KRESALA Domingo Agirre __________ (Kresala esaten deutsagu Bizkaian ur gaziari. Badakit obeto legokela Gezala esatea, baña parkatuko al deustie euskerazale jakintsuak arrantzalien aotik artu dodan lez ipinten badot izen ori liburutxu onen buruaurrean.) __________ Oarkera batzuk itzaurrea legez Bizkaiko euskeran da itxasaldeko ekandu edo oiturak gogoan ditudala, ipuintxu bat esaten edo lan urri ezkeltxu bat egiten asten naz, irakurlea; ta zu, goierritarra bazara, txorierrian edo lurbarruan jaio ta bizi zareana, ezteustazu ezer ulertuko, ta bear bada nire euskerea eztala euskerea esaten jardungo dozu. Baña ori ezta egia izango. Goierrian esaten eztozuezan itz asko daukez beterrikoak, eta itxasondoan ostera zuek egunero aoan daukazuezan itz eder asko, garbi garbiak eta guztiok ondo gorde bear gendukezanak, aspaldietan azturik dagoz. Batzuk eta besteak gogoratu ta ikasi bear ditugu, ta ez urruindu ta bazterrera bota, geureak eztiralata beste barik. Itxasondoko errietan esaten diran itzak bakarrik baleukaz euskereak, euskerea ondo arlotea legoke; goierrikoen aoan entzuten diranak bakarrik baleukaz, elitzake oso aberatsa izango. Euskerea aberatsa da, baña bere aberastasunak toki batean esiturik eztagoz, Euskalerri guztian zabaldurik daukaz: batzuk baso zugaztitsuen barruan, beste batzuk mendien egaletan, beste batzuk Kantauriko itxasoaren ertzean; Bizkaian legez Gipuzkoan, Gipuzkoan legez Naparroan, Naparroan legez Franziako anaien artean. Alderdi guztietan dagoz oraindiño euskerearen sustrai onak eta landara mardulak bere bai. Gorriñea kendu ta sustrai onetik datozen landarak lur batetik bestera aldatu, ori da guk egin bear doguna. Eztogu erderazko itzik aotan erabilli bear, esan gura doguna euskerazko itzakaz esan daikegunean. Barriak dirala nik dakardazan itzak esango deustazu, irakurlea? Ez naz barri zalea, ta itz barri asko eztot esango: jatorri oneko itz zarrak izango dira geienak, zuk lenago entzun ezarren; bada Euskalerriko itz guztiak dakizan euskaldunik eztago, nire ustez, Gaztelerriko danak dakizan gaztelarrik eztagoan antzera. Baña zer, barriak izanda be? Eztabiltz egunero Gaztelako izkuntzan itz barriak ikasten? Da zegaítik ikasi bear eztira geureak? Ainbeste euskaldun zintzori ezteutsegu geuk buruetan sartu zer esan gura daben excelentea, admirablea, infinitamente poderosoa, sabioa, principioa, fina ta beste olango erderakada ta mordollokeri askok? Eta euskerea erakustearren erderea baserritarren buruan sartzeko aña lan eztogu egingo? Ona dago beraz gure erri zaletasuna! Nik geure euskera maite-maitea dan baño be geiagoan bigun da irakurgarri egin gura neuke, ta orregaitik kendu nai neuskioz Bizkaikoari beren laztasun, koska ta aoa zabalik egoteak, aa bi edo ee bi alkarregaz datozenean gertetan dan legez. Bizkaiko erri batzuk, iñok erakutsi barik eta guztiz ederto dakie esakera batzuen laztasuna gozatuten: nunbaiten, aa bi edo e ebi alkarregaz etorriarren, beti bat bakarra esan daroe. Durangoarrak uste dot dirala dabee esateko dabie ta ezteutseez-en ordez ezteutsiez esan oi daroenak. Ondarroatarrak oneek esan bearrean oneik diñoe beti, ta olan beste itz asko beste erri batzuetan. Olango errietatik artuko ditut itz gogorrak bigunduteko egokizko era batzuk, norbaiteri txarto irudituko ete jakon bildurrez bada be. Eztaukat aztuta, izkerako gauzetan, erri bateko legeak eztirala danentzat ipiñi bear, baña bigungarriak diran ezkero ta esakera batzuk bigundutea ondo datorkigunean, ontzat artu bear ditugula deitzot; bada, nire iritxiz, gure liburutxoak iñok irakurriko baditu, zerbait geiago orrazturik eta aldan guztia leunduta argitaratu bearko dira. Eztakit ondo egingo dotan edo ez; iñok erakusten badeust lanbide gaiztoa darabiltala, itxiko dot laster neure arloa. Ez neuskio neure usteari eutsi nai, neurea dala ta beste barik. Eta jakin daiela irakurle guztiak: Bizkaiko euskerearen laztasunak aitatutean eztot esan gura Gipuzkoakoa edo beste lurralde batekoa bardiñagoa, samurragoa edo akats gitxiagokoa bada edo ezpada. Gaur, bizkaitarrez lantxo au egitean, Bizkaiko akatsak idoro ditut; biar, gipuzkoarrez zerbait egiten badot. badakit Gipuzkoako izkuntzearen utsuneak billatuko ditudana. Euskerea, aberatsa dan legez da ederra ta egokia, ta obetoago edo txartoago, guztiz antziñetatik dabil gizonen auan; baña liburuen orrietan oraindaño atzo goizekoa da ta izkiratzallien lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa gitxi egin dautsa gaur artean. Ezkabiltz bada asieratlk urrin, da ezta mirarituteko gauzea edozeñek eta Euskalerriko lurralde guztietan leundu bearreko esakera bat edo beste idorotea. Urrea urre da beti, baña alan da guztiz be leundu bearrak izaten ditu urreak berak. Egin daigun lan aspertu barik. Iñorenagaz aberasturiko izkuntz asko dakusguz arro ta lerden, alderdi