak idiak baño. Idietan zegoan alde guztia. Onelako idirik etziok lau probintzietan. —Zetara ekarri ote dituzte? —Erakustera. Bizkaitarren batzuk zaletu omen dirata. —Dirua bearko da ba. Neuk erosi albanitu... Pozik emango nituzke amar bat ontzako. Adiskidea, zenbat eskatzen dezu idiakgatik? —Emezortzi ontzako. —Lekutan ziok. Esne bei on baten inguruan: —Arranoetan! Eztauka errapea makala! Au ezta orratik gure lurretako enda. —Ez olandatarra da. —Ezagun du ille ta adarretan ere. —Otzana? —Eztago arkume otzanagorik. —Esnetsua? —Bai, bai. Onek esnea iturriak ura bezela ematen du. Jokatuko nioke edozeiñi eztala gaur Mondragoin onek aña esne ematen duan beirik sartu. —Zenbat pitxarro? —Amar baietzean emango nuke. —Aita San Antoniok bedeinka dezalata, ederra beia. —Izugarri! Orrelako izketak zeuzkaten abelgorri tartean zebiltzan baserritarrak. Jo batera ta jo bestera, elerik egokienen ondoan gelditzen ziran geienbat gizon pillatxoak, beren iritziak esaten ta auzokoen aberastasuna ikusten. Ta nolako alaitasun ta arretaz ikusi! Ele aurrean jarri, ankak jaso erazi, kopetan atz egin, atzetik begiratu, lepoan ikutu, mokorrean igortzi, bizkarretik paparrera neurtu, aurtxoak oidiran gisara itz gozoz palagatu, musua eman ez beste guztiak egiten zizkaten. Askotan esan oidegu, ta egiaz, gure baserritarrak ukulluko beiari txit samur begiratzen diola; baño ezta batere miraritzeko gauza: beia da, nekazarientzat, lanerako lagun indartsua, osasungarrizko janaria ematen dien aberea, etxe askotako ondasunik andiena Ia non dagoen norbere ondasunari maitero begiratzen eztion gizon bat. Asko ziran egun artan Mondragoira inguratutako azoka zaleak, baño dema zaleak askozaz geiago. Demaren bat altzan? Bai, ba, aspaldikorik andiena. Zabaletako Iñazio Marik eta Abadiñoko Jose Domingok egin bear zuten aizkora jokoa. Biak ziran trebeak, iaioak, izen andiko aizkolariak; biak iduki zituzten illabete ta geiagoan jaten ta edaten, arrautzaz ta aragiz asetzen, ixillikako indar neurtzeak egiten, ta egun orretan agertu bear zan bietatik zein zan nagusi. Ori zan ba euskal gizaldien billaldirako Mondragoitarrak erabilli zuten kakoa, orrek erakarri zituan uri artara alderdi guztietako baserritarrak: Bizkai aldetik Durango, Iurreta, Garai, Berriz, Zaldibar, Abadiño, Izurza, Mañari, Axpe, Arrazola eta Elorriokoak; eta Gipuzkoatik, inguruetako zalpurdietan eraman al izan zituen guztiak eta ordu batzuetan oñez ibiltzeko almena zuten gizon danak. Bazter guztietara begira nebillela ta iñor ezagunik ikusteko usterik gutxien neukanean: —Non zabiltz, mutil? —esan ziran norbaitek, bizkarreko bat emanaz. —Patxiko! —Berbera. Nere umetako lagun bat zan Patxiko au, erri txiki bateko sendakiña, baño erri aundietakoak baizen argia; berritxu samarra, baño bene benetan jakintsua; edozeñen gaiztakeriak agertzen zituana, baño bakoitzari berea ematen oso zintzoa; euskalerritar itxutua, baño iñorentzat gorroto gabea; zerbait lotsagaldukoa, baño txit egizale purrukatua; mingain zoli garratzduna, baño biotz bigunaren jabe ona; beti erriertan jardun bear zuana, baño jolastzallerik andienetakoa; itxuretan norbaitzuen etsaia, baño egietan askoren maitalea; gizon bero, bizi, ozpindua, baño adiskide leial ziur ziurra. —Zorionean zatorzkit —esan nion. —Zoritxarrean arkitzen zaitut —erantzun ziran. —Nekeren bat aldezu? —Zuri erakutsi bearra. Ezta neke txikia, baño lagunagatik itz aspertu bat egin bearko. —Aspertu altzera beñere izketan? —Zurekin ez. Ni baño itz jario andiagoakin ezin izaten det nai aña egin. Ta neri ezer geiago esateko astirik eman nai ezta, berak galdetu, berak erantzun, ta ezer sakondu gabe, gogora zetorzkion autu guztiak lardaskatuaz, asi zan nere gizona: «Utzi zadazu pakean itz zaparrada samiñen bat entzutea nai ezpadezu. Gaur Gipuzkoa guztia ementxen da, batari ta besteari ongietorria ematen nabil, eztet zurekin egoteko asti andirik izango, ta entzun zadazu piskatxo batean. Onean nago, ta gozoro itz egingo dizut». «Zuk eztezu emen emen iñor ezagutuko, itxas aldekoa zerata; baña nik bai, nik ezagutzen ditut batzuek. Begira: lurrean dauden zuaitz-gerriak ikusten dagoan baserritar ura Beizamakoa da, iñork uste duan baño gizon maltzurragoa. Zerbait erabilliko du buruan, gaur dirurik ez galtzeko edo biar edo etzi beste aposturen bat asmatzeko. Esaten dutenez, nekazaritzatik baño geiago irabazten du jokotik. Ezta gaizki, betikoa bada irabaztea... Beste buru zuridun agure ori, Zaldibiko artzaia Orrek eztu txanpon askorik egingo iñoren alde. Artillezko jaka dauka berak soñean. Eztira ikusten asko gure egunetan era orretako jakak. Lenago bai, oroituko zera zu ere, lenago gure baserritar geientsuak beren etxietan egiten zituzten etxekoentzat bear ziranak, lodiak, sendoak, iraupen andikoak. Gero berriz eztakit nondik agertu zitzaizkigun ille urdiñezkoak, oso apañak, idun-mauketan lerro gorriak eta paparrean bera borlatxoak zituztela, ta oiek izan dira urtietan, emengo mendi gizonen jakarik politenak. Badira oraindik orrelako batzuek, bizkaitarren soñean batez ere. Ara orrako gizon kaikuak nolakoa daukan. Zein da bera? A! Bai, Apatamonasterioko etxejauna. Gizagaixoa! Irabazteko ustetan etorriko itzan baña emen utzi bearko dituk zizko berdean ekarritako urre zarrak. Etziok Bizkaian Zabaletakoari eramango dionik. Nequaquam. Apostutxo bat egin bear diot neuk ere etxejaun orri, ia gaurko aña irabazten detan... Emen gure ezker aldean daukagun mozkote gorri onek Eibarkoak izan bear du. Azoka guztietan izaten da, ta iñork eztu ezer saltzen edo erosten egundaño ikusi Baño eukiko du eginkizunen bat. Tutean oso azkarra omen da... Eskui aldean dauzkagu beste gizontxo bi, bata eztakit nungo errotaria, bestea, badakit nungo arakiña, sasi jakintsuak, malmutzak, bertsolariak, bestien lepotik galanki edaten dakitenak. Gaur ere sartuko dute urdallean pitxar bata gutxienez, ta goizaldea etorriko da oiek etxera orduko, buruak urdiñak dauzkate baña». «Aizazu: beste ulerkera batean bai urdintasuna ugari dagoala ementxe. Txapela urdiña, amilla urdiñak, praka urdiña, pipetako keia urdiña, euritrakoak urdiñak, dana da emen urdiña, alkondara, abarka edo abarketak izan ezik. Urdiña ta merkea. Izango dira berriz ere eztulak eta alborengoak sendatzalle gaixoari gaberdian jaiki erazteko. Zuk eztakizu nolakoa dan gure bizitza errukarria. Ordu onean egin ziñan apaiz». «Orratikan ere irauten dute oraindik gure antziñetako abarkak. Ikusi zazu: gizon zar guztiak dauzkate ta gazte askok, zuriak, bigunak, politak, muturrean begi beltzak dituztela. Oiek dira oñetakorik apainduenak, jaiegunetakoak. Astegunetan beste batzuek izaten dituzte, zakarragoak, lodikoteak, begi gabeak, zimaurtzan edo lurpean erabiltzeko Satorrak ere eztaukate begirik». «Eta ikasi zazu, bide batez, abarkadunetatik abarketak eta beste oinzorroak jazten dituzten gizonetara dagoan gora bera ta ezberdintasuna. Nere iritziz, abarkadun gizonak menditarragoak, benatsuagoak, patxadagokoak, gizaseme zar ta aginpidekoai begirune obean itz egiten dakitenak dira; abarketadunak ostera arintxoagoak, txoro ta txakillagoak, beren buruen irizte andikoak eta bestientzat destaña erreza daukatenak. Basetxetarrak, nere ustez, lenbiziko abarketa jantzitzean galdu zuten apur bat beren baserritartasuna, ta larruzko oinzorro argitsuak jazten berriz, ia uritartzat artu daizkegu». «Naigabe andia ematen dit neri onek, bada urietako euskaldunak, danak ez baña bai askotxo, azaletik bakarrik dira euskaldun, mingañez dira sorterri zale. Tximista gorria! Ezadazula arpegi beltzaz begiratu. Deadarka esango dizut, albiste berria ezta baña. Urietan izurri txarra dago euskerarentzat; urietan jazkera zarrakin batera joan zitzaizkigun gure oitura zarrak, eta jazkera berriakin batera datorkigu erdera, birao, nasaikeri ta txankamekeria Baserritarrak eztira gizon doneak, ez. Bai zera! Entzun didazu zer esan detan batzuekatik, ta eztitut guztien zauri ta zornak erakutsi. Orraztu bear andia daukate askok, badira norbaitzuk akerraren adarra baño okerragoak eta pozik astinduko nituzke gorosti makillaz pozik; baño ala ere, baserritarren artean, abarkadunen artean daude Euskalerri barruko euskaldunik egiazkoenak. Abarkadun gutxi ikusiko dezu erderaz mintzatzen edo abanera, xotis ta beste arrotz dantza nastuetan. Orretarako abarkak kendu bear dira lenbizi». «Ara zergatik etortzen naizen, aldetan guztian, abarkadunen jai ta jolasetara. Astakeri batzuek egingo ezpalituzkete! Aitzen dituzte ba bereak eta bi. Dana dala, ni beti izango naiz abarkadunen maitale. Ze arraio! Nork eztu noizean bein astakeriren bat egiten? ... Ixo, ixo. Apostulariak badatoz. Agur, mutil, beste bat arte, gero ikusten ezpagera. Bost duro Zabaletakoaren alde!» Oarkera batzuk egingo nizkion Patxikori astirik eman balit: baño zeñek artu gizon txirimol arrekin itz egiteko tarterik? Baño baneukan zeri begiratu. Gizon gazte, andi, bikain bi zetozen enparantzara, makutxik, astiro, ermo, lerden, ausarditsu, aizkora berri bana bizkarrean zekardela. Iñazio Mari ta Jose Domingo ziran. Beren ondoan zebiltzan, toki egiñaz, aien alde, lagun ta auzokorik urrenak, arroxko ta zurikeri andietan, alderdi guztietara begira, aizkolarien oso adiskide zirala adierazi naian. Arrokeriak ere bere mallak oiditu: gorengoan jarri ezin dana, sarri egoten da goikoaren oñetan arro. Jose Ramonek zekarzkian beste aizkora batzuk, anaiarentzako; ta beste askoren artean Peru Odolki zetorren Iñazio Marin aurretik, besoai eragiñaz, itza, pitsa ta kertenkeria zeriola. Joanes etzan iñondik agiri. Aizkolari bietatik Bizkaikoa zan gaztiena, gipuzkoatarra bezin eder, zabal, sendo ta zaintsua. Oraindik etzuan iñungo enparantzan jokatu, baña bere erritarrak ziotenez, nai baño indar geiago zeukan, zumea baño bigunagoa zan, ta begia ipintzen zuan tokian jartzen zuan aizkora Jose Domingo azpiratzeko gixonik etzan jaio. Orrela esan zioten beintzat Ana Josepari Berrizko sagar saltzalle batzuek, eta orregatik billatu degu ain muker ta añutsu. Albiste oiek entzun baño lenagotik ere naikoa kezka bazeuzkan Ana Josepak. Bein baño geiagotan aditzen eman zion berak semeari, kendu zezala jokorako seta gaiztoa, etzedilla geiago apostuetan sartu, lan egin zezala, etxeari begiratu zaiola, baña ezkonduta gero ere, lengo lepotik zeukan arrek burua. Ai, nora joango ote zitzaizkon ezkontsaritzak emandako urre gorriak! Arantzazuko Amari Abe Maria bat mutil ura zuzendu zedin... apostua irabazi ta gero. Abe Maria graziaz betea Jauna da Zurekin... Aitak ere ondo erakutsi zion bere aserrea, ta garbiro esan zizkon esateko guztiak. Ez biguntzea mutilla! ... Bedeinkatua zera Zu andre guztien artean ta bedeinkatua da Zure sabeleko frutua Jesus... Bai, gurasoak alegiñak egin zituzten Iñazio Mari bide onean ipintzeko, baño alperrik. Nola beregain bizi zan... Santa Maria Jaungoikoaren Ama... Zabaletako etxekoandreak etzuan bere burua ondo ulertzen ta etzuan, gai onetan, egia osoa esaten, bere anima barruan zer gertatzen zitzaion etzekialako. Zalla da norbere berri jakitea. Semeari etzedilla apostuetan sartu esaten zionean, naieza baño bere mutilla parregarri geldituko otezan bildurra ta berak aurreratutako diru ederren arriskua erakusten zuan geiago Ana Josepak. Aurretiaz izaten ziran beti onen erriertak, bada jokoa irabazi ondorean etzegoan Iñazio Mari bezelako mutillik, batez ere txanponen batzuk etxera eramaten bazituan. Iñoiz bein Joanes argiak adierazi oi zion lausotasun au, baño errez aztutzen zitzaion emazteari apuko berria zetorrenean. Irakurlea: nik eztitut gauzatxo auek Ana Josepa makurtzeagatik ipintzen. Eztira orrenbesteko akatsak, etxekoandrea zan, ta etxekoandre danak egiten diote diruari ongietorri andia; ama zan, ta ama guztiak nai dute beren semeak gallurrik gallurrenean ikustea. Ama zalako zegoan esaten ari nintzan leku ta garaian, jokoa asi baño lentxoago, armalla batera igota, beste batzuekin txondortuta, gizadiaren erdira begira, seme maiteari begiak boteaz, ausarta eman naiaz, susmo txarrean, aiene mintsuan, zitala, errea, pipertua, Bizkaiko emakumeak ziotena ezin eramanik, bere txiteari lagundu nai dion olloa bezela, erraietako umearen guda ikusten duan leoi-eme baten irudira, ta buruko illetatik edozeñi laster eltzeko gogo beroz. Zarra izanarren lanak emango zituan orratik bizkaitarren bati eltzen bazion. Baño utzi ditzagun andrazkoak eta ikusi dezagun gazte adoretsuen esetsaldia, Mondragoiko ikuskizunik andiena ori zan ezkero. Errizañak makilla ta bultzaka gizon-uztai trinko bat egin zuanean, eldu ziran jokalariok zuaitzeraño, begiratu zioten alkarri itzerdika batzuk esan bitartean, aukeratu zituzten berriz, banan banan ikusiaz, lenago ere ondo aukeratuta zeuden aizkorak, entzun zituzten sasi jakintsuen azkenengo esanak eta jaurtigi zuan Juan Andresek ontzurre bat gora goraka jokalari bakoitzari bere zuaitza izendatzeko. Eldu zan ordua! Enparantzako gizatalde ugaria zabulundu zan ekaitzaren aizeak ikutzen dion zugaztia bezela; saltzalleak eta erosleak, gizonezko ta emakume danak, utzi zituzten beren tokiak bere-bizikorik azkarren, urbildu ziran guztiak gizon-uztai trikoaren atze aldera, ta mai gañetan, zorroetan, gurdietan, arri malletan, inguruetako leio ta tellatuetan, buru mordoska berriak agertu ziran artega, enparantzara begira. Nik eztakit zergatik iruditu zitzaidan bildurra sartu zitzaietela gizon askori biotzean, bada lentxoago garraxika zebiltzanak ixil ixillik gelditu ziran, parre algaretan zeudenai kopeta lañotu zitzaien, ta destañarik andienak esaten zituztenak, esia ipiñi zioten, ezpañetan, biotzetik zetorkioten geiegizkeriari. Bai, bildurrak zeuzkan gizonak beren marratik erten gabe, bildurrak zeuzkan alkarri zor zioten begirunean, maitetasunak baño askozaz obeto. Ala ere bizkaitarren batzuk, beren ustea edo irabazi-naia ezin gorderik, bazebiltzan deadarrez: —Ontza bi urre Jose Domingon alde! Ta gipuzkoatarrik beroenak edo jokalarienak onela erantzun zioten: —Ai ba, eginda daude bi ontzurreak! Baita zortzi nai badituzu ere, baita idiak ere! Peru Odolkik lepoa nai zuan jokatu. Bitartean gure aizkolariok, aoa zabaldu gabe, osoro benaz, patxada onean, plaza gizonai zegokioten bezela, kendu zituzten oñetakoak, eman zioten eskuai txistua, artu zuan bakoitzak bere aizkora, ta jarri ziran tente zuaitz gañean, beren lan ikusgarria asteko aginduaren zai. Une larria! Ergai estua! Apostularien deadarrak eta billera gizatsuko durundi zurrumurroak berealako baten bukatu zitzaizkigun, biotzak taupadaka geunzkan, ainbeste milla gizon eleizan bezin geldi ta ixillik geunden. Baño ezkiñan luzaroan egon. —Asi!— esan zuan agintzalleak, eta gure gizaseme bikain biak, bat batera, sartu zituzten beren aizkorak zuaitz lodien biotzetaraño, koipetan sartzen dan labana baño ainbat errezago. Ta aizkorak erortzeaz batean baserritar guztiak, trumoi ikaragarriaren itxurako alarau luze bat egin zuten, ta asi ziran batzuek berriren berriz biriak bota bearrean, eztarriak eten bearrean ojuka: Ia, Jose Domingo maitia, ekin ortxe, ekin, zu lakorik eztagota! aufa! Ori dek, ori dek, ori dek jotzea! Aurrera, aurrera, eurea dek eta! Etzan lelengotik igartzen garailari zein izango zan. Biak jokatzen zuten ederki; biak jotzen zuten zuaitz gerria gogor, azkar, zuzen, bear zan tokian bertan, alderdi batera ta bestera ezpal zati andiak boteaz, surtako egurrak txingarrak botatzen dituan gisara. Lendabiziko zuaitza berdin berdiñean bukatu zuten... Orobat bigarrena... Ta irugarrenaren gañean, asieran bezela zeuden jokalariak, zail, zimel, zauli ta kementsu, zizt eta zazt, dinbi ta danba, batak besteari aurrerik artu ezinda. Apostularien armintasunak etzuan neurririk. Jaungoiko Donea! Zer gertatu bear ote zuan! Jose Domingo ta Iñazio Marin erakusleak, gizon oituak, zuaitzen ondoan makurtuta, makillatxo batez erakusten zioten nun jo, ta eskuaz kentzen zizkaten katigatuta gelditzen ziran ezpal zatiak, izugarri pizkor; ta aurrean zeuden beste adiskideak, ortzak estutuaz, ezpañal okertuaz, buruari eragiñaz, ziñuka, inkezaka, jeupadaka, alegin guztiak egiten zituzten aizkoradunari laguntzen. —Ia, Jose Domingo, —entzuten zan ziotela— ia, Jose Domingo, jo gogotik, ondo zuazda! Alimo, Ixio, alimo, bestea nekatu dek eta, geiago aiz ta, alimo! Egundaño alakorik! Azkenengo zuaitzean, seigarrenean, or nunbait zebiltzan biak, berdin samar zeuden oraindik. Berdin, baño biak unatuta, adikatuta, piper gorria baño gorriago, izerdi patsetan, koipe ta lurrunetan, arnasa estuz, sutegiko auspoen antzera puzka, ta okotzetatik bera esne itxurako pitsa erortzen zitzaiela. Amaitu bear zuan jokoak eta nola iñork etzekian. Ura urduritasuna! Ura ezurretañoko ikara! Ura nik neukan errukia! Naiago nuan toki artara joan ezpanitz... Aizkolariok zearka begiratu zioten alkarri. Aiene! Galtzeko zorian zeukaten lagunen dirua, etxeko pakea, erritarren arrera ona, beren izen andia! Baño etzuten etsi nai, ez etsi beia jo arte. Len baño gogorrago jarrai zioten beren arloari, len baño zoliago, biziago, nabarmenago jarrai zioten, ezker eskui, or ta emen, ongi ta gaizki, zuzen ta oker, gizon lauso aserratuen gisara zuaitzak astinduaz, ta iskanbillarik andienean, ikusle guztien, ia! aurrera! ekin! jo! ausi! bota! ebaki! ta beste oju estuen erdian... et! ... et! ... et! ... biba! bukatu zan jokoa. Orduantxe erten zuten baserritar guztiak beren marratik, ibai ujolsuak zelai ta soroetara ertetzen duten itxuretan; orduantxe urratu ziran alkarren begiruneko lokarriak eta ler egin zuten anima dollorren griña zatar ta arrokeri lotsagabeak. An esan ziranak! An entzun nituen gauzak! —Biba gu ta gutarrak! Bera ustelak! Astoak ukullura! Beste gizonik Bizkaian bada, eman dezala arpegi! Eguzkiaren azpian iñor baldin bada, agertu dedilla emen! Betik gora prakak jazten dituanik iñon bada, betor Iñazio Marin ondora! Eztago iñon gipuzkoatarrak bezelakorik! Gora Gipuzkoa! Gora Zabaleta! Gora Iñazio Mari! Nik eztakit nola ito etzan au adiskidien besoetan. Ainbesterañokoa zan danen lepotik eldu bearra, besapetik artuta jaso naia, bular gañean estutzea, bizkarrekoak ematea, gizonari paketan utzi eziña Etzegoan ura bezelako gizonik lurbira guztian, baserritarrentzat. Jose Domingok etzuan izan ainbeste lagun. Azpian gelditzen danak beti du lagun gutxi. Baiño bai leialak. —Eztotzu alde askogaz irabazi; —esaten zioten jaztetxeruntz zeramatela— aizkorakada bigaitik izan da guztia. Adarbegia idoro ezpazendu, zeurea zan jokoa. Adarbegi añaniñua! ... Ozta oztean irabazi ta alango arrokeriak. Ondiño ikusi bear dozue ba alkar, bai Jaungoikoak gura badau... ......................................................... Nik eznuan ikusi, baño badakit arratsalde artan bi jostallu erosi zituala Ana Josepak: aurtxoak miazkatzeko izaten duten uztaitxoa ta burni me argizko ume-txintxarria, beiak erreal batean, oso garesti. Ia ba, egun guztiak etziran berdiñak eta. Manueltxori ta Joxeri zerbait erosteko ere egon zan, baño zertako? Azukre kozkor bana eman ta kito. Mondragoiko azukre, konpita karamelo guztiak baño gozoagoa zan emango zien albistea Jas! Zein ederki jokatu zuan Iñazio Marik! Joanesek esanak esango zituan, baña diruak irabazten zekian mutillak. Illunabarrean, nere eginkizunak amaituta erri alderuntz nentorrela, baserritar asko billatu nituan bideko ostatuetan, oiturazko atsedenak egiten, premia gabeko jan edanetan, beste dema batzuetarako azia botatzen ta ardoak ematen duan indarraz bertsoak eresitzen. Ara nik zalpurdirako argi billa sartu nintzan ostatu batean entzun nituanak: Bertso berri batzuek Nai ditut paratu, Pulamentuz esanaz Gaur zer dan pasatu. Bizkai guztia emen Guk degu ondatu Ezta Ixio Mari Ain gaizki portatu. Gaurko apostu orrek Badu inportantzia, Itz bitan esango det Bere sustantzia: Bizkaitarren diruak Bete dit poltsia, Ara zergatik detan Nere alegrantzia. Etziran neri batere alegrantzirik eman aien aoetan euskereak zeukan gorniak. Eta aien aoetan bakarrik balitz! __________ VI. ERRI TA ERBESTEAN Juan Andres, atzerrira joan zan ezkero, bein bakarrik etorri zan Zabaletara. Urteak igarota bein bakarrik, eta egun gutxirako. Lenengoetan, jaiotetxetik urruti, Gaztelerriko lur legor beroen erdian, erdaldunen artean, erderaz mintzatu bearrean, adiskide gutxirekin, gurasoen maitetasun gabe, sorterriko mendi berdeak ikusteko gogo aundia piztu zitzaion, euskeraz itz egiteko ta Gogordo azpiko erreketan ur garbi otza edateko leia bizia; baña gero adiskide batzuek geiago egin zituan, Gaztelako izkuntza ta oitura berrietan zearo sartu zan, zeregin batzuek amaitzean beste batzuek agertu zitzaizkion, ta pitinka edo atalka, makaldu ta il ziran Juan Andresen biotzean euskal-mendiak ikusteko leia, euskeraz itz egiteko gogoa ta Gogordoko ur garbiak edateko egarria. Baño, esan det, etorri zan bein San Migeletan gurasoen dei bigunari noizbaiten erantzunaz, etxekoai ezer lenago jakin erazi gabe. Agorrillaren arratsalde batean jetxi zan, Oñatiko udaletxearen ondoan, zalpurditik. Etzuan iñor itxaroten, etzuan iñon olesik egin azkar ibilli bearrez, ta etzuten ezagutu oñatiarrak Zabaletako arri zulatzalle ospetsua. Nolatan ezagutu? Etzan errez ezagutzea. Iltzedun oinzorro lodiak zeuzkan oñetan, panillazko jantzi berria zekarren soñean, euritako andi ederra ezkerreko galtzarpean, pardeltxo bat eskuiko eskuan ta zillarrezko kate luzea, ainbeste lerrotan, txilborretik bera esekita. Trinkoa zetorren, lodikotea, baño beltzerana, eguzkiak errea, arrotz itxurakoa. Zalpurditik jetxi ta bereala, pardeltxoa euritakoan sartu, sorbalda gañean ipiñi, ta oinkadarik sendoenaren oiarzuna atari ixil zabalen aurrean utziaz, izpi baten igaro zituan Oñatiko kaleariak. Emakumeak, gauza guztiak jakin nairik bizi diran irudimen azkarreko emakume urduri batzuk, bata besteari galdezka gelditu ziran: —Zein ete zan gizon ori? —Eztakigu ba. —Goibela beintzat. —Guztiz. —Erdalduna gañera. —Baleiteke. —Arpegi txarrekoa. —Osoro. —Irantzalleren bat. —Irantzallea? Jun! Gantzak ateratzen dituana ezpada... —Ene! Alaxe izango da. Zer zeukan zer joan or barrura olako gizon arrotzak? Baserritar gaixoak! Jesus, Jesus! Ta gure umiak? Nun ete dira gure umiak? Jaungoikoak daki noraño elduko zan emakume bildurtien irudimena ta zer iskanbilla sortuko zuten Arantzazutik bera erritar zaldun bat azaldu ezpalitz. —Don Bizente —esan zioten ikaraz— ikusi aldu or gizaseme apain bat? —Bai. —Ta zer deritzo? —Zatartu egin dala. —E? Zatartu? Baialdaki zein dan? —Jakingo eztot ba? —Zein, zein? —Joanesen semea. —Zabaletakoa? Trosuetan ebillena? —Berbera. —Jas! Ta onek gantz ataratzallea izango dala. —Nik eta zuek, guztiok; ez emen norbere errurik iñori bota. —Danok be, utsetik gezurtegiraño joateko etzara txarrak zuek. Zabaletako seme gazteak etzeraman batere Oñatikoen gogamenik. Etxerago ta azkarrago, alderdi guztietara begira, nolako arrera egingo zioten amesetan, Uribarriko auzotegira aurreratu zanean, gurdi bidetik lenengo, ta gero, iru arri malla igonda, soro ertzeko bide zigorretik, ezkerretaruntz asi zan baserri aldera zoli zoli. Ain zuzen orduantxe zegoan Pedro Anton zarra belarra ebakitzen muno baten egian. —Jaungoiko maitea! —esan zuan, betondoan eskua zabalik ipiñita, bidaztiari begiratuaz—. Gizon orren ibillerea... Egingo nuke geure Juan Andres dala... Bera data! bera data! Aguratxoak, itai, belar ta otarra utzirik, izugarrizko antxitxiketan erten zion bidera Juan Andresi, ta estutu batzuk eman ondoren, oiuka ta losinka, eutsika ta bultzaka, lagundu zion mutillari etxeraño, aspaldian ikusi gabeko nagusiari zakur leialak egin oidioten antzera. Laster jakin zan Uribarri guztian mutil orren etorrera. Gau artan ta urrengo egunetan, andreak eta gizonak, gazteak eta zarrak, lagunak eta auzokoak, denak joan bear izan zuten Juan Andres ikustera ta berak esaten zituanak entzutera. Izan zuan nork entzuna ugari. «Pankorbo zeritzaion erri zakar batean egon zan bera lenbizi, gero Santa Olallan. Alderdi artako erriak baldar ta txiroak ziran geienak; ango lurrak, agor, lau, zabal ta berdiñak, zugaitz ta belardi gabeak; baño batere itxurarik etzutela, ar koskor artean bada ere, garia ematen zuten galanki. Lur aietan etzan artorik; dena garia, edo garagarra, edo oloa, edo zekalea, itxasoa beste luzerako salletan. Gizadiak ostera txikiak, igarrak, beltzak eta nolabaitekoak iruditu zitzaizkon Bai, prantzezak, gaztelarrak eta euskaldunak nastean ibilli ziran burnibideak egiten; baño etzuan billatu arrobian, argintzan edo lurra jasotzen euskalduna bezelako gizonik. Euskaldunak egin zituzten, anitz lekutan, lur azpiko bide luzeak; euskaldunak zabaldu ta jantzi zituzten Atapuerta, Karraskal, ta Astorkillaskoak. Erri asko ikusi zituan berak, Juan Andresek, batzuk andi ta gizatsuak, Bribieska ta, Burgos ta. Burgos! Ura bai zala uria! Ango elizak, ango katedrala! ... Katedrala zer zan? Eliz andi eder bat, Oñatikoa baño ere askozaz andiagoa ta ederragoa. Katedraleko apaizak kanonigoak ziran, beste apaizak baño gradu geiagokoak, eta eliz artako buru Artzobispoa zegoan, Aita Santuaren urrengo gizona. A ze urrezko txapela erabilli zuan arrek Dagonilleko Andre Mariaren egunean! Urrezkoa, bai, urrezkoa, baita beatzean zeraman eraztun lodia ere... Urrutietara joan ezkero edozenbat gauza ikusten ta ikasten zan. Ara, berak, etxetik erten zuanean, tutik etzikian erderaz; baña orain edozeñekin mintzatzeko beste bazekian. Gaztelarrak burnibideari perrokarrill esaten zioten, ta prantzezak ostera txemendeper Ondo esan bear zan baña: txemén-de-perrr!» Ondamuz zeuden Juan Andresen inguruko lagun ta aditzalleak. Bai ba; ederki jantzita zetorren, ainbeste gauzen berriak ematen zituan, erderaz ere bazekian, bazan diru pixka baten jabe, ziotenez: zer geiago eskatu zezakean gizonak? Bateri baño geiagori erne zitzaion bularbarruan prantzez ikastera joateko gogoa, diru apur bat egiñaz ta Artzobispoa ikusiaz. Manueltxok, ordurako indartua zegoan ta, bere naia ezin gorderik: —Aita, —esan zion Jose Ramoni— nik ere osabarekin joan bear det. —Osabarekin? Eure gazteria lur azpian igarotzera? Ez, bertan daukagu emen zer jana ta non lan egiña, iñora joan gabe. Lurpean baño obe dek lur azalean arlotu, eguzkiaren argitan auala ta zeruaren edertasuna dakuskala. Malentxo, neska zizkortu zoragarriak: —Ama, ni anditzean, Artzobispo egingo alnau? —Bai, nere kutuna, nik egingo zaitut zu Artzobispo ta Katedral ta Burgos guztia baño andiagoa ta ederragoa; eliz barruan, Aita San Iñazioren ondoan jartzeko euskaldun donerik politena egingo zaitut. Etorberriaren gurasoak mutillaren esanakin etziran batere lausotu. Txit abegi ona egin zioten lenbizi, oso atsegiñez artu zuten beren besoetan; baña semearen erdal soñekoak begiratu, epeltasuna ikusi, euskera nastua entzun ta maitetasunik eza igarri ziotenean; ta batez ere, mutillaren erbestera berriz joateko asmoa jakin ta gero, pozaren ordez, naigabe minkaitza jaiki zitzaien erraien erdian. Ara emen aitak Juan Andresi, bakarrik arrapatu zuanean, esan zizkon itzak: —Ez aiz mendikoa, eztidurik gutarra, joan zaizkik emengo garo usaiak. —Zergatik? Erderaz dakitelako? —Erderaz jakitea ona dek, euskeraren kaltean ezpada. —Gaztelerrian adiskideak dauzkatalako? —Kristauak edonun bear ditu adiskideak, obeto esango det, edonun dauzka bere anaiak. —Zergatik, bada? —Eure baserrira, eure gurasoakana, gogorik gabe etorri aizalako Igartzen diat: ez ago i ondo emen; eure etxe barruan atzerritarra dirudik, jazkera ta izkeragatik baño buru ta gogoagatik geiago, bada ire buru ta gogoa erdalerriko irabazian dauzkak. —Nork eztauzka? Baño nik alderdi guztietan goratu det Euskalerria. —Eure burua goratzeagatik, apika. Ik eta beste askok, aoan Euskalerria, Euskalerria; biotzean norbera, norbera! Ta norbera esatean, dirua esaten diat iri. Ezagutze aut: gaztelar ta prantzezak beratzeko gaizki esaten dek, baño aien diruagatik eure sorterria salduko eukalata nago. —Aita! —Bai. Ta i bezelako euskaldunak badira makiña bat. —Ezbeza orrelakorik esan, Aita. —Ez adi orrelakoa izan, seme. Ana Josepak ostera, betondoa zimurtuta, betiko aserre itxuran: —Mutil, gauza batekin natxiok arrituta. Zer ekarri dek or, ezpain gañean? —Orixen da galdera. Bibotea. —Bibotea? Kendu izak bizar oiek ainbat lasterren, gurean eztek orrelako zikinkeririk beñere izan ta. —Bai zera kendu! (Beatzez igortziaz). Ondo egoki dauzkat. —Egoki? Zertarako egoki? Sudurreko urentzat malatua egiteko? Kendu bearko dituk laster, edo ta bestela... Semeak etzituan kendu, baño Ana Josepak egin zion egitekoa. Juan Andres lotan zegoan txolartean, guraiza zorrotzez, trist, trast, moztu zizkion goi-ezpañeko bizarrak. Ze demontre! Fuera bizarrez! Zabaletan etzan bear biboterik. Gertaera parregarria zan ura, ta parre andiak egin zizkioten orduan lagunak gure mutillari, baño berak etzuan batere parrerik egin. Zapuztuta, minberatuta, muturtuta, igaro zituan egun batzuek etxean; baño laster, amak egin zionagatik, edo aitak esan ziona egia zalako, edo eztakit zergatik, benik bein aspertu zan Oñati aldean, gogait eragin zion bere baserrriak, eta gurasoen damuzko itz ta egiazko maitetasunaren eskariak entzun nai ezik, artu zuan berriro erdalerrirako bidea. Gertatua da. Etzuan orratik beste zartara bat eramangabe Gipuzkoako lurra utzi. Zumarragara ia eldu zanean, zaldizko batek, Patxiko sendatzalleak, soro tartetik: —Jeup! deitu zion. —Ola, Don Prantzisko! —Astia detanean, prantzez mintzatu bear diagu. —Ezta ba onezkero errez izango. —Zer ba? —Kanpora nua. —Nora? —Trosuetara. —Ez altziok atxurrik Zabaletan? Baño beste leku batean dauzkat nik nere lanak. —Papa moskas il aldek? —Beti unore onian berori. —Ez, alajaña. Ziñez galdetu diat. Papa Moskas il badek eskatu zak arren tokia iretzat. Berebizikoa aiz. Ez aserratu egia esan diatalako. Agur, astokillo, ikusi arte. Bidaztiak etzuan ezer erantzun. Kopeta goibeldurik eta ezpañak dardar zituala, lepoa eman zion sendakiñari. —Petral, zikin, urde arraioa! Mooño! ... —esan zuan bere artean. Ta Patxikok, zaldia zigorrez joaz: —Je, je! Igesi dijoan zakurrari buztanean su eman diot. Andik aurrera Juan Andresen albiste gutxi izaten zuten Zabaletakoak. Orratik ere, noiz edo noiz etorri oi zan eskutitz bat edo beste, etxekoak egindakoenaren erantzueran, gaur Billadiegotik, biar Palenziatik, orain Medinatik, gero Zamoratik, bein Orensetik eta Braganzatik urrengoan: baño beti elkor ta laburra, zeregin asko ta gogo gutxiko gizonak egin oiduten bezela. «Ondo nabil», «Astudillora goaz», «Katapaz jarri naiz». «Ogetamar gizonen burutzat nago», «Lau illabeteko lana daukagu emen», «Poliki irabazten degu», ta orrela urte askotan; arau batean ta murrizki. —Ez aldu ezer geiago ipintzen? —galdetu oizuan amak—. Noiz etorri bear duanik ere ez? Ainbeste illabetean zai egonda... Orixen bai dala itzak zenbatuta bialtzea, ontzurreak balira bezela. Gaitzerdi poliki irabazten badu. Ara, Joanes, poliki, baserritarren mintzoeran, asko esatea beste da, ta asko irabaziko du gure mutillak Ikusiko dezu, aberastuta etorriko zaigu semea. —Urruneko eltzea urrez, etxerat orduko lurrez. —Bai beste batena, baño Juan Andresena? Ez siñistu. Arrek eztu dirurik eralgiko, lengoa bada. Txanpon bat bakarra etziran eman errira etorri zanean ere! Non gordetzen ote ditu diruak? —Zure sakelean ez beintzat. Orregatik dio: etxera orduko lurrez. —Non leuzkake obeto? Ta badauzka nonbaiten, bai, nai ta nai ez iduki bear. —Zenbat daukan baño naiago nuke jakin nolako bizikera darabillen. —Zuzena izango alda mutilla, geurea data. Andia da orratik ezer ez geiago adieraztea! Bere gurasoak etzekiten, baño nik badakit nolako bizitza zeraman Gaztelerrian Zabaletako semeak: beste ango adiskidien bizitza berbera, zeken zikoitz diruzalien bizitza. Alderdi askotako gizonak zebiltzan alkarrekin; baño, zerbaiten agintea zutenak beintzat, berdin samarrak ziran, kristau otzak, asmo ta gogamen bakarrekoak: nondik eta nortara lortu zitezkean txanponak errezago ta oparoago Aien artean etzegoan ez Jaungoikoaren agindurik, ez otoitz, ez oitura onik, ez izkuntza garbirik. Iñork etzuan gurutze bat kopetan egiten edo Aita gure bat esaten, kristau oroipenik etzualako edo lagunen bildurrez; denak utzitzen zuten jai egunetako Meza, elizetatik urruti zeudelako edo alkarren lotsaz; denak egiten zuten lanik gogor ta neketsuena, igandietan ere, nagusiekikoa idukitzeagatik edo besteak baño gutxiago ez irabazteagatik. Denak esan ezkero esana dago, Juan Andresek ere bai. bizikera orrek, egia da, min ematen zion lenbizi biotzean ta osoro illuntzen zion anima; baño laster ito ta estaldu zituan biotzeko arrak eta animaren kezkak. Lagunak bezela ez izatea etzan itxurazkoa, bere ustez; iñork ez aña indar ta gaitasun iduki ta besteak baño geiago ez irabaztea etzegoan ongi. Parre ere egingo zioten. Parre! Naiago zukean ukabilkada bat artu, bere burua gizonen parregarritzat erabilli baño. Ez, jakin zezatela zenbaterañokoa zan menditarra. Izketan ta berriketan eramango zioten, baño ez lanean, ez orixe. Iritzi oker aien zirikadak lañotu zioten adimena Juan Andresi, gogortu zioten errai-barrua ezin geiagoan, ta aztu zitzaizkon euskal mendiak, euskal oiturak, aideak, gurasoak, sinisteak, oroipenak eta baita ere Jaungoiko Altsu Donearen aginduak. —«Ba! —jardun oizion bere buruari, zerbaitez