guztietan euren buru apainduak erakusten; atera daiguzan guk be geure etxe barruko aberastasunak, apaindu daigun aldogun añan euskerea ta erakutsi daiegun erbesteko arerio ta erritar erbestetuai eztala ilteko zorian bizi ta eztala gañera eurak uste daben legez ilgarria. Nik eztaukat asti andirik eta lanbide onetarako bear litzatekean argi ta indarrik bez, baña danon artean asko egin daikegu. KRESALA da nik euskerearen alde gaur dakartan ondar aletxoa. Oraindiño oar batzuk egin bearrean nago. Igaroriko urtietan, iru, lau edo bost eratara izkiratu dogu euskaldunak. Askori entzun deutsat, eta milla aldiz bai, oso neketsua dala guk egiten ditugun gauzak irakurtea, errezago ipiñi bearrean, dana ipiñi dogula geroago ta gatxago, ta ortik datorrela euskerazko libururik iñok ez ikusi gura izatea. Autortuten dot, begien aurrean daukagun egia data, danok era batean izkiratutea askozaz dala garbi, obe ta errezagoa, ta orren bearrean gagozala; bana nik badakit irakurleak eurak daukezela erru andiak, (parkatu, baña olango egia edozeñi esan bear jako) irakurlerik geienak erbesteko izkira-legeai lotuegiak dagozala, euren nagitasunak eta ezer ikasteko gogorik ezak ekarri eutsezala illuntasunik, nasterik eta okerrik andienak; bada euskeraz oitu izan diran izkirakinde edo izkiralege guztiak ordu erdi baten ikasi leikez edozeñek, gura izan ezkero. Laster eukiko dogu danontzat lege bat, aldanik errezena, garbiena ta onena, ta orduan ikusiko da irakurlien esate ori euren alperreria estalduteko akiakula bat zan edo ez. Bitartean Euskal-Erria-k antziñatik darabillen izkirakindea aukeratu dot KRESAIA-rentzat, Euskal-Errian agertu bear daben ezkero. Euskaldun guztiak euskerazko gauzen irakurzaleak egin gura nituke, ta gauza astunak ain gogoz irakurten eztiralako, zerbait errezago ta gogotsuago irakurri daien artu dot ipuin bat egiteko lanbide ta asmoa. Ara emen nire KRESALA. Ikusi egizue gura dozuenok. Bertan agertuko diran gizon da emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez. Euren alkarren arteko jarduna be guztiz da egiazkoa, gatzgarau andiak kenduko deutsadaz baña. Nai ta naiezkoa da, zerren Tramanak eta Brixek oituten daben izketea bapere gozatu barik ipiñi ezkero, irudi obeak egingo nituke bear bada, baña gaziegiak, eta gauza gaziegiak eztagoz bein bere ondo. Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori. Auxe niñoian KRESALA-ren lenengo agerraldian. Baña gaur, bigarrena gertau nairik, neure lantxoa osorik irakurri dotanean, garbiro dakust uste neban baño be askozaz arloteagoa urten dala. Eznau egundo neuk egin dotan gauza batek ase, ta ainbat gitxiago irakurgei onek. Nire irudimenak sortu ebanean, eznerabillen eder-amesik, neure indargetasuna badakit eta; banekian mamin gitxikoa ta erkiña izango zala, alako gurasoa eban da; baña ez onenbesteraño erkiña ta mamin bagea. Izan be, jaioera txarra izan dau, atalga ta zatika, erdi gaixorik eta ainbeste zeregiñez beterik nengoan bitartean. —Zetarako dakartzu ba zelaira? —esango dau norbaitek. Nik eztakart; neure lagun batzuk daroe, barriro ikusi gura leukielata. Or konpon. Gura dabenak irakurriko dau, ta gura eztabenak eztaiola begiratu. __________ I EKATXA Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan. Bakean da geldirik egozan kale bazterretako paper, zotz, zakar, lasto, buruko ule ta maluta galdu guztiak, arrastaka ta bira-biraka ibilli ta gero, egazti biurtu gura baillirean, jaso ebazan aize orrek etxien buruak baño askozaz gorago; zabalik egozan ate ta leio danak, jo au ta bultza bestea, itxi zituan danbadaka egundokorik ariñen, kristal edo leiarkien erruki bage; etxe gañetan ondo lotu barik egozan tella zarrak eta tellatuen egaletako arriak zatitu ziran lipar batean kalekoen kontra, ta euren bizilekuetatik urten da asi ziran emakumeak eta errian egozan gizon banakak itxas aurrera egiñaletan. —Ai ene, gure txalopak! —ziñoan atso gerri lodi, gonamotz, esku zikindun batek, ondo lotu barik eukan buruko zapiaren atzeko txistana dindilizka, oin bat orpozik eta bestean abarketa zar bat oso narrasean eroiazala —ai ene Jesus! —Ee, Tramana, begiraaa! —deadar egin eutsan atzetik eiuan beste emakume argal, zimel, azurtsu batek, leio erdika bat goitik bera egan etorrela ikusirik; eta aurrekoa, okerkera ta gorutz begira alderatuten asi zanean, piper poto mallatu baten estropozu eginda, jausi zan surrez aurrera, bere alboan leio erdikea leiarren zidar-ors tintintsuagaz zatitu zanez batera. Atzekoari barre gura andia etorri jakon, baña kalean luze egoanari begiratu bat emonda, ezebala miñik artu igarri eutsanean, —Auxe da andia, nai aña barre egiteko astirik bez, —esanda, jarraitu eban bere bidetik, arin-aringa. Jagi zan atso lodia, jantzi eban obeto oñetik ia urtenean eukan bere abarketa bakarra, esku autsez beteak igortzi zituan mokor ondoan, da artu eban len eroian abiadea, mar-mar bere artean jardunaz: —Zeri barre egin bear ete deutsa gero berorrek, zantar zikin orrek? Brix izango zara zu beti be, erriko aize zoro gangarra. Orraitiok o... Itxas aldera eldu zanean aztu jakozan bereala jardunbear danak. An egozan ordurako ia errian ziran gizadi guztiak. Emen erriko abade nagusia ta ondo jantzitako gizon bizardun baltzeran zabalote bat, betaurre luze luzetik, txandaka, uretaruntz begira, ta inguruan gizon da emakume asko, miñagaz baño be begiakaz geiago itaunketan; arontzatxoago, txalopa jaube batzuk eta arrantzale zarrak deadarka, deizalea azkarra bazan edo ezpazan, goizalderako ekatxa ezagutu bazeitekean edo ezpazeitekean, alperrikako eztabaideagaz suak arturik; eta beste aldean emakume aldra andia negarrez, euren gona barrenakaz malko samiñak igortzika. Aldra orretan sartu ziran Tramana ta Brix, bata txilioka ta arrantzaka bestea. Bildurgarrizkoa egoan Kantauriko itxasoa. Urlañozko estalki andi bat jarri jakon gain alde guztian, beren itxura gaiztoko aserrea ezkutau nairik legez; betaurrerik onenakaz be, uraldera begira egozanak ia ezeben ezer ikusten; agiri zan itxaso apurra berde baltzeran irakindua egoan, da irakiñaren dardareak azal guztian atara eutsazan apar zuriak igarian ebiltzan itxas artz gizon jantzalleak zirudien. An barruan, lañoak eta bisutsak estaldurik eukazan ur gazi zabaletan, gauza arrigarriren batzuk gertetan ziran, baga ta olatuen orruak ziñoenez. Uste onetan egozan beintzat Arranondoko gizataldeak eta, besre olango eretietan legez, Jaungoikoaren errukiari eskari apal bat egiteko asmo zuzena artu eben danak. Asi zan eliz ezkillarik andiena, durundirik lodi ta illunenekoa, astiro astiro, noizean bein daungada bat joten, da asi ziran ikastetxeko mutiltxoak kalean zear, makilla baten gañean oial zati baltza aizeratuaz, euren erakustzallea aurretik ebiela, aingeruen gisako dei zoli bigunakaz Garbitokiko arimentzat eskean da itxasoagaz burruka gogorrean ebiltzan gurasoentzat zeruetako Aitari arren egiten. Zelango arrena! Gauza samurragorik eztau iñok egundo ikusi. Umeak gurasoen bitarteko, errubageak iñoiz gaiztakerian jausi diranen alde, indarrik eztaukienak indardunai lagundu naian, aingerutxoak gizonakaitik eskatuten, negarrez geienak, negarra ezarkorra data, batak bere arrebea ta besteak bere ama negarrez ikusi dituelako! Itxaserrietako umien arrena, euren txapeltxoak eskuan dituela, begi bustiak zerura jasoaz esaten dabien Aitagurea, Jaunaren agintaulkira zuzen zuzen doiala uste dot nik, eta eskari orrek, askotan, euren gaitasunak eta indarrak baño geiago erakarten dituala etxaldera Kantauria itxasoko arrantzale gizagaixoak. Gure mutiltxuok eliz atean amaitu eben eskea, ta an egoan gizaldreagaz batera sartu ziran eliz barruan. Ederra da Arranondoko elizea. Kanpotik begiratu ezkero, edozeñek daki godotarren egikerarik onenetakoa dala; barrutik zer egikeratakoa dan ezin ondo igarri leikeo. Txurrigeraren egunetako bost edo sei elizmai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumalditik Done Pedrorena, ezkerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena. Abadeak, Jesusen elizmai aurrera urtenda, asi ziran Miserere deritxon Dabid Igarlearen arrena esaten, da erri guztia egon zan, ordu erdiren batean, gauza danak aldaikezan Jesus onaren aurrean auspez, eskaririk beroenagaz, itxasotar guztiak osasunez etxeratu eizala eskatuten. Eskaririk beroenagaz esan dot, bada danok dakigu eskari batetik bestera ezbardintasun andia egoten dana: batzuk guztiz otzak izaten dira, beste batzuk epelak; baña beroak be badira, ta nire iritxiz, itxasoaren erdian da itxasoaren ertzetan egiten diranak bero ta biotzekoenak. Arrisku andiak emoten deutsa biotzari astindurik andiena, ta biotza astindua dagoanean gure aoak gauzarik benetako, egoki ta zintzoenak esaten ditu. Eta noiz eztabil gizona arrisku andietan itxasoaren erdian? Noiz eztagoz itxas ertzetako emakumeak guraso bat edo seme maitea galtzeko zorian? Arranondokoak elizatik urten ebenean, kai-aldean gelditu ziranak asi jakoezan albistaritzan: nasara sartu zala potin bat, geienak agiri zirala aizebeko aldetik, estu, baña oso urrian; batzuk Getariara, Donostira edo Pasaira sartu bearko ebiela, albaeben. Ori zan ziñoena. Ta egia zan. Betozen txalopak, betozen bata bestearen atzetik. Eta bakotxak bereak ezagututean, urtxakurrak nagusiaren aurrean baño urduriago, emen datoz Paulota! emen datoz Joseta! ziarduen gizon da emakumeak; eta umetxoak barriz, euren gurasoak nasa ondoan agertuten ziranean, urte batean ikusi ezpalitue legez, aita! deituten eutsien, indar guztiakaz, aitaa!... Arrantzale errukarriak, danak bustita, zurbilduta, nekatuta, aulduta, etenda, adorerik bage, goseak eta egarriak amaitu bearrean, gizonaren itxurarik