gogoratzean— Zer dijoakit Euskalerrira biurtzeaz edo ez biurtzeaz? Utsa. Eztit ajola emen edo an bizi, euskeraz edo gaztelarrez itz egin, arto lizuna edo ogi legorra jan, baburrunez edo barbantzuz ase, ardo beltza edo sagardo gorria edan. Ardoa obea baño ezta indarra emateko... Zer ateratzen det otoitz egiñaz ta Mezatara joanaz? Ezer ez. Lan orduak eta txanponak galdu. Ezkaude gaur orretarako. Gero ere, zartzaroan, izango det bai astia naikoa Mezak entzuteko ta otoitzak egiteko. Irabazi, irabazi: ori da gizonak gazte dagoan bitartean egin bear duana. Ta ementxe, Gaztelerrian daukat irabazbidea, geroago ta ugariago, geroago ta areago, bada langilleai agintzea ta arretaz begiratzea da nere zeregiñik andiena Irabazbidea ta gizon andien adiskidetasuna gañera. Burni bideko nagusi ta agintariak beti zarabilzkit nere atzetik deiezka: "Juan, etzaite emendik aldendu, ta ikusi ezkerraldeko langille oiek zer egiten duten". "Juan, ia gurdi auek azkartxo biraltzen dituzun". "Juan, zeuk asi bearko dezu orko edo ango arrobia". "Juan, emengo lanak bukatzean, gurekin etorri bearko dezu onelako edo alako errira". Astokillo esan ziran neri Don Prantzisko sendatzailleak, baña ez nauka ni emen iñork astokillotzat. Bera da ura astokillo, berritsu, ergel, ziztriña. Irri egin bear iñori, urtean amar milla erreal doi doi irabazten dituan gizonak». Ezin ukatu genezake Juan Andresek arlo andiak zeuzkala zegoan tokian; berez ta jatorriz trebe, zintzo ta langille ona zalako, nagusiak ongi begiratzen ziotela, gogoz aitortzen degu; baño, balarrondora ta erdi lotsaz bada ere, beste ipuitxo bat agertu bearrean gaude. Bazebillen an norbait, burutik okozperako zapiduna, gona motz ori lodiz jazten zana, bularrean gurutzeturiko oial zirpiltzuz lotua, gerri zabal, mokor astun, ibilbaldarreko emakumea; bazebillen gau ta egun, goiz ta arratsalde, euskaldun gizasemeaz amesetan, morrosko sendoa non ikusiko, bere barruko itxaropen ta bildurrak mutillari nolatan esango. Dionisia Gomez Jundeiro zeritzaion, langillien arteko galizitar erari saltzallea zan, Antonio Gomez Moreno katapazaren alaba. Arretxek zekizkian ondo Juan Andresen albisteak, bera zan geienbat gure menditarrak Gaztelerrian egoteko zeukan zioa, bera Zabaletako gaztearen lika ta lakio, jabe ta etxekoandre. Bai, Zabaletakoak pozik emango zizkon begi biak Dionisiari, onek eskatu ezkero, bere biotza oso osorik emanda zeukan bezela. Alkarrekin ezkontzeko zeuden neska mutillak! A! Ta galizitar emakumea etzan ez eder, ez garbi, ez aberats. Naikeriak edertzen ditu gauza itxusiak. Gezurra dirudi, baño gezur irudiko egi asko gertatzen dira ezkontzako gauzetan. Irakurleak badaki. Noizbaiten bada ere, aditzen eman zion zer asmo zerabillen Juan Andresek aitari. Ai onen samiña orduan! Ai Ana Joseparen zotiñak! oroi zezala antxiñakoen esakera jakintsua: urrutira dijoana ezkontzera, edo da engañatua edo dijoa engañatzera. Alperrik... Esan zioten, Jaungoikoaren izenean! etor zedilla etxeruntz ainbat lasterren, bazirala Euskalerrian neskatxa onak, ezkonsaria ero ero emango ziotela. Alperrik... Esan zioten ezin zitezkela gurasoak urrutietara joan; etzan itxura, erbestean, edozeñekin! aide ta guraso gabe, sasiko baten irudian senartzea. Alperrik... Esan zioten negarrez zeudela aitamak, anaiak, illobatxoak. Alper alperrik: sua itzaltzeko, labe gori gartsuan isurtzea malko batzuek bezela. Juan Andres emaztegaiaz itxutua zegoan: Dionisiak, paparrean ezartzen zaigun musker baten antzera eutsi zion senargaiari, ta etzion utziko zazpi errietako kanpaiak jota ere. Euskaldun basetxetarra ezkondu zan Gaztelerrian ta gaztelarren taiuan. Zer egingo zaio! Bakoitza bere zoroak bizi du. Utzi daiogun pakean, ta goazen beste Zabaletakoak nola zebiltzan jakitera... ..................................................................... Iñazio Marik luzaroan jarraitu zion bere kolkorako seta gaiztoari. Egun batean galdu ta bestean irabazi, orain gañeko ta geroxeago galtzalle, Jose Domingorekin gora bera andiak erabillita, Abadiñotarra menderatu zuanetik aurrera, urtietan iduki zuan Euskalerriko aizkolarien nagusitza; baña nola betiko illargi beterik eztagoan, Beizamatar gazte indartsu batek azpiratu zuan bein, geiago ez nagusitzara jaikitzeko adu txarrean, ta beste batzuek baztertu zuten ostera azkenengo aizkolarien zingo ta mugetaraño. Ala ere, iñok ezin zuan bere jokoetatik atzeratu. Alde batetik, lenagoetan entzundako txalo soñuen oroimenak deitzen zion lagun artera; eta beste aldetik ondo zeritzon, nunbait, jokotik dirua errez irabazteari, erdi lanean edo alperreri osoan bizitzeari; bada, Gipuzkoako azoka ta dema geienetan, etxekoen ixillik edo denak zekitela, saltzalle asmoan edo erosle ustean, jokatu naian edo erakutsi bearrean, auzoko ariarekin edo etxeko ollarrarekin, bei zarra eramateagatik edo txal berria ekartzeagatik, aizkorak edo palankak autatzea zala, narrarria ikustea edo zuaitz neurketa zala, ta besterik ezean atxurrak eta laiak zorroztzeko garaia zala, aitzaki maitzaki, gezur ta abar, non da nere gogoa an da nere zankoa, Iñazio Mari azalduko zan azoka zelaian, arro arro, aterako zan dema zalien ondoan, gizonik oituena, aukerakoena, premiazkoena bezela. Ta jakiña; urte oietan Azkarragak etzuan batere aurrerapenik izan. Alogerekoen eskuetan dabillen lurrak irabazi gutxi ematen du, nagusia begira ezpadauka, ta beti zebillen alogerekoen eskuetan Azkarragako bazterra, nagusi zar indargeak ezin begiratu ziotelako ta nagusi gazte buru-ariñak jolas-demetan zaukalako ainbat zeregin. Ezagun zuan baserriak. Euri lanbro bat erori orduko, istilla zeriokeon alderdi guztietatik tanga tanga; tellatuaren ixurki bat abe ustelduen gañean larregi etzinda zeukan; etxe-arpegi zabala, aspaldietan zuritu etzalako, narras ta loia agiri zan; sukalde ta geletako ormak puskatuak zeuden, asabak tolestutako arrimuturrak kare urratuaren tartetik erakutsiaz; ganbarako aleak eta ukulluko eleak urtean baño urtean geiago urritu ziran, ta soroetan, soro-bidietan, zelaietan, munoetan, baserriko lur landuen ertz, egal ta inguru danetan gardo ta belar gaiztoak, iak eta txillarrak, sasiak eta elorrak, masustak eta baxakanak elemenian ugaldu. Ezagun zuan etxe artako nagusi gazteak ere. Etzan guk Mondragoiko enparantzan ezagutu genduan ura: argala ta larrakitua zegoan, ille banaka batzuek txuritu zitzaizkion, len baño soñeko maiztuagoak jazten zituan. Seme alaba bi zeuzkan, Paula ta Martin; au, illabete gutxi-geiago, Malentxoren idekoa; ura, urte ta erdi gazteagoa. Auetakoren bat eskutik zuala joaten zan noizean bein Zabaletara, Joanes etxean izan ezik. Etzuan nai bere burua aitaren aurrean agertu, onen jardunak min ta lotsa ematen ziotelako; baña artzai zarrarekin iñoiz arkitzen bazan, apalkiro entzun oizituan semeak gurasoaren patxadazko erakuste zuzen ta ongarriak Baita itza eman ere, benetan gero, etzala iñongo jokotan berriz sartuko, ta lanari eutsiaz biziko zala bere baserria jasotzen; baña urrengo beta zetorkionean agur agindu onak, agur asmo ederrak! beingoa ezer etzala ta, berriz ere berera ta lenera. Animaren etsaiak, bakoitzean bein baño eztu eskatzen. Arrek jakin bein askok egiten duala beti. Amaren esanakgatik, zorrotz ta garratzagoak izanta ere, etzuan ainbeste ajola izaten Iñazio Marik. —Ai, tankarra, tankar nagia —asten zitzaion ura— baator i orain ere zerbaiten billa. Ez altziok aposturik iñun? Ala jokorako dirurik ezaldaukak? Gurean etziok ba. Joanari Peru Odolkigana, arrek emango dik kauka. Amaika bidar jan dik ire umien ogia, eskallu, sakel, txotxolo, arloteak alakoak. Ire ondoren ikusten detanean, ara, barru guztia irakiten jartzen zait... Maxkar billatze aut. Gaixorik alago? Ez, ez uste izan; ire kupidarik eztaukat, ire ume ta emaztearen erruki nauk. Ezkenduan guk prenda txarra Azkarragara bialdu! —Ama, erre beit lukainka muturtxo bat, sermoia baño goxoagoa data. —Lotsagabe lotsagaldukoa, obeto egingo uke nere itzaldiak ondo entzun ta elizakoetara sarriago joango baintz. (Labana eskuetan zuala lukainka ebakiaz). Martintxorentzat erreko diat, ez iretzat... Paulatxo nola ekarri eztek? Amarekin gelditu alda? Ik añako ikasbideak emango dizka. Mikalla gaixoa! Esaiok asti aldi batean etorri dedilla onuntz, urdai zati bat eta lukainka batzuk eramatera... Bai aldezute baburrunik aurten? Ez ba, erein ezik... Asto, baldan, alper, ondatzalle... Buruan jotzeko gogoa ematen diak, orra. Jose Ramonen ziskotik atera oizuan Iñazio Marik diru apurren bat, estualdietan. —Ermano, bost duroko bat eman bear diak. —E? Bost durokoa? Zer dalata? —Gizarteko gauzak. Lengo igandean, Moxolo ta ni asi gaituk, zaragia esku bakarrez jaso baietz ta ezetz, ta galdu eginian. Ezertako ez nauk ia, Jose Ramon. —Baño zertan sartze aiz i orrelako istilluetan? —Egia diok, egi andia; ez nuke nik sartu bear, ta ez nauk geiago sartuko. Ondo garbatuta niok, ondotxo alare. Tira, emaidak oraingoagatik, gaur eramatekotan gelditu nintzan ta. Aurki biurtuko diat. —Bai, aizerik eztan urtean. —Biar edo etzi... —Edo etzidamu: Jaungoikoa zartu baño len. Joanesen mendekoak, bitartean, beren ardurazko bizitzari jarraitzen zioten ederki. Manueltxo etzan Manueltxo, Manuel baizik. Asko indartu zan, aukerazko baserri-mutil argi, bikain ta osasuntsua zegoan, ta soro-mendietako arloetan txit langille ta zentzunez betea zebillen. Ikasiak zeuzkan lurrean azia botatzeko aro ta giroak, bazekizkian artogariak biltzeko, baratz landareak aldatzeko ta sagar-udareak txertatzeko era ta garaiak; gutxik eramango zion atxurrean edo laietan; gutxik beiak ongi uztartzen, bide oker estu koskatsuetan gurdia zuzen eramaten, gaztañak jeisten, aritzak iñausitzen, edo Gogordo gañeko garo mardula ebakitzen: ta, Joanesen ondorengo bati zegokion bezela, beste edozeñen artean, millaka izanta ere, banan banan ta ziur ziur ezagutzen zituan etxe artaldeko ardi ta arkumeak edo norbere beortegian jaiotako zaldi-moxalak. Jose umezurtza, Iturraldetik ekarri izanarren, Zabaletako semetzat zeukaten mutil gaztea, goiztarra, ernai, biozbera ta eskerduna, beti zegoan parre antzean, agintzen zizkioten gauza danak egiteko gertu, naiz urian naiz etxean, nola soroan ala mendian, orobat egunaz ta berdin gabaz. Arrentzat etzegoan ez ordu txarrik, ez lan gogorrik, ez gauza astunik, ez akiakularik. Berak egiten zituan besteak nai ezta utzitako zeregiñak; bera zegoan neke gabea besteak nekatuta zeuden orduetan; bera jaikiko zan gaberdian, truxuaren zaparrada entzun ezkero, euri-osiñak arekatik zear bialtzera; bera joango zan sarri Aloñara, aitonaren ordez, pagadietako bide itzaletan gora, baso piztien bildurtzake, Jaungoikoaren bildur ta maitetasuna lagun zaramazkialako. Euskalerriko gaztientzat eredu andia zan Iturraldeko Jose. Pedro Anton ta Joanes, urtez bete beteak, zerbait erori ta ajeatuak zeuden, morroia nagusia baño indarge ta mekoago Ana Josepa egundañorik pixkorrena zebillen. Emakume zimelagorik! Egiaz: morroi zarra etzan gauza anditarako. Artoak zuritu, abarkak josi, artillezko sokak egin, belar pixkabat ekarri, arbastak kimatu, beiai jaten eman, esnea bitu, ta beste orrelako arazoren batzuk izaten ziran bereak; baño Joanesek etzien oraindik betiko egin zunai utzi. Gerriko min apur bat euki edo ez euki, etzuan gizonak lanetik aldendu bear. Alaz guziz ere, len baño maiztxoago ta apeta geiagoz etortzen zan Aloñatik etxera, ez bakartadeak izutzen zualako, baizik illobatxoa ikusteko pozak zekarrelako. Illobatxoa! Malentxo! Arretxek irabazi zuala bai galanki! Uraxen bai zegoala benetan maitagarria. Asi, zabaldu, bete, ta guritu zan, baño ez geiegi. Malentxok etzeukan geiegizko gauzarik, ez gorputzean, ez animan. Esakeran tolesgabea, ibilkeran adjutua, begirunean samurra; esnea bezin zuria, olioa bezin leuna, eztia bezin gozoa; garbia, txukuna liraña, burutsua, ona ta ederra beste on ta ederrik iñon bazan, aingeru bat zirudian ta aingerutzat zeukaten, etxekoak, ezagunak eta erritarrak. Gaitz bat zuan Malentxok, aldi batzuetako amonaren esanak siñistu nai badira: esku zabalegia izatea. Eltzekondoa bazan, esne beroa bazan, ogi puska edo geeli zatia, bere atorra edo amaren gonea, berealaxe jan edo jantzi eragingo zion Malenek atarira zetorren beartsuari. Zabaletakoak lortu alzuten guztia emango zukean, utzi ezkero. Neskatxa purtzil nabarmena! Bere buruari ezer opa ez, ta eskalientzat dana bear: San Blasetan piper-opilla ta Ostegun Donean garapaio ederra amandreak ekarri, ta Abe Mariaka zetorren landerrak iruntsi Malenen piper-opil ta garapaioa! Maitetasuna galtzeko ere bazan illobaren eskergabekeria. Ana Joseparen esanak eztira siñistu bear gai orretan, bada mingaña ta biotza etzebilzkon batera. Ez, etzitzaien Zabaletakoai Malentxoganako maitetasuna galtzen. Egunean baño egunean geiago maitatzen zuten; eroturik egoten ziran Katalin ta Jose Ramon alabatxoaren ganora ta maraztasuna ikustean, txoratzen aiton-amonak illobatxoaren mendu ta zerzeladak nai añan ezin jasoaz, ta amona bera izaten zan, beste eraldietako esateak aztuta, Malentxoren goramenik atsegiñenak antolatzen zituana. Garapaio. Amabitxik besoetakoai eman oidien arrautzaz apaindutako opilla. Baño, batez ere, Joanes ta Malentxo ziran alkar artuak eta bata bestearen maitale andiak. Malenek ertetzen zion aitonari larrañera, ura menditik zetorrenean; Malenek kentzen zizkion sorbaldetako zorro ta esne ontziak, Malenek abarka mantar legorrak atera, Malenek barruko jantzi zuri garbiak oe gañean ipiñi; Malenek, arto me zeetuz, esne zukurik gogozkoenak egosi; Malenek, artzaia Urbian zebillela soroetan egindako lanak esan ta uritik etxera ekarritako tresna, oial ta jakiak erakutsi. Joanes, lorea billatu duan erlea bezela, edo neguko eguzki epela artzen dagon aguratxoaren gisa gelditu oizan Malentxoren ondoan. —Jaungoikoak sortu zinduzan —esan oizion bakarrik idorotzean— Jaungoikoak sortu zinduzan nere azken egunak alaitzeko. Zuk aztu erazten dizkidatzu nere nekeak, nere samiñak, nere beaztunak. Zuk urtzen didazu nere animako izotza, zuk ematen didazu indar ta osasun berria, zuk gaztetzen nazu, enetxoa Zu bezelako illobak ames egin ditut nik nere ondorengotzat, Euskalerriaren onerako, Jaungoikoari eskeintzeko. __________ VII. LOREAK ETA ARANTZAK Bazan ba beste bat ere ondo biotzetik Malentxo maitatzen zuana. Etxeko umezurtz gaztea: Jose. Azal zuri, begi urdin, gorputz iaioko mutilla, alai ta askatua, aratz ta belatsa, jai egunetan, soñeko garbiak jantzita, eleizarako gertatzen zanean, ikustekoa egoten zan Jose. Neskatx batek baño geiagok egiten zion agur bizia, abegi esankorra, Oñatirako edo Arantzazurako bidean, ta bestek baño askozaz obea Azkarragako Paulatxok, mutillaren edertasunaz gañera bere mendu ta zerzeladak ondo zekizkialako. Baño Joseren begiak etziran iñongo neskatxetan beñere jarri: etxean zeukan nori begiratu, etxean zeukan Malentxo. Noiztikoa zan baña Malentxoganako maitetasuna? Betikoa: beti maitetu zuan Josek Malentxo, beti era berdiñean izan ezarren Malentxo aurra zanean, aurrari zurikeriak egiñaz edo ume koskor polit ura elizako aingerua erabiltzen dan begirunez, lepoan erabilliaz; zizkortu zanean, ikastetxera neskatoari lagunduaz ta ikaslerik gogozkoenari bezela Gurutze Santuaren eragin edo Aita gure ta beste arrenak esaten erakutsiaz; anditxo egin zanean, lenbiziko marrubiak, masustarik elduenak, sagarrarik zindoenak, gaztañerrerik bigunenak emanaz edo zelaietan jaiotako lorez egindako sortatxoak eskeñiaz. Malentxok oñez ikasi zuanetik aurrera, alkarren adiskide ta lagun ezagutu genduzan neskatilla ura, Manuel ta Jose. Mai baten jan zuten ainbeste urtean nabasi, etxeko guztien ondoan; sukalde baten egin zituzten goizeko ta gabeko eskari bero zintzoak Arantzazuko Amaren irudi aurrean; bata bestearekin jolastu ziran irurak, katakumien tajuko ume jolas garbi errugabekoetan; berreun ta geiago aldiz esan zizkioten Manuelek eta Josek Peru ta Mariaren ipuia, Amabi lapurrena, Tudelatik zetorren astoarena, Anbotoko Andrearena, Basojaunarena, gabeko amabietan lixiba jotzen zuten sorgiñena, ta beste onelako gezur-ele zar koipatsuak, elizan entzundako erakusgarri eder batzuekin nastean; anai-arreba maitale maitegarrien antzera bizi izandu ziran beti, egundaño apeta gaiztoaren kutsuak iñori ta iñola ikutu gabe, ta etzitzaien beñere otu bizitza guztian berdin jarraitu bear etzutenik; baño Malentxok andre itxurak artu zituanean, goizetik gabera, neskatoaganako atzeka ta lotsakor biurtu zan Jose. Zer zelata? Zer zuan mutillak? Ezta errez ondo esaten. Ikusi aldezute, nola, eguzkiak jotzen duan lurrari, batez ere lur on ta emankorra bada, ernetzen zaion ustekabero usai gozodun lili apaña? Orrela erne zitzaion Iturraldeko Joseri Malentxoganako jas, lera edo zaletasun berria. Begiratu aldezute iñoiz, nola, Jorrail aldean, legor itxurako Makilla landareari ertetzen dion murgil bigun berdeak, osto, lore ta garaua aurki emateko? Era berean erten zion Joseri kezka batek, ames orduetan poza ta esnatzean larritasuna ematen zion kezka eztiak. Somatu aldezute iñoiz, izateak bazterren batean ipiñi duan azitik, nola sortzen dan mamorro narrastia, laster mitxeleta egalari polita izateko? Bai, Joserentzat, Malentxoganako maitetasun berria, batzuetan, anima barruan erne ta narotutako lilia bezela zan, usai gozoz bakarrik kordea kentzen zion lilia bezela; mamorro bat zirudian bestietan, errai-alozen erdian atximur egiten zion mamorro isil gaiztoa; mitxeletaren itxurak artzen zituan noizean bein, bada irudimen aurrean zebilkion zilibokatzalle, adarrik adar edo itxaropenik itxaropen; biotzeko murgil samurra zan beti, osto, lore, garau mizkeak eman bear zituzkean kimua. Baño ai! etzituan emango. Ezin zitekean. Amesak ziran, Joseren ustez, bere gogamenak, ganoregabeko mutil ausarditsuaren ames txoroak. O zer zoriona ames aiek gertaera biurtu al izan ezkero! Nola biziko zan orduan Malentxorekin! Zein apalkiro itz egingo zion! Zein bigunkiro bizitzen lagundu, nolako pozak eman, nolatan maitetu! Lurreko zerua izango zukean Malentxorekin, Urbiako txabolan bizi bear izanta ere. Elikatuko ote zituan Josek, beretzat bakarrik, gogamen auek, biotzaren jakitzat, animaren jai orduetarako? O, ez! Indartu egingo zitzaizkon, ta naikoa indar zeukaten jaiota bereala ere. Lotsagarria zeritzon bera bezelako umezurtz lander batek etxejauntzako neskatx aberatsa nai izatea. Ta nolako neskatxa! Lurbiran emakumerik etzan bezelakoa, Egillearen Jauregiko donea zirudiana. «Eskergabea —deitzen zion bere barruak Joseri— Orrela ordaintzen dezu emen jandako ogia? Soñean dauzkazun prakak iñorenak dituzu, ta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nai zenduke? Morroi sartu ziñan, semetzat azi zaituzte, ta etxeko alaba bakarrarekin ames egiten ausartu zera? Noiztik ona senartzen dira jauregiko morroiak erregiñarekin, ipuietan ezpada? Dollorra zu! Eskergabea zu galanta!» «O, Iturraldeko umezurtza etzan eskergabea. Berak ausi, galdu ta soilduko zituan animaren liliak edo biotzaren kimuak; berak itoko zituan bidegabeko ames ta itxaropenak egiaren itxasoko ur garratzetan Ta ito ezin baziran, iges egingo zuan Zabaletatik edozein lekutara, gordeko zuan bere burua nunbaiten ta betiko». Josek, bere gogo ta amesak ezagutu ezkero, etzuan bururik jasotzen Malentxoren ondoan. Aisa igarri zuan neskatxak zer gertatzen zitzaion mutillari, ta onen aurrean osoro illundu zan. Aserretzake illundu, trumoi gabe goibeldu, maitero aldendu, bada-ezpadan urrutiratu. Obea zeritzon bakoitza bere aldetik ibiltzea. Jose, jangar, zurbil, ta indarge, lumea berritzen dagoan txori baten gisa, zearo mututurik zebillen. Egonaldi txikiak egiten zituan egunez etxean, ta gabaz, betiko lanak amaitu ondoren, goizago esnatu zalata, nekatua zegoalata, aguro jaikitzen zan sukaldetik lotara. Ezin eraman zuan Malentxoren illuntasuna, itzik ez egitea, igeska ibiltzea, berak, Josek, izurria balu bezela. Egun batean, Joanesi bidera ertenda: —Aitona —galdetu zion— bai aldaki Juan Andres zein erritan dagoan? —Ez, aspaldian eztegu eskutitzik izan. Zergatik galdetzen diak? —Eztakit ba. Neu ere beragana joateko edo... —Juan Andresengana joateko? Zentzun obekoa itzala uste nian, Jose. Naikua ogi ez aldaukak? —Orain artean naikua ta geiago izan det. —Bigunagoa billatu nai aleuke? —Eztet nik bigun ta gogozkoagorik idoroko. —A! Orduan... bai, diru billa joango aiz. Asko-naikoa izan i ere. —Gipuzkoa guztiko diruakgatik enitzake Oñatiraño jetxiko. —Ba, zer dekan etzekiat; baño, dana dala, eskergabea arkitze aut. —Eskergabea ni! —Andienetakoa, Jose, ta eznuan uste, eznuan esango. —Aitona, ni eznaiz eskergabea! Nere zañetako odol guztia eskatu bedit esker onaren agergarritzat eta dena emango diot, dena zor diot eta. —Mutil, ezin ulertu diat; len baño okerrago jartzen nauk. Zer darabilk iragoko il bi auetan? Esazak garbiro, biotza zabaldu zak. —Esatekoa balitz, edo esan albanuke... —Oraindaño ez aiz ba motela izan. Tira, asi ari. —Ara... zerbait zertzeko ustietan nagota... —Zerbait zertzeko ustietan? To, to, to! Andregeia nai al euke? Ta urrutikoa? Ire baldintasunak urrutietan obeto aldakizkite? —Nik eztakit zer nai detan ere. Orain artean Euskalerrian bizi ta iltzeko asmoan izandu naiz. —Ta orain ez? Mutil, ezkondu naia baño besterik ezpadek, etziok Gaztelerrira joan bearrik. Askotan gogoratu zait urtietan aurrera uala, ta Manuelek etxera emazteren bat dakarrenerako iretzat ere aukeratuta neukan norbait. —Eskerrik asko, aitona, milla ta milla esker; baña norberak autatzea ez alda obe? —Bai, beti obe, zentzunezko gaztien artean gurasoen baimenaz bada; baña nik eznian uste ik iñor begiz jota eukanik. Gañera, emaztegaia besteak aukeratu ta eskeintzea, ezta nai ta nai ez artzeko esatea: ongi badator artu egiten da, gogozkoa ezpada utzi Alegia, ezluteke danak orrela utziko gure Malentxo; eznioke neuk ere edozeñi emango. —Malentxo? —Malentxo. Tximista kiskalgarri bat aldemenean erori balitzaio bezela gelditu zan Jose, zuri zuri, konkortuta, Joanesen aitormena ezin siñisturik. —Zer esan du, aitona? —Gaizki aldeitzok? —Gaizki? Nola irudiko zaio gaizki gaixoari sendagaia? O, nere amesak egiak balirake! —Ori egin aldek ames? —Orixen berbera. —Banengoan ba, banengoan ba. Nola ulertu ez zu ta Malentxo? —Baño, aitona, Malentxok, zerbait igarri ditan ezkeroan, iges egiten du nigandik. —Ondo egiña: suaren ondotik ardagaia kendu egin bear da. —Eztu naiko nerekin zertu. —Ikusiko diagu. —Amonak ere ez. Diruduna banintz baña... Manuelek beste ezkonsari izango dek, etxekoa aiz ta. —Jaungoiko maite maitea! Au atsegiña ematen dit! Au astuntasuna kentzen zait! Neuk bakarrik dakit barruan nerabillen arantza samiña! —Arantzak eta naigabeak beti izango dituk, gizon guztiak ditugun antzera. Ara, Jose: nik eztiat nai etxean gaztien arteko kiñurik ta txutxu-putxurik. Orain dakitana ikasi detalako, gaurtik aurrera, uda onetan beintzat eta gero ere bai gauzak zuzendu arteraño, Aloñan bizi bearko dek geienbat. Eure gain gelditzen dituk artaldeak, larrabeiak, beortegiak, esparruak, eskortak eta saletxeak. Mendietako errege bezela biziko aiz. Bertara eramango diat bear dekan guztia, edo euk artuko dek Mezatara jaixte aizenean. —Edonun biziko naiz ongi, aitona; edonun izango naiz orain doatsu, bada nere barruan daramat alaitasunaren iturri gozoa. Zar-gazteak, nagusi-morroiak etxeratzean, Ana Josepak, mutillaren arpegiko gorritasuna ikusita: —Jesus! —esan zuan— Zer du mutil onek? Txarranpiñak erten bear diola esan leike. Eta Joanesek: —Erten dio. —Erten diola? —Bai, ta neu izan naiz sendatzalle. —A ze nolako Petrikillo! Jolaserako goguaren bizarra dakartzu zeuk. Zabaletan ezer geiago agertu gabe, urrengo goizean, bere poza ezin gorderik, joan zan mendira Jose, ta mendian egon zan, sei illabete ta geiagotan, Jaungoikoari eskerrak emanaz; Danielen lagunak bezela, Egilleak sortutako gauza guztiak bedeinkatuaz; Jakob artzaia bezela, bere lanarekin emaztegai maitea irabazten; Urbian ibilli zan ederki, epero ta peku gabe, akitika ta bertsolari, zoroko ta txit umeturik, arkumetxoakin jolasean; basauntz irudira lasterka, etorkizunari parrez begira, itxaropen gozoz janaritzen, zoriontasunez gañezka. Baño ala ere, iñoiz edo berriz, etxeaz oroitzean, bere kopeta leuna zimurtu oi zitzaion Joseri. Ara emen geientsu min ematen zion kezka: «Esan ote dio aitonak Malentxori nere amesa... ta berea, aitonarena? O zein maitagarria dan Zabaletako etxejauna! Illobatxoa arrek maitatzen duan bezela maitatu ta neri eman nai! Neri, umezurtz ezerezari! O Joanes mazala! Eriotzaraiño belaungorrien gañean ibillita ere etzaitut ordainduko. Jaungoikoak opa daizula nik opa dizutana. Zuk emango dirazu Zabaletako aberaska gozoa neretzat, neretzat bakarrik... Bai ote? Nola iruditu ote zaio amonari, Manueli, Malentxori? Gaizki? Jesus Maria ta Jose! ... Ta zergatik ez gaizki? Zer naiz ni? Tira, Jose, begirazak eure burua! i zer aiz? Joanesek etxetik jaurtigi ezkero, eskale bat. Beñipein lan billa joan bearko euke erririk erri, aterik ate. Erromaraño joango itzake, oñutsik eta eskale, Malentxoren diña izatearren! Aterik ate ibilli bearrak ez au i samintzen; neskatxa orren diña ez izateak samintze au. Ta ezin izan! Ezta berriz jaiota ere, ezta aberats izanta ere, ezta erregeren seme biurtuta ere. O Jaungoiko andia! Zergatik egin dezu Malentxo ainbeste doeren jabe?» «Baño zer dalata begiratu det alderdi txarretik nere etorkizuna? Joanes nere alde eztaukat? Ez aldezake aitonaren iritzia ontzat eman, langillea ta eskertsua naizelako, bestek ez bezela maitatzen detalako? A, nor legokean arren buruko gogamenak irakurtzen! Zai ote daukat Zabaletako atarian parre pixka baten bitartez baimena emateko? Geldirik ago, nere biotza! Ez adi lertu!» Orrezaz gañera, garai batzuetan, nekeari sendoro eutsi ta arriskuaren aurrean ausardiro jarki bear izaten zuan gure gazteak. Bai, ezta dana doe ta pake osoa izaten artzaiaren bizitzan. Artzaiak ordu onak eta ordu neketsuak oiditu, erazko egunak eta egun larriak, patxadazko egoerak eta ibil-bear estuak. Pozgarria da, egiaz, udako eguzkiaren jaikiera mendietako artzaiarentzat. Berak ikusten ditu lenbizi, bealdeak lañoz estalirik eta lotan dauden bitartean, eguzkiak edertzen dituan gallur ermoak, baso galantak, urjauste argitsuak eta intzez narotutako zelai ezeak; berak entzuten ditu beste iñork baño len , zugaztietako txori aldra iskanbillatsuen txiotxo txiotxi pipirrio alaiak; berak bakarrik esan dezake nolakoak diran garo, millu, menda, txulufrin, elorri, eriñotz ta beste baso belar lore landarien goizeko usai gozo bizigarriak; berak dauka noiznai, begi sudur belarrietan, gorputzeko zentzun ta animako almenetan, Izateak gizonari eman aldezakion gozamen guztia; berak, kristau ona bada, beste anaiak baño Jaunagandik urrerago bizi danari dagokion gisa, eskeintzen dio Egilleari arrenik errez, samur, apal ta egiazkoena. Manaz betea da, eguzkia goietan dabillen bitarte guztia, mendietako artzaierentzat. Bera da, artzaia da benetan bere buruaren jabe; uritar andikiak baño askozaz lasai ta askatuago dabil; opa dituan arauak jartzen dizka bere artaldeari; nai duan tokian billatzen du lorezko oia, nai duan lekuan belar bigunezko maia; deitzonean etzin deiteke ta gogoa datorkionean jaiki; kerizpean zabal zabal dagoala zaintzen ditu bere ondasunak; arrikada batez erakusten dio eleari legea; ta ameslaria bada amesetan, nagia bada erdi lotan, langillea bada, galtzerdiari ekiñaz, oso epero igarotzen zaizka berebiziko astiune luze luzeak. Eztauzkagu ere arlo astuntzat eguneroko esne jeisteak, noizean beingo gaztai egiteak, Orril edo Urriko ille-moztutzeak eta era orretako beste arazoen batzuek; egokia, aukerakoa, gogobetekoa dala esan geinke bazkatzallearen bizitza alderdi onetatik begiratzean; baño arreta gabeko orduren baten bere ardiak geiegi sakabanatu baldin badira, larrabei ta moxalak urrutietara iges egin badute, ekaitza indarrean ta egiñaletan gañera badatorkio edo abere basatiren bat usterik ezean agertzen bazaio, lanak eta nekeak izaten ditu bazkatzalleak, bei ardi moxalak saletxera ekartzen, kemena bear du, bakartadean, tantaiari erantsita edo arkaitz zuloan kuxkurtuta, erasoaren arpegi zematzallea begira, trumoi gogorraren burrunbadak entzuten, oñaztarraren suzko lerroak ikusten edo abere gaizto aragizaleari arpegi emanaz ermo egoteko. Bai, azkortasuna ta ausardia bear ditu artzaiak zaintzalle ona izango bada. Bear izan zituan Josek, batez ere orain azaltzera nuan gertaera jazotzean. Udazkena zan: illunabarra. Orduantxe ostendu zan eguzki gaixo indargea Udalaren atzetik, bere ondoren argi motel pitin bat utziaz Otz zegoan; lur dana goizetik artsalde-berandura eroritako euriz asea; toki lau guztia likitsez, lokatzaz ta osiñez loitua; errekastoak, oso puzturik, irakiten ta apartsu zijoazen ibarretara; ipar beltzak izugarrizko odei mataza lodiak zeramazkian egoaldera bultzaka; zuaitz ostoak, beren sorlekuetatik iges eginda, alkargana mordoskaturik zeuden txabol ondoan, sasi tartean, erreka inguroan; ta oraindik adarretan gelditu ziran banakak, ori, zimur ta ia igartuak, dardar zebiltzan eriotzaren bildurrez. Josek, ardiak goiztxoago ellorrera sartuta, txabol barruan apari izkibat egiteko asmoak zerabilzkian. Zakurtzarra, Txuri, aldamenean luze luze, aora begira zegokion, zerbait zai. Bat batera, zakurrak, itxumustuan jaiki ta ekin zion zelaian zear estu estu zaunkaka; ardiak, artega ta ikaraz, gorde zituzten beren buruak bata bestien ille tartean, ta entzun zan, urruti xamarrean, moxal nabarmenduen irrintzi larria. —Zer ote da emen? —gogoratuaz— Josek alderdi guztiera bota zituan begi biak. Arantzazuko Andre Maria! Sartaldeko egi gañean, txabolatik berreun kana bezela, zeru zurikatuaren aurrean garbiro, abere itzal bat agiri zan: otsoa! Aitaren egiten dan baño ariñago, legorpetik orbelak atera, egur pilla baten azpitik ipiñi, ote moltsoz su eman ta eskuratu zuan adaki bat, ingurokorik sendoena. Ordurako bazetorren zakurra, bazetorren, atzeraka ta alboraka, makur baño makurrago, ulua ta marrua, zemaika ta arnasestuka, ortzak eta agiñak erakutsiaz, amorruzko pitsa ta lerdea zeriola; baño basatarrarekin borrokarik asi naiezta. —To, txuri, nere albora! —deituaz— beragana erakarri nai zukean Josek, baño alperrik. Izugarria zan otsoa. Astiune txikian ikusiarren, ezurretarañoko ikara sartu zitzaion artzaiari. Suagandik ogei bat oin urre gelditu zan aberea, aurreko anka bat jasota zuala, ao gosea zabalik, lepoko illeak tente, odolezko begietatik txingar gorria boteaz ta gizonaren gañera erortzeko itxuretan. Inpernuko gaizkin madarikatua zirudian. Gure mutilla, Aitzgorriko Jesusi laguntasuna biotzez eskatuta, il edo bizi, arnaseak zirautzan artean, esetsaldirik arrigarriena jokatzeko gertatu zan; baño, edo suak edo gizasemearen jarkierak izutu zualako, edo beste alderdiren baten aragi biguna usai egin zualako, aldendu zan otsoa Iasterka bizian, ta otsoari jarraika artzaiaren zakurra, zaunka ta zaunka, basoetako oiarzunai jaiki eraziaz. —To, txuri, to; fiii, fiii —deadar ta txistu egiten zion berriz ere Josek. Eta ooo ooo... iii, iii— erantzuten zuten oiarzunak, artzaiari berari bildur berria emateko eran. Etzuan nai mutillak bere tokia utzi, badaezpada ere; etsaia bakarrik bazan edo ez etzekian, ta ellora zaintu bear zuan lenbizi. Moxalak gaizki ibilliko ziran, ori bai; baño ezin zitekean bazkatzallea toki guztietan batera egon. Egundañoko surik andienak berriro egiñaz, esna, susmotsu ta izerdi patsetan igaro zitzaizkion orduak, ordu minkaitzak, bakar bakarrik, gabaren zurrumurruak ernai entzunaz, illuntasunari zoli begira, zegoana ta etzegoana ikusiaz, arkaitzak otso iruditzen zitzaizkola, isatsak eta itsuskiak eztakit nungo pizti, garraren keriza ikaragarrizko mamu, gautxorien oiuak norbaiten inka, aizearen eretak ilzorikoen adia, orrien dardarra eriotzaren urrats, eta sapar sasien zabun bakoitzak animarañoko sarrakioa sartzen ziola. Ura egoera beltza! Etzeukan orduantxe nasaitasun ta atsegin andirik gure gazteak. Gaberditik laster, oinkada batzuek aditu zituan. O ez, etzan irudipena: zerbait zijoakion zuzen zuzen beraganuntz! Aiñaniño arraio pola! Otso aldraren bat? Pizkor jaiki zan mutilla, aurki artu zuan adakia eskuetan, azkar jarri zan edozertarako prest; baño ezer geiagorako astirik etzuan izan. Adakia jasotzerako, sartu zitzaizkion izter tartean abere zikin itxusi bi ta aien atzetik agertu zitzaion beste gauza beltz arrigarri bat... Txuri ta Bustamotx ziran abereak, anketatik belarrietaraño basaz beterik, eta Pillipe artzaia zan gauza beltza, txartes batean burutik bera estalia. —Jeup! —oles egin zuan Pillipek, txanoa garrondoruntz jetsiaz. —Orixen da bildurra eman diakana. —Neuk ere naikoa badakart. Otsorik ikusi aldek? —Illunabarrean. —Zenbat ituan? —Bat bakarra. —Bat? Gure sarobe ondotik Arteaga aldera joan dituk amar bai gutxienez. —Jesus Jaungoiko andia! Amar aña? —Bai, amar... edo asko beintzat, ardi, beor, moxal ta otso danak nastean, batabestearen atzetik leiaz, garo salletan aurrera itxuturik, otarietan barruna zarrapaztaka, traba ta esi guztiak ausi ta urratuaz, aballako arria baño zunburruntsuago, ego aizerik gogorrena baño zazpi milla bidar ariñago ta zakarrago. Eztute ondamena makala egin bear otsuok! —Agur orduan