ezekarren; baña lurrean oñak ipiñita laster ondo erakusten ebien gizontasuna, euren umeak besoetan artu ta malko lodiakaz arpegi biguna bustiten eutsienean. Illundu arterañoko guztian, da illunduta gero be bai, arantzalien estualdia baizen beste auturik etzan ibilli Arranondon, bat ezpada beste txalopa danak etxeratu ziran baña. Sardinzarren potiña zan agertu etzan bakarra. __________ II ZER ESANAK Errekarte ta mendi egal zoko katean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo. Uretan daukaz oñak; aldatz andiak iri edo kalietan; kale batetik bestera, zearretarako arri malla pendiz urteakaz leunduak; etxeak bata bestien gañean, atzeko aldea lurpean sarturik eta aurrekoen tellatutik arpegia erakusten; iñok usteko ezleukean aña gizadi etxe bakotxean, berrogetamarretik gora beti, umeak geienak; eta leio zulo danetan atorrak eta gonak, alkondarak eta prakak, itxas gizonen jaka urdiñak eta oeko zapi zuriak esegita. Barregarri egoten dala erri au, diñoe alboerrietakoak, leioetan ainbeste zapi euki oi ditualako; baña Arranondoko emakume garbi zaleak ezin izaten dabie beste legortokirik billatu. Eztago inguru guztian alperreko lurrik. Uri onen burualdetik, ondo landuriko soro, baratza ta sagastitxu batzuk agertuten dira, eurak erne, sortu ta azi daroen guztia erriaren aora eskiñika balegoz legez; bealdetik, mueta guztiko txalopaz beterikako ibaia igaro ezkero, aurreko beste mendiaren ondoan estu dagozan ontzitegiak edo itxasoak bere goraldietan besoak zabalduteko bear daben ondartzea. Beste lekurik eztago. Erri onetako kale bedar, oker da aldaztxuetan itxas gizonen gozategi edo ardangelak non dagozan berialaxe igarri leike, ostro berderik ikusi ezarren: naikoa da zaratarik andiena non dagoan entzuten geratutea. Alderdi guztietako sagardantegi ta ardantegiak, danak izaten dira bardin samarrak, itxas errietan beintzat. Sagardantegia bada, kale arian bertan edo arri malla bat igonda idoroten dan kortea edo tresna zarrak gordeteko gelatxu bat, beian lurra, goian amarauna ta egur biren gañean upel batzuk erreskadan dituala: sagardaoa ona izan dedilla ta non jarririk egon ezarren ezta izaten ardurarik. Ardantegia bada, mai luze luze bar, maia beste luze diran aulki bi alboetan, zaragi bat edo bi bazter baten da lurrezko pitxar morko ta leiarrezko edanontzi batzuk, ormearen kontra josita dagoan araze zar batean. Ezta geiago bear izaten. Olango etxe zuloetan sartuta egoten dira arrantzaleak nekaldi gogor asko igarota gero, ukalondoak zamau bageko mai koipetxuaren gañean dituela, tabako bedar garratz merkiena erreaz, ketan da deadarrez beti. Olantxe egozan Arranondokoak, esan dogun ekatxaren atzaparretatik urten da laster. Da gauza jakiña; gau atako autu ta jardunak, beste esanbear guztiak azturik, Sardinzar da bere lagunen gañean ziran ardantegietan, sukaldietan ziran legez. Gure arrantzaleak, arpegi baltzeko gizonak, esku gogor da izketa zakarrekoak izanarren, guztiz biotz samurrekoak dira; erantzuera gaizto bat edo ukabilkada bat edonori ta errez dakie emoten, baña baita sakelean darabillen ondo igortzitako txanpon bakarra edo eskuetan daukien azkenengo ogi zatia be; edozeñegaz da edozergaitik aserratuko dira beingoan, baña, ordu estu ta larrietan, biotz guztiagaz da edozeñi laguntasuna emoten be badakie. —Txo, Mangoliño, —esaten eutsan, mai ertz batetik bestera, garrerdiko gizon lodikote batek bere lagun bati—, nun ikusi dozue zuek Sardinzarren txalopea? —Guk iñun bez, azkenean beintzat, goizean geure atzetik urten dau kalara, baña, tretzak botaten gagozan bitartean aizeko aldetik joan ete dan diñoe. Esnepelenak ikusi eidau azkenengo... Ezta, Lapikotxu? —Nik eztot ezer ikusi —erantzun eban Lapikotxu, Esnepelen txalopakoak—. Ipargoitik etorren aizeak lenengo brastadea arpegian emon deuskunean, «ala mutillak» deadar egin dau atzekoak eta asi gara; baña eztogu ezertarako astirik izan. Itxaso guztia itxi dau bereala ta or etorri gara gu, oker, Jaungoikoak daki zelan. Tretzak itxasoan gelditu jakuz. Ara or gure aurtengo irabaziak. Biziagaz etorri gareanean pozik, eta Antiguako Amari eskerrak. —Bai, bizia da lenengoa —jarraitu eban lenengo berbetan asi zanak—. Gu emen gagoz, estu ibillita bada be; baña Sardinzarrek zer egin daben eztakigu. Getaria edo Donostia artu ezpadau joan zan a. —Zumayan be sartu zeikean —ziñoan, oraindiño aorik zabaldu ezeban gazte batek. Eta Mangoliñok ostera: —Zumaian? Etzara txarra be, Mielga. Ezagun dozu askotan izan etzareana bertan. Ona da, olango ekatxagaz, Zumayako sarrerea. —Onezkero ba, iñun sartu balitz, albisteak etorri bear eban. Areik e, ondo ibiltekotan, ordubietarako iruretarako jo bear eben legorra. —Edo ez. Zokora joan badira... Aoan pipa motza ebala ta amabost egunean kendu gabeko okotz-bizarretatik bera adurra eriola egoan aguratxo batek, tunda zarra txapelean gordeaz, jo eban Mangoliño ukalondoan, da esatera eioan gogamena kendu eutsan aotik. —Zokora? Uum... —murruskada bat egiñaz. —Zegaitik ez ba? —Zegaitik, zegaitik... aretxegaitik. Begiratu eutsien danak aguratxoari, zerbait geiago esango ebalakoan, pipeari tenga tenga obeto biztuten da ke batzuk botaten egoan bitartean; baña berak gura aña pipea biztu jakonean, dsangada bat ardao edanda gelditu zan agurea ezer esateko asmo barik. —Txanogorri, orixe da ganorea —esan eutsan Mangoliñok—. Eta ikusi ebanean ezeri jaramonik egin bage, barriro ia amatau jakon pipeari tenga asten zala, Mielgari itandu eutsan: —Ze gizadi darabil Sardinzarrek txalopan? —Gizadi ona, gazteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel... eznaz danakaz gogoratuten; bana emeretzi lagun, geuk legez. —Anjel be bai! Errian dagoan mutillik zintzoena! —Guztizkoa: argia, saiatua, gizartekoa, ta erramulari ona. —Bai aita be, garai batean. Guk u Lekuitokoakaz estropadea egin genduanean, orain ogetamalau urte, arek erramoari ataraten eutsan grakadea etzan bertanberakoa —esan eban Txanogorrik, bigarrenean pipea biztuta gero. Era onetako jardunean egon ziran arrantzaleak luzaro, euren lagunakaz zer gertau ete zan kezkaz beterik eta Antiguako Amari arren egiñaz lotara joan ziran artean. Olangoxe autua egoan Arranondoko sukalde bazterretan. Batez be Sardinzarren etxean zan emakumien billera ta esanbear andia. Amar lagunentzat aña zan eskaratzean, begozan berrogei: goikoak, bekoak, auzokoak, aideak, ezagunak, ikusgura ta jakinaikoak, Sardinzarren emazte errukarria txeratu naian; gizategian eztakit zenbat eta suatetik gizategira bitarteko iragotegi edo bidestuan illuntasunaren erdian, ixillikako ipuñak alkarri esaten, neskatillatxu bi, Mañasi ona, oraintsu ezagutu dogun Txanogorri zarraren alaba lirain maratz garbi ederra, ta bere betiko adiskide Josepa. Negarrez egoan Mañasi. —Ixillik egon zaite, —zirautsan lagunak, ixillik egoan baña, esakerea olan dalako—. Ixillik egon zaite. Iñok ikusten bazaitu be... —Ta zer deust iñok ikusiarren? Ez alda negar egitekoa emeretzi gizon eder galdutea? —Bai, ori bai; baña bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. Ala ezaldaki iñok zuk Anjelegaz zerbait badozula? —Zelan gero, neuk be eznekian da? Zeuk dakizuz nire barruko gauza guztiak, eta zuri ezer esan ezteutsutanean... —Anjelek bez? —Anjelek? Arek iñok baño gitxiago. Bizi izan balitz i... Jesus da Antiguako Ama Maria! Bizi deitiala, bizi deitiala!... —Tira ixillik, biziko data... Zer esatera zeioazan? —Bizi izan balitz, edo bizi bada, egundo be ezneutsala edo ezteutsadala ezer igarri eragingo. —Ez e?... Ta noiztikoa dozu zeure zer ori? —Eztakit nik noiztikoa. Auzoan bizi izan da beti ta, beti ikusi dot gurasoentzako ain ona ta zintzoa dala ta; langillea, elizarakoa, iasakoa ta ederra be bai ta... Ederra eztaba, Josepa? —Alan diñoe erriko neskatilla danak. Eta, zer geiago? —Geiago ezer bez. Ikusten nebanean poz artu. —Ta ikusiko ezetedozun uste izan dozunean negar egin. Ezteutsu berak egundo ezer esan? —Guk alkarregaz berbeta gitxi egin dogu ta, olango gauzarik bein bez. Anjeli etxako oraindiño gogoratu, gurasoak zarrak daukazalata, euren laguntasunerako iñor etxera eruan bear dabenik; eta, gañera, gogoratuten jakonean, orretarako nigana etorriko danik eztot uste. Txalopa jabeak dituzu ta... Guk barriz potintxu bat baño besterik eztaukagu. —Orduantxe bai egingo zendukela negar zolia, ostera be. —Bai zera. Orain benipein lenengo, Jaungoikoak etxera ekarri daizala: orixe nai dot, eztot besterik bear. —Ez e?... Arimenak eztau oraindiño jo ta elizako ateak eztira itxi: goazen elizara ta Jaunari eskari on bana egin daiogun. —Orretantxe egon naz onara etorri nazen artean be. Apaitarako gogo andirik eztot gaur euki. Goazen. Etxeko andreari agur illun bat eginda, joan ziran elizara neskatilla biak. Jaunaren aurrean orio-argitxu bat egoan biztuta, Done Pedroren elizmai gañean argizari bi erreten, illunetan beste elizalde guztia. Orio-argitxuaren errañuak Jaunaren egotoki apala erakusten eban; argizari biak, Done Pedroren eskuetan egozan urrez apainduriko giltzak bakarrik. Donearen irudia etzan agiri, talluntzaren barruan egoan da. «O Aita San Pedro neuria! —asi zan esaten Mañasi, bere artean— urrezko giltzak erakusten zakustaz, zeru ta lurrean Jaunak emondako eskubidea daukazula esan gura bazeunsta legez. Erakutsi egiguzu gaur eskubide ori eztala arimen onerako bakarrik, ezpada gorputzaren osasunerako be bai. Arrantzalea ziñan zu be, ta errukitu zaite gure arrantzaleakaz: eregi eikeozuez, Jauna, nunbaiteko ateak». Eta gero, Ostia Donea gordeta egoan tokira begira, jarraitu eban: «O neure Jaungoiko andia! Txarto egiten ete dot gizon batzuen bizitzeagaitik ain artega egotea? Gaiztakeria ete dot au? O