gure beortegiak. —Beortegiak, artaldeak eta artzaiak. —Artzaiak ere bai? —Baita; biar goizean lagunen ezur bitzea izango diagu. —Ezalda orrenbesteraño elduko. —Ikusiko dek, bizi baaiz. —Biziko algaituk. —Etzekiak, motell, etzekiat. Eta nola ausartu aiz onaño etortzen? —Izuak ekarri nau. Etsi det, gaur, nere txabolatik alarauak entzuten negoala; baño Txuri ta Bustamotx ate ondoan ikusi ditutanean, berakin batera ia mutillak! eragin diet ankari laguntasuna billa. Jas! Nik ekarri det abiadea! —Alarauak entzun dituk beraz? —Ta nolakoak! Aitzari ere mara mara negar eragitekoak. —Norenak ote ziran? —Nork daki? Adiskideren batenak edo... —Gure Aingeru Jaolak zaintu gaitzala! Orrelako autuetan joan zitzaizten orduak Jose ta Pilliperi goizalderarte, batak bestea dendatzen edo bildurtzen, beti ere suari egurrak geituaz, beti ere alderdi guztietara begira, beti ere alkarri ixo-ixoka, andik edo emendik zarataren bat ote zalakoan. Goizean jakin zuten ainbesteraño triskantzarik etzala igaro. Iru edo lau ardi galdu ziran; moxal bat billatu zan, errekartean, belaunburuak ausita; beor bat zelaian, mokor ondoan aragi tato batzuk gutxiago zituala, odolustuta, ia illean. Beor ta moxal errukarriak, galbidearen aurrean elkarturik, arpegiz arpegi lagun guztiak batera jarrita, etsaiari atzekoaldea erakutsiaz, gogor egin zioten noski ostikoka, bada atzetik zituzten beren zauriak, eta gañera, otso ta beor-oñatzez, pitsez, korotzez ta odolez naspillatutako lokatz-uztai zabala zegoan Arteagako bizkarrean. Uraxe zan nunbait gau artako guda-enparantza. Antxen izandu zan, jan bearrak eta bizinaiak ematen duan indar ta adorez abere basatiak egin zuten borroka errimea. Jan bearrak eta bizinaiak askotan darabilzki esetsaldietan abereak... eta gizonak. Eta noiznai oidira otsoak eta otsotarrak nagusi. Egun orretan, Urbiako artzai danak artalde ta beortegiak aurretik zituztela, beren etxe ta neguko ellorretara jetxi ziran. Gertatu zana gertatu ezkero, ezin zitezkean mendian egon. Etzan bada-ezpadakoa baserrietara eraman zuten poza. Bai ba: gizasemea edonun edozerk aspertzen du, luzaroko gauzetan badabil, ondo ibillita ere. Gizasemeak arpegi alaia jartzen dio gauza berriari edo aspaldikoari, ta baserrietan zeukaten gizon aiek aspaldietan iduki etzutena: baserrietan zeukaten, mendian baño ajola gutxiagoz, aterpe ona, jan beroa, jatordu jakiña, jantzi garbia, oe biguna, kezka gabeko lo gozoa A ze gaztañerre janak egin bear zituzten! A ze itzaspertuak! A ze nolako etziñaldiak! Jose, beste guztiak baño gogotsuago ta urduriago jetxi zan, janik eta lorik batere oroitu gabe. Bazeukan buruan aurreragoko gauzarik! Malentxo bakarrik zerabillen gogoan. Zer esan zeikeon Malentxori? Berak, Josek? Ezta itz bat bakarra ere: biotza ibilliko zitzaion izketan, osoro esankor; mingaña, lotsariak lotuko zion, ezer iñola asmatu eziñik utziko zion: bazekian. Aitzen emango alzion aitonak neskatxari mutillarekin izandako izketartea, ta etzan geiago bear. Baiezkoa ulertzeko, etzuan Josek irritxo baten argia baño besterik eskatzen. «Jaun zerutarra —otoitz egin zuan etxera urreratzean— irribarre bat neretzat Malentxoren ezpañetan!» Ai ene! Irri-abarrik etzuan billatu: Malentxo, lenbiziko ongietorriak esanta bereala, lenago baño arduratsuago asi zan Joseren igesi, lenago baño mukerrago ta gozakaitzago gelditu zan: Joseren maitetasunarentzat etzeukan erantzupenik. O! Iñork eztaki, igaro gabe, zenbaterañokoa dan atsegin garaian ta pozaren tokian arkitzen degun naigabea: eztago naigabe samiñagorik. Eta ori bera gertatu zitzaion artzai umezurtzari: zoriona itxaron ta atsekabea idoro, sair billa joan ta neke berriak arkitu, eztia ames egin ta mingoztasunean ito. Josek, zearo galdu zituan mendiko pakea ta patxada ona, ta sarri esan oizion buruari: gau txarra igaro uan azkenengoa Urbiako zelaian, baño ala ere, obeto uke otsoarekin borroka ibilli arkume maitearen destañetan bizi baño. Bai milla bidar. Ta zer egiten zuan aitonak bitartean? Aitona, mutillaren kupidan edo, ixill ixillik zebillen. Ezezkoa esango zion Malentxok eta... __________ VIII. GAZTEKERIAK Irakurleak ezagutuko ditu erri txikietako zalduntxoak. Gauza gutxi ezagungarriagorik. Zaldun oietako geienak zalditarako eztaukate; batzuek, ozta ozta irabazi dute baburrun saldaterako; baña danak dira zeregin gabeak, itxuretan beintzat. Jan-edanik iñun ezpada, jolasak norabaitera eraman ezpaditu, kafeteri edo ardangelaren baten egon oidira jai ta aste, ia egun osoan, nagi nagi, aulkietan erdi etzinda, ister bata bestearen gañean ipiñita, edo sorbaldaz ate-alboari eutsika, orkoagatik edo emengoagatik marmarrean, urliari edo sandiari atximurka, goiko ta bekoai erruki gabe larrua kentzen. Gazteak dira geienak, txitatxoak, gizakumeak, adimen laburrekoak; baña beren burua gizonik eldu ta andienarena baño obe ta argiagotzat daukate. Esana dago eztirala jakintsuak, bai zera! zerbait ikasiak geienez ere, azal azaletik liburutxo bat edo beste ikusi dutenak; edo erbestean denda morroi, pelotari, bizargin, perratzalle ta abar irabazbide errezen billa nolabait ibilliak; baña jakintsu guztien gañetikotzat daukate beren iritzia, ta berak astindu, orraztu ta erabaki oidituzte agintarien arauak eta jakintsuen auziak. Eztago gauza on bat, erri txikietan, zalduntxoen baimenik ezpadu. Arro aña lotsagabe, gauza okerrari txalo ta egintza onari parre, mendeko gaixoari ziri ta araugille zintzoai destaña, bertako lagunagatik ijiji ta aldemeneko ezagunagatik ajaja, eztiote ezeri ta iñori pakean utzitzen, ta ezta inguruetan zalduntxoen isekaz erre ta zauritu gabeko gizonik izaten. Nekazari ta langilleak baño obexeago jantzita oidabiltz mutillok, erdi-andiki antzean, ongi naiezean bezela, baldan itxura ikasian, zapata polit edo abarketa berri txuriak oñetan ta euskal txapel urdin biguna buruan dituztela. O burua! Amaika ikutu ta igurtzi egindako ames jauregia! Buruan dago gazte oien arretarik andiena. Illea koipe leunez betea, usai gozozko urez bustia, txito ajolaz tolestatua, erdi aldean lerro txuria duala ta kopeta gañean txaplatatxo bat, ikustekoa egoten da zalduntxoen burua ta alegiñak egin oidituzte beren goialde ariñ aizetsua erakusten. Izan ere, aukerakoa da gaurko euskaldunen txapela orretarako. Biguna, aldakor ta erabilkorra, nai dan itxurak artzen ditu ta era guztietara jantzi deike. Ta ala, batzuen buruan zozo-abia dirudi edo perretxikoa edo abatsa, ta bestienean mats-orria, koskordun tremesa edo talo zabala; auek garrondoan ipiñita darabilte, beste aiek ezkerreko edo eskubiko belarri gañean, orkoak inguru guztian zuloak eginda, ortzez jositako gurpil baten antzera; emengoak, emengoetan daude gure zaldunak, lerro txuria ta kopetako ille kizkurra agertzeagatik, aurreko ertza oso egoki jasota. Buruko apaindurian aisa ezagutu leiteke zenbat ames darabilten gizonak... eta emakumeak Neri askotan erakutsi dit nor zein dan txapelaren jazkerak eta illien orraztuerak. Baita parre algara gozoak eragin ere. Guazen arira. Esan degun erako mutillak errez ikasi oidute zeintzuk neskatxa diran aberatsak errian edo auzoan, ta neskatxa oien atzetik nabaitu geinkez txurikerian ta on irudian dabiltzala, beste badaezpadako neskatxen billa jarraitzeari utzi gabe. Orrelako mutil gazte asko zeuden Oñatin, ta beren artean zarkote, alper, jolasbillako ardozaleren batzuek. Moxoloren ardangelan bituta, amaiketakoa zala edo lauretakoa, ardao zarra edo txitxardin berria, biatzak eta ezpañak olioz bustita, nabarbenkeria baño nabarbenago, arrapatzen zuten jakia ioranez iruntsitzen, beltzetik edo zuritik zurrutean, edo ta bestela berritsukeriarik txoroenetan, sudur zuloetatik keia boteaz ta ate ondotik kalean zijoazen neskatxa guztiai txistadaka igarotzen zituzten egunaren orduak. An zeuden beti, Oñatiar zitzoak ziotenez, zorrari ortzak erakutsi, lotsari lepoa eman, oar onari gaizki erantzun, beartsuari or konpon egin, ta premia guztien aurrean neri zer dit? esanaz, beren buruari bakarrik begira, griña gaiztoak asetzen bizi nai zuten gizonak. An zegoan egunero, au neuk dakit ziur, Peru Odolki, txopin bat ardogatik edozertarako erne, ta baita ere guk antzina ezagutu genduan etxe artako semea, Moxolo gaztea, Manueltxoren lagun kaiskarra. Uf! Orain beste gauza bat zan. Ameriketan izana, Bilbon, Barzelonan ta Madrillen pelotari egona, goizetik gabera eztakit nola dirutua, papar zabalean urrezko katea zuala ta katean ontzurre borobilla, Moxolo Potolo, orrela deitzen zioten, askotan oizan beste jakintsu guztien nagusi, buru ta albistari. Zer esan zezakean baña mutillak? Gauza onik ez. Abanan edo Montebideon pelotariak bein egindako iruzur petrala, Madril edo Barzelonako bazterretan ikusitako zatarkeri lizuna, ur-ontzietako ugari jatea edo galanki edatea, iñoiz baten duruakin eztakit zeñi arrika eman ziotena, beste batean lagun guztiak txanpañez arpegia garbitu zutena, ta era orretako beste astakeri batzuek. Arranietan! Txanpaña edatiarren, belarri bat emango nikek —esan oizuan Odolik. Gizon aiek etzituan iñork errian maite, ardosaltzalleak izan ezik: beren gurasoak ez, zeukatena ta etzeukatena, sortua ta lortua, Moxolonean ondatzen ziotelako; errizaintzalleak ez, zalduntxuok gaberditik aurrera ere, deadarka ta iskanbillaka, etxeratu eziñik ibiltzen ziralako; elizgizonak ez, erakuste okerrak, animaren kaltean, nonai ta edonoiz zabaltzen zizkiotelako. Baño lotsagarria da azaldu bearra! Moxolonean zegoan, len esan degun bezela, irain, irri ta iseka guztien kabia, ta iseka irain irrien bildurrez, gizontxo aien mingañetan ez ibiltzeagatik, geiegizko begirunez begiratzen zioten erritar guztiak. Garbiroago: oñatiar zintzoen argaltasunak ematen zien indarra ta ollarkeria Moxolonekoai. Orratikan ere bereak eta bi entzun gabe etziran izaten ereti batzuetan. Patxiko sendakiña zan, Oñatira zijoan guztian, ederki asko kilimatzen zituana. Ezin zan erritik erten garrazkeri batzuk zalduntxoai bota gabe. —Mutillak! —jardun oizioten— au ustel usaia dago zuen artean! Zetan zaudete beti emen sartuta? Norbaiti azpiak jaten? Ixilleko gertaerak usaika? Loikeri danetan muturra jartzen? Txerriak bezela gizentzen? Egia alda txitxarien aldeko sosiedade bat asmatu dezutena? Ori ere bada ba lana, lurpeko arrak jaki geiago izan dezaten, zuen burua guritzen jardutea, beste egitekorik gabe... Ala bai aldezute beste arloren bat? Erriko gauzak zuzendu naian alzabiltzate? Etzeok toki txarrean zuzenbidea! A ze nolakoak zuek, salobre urdailtsuak, ziraun makurrak, dollor, galdu, naspillari arraioak; a ze nolakoak errien diru ta ondasunak zaintzeko ta ugaltzeko! Badakit nik zer ugalduko zenduteken zuek: zorra ta zimaurra. Ni alkate banintz, gurdi bati uztartuta erabilliko ziñuzket aida, añaniñuok! antxe, koipea kendu ta gerria bigundu arte. Ta ederra da ipuia. Patxikori onian artzen zizkaten ozpinkeri guztiak eta etzioten min emateko gauza bat egundaño esaten, arpegiz arpegi. Zanbroak sortzeraño zigortzen zituan, erruki gabe, ta oso leunki, izuturik bezela erantzuten zioten mutil pardelak Zalduntxoen artean, abere gaiztoen biguntzallea zirudian Patxiko sendakiñak. Iñoren ajol gabeko gizatxar trebe ta argiaren izena zeukan ta... O! Ezta gaizki, garaietan, ausarta izatea. Ardangela orren aurretik igaro bear izaten zuten Paulak eta Malentxok elizara zijoazenean, ta eztago zer esanik, barruan zeuden gizasemeak, zar ta gazte, danak ertetzen zirala neskatxa oiei begiratzera. Lengusu biak ziran ikusgarriak, baño batez ere Malentxo. Menditar gazte ura ederren erregiña zan Oñatin, berez, jaiotzaz, jazkeraren apainduri gabe; arren ondoan erritar neskatxarik aukeratuenak, urri, ziztrin ta itxusi agertzen ziran; ura zebillen tokian edertasunaren argia ta anima garbiaren usai gozoa bezela utzitzen zuan, onela esan badezaket. Orregatik gelditzen ziran ergelduta begiraleak, zer esan asmatu eziñik. Bazekiten, bai, Zabaletakoak ezkonsari ona idukiko zuana; baño, aitortu bear da, guztiak ezkoduko zitezkean pozik Malentxorekin, naiz ta onek txanpon bat izan ez. Zer bera baño ezkonsari oberik? Moxolo Potolo zegoan itxutuena ta Moxolo Potolo agertu oizan bero ta urdurien ardangelako atari ertzean, parrezka, kiñuka, gezur-eztulka Malentxok etzuan aintzakotzat artzen mutil arren ziñurik: aldemenetara begiratu gabe, benaz, itzal ta lerden jarraitu oizion bere bideari; baño ala ere, bein, norbaitek bidean gelditu zualako, ikusi zuan, zearka, Moxolo Potolo, ta parreak erten zion gure neskatxa ederrari. Izan ere parregarria zan Moxolo Potolo. Laburra, zabalotea, beso ta isterrez oso lodia, buru aundiduna, illetsua, ia begietaraño bizarrea jantzia, okotz biren jabea, beltzeran berde samarra... bere ortz ustelak erakutsiaz belarrondotik belarrondorañoko aoa irikitzen zuanean, izutu egiten zan edonor lenbizi, ta gero parreak berez ertetzen zuan ezpañetara. —Jesus! Orixe da mutilla! —esan zuan Malenek— Jaungoikoak parkatu daidalata, ankadun upela dirudi. —Upela gerri aldean, ta arpegian? Ikusi aldiozu arpegia, Malen? —Ondo ez. —Ba ikusi daikeozu urrengo baten. Ara, bart euki nuan pronostikoa eskuetan, ta antxen dagon illargia bezelakoa da. —Zuk esango dituzunak. —Egi egia. Arto zati batez obea egin leiteke. —Zagoz ixillik, neska. Ordutik aurrera askotan parre egin zuan Malenek illargi betearen arpegia gogoratuta. Paula, Malentxo aña ezarren, oso zan emakume itxurazkoa ta maitagarria. Andi ta guri samarra, yaioa, otzana, langillea ta begiratua, amaikak artuko zukean pozik emaztetzat, berak nai izan ezkero. Baño etzuan nai, ikusten zanez; etzion beintzat iñori jaramonik egiten. Bai, naigaberen bat bazeukan Paulak ondo gordeta; arren begi gozoetan beti agiri zan illuntasun bat, zerbaiten errañua, arimako beaztunaren albistea. Zer ote zuan? Ura ta Jose, ara beste goibela, jai arratsaldietan, amonaren etxean arkitzen ziranean, beti zeukan mutillak, ain zuzen ta ixilla izanda ere, ardangelakoakgatik zerbait esan bearra, ta beti entzuten zion Paulatxok gogoz ta arretaz. —Zer mezatan izan zerate gaur? —Zortziretakoan. —An egongo ziran, Moxolonean, Oñatiko alper guztiak. —Eztakit ziur, baietz uste det. —Bai, egongo ziran. Zuk ezpadakizu, besteren batek jakingo du. —Zeñek? Malenek? —Bai. —Malenek eztu ardangelara begiratu andirik egiten. —Begiratu gabe erakutsi leike barruko zera. —Nola baña? —Parre txoroak egiñaz. Badakit parrez joaten zeratela. —Bai, iñoiz bai. Zeñek egin ez parre Potolo ikustean? Gizon zatarragorik... —Eta aberatsagorik. Aberastasunak dana edertzen du, Paula. —Ez, ori ezta oso egia. Nai luke Potolok beste batzuen entzute ona, nai luke neuk dakitan baten arpegia. Ara, Jose, naiz ta diruz josita egon, Moxolo Potolo ezta egundaño zu aña izango. —Norbaitentzat ez, bear bada; baña... —Iñorentzat erez. Zu, gizona, espaz beterik zaude; baña Malenek eztauka Moxolatarrakin zer ikusirik. Paula, egizalea zan ta, egia esan oizuan miñez bada ere; baño gezurtatzera bezela etorri zitzaion Peru Odolki illuntze batean. Gazte biak ate aurreko larrañean zebiltzan, batera ta bestera, astiro astiro, ezetz ta baietz, lelo arduratsuagorik etzeukaten ta, aspaldietakoa berriro aztertzen, mutil zar txatxua jeupadaka agertu zitzaienean. —Kaixo Peru. Zer dakartzu olako orduetan gurera? —Zuentzat ezer ez. —Zeñentzat ba? —Beste neskatxa gazte polit batentzat. —Malenentzat? —Bai. —Zer bear diozu zeuk Maleni? —Nik edo beste batek. —Zeñek bada? —Orixen da jakin bearra. Etxean aldago? —Bai, amonarekin, janari pixka bat jartzen. —Esaiozue atera dedilla onaño. Baña, ixo, amonak eztezala ezer somatu, e? —Baño ezaldiguzu zer darabiltzun azalduko? —Ezin dezaket... Ara, ixil ixillik eukitzen badezute... Potolok biraldu nau txarteltxo batekin. Oso erotua dago mutilla Malentxo dala ta eztala; ia zer egiten duan eztaki gizagaixoak; ez omendu iñun orrelako neskatxarik ikusi egundaño; ez omen dio mutillak nai lukean bezela arpegirik ematen Malentxok; ez omen daki arrek, gañera, neskatxari nun ta nola itz egin leikion, ta (kolkotik txartel bat ateriaz) paper onetan jarri omen dizkio eztikeririk andienak. Bai, goxoak izango dira emen dauden itzak, baña goxoagoa izango da gaurko nere aparia. Zuek eztakizute, txanpañez gonbiratzen nau Moxolo Potolok! Ori dek gizon izatea, ori! Etziok probintzi guztian Potolo bezelako mutillik! Txanpana! Txanpanaren izenik entzun aldezute? Ez, e? Urrutietako edaria da ta. Edari txuria, edari garbia, edari fiña, andiki andikien edari garestia. Ba nik nai aña edango diat gaur. Aufa! Nik arrapatu bear diat mokolloa! Jose, Peru izketan aizan bitartean, zuritu, gorritu, otzitu, berotu, edertu ta itxusitu zan iru edo lau aldiz bai. —Tira —jarraitu zuan Odolkik— esaiozue Maleni ertetzeko. —Ez alda berdin txartela geuk eramatea? —galdetu zion Josek. —Ez, neskatxaren eskuetan bertan utzitzeko agindu dit. —Utziko diozu, gizona, utziko diozu; baña neuk ikusi nai nuke lenago, gañetik bada ere. Eman zadazu apur baten. —Ez, ez. —Baño zergatik ez? Zer galtzen dek nik estalkia begiratzeaz? —Eztetala nai, eztetala nai. Potolori itz eman diot Malentxok bestek eztuala ikusiko ta eztiola ikutuko. Onetan zebiltzala, erten zuan Malenek zurrumurrura, ta azkenengo itzak entzun zituanean: —Zeñentzat dezu txartela? —galdetu zion Odolkiri. —Zuretzat. —Bada neretzat izan ezkero, neuk bakarrik artu bear det. Aurreratu zan gure neskatxa ederra, kendu zion eskutitza mutilzarrari, ta geiagoko gabe, sartu zan sukaldera patxada osoan. Larrañekoak aoa bete ortzekin gelditu ziran, itz bat atera ezinda. __________ IX. ITXAROMENDI Jaungoikoak jarri zuan Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre samar, ta mendi orren gañean ipiñi zuten euskaldun siñistetsuak Antonio Donearen elizetxea, zorion guztien itxaropenerako. Mendi orretara joaten dira sarri Bizkaikoak, Arabarrak eta Gipuzkoa eder onetan jaioak; mendi orretara joaten dira, donerik errukior, miragillerik andien ta sendatzallerik onenaren jauregira bezela, uri andi gizaditsuetatik eta baserri txiki padutarretik, aberatsak eta txiroak, gizon zindoak eta osasungabeak, indarge jaiotakoak eta ezurren bat ausi dutenak; errenak eta itxuak, ankokerrak eta besomotxak, gorrak eta zauriz beteak, totelak eta zanpatuak; buruko txorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi, anditsudunak: etsita daudenak, bizi nai lutekenak, irabazbidea idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren bearrean arkitzen diran lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan bear duanaren aideak, ikastolatik etxeratutako mutillak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luteken neskatxak: itz gutxitan amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten arkitzen diran euskaldun guztiak, osasun billa, argi eske, laguntasuna itxaroaz, zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oidituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko makuloak, argizarizko anka ta besoak, zillarrezko biotzak, ille txirikordak, ontziak eta soñekoak, izenak eta kondairak, samin, aje ta neke askorekin batera. Beti dago norbait Urkiolan meza bat eskeintzen, argitxo bat ipintzen, bederatziurrena egiten; beti dijoa mendi artatik zeruraño euskaldun batzuen eskaria, Antonio Donearen bitartez. Baño batez ere Garagarrillaren amairuan izan oida billerarik ospatsuena. Egun artan Urkiolako mendiak erririk andienaren itxurak artzen ditu. Goizean goizetik azaltzen da eliza barrua argiz ta gizadiz betea, ta eliz-ataria liburu, bederatziurren, errosario, kutun, gurutze ta Antonio donearen irudi saltzallez ornitua; laster agertzen dira, mendi egian, maitxo banatan edanontzi garbiak eta mai azpian sulla-pedarrak dituztela, ur gozatuaren emale txukunak, eta beren aurrean, urez ezin ase diran mutiko ta emakumeren batzuk; zelaien erdian, egun baterako tajutu dituzten sukalde apalak, eltze, tupi, zartagi, plater, pitxar, antosin, kiatilluz inguraturik, eta suaren urrean, mendi-ostatuak, oialezko txosnak, ogi, ardo, aragi, bakallao, arrai, piper, egazti, arrautza ta gizon jatunez ugariegi bezela; txosna ostean, opil gozodun mendarotarra, bala-saskia lurrean zabalduta, erosle gozozaleak noiz agertuko zai patxadarik andienean ixil ixillik; zuaitz ondoan, era guztietara eskale arrotz zirpiltsuak, anka ta beso igarrak erakutsiaz, ingurukoen biotzak biguntzeagatik Santa Lucía le guarde! ta San Antonio le ampare! erdi negarrez oiuka: tokirik txokoenetan, atso zimurrak eta agure ad deadarrez, orratz, orrazi, aiubet, ispillu, labana , txilibitu, paper, luma, jostallu, eraztun, belarritakoak eskeñika. Edonun ta edonoiz ikusi litezke euskaluri danetako gizaseme ta andrazkoak, banaka, biñaka edo samaldaka, oni ta besteari, aurreko ta albokoari bultza egiñaz, gallurrean ta egalean, elizan ta zelaian bear aña leku idoro eziñik; or daude Durango, Elorrio ta Ermutar elizkoiak, an dabiltz Billarreal ta Otxandioko langille irmeak, arutzago Bilbotar apañak eta Bergara, Tolosa, Azpeiti-azkoitiar atsegiñak; emen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima ta Larrabetsuko nekazariak... Jaungoikoak daki zein ez ta nongoa ez, erritar, ezagun, adiskideak alkarri eutsika, kaixioka, galdezka ta agurka, egundañoko izots, zurrumurru lazka zaratarik bizienean. Ta batzuk elizatik erten orduko, beste batzuk sartzen dira gogozko arrenetara; egarbera zeudenak alde egiten, egarri daudenak inguratzen dituzte urzalien maiak; ase ta beteak txostenetatik ertetzean, salobre ta goseztoak jartzen dira aien tokietan; opil edo jostallu saltzalleak erosle bat aurretik kendu baño len, aurrean dituzte iru edo lau ikusle urduri; goiztarrak edo urrutikoak, gizadizko erreken antzera, etxeruntz dijoazenean, urrekoak edo berandutarrak badatoz mendira txindurriak txindurtegira bezela, oñez edo zalpurdietan, manaz edo neketsu, aberien indarrez edo norbere adorez, arpegia aizemalez egurastuaz edo aurren bat lepoan dutela izerdi patsetan; dana batera esateko, eguzkia jaikitzen danetik lotara dijoan arteraño alderdi guztietan ikusi ta entzun litezke, naspillaturik, nagusi jaunak, maizter txikiak, etxeko andreak, neska gazteak, mutil eroak, lurbarrukoak, itxasgizonak; usaibelarrak eta eliz-kandelak, krabelin sortak eta opil mordoak, eskeak eta eskeintzeak, algarak eta txilioak, otoitzak eta irrintziak, arrenak eta aurreskoak, tuntuna, panderoa, gitarra ta filarmonika. Bai, gitarra ere bai, filarmonika ere bai. Egun orretan eztira danak Urkiolara Doneagatik joaten: gazte asko jan edanaren usaiak eta jolasaren durundiak jasotzen ditu mendiraño, ta orrelakoak Donearen oroimenik eztaukate. Jaia da oientzat ere Garagarrillaren amairugarrena, baño urdall-jaia, jantzi berriak eta buru arroak erakusteko ereti ona, jaikika trisketan egiteko aroa, txorakeri, nasaikeri, astakerietan ibiltzeko egunik egokiena. Orrelakoentzat jotzen dituzte gitarra-filarmonikak, txorakerien laguntzarako, astakerien indargarritzat. Lenago esan ditugun gertaeretatik laster, Urkiolan dakusgu, Antonio Donearen egunean, gure antziñetako adiskide on batzuek: Joanes, Malentxo ta Jose. Eliz atarian daude: bata, txapelpean pipea piztu eziñik; bestea, anpolai zuri-gorria baño ezkoago, eliz-oiala tolestatzen; irugarrena, zurbil samarra, pardeltxo bat eskuetan duala, Malentxori maitero begira. Aurretiaz erakutsi zuan Joanesek, etxean, Urkiolarako gogoa, onenean Jaungoikoak gerriko miña Donearen bitartez kenduko ziolata; aurretiaz aukeratu zituan juan etorri orretarako lagunak: Malen, etxetik iñora beñere ertetzen etzualako; Jose, mutil gizagaixoari atsegin eman nai ziolako. Goizaldeko ordubietan erten dute Zabaletatik, eta lasterbidean zear etorri dira, oñez, jakiña ba, Meza nagusitarako. Eztaude ain nekatuak: elizkizunak amaitu ondorean, aitonak pipa piztu ta gero, jo batera ta jo bestera dabiltz bazterrik bazter, aldrarik aldra, txosnarik txosna, gauza guztiai begira, nun jarriko, zer jango, zer erosiko. Gizon koixkor bizartsu bat ikustren dute mai baten gañean garraxika. Zolia du mingaña, azkarrak dauzka beso ta biatzak. Bai arranietan! Berebiziko itz iturri naro ausarta dario etengabe, paper batzuek egan botatzen ditu ta eskura joaten zaizka berriro, mutiko bati txanponak ateratzen dizka musutik, belarrietatik, nai duan lekutik, edozeñen gogarteak asmatuko omen lituzke. Pamerialen adiskidea zan iñolaz ere! Baserritar kaiku pilla andia dago gizontxoari begira. Aoa zabalik daude geienak. Onik onenean, jolasari utzita. —«Ni naiz, —esaten du erderaz— ni naiz Rosinak sendatzalle izendatua. Lagun urkoari on egiteagatik lurbira guztiko erri ta itxasoak igaro ditut, liburu guztiak aztertu ditut, jakintsu guztiekin itz egin det, sendagarri guztien indarra neurtzen gau ta egun ibilli naiz eta min oiñaze danak osatzeko gauza bat asmatu det. Zer da bera? Ara, jaunak, emen daukazute; artzaren koipea da, leoien koipez nastua. Koipe onezaz igortxitxo bat min dan tokian eman ezkero, min guztiak beti betiko joaten dira. Eztago gaurtik aurrera ez buruko miñik, ez gerriko miñik, ez beso, iztar, belaunetako miñik geiago. Nik sendatu ditut Paris, Londres, Berlin ta Bienan eri zeuden gizadiak. Ta zenbatean da koipe ori? esango dezute. Zer diru bear da koipe ori erosteko? Utsa, baterez, txanpon erdoitu batzuek, peseta bat, orra. Peseta batean ematen det lagun urkoai on egiteagatik. Oso gutxi dauzkat. Biar, gero, emendik ordu batera eskean bazatozte, eznauzute ni billatuko. Ni banua, laster nua emendik, eta eznator ni onuntz geiago. Nork eskatzen du beste bat?» Eta baserritar geldotzarrak, eskuak luzatuta, beren biatzetan makur txuriak erakusten dizkiote itzontziari. Baziran orratik onela itz egiten zutenak: —Zertarako du baña dirua, musutik ateratzen badaki? —Dirua musutik atera ta alkondara zikiña jantzi? Amari esaiok. —Gizon prestua izateko ipurdia lurretik urrean zeukak orrek. —Aitona —galdetu zion Josek Joanesi— ez aldu orrelako koiperik erosi bear? —Nik? Zertarako? Jaungoikoak nai badu, sendatuko naiz; Arrek nai ezpadu, gizontxoaren koipea gora bera, eznaiz sendatuko. Egin det nere eskabidea, Antonio Donearen bitartez. Gure ezagunok, koipedunagandik laster, nunbaiteko bibolin jotzalle itxua idorotzen dute. Lagun argia dauka itxuak aldemenean, mutil sostor bat, eta lagun orrek eun-oiala darabil makilla batean jasota, itxuragabe ta zirriborroan egindako gizirudiz betea. Horroroso crimen! jartzen du oialean, ta noiz itxua, noiz mutil sostorra onela mintzatzen dira: «Txanponean sartzen degu Toledoko urian gertatu dan oben likitsaren albistea Paper onetan adierazten da nola Eujenio Barelak bere amagiarrebari arrigarrizko eriotza eman zion, emaztearen amak alperra deitu ziolata beste gabe. Amazazpi aldiz sartu zion labana zorrotza lepo, bular ta erraietatik zear ta, odola ixurtzez nekatu zanean, gibela ta giltzurriñak jan zizkon, sutan erreta. Oialaren alderdi batean daukazute gizon erallea emakume kupidagarriari eriotza ematen eta bestean urkamendira igotzen, bere ornia nai ta naiez artzera. Nork eskatzen du beste papertxo bat?» Eta oiturazko eresaldi bat egin ondorean: «Baita ere badakarzkit Kandelasen lapurreta burutsuak eta Jose Maria ta Diego Korrientesen egitada okerrak. Baita ere badauzkat Santa Jenobebaren bizitza, Bertoldo ta Bertoldinoren liburua, Santa Ritaren bederatziurrena, Santa Klara, Santa Katalina, San Jose, San Pranzizko, San Antoniorenak, Begoña, Iziar, Aranzazu ta Karmengo Amarenak. Nork nai du beste bat?» Eta baserritar zentzugabeak, erallearen irudiari begira begira egonda gero, Toledoko gaiztakeria goiz artan igaroa balitz bezela, Elorrion gertatua balitz bezela entzuten egonda gero, obendunaren berriak zekarzkian papera eskatzen zioten itxuari, eztakit zertarako. Itxua baño oinkada batzuk aurrerago, eztarri garbiko euskaldun alai bat arkitzen da oiulari: Bertso berriak —ots egiten du noizean bein— Senpelarrek jarriak! Eztauka biboliñik; eztarria du bibolin-gitarra jardunaren jardunez, ekiñaren ekiñez saltzen ditu bere paperak. —Bai aldaukazu Gernikako Arbola? —Gernikako Arbola Gernikan ziok, motel, ta astunegia dek nik onaño ekartzeko. —Ta San Iñazioren martxa? —Ez, maite; datorren illean kantatuko degu ederki, Loiolan. —Zuk eztakartzu ezer, gizona. —Nik eztakartala ezer? Senpelarren bertsoak, berri berriak, Prantziako pelotariai ateriak. Amalau españoletan Mateo prantzeza a Partidu onetantxe Izanda trabesa a. Lau lautara Ziran asi Altzuenak irabasi... Bertsodunaren urre samar neska-mutil buru ariñak alkarren aurrean dabiltz, triskatzen, antxume zoroen antzera, akitika, bira biraka, irrintzika. Zabaletakoak aiei begiratzeko astirik eztute artzen. Txosna baten alboan gizapilla iskanbillatsuak ibilpidea galerazitzen diote. Zer ote da? Borrokaren bat? Ezta borroka, ezta aserrea: jan baietz ta ezezko auzia darabilte kankallu bik. —Arkume osoa. —Bai. —Lau librako ogia gañera. —Bai. —Bi pitxar ardorekin. —Irurekin naiago. —Bueno, irurekin. —Amar duro, ezetz. —Amar, baietz. —Jango dik. —Eztik. —Bai, jango dik, idiak baño urdall obea zeukak eta. Gure oñatiarrak, era oietako ikuskizunez aspertuta, gizartetik alde batera eginda, ezarri dira nonbaiten; zerbait jatera dijoaz. Artzai zarrak arrautzopil puska bat beatzetan duala: —Samingarri da! —esaten du—. Amaika bidar egin det Zabaletatik onaño dagoan ostera! Amaika bidar jan det emen, gozoro, nere baserrian erretako taloa, ta orain arrautzopilla ta ogi zuria ezin irentsi! Dana dago latza, dana badaezpadakoa: janaria, gizonak eta lurra bera. Bai, lurra ere bai. Zenbat aldiz ikusi ditut emendik agiri diran gure mendiak! Ederragoak ziran len, milla bidar ederragoak. Ezta irudipena: azpietatik zulatu dituzte alderdi batetik besteraño; beren egaletatik tontorretara bide zabalak egin dituzte; beren arrizko ta burnizko erraiak eguzkitara ateratzen aidira, ta gure umeak mendi zuloetatik zear dijoazkigu, eztakit nora, bide zabaletatik datorzkigu eztakit nongoak geure gallurretaraño. Benetan, lur guztia egin du Jaungoikoak bere semientzat eta denok gera bere semeak, denok: gureak ere badabiltz nonbaiten ta betoz Euskalerrira etorri nai duten arrotzak, betoz zorionean; baño eztezatela gaiztakeririk onuntz ekarri. Len ere naiko gaizto gera gu, on itxuretan. —Aitona, ez bedi orrela betillundu. Jan beza. Baiño aitonak eztu ia ezer jaten. Malenek urdaiazpiko zatia ipintzen dio ogi gañean, baño Joanesek eskura zer eman dioten eztaki. Gogamen astunak dauzka iñolaz ere. —Eztet ondo itz egin —jarraitzen du. Gizonak berarekin eraman oiditu bere oiturak, onak edo txarrak. Geugan dago iñoren oitura txarrik ez ikastea; bai, geugan. Gugana datorren ikazkiñak ezkaitu beltzituko, geuk nai ezpadegu... Badantzuzute auspo soñularia, filarmonika? Nik eztakit Euskalerrira zeñek ekarri duan, baño badakit zeintzuk jotzen dute: euskaldunak, menditarrak... Bazkaritxo amaitu da. Malenek eskale bati ematen dizka enparatuak. Josek biotzaren jakia nai luke: maitetasuna. Joanes urrutira begira dago, gaztetako egunetara. Aguratxo bat jarri zaiote aurrean begira, makil buruan esku biak eta eskuen gañean okotza ipiñita. —Adiskidea —galdetzen du— barkazioz, oñatiarra altzera? —Bai. —Zabaletakoa? —Bai. —Joanes? —Bai. —Antzeman dizut orratik. —Eznaiz ba zuzaz oroitzen. —Orain dala ogetamar urte alkarrekin jan genduan arako zoko artan. —Izan leiteke. —Ala da. Bergarako azokan esne-bei eder bat saldu ziazun, ederra alare, ta bei diruak artzera etorri ziñan. —A, bai! Aingeru jaola! Austin zera zu, elgetarra! —Elgetan jaioa, iragoko larogei urte auetan Arriolan bizi naizena. —Aspaldiko Austin! Urteak dira ba alkar ikusi eztegula. —Esan det: ogetamar. —Ez algera geiago iñun ikusi? —Nik etzaitut geroztik begiz jo. Lenago bai, lenago sarritxo ikusi oigiñan, bata besteaz artu-eman asko erabilli oigenduan, alkarri ondo lagundu oigiñon. —Bai orixe, bai anbat; zuk eta nik, Azurtzako Militonek eta Irigoiengo Kaisparrek alkar billatzen bagenkian. Zer egin zuten adiskide aiek? —Il ziran. —Il ziran? —Bai, antziñatxo. Baita Zezeagako Turubio ta Eguzkitzako Txomin ere. —Gizon zintzoak, gizon maitegarriak. —Gaurko egunean gutxi bezelakoak, Joanes. —Gaurkoak ere gure ondorengoak dira, Austin. —Bai, baño gugandik etenak. Zuaitzetik ebakitako adarrak dirudite, adar igarrak. Galeran dijoaz euskaldunak eta Urkiola bera galeran dijoala deritzot. Goizean etorri naiz, Aramaion ezkonduta bizi dan seme batek ekarri nau, ta bereala gogait egin det emengo alderdiak ikusten. Eztago emen adiskide on bat. Ezagun batzuek ikusi ditut, baño ezpañetatik ezpañetarako izketarte otza izan degu alkarrentzat: biotzetik biotzera itz egiteko, egiazko adiskidea bear da, antziñetako lagun zarra Nere aita zanak esan oizuan: urdaia ta ardoa urtekoa; adiskidea urtetakoa. Orregatik poz andi bat artu det zu ikustean. —Eskerrikasko. Zu ikusi baño lenxeago zerbait gogoratzen ainitzan, ta zure itzak nere ustien oiartzuna dirudi. Ala ere zalantza pixkaren bat badaukat. Gu zarrak gera, Austin; naigabetuak gaude, ta biotz naigabeak itz garratzegiak oiditu. Gure gazteriko egun alaiak joan zitzaizkigun, ta egun aientzat gordetzen degu oraindik animetako maitetasuna. Nork daki, bada, gure ustea zuzena ta ziurra dan ala ez? —Neuk dakit, zeuk jakin bear zenduke. Oraingo Urkiola ta gure gaztetakoa eztira berdiñak, ta ordukoa obea zan. —Oraingo eguzkia ta nere umetakoa berdiñak dira, gaurko