Jauna! Parkatu egidazu, ta egin bedi zure gurari santua». Barru ta kanpoko illuntasunean egon ziran gure gazte biak elizan, ixil ixilik, zirkiñik egin bage, illoian gañeko samintasunaren irudiak egoten diran antzera, elizaintzalleak, arimena jo ta gerotxuago, ateak itxi zituan artean. Elizpean, Mañasik belarrondora esan eutsan Josepari: —Ez gero iñori ezer esan. —Esatea be —erantzun eban Josepak—. Ez aldogu alkar ezagututen? Egia ziñoan: ondo ezagututen euen biak alkar, ume umetatik ziran maite, ta bata besteagaitik edozer egingo eukien. Josepak ezer esango eban bildurrik ezegoan: lagun ona ta ixilla zan bera, dongatasun bagea, besteak baño azpildura ta ausardi geitxuago eukazan baña. Agurrak esanda bakotxa bere etxeruntz asi ta gero, biurtu zan Mañasi, ta —Josepa! —deitu eutsan lagunari, ta beragana joan jakon, itanduaz: —Zeñenak ziran Done Pedroren elizmai aurrean egozan argi biak? —Bata Anjelen amak ipiñi dau —erantzun eban Josepak. —Eta bestea? —Bestea neuk. —Zeuk? —Bai. Zer bada? Sardinzarren txalopan zeuk bakarrik daukazula zer galdu uste aldozu? —Zein dabil bada bertan? —Artobero. —Ondo ixillik euki dozu. —Bai zeuk be. Bardin gagoz —esan da, asi zan barriro etxealderantz, irribarrez. Mañasik bere lekutik: —Entzuizu: etorriko dira? Eta Josepak, ibilteari itxi barik: —Bai, neure biotzak diñost eta. __________ III OARTXU BAT ETA ALBISTE ONAK Ezizen geiegi ipinten dotala uste badau irakurleak, jakin daiala lenengotik, Arranondon eztagoala ezizenik eztaukan etxadi bat bakarra. Andiak eta txikiak, aberatsak eta landerrak, guztiak daukie eurentxua. Jatorriz erritarrak diran etxadiak, ezizen ori antxinetatik daroe, ta etxadiko danak ezizen bategaz ezagutuak izaten dira. Aitari Talotxu esaten badeutsie, semea Talotxuren semea da, andrea Talotxuren andrea, alabea Talotxuren alabea geiago bearrik eztago. Iñoiz bateo arrian abadeak ipiñiriko izena ondo esaten bajako norbaiti, gurasoen ezizena izango da izengoitia. Talotxuren semeari ezarritako izena Joane bada, Joane Talotxu esango jako. Kanpoko errietatik Arranondora datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta eztau geiago beragandik kenduko. Zeñek ipiñi deutsa? Iñok eztau ori garbiro jakiten. Edo mutiko batek etorbarriaren semeari ikastetxean, edo arrantzale batek senarrari elizpean, edo emakume batek emazteari enparantzan. Zergaitik? Edozer gauzagaitik. Edo lodi eder guria, edo argal me zatarra dalako, apaindua edo prakazarduna, azkarra edo baratxa, argitsua edo argibagea, olango edo alango irabazbidekoa, orko edo ango baserri edo uritik etorritakoa. Mutiltxoari deitu badeutsie lenengo Prakazar, etxadiko buruari Prakazarren aita esango jako; andreari esan badeutsie Moñoker, Moñokerren senarra. Lenengo ezizena ezarri jakonak emoten deutsa gero etxadi guztiari. Arranondokoen belarriak ain dagoz onetara egiñak eze, batzuk, euren benetako izena zelan dan be eztakie; norbait ezagutu dot bere aitarena gogoratu eziñik; aitaitarena gitxik jakiten dau. Badakit albistari-zabaltzallea ibilli dala iñoiz eskutitz bat zeñentzakoa zan ezin argitaraturik. Sr. D. Julian Iragorri eukan estalkian, da Julian Iragorri zein zan ezekian iñok. Atso-agure guztiai itandu jakuen, da atso-agureak etzala, esan eben, erritarra izango. Azkenean, apaiz nagusiari eskerrak, agertu zan eskutitzaren jabea. Zein izango ta Saguzarra deituten jakon gizontxu bat zan. —Orixe be bada ipuña, —esan eieban orduan Artoberok —Saguzarrari Don Julian asmau eideutsie. Eztedilla, bada, iñor miraritu izen gaizto asko ipinten ditudalako: izengaizto guztiak, Arranondon, egiazko bakarrak dira. Ta onenbestegaz, goazen etenda itxi dogun neure zeregiñaren aria orapildutera. Sardinzarren txalopakoak Getarian sartu zirean, da ondo zainduu egozan, guztiz ondo. Ikusi eztabenak eztaki zelan artu oidituen, edozein erritan, euskal lurrean bada erri ori, itxasoagaz guda ezbardin ikaragarrian ibillita gero legorrera datozen arrantzale anaiak. Legorretik ia ondatuan ikusi diran gizonok eurenez badatoz erri batera, an idoroten ditue legorrekoak, bakotxak bere etxera arrantzale nekatuok eruan naian, batak salda beroa, besteak Santandertik ekarritako kaña gorria, onek jaka lodi bat, arek oe zuri garbia ta urliak su eder galanta eskeñiaz, danak etxean dauken guztia emon guran, daukena baño geiago nai leukiela, anai beartsuai guztia emoteko. Sarrera txarra badago errira ta nunbaiteko arrantzaleak sartu ezinda badabiltz, legorrekuok, izugarrizko azartasunik andienagaz, eriotzaren atzamarretatik gizon batzuen bizitzea kendu ta irabazteko asmo leñargitsuagaz indartuta, urteten deutsie txalopetan itxas bidera; euren buruak galtzeko zori txarrean doiazala igarri edo gogoratu barik, sartuten dira itxas barrura, etxeak añako baga zuri sendoen artetik, ekiñaren ekiñez, bideak eregiaz; da arriskurik andienen artean artegatasun bage, asten dira, gogor da zintzo, zelan amaituko dan iñok ezin esan daikean lanbide zuzen, goragarri ta txalogarrizkoan. Erritik begira dagozanak orduan euki oi daroen larri ta estutasuna ezta esatekoa, ta nire lumeak ezin daike ondo esan. Asko egoten dira oso urduriturik eta itxasokoari ziñuka; danak, era batzuetan, aoa zabalik, arnasarik artu ezinda, ari albañu etengarri batetik esegita balegoz legez (gaztelarren antzera esateko), erriko gizonik sendoenak noiz itoko ete jakuezan bildurrez da ikaraz; da eurak, bitartean, adiskideai edo ezezagun batzuei laguntasuna emoten dabiltzan arrantzale umantkorrak, lagundunai gori orretan erre ta kiskaltzen, lagundu gura orregaz danak itsuturik, agertuten diran olatu guztiai euskaldun ausarditsuen arpegia emonaz, urpean orain da aizean gero, uraga edo erramuak eskuetatik itxi barik, begiak ernai ta besoak irme dituela, legorrekoen ziñuai jaramonik egin bage, euren asmoagaz ondo urten edo Kantauriko ondarretan ondatu artean aurrera mutillak! alkarri deizka, aurrera mutillak, Iaungoikoaren izenean! Izan da Euskalerriko arrantzale bat, zumayatarra, Jose Maria Zubia eritxona, baña Mari-ren izenagaz ezagutua. Arrantzale orri, beste askotan ondo urtenda, orain esan dotan legezko gertaldi baten Donostian ito zalako, bere jazkera ta izakeraren irudi bat egin eutsien uri eder atako gizon agintariak, eta irudi ori an dago Donostiako kaigañean Mari-ren gomutagarritzat. Baña Jose Maria Zubia-ri ezer kendu barik esan geinke, bere gisako beste umant asko dirala Euskalerrian, gure itxaserrietan gizonik aña umant dirala. Getarian eztago beinbere sarrera txarrik. Aita Done Antonen menpean beti izaten da bare, ta an egoten dira sarri Kantauriako txalopak eta ontzi azitxoagoak be bai, irxasoari bere amorru ta aserreak joan arte guztian, etxe barruan balegoz legez. Goizeko ordubietarako Ankaluze ibiltaria Arranondon zan, Sardinzarren etxean ate joka, gizonak Getarian sartu zirala ta kezka barik egoteko esanaz. Aitatu bearrik be eztago zelango pozagaz jakin zan albiste au Arranondon. Laster-bidietatik, oñez, nekatutxua ta lokatzaz betea eldu zan Ankaluze, orretarako jaioriko gizon azkarra; baña ondo berotu eben, su andi baten aurrean jaten da edaten emonda. Iru librako besigua, lauko ogiaren erdia ta pitxar bat ardao berialaxe iruntsi ta txipillau eizituan, jardunari itxibarik. Illunabarrerako sartu eizan Getarian txalopa ori. —Eztabe doekabetasun edo kalterik izan? Eztau iñok miñik artu? —itanduten eutsan oraindiño ikaraz egoan Sardinzarren emazteak. —Ez andrea, ez. Zaparrada gogorren batzuk artu omen dituzte, txalopako tretza, otzara, jaki ta soñekoren batzuk galdure bai; baño gizonak naikoa tente etorri dia. —Anjel be bai? —Zein da Anjel ori geo? —Neure semia ba. —Ezaltzea ba zu Sardinzarren emaztea? —Bai, baña semia be badaukat antxe, txalopan. Mutil eder bat da, ta ona mutilla. —Nik eztakit ezer, baño danak egon bear dute osasunez. Alkateak esan dit nei: Ankaluze, jungo altzea Arranondoaño txalopa emen dagoala ta bildur gabe egoteko esatea? —Ta, bai, esan diot, bai jauna; ta esan ta egin, perloi bi jan ditut eta asi naiz bidean Burnietatik gora ta Askizutikan zear. Zumayako ondartzan egon bear izan det luzarotxo ibaia pasatzeko (igarotzeko) batelaren zai, baño, ala ta guztire, ordubiterdi baño lenago Iziar gañean nintzan. Eten bageko jardunean euki eben Ankaluze, berbotsera inguratu ziran auzoetako emakumeak, maitik jagi zan arte. An zan Mañasi be. Eguna argitu ebanerako bazter guztietan zabaldu zan albiste ona. Josepari Mañasik eruan eutsan. Pozaren pozagaz ler egin bear eban gaixoak. guztiz artega ta birbizturik egoan, ezin zan iñun gelditu, ezin artu eban ezertarako astirik, eta, orduak baño lenago Josepari bere logelan sartu jakon, oraindiño bere lagun au lotan egoala. —Josepa, Josepa, Getarian dagoz —esan eutsan. —Zeintzuk? —itandu eban besteak, ondo iratzartu barik. —Eurak. —A! Aztu jatan niri. Lotan negoan da... Berandurarte eztot begirik itxita... Barre algara gozo bategaz erantzun eutsan Mañasik. Eta bereala jarraitu eban: —Jagi zaite laster, alperrori, esan bear asko daukaguz ta. Ta barriro, Josepari ezertarako astirik emon barik, bazirautsan: —Entzuizu: zelan da Artoberoren ele ori? —Lotsatu egiten naz esaten be, lotsatu neuk dakitalako be. —Etzara bada zu lotsakorra. —Ez, baña olango gauzak direanean a... Zeuk zegaitik esan ezteustazu zeurea? —Nik esan neutsun dana bart, eta gañera nire ori ezta neure barruko zer bat baño besterik. —Eta zeure barruko zerori zegaitik agertu ez atzo artean? Da atzo be; estu estu izan ezpaziña etzenduan zuk txit bat egingo. —Zelan ba, neuk be eznekian zer zan da. Tira, esaizu zeure ori. —Lotsatu egiten naz baña. —Orduan estalduizu arpegia, bana esan. —Ara ba, lenagoko baten, nasatik