lorea ta ordukoa berdiñak, orduko ta oraingo arrautzak era berekoak; baño gaurko eguzkiak ezin poztu nau, gaurko liliari eztiot usairik artzen, arrautzopilla txarra dagola iruditu zait. Geu gaude gu alperrik galduak, Austin. —Joanes, edo eznaiz zure oiarzuna, edo ni txurikatzeagatik, zure iritziaren atalen bat barruan gordetzen dezu. Nik badakit gure zentzunak alperrik galduta daudela, baño ez gure animak Aitortzen det lengoak dirala eguzkia, loreak... eta arrautzak, baño ezin ukatuko dezu au eztala lengo Urkiola. Len euskal-usaia, garo usaia zegoan emen; gaur, mendiko egurats garbia oso kirastua dago. —Bai ote? —Makilla eskuetan daukatan bezela. —Zeñek kirastu du? —Zeñek? Gaitz da erantzuten... Uri andietako aizeak, baserritarren griñak, gizon batzuen siñiste otzak, askoren nasaikeriak; arrotzak eta euskaldunak, etsaiak eta geuk, danak et danok. Zu pekataria esaten badakit, baño Ni pekataria etzait aztu. —Ederki mintzatu zera, adiskidea. Jarri zaite nere ondoan gauza oiek obeto argitaratu ditzagun, pipakada bana erreaz. Zuek, gazteak, etzaudete ondo gure illetak entzuten; zoazte, bada, orrutz zerbat ikustera. —Ondo gaude, aitona. —Ez, zoazte; erosi itzatzue gozo batzuk etxerako. —Illobak aldituzu, Joanes? —Illobak. —Landare onak! Garo artean artu dezatela lurra, Aloñatik urrean. —Amen. Adiskide zar biak beren erabakiak ematen dabiltzan bitartean, gure gazteok, gizartetik zear dijoaz alkarren lotsaz, batak besteari begiratu gabe, ezertan arretarik ipiñi ezinda. Zer egiten duan eztakiala, ainbeste opil erosi ditu Josek, kopeta illuna darabil Malenek, biotz gabeko neska mutillak dirudite biak, aserratuta daudela esan leiteke. Bat batera: —Jesus! —dio neskatxak—. Gauza lotsagarriagorik. —Zer da? —Osaba Iñazio Mari dantzaurrea egiten. Egia zan. Giza-uztai baten barruan, tanboliñaren aldemenean, Zabaletako aizkolari ospetsua, Azkarragako Paula ta Martiñen aita obeto esateko, birbiztuta, ardoak berotuta, esku baten txapela zuala, paparra agirian ta gerriko txistana atzeko aldean dindilizka, besoak zabalik zebillen goragoraka, alzituan gaitasunak erakusten, baño zabulunak neurtu eziñik eta oso parregarri. —Peru Odolki atzezko! —Sokan dauden guztiak dira oñatiarrak, Moxolo Potolota. —Jas! Ez lotsatzea osaba, orrelako gizonakin bere burua bat eginda! Aldendu gaitezen, geu iñork ikusi baño lenago. —Arritzen aiz. —Zergatik baña? —Moxolo emen eukita iges egiten dezulako. —Nik eztaukat Moxoloren bearrik. —Benetan? —Eznaiz gezur zalea. Goazen aitonagana. —Ez apur baten, Malentxo; ez, Jaungoikoaren izenean. Izketan asi geran ezkero, gauzatxo bat esan nai neukizu. —Zuk? —Bai. Aspaldian daukat nik zuri agertzeko uste bat, ames bat... —Zaude ixillik. —Ixilli, beti ixillik! Ito egin bear det beraz nere gogoa. —Badakit zer esan nai zendukean... Badakit maite nazuna, baño ez itxaron nigandik ezer. —A! Zure itzala izateko eznaiz duin! —Ezta orregatik! —Bai, biotzak adierazten zidan: utsa naiz, oinpean darabiltzun autsa bezela naiz, Zabaletako morroia! —Ezta ori. Zabaletan morroirik eztago. Zu ta ni anai-arrebak gera... Jakin zazu bein, zure barruko arra kentzeko. Iñorekin izatekotan, zurekin izango naiz; baño ez itxaron, Jose, ez alperrik itxaron. Billatu zazu beste bat, zure idekoa. Neskatxa on bat opa dizut, ni baño obea opa dizut. Eta orrela itz egitean, txit bigun begiratzen dio mutillari, errukizko begi ederrak erakusten dizka. —O Malentxo! —Ixo. Naikua esan dezu, geiegi erantzun det. Guazen azkar. ................................................................................... Aitona biak, oso samurturik, agur egin diote alkarri. —Agur Austin. —Agur, Joanes, lagun zarra. —Noiz arte? —Josapateko zelaira arte. Zabaletakoak ekin diote etxerako bideari, danak ixillik, barruko ames ta etsipenai begira danak. Urkiolako alaitasuna ezker eskui asi da zatitzen: algaraka dijoa, algaraka ta lekaio luzean egiñaz bide, baso ta ibarretan zear; urrutiko baserrietatik tuntun ots berria dator gure bidaztien belarrietara aizetxoaren egoetan. Ta ots bigun arrek gizonak poztu edo samintzeko eskubidea izan bear du; tuntun arrek, norbera ixillik dagoanean, bakoitzari barruko amesa zirikatzen dio, bakoitzari norberak nai duan bezela itz egiten daki. Ara Joseri zer esaten dion: «Iñorekin izatekotan zurekin izango da. Ta bat edo batekin izan bear. Au egun ederra!» Ara zer Maleni: «Agertu bear zitzaiona agertu zaio. Nere biotzetik astuntasun andia kendu det. Au pakea!» Ara zer Joanesi: «Zureak egin zuan. Au larria!» Aiton-illobak badabiltz Oñatiruntz, egun argitan dabiltz; baño anima, gerora begira, lañotan bezela daramate. Usteak uste dirala, nork daki etorkizunak zer gordetzen digun? ................................................................................... Biaramon goizean Peru Odolki, tronpolloz apaindua, ezkerreko begia estaldurik zuala, sendakiñaren galdezka zebillen Oñatin. —Zer dek, Peru? —esan zioten. —Atzo Urkiolan izan giñan da... —Moskorra galanta, e? —Iñoiz bestekoa ez ba. —Borroka egin aldek? —Ez, Moxolo Potolok jo ninduan. —Zer zalata? —Malentxo izan omen zan Urkiolan, ta nik esan bear omenion Moxolori. Nik zer dakit ba nor nun dabillen? —Orregatik aserratu alzan? —Aserratu? Gizon beroagorik eztet iñoiz ikusi. Pitsa zeriola, arao ta birao, ekin zion ukabilka, ta ni artzeko. —Beti bezela. Txanpaña ere artzen omen diozuta. —Bein bakarrik txanpaña, geiagotan ostikadea. —Ez astoakana joan, ta egin lana gogotik. —Lana, lana! Lan egitea ere naikoa astakeri da ba. __________ X. AULERIA Urkiolan ikusi genduanetik urrengo neguan guztiz aunatua idorotzen zan gure Joanes. Orduan bai zarra gizagaixoa, orduan bai aula! Burua, Abenduan Aralar gaña bezela zuri, zillarrezko ari albañu luzez jantzia ikusten zitzaion; kopet andi zabala, itxas ertzeko ondarraren antzera, lerroz ta zimurrez betea agiri zuan; besoak txito adoregabeak zeuzkan; ankak zerbait indarge ta sorrak; belarriak naikua gor ta motelak; soin guztia makilla baten gañean eroria zerabillen. Nekez ta laburrak ziran Joanesen oinkadak, gutxi entzuten zuan, ia etzuan ezer ikusten. Pipiak jotako abea zirudian, zedenak jandako zura. Bai, urtien pipiak eta lanaren zedenak jango eztuan gauzarik ezta jaio. Elurte baten galdu zan geiena. Azaroaren erdi aldera, uste baño lenago agertu zan negua, ta Zabaleta baserrikoak, done Zizilli goizean, Oñati alde guztia elurrez txotildurik arkitu zuten Lurrik etzan iñon agiri: bide lerroak, bete betean ostenduak zeuden; zelaiak, koska ta utsune gabe, aspaldikorik laban, guri ta bikañenak: soroak, naiz ta beren jantzi garbia txotx, printza, mallasto buruz or ta emen urratua iduki, gutxitan bezela lau ta txukunak; sasidi ta otariak, estalki lodi azpian zearo gordeak; urki, gorosti, txillar ta isatsak, geiegizko zamapean nai ta naiez auspezturik, eta pago, arte, aritz, gaztañak, zein baño zein naroago, adar bakoitzean, kima bakoitzean, elur zerrenda samur kizkurrez arro arro apainduak. Dana zegoan zuri, eder, leun ta limuri, bada eder ta leuntzallea da beti elurra: etxeaurreko osintxoa, soro-arteko luebakia ta errekastoen aria bakarrik ikusten ziran illun ta itxusi, iñoiz baño beltzago ta itxusiago. Ta elur erortzea etzan bukatu. Oinbete lodi bazegoan, ta mara mara zetorren zeru goibeletik bera, aldeka, okerka ta astiro, mitxeletazko euri bigun ikusgarriaren itxuretan. Aizan elurra galanki, gelditu gabe aizan, ta mendian zeuden oraindik ardiak eta moxalak, Joseren agindupean. —Ene badata! Zer egingo du orain gure Josek? Emen onenbesteko elurra danean, Urbian gerrirañokoa bada —zioten emakume izutuak. —Manuel, deituiok osabari: Jose Ramon, bituitzak lagun batzuk eta azkar danok Urbiara, azkar baña —agindu zuan Joanesek. —Zazpirak aldean erten zuten gizonak Urbiaruntz. Zabaletako nagusiak etxeko larrañetik ikusi zituan nola zijoazen errenkadan, bein bat aurretik eta gero bestea, besoen indarrez bideak idikiaz, ta nola ezkutatu ziran basoan gora, elur malotan barruna. —Gauza ez ni oien burutzat joateko —esan zuan. Ta Pedro Antonek: —Guk ere beste orrenbeste bagenkian egiten lenago. Gaur gaztien txandea da. —Jaungoikoak lagundu daiotela. Andreak arrenetan abiatu ziran, ta Joanesek etzekian zer esan, zer egin ta zer nori agindu. Luze joan zitzaizkon egunaren orduak Orain ukulluan sartu, orain sukaldean aurkeztu, beti ere Santa Maria ezpañetan zuala atarira erten, beti ere alde batetik edo bestetik zeru beltza ikusi, artega ta kuperea ibilli zan luzaro. Jo zuten amarrak, jo zuten amabiak, jo zuten ordubiak, eta etzan mendikoen berririk. Irurak aldean, artzai zarra, auzora balijoa bezela, atera zan mendiruntz iñori ezer esan gabe. Bai zori txarrean. Gogo aña kemen izan balu, laster elduko zan lagunakana: baño lengo kemenik etzuan errukarriak, eta elur marduletan drist eta draust, or txirrist eta emen larrapast, bisutsetan ia itxuturik, zurrunbilloan arnasarik artu ezinda, laster unatu zuan nekeak, bereala etsi zuan aitonak eta ezker-eskui, aurrera ta atzera begiratu larri bat egiñaz, bide bazterrean eseri zan eriotzearen zai... Lauterdietan idoro zuten menditik bera zetozenak, otzituta idoro zuten, gogortuta, itzik ere gabe, ta arratsalde artan etzan il Zabaletako jauna eskerrak bere semien igortziai, eskerrak oe bigunari, ur goriari, erari on irakiñari, etxeko guztien arreta zindoari. Baño berotasun andiak igaro zituan, gaixorik iduki zuten, ta oetik jaikita gero ere, alegin guztiak eginda ere, Joanes etzan geiago lengoa izan Ordutik auleria. Baño gorputza lotua ta abaildua gelditu bazitzaion, ez orratik bere anima: anima beñere baño argiago, biziago ta azkarragoa zeukan. Joanesen oroimenak iñoiz ez bezela gogoratzen zituan bere gaztetako urte alaiak, Joanesen adimenak egundaño ez bezela ezagutzen zituan Jaunaren betiko egi sakonak, Joanesen biotzak beñere baño samurrago ta zintzoago maitatzen zuan Jaungoiko Egille Altsua... Sutondoko zizaillu zarrean jarrita, arbasten gar biziari edo enporra miazkatzen zuan urrezko su-mingañari begira, bakarrik gelditzen zanean, o nolako samin gozoz oroitzen zitzaizkon bere bizitzako gertaera guztiak, ume koskorra izan zanetik agure mekoa zan arteraño! Lendabiziko giza-jantzia, lendabiziko errira jeistea, lendabiziko mendira igotzea, arako mutil-jolasak, urte askotako San Migelak, ezkontza aurreko egun eztiak, bere semien jaiotorduak, illobatxoen etorrera pozgarria... dena zirudian atzo goizekoa, dena zeukan bere ondoan, dena zekarkion irudimenak bertara, ekaitz aurreko egoaizeak urrutiko lur ta mendiak guganatzen dituan gisara Izan ere atzo ta gaur, uda ta negua, gaztetasuna ta zartzaroa eztaude alkarren urruti; gizonaren goiz ta illuntzea dirala esan geinke, txanpon baten arpegi biak bezela zerizkion Joanesi. O zein garbiro erakusten zion adimenak gizonaren ezereza Jaungoikoaren betikotasuna gogoratzean! Bera, Joanes, sortu baño len, askozaz lenago, Jaungoikoa bazan, eder, andi, altsu, zorioneko, gauza guztien egille ta zaintzalle; bera, Joanes, eriotzara urreratu zanean, Jaungoikoa lengo lengoa gelditzen zan, altsu, andi, eder, zorioneko. Ta era berean billatuko zuten Joanesen ondorengoak eta era berean utziko zuten, bada orrela zan ta izango zan, beti altsu, beti berdin; asierarik gabe asiera guztien iturri; azkenik etzeukala, azken guztien bukaera ta goen. Zein maitagarria azaltzen zitzaion Joanesen biotzari Jesus Jaungoikoaren irudia! Jesus gizonen Artzaia zan, ardi galduakgatik bizitza eman zuan Artzai Ona ta Zabaletako etxejaunaren adiskide andia. Sarri egon zan au, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Gurutzean josiari eskariak egiñaz; sarritan agertu zizkion, paduko bakartadean, animaren naigabe ta ipui ezkutuak; etzan egundaño adiskide bien maitetasuna urratu, etzan beñere Jesusen irudia Joanesen biotzetik aldendu, ta askotan, txist askotan esan zion mendian, zelaian, elizan ta etxean: «Urbiako artzaien Artzaia, gorde gaitzazu; zaintzu zadazu nere etxea, zaindu zazu, arren, gure Euskalerria». Adiskide andi ura ainbat lasterren arpegiz arpegi ikusteko leia erne zitzaion, ta orretarako gertatua zegoan, oso gertatua. Orratik ere gauza bat nai zukean lenago, Jaunaren oldea bazan: bere seme ta illoba guztiakin Gabonak igarotzea. Azkarragakoak nola zeuden bazekian: ondatuta. Iñazio Mari etzan ezeren jabe, ta bere mutilla, Martin, Somorrostrora biraldu zuan zerbait irabaztera: Somorrostrora mutilla ta bazterrak erabiltzeko naikoa indarrik ez etxean! Gaztelerrikoen albisteak ere bazituan, albiste onak. Aberastuta bizi omen ziran, seme bat zuten, azi samarra, argia, pizkorra, sendakintzarako ikasten aizana. Oso jakintsua, gurasoak ziotenez. Baño Zabaletako aiton-amandreak etzuten oraindik illoba ura ezagutu, etzuten oraindik ezagutu erraña ere, ta orretarako gogo andia zeukaten Batez ere illobatxoa ikusteko, berari laztan gozo batzuk emateko, ta bere jakiturizko itzak entzunaz aspertu artean egoteko. —Ara —esan oizion Ana Josepak senarrari— zeure illobak sendatuko zaitualata nago. Emengo sendakin guztiak baño geiago jakingo du, ta gañera iñork eztizu illobak beste arretaz begiratuko. Orra zergatik Joanesek eskutitz bat eragin zion Maleni osabarentzat, Gabonak urrean ziralata, aitonarentzat baldin azkenengoak izango ziralata, bere ondorengo guztiakin bein bada ere egon nai zukealata, jaietarako danak etorri zitezala, arren bai arren eskatuaz. Bitartean, eri gelditu zanetik aurrera oizuanez, sukaldean bizi zan geienbat Zabaletako nagusia, sukaldera zijoazkion baserriko seme ta illobak zer egin bear zuten galdetzera, antxen ematen zituan Joanesek bere agindu ta erabakiak, antxen inguratzen zuten etxeko danak gabero gabero, bertan egiten zituzten bere otoitzak, bertan irakurri Testamentu zar ta berriko egi ederrak eta azkenean, oera orduko, beti zerbait esan bear izaten zien aitonak, bere burutik. «Agertuko dizutet ba —zion bein— Urbiako zelaian nik aspalditxoan egindako amesa. Egun auetan gogoratu zait». «Bazkal ostean, aritz tantai baten zañetan jarrita, piztu nuan nere pipakadea». «Errozabal, gerri lodi, lepoker, buru orritsu, gorengo abarrak ia zeruetan zituana zan aritza. Sustraiak, sendo sendoak, inguru danean lurretik ertenda zeuzkan; azala, zartatuta, lertuta ikusi nion, gerrialdeko mamin errea oso agirian, agure batzuen paparra bezela, ta kopet ondoan zulo andi gorri-beltza erakusten zuan, aspaldiko zauri sendakaitzaren irudira. —Zarra aiz ba —oartu zitzaitan, pipako ke-laño artetik aritzari begiratuaz. «Gabean lo gutxitxo egiña nengoan, ta igarri gabe, pipa gordetzeko astitzake, itxi zitzaizkidan begiak, loak artu ninduan». «Ta loak artu bezin laster asi nintzan amesetan». —Zarra naizala? —esaten ziran zuaitzak. Egia da, bai; neuk ere eztakit zenbat urte dauzkatan. Nik eztakit urteak zer ta zertarako diran, baño ezta gizon batzuek ere... Noiz izandu naiz ni txiki? Noizbaiten bai, noizbaiten nere adar gain ertzean dauzkatan ezkurretako bat aña izandu naiz. Nork siñistu? ... Lurpean sartu ninduen edo sartu nintzan, ori eztet ondo ikasi, gauza txiki guztiak lurpean egon oidirata; baño nere bizinaian, astiro astiro, apurka apurka, atera nuan burua lurpetik azalera, ikusi nuan zeruko argia, lortu nuan indar pitin bat, erro edo ankak alegiñean bera boteaz jaso nituan geroago ta gorago nere besoak, eta egunak zabaldu ta egunak itxi, urteak joan ta urteak etorri, uda berrian osto berdez jantzirik eta negu beltzean ezur utsetan bezela, eguzki galda beroen azpian ta euri zaparrada galantak luzaro igaroaz, andi, sendo ta mardul egin nintzan, inguruko zuaitz lagun guztiak baño andiago, sendoago ta mardulago». «Asko ikusia naiz, geroztik, nere bizitza luzean. Ekaitzak neri egin dizkitan iraintasunak ezin zenbatetu ditezke. Sarri artu bear izan det nere gañean kaskabarraren zartada zitala, sarri jo ta zauritu nau odeietatik biziro jetxi dan arri trinko zoliak, milla ta geiago aldiz bai aize indartsuaz burruka gogorrean gau osoak igaro ditut, eta garaietan, guda beltzaren erdian adarrik onenak urratu zaizkit Sustrai sendoari eskerrak, eztet nere bizitza osoa galdu. Sustraia, sustraia bear da mardula izateko ta ekaitzari arpegi emateko: batetik bestera aldatzen dituzten zuaitzak, lirañak, sustrai gabeak, or erortzen dira buruz bera ta parregarri ekaitzaren aurrean». «Ainbat goialdeko ipui eta lurpeko gertaera badakizkit, urteak erakutsita. Nere zain luzien bitartez neurtu det mendi onetako lurrak norañoko loditasuna daukan, jakin det zenbat ezkotasun ta koipe dituan, arri ta arkaitzak non dauden, beti gordeta egon oidiran samorro txiki askoren biziera ixilla nolakoa dan. Nere kopetaz goialdera begira ikasi det zenbat argi gozo agertzen diran gabaz zeru urdiñean. Anitzez gau zoragarriak igaro ditut, illunabarretik goizalderaño, bakar bakarrik, pake pakean, or goiko izar garbi maitagarriai begira. O zein ederrak diran zeruko izarrak! O zer atsegiña dan gau ixil ixillean, erretxiñolaren soñu eztiak adituaz, ozkarbiko edertasunak nabaitzen egotea!» «Baita ere badakizkit gizonen uste ta itxaropen batzuek Maiz etortzen da nere ondora Urbiako artzai gaztea ta emen atera oiditu, oiulari, bere biotzeko maitetasun zintzo zintzoak. Mutil orren eresiak poz ematen dute, intza bezela jetxiten dira animaren erdi erdian... Iñoiz bein jarri oida nere oñetan, zu orain zauden antzera, uri gizon igar bat, eta bakarrik dagolakoan, aitortzen ditu, aopean, bere ondamuak, bere dollorkeriak, lagun urkoarentzat gordeta dauzkan gorroto gordiñak. Gorrotoak eztute pozik ematen. Ezin ulertu det zergatik gizonak gorrotatzen duten alkar: guk eztaukagu bata bestearen gorrotorik, zuaitzak izanda ere». «Nik ez beintzat. Ni izandu naiz egazti mota guztien jantoki, aterpe ta logela; nere gañean esan dituzte txoriak, gau ta egun, beren txirripititxiorik pozgarrienak; nere beso tartean egin dituzte beren kabi ta bizilekuak; ni naiz karnaba, okil, txintxort, lepitxuli ta txirriskilloen sorterri; kuko, eskillaso ta pagousuen jarleku; mika, miru ta zapelaitzen zelat-etxe bezela. Aldetan aña on egin diot edozeñi: nere orri ta ezkurrak, urtero, aberien oe ta janaritzat eman ditut; nere adar guztiak aga, kerten, makilla ta esolatzat edo gizonen berogarritzat kendu dizkate Alneike geiago?» «Emen nago ni azken orduaren zai. Oraindik iraungo det, zuaitzak beti irauten degu gizakumeak baño geiago, baña etorriko zait nere azkena. Bai, or sukalde bazterren baten, basoetako tantaietan ekaitza txistuka dabillen orduan, ta basetxetarrak, nere ajolarik gabe, kondaira zarren batzuk aditzen daudela, txinpartak boteaz, agur egingo diot nere izateari, suzko malko goriak ixuriaz... auts biurtuko naiz». Esnatu nintzan. Aritza bere tokian zegoan, geldi geldi. Arrek etzuan itzik esan. —Banengoan ba, zuaitzak orrelako gauzak esatea... —Ez, etzuan itzik egin, Ana Josepa. Nere irudimena ibillia zan orduan langille. —Ta nondik dakartzu gaur ames ori? —Nere auleriak erakarri dit burura. —Nolatan baña? Zuaitzak eta zuk, nondik daukazute alkarren antzik? —Biok gera mendikoak, biok lagun zarrak, biok asko ikusiak, biok aldegun aña on egin degunak, arrek, ori bai, zer egin duan eztakiala, nik jakiñaren gañean. Alkarren itxurak baditugu, zarrak geralako; baño, egia, ezkera gauza guztietan berdiñak, ezta urrik eman ere Zuaitzak eztu errurik izan ta nik bai, erruak eta utsuneak; zuaitzak, egurrezko anima dauka, eztu egiazko malkorik ixuri ta nik bai; zuaitzak sariaren itxaropenik eztauka ta nik bai; zuaitza betiko amaitzen da ta ni betikotasunaren atarian nago. Zorionekoa ni ate onetik sartzen banaiz. —Pralle izan baziña a ze nolako sermolaria zu! —Pralle, pralle... gaur goizean izandu naiz pralle. —Zer diozu gizona? —Je je! Zuek soroan zabiltzatela, Pedro Antonek atera dit meztidura ta soñean jarri det apur baten. —Aitaren Semearen...! —Aitona! —Bai, jarri det, eta luzetxo daukat. Edo neu laburtu naiz, edo luzetxo egin ziazun, emazte. Malenek laburtuko dit. —Jesus, Maria ta Jose! —Bego ixillik, bego ixillik! —Bai, ixilduko naiz, lotara joan bear deguta. Baño beste itz bat, Malentxo: Gaztelakoak eztute oraindik erantzun, ta berriro esan bear zaiete aurten nere ondoan nai nituzkeala. Aditzen emaien. —Bai, jauna, biar goizean. Malentxo begiak igortzitzen ta Ana Josepa ezpañak estu estu eginda sartu ziran geletara, ta Kataliñek, bakarrik gelditu zanean, sutako autsa bituaz, illetiak astinduaz, enporrak joaz, onela zion: —Au gauza guztien amaitu bearra! Badijoakigu, laster dijoakigu. Etxea beteko gizona! Jeesus! __________ XI. EGUBERRI TXARRAK Aloña ondotik erbestera erten aldi bat egin bear degu. Somorrostrora joan gintezke lenbizi. Bizkaira esatera ninjoan, baño damutu egin zait; bada Bilbotik itxasoruntz goazela ezker aldetik dauden erriak eztiruditen Bizkaikoak. Toki aietan Bizkai barrutik agiri dan zeru garbirik ezta ikusten; Gernika, Durango ta Markiñako ibarretan daukagun pake ta txukuntasunik ezta billatzen; etxeko izkuntza maitearen durundi gozorik ezta iñon sumatzen. Nerbion ibai zabala, ibai ospetsua, Euskalerriko ibai guztien ibaia da, denok dakigu. Bere gañean daukazki, Bilbotik asi ta Portugaleteraño, erridi askotako itxasontzi sendoak; bere azpian, uretan edo urertzeko basatan, txalopa saiats, gabarra zati, soka ustel, kate zar ta aingura ordoituak; bere albo legorretan, erbestera eraman bear diran edo erbestetik ekarri dituzten mia pilla ugariak, neurrian ebakitako piñu olak, arri, kare, gatz ta burniak; burni me zapalak, biribil luzeak, utsak eta beteak, bidietarako, zubiak egiteko, aterpeak jasotzeko, etxien abe izateko, eta batez ere burni oien sorrerako labe goriak, berebiziko lantegirik andienak, sua ta garra, autsa ta ke lodia borborrean zerua illuntzeraño jaurtigiaz; antxen dakusgu jantzi loi, izerdi usai ta begirune gaiztoko langille zikin zetakaz beteak eta bertan entzun litezke uri andi baten indar, almen ta bizitza erakusten duten gizadi marmarretak, malluen danbatekoak, itxasontzien turruntak, tximist-gurdien txintxiñak eta sugurdi azkarren tipirri taparra luze adoretsuak. Nerbion inguruari Euskalerriko alderdia baño Londresko auzotegia obeto deritzat. Gorago daude Galdames, San Salvador, ta Abantoko mendiak, Ortuella ta Gallartako lur ta gizon gorriak. Mendi aietan eztago zuaitzik, eztago lorerik, eztago belarrik ere. Mendi gorri aiek burniz urratu dituzte, izerdiz aña odolez intzatuak dirudite. Gizon gorriak ostera izen gaiztoaren jabeak dira. Asko, geienak bear bada, guraso zintzoen semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa ziri ta zigor. Birao lurrunean, likiskeri zakarren lizundu zaiote anima; baño au negargarria! kalte orren ajolarik iñor eztauka. Somorrostroko langillien gurasoak eta toki artako arrobien jabeak gauza bat bakarrik nai luteke: dirua irabazi dezatela semeak, mia galanki atera dezatela arrobikoak. Otoitz egiñaz irabazi edo zatarkeriak esanaz atera, ezta batere arretazko gauza. Enda, oitura ta izkera guztietakoak nastean dabiltz: ingeles, prantzes ta españatarrak, euskaldunak eta erdaldunak; Arabar ta Naparrak Galizia ta Asturiaskoen ondoan; Santander, Palenzia, Burgos, Balladolid, Soria, Logroño ta Zaragozakoak Zamudion edo Muxikan, Amoroton edo Errigoitin, Errezillen edo Asteasun, Amezketan edo Ataunen jaio diranakin batera; denak alkarren etsai, denak bata bestearen ezin ikusian, denak bakoitzaren sorterria bestienen gañetik jasotzen dutela garaietan, lagunai min emateagatik bada ere. Ezin dute iñor maita, baño erreztasun andia daukate edozein gorrotatzeko. Beti oida norbait gorrotoaren erakusle, beti jardunleren bat ondamuaren kolkotik ertetzen dioten itzak lagun artean erein oidituana. Ta itz oien azia, aberatsen ganako gorrotoa, agintarientzako amorrua ta Jaungoikoarentzat eskergabekeria erakusten duan azi txarra, errez ta edonun sortu oida, lenengo ereiñaldietan ezpada, bigarrenean edo laugarrenean. Baita euskaldunen biotzetan ere. Ai zenbat euskaldun zabartu diran Somorrostroko lur gorrietan! Antxen zegoan ta bertan alperrik galdu zuten Azkarragako Martin, Iñazio Marin semea, Joanesen illoba. Lagun arteko irakaspen gaiztoak aditzean, lenbizi etzituan aintzakotzat artu nai; gero, seta okerrak akullatuaz, irakaspen aiek onak zirala iruditu zitzaion; urrengo, egiarik andienak zerizkiola esaten ausartu zan, ta azkenez, adiskidien txaloak txit narotu zioten uste dollor ori erraien erdi erdian. Arrezkero ogi bedeinkatua bezela irakurri oizuan, igandietan, kertenkeriz ornituriko paper purtzil bat eta baita bere buruari esan ere: «Oñatin eztute onelako gauzarik egundaño ikasi, oso itxutuak eta atzereak daude ango gizonak». Utzi dezagun orain gure mutil zentzugabea, ta Zabaletako gertaerak jarraitu baño len, jakin ditzagun gure galizitarren albiste batzuek geiago. Juan Andresek, semea irakastoletan erabiltzeagatik eta emazteak nai zualako, Santiagon bota zituan sustraiak. Uri ospetsu artan bizi zan, aberats bezela, andiki antzean, zeregin astunetatik zerbait aldendua, baña, oraindik, alderdi askotako lanetan zer ikusi ta zer irabazi politak zerabilzkiala. Ondo ezagutzen zuten euskaldun gizena urreko ta urrutietako etxe, bide ta nasagilleak eta bazekiten bere berri Jijon, Abiles, Prabia, Ribadeo, Ferrol, Koruña ta beste ainbat lekutan. Tenpraneiro deritzon karrika batean zeukan etxea, bere berea, ederrenetakoa, ta etxe artan, goi-beak maizterrai utzirik, bigarrengo bizitzan arautu zuan bere kaiola, txit erosoa, semeak eskatu zion gisara mai, jarleku, oe ta oial bereziz egokitua Goi ta beko maizterrak, oso aberatsak izan ezta ere, bai ongitxo jaioak, txurikerietan ta gezur goxoak esaten aski oituak, arpegiz arpegi Don Juan deituarren, gero atzetik, Juan Amots esaten zioten; baño, egunik utzi gabe, toki jakiñeko kafera zijoanean, qué hay Don Xoan, ola Don Xoan, siéntese acá, póngase ahí, bene benetako abegi ona egiten zioten ango adiskideak, au da: bere artuemaneko langille buruak; zalpurdi jabe ta mandazañak; ogi, ardo ta aragi saltzalleak; karobi, arrobi ta basoen nagusiak; bizar luzeko Santxez edo Lopez sarjentoak; eta gipuzkoatarren dirua usai egin zuten beste askotxok. Adiskide aientzat guztiz bikaña zan Don Juan euskalduna. Ia ba, gorriak eta beltzak, bi aldiz, erriaren ondasunak zaintzeko iaioena bezela, gizon ura udaletxean sartzeko jo ta ausi zakarrean ibilli ziran da... Eskua zabaldu izan balu zerbait... semeari, orduan ere, jaramon egin balio... Seme bakarra zuan, Juanito izenekoa, beltzerana, erkintxoa, arro samarra, berekoia, gaizki azia, andizalea Anitzez irri egiten zion aitari esaldi nastu moldakaitzean jardun oizualako aitak, bada Juan Andresek, dirua irabazten bai, baño gaztelarrez etzuan beñere ondo ikasi. Amarekin berriz etzuan iñora erten nai, bada Dionisia Gomez Junkeiro len baño oial obez jantziarren, etzan len baño asko geiago garbitzen, ta ezagun zitzaion bere iturburu narrasa ta antziñetako bizibidea izkeran, jazkeran, orrazkeran ta begietako makarretan. Berez bear Billabonakoa. Amazazpi urte dauzka mutillak Santiagon idorotzen degunean, ta adierazo genduan bezela, sendakintzarako ikasten asita dago. Aitor dezagun argiro: ikastoletan dabil... ta baita ere joko-etxe, jolastoki ta kafeterietan, gurasoak ematen diotena ta berak arrapatzen duana aisa eralgitzen. Jakiturirako bide onak baño bide ari errezak naiago lituzke, ta esku artean, liburuen ordez, eguneroko paper albistariak darabilzki. Bere iritzia egin bear izaten du etxean, bere ta gurasoen ustetan aitamak baño argi geiago dualako, ta jakiña! Juanitok irakurri du Zabaletako eskutitza ta Juanitok erabaki du Gabonetan gurasoakin batera Zabaletara etortzea. Badatoz... edo etorri ziran; bada nik, noizean bein, gaurkoak bezela agertuagatik, gertaldi auek igaro zirala urte batzuek badira. Etorri ziran, ta etorri zan Somorrostrokoa ere. Izugarrizko arrera egin zioten: baño Aranzazuko Ama maitia! Ura lana erori zitzaien baserri artako gure adiskidiai! Iñondik iñora ezin ulertu zuten alkar Ana Josepak eta bere Galiziko errañak. —Baneukan zuek ezagutzeko gogoa —esaten zion arrek. —No le entiendo a V. Una palabra —erantzun zuan besteak. —Esne sopak jango alditu mutillak? Urdai azpikoa jarriko aldizuet? —Lo mismo que si me hablara V. Gringo. Jesús qué lenguaje!. —Etzaite aserratu, emakumea. —Qué dice tu madre, Juan? Juanitori berriz dana iruditu zitzaion badaezpadakoa, itxusia, txiroa, Zabaletan. Baserria uritik urruti, bideak aldapatsuak, ataria lokatzaz betea; sukaldean ke miña zegoan, nunaitik aizea zetorren, jarlekuak txarrak ziran, oiak gogorrak, janariak nolabaitekoak, aideak oso ezjakiñak, aitona agure baldarra, amona atso parregarria Beste erabatekoak nai zituzkean arrek bere aitonak, jauregitarrak, andre-zaldunak, bere arrotasunean ames eginda zeukan bezela. Ezin zuan aserrea gorde, ta arpegi errean igartzen zitzaion naigabea. Alperrik zebiltzan etxeko guztiak gazte ura txurikatu naian. Etzion arrek aitari pakean utzitzen: —Vámonos de aquí cuanto antes. —Ten paciencia, hombre. Espera unos días. —Sí, unoz días más entre humo, y cuando vuelva a Santiago ni tendré ojos para estudiar, ni me conocerán los amigos, porque me habré convertido en cecina. Eso, si antes no muero de pulmonía. Qué tierra ésta! —Zer du zure semeak, Juan Andres? —galdetzen zuan Joanesek. —Etxera nai omen du. —Au ez al da ba zuen etxea? —Bai, baña... —Baña bestea zuenago. Ala oida. Zabaletatik aldendu ziñanean urratu zenduzan emengo lokarriak Nere odolekoak zerate oraindik, baño nere illobagan, Zabaletakoen odola metu egin dala uste det. Juanito ain atzera ta gogo txarrekoa ikusi zutenean, Manuelek eta Josek etzioten ondo begiratzen. —A ze Markexko arroa! Petrala ori galanta —zion batak. Eta besteak: —Markexko! Eztirudi ba, amaren aldetik ere, jatorri goitar bikañekoa. Baña Juanito bezin petrala ta milla bidar lotsagabeago zan da, Martiñekin izan zituen eztabaidarik andienak. Azkarragako mutillak, Somorrostrotik etxeratu zan ezkero, bere buruari geiegi zeritzon ta goitik bera begiratzen zien lengusuai. Paper bat eskuetan zuala agertzen zitzaien egunero, biboteak igortziaz, ta bereala asten ziran gazteak alkarri min ematen. —Zer dek paper ori? —El Rasero. —Gauza onen bat bai. —Onenetakoa. Emen egi aundiak esaten ditu. —Ebanjelioa izango dek. —Obea. —Ago ixillik, lukainka. —Zuek illunpetan zaudete. —Ta i eguzkitan? Eguzkia iretzat bakarrik egiña dala uste aldek? —Ez, danentzat egiña da, ta danok artu bear genduke. —Guk, ertetzen duan guztian artzen diagu ederki. —Baña nik ez. —Eu aiz orduan illunpekoa. —Ezta orrela. Lur azpian argia izan geinke. —Kriseillua? —Batere kriseillu gabe, lur azpian ta lur gañean, eguzkirik eztan orduetan, gabaren erdian... —Ipurtargia. —Etzaitezte nizaz txuliatu; adi zadazute benaz. Egiaren argiak egiten dio gizonari argi nunai ta edonoiz. —Ta nork emango dik iri egia? —Paper onetxek. —Ba, ba... Albistari orren egia ta astoaren arrantza or nunbait dituk. —Astoaren arrantza! Zeuek zerate zuek astoak, zeuek, ezer eztakizutenok. —A Salomon, Salomon kaiku! Obeto egingo uke paper ori irakurtzen baño etxeko soro bazterrak garbitzen saiatuko baintz. Orrelako izketaldiz naikua minberatuta zeuden gure mutillak, eta Jose batez ere, ipui oezaz gañera, Azkarragakoa Malentxori kiñuka somatu zualako, kiñuka ta geiegizkeriak esaten ere bai. Pozik emango zizkioken belarrondoko eder eder bi. Ta samin oiek asko etzirala, Gabon gabean sortu ziran mingarrienak Zabaletako baserrian. Etzan gau egokia, baño usterik gutxien zanean erten zuten aserre naigabeak. Ez, etzan gau egokia. Gabona, bertsolari ta idazlariak era guztietara goratu duten gaba, gau alaia, gau gozoa, oroitzaz beteritako gaba da; pake bigun, jolas garbi ta eresi samurren gaba, umeak ainbeste aldiz ames egin duten gaba, gizonik zarrenak gaztetzen dituan gaba, illuntasunik eztuan gaba, egunik ederrena baño ederragoa dan gaba, Jaungoikoaren gaba: itz baten esateko, lurbirako alderdi guztietan gaurik andiena, ta Euskalerrian, eztaukagu zer esanik, iñun baño ere andiagoa. Eztago euskaldun semerik, euskalduntasuna galdu ezpadu, edozein tokitik, gau orretarako makilla bat sorbaldan, pardeltxoa makillan, bakallaoa pardelean, gurasoen irudia buruan ta pozik neurrigabiena biotzen duala, bere lur maitea joko eztuanik, eta bere lurrean jaioterria ta jaioterrian sortetxeko ate kutuna. Eztago euskaldun etxekoandrarik, estuen ta larrien bizi dana bada ere, seme senar gurasoentzat, ortik edo emetik, janari gozo ugaria lortuko eztuanik gau orretarako, naiz ta beste gau asko baratxuri salda utsez igaro. Errukarria Gabon gabean bere etxetik urruti dagoan euskal semea! Kupida zazute gau orretan bere maitientzat nai aña janari idoro eztuan euskaldun etxekoandrea! Bidezko gauza da, bada, Joanesek, azkenengo egunetan, seme, illoba ta aide guztiak Gabon gaberako bere sukaldean bitu nai izatea, ta baita ere Zabaletako emakumeak gau orretarako aparia ondo jartzen alegiñak egitea. Goizean goizetik ekarri zituzten jaki ta gozagarriak uritik, eta arratsalde osoan euki zituzten su andiaren aurrean, lapikoak gargar, kaxuelak pil-pil, tanboliña plist eta plaust eta, azken orduan, zartagi ta arranparrillak txir txir txir Zazpiretako dana zegoan gertu: aza zuria ederki bigunduta, bakallaoa salsa gorrian, besiguak erreta, txitxardiñak oliotan berotuta, sagar zatiak azukreakin egosita, kanela ta guzti, ai gozoa pertzean lagatzetik dindilizka, gaztañak esku-zapi garbian zapaldurik, maia zamau zuriz estalduta. Pozak etzuan lokarririk Zabaletan. Apari onaren ustean alai, denak zeuden izketan, berriketan, jolasketan, gauza guztiak usaika, eltzeai estalkia kentzen, eskuak igortzitzen, etxekoandre zarraren gaitasunak goren gorenean jartzen. Juanitok berak lasai ta askatuago zirudian. Alako baten: —Bakoitza bere tokira! —agindu zuan Ana Josepak, eltzekada bat aza izugarrizko platerean itzuliaz. Jarri ziran danak. Joanes maia bedeinkatzen asi zan... ta baita ere parrez Juanito ta Martin. —Zeri egiten diozute parre? —galdetu zioten. —Otoitzari. —Otoitzari parre? Zergatik? —Txorakeria dalako. Begirune beltzak ipiñi zizkioten mutil biai; arpegi guztiak naigabe-soiñekoa jantzi zuten. Alde batetik, etzan etxe artan era orretako itzik beñere entzun, ta bestetik etxeko guztien gogoa Joanesi poz ematea zan. —Noiztik ona da txorakeria? —jarraitu zuan Zabaletako jaunak. —Aspalditxotik. Orain ezta iñun otoitz egiten. —Ainbat gaiztoago. Orregatik daude gizadiak dauden bezelakoak... Bada, jakin zazute, umetxoak: nere baserrian beti egin izan da otoitz, beti egingo da, ni bizi naizen artean beñepein... ta gero ere bai... uste det. —Bai, jauna; bai jauna! Ezkenduke besterik bear! (Malentxok, Manuelek eta Josek batera). —Aita ta Semea! Judioak baño okerragoak zerate zuek, ikusten danez (Amonak Martiñi ta Juanitori). Juanitok: —Bueno, no se enfaden ustedes: cada cual tiene sus ideas. Juan Andresek: —Gaztien gauzak. Paulak: —Gazte gaiztoenak. Joanesek: —Nere ondorengoak orrela izan bear zutenik eznuan uste! Amonak, gizonen bekokietan trumoia ikusita: —Tira, tira, naikoa da: aztu ditzagun aztu bear diranak, Gabon gaba data. Aztu! Nork aztu biotzaren erdian eman zaion sastadea, zauria barruan badago? Iñork etzuan ezer geiago esan, baño alaitasunak Zabaletako sukaldetik iges egin zuan. Alperrik Ana Josepak eta Kataliñek egin zituen egiñalak maikideak gozatzen: Martin ta Juanito ezpañetan iguin-parrea zutela gelditu ziran; baño beste gizonezkoak illun ta goibel, galizitar emakumea txito zapuztua, Jose ta Manuel ukabilka ekiteko amorratzen, Mikallla... Mikallari malko lodiak zeriozkion. Alperrik Malentxok, bereak animan gordeta, aparia zerbait aurreratu zanean, eresi zituan Gabon eresirik bigun bigunenak, gertaera samiña aztu erazteko; alperrik ibilli zan aingeru-eztarri garbiz onela esaten: Izarrik ezta Goietan, baña Argitan dago Lur guztia. Belenen Jesus Jaio da eta Jesus Bera da Gure argia. Gure argi ta Gure zorion Pake pozaren Ekarlea. Nola izan ez, Biotz ta anima, Jesus, ni Zure Maitalea? Illeak urre Begiak urdin Zerua bera irudizu. Ai, aur ederra! Ai, aur gozoa! Ai maitetuko Baninduzu! Gauza bat bakarra iritxi zuan Malentxok: bere lengusu Martiñek, edanez ausarditurik, neskatxari belarrira esatea: —Neuk maitetuko zaitut iñork baño geiago ta obeto. Ikusiko dezu. Autorrera onek etzion Maleni onik egin. Ezta ere, iñori, Gabon gabeko apariak: denai mindu zitzaieten ai gozoa. —Nerea da errua; —zion aitonak oerakoan— nere biotza kiskaltzeko egurrak biltzen ibilli naiz; eztia nekarrelakoan beaztuna ekarri det. Baño zeñi otuko zitzaion orrelakorik, zeñi? ........................................................................ Galizikoak, jaiak igarotzeko asti gabe aldendu ziran Zabaletatik, baña ez Martin. Martin Azkarragan gelditu zan, ez sorolanerako, ez gurasoai lagun egiteko, ez bere jaioterria maite zualako: alperreriz ta Malentxo ikusteagatik. Malentxoren irudia animaraño eldu zitzaion, ta egunero, goiz ta arratsalde, aidien artean ezer gertatu ezpalitz bezela, Zabaletan sartuta zegoan, geiegi sartuta. Neskatxaren atzetik zebillen beti alderdi guztietan, etzion iñondik iñora pakean utzitzen, ta bein batean lotsagarrizko gauzak esan zizkon Malentxori. Bai, lotsagarrizkoak; ta Pedro Antonek, itz aiek entzunda, gogor samar arpegi eman ziolako, bultzaka bota zuan mutillak morroi zar maitagarria. Bultzaka bota ta ostikopean ibilli gaizkille lizunak. Pedro Anton gizagajua! Elbarrituta oera zeramatenean, «erori egin naiz, erori egin naiz» —zion— Martiñi errurik ezarriko zioten bildurrez; ta gero, Malentxo zauriak garbitzen ta sendatzen zegokonean: —Ixo, maite, ixo; ez iñori ezer esan, ezta ondota, baño, berriz orrelakorik aitatzen badizu, jaikiko naiz ta burua puskatuko diot. Lotsagabea alakoa! Zabaletan Martiñen makurkeria etzuten jakin, baño jakin izan balitz ere, bazeukan makurkeri guztiak zeñek estaldu. An zegoan amona, illoba orren esakera ta egikera txarrak entzutean, beti mutillaren alde; ta sarri esan oizuan, aitzakiren bat billatu eziñik zebillen garaietan. —Okerra da, bai, okerra da; baño andregei zindo batek ondu dezake. Andregei zindo bat bear du Martiñek. __________ XII. USTEAK ETA MINTZOAK —Zeñi lur eman diote? —Zabaletako Pedro Antoni. —Pedro Anton il da? —Bai. —Zer izan du? —Eztakit pa nik. Erori egin zala edo... Gauza andirik bear ez, zarra zan da. —Zenbat urte zituan? —Larogeitik gora. —Naikua lan egin du arrek bere urtietan. —Bai orixe. Aspalditxoan ez baña, lenago... —Luzaroan egon alda gaixorik? —Luzaroan makal, gaixorik amabost egunean. —Zeruan gerta dedilla. —Ta Joanes? Zer egin zuan Joanesek? —Obeto eidabil. —Irauten du orratik. Berea zala esango nuan gaurko elizkizuna. Au gizonez dator! Au andrazkoz! —Jakiña ba, Zabaletakoen aide ta artuemaneko guztiak. Pedro Anton etxekoa bezela zeukaten: badakizu. —Ara Mikalla ta Katalin aurretik. —Ondo zurbil ta maixkarra dago Mikalla gajua. —Bai, eztauka orrek, gaur, ezkondu zanean aña patxada ta nasaitasun. Oroitzen naiz: ementxen geunden oien eztaia or zear igaro zanean. Bazan orduan ijiji ujuju ta deadar alaia galanki; bazan orduan jana ta edana, etxe-bizitzea ta ontzurre... baña gaur, geu baño gutxiago. —Iñazio Marik urtuko luke, ondatuko luke, baita... Orain ere ura ezta or agiri. Zeregiñen bat izango du Moxolonean. —Arrek Moxolonean zeregiñak eta emazteak etxean estutasunak. —Martiñekez aldiote ezer ekarri? —Zera, jateko gogoa galanta. Ori ere, aitaren antzera, Moxolotarren adiskidea omen da. Azak berea kirtena, ta aritzak bere arikoa ezpala. —Aizan beste gauza bat. —Moxolo esanda oroitu zaidan—. Egia alden Peru Oldoki ire atzetik dabillena? —Um! Ez... Tira, arrek nai izan du, baño ezkera zertu... Len ere, iñor eznualako eznaiz egon: neuk artarako zerik ez, orra. —Obeto den neskazar, Peru traketsaren emazte baño. —Bai, baña ez uste izan mutil ura ain zera danik. Nork zainturik eztu euki ta... —Ja jai! Orixe-re jolasa litzakete. I baño ardo zarra naiago din arrek. Onelako mintzoa zerabilden soro-lanetan zeuden emakume bik, Aranzazuko bidean zear beltzez jantzita zijoan gizadiari begira. Emakume aietatik bata, Iñazio Marin ezkontzako egunean ezagutu genduan atxur-neska zan, arako Luisa tuntuna. Peru ta Luisaren arteko ipuien albistea eztakit jatorri onekoa bazan ala ez, gero jakin daikegu; baño Luisak Azkarragakoakgatik esaten zuana, ori bai, ori badakit egia zala. Sorokoak maixiatzen aiziran bitartean, Mikallak berak aitortzen zion Kataliñi, era onetan: —Ai, Katalin! Negarrak, bai, negar andiak egin ditut! Eta egiteko dauzkatanak! ... Ondo dakizu nere senarraren berri: azoka dala ta jokoa dala, gelditu gabe dabil orrutz ta onuntz; asko bear du, oso asko, ta gurean eztago ezer. Lenago bai. Ni txikia nintzanean —ezta arrokeria, Katalin— bazter guztietan geunkan guk urrea; ontzakoak, ontzerdikoak, eun errealekoak, ogetabatekoak, zer ez? Nere amak nik aña ezkonsari etzuala auzotegian bestek izango esan oiziran. Ikusiko baluke gaur nola nabillen! Nere aitak ikusiko banindu! Nere aizpatxoa Jaunak eraman da laster, naigabez il ziran aiek bear baño lenago, etxearen ondamena ikusita... Gaur eztago Azkarragan zorra baño besterik: eskuan daukatan argizaria ere zorretan artu det. Ia zer janik eztaukagu, itxurak egin arren. Ameriketan genduzan gure itxaropenak, baño joan ziran betiko. Gure osaba orrek lurra jo emen zuan da. Eskerrak zueri: zuenetik datorkigu artiriña, urdaia ta baburruna; zuen bizkarretik gabiltz. Ta samin auek naikoa eztirala, orain semea, nere semea siñiste gabe ta protestanteak baño txarrago etorri zait! Ai, Katalin, zuk eztakizu nolakoa dan nere oñazea! —Jaungoikoak arautuko gaitu. Berak argi egingo dio zure semeari, Berak bigunduko dio biotza. —Bai, Jaungoikoak dana bere eskuetan dauka baño... —Ara, Mikalla, berri on bat eman bear dizut; gure amonaren asmoa. —Zer da bera? —Ezkondu egin bear duala Martiñek. —Zeñekin baña? Nork artuko du gure mutil zakarra? Zuzenduko duan neskatxa batek. Amonaren iritziz Malenek zuzenduko du. —San Migel Aingeru ederra! Ai olako bat! Baño Katalin, zer esaten aizera? Malentxok zer dio? —Gure neska orrek eztu ezer aitatu; baña urtietan aurrera dijoa ta... amonari gogoratu zaio. —Ta zuek? —Guk, Jose Ramonek eta nik, miñez baña, bein edo bein bear dalata, denok ondo izateagatik, bueno, esan degu, joan dedilla Malen Azkarragara, Paula gurera etorri dedilla, alkarri lagundu daiogula ta Jaungoikoak guztioi. —Txoratu bear zait! Baña Malentxo... —Gure Malentxo eztirudian bezelakoa da, ona ta zorrotza, eztia ta ozpiña, bear dan orduan bear dan bezelakoa. Bai, Katalin, amonaren ustea iritxiko da. Malenek nai duan guztia egingo dio Martiñi: egun auetan, konfesatzera eraman bear dualata, koipea baño bigunago darabil. Iñazio Mari ere bildurrez egoten da gure neskatxaren aurrean: ikusiko dezu nola ekarriko duan bide onera. —Ai olako bat! Katalin, zerua dakust. —Eskatu eikeozu Jaungoikoari. —Belaungorrien gañean joango naiz Aranzazura, asmu orrek ondo ertetzen badu. Gurasoak baño atzeratxoago agiri ziran Paula ta malen, txutxuputxuka. Ara zer zioten. Malenek: —Egingo nuke, gure amak eta ezkontzeko ipuiak daramazkitela. —Bai zera. —Ik eztaki: ire anaiak nere eskabidea egin din. —E? Martiñek? —Bai, ta nere aitamak baiezkoa erantzun zione, edo itxaropena eman, gutxienez. —Malen, nere anaia gaiztoa den, neuk zekiñat ondo: gaiztoa den ta etzatorkin egoki, Jose balitz eztiñat esaten. Jose bai aukerakoa! —Ala dio aitonak. Ura bezelako mutillik etzegoalata jardun ziñenan atzo. —Ez, eztago, ta maite au, asko maite au. —Baita ik ere bera. —Ezin ukatu niñeken; barkatu bear dian. —Zergatik barkatu? Maitetasun ori nere gogobetekoa den, Paulatxo. —Ire gogobetekoa? —Bai. —Ba orduan... nere barrua itzuli bear, diñat, lertu baño len. Egia den, Malentxo; maite diñat! nere ama beste diñat maite edo eztakik nik geiago bada ere; Iturraldeko Jose animaren erdian, biotzaren txokorik ederrenean zeukanat, bere izena entzuteak atsegin ematen zidan, bera ikusteak alako sarrastada bat... Baña benetan alabil? Ezalden iretzat bear? —Ezten neretzako egiten dana. —Ta Martin? —Gutxiago. —Moxolo? —Gutxiago. —Baña, nolako emakumea aiz i? Ezten iñor maite? —Bai. —Andikiren bat? —Andiena. —Aberatsen bat? —Aberatsena. —Aitaren, Semearen... Jakin liteke zein dan? —Jakingo da. Orain ago ixillik. Emakumien urrengo, lagunetatik aldenduta, arretazko esamesak zeramazkiten Josek ta Manuelek ere. —Albiste berriak, Jose, —zion Manuelek—. Aitak, garaia dalata, zerbait egin bearko degula esan dit. Ni Paulakin senartzea etxe bietarako ongi omen dator. Zer deritzok? —Bai, ezta gaizki. —Ain zuzen lengo baten asi nintzan Etxenausiko Isabeli zerbait esaten... Ik ezagutzen dek Isabel. —Jose Marin alaba gaztea? —Bai. Emakume ona dek Isabel, ixilla, elizkoia, maratza, lurlangintzan oitua; baña gurasoen gogokoa Paula dan ezkero... —Paulari eztio Isabelek eramaten. —Emakumez emakume Paula ederragoa baño eztek. Eguzkia baño garbiagoa, baratxuria baño zindoagoa. —Alaxen dek. —Lengusua izatea. —Lengusua, Iñazio Marin alaba ta Martiñen arreba... Noiz biurtu bear dik Somorrostrora Martiñek? —Geiago biurtuko danik eztiat uste. —Zer ba? —Ezaldek ezer aitu? —Nik ez. —Ba nere belarrietara zerbait ekarri diate. —Zer baña? —Malentxorentzat egiten dutela edo... —Zer esan dek? Martin Malentxorentzat? Otsoa arkumearentzat? Deabruarentzat aingerua? Ori eztek egia izango. Ezin liteke, Manuel, ezin liteke! —Ezluke bear. —Onak gaude, benetan baldin bada! Ez altziok ezkontza ori galtzeko neurririk? —Naiago nikek. Baño amonaren asmoa omen da ta... Arrek eztio bereari utziko. Etzion iñork ere utzi. Norbere animan bein agertzen dan itxaropena, bikañegia izaten da alde batera utzitzeko. Malentxo ezkondu nai zuten guztiak zeukaten itxaropenerako iturria: iru senargeiak, bi amak eta amona zoli arduratsuak; eta guztiak saiatu ziran bakoitza bere labeari su ematen. Josek etzuan su bearrik gar bizian gori gori egoteko. Aberats aberatsen ondasuna, gizonik argienen jakituria ta gorengo agintarien agintaritza bear zituzkean Malentxoren oñetan jartzeko ta etzeukan ezer! Txiro, argal ta umezurtz izateak erretzen zuan geienbat. Etxe obean jaio balitz! Aitamak dirutsuak izan balira! Bere alde zerbait idoro naian, buru ta biotzean beti azterka, gogoratzen zituan mutikoa zanetik Zabaletan ixuritako izerdiak, soroetan egindako lanak, Urbian eramandako nekeak, aloger gabe, janaren ordañez, etxeko bezela, gogoz, adorez, gau ta egun, alzuan aña, ta ortik azaltzen zitzaion Joseri itxaropenaren arpegia, doi doi ta urrutitxoan bada ere. Ain eskergabeak etziran izango... Oroitzen zituan ume umetatik Malentxoz idukitako arretak, bien artean erabillitako anai-jolasak, onik onenean errai barruan asitako maitetasun andi, sakon, neurrigabearen goraberak, berariz nexkatxak Urkiolan esan zizkion itz zoragarriak: «iñorekin izatekotan, zurekin izango-naiz», ta oroitza oien ondorean, Josek argi ta garbiro ikusten zuan bere itxaropena Zabaletako alaba etzan gezurtia... Gañera, txit askotan zetorkion umezurtzari, egunean milla bidar edo geiagotan zetorkion burura aitona egizalearen agindua: «Manuelek etxera emazteren bat dakarrenerako, iretzat ere aukeratuta neukan norbait», eta agindu orren gogamenak, ez-bai bildurrak kenduaz, osoro gozatzen zion biotza. Joseren amesa lortuta zegoan. Martiñek, griñaren aizez, Malentxo ikusiaz ta aidien aurrean apal itxurak egiñaz ixiotzen zuan bere labea. Urduri zebillen, bai, oraindik etzan ezkonduta; baño esku onetan zeukan bere leia, ta bazekian zer epai emango zioten aurki. Bera zan etxekoa, bera bakarrik, etxekoa zalako laguntzen zioten amak, izekok eta amonak, onek batez ere, ta amonaren gogokoa bazan, nai ta naiez garaitu bear. Ta garaitzean aufa! Uribarriko neskatxarik ederrena Martiñentzat, lengusuen ondasunak beretzat, erdiak gutxienez, ta viva la Pepa! ibiltzeko naikua txanpon. Moxolok berriz dirua izan ezkero dana eginda zegoala uste zuan, dana, por diñero balla perro, ta berak aña diru etzeukan beste mutillek, Oñatin. Egia, Malentxok Odolkiren bitartez bialdutako eskutitzari etzion erantzun; etzion iñun ta iñola ere arpegirik eman, baña iruditzen zitzaion Moxolori zergaitik: neskatxa ura oso lotsatia zalako. Nolanai ere Ana Josepak irikiko zituan ezkontzarako bideak ederki. Martiñek bear zuala Malentxo? Ba! etzegoan Martiñen bildurrik: Martin besterik ezeko ezkongaia zan. Atsoak pelotariaren sakel betea ikusi zezanean, guardabajo toro el mundo!... Ta ezezkorik balitz? Ezezkorik balitz, bide laburrak billatuko ziran: etsi ez beintzat. Mosolok etsi? Ezta, ezta... Ona zan bera animaren zaletasuna lagatzeko! Astorik ez setatsuagorik. Mikallak eta Kataliñek ostera, Jaungoikoari laguntza eskatuaz ta gizonen aurrean amona goratuaz indartzen zuten itxaropena. Etzekiten noraño jaso etxekoandre zarra. Gutxi amona bezelakorik! gutxi alako arretadunik! Bazeuzkan bere akatsak; esnea geiegi neurtu, arrautzak azkar gorde, ogia giltzpean euki, lukainkak sarritxo ikusi, gaztai artzea eragotzi, aleak kutxetan berak ipiñi, mallatutako sagarrak etxekoai jan erazi, edonungo belar pitin, aza, orri, arbi galdu ta gaztaña ustel banakak txerrientzat bitu, ta beste orrelako zurkeri batzuek egiten bazekian; baño, baita ere, garaietan, edozer premiari arpegi ematen. Goserik ez ta geiegirik ez; sartu aldana ta jarioak itxi ori zan bere esakera. Ai arrek etxeari erantsitako zatiak! Ondo zijoazen amonari jarraituaz. Azkenez, Ana Josepari, bere ustearen etsai iñor izango zanik etzitzaion bururatu ere. Zein gero? Iñor izatekotan, Joanes. Baño Joanesek, besteak bezela, belaunekoen onari begiratzen zion. Ainbat. Emazteak igarrita zeukan: belarri biak moztuko zituzkean Joanesek, Azkarragako semeak ondo ikusteagatik. Ala ere, aitona Martiñen aserrean zegoan ta ezeritzon senarrari bereala ezer esatea. Ez, itzik ere ez, aserrea joan zakion arte. Ta dana erabakitzat emanaz, aizan gure andretxoa gauza guztiak antolatzen ta eten gabeko izketan: —Katalin, begiratu zazu gero nola dauzkan Malenek atorrak eta barruko gonak. Gañeko jantziz ondo dagola uste det. Ezer ere eztu puskatzen da. Ipiñi aldu beñere Gorputz egunerako josi giñon soñeko beltza? Orixen du naikua ezkontzarako. Bai, edozetara ere, mutilla baño ornituago joango da neskatxa. Mutil arlotea! Auskalo ze praka ta ze jantzi dauzkan arrek: galdetu zaiozu Mikallari. Prantzizka jostuna etxera ekartzea izango degu onena, datorren astean. Berak daki zenbat kana bear diran alkondarentzat, berak aukeratuko dizkigu oialik egokienak. Oraintxe artu ditu berri berriak Lukasek: berebizikoak ikusi nituan egoikotzeko ostiraleko) azoka egunean... Martiñi ta Manueli berdiñak egin bearko, e? Baño nai ta naiezkoak bakarrik. Gero ere Malenek eta Paulak utsuneak betetzeko astia izango dute... Gure Malenek txukunduko du bai Martin; baita osaba ere. Txukundu ta etxean lotu. Badaukate bearra. __________ XIII. PEDRO MIGEL AZKARRAGA Urte batzuetatik onunzkoa da toki guztietan gizirudiak elemenian ikustea. Gaur bai, gaur eztago gizirudi gabeko bazter bat. Edozein etxetan arkitu geinzke bertako jatorrienak, aidienak, adiskidienak, ezagunenak, maitienak; edozein lekutan daude antzeturik gurasoak eta semeak, aurrak eta agureak, neskameak eta gudamutillak, erritarrak eta erbestekoak, erregeak eta pelotariak, apaizak eta zezenzaleak, kristauak eta mairuak, jakintsuak eta obendunak, banaka ta pilloan, jaten ta jostatzen, musuka ta muturka, parrez ta negarrez, mukutsik eta dituen apainduriak soñean ipiñita. Geiegizkoa da ia. Ezerez baten egin oidirata. Zer diot ezerez baten? Duan ere bai, norberak eztakiala, norbere lotsarirako. Errian, bidean edo itxas ondoan, izketan, ibiltzen edo garbitzen, usterik gutxien danean, klask, atxitzen dute nolanai edonor, ta urrengo domekan edo biaramon goizean, asteko albistariak edo eguneroko papertxoak badakar orkoa edo emengoa, goienetako agintaria bear bada, eroen gisa aoa zabalik, ollarren antzera anka bat jasota, mutikoen irudira uretan edo urertzean etzinda edo zilipurdika. Nork eztu orain bere arpegia paperean ikusi? Nork eztitu ezagutzen, sukaldetik jaiki gabe, arpegiz beintzat, Donostiako endorea, Zumarragako txistularia, Txolo Potxolo bilbotarra? Zein da irudiz beterikako albistarian opilla, udarea, arrautz egosia edo abarketaren batzuk bildu eztituana? Ara zergatik gaur gizirudi geienak aintzakotzat eztiran artzen. Lenago bai. Ni ume koskorra nintzala doi doi ta begirunez ikusten genduzan bat edo beste: Pio IX, Isabel II, Zumalakarregi ta Prin, andikien jauregietan izan ezik. Ta garai artan, aspalditxo, bazuten Azkarragakoak beren gizirudia, askori pozez erakutsitako erretratoa, maiz ta maitero igortzia, atsegiñez ta itxaropenez sarri begiratua. An zegoan, gizategiko ormatik zinzilika, kutxa zar landuaren gañaldean, errealeko ispilluaren azpian, done urdin-gorri zatar batzuen erdian; an zegoan gizona edo gizantza, argal, beltzeran, zuriz jantzirik, begi biak erten bearrean, jarleku ederrari eutsika, lastozko txapel andia eskuetan zuala. Gizantz ura Pedro Migelena zan, Antonen anai gaztearena, ta ura bera izandatu zion Mikallak Kataliñi. Azalduko det arren kondaira. Mutil sendoa Pedro Migel, etxejauntzako semea, baño mendizale purrukatua, gaztetxotik ibilli zan, bere gogoz, Araozko basoetan, ikazkin, talogille, goiz jaikiaz, berandu etziñaz, baba beltzez urdalla beteaz. Aizkolari trebea izatera nai zukean eldu. Beste gauzetarako joera ta griñarik etzuan orduraño erakutsi. Zer gauza oberik? Baño, bein batean, basoko lagunak itxasotik arunzko bizitza erreza jakin erazi ta guraria aldatu zioten. Neka neka eginda, lotara orduko, gazta pixka bat jaten zeudela, era onetako jarduna entzun zien: —Zalla dek diru egitea. —Ain zalla ere ba... —Ikusten dek. —Bai emen. Emen dek zalla, mendi tarte auetan. —Edonun. —Edonun ez. Ezagutze aldek Joakin Pelix? —Albizurikoa? Ezagutuko eztiat ba? —Orrek egin dik galanki. —Bai Ameriketan. —Nunbaiten. Guk ere, ara joango bagiña... —Amerika nun ziok? —Ara garbi garbi esateko etzekiat. —Madril baño arutzago? —Aruntzago izan bear dik. —Prantzi alde ortan? —Prantziatik aurrera, Burdeostik zear, amalu edo amasei egunean itxasoz joanda. —Urruti, aiskiria. —Ta eztek an ere ollo errerik danentzat izango. —Olloa edo zer jana bai, langillientzat. Ameriketan, gizona, nai duan beste aloger irabazten dik edozeñek, illean berrogei durota, larogeita... —Diabru, arrania! Zertan baña? —Edozetan. Kafe ta azukrea biltzen edo... —E? Kafe ta azukrea? Oiek aldituk alderdi aietako uztak? —Tabakoa ere bai; zelai luzietan omen ziok, emen artoa baño milla bidar ugariago. Orra tabakoa merke artzeko ta kafe ona edateko aukerea. —Eztik usai txarra botatzen Joakin Pelixen tabakoak! Nork leukakean! —Eta gañera zillarra ta urrea duten mendiak ere baomendituk, guretan arria bezela. —Alajañena! Orrelako menditxo bat bagiñu, andi andia izan eztare... —Billatu ezkero... Adua bear, suertea. —Batzuk izan die. Gogoan gorde zuan eleketea Pedro Migelek. «Zer? —esan oizion geroztik bere buruari—. Emen egon, sei illabete osoan milla erreal ezin aurreraturik egon, beste lurraldean amabost egun barru irabaziko nituzkeala? Emen, beti egurretan, nekepean bizi, ta beste leku baten aberastzeko apukoa galdu? Etxejauntzakoak geralata, zerbait badegulata, geiago eukitzeko neurririk artu ez? Txoroa dek Ameriketara eztijoan gaztea, al izan ezkero. Ta emeretzi urte zituanean, Abanako bidea abituko ez abituko zalantzan egonda, adu onari deiez, suertearen billa, Ameriketara joan zan, Arjentinako lurretara, norbaitek babestua, mendiko zeregiña baño besterik etzekiala, irakurtzen ondo ikasi gabe; baño biozdun, ameslari, aberats izateko uste ziurretan. Alai ta lasai, zangar ta adoretsu egin zituan Ameriketarako bideak. Euskalerrira utzi ta beingoan uri nagusi apañak ikusiarren, etzan batere arritu; bere burua ezezagunen artean idoroarren, etzan ezertxo ikaratu; ontzi andi ederretan itxaso irakiñak igarotzean, len baño ere geiago birbiztu zan: izakeraz, barru barrutik zetorkion bizi-gudarako ausardia; berarekin batera zeramazkian odol beroa, kemena, indarra, gaztetasuna, biotzaren erdian isiltzake deadarrez: «Aterako aiz, aterako aiz». Baia Blankan oña jartzea Bilboko nasa baten gelditzea bezela iruditu zitzaion. —Zer dakark? —galdetu zioten. —Osasuna. —Zer dakik? —Atxurrean da, laietan da, ikazkintzan da, zama jasotzen da... —Besterik ez? —Gutxi alda? —Zer nai uke? —Irabazi, erruz irabazi. —Ezaiz motela. Igo bear dek. Baita igo ere. Ziñez, deduz, biziro, gau ta egun, ekin zion lanari; txit lan asko egin zuan luzaro, tellagintzan, atxurlari, ardizai, gurigille, esnesaltzalle; danera; nolako nagusia zeukan, zer agintzen zioten. Kolorado ibaiaren ertzak badakizkite Pedro Migelek erabilli zituan otz-bero ta istillu larriak, iñoren mendeko egon zan bitartean. Etzuan bereala ollo errerik billatu. Gizonakandik urruti, ez etxe ta ez eliza, ez adiskide ta ez anima, mendia erri ta zelaia eskaratz, padua lagun ta ixilla oiarzun, gaizki janean ta lo bearrean, piztien bildurrez ta eskergabien ogipeko; iñoren itzik entzun gabe, illetarik nori jo ezta, barruko jantzia zeñek garbiturik etzuala, ondoez baten nork begiraturik etzeukala; osasun bikaña zatika utziaz, almen zoliak iñoren lurrari emanaz; ospel, asper, beartsu ta elbarri; txiroen astoa bezin lerdekatua, txakur gosea bezin maiskal ta igar... bizitza estu, latz ta lakarra eraman zuen Pedro Migelek lendabiziko ereti luzean. Egun itzalak aiek! Amaika bidar damutu zitzaion etxetik irtena! Gipuzkoatik begiratuta, lurralde onak ziran Amerikakoak: Ameriketatik begiratu ezkero, askozaz obeak Gipuzkoako mendi-basoak. —Baño ezer gabe nola etxera biurtu? Saio bizi bat egin artean ez; lenago il. Gutxika gutxika urrutira joan diteke, ta Pedro Migelek, gutxika gutxika, eskukada bat txanpon lortu zuan, arkibide batzuek ikasi zituan, bere gain jarri zan. Ta ordutik aurrera, gaur belardi bat iritxi, diruak idoro ta soroak urratu; biar lur geixeago erantsi, osiñak bete ta barrutiak jaso, urrengoan idi-beiak ipiñi edo kendu, urlia ezagunarekin elkartu ta sal-erosketa berrietan asi; ondorean zor guztiak kito egin ta artu-eman sakonagoetan pizkor leiatu; ekin beti; atsedenik gabe, zirt edo zart, ortik edo emetik jo ta ausian ibilli; oparo nai, edozeri eldu, gogotik eraso, dana ondo etorri... gure izazkiña, hogei urte baño len, oso aberats ta jaun ospetsu izateraño goratu zan. Igoerako malla guztiak iragarri zizkaten gurasoai, bada Pedro Migeli, goraldirik andienean ere, etzitzaion egundaño Oñati burutik eta biotzetik joan. Zenbat eta naroago euki, ainbat areago zetorkion oroimenera bere txoko atsegiña. Txoko artan erakutsi bear ziran ondasunak, zertarako ziran bestela? antxen tajutu bear zan jaiotetxe zarra gurasoentzat; antxen jauregi ederra norberetzat eragin; antxen bere buruari begiratuaz patxadan bizi; bertan ezurrak utzi, aldeaurrekoen ondoan. Baña geroxeago, arloak amaitzean, lan-sare nastuak txito ebakitzean. Diruak egin ta laster eun ogerleko bialdu zizkon amari, eun ogerleko ta guk dakigun gizirudia, ura gauzaren polita, Jesus Maria ta Jose! ta ostera berriz urtero etorri oizan baserrira mutil emalearen eskupekoa, amarentzat edo aitarentzat, orratzetarako, txokolatea artzeko, tabako orria erosteko. Ara zergatik Pedro Migel izandu zan Azkarragako itxaropen ta jaungoiko txikia. Bai, ebagune artan, Azkarragako nagusiak, batez ere gazteak, ezin zuten gorde beren poz ta arrokeritxoa. Iñun entzuten bazuan Antonek, onelako nekazari bei batena ezin ordaindurik zebillena, naiz ta berari ezer galdetu ez, aurki asiko zan: —Guk ba, Jaunari eskerrak, iñoren bearrik eztegu. nere anaia orrek lasai egoteko dio ta... —Len ere naikua lasai zeundeten. —Lengoa utsa da, utsa Oñatiko aundikien aberastasuna nere anaiarenaren ondorako. —Soñua badu beintzat. —Soñua ta izana. Legorretako indianoa etorri zitzaigun atzo geu ikustera, beste gabe, ta badakizu zer esan zigun? —Ez ba, zeuk azaldu bearko. —Ameriketa guztian etzeudela euskaldun bi, aitzen? euskaldun bi etzeudela gureak adiña egin zuanik. —Obe, obe zuentzat. —Gizonik andienak ere txapela kentzen ziotela —Zorionean izan dedilla, ba. Auzo-billeretan iñor aberats-ipuirik aitatzen asi ezkero, Mari Batistak azkar aterako zuan maira bere aidea: —Aberatsa gure Pedro Migel. Arren lurrak eta arren abere taldeak omen dira alakoak! Bere bazterra ikusteko bost ordu bear omen ditu, zaldiz. Millaka omen dauzka beiak eta idiak. Karrika bat osoa berea omen du Buenos Airesen. Probintzi guztia erosteko ta geiago zillar izango duala aitu degu. —Eene Jaungoikoa! Errege beste bada noski. —Errege beste... Tira, an ez omen da erregerik, baña... —Bera egiten ezpadute... —Nork daki? —Jas! ... Aita San Isidro bedeinkatua! Guk ikusi bear ditugu ikustekoak ura datorrenean. Bai aldator? —Baietzean dago; berak Oñatin il bear omen du Baña etzan etorri. Ogei urteko ardura ta lan zindoak nekez baño nekez gallurtu zuan bezela, etengabeko beraldi okerrak, sei edo zortzi illabetean, oso aisa txautu zuan Pedro Migelen aberastasuna Bata bestearen atzean ezbearrik andienak, gertatu zitzaizkon: lenbizi lur-ikarak; gero legorteak; urrena berriz agindu naikoen guda zitalak, kurruka makurrak, azpikeriak, lapurretak, erri ta ibar kiskaltzeak; eta guztia zearo bukatzeko, ekaitz ujolde leitsu negargarriak. Ondasunez beterikako gizona ezerezera itzuli zan, bada. Oñatin albiste txar auek jakin ziranean —au kristau batzuen izakera dollorra!— Uribarritarrak etzuten batere naigaberik izan. Albokoa norbera baño goraxeago ez ikusteagatik, larogei eguneko garizuma igaroko lutekenak badira, maiztxo, maiztxo. Azkarragara etzan geiago Ameriketako dirurik azaldu, ez dirurik ez albisterik. Azkenengoak, eztakit zeñen bitartez erakarriak, Pedro Migel ezin jaiki zala, zioten, etsipenean erorita bestien bearrean zegoala. Orduan elorrio. Lotsariak oso ixildu zituan Antonen ta Mari Batistaren mingañak eta Pedro Migel zanik etzuten aitatu ere nai. Ixildu? Eztago gauza egokiagorik zerbait aztu erazteko. Gure izena mingañean ezpadabil, aztu gerala dirudi edo aztuta gaude. Aitamak il ziranean azkar aztu zan ikazkin zorigabea. Txito baña, aspaldietan baña. Mikallak berak etzuan ezagutu, erretratoan izan ezik. Neskatxa zala esan oizion amak: —Ikusi zan, Mikallatxo; ara emen Ameriketako ire osaba, asko dezakean gizona, etxe ta lur ugarien jabea. Arrek iri ekarriko dizkian belarritakoak, eraztunak, pitxiak eta soñekoak! Danerako zeukan, eskuzabala den, maite gaitun. Andi aizenean kotxean ibilliko auanala uste diñat. Baño arrezkero, luzaroan, urtietan, mutik ere ez, osaba il balitz bezela. Ezkontzeko aurrean galdetu zuan Mikallak: —Ama, gure osabaren berririk ez alda? —Ai ume! andik etzion ezer. Geurearekin bearko. Etzan geiago Pedro Migelen izenik entzun Azkarragako baserrian. Ala ere an zegoan oraindik bere gizirudia, loi ta ezaña, autsez ta pekaz betea, amaraunez erdi estalia, beaztunez bezela orizkatua, lengo tokian zegoan, betiko agortu dan iturriaren tankera, arrenik egiten etzaion donearen itxuretan, ganbara bazterrerako aurki, garbiketaren bat egiten zanean. Zar guztiai begirune diet, aztutakoen adiskide naiz, erorita daudenak erruki ditut, eta orregatik irakurburutxo au Pedro Migelen oroitzan egin det. Goazen orain geure arira. __________ XIV. NAI TA EZIN —Eizera, Moxolo? —Eizera edo... Izerdi pixkat atera bear detalata, ibilli. —Izerdia aterako dek, baño eperrik eztek iñun billatuko. Etziok ezer aspaldietan. —Izango aldek zozoren bat edo beste. —Aizak, ara, or ziatorrek erbi bat, erbiñudea. —Zein? —Zabaletako andre zarra. —Baitare. Bazekian Moxolok zein zetorren. Enparantzan ikusi zualako erten zion bidera. —Egun on, Andre Josepa. —Egun on, eiztari. —Itz bat esan nai nikizu. —Zer dek, Moxolo? —Zure illobak itxuturik nauka. —Zeñek? —Malenek. —Itxuturik? Eztek orduan ezer ikusten. —Gauza andirik ez, baña zoriona non dagoan badakit eta bere billa nabil. —Berandutxo abillela uste diat. —Nola? —Zoriona beste batentzako dalako. —Martiñentzat? —Bai. —Etzaitzu aztuko Martiñek dirurik eztuala. —Ik eztakik ori. —Badauka ere, nik aña ez beñipein. —Zer daukaken guk etzekiagu, baña ontzurre ori erakusten dek beintzat, txilbor gañean. —Bat erakutsi ta asko gorde, asko; ontzurreak eta librak, Ana Josepa. —Urretan? —Urretan. —Joosus! Libraka urrea! Orratik ori ikustekoa izango da. —Ara bat emen. —Ori aldek libra bat? —Bai, libra esterlina. Eskerliña, eskerliña... Ori, mutil, eun errealekoa dek Oñatin. —Baña libra esaten zaio. —Ai enetxoa! esatetik izatera bide andia ziok. Orrelako asko bear dira libra bat egiteko. —Baño au ezta bakarra. Etxean ere baditut eta Bankoan eta korrituan... —Danetara, zenbat izango dira ba ire diruok? —Danetara, laurenbat milla ogerleko bai neureak, eta gero aitarenak. —Geiago eukala uste nian, ainbeste arrokeri jotzeko. —Gutxi alda ba? —Ez, gutxi ez; nekazari baten alabarentzat... Ana Joseparen barrua, urre pillaren argia bere aurrean irudituta, irakiten bezela jarri zan, ta barruko berotasunak arpegira erten zioten andreari. Gauza ona zeritzan odolekoai begiratzea, baño ainbeste diru ate-aurrean utzitzea ere ba... Igarri zuan besteak andrearen ezbaia, ta parre antzean, aoa belarrietaraño zabalduaz: —Banekian nik —esan zion— ezetzik etziazula erantzungo. —Eztiat ezer agindu, mutil. Berandu etorri aiz. —Lendik daukat eskabide eginda. —Zeñi? —Maleni. —Noiz? —Zortzi illabete bada. —Ta zortzi illabete andian eztik ezer aditzen eman? —Ez, lotsatia da ta. —Bada orduan... —Bat batera otu zitzaion Ana Josepari eskabideak luzapena bear zuala. Alde batetik diruari begiratzen zion, ta dirua beti zan atsegingarri; baño bestetik norbere itza jatea etzan itxurazkoa, ta gutxiago, etxekoen berri gabe, aidien kaltean epaia ematea. Gañera, Malentxok zer zerabillen ta ze gogo zeukan jakitea etzetorren gaizki. Arrek nai izan ezkero... baño bestela zer egingo zan ba! —Orduan zer? —Astia badagolata... ez gaitzazula ito. —Bien, bien; baña gogoan euki Martiñek eztizutela ezer eramango. —Berriz ere? Gizona, ire dirurik izan ezarren, baburrunak jateko lain badiagu. —Ala da, bai; baño ezta gaizki Martiñek baburrunak bear baditu, ni eznatorrela baburrun billa oroitzea. Nik Malentxo nai nuke, Malentxo bakarrik. Neuk emango diot jaten, neuk jantziko det, neuk ekarriko dixkat pitxirik ederrenak, neuk eramango det erri andietara, neuk... Ekin zion Moxolok maitetasuna esaten, Malentxo goratzen, Ana Josepa txurikatzen, ta bein abiadea artu zuanean, etzegoan mutilla ixiltzerik. Esan ta esan, eragin ta erabilli, geroago ta biziago, aspertu eziñik egon zan bere leloa Zabaletakoari azaltzen, iñork uste baño tankera obean. Ura etorria! Etzuan berealakoan amaituko, Ana Josepak itza kendu ezpalio. —Tira, joari Oñatira, naikua data. Ezari alperrik agortu. Ire jarduna, ezkongei guztien jarduna dek. Jardun ori gora bera, egin bear dana egingo diagu Zabaletan... —Ba, neuk deitzotadana ezpada... —Ik deitzokana ezpadek, zer? —Zer? Nere burua Urrejolako arkaitzetik bera botako detala. —Botazak nai badek. Zapuzturik eta mingañean zeuzkaten zitalkeriak nekez irentsiaz, batak besteari bizkarri eman zioten. Bazijoan amonatxoa, bazijoan baserrira, neskatxa gaztea baño pixkorrago, ardatza baño tenteago, bere artean mintzatzen, bazegoan gaiata. Arranian albistea! Moxolok, Oñatiruntz ibilli aldi bat eginda gero, andreagana biurturik, bere griña ta zima txarra onela esanaz erakutsi zuan: —Atso sorgin madarikatua! Ez siñistu, nere burua botako detanik ez siñistu! Ez nere bururik: besteren batena, zurea izatekotan. Bada-ezpadako erantzuera badakartzu, sentellas!... Ana Josepak etxeratu zaneko asi zan Maleni erausika: —Bazenki zer igaro zaitan! Moxolo Potolok erten dit bidera, eskean. —Eskean? —Bai, neskatxa baten eskean. —Neure billa. —Ara. Jakiñan gañean altzeunden? —Aspaldian dabil mutil ori... —Aspaldian, e? Guk ezgenkigun ba. —Zertako? Ezer egin bear eztanean... —Etziñateke, beraz, Moxolorekin ezkonduko. —Ezergatik ere ez. —Lau milla duro omen dauzka. —Berdin da ogei badauzka ere. —Orra ba, orra ba... Ondo da jakitea. Zalantza pixkat izan det, baño, tira, nai ezpadezu... Martin etorriko zaigu obeto. Moxolok diruak dauzka, bai, baño, egia, ezta baserrirako gizona ta ezta zu ere ardangelarako emakumea. Ardangelan zu epintzea, erregiña txerritegian jartzea bezela da, aketza lorez apaintzea. Eztakit nola otu etzaitan. Lau milla duroak ematen dirate min. Martiñek baleuzka... Utzia ta baldana bai gure Martin! orrek onezkero dirua aurreratuta euki bear zuan ba. Zeuk erakutsiko diozu aurreratzen, langillea ta etxekoia izaten, elizara joaten... Malenek etzizkion bukaerako itz auek entzun, Martiñen izena aitatu orduko, muker ta minkaitz, aldegin zion amandreari. Onen mingaña etzan, ala ere, gelditu. Belarrondoko tximak zapipera sartuaz, gañeko gonea kentzen edo oñetakoak aldatzen aizala, berak bakarrik jarraitu zuan: —Nora joan ote zait umea? Lotsakorra da, bai, lotsakorra da, ta eztu orrelako autuetan ibilli nai Tamal andia izango zan ori Moxolonean sartzea. Baña orixe dago ba! txanponak euki Moxolok. Lau milla duro bereak eta aitarenak gañera. Aitarenak geiago, askozaz geiago. Auskalo igaroko urtietan zenbat irabazi duan ardo zikiña edo ibaiko ura salduaz. Jaungoikoak badaki geure Iñaziok berak zenbat eman dion lapurrari alakoari... Eztio ajola, geu ere utsik ezkaude ta jaso daikegu oraindik Azkarragako baserria. Obe da belaunekoari laguntzea, obe da pakea. Ana Josepak onela ziarduan bitartean, aizan Mikalla ere, Azkarragan, Paula burutu eziñik. —Gauza bat esan bear diñat, neska, bakarrik gauden ezkero. —Asmatuko nioke. —Etzakiñat; ustegabea den. —Ustegabea, dio? —Bai, usterik gutxienean Jaunak zerutik biraltzen digun doaia. —Ainbestekoa ezteitzot ba. —Ago ixilik eta aditu zan. Gu gaizki bizi gaitun, oso gaizki. Nik eztiñat nere estutasunen erdirik agertzen, baño aspalditxoan estu asko bizi naun. Oliotarako etzeukanau, aora daramagun ogi pusketa zor ta lorrean jaten diñagu, nolako lotsariak igaro ditutan iñork etzekin Erañegun goizean, Anton Urdaik, ia noiz eman bear nion berea esan zidan, ainbesteren aurrean; gaur bertan, Panpotek, zorra ordaintzeko ordua dala adierazi dit. —Eta neri ezer aitatu ez! —Ezniñan aitatuko ere, orain dakitana ezpaneki. Ez larritu: guztiai emango zeñenau berena, ta laster. I ta Martin ezkontzeko era egokia etorri zaidan. I Zabaletara ezkonduko aiz, Manuelekin izateko; Martin etxerako geldituko den, Malentxo emaztetzat duala. Au zori ederra, Paula! Bein edo bein. Malentxorekin batera zetorkiñau dirua, baño baita ere diru ta ondasun guztien gañetik dagoana: zeruko argia, pakea, osasuna. —Ez amesik egin, ama: Malen ezta gurera etorriko. —Ezten siñisgarria, amesa zirudin, baño egia den. Amonari berari gogoratu zaion, ta Kataliñek eman zidan albistea lengo baten, ixillik euki diñat baña. —Kataliñek eta amonak nai duenik ezta gertatuko. —Bai, gertatuko den, Jaungoikoak nai din ta. Etorriko den Malentxo, ta berak alaituko gaitzin, berak jantziko din gure etxe zarra, bera izango den Azkarragako aingeru. Ik berriz Zabaletan, aitonen ondoan, zorioneko egingo den Manuel zintzoa, ta emengoak an ta angoak emen, nai degun tokian biziko gaitun, denok alkar ondo arturik, beti alkar maitatzen, illarteraño Jaunari eskerrak ematen. —Ez siñistu, ama: ni... Manuelentzat ez naiz izango. —Zer dion, neska? —Barruak eztit agintzen. —Manuel, gazterik iaioena, etxejauntzarik andienetakoa, oberik eztuan mutilla, inguruetan iñor ez bezelakoa, nai ez! Zergatik baña? —Neuk dakit. —Paula, ezaut gaur ezagutzen. I, nere poz bakarra, orain artean ain ona, ain leiala, ain errukitsua, ain ama zalea, ain... Ta keixu aldi onetan... (Negarrez) Paula, ik eznaun maite! —Itz oiezaz eriotza ematen dit, ama. —Eriotza neri zetorkiñat laster, neri. Ire ama gaixoa, txiro, beartsu, iguinduta ikusiarren, iri eztin ajola, ez, eztin ajola! —Ai ama! Biotza lertu bear zait! Kupitu bedi nizaz! —Ni kupitu, ta i? —Laztan bat, amatxo. —Bat ez, bi, lau, zortzi. Ara, ara, ta ara. Baño... ezkonduko aiz, ezta? Premi andian arkitzen naun ta! —Ezin neike! Ezin niteke! Izketa oiek ostiral bateko goizean ziran, epaillaren erdi aldera. Bazkal ondoan, Manuelek eta bere aitak Oñatiko azokara jetxi bear izan zuten, ta —esango aldegu?— baita ere Azkarragako Iñazio Marik. Jose gelditu zan etxaldeari begira, ta Martin alderdi guztietan usaika, Malentxo nun arkituko, neskatxari nundik zerbait adieraziko. Arratsalde beranduan, Malentxo aitonarekin atarian zegoala jakinda, berakana joaten ausartu eziñik, Martin, Zabaletako beitegian sartu zan ta beitegian billatu zuan Iturraldekoa, aberei bazka ematen. Mutil biok, aspalditxoan, ezin zuten batak bestea ikusi, etxeko zakurrak auzokoari bezela begiratzen zioten alkarri, ta beren arteko mintzoa aopeko marmarreta izan oizan geienbat. —Arratsaldeon. —Bai zuri ere. —Egualdi polita gaur. —Ederra. —Onelakoak badira, aurki joan bearko dek Urbiara. —Ori nai euke. —Zergatik diok? —Zerbaitegatik. —Min aldek? Nik auzia irabazi detalako min? Iz... ari ba. —Etzekiat auzia irabazi dekan ala ez, baño i ezaiz senargei ona Malentxorentzat. —Eu obea, eu. Ze uste uan ik? Gurera morroi sartu ta bertako jaun ta jabe izatea? Ez jaun ta ez morroi, ezaiz iñola emen izango. —I alaiz nagusi? Ik baño lan geiago egin diat nik emen. —Baita jan ere galanki, goseak ekarri ituen da. —Obeto itz egin zak. —Nai detan bezela itz egingo diat. K... egiten diat nik iri. —Zer esan dek? —K... iri, k... ire aita ordi akerrari, k... ire ama ustela zikiñari. —Jose kiskaldu zan. Lipar baten, tximista bezin agudo, Martiñi lepotik eldu, simaur lindinga jo erazi, ta bere gañean luze, zintzurretik estutzen zuala, zapladaka ezin aseaz, buru, musu ta okotzean ukabilka, txautu ta zukutu zuan etsai likitsa, artzanorak mendean daukan otsoa zukutzen duan bezela. Ikaragarrizko biraoak ertetzen zioten azpikoari, ta gañekoak, birao bakoitzeko, eskukada korotza ematen zion aora. Ortxe, arraiorrek! Nere gurasoen izen garbia, Jaungoikoaren izen donea loitu nai badek, ara satsa, ara ziriña. Jan zak, lizun orrek, jan zak! Borrokarien oiuetara beingoan inguratu ziran sukaldeko emakumeak, eta gallen ikusi zuanari eman zizkon Ana Josepak, atxur kirtenaz, iru edo lau zartateko, galantak baña. —Zertan daukazu zuk zer jo gure mutilla? —zion amonak, txilioka, suak arturik. —Orrek esan duana entzunda... —Orrek esan duana? Ta ik egin dekana? Ik, zital, gizatxar, naspillari orrek egin dekana? —Ori ta ni ezin gintezke zorro batean bizi. —Bada, orduan alde, alde, nai dekan lekura. Ori etxekoa da, ta i etzekiat nungoa. Mukizu bat etorri itzan, zer janik ez uala... —Aitu det, amona; len ere aitu det, eta gañera neuk ere banekian, bai ondotxo. Azkarragakoa txistuka, arpegia igortzika, ta norbaiti esteak aterako zizkola esaten utzirik, Jose aitonagana aurkeztu zan larrañera. Joanesek, nola gorra baizegoan, zerbaiten zurrumurrua baño besterik etzuan sumatu. —Zer izanda or? —galdetu zuan. —Ezer ez; Martin ta ni aserratu gera ta... —Ta? —Jakin nai nukeala ia zertan dagon arako bedorrek esan zirana. Malentxo neretzat izango zala edo... —A, bai! Ara ba, Jose, nik nai nian, baño ezin diteke... Berak, oraintxe bertan... —Naikua det, geiegi det. Ondo geldi bedi. —Nora ua, mutil? Ator onera. Ana Josepak, ukulluko atetik, zar-gaztien izketa urratuaz: —Ortzak loka loka jarri dizka! Aotik odola dariola ipiñi du nere illobea! Ergel, sepatsu, ziraun, kilimakor, gaizkille... .......................................................................... Ordu batzuk geroago, eguna zabaldu baño len, Zabaletakoak lotan dauden bitartean, Josek, jai-soñekoz jantzirik, sagastegiko estratan bera. Oñatirako bidea artzen du. Arpegia illun darama, illunagoa biotza. Nola ez? Auzotegiari betiko egiten dio agur, Zabaletatik betiko ateratzen da. Etxe artan egin ditu bere umetako jolas apurrak, antxen jan du izerdiz ondo irabazitako taloa, antxen uste izan du zorionaren edaria eran bear zuala. Bai, etxe artakotzat zeukan bere burua, baño angoa eztala esan diote ta beste aterperik eztauka! Naigabearen eztenak izugarrizko sastadak ematen dizka. Sastada zoliak Malentxoz oroitzean. Errukarria Malentxo! Esku onetan erori bear du... Ai! Neskatxa ura ezta itzeko emakumea izan «Iñorekin izatekotan, zurekin», esan zion bein, ondo gogoan dauka. Aingeru batek orrelako gezurra esan bear zuanik etzuan uste. «Zu ta ni anai-arrebak gera», azaldu zion, ta Jose anaia, esakerarik garratzenez iraindu zutenean, etxetik ertetzeko agindu ziotenean, itz gozo bat ez, begirada bigun bat ez anaiarentzat. Ez Malenek, ez beste iñork. Arkaitzezkoa zuten erraia. Min bizi bizia dauka Josek Joanesen oroimena datorkionean. Miate du aiton zarra: ura izan du bere gurasoa; ura da, Zabaletan, biotzik andi ta samurrenekoa. Eztio mutillak agurrik egin; badaki etxean gelditzeko eskatuko ziona, badaki umezurtzagatik arpegia aterako zuana; baña ori eztu nai umezurtzak. Entzunak entzunda gero, ikasiak ikasi ezkero, ezin dezake arnasarik Zabaletan artu: ito egingo lizateke, Ta gañera, Martiñen aurrez aurre berriz jartzean zeñek daki zertaratuko zan? Garbi ezta ezer ikusten, baña bide bazterrean norbait dagoala dirudu... Bai, emakume bat, neskatxa gazte bat... Paula. —Goiztarra zabiltz, Paula. —Zu goiztarrago. —Zerk zakarz? —Zu ikusteko gurariak. —Eskerrik asko... Negar egin dezu. —Egunoro nik negar. Bart arratsean egin ditut negarrik andienak... Norako asmoak dituzu? —Aldakit? Zeñek jakin non geldituko dan ekaitzak aurrean darabillen osto legorra? —Zuzpertu zaite, gizona, zuzpertu zaite. Zu etzera osto legorraren antzekoa. —Or nunbait. Ez aitarik, ez amarik, ez aiderik, ez dirurik, ez zeri eldurik, goian zerua ta beian lurra... —Eztizute ezer eman? —Eznuan artuko ere. —Baña zeuk ertengo zenduan? —Egin zazu jaurtigi egin nautela. —Zu jaurtigi! —Bai. Adu oneko egin ditzala Jaungoikoak. —Jose, zure gisa nago ni ere! —Ez, nere gisa eztago iñor. —Adi zadazu nere illeta: orretara etorri nazaitzu. Gure baserrian, atzo jakin detanez, oso bearrean gaude. Aita, bere bizi guztian, ziranak eta etziranak eralgitzen ibilli da, Martiñek gaiztakeria baño besterik eztigu ekarri, ardita zer dan ia eztakigu Ta nere amak eta gure amonak, etxea zerbait jasotzeko, ni Zabaletara ezkontzea nai luteke. —Ta Malentxo Azkarragara. —Utzi zaiozu orri. Ni Zabaletara, ni, Manuelentzat. —Zer gauza oberik? —Zer okerragorik esan naiko dezu. Alde ortatik dator nere inka. burutik berañoko larrua eskatuko balit, eznioke nik amari ukatuko; egundaño eztiot atsekaberik eman, egundaño eztiot ezetzik esan, ta atzo ezetz erantzun nion. —Ezetz? —Bai, ezetz. Ni eznaiz Manuelekin ezkonduko, ezta zuzi zuzi, zati zati, birrin birrin egiten banaute ere. —Zergatik baña? —Zergatik? Nik ere, zuk Malentxo maitatzen dezun bezela... edo geiago, beste bat maitatzen detalako. —Erruki zaitut. —A ze bi gauden gu! —A ze bi... bat izan bear gendukeanak! —... Agur, Paula, ikusi arte. —Eztirazu ezer geiago esaten? —Iñori baño esker obea zuri zor dizutala. —Besterik ez? —Ezin! —Agur ba agur! __________ XV. AGERPENAK Zabaletako baserria utzi baño len galdetu izan balio Josek, errez jakin eraziko zion aitonak nondik zetorren lengo usteak aldatzea. Gogoa bazuan. Ain zuzen, gure umezurtza larrañean aurkeztu baño lenxeago, Joanesek eta Malentxok agerpen andiak egin ta esatekorik ezkutuenak esan zizkioten alkarri. Arratsaldea zan alakoa, ezti, garbi, eder ta esnagarria, biotzean egoak ipiñi ta animari zerurañoko bide zabalak ireki erazteko arratsaldea. Eguzki epel indargetua, lurrik geienak kerizean utzurik, azkenengo argi-orratzak mendi gandorrari sartzen zegoan, zarka-xortaka; egurats emea, illuntzeko aizetxoa, osto berrietan jolas egiñaz, belar luzeak zabulunduaz, aiton-illoben arpegiak igortzitzen aizan, bigun bigun, aingeru lumaz bezela; txori xe alaiak, tarin, burubeltx, karnaba, txantxangorriak, egun guztiko ibillera ta txio jotzez nekaturik, sasi-zugazti barruan zeuden, lumapean mokoa gordeta, tuntun jotzalleak bere txistua zorroan gordetzen duan irudira; saguzar itxusi baldarrak, enaiz-banaizko ega txepeletan, batera ta bestera zebiltzan eiztari, eltxo ta samorro billa; lenbiziko izar gozoak, ozkarbi urdin sakonean, agertu zuan bere argi atsegiña, urre ale biziaren gisa, ta osiñetako igeltxoak, klin klon, klin klon, asi zuten baserrietako gau soñu berdin ta iraunkorra. Joanes ta Malentxo, ezpañik zabaldu gabe, izadiari begira gelditu ziran. —Guri entzuten iñor balego... —mintzatu zan Joanes, bat batera. —Eztaukazu zer esanik, Malentxo? —Ez, ba. —Aspaldietan goibel zabiltzala nago. —Egia da. —Zer dezu, enetxoa? —Zer? Gauza bat, gogo bat, ioran bat... —Ezin iritxi diteke? —Iritxi bai, denok batera etorriko bagiña. —Aitor zadazu. —Min emango diot. —Aitor zadazu: zu poztutzea da nere poza. —Nik... mojatarako ustea darabilt. —Neskato! —Bai, antziñatik, oso antziñatik. Aldetan guztian Bidaurretako elizara nua; bertan, nere arrenak egiteko txoko jakiña daukat; eztitan bezela egoten naiz, barrukoen otoitzak entzuten; zerua deritzat aien artean bizi alizatea... ta gauza guztien gañetik orixe nai nuke. —Au albistea! —Txarra? —Txarra ez, txarra ez... baño eznekian, eznuan uste, etzait bururatu... Bai aldaki bestek? —Jaungoikoak eta Bidaurretakoak. —Aditzen eman diezu beraz. —Bai, jauna. —Zer diote? —Tokia badagola. —Nik Joserentzat nai ziñuztan. —Amonak ostera Martiñentzat. —O, ez! Martiñentzat ez: eznion nere baimenik iñola emango. —Baiña Jesusi bai, aitona; Jesusi bai, ezta? —Jesusek berea zaitu... Alabatxoa; nere begi gandotuak, ia ezer ikusi ezin duten begi auek, ordua datorkitanean, laster, zeuk itxiko zeunztalata nengoan... Zu zera, ez bakarrik nere samiñen eztia, baita ere nere luzapena, Zabaletako zuaitz zarraren kimu berri maitea... Baño neuk ere, nere antzera, Jaungoikoari eskenita zauzkat eta Jaungoikoak ondo artu bear izan du nere oparia. Bere oldea egin bedi! ... Nai dezunean, bada, berbertatik joan zindezke. Ni ilda gero joango baziña, neuk utzitakoa emango nioke Jesusi, ta eznuke orrela nai: eztiot neuk utzitakoa eman bear; neuk daukatana, neuk lurrean geien geien maite detan izatea emango diot, naiz ta, zuk etxetik ertetzean, nere biotza zauriturik odola dariola gelditu... Ta Joserena? Jose gizagaixoa! Jaungoikozkoa da mutilla ta orri eskerrak. Etsiko aldu... Zoazkit, Malen, Martiñek alde auetatik iges egin dezan; zoazkit ainbat lasterren Jose gurea nolabait artetu dedin. Bera ta Manuel izango dira nere azken orduetako lagunak, zure ordez, zure izenean. —O zein ona dan nere aitagoia! Ederki esaten du. Jaungoikoari guretzat geien opa deguna eskeñi bear zaio, ta gerorako utzi gabe, biar edo etzirako luzatu gabe. Berak ordainduko du gaur berorrek egiten dion oparia. Nik, besterik ezin dezaket, baña egunoro otoitz egingo det berorren alde. —Bai, egin otoitz nigatik, zure aideakgatik, Euskalerri guztiagatik. —Baño ta nork esango dio amonari nere asmoa? —Neuk: nere gain utzi zazu. Onetan zeudela igaro zan mutillen borroka, ta bereala Jose aitonagana aurkeztutzea. Etzan beta egokia. Burua norbere gauzaz betea dagoanean, iñoren eztabaidetan sartzeko gogorik ezta izaten. Malentxok gau artan lo gozo gozoa egin zuan. Lo gozoa ta amesik ederrena. Aingeru zuriz inguraturik Bidaurretako elizgoian zegoala iruditu zitzaion, etxe on artako beste emakume garbien aldamenean, zerutar lore tartean bezela, ta Jesusek ongietorri zintzo bat emanaz, Jaungoikoaren izkera leun zoragarrian, itz auek esan zizkiola: «Zai nengoan, Malen, bada neretzat sortua zera Anima zalea naiz, animen egarria daukat, eta luzaroan egon naiz zurearen atarian, luzaroan egon naiz zuri deiezka: "Banator, banator", esaten zirazun, baño etziñan agiri. Noizbaiten ere Zabaletako lokarriak urratu dituzu, zure aideak nigatik utzi dituzu, nik zugatik zeruak utzi nituan tankeraz. Sarituko zaitut. Gaurtik geiago zu ta ni alkarrekin izango gera. Ementxen egongo naiz beti zurekin ta zure aizpatxoakin; ementxen aseko zera nere maitasunez; bertan apainduko zaitut zeruko doaiz; bertatik ikusiko dezu, Aloñatik baño urrerago nere betiko jauregi ederra. Nerea da, baño zuri eman nai dizut, errege naiz ta erregiña egin nai zaitut, dena dezaket eta eskatzen dezun guztia iritxiko dezu». Ta Malentxok, belauniko jarrita, jarleku berezia eskatu zion Jesusi aitonarentzat, berarizko laguntasuna etxeko danentzat. Joanesek etzuan orrelako lo ederrik egin. Gau guztia begirik itxi gabe igaro zitzaion, gañera zetorkion bakartade itzala neurtzen, bere burua oso minberatzen, itz batzuk bakarrik esaten: «Jauna, Jauna, asko zor dizut, baña ematen dizutana baño gauza oberik eztaukat; nere oparia, Zuk badakizu, nik aldezaketanik andien andiena da!» Jaiki zanean, etxekoandre zarrarekin naikoa itz eginda gero, Joseri deitu zion. —Datorrela Jose. —Eztakigu non dan. —Billatu zak, Manuel: arrekin egon bearra zeukat. Kataliñek: —Norabaitera joan ezpazaigu. Jaiegunetako jantzirik eztauka gelan. Malenek: —Egingo nuke, amandrearen atzoko garrazkeriakatik. Manuelek: —Etzuan orrelakorik egingo. Neri aitzen eman gabe? Malenek: —Ezkenduan ezertxo dendatu. Egia, ni eznengoan ezertarako... Baño Josek badaki, jakin bear luke amandrea nola dan ta gu zer geran. Ana Josepa: —Auxen dek auxe! Batak moja dijoala, ta besteak, norbere berotasunean zerbait esan zaiolata, etxetik alde. Kataliñek: —Zeñek moja? Malenek: —Neuk, amatxo. Kataliñek: —Jesus Jaungoiko andia! Manuelek: —Onelako istillurik! Azkenengo itzak, esanbearraren esanbearrez, bata bestearen gañean, alkarri eutsika, naspillaturik erten zuten; baña itz-mataza guztia baño sendoago Joanesen galdera larria entzun zan: —Zer egin diozute Joseri? —Utsa. —Utsa? Utsagatik ezta ura etxetik aldendu. Zabaletako atean etzaio iñori egundaño bultzarik egin, ez errikori ez erbestekori, ta gutxiago beartsua izan bada. Edozeñek euki du gure maian oporra bete salda eta etzaio ukatuko ere ni bizi naizan artean. Etxe onetako morroiak etxetik ezkondu dira edo bertan il dira, beren gogoz erten ezpadute. Katillua. Baño ezta Jose gure morroi, ta neke azpian erabilliarren, eztiogu beñere alogerik eman. Etzazute aztu: nere adiskide on baten semea da; neuk esan nion orren aitari, eriotz aurrean, nere illoben antzera maitetuko nuala Jose, ta maite det, maitegarria data. Bai maitegarria! neuk dakit zer gurutze daraman ta nola daraman! —Guk ere maite degu. —Ekarri zadazute, bada, Jesusen izenean! ekarri zadazute dagoan tokitik. Aurki idoro bear det nere adiskide zarra ta eznuke bere aurrean lotsatu nai. Manuel, joari, Joseren billa. —Nora baneki. Malenek: —Paulagana joan zaite. Arrek jakin oiditu Joseren ipuiak. Eta ezer ezpadaki ere, bera baño oberik ezta iñor Jose nun dabillen antz emateko. Arriturik gelditu ziran gure gizadiak albiste auek ezagutzean. Batez ere Malentxoren burubidea. Ana Josepak aitonari erantzuteko gaitasunik etzeukan. Eztedilla iñor miraritu: maitetasunak arpegi edo alderdi asko dauzka, ta alderdi guztien berri jakiteko, nor dan maitale, noiz dan maitale, zeñen zale dan, norako joera daukan ezagutu bear da. Begira dezagun nola maitatzen duan aurrak aurtxoa: berez, kezka, lege ta eragozketa gabe, txepetxak txepetxa bezela; begira nola gazteak gaztea: biotzez, bero beroan, itxu itxuan, irudimenaren laguntzaz indarturik; begira nola gizon zarrak: buruz, benaz, otz samarrean, norbaitek dauzkan zerzeladakatik. Ez, gure maitetasuna ezta danentzat era batekoa, ezta ere beti berdiña. Sakon ta iraunkorra izanarren, lotan egon oida sarri, aztuta, gordeta, estalirik, auspena dagon suaren antzera. Maitetasunak, bere agerraldirako, egun, ordu ta garaiak dauzka, ta ordurik samurrena maiteari agur egin bear dioneko garaia izaten du. Ordu ori sumatzean berritu zitzaion Ana Josepari Malentxorentzat gordeta zeukan maitetasuna. Berritu, ezetu, esnatu edo orrela zerbait. Ta Kataliñi? Kataliñi, ama zan da, bere alabaganako gogo bizia, lera zintzoa, griña sutsua, beti berri ta eze iduki zuan griña ona, txito azi, zearo anditu, beingoan zolitu, ezin geiagoan minberatu Neskatxa ura, neskatxarik argiena, maratzena; egundaño oker bat egin etzuan neskatxa, erantzuera gaizto bat eman etzion umea, zitalkeri bat zer zan etzekiana; eskurik garbienekoa, biotzik biguñenekoa, elurrezko azal ta izar-begien jabea; alaba ederra, alaba zogia, alaba liraña, alaba kutuna, zartzaroko itxaropen gozoa, orma itzalen ostean sartu bear zitzaiola! Jeesus! Ainbeste txera ta palaguz seaskan ta magalean aurra euki; ainbeste arazo ta neke norbere umea norberetzat azitzen artu; amaren ondasuna ume ura izango zalata ainbeste ames egin; bere begietan bizitza edateko, etxean ezin bazan etxe inguruan lotu nai, ta onik onenean, goizetik gabera, bazijoala, burni-sare baten atzean ikusi bearko zuala, noizean bein, besteren batzuk utzitzen ziotenean. A! Ori etzan lege ona! Benetan, orrenbeste ta geiago opa zion Jaungoikoari, baño, sartu zitezela bestien alabak; egiaz, aingerutzat azi zuan Malentxo ta Bidaurretan zegoan aingerutegia, baño Jesus ba, Jesus! —Jose Ramon, zer egin bear degu? —Jaunaren oldea izan dedilla. —Orixen da gizonaren baretasun. —Zer nai zenduke ba? Baimena ukatzea? —Ez, baña. —Jaungoikoari gogor egitea? —Ez, baña... Etxekoak beren elean utzita, Manuel Azkarragaruntz atera zan. Goibeletik trumoira, euritik erasoaldira. Paula ta Martin agiraka zebiltzala, ta gogor ala ere, urruti aldetik ezagutu zuan Manuelek. Atean sartu baño len ekin zion Paulak, oiez bezela, beretik ertenda, deadarrez, estanda egin bearrean: —Borreruak zerate zuek, biotzgabeak, gizagaizkiñak. Egin lana Zabaletan, urkatu arte lan egin, ondo erantzungo dizueta. Bear zaitut eta geldi zaite, bear etzaitut eta ken zaite. Orrelakorik ezta iñun ikusi. Baño auzotegiak zuen egintza jakiten duanean, erriak jakiten duanean, lotsatuta gelditu bearko dezute. Neu izango naiz gaiztoen gaiztoena zuen nabarmenkeria zabaltzen. Martiñek: —Ago ixillik, txotxiña. Paulak, ezentzun eginda: —Ta ez uste izan, zoriobekoak izango zeratenik, ez uste izan. Jaungoikoak ezingo zaituzte bedeinkatu: ez Jaungoikok, ez gizonek. Gaurtik aurrera, zuen etxean gizadi zintzoak ezluteke ankarik ipiñi bear. Nik behintzat... Mikallak, aria ebakiaz: —Ixo, Paula, ixo. Paulak, bereari jarraituaz: —Ez, ama, eztet ixildu bear: obeto du nere aotik jakitea. Manuel, ni eznaiz zurekin ezkonduko. Mikallak: —Etzaiozu jaramonik egin: gaur onek zer esaten duan eztaki. Paulak: —Bai, amatxo, badakit; badakit etxearen kaltean dana, badakit berorri negar eragiten diotana. Eznioke miñik eman nai, ta ala ere biotzak biraltzen dizkit itz auek aora, biotza darabilt agintari. Manuel, gu legusuak gera ta ez senargaiak; amonak egin gaitu senargai ta ez Jaungoikoak. Zu beste bati zerbait esana zera... Manuelek: —Bai aldakizu Jose nun dabillen? Paulak, deadarra beratuaz: —Bostak baño len, sagastegiko estratan bera, negargarri joan da. Martiñek: —Lupuak jango aldu, dagoan tokian lurrak irentsiko aldu. Manuelek Martiñi: —Mingaña luzea ik. (Paulari). Paula, guk eztegu bialdu Jose. Martiñek: —Neuk aterako det, makilka. Manuelek: —Ik? Guretik ez beintzat. I ezaiz gurean sartuko. Martiñek: —Nola esan dezu? Manuelek: —Ezaizala gurean sartuko; ez aldek aitu? Martiñek: —Zergatik? Zer dalata? Manuelek: —Geuk nai eztiagulako, ta gañera Malen moja dijoalako. Martiñek. —Erre, koondo! Mikallak: —Aitaren ta semearen!... Paula, dana gozaturik: —Jaungoiko maite maitea! Manuel, billatu zazu Jose... edo bestela neuk billatuko det baita lurpean badago ere! Martin, etxean ezin egonda, Zabaletara urreratzen ausartu ezta, tresna batzuk ausi ta biurrikeri okerrak Paulari esan ondorean, aserrez irakiten, erraiak jaten, errira jetxi zan, ta errian Moxolonera sartu. Tokitara! __________ XVI. IJIJI AIENE! Labana da ba irakurburu onen asiera. bidurrez nago norbaiten aserrean eroriko ez ote naizen, azkazal zorrotzen batzuk sartuko ez ote dizkaten. Arretaz ibilli, lumatxoa. Zer da baña ainbeste arretazko ipuia? Ondo begiratu ezkero, utsa; neska zar igatuen gañean, geure arloetara goazela, irristadan, itz bi esatea. Ez, mutxurdiñai etzaiete ikuturik egin bear, naiz ta berak, beti berriketa zaleak, edozein ordutan edozein orraztu. Orrazi gabe, jakiña: danak ez, baño geienak mingañez dakite ederki orraztzen. Mota guztietakoak daude. Batzuk zearo apalak, bidegabeko arrokerietan beñere ibilli eztiranak, mutilletatik eta txorakerietatik iges eginda, beren gogoz senartzake daudenak Oiek, emakumerik onenetakoak dira, langille ta ongilleak, norberaz oso aztuta beartsuai laguntzen, gaixoak ikusten, done-irudiak garbitzen, elizmaiak jazten, Jaunaren bideak erakusten ta beste gauza txalogarri askotan dabiltzanak. Oientzat nere txaloa. —Beste batzuk, andiki zaleak, beren buruai askotxo deritzoenak, eder ustean itxutuak edo azpilduraz josiak, ezkontzeko asmoetan biziarren, geiegi nai zutelako, batere gabe gelditu diranak. Oñezkorik nai ez, zaldizkorik etorri ez. Naikua lan daukate auek beren buruak apaintzen, illeak beltzitzen, arpegiak irintzen, zimurrak estaltzen, urteak gordetzen. Ia etsian bada ere, ezkongai daude oraindik, baño aberats edo goitarrentzat bakarrik. Pakean utzi daiegun, ta goazen aurrera. —Irugarrengo mallan jartzen ditugu egundaña etsiko eztutenak, onek begiratu diola ta arrek agur esan diola beti amesetan dabiltzanak, mutil guztiai abegi ona egiten diotenak, edozein artzeko gertu daudenak, datorrena datorren bezela, gaztea ezpada zarra, ezkongea ezpada alarguna, zalduna ezpada txorroskillea. Irugarren auetakoa zan gure Luisa, ona gajoa, baño zentzun gabea. Gizakume gazteak etzioten itz legun bat iñoiz esan, zarkoteak ere benetako eskabiderik etzioten egin; baño etzuan Luisak bizitza guztian ezkontzeko leia utzi, ezta tximak oso zurituta gero ere. Neska zarraren leia danak zekiten, ta bere lepotik parrez ibilli oiziran. «Luisa, onelakok zuretzat eskumuñak eman dizkit». «Luisa, beste alakok zure galdera egin du». Luisa, Martoloren biotzekoa zu omen zera, gezur andiak esan oi zizkioten ta edozer gauza siñistu erazi. Ta Lisari lagun artean gertatzen zitzaiona bera gertatzen zitzaion Moxolonean Odolkiri. Bazan ura ere bat, beste askoren eredura. Gaztetan alper, zartzan arlote, beti berekoi ta buru ariña, askatasunari eder ta nagikeriari ondo iruditurik, urtean baño urtean okerrago, pixkaka pixkaka begiramen danak galdu zituan, arduragabekerian berengo ondarretaraño erori zan, ta azken aldera, naikua edari euki ezkero, jateak, jazteak eta iñoren esanak ajola gutxi ematen zioten Orregatik ibilli oizan Oñatiko alderdietan, bazterrik bazter, zulorik zulo, guztien morroi, danen adiskide, oni egurrak txikitu, ari pardela eraman, urliari zama bat jaso ta besteari agindu batzuek egin; erdi lanean ta erdi janean, orain txurrut eta gero moskor, ezertarako ordurik etzuala, nun lo egiñik etzeukala, jai ta asteak berdin zituala, egunero zarpatsu, askotan soin-ale gabe, noiznai traskil, tarratadaz, koipez ta zirpillez geiegi osatua. Bein batean, isterrak agirian zerabiltzala ikusirik, Moxoloneko ardangelan, batak eta besteak zirika, ezkontzeko bero bero jarri zuten. —Gaizki abil orrela. Ezkondu egin bear euke. —Norekin balitxeok. —Beti ziok eroren bat. —Eroa izango litzake ba nerekin ezkontzeko. —Luisa dek ona iretzat. —Bai ta eztek txarra. Iñoiz lenago bururatu zaitak. Atxurrean edo laietan, jateko aña irabazi egingo likek. —Ta edateko? —Edateko, ortik edo emetik, neronek aterako diat. Eta «joan ari, esaiok, ondo artuko au, ordua dek, noiz arte ago, mingain gabeko txintxarria sasian usteldu zan», ekin ta eragin, ara non dijoakion andik laster senargaia Luisari bere esku mardularen eske. —Gauza bat, Luisa. —Zer da bera? —Zu ta ni bakarrik gaude. —Egia. —Gure buruaren jabe gera. —Baita. —Nai deguna egiteko iñoren baimenik eztegu bear. —Alaxen da. —Zertu giñaizke, bada, biok. —Ta errian esango lutekena? —Guri zer digu? Nor da emen gure nagusi? —Len ere poportzioak izan ditut. —Baña oraingoa bezelakorik ez. Tira, nik alkondara garbitzeko ta prakak arabakitzeko norbait bear det. —Josten ondo eztakit. —Neuk ere eztizut gauza andirik eskatzen. Konprome? —Baietz esan bearko. Obeak badira —zion gero Luisak bere artean— baña nik ere senarra izango det beñepein. Ezkongaien berria zabaldu zanean, algara ederrak egin zituzten Oñatin. Nola ez? Berri politagorik! Odolki ezkondu! Luisa ezkondu! Jas! Ibilli ta ibilli lortu zuan arrek bere gurutzea, ta ez txiki txikia. Baña gogozko tokian aldaparik ez... Neska-mutil zarren eztai-egunerako, jolas andi bat asmatu bear zan, txintxarri-jotze on bat gertatu bear zan, zorrotza, pijoa, izugarria. Baita gertatu ere, Moxolonekoak okerren zirala. —Goizeko seirak baño len, eliz aurrean uritar gizadiz josia zegoan; inguruetako leioak tximadun andre buruz beteak agiri ziran; mutiko-neskatoak, saguen gisa, lotsagabetxo, urduriegi, Jaunaren Etxean sartu-ertenga, ateak indarrean itxi ta irekiaz, «laster da», «badatoz», «oraintxe» azalduaz, erritar guztien albistaritza pozik egiten zuten. Ta ezkonberriak elizatik ateratzean ia mutillak! ura zan tupi, oliontzi, piper poto, pertza ta padelai eragitea. Ura zan burni zarrezko trumoi ta kaskabarra! Ura zan algara ekaitza! Ura irrintzi, garraxi ta jeupaden erasoaldia! Ura ustegabeko jai gozoa! Peru etzan orregatik batere lotsatu. Ainbeste mutil koskorren erdian, karrika zear dabiltzan komediantien antzera, batari ta besteari agur egiñaz, oso alai ta lasai zijoan. —Ederki egiten dezute —zion— tabolinteruari emateko eztaukaguta. Guk ere zerbait bear genduan. Oñatiko emakumerik geienak, ezkonberriak igarotzen ikusirik, parrez ito bearrean, esakera txotillak bialtzen zizkaten alkarri, leiotik leiora: —Ja ja iii! Eztula ta Burukomiña uztarrian. —Baneuka ta Balitz. —Eroko ta Nagiko. —Garaian oroitu zaiote. —Jaungoikoak adimena eman daigula. —Iñora bai aldijoaz? —Bai, beren lurrak eta maizterrak ezagutzera. —Non dute gosari? —Gaur eztakit, baño txirotegian aurki. Non ta zer gozaldu zuten eztet ikasi, baño jakin det Moxolonean zegoala Peru amaiketan, andrearen kezka gabe, ardo zuria edaten, lagun guztien jolas-itzak entzuten. Orduantxe sartu zan Azkarragako Martin, egundañokorik aserrien. —Zer dek? —galdetu zion Moxolo gazteak. —Errekondo, errekondo! Eskuetan neukan txoriak iges. —Zer txorik? —Malentxok. —Malentxok iges? Je je! Besteren baten kaiolara, e? Moxolori Zabaletakoak bere alde jarriko zirala otu zitzaion. —Bakoitzak nai duana egin bear dik; —jarraitu zuan— kaiola batzuek zotzezkoak dituk, beste batzuek burnizkoak, baño urrezkoak ere badira. Aukeran, edozeñek naiko likek urrezkoa ta janari onez betea. Tira, ez adi ozpindu. —Ozpindu ez... Karrasko! eu nere tokian baego... —Berotasunak joango zaizkik; oztuko aiz. —Ez beingoan. —Billatuko dek beste bat, neska geiegi zeudek. Ia ba, Odolkik ere billatu dik eta... Ji ji ji! —Pakean utzi dak. —Mundua orrela dek, mutil: auzoan illetan ta gu opilletan. Ni, gaur, oso alaia natxiok. Ia, ze artuko dek? Neuk gonbiratze aut. —Edena bear nikek. —Zer dek ori? —Pozoia. —Pozoia baño obe dek napar pixka bat, arrautzatxo birekin. Bakalloa ere baziok. —Ekarri naparretik. —Baño ze gertatu zaik? Malentxok zer dio? —Moja dijoala. —E? —Bai, Bidaurretara. Itzetik ortzera, asuna baño berdeago jarri zan Moxolo; beazun guztiak begietaraño igo zioten. —Gezurra diok! —deadar egin zuan, ukabillez maia joaz. —Larrumieta! Obe bai gezurra balitz. Eztira ordu bi Manuelek esan ditala. —Gezurra ik, gezurra Manuelek! Ziria sartu nai diak, baño eznauk ain motza. —Nik ziria sartu? —Bai. —Zerdalata? —Auzia neuk irabazi diatalako. —Auzia? I ere Malentxoren atzean alebillen? —Bai, ta neurea dek. Malentxo ezta zorritsuen zale. Martin zegoan lekutik jagi zan, ojuka: —Aizak i, zorritsuak edo zorri piztuak zeintzuk diran bazekiat eta edozeñi erakusteko gertu natxiok... I añakoak bagaituk, gutxienez i añakoak. Ainbeste igo alaiz? Nik lortu ezin detana jaditxiko aldek? Lajañeta! Pelotariak borrokarako astirik izan balu, eskuetako pitxarra buruan auziko zion Martiñi; baña Moxolo etzegoan eztabaidetan gelditzeko. —Laster ikusiko diagu, —esan zuan— baña ori orrela bada sentellas! derrefente garbituko det bat edo bat. Eta derrefente, ardangelako gauza guztiak bertan bera utzirik, zigorrez jo duten astoaren gisa, an ziak Moxolo Potolo Zabaletara. Ikusten nagola uste det. Bai, an ziak aldapan gora, puzka, arnasestuka, izerdi patsetan, koipea dariola. Sentellas! Ana Josepak zer erabaki duan berari, mutilllari, esan bearko dio; arpegiz arpegi ikusi bear du Malentxo ta bere aotik jakin zer asmo darabillen: ez, geiago ez bitartekorik. Neskatxa ura ezta Bidaurretara sartuko: onean edo txarrean, Moxolorentzat izango da. Zenbat eta baserritik urrerago, ainbat eta ibillera motelagoa darama gure gazte baldarrak, nekatu dalako, barruko bultzada gutxitu zaiolako, Zabaletara baño len zerbait gogamendu nai dualako... Gogorrean zer egin dezake? ... Atsoa il? ... Ta gero? ... Esi ta maratillak kentzeagatik, Malentxoren eskua atxitzearren, atsoa ta agurea, etxeko ta auzotegiko guztiak ilko zituzkean; baño ta, korapillo danak askatuta ere, Malenek ezkondu nai ezpazuan? Naieza baño eragozketa okerragorik bai alda? ... Ez, egingo zana onean egin bear zan. Onean, adiskide bezela itz egingo zion Manueli, Jose Ramoni zigarro bat eskeñiko zion, Ana Josepari urreak erakutsi, diruak agindu. Zabaletakoak etzeuden iñorekin berriketan jarduteko Egun beltza zan ura. Josek etxetik alde, Malentxok erten bear zuala, aitona beñere baño illunago, Katalin goiz guztian negarrez, amona jaiki zanetik agiraka, Manuel Paularen aotik ezezkoa entzunda, denak biotzeko min bizia gogoratzen... Eztakit, Moxolo, eztakit nolako arrera izango dezun. —Ke ai, Manuel, lagun zarra. —Emen gabiltz. —Lanean? —Arazoan. Gogo andirik eztago baña... —Ezbearren bat aldezute? —Naikoa. —Neuk ere zerbait entzun det. Benetakoa alda Malentxoren asmoa? —Bai, txantxetako gauzarik eztu orrek. —Bada, debekatu egin bear diogu. —Nola? Diogu? —Debekatu egin bear zaio. Amonari ta Maleni itz egitera nator. —Jum! Iñoren gauzetan sartze ori... Ni eznaiz joaten errira zaragiak nun erosi bear dituzun erakustera. —Zure amonak badaki nik zer darabilten. —Amonak badaki, or dator ta nai dezuna esaiozu: jakingo du zer erantzun Baña gaur nere arrebarik eztezu ikusiko. —Zergatik ez? —Nai eztetalako. Ana Josepak, pelotaria ikusita: —Ara bestea! Zer degu, Moxolo? —Ia zertan geran edo... —Zertan geran? Galduan: galduan i, galduan i baño lenagokoa, galduan etxeko guztiak. oraintxe aukera Urrejolako arkaitzetik eure burua botatzeko. —Ala Jainkoa! Ori alda gizonari emateko erantzuera? —Txarragoak ere badizkiat. —Arraio pola! Nere diru guztiak Maleni emateko ustean etorri ta... —Gordeitzak: geuk ere badizkiago ik aña, ainbeste arrokeri gabe. —Bera ikusi bear det orratik. —Zein da bera? —Malentxo. —Gaur ez. —Gaur bai. —Etziok orretarako. —Buruan sartu zait. Manuelek, sardea eskuan ziala, Moxoloren aurrean jarriaz: —Baita neuri ere zuri kaskarra berotzea. —Zuk neri! —Azkar gero, emendik moxolotegira ezpazuaz. Mutil biak, ezetz ta baietz, geroago ta beroago, geroago ta itxuago, gorri gorri eginda, alkarri ederrak emateko daudela, ara nun datorren Txuri, Kataliñen deietara, ara nun datorren artaldetik, begi andiak Moxologan ipiñita, aoa zabalik, bere adorea nagusi gaztearen alde jartzeko asmoetan. —Guau, guau! —egiten du eldu baño len—, banua, banua! esanaiaz bezela. Zakurtzarraren ortzak ikusi dituanean, Potoloren berotasunak bereala otzitu dira, odol guztiak izotz biurtu zaizka. Etzai okerra da ura. —Arrano! ... Ee! ... Zakur ori! —oju egiten du, larri ta zatika. Ta Jose Ramonek, zakurraren atzetik agertuaz: —Lepo gañera botako diat, auetatik ezpaua. Bi aldiz eztu esan. Abereari eutsi diote, baño zematsu dago, gogorrean dabil, Moxologana erori nai luke, ta ezta Moxolo batere artetu Asi da etxeruntz, bildurrez, zearka, okerka, zakurrari begirik kendu gabe, ta onela dio: —Oraindik egingo det nik egitekoa. Ta etxekoandre zarrak: —Ez aldek egin? atzeko aldea garbi aldaukak? Ja jai! Iseka onek mutilla oso erotzen du. Arren birao biribillak! Arren gorroto beltza! Arren barruko sua! O, kemena baluke! Altsua balitz! Zerbait aldendu danean, patxada ta arnasa pixkat artzean, Txuri etzitzera dijoala sumaturik, Zabaletara begira, beso biak jasoaz, amorruzko lerdea dariola, idoro aldituan itzik gordin itxusienak jaurtigiaz, berriren berri ekiten dio: —Eltze, lirdinga, ezjakin, ustel, urde, basati; arrapatzen bazaituztet, eskopeta baneuka, derrefent... Baña itz-errenkada guztia eztu amaitzen. —Xa, xa! —esan diote zakurrari— elduiok! zatitu zak! Eta Txuri jaikitzen ikusirik, añaniñoa! bai zankoak erabilli gure zaragi-mutillak. Ura laisterketa! Ura abiadea! Itxumustuan, iraulka, orpoz ipurdi, erori ta jaiki, estu ta keixu, arraio ta moño, ia errirarte ezta gelditu Moxolo Eztauzka anka makalak! Baña etxera orduko makaldu zan. Makala, illuna, eroria, azaletik izerditan bustia ta barrutik su-garretan errea eldu zan etxera. Ez anka ta ez buru idoro zuan Odolki ardangelan, ematez zearo aztuta, ezeren kezka gabe, ainbeste lagunen erdian, batak eta besteak ematen ziotena geiegi edaten, larregizko berritxukerietan, lagunai parre eragiñaz, galdera guztiai jolasean erantzunaz: —Andrea nun utzi dek? —Eztek galduko. Oñez ibiltzen ikasia ziok. Ekatzak beste baxo erdi. —Gaitz egingo dik. —Gaitz ardoak? Ez, motel; ardoz sendatzen dituk gizonaren zauri ta mallatuak; ardoak osasuna, poza ta indarra ematen dizkik. Aitu, aitu: Edari maitagarria Tristearen alegria, Dezu alaitzen begia, Kentzen melankonia, Mutua ipintzen kantari Eta errena dantzari. —Kantari, dantzari, ta neurririk ezpada, lau ankan e? gaur ere arrapatu bear dek ederra. —Bai, gaur bai; mozkor gabeko jaia eguzkirik eztan eguna bezela dek, eta nik gaur jai diat, jai andi. Ardo gabe ezta funziorik Ez mezarik eta ez eztarik, Bada au faltatu ezkero Ez da arkitzen gero Baizik naigabeko tristura Illuntasuna ta malura. —Begira gero andreagana nola joango aizen. —ez alnazute ba eramango? —Bapo esan dek. Berez lotsagabe ta edandakoan txit ausarta, Odolkik iñoren begirunerik etzuan, ta Moxolori ere ikusi orduko ekin zion: —Igartzen diat, konpañero: gaizki erantzun die iri Zabaletan. Ire diruen jabe baninduk ni, erregeren alaba ekarriko nikek Oñatira; baño ik, diru ta guzti, baserritar bat ezin irabazi dek. Moldakaitza izan, or ziok ba! Ai ene badata! Nork agindu zion zezen aserreari eup egitea? Zezenak, edo Moxolok, bat-baterako zalaparta bizian, iñork uste baño len, maipera jaurtigi zuan ezkonberria, ta Manuelen gañean erori bear zuten ukabilkadak, ostikadak eta mintzo nabarmenak Odolkiren buru, arpegi ta bizkarrera erori ziran. Zapi zarraren gisa lurrean erabillita, odoldua, ezaindua, gizonaren itxura gabe atera zuten mutilla Moxoloren atzaparretatik. Kristiña! Zeñek eta Odolkik zirikatu bear bera, Moxolo! Andreagana zeramatela esan zioten Odolkiri: —Aiskidea, gaur bertan izango dik Luisak ire prakak josteko era ona; oraintxe ardo egoziz zauriak gozatu bearra. __________ XVII. LASAI TA LARRI —Ezalden entzun? —Bai, andrea. —Ta zertan zeunden etxe barruan? —Aitonari begira, ezer sumatuko ete zuan bildurrez. —Iñoren etxera etorrita... Potrollo sabel andi! ... Bienke Moxolo. —Errukitu egin zait. —Eztauka berak gure errukirik. Onak jarri gaitu! Malen, gauzak bereala erabaki bear dira. Eurean alago? —Ni bai. —Bada, orduan, ainbat lasterren. Gautxoriok uxatu ditzagun. I baua, Moxolorik ezten agertuko. Begietatik urruti, ezta biotza negarti. Zakurra kendu ezkero, amorrurik ez. Au, gutxi gora bera, esan zion Maleni amonak, zelaitik sukaldera sartu zanean. Arratsalderako, zeregin berriak zetorzkiola nabaiturik, arlo berrietan sartzeko leiaz, goizean iduki zituan naigabeak aztu zitzaizkon ia. Orixe zan bere jakirik onena: artu-emanetan, eutsi ta ekatzu ibiltzea; etxeko joan-etorri goraberetan, burutsu bezela, gauza guztiak antolatzen jardutea. Ezin zan geldirik eta ixillik egon, ta egun berean asi zuan arloa. «Bidaurretara beraz. Ederrak eman dizkigu! Ezkenduan asko uste... Nai duanean joan dedilla, bejondaiola, Jaungoikoak gorde gaitzala... Mojak ikusi bear nik orain. Euskaldunak aldira? Nondik egiten zaiete itz? Azkenengo zein sartu zan? Errekatxoko Josepa? Zenbat eraman ote zuan? ... Ogei milla gutxitxo, ogelau naikoa, ortik aurrera geiegi, badago zertan zabaldu... Gelarako gurutzea, sartuerako jantzia, bururako lore-ustaia, eskurako argizaria... Nola ekarri litezke? Onenak non ote daude? Apañak jarri bearko... Txit ederki egongo da, aukerakoa neskatxa, artarakoa umea, errian ez politagorik, zerupean ez oberik... Elizan nortzuk bituko gera? Zenbateraño bazkaritan? Zeintzuri esango diegu? ... Urlia auzori eztakit, onelako aideri bai, alako adiskideri ez; ezer eztiogu zor; berak ere, alaba ezkondu zanean, etzigun iñori deitu...». Jaunak eta ura emakumearen itz jario ta arautu bearra! Senar, seme ta illobak beregain utzi zioten: nai zuana esan ta egin zezala. Utzi Kataliñek, izketarako gogorik etzeukalako; utzi Joanesek, orrelako arazoetan ezer etzekilako; utzi Jose Ramonek, Manuelek, Malenek, amonari poz ematearren ta bera baño antolatzalle oberik iñun etzegoalako. Ana Josepa, samin itxura gabe, eztaietan ibilli zan, jo ta ausi, aruntz ta onuntz, etxerik etxe, mojetara ta apaizetara, paperen eske ta soñeko billa, dirua ortik eta oiala emetik, ori nai nuke ta ezta merkea, etorri zaite ta lagun zadazu; aistian ozpiña baño garratzago edozeñi agiraka; aistian olio ta eztia baño leunago ta gozoago neskatxa onaren azkartasunak esaten; beingoan zimur, txanponik atera nai ezta; beingoan jori, bere illobarentzat dana gutxi zalata; beti buruko illeak jasotzeko astirik artu ezinda, alderdi guztietan Malentxoren sarrerako albistea parra parra zabaltzen. Ara nolako jardunaz. Eliz-etxera aurkezturik: —Are mai puixima! —Zein da? —Neu, jauna. —Zer degu, Ana Josepa? —Batismoa bear det. —Bataiatu gabea zaude? —Ez, jauna, ez; bataio gabekorik ezta gurean. Nere illobak berorrek bataiatu zituan, nere semeak ostera Gerriko zanak, eta ni Gerriko baño lenagokoak, antziñatxo. Berori ere ezta makala, baña Gerriko bikarioa gizon argia zan, otsandiko abadea, ta ni bataiatu ninduana berriz... —Badakit, badakit. Zer nai zenduke? —Agiria ba, mojetarako agiria. Nere illoba orrek moja joan bear omen du ta... —Malenek? —Bai, jauna. —Ori ondo. —Ondo edo txarto, arrek berea. —Zeuk ere zeurea egin zenduan. —Bai, alaxen da. Obeto zan joma sartu banitz. Ainbeste buruko min eznuan erabilliko. Egia, ni eznaiz beñere barru-zale izan. Barruko itzalak eta barrukoen bizitzak ikara ematen dirate neri Ia ba, oraintxe arte mojarik eztet egundaño ezagutu. Gaur ikusi ditut, jauna. Bidaurretatik nator. Jas! ta patxadakoak eta korrientiak dira. Eznuan nik ala uste. Naikua gauza esan degu. Nik aiek baño geiago. Aora begira egon zaizkit, parrez parrez... —Bueno, bueno, agur; biar ipiñiko det agiria. —Azkar egin beza. —Biar bertan, agur. —Ondo geldi bedi. Lukasenean: —Ia oial batzuk. —Zuriak ala, beltzak ala...? —Zeñentzat dituzu? —Malenentzat. —Ezkontzen alda? —Bai zera ezkondu. Bidaurretara dijoa. —Eeene! Alako neska ederra! —Bakoitzak bere usteak. —Ezertxo eznekian. —Geuk ere ez, atzo arte. —Ta ain laster? —Zertan egon bear du? Bein erabaki ezkero... Tira, au zenbatean? —Eun biguna aukeratu dezu. —Zenbatekoa da? —Errekatxokoak orixe bera eraman zuan. —Gu ezkera gutxiago. —Ez ba, ez ba... ori, lau ta erdian jarri nezake. —Lau ta erdi kanako? Nagoan ixillik. —Asko alda? —Asko ez, geiegi. guk baño errezago irabazten dezue; bai anbat. —Zaude: beste bat aterako dizut. —Zer beste gero? auxe bear det, baño lauan ematen ezpadirazu, ni banua. Ain zuzen, nun erosia badago. —Errekatxokoak lau ta erdian eraman zuan ba... Enparantzearen erdian, aideren bati: —Aizu, Brijilla, Malentxoren eliz-jaira etorriko zera. —Noiz degu? —Eztakit. Ni banabil, baña gurean ankarik jaso ere ez iñork, eta mutik ere ez, gañera. —Naigabez daudeta. —Ze naigabe ta naigabe oste. Naigabea denok daukagu. Ezertarako izan ez; guztia neuk egin bear, orra. —Zeñek obeto? —Mojetan bi aldiz egon naiz, bikarioari paperak eskatu dizkat, arrioa josten aidira, A. Pillipe sermoia gertatzen dago, bazkaria nola eman erabaki det, Bitoriatik jantzia badator, gero Mezatarako izango dan jantzi aberatsa, urre lore ta guzti... Berebiziko jaia tajutuko degu. —Esango dirazue noiz. —Bai, onezkero laster izango da; zortzi egun barru bai. Aitzen emango zaitzu. Iñori aitortu ezarren, bereala antz eman zion Ana Josepak etzala zeregin zalletakoa Malentxo Bidaurretan ipintzea: ez, bideak erekita zeuden, ateak zabalduta idoro zituan. «Neskatxa satorra! Azpitik lana eginda euki arrek, azpitik eta lenagotik. Latiñak eta guztiak ikasita zeuzkan ba ta. Umea bai argia!» Malentxoren asmoa Joseri ere jakin erazi zioten. Non zegoan baño bera? Ekaitzaren indarrak, zorigaitzaren zartadeak noraño baztertu zuan? Umezurtz errukaria non zebillen? Mondragoitik laster Bergara baño lenxeago, Deba izeneko ibai ertzean, Barrena deritzaion arrobian. Baserritik atera zan egun berean, non sartuko, zer egingo, zeri eutsiko gogamenduaz, alderdi guztietara begira ordu larriak igarota gero, arratsalde beranduan, jaiki zanetik ur pitin bat edan gabe, baño beazunez zearo elikatua, etxi etxian norabaitera bidezko zijoala, arri-zulatzallien burni-otsa sumaturik, aiekana urreratu zan gizagaixoa, gau illuneko ibiltari galdua argi bakarrera joan oidan itxuretan. —Arratsalde on —esan zien. —Bai zuri ere. —Zeregiñik bai alda edo... —Aigera beñipein. —Beste iñorentzat ote daukazuen diot. —Bai: or, ibaian ur malatuak egiteko ta, Bergaran lantegia jasotzeko ta, arri asko bear degu. Aurtengo lain badago. —Nik ere ba ogibide apur bat nai nuke. —Emen? —Lan gogorra da gero au. —Oitua nago. —Nongoa zera? —Oñatiarra. —Zein etxetakoa? —Eztaukat etxerik eta gurasorik. —Sasikoa beraz? —Or nunbait. —Ainbat okerrago. Ia ba, zeuk badeitzozu... Josek etzuan iñola ere Zabaletaren aitamenik egin nai. Zertako? Zer dezu ta nola zatoz aztarna billa asi zitezen, galdezka? Bere anima barrura zeñek sartu bear zuan? Joseren naigabeak zeñi ajola emango zion? Gañera, Barrenako arrobian etzan bera luzaroan egongo. Ez, diru pixka bat eskuratu artean bakarrik: gero, Jaungoikoak laguntzen bazion, urrutira joango zan, oso urrutira, Oñatiren ta Zabaletakoen izenik entzungo etzan lurretaraño. Baña, orduan ere, gauza bat zeukan oker ta izua: ai! biotza ezin jaurtigi, norberarekin eraman bear, beñere ixiltzake, beti espaz, miñez, eri ta negarti. —Non geldituko naiz? —Ortxe zerbait aurrerago daukazu Lokatza. —Baserriren bat? —Ez, ostatua edo... Etzan baserria ta etzan ostatua. Baserria ez: gure baserriak, etxe zabal patxadakoak, soro zelaien erdian, baso itzalen inguruan, bidaztien ardura gabe, lurrak eta abelgorriak ematen duenetik bizi oidira, ta norbaitek iñoiz baserriko eskaratzean aterperik bear edo nai badu, nekazarien bazkari edo aparia etxerako dagoan eltzetik ematen zaio Etzan ostatua: gure ostatuak, txukun ta garbiak, tresna erosoz ta gela ederrez jantziak, ardo ta edari onez beteak, arrautz, aragi, arrai ta egaztiz ornituak, beti daukate zer jana ta zer edana, ta sarri gogoak eskatzen duan guztia. Joseren ostatua (nolabait esan bearko) etxe txikia, etxe medarra, mendipe añubean, sailtxo elkorrean, ibiltari arlotien txanponak bildu nairik, bidearen albora ertenda zegoan. Makiña bat bizikera bada! Ez soro ta ez zelai, ez arto ta ez belar, ez bei ta ez txerri, arkaitza batetik, oiana bestetik, larreko auntzak esnea labur, ogei oñeko baratzatxoak sei baratzuri ta lau tipula ziztrin, etxe artakoen janaria non lortu zitekean etzan iñola ikusten. Baña Lokatzako nagusiak, Joakin Arraio ta Antoni Txistu, senar emazteak, gazte samarrak, bata otarragillea ta bestea zirt edo zart egitekoa, borroka ere bai bear izan ezkero, etziran ain estu bizi. Oñezkoa zala edo zaldizkoa zala, gurdiduna edo madazaña, zerbaiten irabazia egunero sortu oizan. Zer zeukaten baña etxe barruan? Laster azaldu geinke. Mai luze zikin bat aulki biren erdian; piper batzuek apalean, ozpiñetako piper berdeak gordiñik jateko ta gorri-beltz zimelduak zukua berotzeko; sardin zarrak, intxaurrak, azukre illuna, bakallao buztana ta urdai tatoa iltzean bera, gaztai erdika ori gogorra, ogi zatar andi legorra, amar librako olio ontzia, lau arroako zaragitxoa, ur irazekidun bonbilla motza... ta euliak, euliak erruz araza, mai, orma ta janari guztien gañean, batez ere or-emen eroritako salda pitin ta gozo apurretan mardokiro pillaturik. Nori deizkio gauza gutxi? Etzan geiago bear, astegun buruzurian beintzat. Jaietarako Bergaratik erakarri oizuten ogi ta aragi berria oso ugari, jaietarako ta azoka egunetarako; bada egun oietan etxetxo ura aruntz-onuntzkoen geldi-leku jakiña izaten zan, edalien iturri egunaz, txori askoren kaiola gabaz, jokalari maltzurren leize-zulo ta nekazari geldoen ondamendi edonoiz. Amaika bidar gau beranduan uritik bota zituen nekazariak asi oiziran Lokatzan, beranduago, enbidoka ta ordagoka! Zijoala bere lekura, edonun gelditu zedilla, nai zuana egin zezala, or konpon. Jose Lokatzan sartu zanean, orma gorrian ikatzez eginda oar lakarra ikusi zuan: OY NO CE PIA, MANANA ZI Albiste polita arditik gabe zegoanarentzat! Eta nork erantzunik ez gañera! Etxekoandrea burutik oñetaraño begira gelditu zitzaion. Andre ura, andre-gizona, soa ta itz gogorreko emakumea, bidaztien sakelari usai egiten ederki oitua zegoan. Bere aurrean igaro ziran, milla ta geiago aldiz, baserritarrak eta uritarrak, eutsiak eta banatzalleak, apalak eta arroxkoak; bere mai zakarrean jan zuten gogoz, onetik edo merketik, aragi zerra edo ogi zatia, bakallao errea edo tipula gordiña, auzoetako gizonak eta urriñetako neska-mutillak, alkondare zuridunak eta atorra gabekoak, zerbait zeukatenak eta gizadi beartsuak, beartsuak batez ere, ijito, pasiego, barkillero, eskale, perzgille, aulkigin ta abar Etzituan alperrik, kopaka basoka, ainbeste bonbilla ta zaragi ustu. Edozein bidezkori laster igarriko zion dirurik bazuan ala ez, jantzian, esakeran, ibilkeran, begietan, edonun. Ain ixil ta geza ikusirik: —Zer dakartzu? —galdetu zion Joseri. —Lanera nator. —Nora gero? —Alboko arrobira. —gurean egoteko? —Bai. —Aurrez ordaindu bear dezu egoerea ta jana. —Aurrez? —Bai. —Orain eztaukat ba. —Ala uste nuan. Agertu zeraneko, peku txarrean jarri naiz. Askotxo ikasia nago ni. Pardel gabe ta, lanera... —Gaurko beñipein, sapaian bada ere... —Emen eztago sapairik. —Soñekoa baituko dizut. —A! Orretara bada bai, orretara eztet galduko. Ta kopeta beltza batere argitu gabe, milla petralkeri geiago esanaz, gertatu zitzaion mutillari badaezpadako aparitxoa, eman zioten nalabaiteko etzatokia. Baño alako gazte sendoa zurbil, buruz bera ta lotsakor nabaiturik, senar-emazteak iñola ezin artetu ziran. «Jaungoikoak badaki zein dan» —dio batak. «Alprojaren bat galanta» —besteak. Jose lotara ostendu zanean, susmuka ta zelataka gelditzen dira biak, eta gure umezurtz gizagaixoa belauniko, Aitaren egiñaz, negarrez ikusten dute. Orduan, «eztirudi gaiztoetakoa» —azaltzen du Joakiñek—. Eta emazteak: «Izan ta irudi berdiñak eztira. Ernai egon. Bear eztanen bat egin du orrek; bai, damutu bazaio ere, zerbait egin du. Ta urrekoa da, urrekoa non edo nongoa...» Orain badakigu Jose non gelditu zan: Lokatza ezagutzen degu. Zabaletatik erten ezkero, Lokatzan jaten zuan gosea kentzeko aña baburrun ta ogi zuku, zorretan dagoan gizon lotsatiak aldezakean bezela, neurriz, arretaz, begirune andiz. Antxen epeldu oizuan oe purtzil bat gabero gabero, baño gau beltza gogo illunean igarota, goizean, gorputza ezer gozatzake ta anima gaixoa oerakoan baño larri ta gaziago zuala jaiki oizan. «Ai! Etxe otza dek au, ostatu legorra dek au —zion berekiko—. Urdallarentzat zerbait baziok, baña biotzak eztezala ezer eskatu. Neketan ago i, Jose, baño ire nekien ajolarik etzeukak iñork. Ta Euskalerrian ori gertatzen bazaik, erdalerrietan zer izango da izaz?...». Etorkizunari begira jarrita, bere burua urruti aldean ikusten zuala zeritzon, bidazti arrotza gure lurretan oibezela, jan edo lan billa, oñez, bakar, itzal, minbera, loi ta zirpiltsu, kemenge ta motel, zama zakarra ezin jasorik, goseak eta egarriak galtzeko zorian, non zebillen etzekiala, ezkerrera edo eskubira ekiteko zalantzan, alderdi guztietan irria ta iraña idoroko zuan bildurrez... «Iturraldeko semetxoa —zion berriro— naigabe zelai andiak igaro bear dituk. Laztasuneko bidearen asieran abil; geroago ta garraztasun andiagoak datorzkik. Erbesteko aiz emen ta erbesteko izango aiz edozein tokitan; arrotz izango aiz edonun, arrotz iguingarri». Erbesteko izate au berezkoa da gizonentzat, edonun ezpada, lekurik geienetan Erbestekoa da, ez bakarrik alemana Españian edo Zamorakoa Euskalerrian, baita ere donostiarra Bilbon, getariarra Zarautzen, karrika batekoa bestean, auzokoa gurean ta maizegi —ezin ukatu— etxe barrukoa gure biotzean. Askoren iritziz, erritar izatea norbere ustea ta gogokoa izatea baño ezta. O zenbat arrotz alkarren ondoan, berak eztakitela! Josek bazekian bera etzala iñungo, bera etzala iñoren biotzeko, ta ortik animaren samiña. Orratik ere, gizon ta erri guztien Aitak, txorien ajola duan Jaungoikoak, gozamen apur bat biraldu zion. Zabaletakoen aginduz ta Paularen erakutsiz Joseren billa zebiltzan adiskide onak, gure gaztea idorotzean, osatu ez, baño zerbait zabaldu zioten bere barrua. Albiste onak zekarzkiten: «Martin etzala Zabaletarako». Ez ba, ezin ba. Gizatxar alper andia langille zintzoen artean, nola egokitu? Euskal oituren iraintzalle gaiztoa nola izan Zabaletako seme on? Jaungoikoaren etsaia ta Jesusen maitalea, nola ondo alkartu? Eskerrak, ala ere, garaiz oartu ziranean... «Moxolo zakurrak ia jan zuala». Bai, zakurrak aixa ezagutzen duten zein nolakoa dan, gizonak baño aixago noski. Sen geiago dute ta esker obea. Gizonak egin ziotena eziokean Txurik egingo, ez alegia... «Malentxo moja zijoala». Moja! Nori oroitu? Nori baña? Berari, Joseri, maitetasunak itxuturik euki ezpalu. Aingeruak beti dira zerukoi. Orduantxe zekuzan garbiro Malentxoren izakera, zaletasuna ta gogo eder beroa. O! Jaungoikoarentzat izan ezpalitz, neskatxa zoragarri ura beretzat, Joserentzat izango zan. Siñiste alai! Gogamen atsegingarria! Eztiz intzaturiko gogamena! Eztiz ta beazunez. Ezingo zuan iritxi! Zer da gizon zirzilla, erregetzarik andiena idukita ere, zer da Jaunaren ondoan? Jesus, Jesus! Malentxo naian Jose nabarben ibilli bada, ez jakiñean ibilla da... «Aitona deiez zegokola». Bai, samurra zalako, samur ta zuzena, Euskalerrian besterik iñor bazan. Damu zuan mutillak aitonari min ematea, agurrik egin eza. Aurki joango zitzaion parka eske, alogerak artutakoan, urrengo astean... __________ XVIII. BERE KABIRA Nork esan zenbat eratako anima gauden? Gorputzik aña bai, ta gorputza bezela edertasun ta itxusikeri guztietakoak. Alaiak, illunak, argiak, motzak, ausartak eta zaputzak; bigun, zuzen, zogi, gozoak; erren, txango, ezkel, zitalak; aldakor ta iraunkorrak, dollor ta maitagarriak, azpikeri zaleak eta beren ustea edozein umeri agertzen diotenak; deabruaren itxurako animak eta Jaungoikozko anima gurbi atsegiñak. Gaizki aldiot? Animak ezkutuan daudela? Baita agirian ere. Batzuek, naiz ta urtietan gure ondoan bizi, eztitugu egundaño ezagutzen, baño ez aldakigu beste askoren berri gure aurrean lau itz esan orduko? Ez alditugu ikusi, ainbat aldiz, norbaiten tolestura eta izurrak? Ezaldegu sumatu urlia edo sandiaren argirikeza, dollorkeria, apaltasuna, esker beroa, griña ona edo griña txarra? Bai, gauza jakiña da, ta gizon batzuen eztabaidak entzutean, sarri esan det: «Ori? Anima ezkela: ezkerretaruntz begiratzen du. Anima bekaiztia: iñoren ona ezin du ikusi. Añotsua: dana beltz iruditzen zaio. Aldakorra: atzo beste iritzia zeukan. Errena, zitala: beti oker dabil, beti garratz. Ernai, samurra, patxadakoa: asko daki, lagunari biotza emango lioke, ezta ezergatik aserretzen». Ta anima berdiñeko gizadiak aisa billatzen dute batak bestea, naiz ta gorputzez alkarren antzik ez euki. Norbaiten adiskide izateko etzaio gorputzari ainbeste begiratzen, gorputzaren zerzeladak zer ikusirik eztaukate. Argala izan edo lodia, sudur luzea edo sudur motza, lerdena edo korkoxa, eztigu batere ajola. Gure uste, gogo ta iritzikoa izan dedilla ta edozein dator ongi, edozein da era erako adiskide. Eztakusgu, edonun ta edonoiz, nola inguratzen diran gorriak gorrietara, zuriak zuriakana, txoroak txorakerira, elizkoiak elizaruntz, mutillak eta neskatxak, zarrak eta gazteak, goikoak eta bekoak, bakoitza bere aldratxoan, bakoitza beretarrakin, baño andi ta txiki, makal ta indartsu, iaio ta itxusi danak pilla ta moltso batean? Gorputzaren egokitasunak ez, animarenak: animak dira alkarren antzekoak, animak alkarren aide. Era berean biltzen dira anima ben garbiak, bakartadea nai dutenak, lurreko aberastasun, andikeri ta gozamen guztiak alde batera utzirik, zerura begira dabiltzanak, Jesusek beretzat aukeratu dituan anima maitegarriak. Bidaurretakoak, Malentxo zijoakiotelako, txito alaiak zeuden. Malentxo beren gogo betekoa zan, beren bizitza bear zuan neskatxa zogi aratza, Jesusen maitale andia, oso beretarra. O, nolako arrera egingo zioten! Zenbat aizpatxo idoroko zituan besoak zabalik! Aizpatxoak eta Ama bat ere bai, andre argia, biotz bera, Jaungoikozkoa, animai begiratzen oitua, zalantzetako laguna, onbide askoren erakuslea, maitetasun garbien su-emale beroa, moja berri guztien Ama. Ta nork esan Malentxoren poza? Senar zintzoak, emazte onak, oroitzen zerate zuen ezkontzarako mugaldea nolakoa zan? Legegizonak, apaizak, sendakiñak, etxe, bide ta zubi asmatzalleak, edozein eratako jakituri eske ibilli zeratenak, gogoan daukazute zuen gozotasuna, ikasteak oso amaitzean, zerbaiterako aginpidea eman zizutenean, lege-gizonen longaña jaztean, aurreneko Meza ematera gertatzean? Ameriketan izandako gizon errikoiak, etzerate aztu, zuen irabaziak sakelean gordeta, «etxera noa, Euskalerrira noa» esan zenduten orduaz? Oroitza oietatik atera dezakezute, bada, Malentxoren atsegiña Bidaurretara zijoan egunean. Egun andia ura gure gaztearentzat, egun estua bere gurasoentzat, itxaropen gabeko ta inkurriozko egun beltza neskatxaren eskua jaditxi etzuten gizonentzat. Goiz jaiki zan Malentxo. Jaiki ta soro mendi zugaztiai begira leioan egon, beren itxura irudimenean gorde nairik bezela luzaro egon, ta bat-batean gero, ganbaratik ukullura, bazterrak eta tresna guztiak ikusten abitu, ikusten, aratzen, garbitzen, tajutzen Bere oia, bere seaska, umetako txintxarri ta jazkera, aitonaren makilla ta zizallua, amonaren liñari ta gorutxapela, aitaren edo amaren atxurra edo aulkitxoa... bei zarra, biai gaztea, ollo nabarra, ollanda zuria... Ura gauza! Danakin izketarako gogoa etzetorkion ba? Danak zerbait mintzatzen ziotela etzuan ba uste? Etzitzaion ba iruditzen etzituala egundaño ondo ikusi, etziela beñere bear aña jaramon egin? ... «Purra, purra! Tira, gaixoak, tira, ale batzuek nere eskutik, azkenengo aldiz». Onelako arazoetan arkitzen du Paula lengusoak. —Au poza nerea, Paula, ta orobat au bildurra, au argaltasuna edo etzekiñat nik! —Baoalako? —Bai. —Gelditu. —Ori esatea! Nere bildurra etxekoakgatik den, Paula, ez nikatik. Nere maiteak oñazez daudelako, nere biotza oñazean zeukanat, eta ala ere pozarren natxion. Nork siñistu? —Neuk. Maitasunaren indar ta zauriak bazekizkiñat Zauri gozoak ditun oiek. —Zabaletako baserria beste iñorgatik ezniñan utziko, baña Jesusegatik... —Geiago maitatzen denalako. —Nola ez? Maitetasunik andiena Berari zor zaion, Beretzat o, nere Jesusentzat! dana den utsa... Baño utsa ere argalarentzat astun... Gaurko eguna igarota balitxeon... Orraztu bear naun. —Bai, azkenengo aldiz... Illearen ugaria! —Ta laster baterez. Aurki naiz kaskamots, Paula. Ja jai! ... Ene! Amak ez alzidan algarea entzungo... Auxen da zoria ta izua, dana batera! ............................................................................ Malentxoren sarrerako abagune ta jazoera guztiak begien aurrean dauzkat. Bidaurretako eliz-mai nagusia argiz ta lorez txit ederturik dago; moja kanpaiak dinbilidanbala pixkor alaietan gelditu ezin dira; or dijoaz elizara, oso apain, Malentxoren aideak, adiskideak, auzokoak, ezagunak, erritar elizkoiak; emen datoz Ana Josepa ta Katalin, Paula ta Manuel, Mikalla ta Inazio Mari; gurdian dakarte Joanes aitona, gure artzai buruzuria, ta eliz-mai aurreko aulkietaraño Jose Ramonek darama besotik; zelaiaren erdian daude, gorrotzoko lokarriz alkarturik, Moxolo, Martin, Peru Odolki ta beste orrelako naspillari burugogor batzuek, ikusnaian, marmarrean, etsi eziñik, irriturik, ondamuz amorratzen, apaiz, pralle, moja ta Malentxogatik asmatualak asmatzen, gezurrik eta zatarkeririk dollor lizun ta lotsagabienak aoa betean jaurtigitzen. Antz orretara itz egingo luteke gabiraiak, izketan balekite, atzaparretatik usoak iges egitean. Ana Josepa, bata ta bestearekin mintzatzen, azkenetakoa gelditu da, ta zelaikoetara begira: —Martin —deitzen dio illobari— eleizara i ere. —Ni? Barruko alperrai su ematera balitz... —E? Alperrak zeintzuk dituk? —Or, lanik egingabe jana daukaten sorgin oiek. Eman oiei, eman dote ona. —Zergatik ez eman? Gurea ezaldek dirua? Iri eskatu aldiagu? —Eskatu ez, baño kendu bai. —Iri kendu? —Bai; agindua ez ematea, kentzea bezela da. Lapur arraioak! —Lapurrak gu? —Bai; dirua daukaten guztiak lapurrak dira, diru danak lapurretan egiñak. —Aitaren, Semearen! ... Au ere entzun bear genduan! Lapurretan egiñak lanaren lanez aurreratutako txanponak? Lapurretan, ire aitari eman nizkan urreak? Lapurretan, ik; asko edo gutxi, Somorrostron irabazi ta eztakit nun ondatu ditukanak? Ireak ez, e? Ba, i baño lan pixkat geiago egiñak gaituk. Bai orixe... Nik eztiat iri dirurik agindu, baño agindu banian ere eznian emango. Euri! Ardangeletan ardo biurtzeko, beste zeregiñik eztaukak eta... Ik deitu bear iñori alperra, ik, egun guztian besoak tolestuta Don Bizente baño tenteagoa agoan orrek... Amonaren oiuetara elizakoak inguratu etzitezen: —Alde zagun emetik, —diote Martiñen lagunak— goazen errira. Atso listorra ixiltzerik etziok. —Erri madarikatua! —erasotzen du Martiñek—. Atsoak eta apaizak dira gaur agintari, baño egunen batean... Eta Moxolok: —Sentellas! Gure txanda etorriko aldek. Orduan ik ez, Martin, neuk erreko diat Bidaurreta, neuk, arraioak ezpaituk. Elizara sartu diranak, zelaikoen arreta lageaz, gogamen ta begiak Malentxogan jarrita dauzkate. Berariz Kataliñek. Orduaren zai, mojen bizitzako atarian zutik, lerden ta ixil, bero ta ikara, larri ta legor, bere alabatxoari begira, biotzaren taupadak ezin geratuaz, zer egin eztaki, zer esanik eztauka, erotua dirudi, zentzungabea ematen du. Baña barren aldetik norbaiten ibillera sumatzean, giltz ta morrolloen burni otsa garbiro entzun duanean, mojategiko ate zabal astuna intzirika ireki danean, bere altzoan limurki azitako ume kutuna agur, amatxo esanda barrura dijoala ikustean, ernaitzen da Katalin, alaba maitaeri lepotik eltzen dio, il zorikoak bizitzari bezela eutsitzen dio, jartzen bere bular gañean estu oso estu! ta euki ta igortzi, eragin ta astindu, negar ta musu, laztan bekokian, laztan begietan, laztan ezpañetan, erraietara biurtu nai luke berriz, erraien erdian gorde nai luke beretzat, beretzat bakarrik... Ai ene badata! Beste aideak, oso biozbera, agur egiteko gaitasunik eztute izan. Katalin, Meza bitarte guztian, ezta negarrez naikotu; Ana Josepa, mutil barrabanagatik otoitz egiten ezta ixildu; Joanes, biotzeko samin andia zeruko Aitari erakusten inola ezta aspertu; Jose Ramonek eta Manuelek, beren naigabe ta urduritasuna ezin gorde izan dute; baño denak esan diote Jaungoikoari txikitan ikasitako arrena: «zeru ta lurrean Zure oldea egin bedi»; denak daude iritzi batean: «Zabaletako alabak artu duan asmoa baño gauza oberik eztago». Paula dakust eramanik gutxienekoa, oso artega, ezeren adiera gabe, alderdi guztietara begira ta begira. Zer ote du Paulatxok? Meza bukatu danean, apaizak, Meza soñeko ta guzti, elizako burni-leiora jetxi dira, ta burnien barrutik agertu da Malentxo ,eder, lirain, urre-loraz jantzirik, argi bat eskubian, begiak bealdean, irribarrez, zorioneko, istillu gaiztoak igarota bere Kabira eldu dan uso bildurtiaren antzera. Txolarte polita ura mojak ikusteko. uste orretan, elizkizun artara bituriko guztiak, pixkor, lerdekari, zalapartaka, leio-burni ondora pillatu dira kabia usaindu nai. Itz egitera dijoan A, Pralleak ia non jarririk eztauka. «Nere arrebatxoa —dio— basetxe batean jaioa zera, baño jauregi aberatserako; Zabaletan azi zaituzte, baño Jaungoikoarentzat; zure ama maitearen besoak utzi dituzu, baño Jesus Erregearen besoetara zatoz! Ordu onean, arrebatxo, ordu onean!... «Gurasoak erakutsi zizuten zure jatorri andia, gurasoakandik ikasi dezu gauza guztien Egille Altsuari Aita esaten, ta Zeruko Aita ori deiezka daukazula jakitean, Beragana zakarzkite, naiz ta biotzaren erdian atsekabe artu, naiz ta malko samiñak ixuri. Era berean artzen dute min iñoren umea norberetzat azi dutenak, ume ura egiazko aitamakana dijoakiotenean... «Ezta negar egitekoa, atsegingarria da zuretzat eta zure gurasoentzat: zuretzat, antziñetako ames gozoa gaur betetzen dezulako; gurasoentzat, emendik aurrera, orain baño geiago ta obeto, berakgatik Jaunaren aurrean eskariak nork egiña izango dutelako». «Bai, Jesusen ondoan zure aide ta gurasoen bitarteko izango zera. Eguneroko janari ta atsedena gertatzeko etxean bat edo bat bear dan gisa, Jesusen jauregian bear da norbait beti betiko atseden eztia gertatzeko; ta zure aitamak, zure aiton-amandreak, zure anai ta aideak soro-lanetan dauden orduan, zu egongo zera emen aientzat zorion ta pakea gerorako eskatzen». «Lanbide andia zurea; eztago zerua irabaztea baño lanbide andiagorik». Baño oraindik eztezu iritxi, o ez! Jesusek sari osoa eztizu bereala emango. Zeruko bidean ipiñi zaitu, gudara deitu dizu, ekin bear gogorrean zaude. Asi bada berbertatik; asi berriro animaren etsaia purrukatzen, jarrai gogotik aragiaren jaikiera gaiztoak azpiratzen, ekin griña oker guztiak zugandik kentzen. Zure mendekoak dira, zure azpian bear dute. Ez ikaratu, eraso bildur gabe, Jauna dezu lagun, zurea da garaitza, zurea da zerua». «Bai, zurea da Jesusen atzetik bazoaz, aizpa berrien legeak gordetzen badituzu, gaur dauzkazun asmoetan irauten badezu». «Aurrera, Jesusen maitalea! Aurrera Jesusen gudaria! Ordua eldu da. Lurtarren soñekoak kendu itzatzu: eztira oiek gudetarako jantzi egokiak, eztira zure biotza betetzen dizutenak. Ezagutzen zaitut: zu etzera azaleko apainduri zale; barrutik nai dezu apaña izan, anima nai dezu, done ta aingeruen ekantzera, txukun, eder, garbi ta aberats. Zeruan daukazu iraupeneko sari osoa, zeruan zure jarleku andia, ta bertan nai zenduke jarri; antxen, Aloña baño gorago, odeiak baño gorago, izarrak baño gorago dagoan betiko maitetasun, eztitasun ta edertasun guztien iturburuan nai zenduke jarri. Zure gogoa bete dedilla, denok ikusi dezagula...». Eliz-jaia bukatuta bereala, barruan barrukoak utzirik, besteak zelaira erten ziran, erlauntza bezela zunburruntsu, bakoitza bere usteak ematen, bakoitza bere oarrak agertzen: A, Pillipe iztun iaioa zala, iztunik onenetakoa, Aitarik jakintsuenetakoa; arren esakera ugaria, arren besoai eragitea, arren samurtasuna; Malentxo arte arte egon zala, parre antzean, pozez zoratzen; beatzik etzuala erabilli, etzuala zirkiñik egin, begirik etzuala jaso; baietz, jaso zituala, aitonari begiratu ziola, Joanesi malko lodiak erori zitzaizkiola: Kataliñen zotiñak, Ana Joseparen Aitagureak, Manuelek zeuzkan begi gorriak, Jose Ramonen eroritasuna; batari moja izateko asmoa erne zitzaiona; beti barruan bizitzea danentzako etzana, gurasoen ondoan zerua irabazi zeikeana... Emakume guztiak zeukaten mingaña erabiltzeko zio ta gaia, guztiak zerbait agertu bearra, denak zeuden alkarrekin jardunean. Danak ez orratik. Paulak etzuan itzik ateratzen, etzion ezeri jaramonik egiten. Gogamen bat zerabillen elizara ezkero, ta ezin zuan bere burutik kendu: zergatik etzan Jose iñon agiri? Galdetzera zijoala, Manuelek zekarkion erantzuera, erdi negarrez: —Orain ere oker andia degu, Paula. —Zer? —Gure Joseri gertatu zaiona! —E? Zer gertatu zaio? —Garrautsak su artu ta erre. —Erre! Zeñek esan du? —Or dagoan gizon ori dator Barrenatik... Izendaturiko gizona Joanesi albisteak ematen zegoan. Nola izango zan? —dio. Ara, errez ulertuko dezu. Otarratxo baten dauzkagu arrobirako garrautsak. Josek, gaurko eguna beretzat jaia zalata, lan gogorra egin zuan atzo, arri zulatzen. Illuntzean, apaitara baño lentxoago danbada batzuk egiteko ustean, artu du garrautsen saskia, bear dan aña sukarri zuloetan sartu du, ardagai ari luzeak arretaz ipiñi ditu, ta su ematera dijoanean, aldemeneko saskira pospolo buru izekia erori zaio ta plaust! ... Alako arrigarririk! Suak, lurrak eta kiak igo zuten, eliza ori baño gorago bai, ta Jose gizagaixoa su-lur-ketan ostendu zitzaigun. Lenengo, ke-lañoak etzuan ezer ikusten utzi; gero, irrikiturik, lagunagana eldu giñanean, arkaitzean erorita billatu genduan, ikatza baño beltzago, zearo kixkaldurik, zearo baña. —Il da! —Il ez, oraindik ezta il, baño gaizki dago, oso gaizki. Ara, ezin leike ondo esan: gizonaren itxurarik eztu, bekañik eta betillerik eztauka, arpegi dana puslatu zaio, ura ta zorna dario... —Ezalda sendatuko? —Ezteitzot; baño sendatzen bada ere, itxua izango omen da. —Non dago? —Bergarara, gaixotegira eraman dute. Zabaletakoak, zer erabaki etzekitela, ixil ixillik gelditu ziran. Joanesen ileta baño besterik etzan entzuten: —Bai ondo zorigaiztokoa mutilla! Bai ondo nekepean izateko sortua! Arako baten Paulak: —Banua ni —azaldu zuan— ta iñoren esanik adi nai ezta, aidien zai egoteko astirik gabe, azkar, aizea bezin azkar, Bergarako bideari ekin zion. —Zaude, Paula, zaude, ni ere banator —deitzen du Manuelek. Eta beste batzuk, gizonik guri sendoenak, onela diote: —Gu, jandakoan. Ia amabiak dira ta... __________ XIX. BI ARPEGIAK Euskal gizasemeak, bazkari on baten aurrean, errez laga oiditu alde batera naigabe ta zeregin guztiak. Batez ere naigabea barru barrura sartu ezpazaio ta zeregiña gerorako edo urrengorako utzi albaleike. Onak eta jatunak omen gera ta... Onak, onak... Ori geuk aitatzea baño beste batzuk agertzea obeko degu. Jatunak gerana bai, gauza garbi ziurra da, norbere gorarik eztakar ta neronek azaldu dezaket. Ezta orregatik iñor lotsatuko, ez. Bai zera lotsatu! Ollasko ta illar berrien oroitzaz zearo poztu, ezpañak miazkatzen jarri. Orain dala ordubete ikusi det gizon guri potrollo bat. «Eztezu txilborra makala!» —esan diot. Eta badakizu zer erantzun ditan, irakurle? «Kostata. Alduanak dauka». Al izatea gure atsegin. Al izan ezkero, iñondik badegu, apukorik bada, ezin gindezke eguneroko babarrunak janda egon Ez, aukera danean, amarretakoa, amaiketakoa, lauretakoa, azken ordukoa, dena dator ongi, ta gure urdallak eztu beñere ezetzik esango. Ta mutillak gera gu apukoak billatzen. Aurraren jaiotza, auzokoaren eriotza, ezagunaren Meza berria, lagun baten etorrera, adiskideari agur egitea, urlia edo urliziari egun-onak ematea; txerria il dutelako, erbia atxitu degulako, eskalluak ekarri dituztelako, arkumea merke dabillelako; gaztetan indar egiteagatik eta zartzan indarra ez galtzeagatik; neguan otzari gogor egin daiogun ta udan izerdiak bigundu ez gaitzan; Gabonak dirala, Iñauteriak dirala, zezenak edo adarrak dirala; San Juanak, San Pedroak, Andre Mariak, edozein doneren jaiak, edozer eratako jolasak... beti daukagu zerbaiten apukoa ta beti jan egin bear, asko jan, galanki edan, zintzurreraño bete, ok egin, ase, ito ta upeldu. Jatunak alderdi guztietan dira, baña egingo nuke eztala iñon Euskalerrian beste ollo-jale ta Txanton Piperri. Ezagutzen det bazkari eder bategatik Murziaraño joango litzakean zalduna Badakit, zeñek, apari andi bat eginda bereala, amar saieski jan zituan; badakit zeñek, amarretan, kana ta erdi lukainka. Orrelakoak bat edo beste daudela? Bost edo sei milla gutxienez: itxura duten guztiak eta itxurarik eztuten asko. Ta ez atxurle ta nekazariak bakarrik; ez, sagardotegian, «amalaugarrena» edo «amaseigarrena» eskatzen dakitenak bakarrik: urietako jaun azkar burutsuak ere bai. Makiña bat bidar nabaitu ditut gizonik argi ta langillienak, arlo astunen erdian bertan, Azpeiti ortik eta Durango emetik, Donostin ondo ta Iruñan merke, olloa gora ta eperra bera, Urumeako izokia ta Berastegiko amuarraia, albisterik arduratsuenak emango balituzkete bezela, non obeto jaten dan alkarri erakusten ta jakirik gozoena zer ta nola dan adierazten. Gaixoagana ekarri degun sendakiñari entzun diot, eskuak garbitzen zegoan bitartean, azatan egositako ollagorra baño jaki oberik eztala. Sendakin orrek, toki askotako eltzeak ikusi ditu, izen andiko lau-ortza dauka; gaisoai begiratzen bai, baña, ostaturik onenetan, lagun arteko jan-batzar alaiak gertatzen ere badaki, ta berak dionean, ollagor egosia ezta txarra izango. Baño goazen geure ipuietara. Malentxo moja sartu zanetik amabost egun geroagoan gaude. Patxiko ta bere langintzako adiskide batzuk, Mari-Teresek bakallaoa ederki jartzen dualata, Eibarren bitu dira, baño bestetan aña gozamen, aukera ta leku eztute idoro. Igandea da, eguzki gabeko igande beltza; ostatua gizadiz borborrean dago; etxejabeak, alegin guztiak egiñarren, danentzako jakirik eta astirik eztauka, ta gure Patxiko ta lagunai bazkaria bazter baten, otza, urri ta kiskaldua ematen diote. Deiezka ta ontzi joka luzaroan egonda gero, neskameren bat atarrapuzka agertzen danean: —Gaurkoagatik barkatu bearko; —esaten du— arpegirik ezin emanda gabiltza. —Zer da gaur ordea Eibarren? —Mitiña edo... —Noiz? —Iruretan. —Zergatik? —Langilleak naibeste nekesari eztaukelata. —Nork dauka nai beste?... Gizon asko etorri alda? —Asko ez, baño bai nabarbenak, Bilbo aldetik. —Zaldibarrera joan bear genduan. —Ta emen? —Mitiñean egingo degu parre pixkat. Neskameak esan bezela, iru iruretan, lantegietako gizonak eta Elizaren etsaiak jardun-batzarra astera dijoaz, pelota lekuan. Antxen, lañoz jantzitako zerupe illunean, suinkiro alkartu dira eibartarrik geienak, onenak ez baña. Onenak ez: gazte arro, zarkote nagi, erdi-langille, oso-edale, gezur-billari, aizeburu, etxekalte guztiak eta emakume arrotz lasai batzuek. Ardangela ta kafeterietatik erten dute, ta denak, piper gorria baño gorriago, jakintsuen jarduna entzuteko zai, pilloan daude. Auzo errietako gizonik ia iñor ezta: gure sendakiñez gañera, lau edo bost ermutar, beste ainbat plazenzitar, amabi edo amalau Elgoibarko. Beste urietakorik... Moxolo ta Martin dakustaz maiburuan! Lenbiziko berriketaria, bizar biko gizon igar tentea, eztakit nongoa dan. Biurri andiak egiñaz, begiak zuri jarriaz, ortz ori zikiñak bakan erakutsiaz, eskubiko besoa jaso ta luzatuaz, azkazal lodi okerrak beltz agertuaz, zerbait arrapatzera dijoan basakatua dirudi Gaztelarrez itzultzen du, garrasika, El Rasero, El Motin, ta Rojo y Verde deritzaien paperetan ikasitako jakituria... Bego Eibarren bizar biko gizontxoaren erakastea: guk eztegu lizunkerien berririk eman bear. Gutxik ulertu diote, baña txalo andiak jo zaizka, batez ere ipuirik gordiñenak esan dituanean. Patxikok bakarrik atera du arpegia egi ta garbitasunaren alde. Ixillik ezin egonda, non dagoan aztuta, iru edo lau bidar jaurtigi du aora zekorkion iraña deadarrez, ta aldemenekoak entzuteko eran eztakit zenbat aldiz: «Gezurti! Kakalardo! Labezamorro! ... Eztet ixildu nai! Arraio tximua! Nongoa ote da bera? Ta loikeri oiek txalotu! Baño gu zertan gaude? ... Uutik! Bere errira dijoala! ... Lepo ezurra auzi gabe!...». Eztakit nola berari ausi eztioten. Ermu, Plazenzi ta Elgoibarkoak zeuzkan urrean ta orri eskerrak. «Bejondaigula! —esaten du bigarren iztunlea jaikitzean—. Au dek obea, au! Sobresaliente en la facultad de Arantzadi! Doctor por la Universidad de Upelondo! Entzun bear zaio sermoia, ederra izango data». Patxikoren ingurukoak parrez aidira, ta pelota lekuko guztiak len baño arreta geiago daukate, bada bigarren berriketaria euskalduna da. Zein? Martin, Azkarragako Martin. Ara zer dion, Oñatiko izkeran, ta ara, tartietan, aditzallien ziri batzuk: «Langilliak: Euskalerrixan jaixo naiz, baña euskaldun izatiak eznau batere arrotzen!» (Patxikok: Geuk ere i emen jaio aizalako, ze arrotu andirik etzeukagu). «Euskaldun izatia baño lurbiratarra izatia gurago dot». (Plazenzitar batek, Patxikoren ondoan dendatuta: Edonongoa ta iñongoa ez, ijitoak bezela). «Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago, ta nik eztot iñon mendian egon gura». (Norbaitek: Viva la libertad!). «Gizonak eztau lokarririk biar». (Ermutar batek: Gerrikorik ezpaneuka ba, nire prakak laster litzakez orpuetan). «Danok gara bardiñak». (Elgoibartarrak: andi-txikirik ezta beraz, erren ta elbarririk ez. Badeitzok, Artola? Siñiste aldek, Julian?) «Gizona lotzeko eskubiderik iñork eztauka». (Moxolok, bere artean: Ta bear luke). «Goialdeak utsik dagoz». (Ermuatarrak: Izarren batzuk gabetan ikusten dira, baña, orrek diñonean... jakintsua eidata). «Gure gañean eztago iñor, ez erregerik, ez Jaungoikorik...» (Patxikok: Ondo giñake, astoen gañean iñor ezpalego!) «geuk egin biar ditugu geure legiak, gura dogun modura» (Moxolok: Neuk egiten badizkiat, laster urkatuko diat ire amona). «Iñork eztauka iñor iltzeko eskubiderik»; (Moxolok: Orra orain, orra). «Lurrean ezta batere gudarik biar; guda-gizonak alper-gizonak dira». (Eibartarrak: Ederto jaok, baña orduan gure armak nun salduko jituagu?) «Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira». (Plazenzitarrak: Ta zuk ere ori nai, loditu, odolez edo odolkiz). «Zortzi orduko lana gura genduke»; (Moxolok: Askotxo dek, baño, tira, nai duanak egin dezala). «Orain artean baño aloger obea biar dogu». (Denak: Ori, ori! Betor dirua! Venga diñero!). «Diru-etxeak lapur-etxeak dira» (Moxolok: Orrenbesteraño ez orratik). «Asko gara, guztiok alkartu gaitezen ta zor doskuena eskatu daigun». (Ardosaltzalle batek: Neuk ere, zure ondoko batzuei, edandakoen ordaña eskatu bear diet). «Agintarixakana goazen ta esan deixogun geu gerala geixen, geu gerala indartsuen». (Ermutarrak: Ori dok! Ukabilla nagusi). «Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin bear da; gogor andiki, agintari, legegille ta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz bera jarri biar ditugu: legiak ausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, pralleak larrutu, elizak erre...» (Plazenzitarrak: Bai, mutil; ator Plazenzira). «Orrela ekarriko degu aginpidia pobrien eskuetara, orrela izango degu dirua ugari». (Lengoak: Orrela izango degu... adarra jotzia). «Adiskidiak, lagunak: danok batera diar egin daigun: gora erri langillia! bera legiak! bera ugazabak! bera gizon alperrak! bera soñeko beltzak! bera argizai jaliak! Biba la repúbica! Abajo inkisisión!» (Geienak: Gora! Bera! Abajo! Txaloak, oiuak, marruak, Trágala, Marsellesa ta Intenazionala...). Moxolo, Martiñen gaitasunez arriturik dago: etzuan uste ainbeste zanik. Eibartarrak, Azkarragakoari begira, zintzo zintzoro diote: gizon andia dok ori! asko jakik orrek! orrek bai daukala ilustraziñoia! Patxiko berriz onela mintzatzen da: Ederki, Ederki jasotzen ditu atzeko ankak! Arrane arrania! eztakite Oñatin nolako semetxoa daukaten!... ......................................................................... Oñatiar guztiak elizan daude. Uri paketsu artara Eibarko mitiñaren oiarzunik ezta eldu. Goienetxeko aldapan gora, zirrin-zarran, gizon gazte bi dijoaz. Batak arpegia zapiz estaldua darama ta oña non ipintzen duan eztaki; besteak, besotik eutsiaz, zapidunari ezkerrera edo eskubira eragiten dio, koskarik jo eztezan, utsunietan erori eztedin. Beren arteko izketa entzun dezagun: —Noiz artu ditu Elizakoak? —Zortziretan. —Gaizki alda? —Oso gaizki: ez omen du gaba ekarriko. —Garaiz elduko algera. —Nai nuke —Non goaz? —Ia Goienetxen. —Amaika bidar egin det azkar emendik etxerakoa, baña... Egualdia, bidaztien kopeta bezela, itzal agiri da. Goibel zerua, odeiak geldi, txoriak ixil, aizearen izpirik ez, soroetan iñor ez, errekastoak ur gabe... izadiaren indarrak bukatu dirala esan leike. Bada orratik zerbaiten otsa. Txuri zakurra bere baserriko atarian uluaka dabil. Zakurraren uluak auzotegi guztia izutzen du. Arratsaldeko iru terdiak dira, baño Joanesen gelatxoan argia jarri dute, il-zorikoen argia. Oe zurian luze luze, burko bigunean burua ondatuta, arnasarik artu ezinda, izerdi larriz bustirik, azkenetan dago Joanes, Zabaletako nagusi zarra, Urbiako artzai ospetsua, Aloña mendiko jaun ta erregea. Lenago, Urbian bizi izaten zanean, lotara baño len, ardiak non ta nola gelditzen ziran begiratu oizuan bezela, orain, betiko lotara dijoanean, etxalde maitea nola gelditzen dan begiratzen du. Ai! Bere ondoan dauzka batzuek, baña beste batzuk lurbirako zelai zabaletan sakabanatu zaizka Denak ikusten ditu irudimenez. Juan Andres oso urruti, arrotzen artaldean, euskalduntasuna galdurik, Zabaletakoen itxura gabe, seme ziztrin ergelaren guraso... Martin, askozaz urrutiago: illoba oni anima aldatu zaio, ta animak, aldatzean, txit urrutira joan oidira, gorputzak lengo tokian egonarren. Bai, argitik illunera, Jaunagandik Etsaiagana, usoak bele ta arkumeak otso egiteraño. O zer samiña norberak maite duan umea otso biurturik ikusi bearra, sorterri, adiskide ta gurasoen zematzalle! Jaungoikoak ikutuko al zion Martiñi biotzean, Malentxoren bitartez... Malentxo! Ura ere aldendu zan, baño Jesusen artaldera, zeruetako atarira, animak eskatzen duan zorionaren eske. «Malentxo nere maitea! —dio— egin otoitz Zabaletakoen alde, nigatik egin otoitz, orain, nere eriotzako ordu onetan. Zure otoitzak itxaropen andia dakarkit animara». Samiñetan ere paketsu dago Joanes zintzoa. Pake ta itxaropena musuko argitasunean igartzen zaizka. Bere patxadeak, bere begi gozoen leñargitasunak, bere ille ta bizar zuri luzeak, Lege Zarreko Gurasoen itxura ematen diote. Oiaren inguruan daude, negarrez urtzen Ana Josepa ta Paula, Iñazio Mari ta Jose Ramon, Mikalla ta Katalin. Gogoz emango luteke bizitzaren zati bat, aitonarena luzatzeagatik. Aitonak il bear du; bere ondasuna, Uribarriko etxejauntzarik andiena, laster utzi bear du; baño Zabaletan etxe-nagusi jartzeko leiarik iñola ezta. O, gaurko aberatsak, oraingo nagusiak, eztira iñon orrela bukatzen! Aloñako erregeari, ainbeste baserritarrek opatu duan errege-zigorra berez erortzen zaio, baño Zabaletan ezluke iñork errege-zigor ura eskubian artu nai. O, errege ta gizon agintariak eztira beñere orrela iltzen! Mitin zaleak kendu ezkero, denak maitatzen dute Joanes ona: uritarrak, menditarrak, auzokoak, etxekoak, Aranzazuko Amak, Aitzkorriko Jesusek. Eskuetan dauka Jesusen irudia, Malentxok biraldu zion gurutzea, ta papar gañean Ama Mariaren kutun bustia, arnasestuak ematen dizkan neurrietan goruntz ta beruntz, itxas irakiñeko uztai azalkorra edo zeru-alderako atoi-ontzia bezela. Iñork eztu mutik eta zirkiñik egiten; gaisoaren bularreko zurrua baizik ezta etxean ezer entzuten. Baño Joanesen oroimena bizi ta atseden gabea dabil. Zerutik lurrera, betikotasunetik egunetara, Galiziatik Euskalerrira, Malentxogandik Josegana dijoakio. —Bai aldator, —galdetzen du— mutilla bai aldator? —Bai, aurki onezkero, urrean bear luke... Badantzugu, emen da. Umezurtz errukarria, astiro astiro, lerden lerden, oinkadea bada-ezpadan jaurtigiaz, ate aldamena eskuz idoroaz, Manuelen besotik aurkeztu da. —Jose! —Aitona! Gelako guztiak berriren berri negarrez asten dira, ta Joseri naigabeak jaten dio itza. —Atoz, zai nengoan. Bata, oiaren ertzean belauniko, ta bestea mutillaren burua ta arpegia ikutzen, Isaak ta Jakob dirudite; baña emen Isaak baño itxuagoa da Jakob, Joanes baño itxuagoa Jose. —Ez nauk ikusten? —Ez, jauna. Ta gaztearen malkoak esku gañean sumaturik: —Ikusteko begirik ez ta negar egiteko bai! —dio aitonak—. Asko nai dik gure Jesusek, orrela zamatze auanean... Ez ikaratu: oñaze oiek eztituk betiko. Gabaren ondoren eguzki garbia ziok, nekearen ondoren zoriona. Elduko zaik iri ere, bai alegia. Bitartean, nere ordeazko izan bear dek: sukaldeko zizalluan jarriko aiz, nere aginpidien jabe ipintzen aut, ni banintz bezela begiratuko diate... Josek eztu ezer erantzuten, baño bere barruko mintzoa badakit: «Ni emen bizi? Ezertarako eznaizala? Iñoren traban? O, ez! Zuaitza erortzean itzalik ezta. Gaur ondo begiratua izanarren, biar edo etzi nizaz aspertuko lirake. Etxekoak aspertu baño len neuk ertetzea obeto da, ta ertengo det. Aldapa gora etorriko zait, asko lotsatuko naiz, baño eskean ertengo det aterik ate Jaungoikoaren izenean Ni baño andiagoak ibilli dira». —To —jarraitzen du Joanesek— to, Jose, arzak Malentxoren gurutzea, mun egiok. Iretzako dek geroxeago; orain, pitin batean, neretzat... Zeruko giltza dala uste diat... Artzai zarrak, gurutzea, umezurtzaren ezpañetatik bere ezpañetara, darama. Jesus, Joanesen aoan besoak zabalik dago, aspaldiko adiskidea Beragan artzeko zai bezela, ta Joanesen animak laztan batean ertetzen dio; laztan bero, gozo, luzearen bitartez ematen dio Joanesek Egille Altsuari anima, euskaldun animarik ederrenetakoa... ......................................................................... Zerua goibel, odeiak geldi, txoriak ixil, aizearen izpirik ez, soroetan iñor ez, errekastoak ur gabe... Uribarri aldean izadiaren indarrak bukatu dirala esan leike. Txuri artzanora saletxe barruan gordea dago, ulua ta ulua. Eliz-kanpaiak, noizik beingo dumm... dumm! ... lodi sendoan, Joanesen ilberria zabaltzen asi dira, ta baita ere uritarrak, zein il dan jakin baño lenago. Lurra utzi duan animagatik arren zintzoetan... Kanpaien ots illuna Bidaurretaraño azkar dijoa Malentxori aitona ilko zala otu zaio, ta gauza guztien Jaunari begira, gogoz, biotzez, iñoiz baño siñistetsuago, arrebatxoakin batera, bere otoitzean onela jarraitzen du: Desiderium cordis ejus tribuisti ei: et voluntate labiorum ejus non fraudasti eum. Bere biotzeko leia orain bete diozu: bere ezpañetako eskaria ezta izan alperrik... Magna est gloria ejus in salutari tuo: gloriam et magnum decorem impones super eum. Andia da bere atsegiña Zure jauregian: zorion ta edertasun ugarietan jarriko dezu... __________ XX. AZKENENGO ALBISTEAK Garoa bukatu da. Nere irakurgaia esan nai det, bada mendietako garo landarea bizi da oraindik eta mendiak dirauten artean iraungo du. Eztio ajola egi ta egal guztiak iritariz moztuarren. Sustraia gelditu ezkero, garoa egon dan tokian berriz ere garoa dator. Ai orrela euskalduna zan lekuan euskalduna jaioko balitz, siñistetsuaren lurrean siñistetsua erne, Zabaletan bezela! An bai garoa ezko, iori ta usaitsu! Zabaletako baserrian euskalduntasuna oso lenean daukate, lenean ta berean; arlo, izkera, oitura ta jarraipide guztietan. Aitona ilzala bi urte badira, baño Joanesen anima bere alderdi ta ondorengoetan bizi dala deritzot. Jose Ramonek, azal ta barru, aitaren itxura ta egokierak dauzka. Burua zuri ta mintzoa garbi, gorputza lerden ta gogoa zuzen, bein baño ere azkarrago, zarrago ta obeago, Joanes bigarrentzat artu dezakegu Bera da orain etxeko jauna; berak agintzen du non zer lan egin; berak igotzen du Urbiara antziñetako bide ziorretatik zear; berak bedeinkatzen du maia, baserrian badago; berak erakusten du Jaungoikoaren bildurra oñordekoen artean. Artalde andien jabe da, moxalak txito ugaldu zaizko; ukulluan nai aña ele gordetzen ditu, ganbaran bear aña ta geiago ala, ate aurrean ta ellor barruan ainbeste garo ta iñaurkin. Jose Ramonen mendeko guztiak, gure asaben bideari jarraika, Jaunaren aginduetan pozkiro dabiltz. Pake osoa dago Zabaletan: pakea, ogia, osasun ederra. Ala ere, baserri artara dijoazenak ikusi dezakete andretxo igar zimur bat, garo legorra baño igar ta zimurragoa, ezpañak egundo bitu eziñik, itza ta otoitza dariola, seme ta illobai agirika edo aspaldiko seaska ondoan ereslari: Ana Josepa da. Bai, sarri entzuten dira Zabaletan amona biziaren zital-itxurako esakerak, batari ta besteari oska, Aita gure-Ave Maria edonundik urratuaz:... ta bedeinkatua da zure sabeleko frutua Jesus. Mutil, abar batzuek bituitzak, alperrerian egon gabe. Non ago baña, beti lanetik igesi? ... erregutu ezazu gu pekatariokatik... Neska, olioa ekarri zan, lapikoari begiratuion... orain eta gure eriotzako orduan... Esneak erre usaia zeukan... Gloria Patri Pillio Espirituri Santo... Orea egiten eztakizute. Bai gatz gutxiko emakumeak! Maratzagoak izan gera gure egunetan... Sicut erat in principio... Anitzez sumatu oida, sukalde bazterrean, amabisabaren edesiketa dardarazkoaz, Kataliñek lenago antolatua bera: Seaska zarrak aur berria du Zeruetatik jetxia, Aingerutxoak ekarri dute Ezur t'aragiz jantzia. Jaunak eman dit neretzako ta Nerea det nik Madalen. Maite kutuna, ezaidazala Jaun zerukoak berriz ken. Zeñen aurra du seaskan? Manuelena. Irakurleak eztaki: Manuel Etxenausiko Isabelekin ezkondu zan, Isabelek neskato gizen sendo bat eman zion, ta Malentxo dasaiote umeari Bidaurretako izebaren oroimenean Malentxo bigarrena da Zabaletako jostallua. Pitxitxo ta maitetxo, pa neri ta ma orri, gure poxpolin ta gure krabelin, goazen apapa ta jarri apatx, gazteakandik zarrakana, lurretik musura, seaskatik besoetara, aide guztiak jan bearrean darabilte aurtxoa. Zoritsu dira beraz gure ezagunok? Zabaletan bai; obeto ezin. Galizitik datorzkiote nolabaiteko berriak. Luzaroetan ezer jakin ez ta gero, orain oraintsu izan zituenak Ana Josepari animako gandua kendu zioten, Jose Ramoni negar andiak eragin. «Nere anai maitea: —esaten zuan Juan Andresek— aspaldietan eztegu zuen albisterik, baña eroso izango zeratela deritzot. Gu ez, gu ezkaude ondo. Nere egunetan lan asko egin det eta diru asko irabazi ere bai, baño nere semeak geiago eralgi du. Eznuan ondo azi, bigunegia izandu naiz, ta ortik nere ondamena. Ikasten zegoalakoan, joko ta nagikerian igaro ditu egunak eta urteak, eta gaur, bizarrez oso jantzi danean, griñak ugari, diruak urri ta irabazteko gaitasunak auzoan Sendakin izatera ezta eldu, ogibiderik eztauka ezer, iñork eztu ikusi nai: neuk ere ez, gurasoa izanarren. Gutxitan dator nere ondora. uri batetik bestera dabil mitiñetan, berritxukerietan, naste guztietan, nagusi-morroien tarteko, gizonak eta erriak arautu bear dituala. Au ere bada ba! Beretzat aña izan ez ta besteak baño geiago dala uste; bere burua oker erabilli ta besteak zuzendu nai. Errukarria! Oraindik eztu bere itxumena ezagutzen, baño igarriko dio aurki. Asi zaio jazkerea, atze ta aurre, orpo ta idun, pobre de levita dala adierazten. Benetan pobre nik emango diotanagatik... Oso erori gera. Juanito ta bere tajuko alper batzuek zirikatuta, iru edo lau aldiz, estuen nebillen orduan, bertanbera utzi naute langille guztiak, eta nere azkenengo txanponak deabruak eraman dizkit. Galera gaiztoak izan ditut, emengo lanak zearo gelditu dira, etxearen gañera geiegi atera det, andrea ere gaixorik daukat eta... larri larri nago. Ara, lotsatzen naiz, baña... zerbaitean lagundu albazeinkide... millatxo bat peseta edo... Eskutitz au irakurtzean, Zabaletako guztiak, Manuel aurrengo zala, Juanitogatik egundañokoak esan zituzten: «Orra prestutasunak! Orra jakituriak! Banekian nik ezagun zuan arrek, txotxolo andia, txitxare likitsa, pizti arroa, Junkeirotar burugabea, or konpon dedilla, ukalondoa jan dezala, adiskideak eman daiotela...» baño, azkenean, denak kupitsu, osabari laguntzekotan gelditu ziran. —Bai, Azkarragakoakin bat eginda, lagundu egin bearko. Azkarragakoakin? ... Izan ere, zer egin zuten Azkarragakoak? O! Azkarraga baserriak, bi urte auetan, izugarrizko aldaketea izan du. Ikustea baño eztago bide ta soro bazterretan txukuntasuna, etxeak daukan arpegi garbia, atari aurreko loreontziak, sukalde barruko urdai-lukainkak, geletan jarri dituen oe bigunak, leioetan dauden oial sareak, gizategirako erosi diran jarleku berriak, ispilluak, doneak eta pitxiak. Oroitzen da irakurlea nola erakutsi nion Pedro Migelen gizantza, ori, pekatsu, pipi zuloz, autsez ta amaraunez betea? Orain beste gauza bat ematen du. Egoki ta apaña, lengotik eskuz trebero berriztatua, urre lerroz iguraturik daukate, beste gauza polit batzuen erdian Eznuan asko uste garai batean! Igarle txarra ni. Nola ordea erosokeri oiek? Nondik orrelako altasunak? Itxaron gabeko lekutik. Joanes obiratu zan egunean bertan jakin zuten Pedro Migelen ilberria. Aberats ilzala ta bere ondasun guztiak Oñatiko aidientzat utzi zituala! Gizonaren zoria! Berriz ere jaiki orratik, berriz ere burua jaso. Zertarako baña? Onik onenean dana utzitzeko, ainbeste izerdiren saria iñori eskeintzeko, aideak ondo izan zitezen. Norberak lana ta besteak jana, norberak nekea ta besteak epea, norbera zamari ta ondorengoak zaldun... eskerrikasko esaten eztakitenak agian. Orrela oida. Martiñi beintzat eskerrik ematea etzitzaion bururatu. Zeñi? Lurpean zegoanak etzuan eskerrik bear, ta etxekoai zer diete zor? Zegokiona kendu zien, azkar gero kendu ere. Donosti alderuntz iges egin zuan, ta or emen dakuste nasaikerietan kirastua, aragiaren era ta nai guztiak aseaz, osasuna ta dirua banatuaz, animarik ezpalu bezela, biotz gaiztoko, ao txarreko, zeru ta lurreko aginduen etsai Baño ez omen da orain lengo adiskidien adiskide. Dirua etzioten ba eskatu! Alperrai dirua! Erantzuera zorrotza bai, erderaz: el Nunsio que os de, lo mio para mí es y... Mikalla ta Paula eskerdunak. Aiek apaindu zuten etxea, aiek osabaren gizantza egokitu, aiek, animaren alde, Mezak aterazi, otoitzak egin, elizkizunak eragin, opariak eskeñi... Paula ezkongai aldago? Bai zera! Diruduna ezkongai? Ez gaurko egunean, senarrik nai badu. Euliak eztira ta gizonak txanponetara. Aberats ikusi orduko, mutil gazterik bikañenak abitu ziran Paulari jarraika, txurikeri labañak ixuriaz, maitasun zindoen itxurak erakutsiaz, ta baita ere Paula, gezur legunai jaramon gabe, asi zan... Joseren biotza alegiñean irabazten. —Etorri zaitzu txandea —esan zion amak. —Etorri zait. Bein edo bein! —Oñatiko gizaseme guztiak zeureak dira. —Ta ni batena izan, batena bakarrik. —Begia zeñi bota diozu? —Jose bear det. —Iturraldekoa? Orain!! —Iñoiz baño geiago. Len, besterik ezean nai niola esan zitekean; gaur, askoren artetik aukeratzen det, errege guztien artetik aukeratuko nuke. Zetarako ditut ondasunak Joserentzat ezpada? —Itxua dezu baña! —Anima du argia. —Itxusia dago! —Barrutik da eder. Paulatxo! Jaunaren izenean, begiratu eizketzu ainbesteren alderdiak. —Ezagutzen ditut, zalduntxoen berri badakit. Onenaren andre nagusi baño naiago det Joserekin eskale. —Kasketa! —Biozduna. —Ezertarako eztan gizakumea... —Ezbeza nere biotzean ikutu, minbera daukat, maitetasunez minberatua. —Ainbeste diru daukagunean... —Diruak edozeñentzat, Jose neretzat... —Eta berak nai ezpadu? —Baita! Norbaiten bearrean dago, ta neuk zaintuko det: etxean edo txirotegian, neu izango naiz Joseren ama, edo arreba, edo neskamea... —Jas! Aita Santiagok adiña eman daigula... Orrelako maitetasunak irabazi ta beratuko eztuan gizonik ezta. Iturraldeko mutilla, gallendua, lilluratua, eskerrez beterik, Azkarragako neskatxa on, zuzen, gartsu ta kementsuagana osoro auspeztu zan. Paulak Joseren emaztea izatea iritxi du, Joserentzat bizi da, ta Jose, biotz biotzez, Paularentzat. Danean batera datoz, alkarren gurariak asmatzen dabiltz; ezkondu ezkero arantza batek eztie ikutu, abaraskarik gozoena, eztirik eztiena miazkatzen daude. Senar emazte berdiñagorik, gizo-emakume apalagorik! Aberastuak egonarren, nekazariak dira, txito nekazari ta baserritarrak. Ezin ditezke uri barruan ondo bizi. Beian bekoak, andikerietan, arrotasunean, iñoren ondamuz, jantzi pitxiz, gorontz estuz, oñetako medarrez esiturik, zaldun-andre itxurak ezin eginda. Parregarriak! Beste bizikera bat daukate uri gañean: benetako askatasuna, egiazko nagusitza, aize ta argi obea, ta batez ere garo ta mendi-lore usaia. A! ta azaleko errea izango zuan nunbait, bada Iturraldekoari begietako argia etorri zaio, zorna ta zauri guztiak zearo joan zaizka, batere gaixo aztarnarik eztu ezagun, ta gure umezurtza gizasemerik trebe, lirain ta bikañenetakoa dago Paulak esan dezala. Paulak dionez bere senarra bezelako gizon ederrik ezta iñor. Bere Jose! Zeñek berdindu? Ezta semeak ere, ederra zan baña zein ederra! Semerik aldute? Zoragarria, zuri guri ta ernaia, Mikallaren ustez Zabaletako aurra baño zuriagoa, guriagoa, ernaiagoa. Oñez badaki, «aitaita» esaten ikasi du, aitonari erotu eragin bear dio. Au dabil makal, Iñazio Mari dabil ajeatua. Oñazerik ez, baño ito-bear estuak oiditu. Zankoak andi, burua nagi, mingaña totel, arpegia erorita, kokozpeko larrua idi zarraren antzera lasai, ura itxura dauka gizagaixoak! Ezertako ezta gauza, ia ezta aulkitik jaikitzen, eztu etxetik iñora ertetzen. Nola? Zertara? Non etxean beste babes? Non aukera geiago? sendakiñaren esana jarraituaz, esnea geienbat, baña bere gogoari deizkiona ematen diote: ollo saldea, opil gozo biguña, txurrut bizigarria, eskatzen duana, biotzez, maitero, dena maitero ta limurki. Txurruterako lagun gabe gutxitan izan oida. Goseak edo egarriak anitzez darama uritik goruntz Odolki adiskidea, oleska, kaixioka. —Kaixo lagun zarra! Ze berri? —Ementxe, geroago ta mekoago. —Sendoa itzan ba i. —Ondakiñetan natxiok. —Ondakiñetan, e? Ire ondakiñak eztituk ain txarrak. Karai! Orain ere jereza ta... Komenentzi guztien jabe aiz. —Obe nikek ire osasuna. —Osasuna? Etzeukat ba nik ere nai añakoa. Aspaldietan bera natxiak, Ixio. —Eztek ondo jaten da... —Emaidak ba, ondo jateko. Ta iñoren baimenik eskatu gabe, lagun zarrak eskeñi baño ere len, opillari eldu ta jerezari ekin, gezurrak esan ta legunkeriak irazi... eskupekoa lortu artean. Bein lortu ezkero... —Agur, Ixio, baniak. —Moxolonera. —Ia ba, gaur goizean Ondarroako legatza etorri dek eta... Moxolok amar arroako buzkantza dirudi. Ain dago baldar, borobil, lindinga ta koipetsu Zabaletako atsoa urkatzeko ta Bidaurretako eliza erretzeko beta onaren zai dijoazkio urteak. Eztago aztuta. Beretarrak agintzean, bai, arraioak ezpaituk!...