gora netorrela, besigu bat emon eustan Artoberok. —Besterik ez? —Eta gero, aren etxerako ona nintzalata... neuk gura baneu, esan eustan. —Da zeuk? —Nik eneutsan ezer erantzun. —Baña Done Pedrori argia ipiñi bai. Eztago geiago? —Geiago ezer bez. —Ia, ia, jagi ta jantzi arin, da goazen elizara eskerrak emoten, gero jardungo dogu geiago ta. __________ IV GARIZUMAKO EGUNETAN Orain artean esan dotan guztia oraindik ez antxiña ta neguaren erdian gertaurikoa da. Arrantzalien bizitzea beti izaten da neketsua, baña neguan iñoiz baño neketsuagoa. Neguan izaten da besigutea; neguan, legortarrak epel epeletan lo dagozan bitartean, potin andirik astunenak kalara ezin eruanik eta kalatik ezin ekarririk ibiltea; neguan, suezta baño beste aterperik eztaukiela, edur maluta galantak eta txingorradarik gogorrenak gorputzaren gañean artzea; neguan jan gitxi ta lan asko egiteko ereti luzea; neguan arrantzale errukarrien negua. Baña negua ia igaro zan, azkenetan ebillen ia, ta udabarri gozoak bere arpegi garbi ederra erakutsi gura eban. Luzatu zan eguna, urdindu zan zeru aldea; eguzkia, geroago ta goizago, epeltasun bizigarri bategaz agertuten zan; Arranondo gañeko sagastiak eta Done Klararen zelaitxoa lorez jantzirik egozan; Errenteriako baserritarrak euren lur ondo narotuak gari berdez beterik pozarren ikusten zituen; Asterrika ta Gorozikako bide ondoetan txor txor ebiltzan zozo-birigarroak, sasirik sasi; Kortetako soloetan kardantxulo ta txindorrak, txepetxak eta txirriskilloak txio txioka; Zaldupe inguruan da Kurutzemendiko arizti ta gaztañadietan eskillasoak eta amilotxak, ostrorik ostro ta adarrik adar, guztiz biziro ta alai egiten zituen euren egaldi errez da ondo neurtuak; ibaiko urak, ujoldietako loikeri guztiak bazterrera kendurik, garbi garbi erakusten ebien kolko barrua, euren ondo edo oe gañeko tresna zar, arrain galdu ta erretillu zati guztiak banan banan agertuteraño; besigutan erabillitako potin andirik geienak, atunetara baño len azpiak ondo garbitu ta pikekoipetsu edo karena barria emoteko legorrera jasota eukiezan; da nasa ondoan, azkenez, zirauna legezko saretxalopa edo treñeruak, me meiak eurak, lirain, leun da guztiz polito egiñak, (meiegiak eta politegiak eidira orainguak) azpitik baltzez da karel ondoan edo gañertzean lerro urdin, zuri edo gorriz apaindurik, antxobatarako prestaurik egozan. Garizumako egunak zirean, antxobatarako ta txarteletarako egunak. Antxoba talde ugaria urgañean ikusita, itxasora begira dabiltzanak gorria! gorria! deituten dabenean, Arranondoko saretxalopok arraña dagoan tokira eruaten daben abiadea ta aparra benetan izaten da begiragarrizkoa. Urriñetik ezagututen da nun dagoan arrain ori. Izurdien erasoaldiakaz izututen danean, batu baturik eta azal azalean geldituten da antxobea, gañalde guztia itxas egazti zuriz beteten jako, izurdeak azpitik gora ta kaiuak goitik bera, dsist eta dsaust, sartuten dira arrain pilloaren erdian, janalak jaten da iruntsialak iruntsiten; da sare txalopok agertuten dira alderdi guztietatik aldaben giñoan biziro, euren sareakaz arrain dana inguratuteko asmoan. Txaloparen bat bakarra, urrerago egon dalako, besteak bano lenago elduten bada antxobea batu dan tokira, botaten deutsa txalopa orrek, azkar, jira guztian bere sarea gorriari, ta eztago zeresanik, txalopa orrena da irabazi guztia: bi elduten badira batera, biak alkar artu oidabie geienetan da irabazia bientzat izaten da; iru edo lau alkarren urre samarrean badoaz, iru edo laurentzat be bai, batzuetan; baña beste batzuetan barriz, txalopea urrean zalata, bidea eragozten aurrean jarri dalata eztalata, Jaungoikoak daki arrantzaleak euren artean erabilli oi daben aserrea, erriertea, iskanbillea ta deadar garratzak!; ta noizean bein alkarri arraña artzen galerazotea, arrika edo agaka norbaiti burua austea be gertau oi da. Au gauza okerra da, ezin geinke ukatu, baña zegaitik izaten dan errez ulertu daikegu. Iñoiz, arrain asko dan urtean, antxobea, bokarta edo sardiñatxoa, soloetarako, satsa legez be salduten da, oso merke; baña beste askotan, urri dabillenean, arrain andiagoen janaritzat amoetarako edo tretza lakioetarako bear danean, diru andiak egiten diru, ta, diru premiñan dagoanak, zerbait irabazteagaitik, astakeri andiak dakiz egiten. Arranondon, oiture zarra da, norbaiten txalopeak bokarte asko artu badau, legorretik betaurreagaz gertaldi on ori ikusi daben deizaleak txalopa jabearen etxean jakin eragitea; ta orduan izaten dira eskupekotxoak, batez be arrañak diru asko egingo daben ustea bada; ta baita txalopak errira etorrita gero, arrain otzaretan zidar urtua legez erionga saletxera daroienean antxobea, deizaleak eskatu badau, lengo eskupekoagaz gañera otzarakadatxu bat edo sudur zapia bete edo, zerbait geiago emotea be. Amaika arrain eder jandakoa da Arranondoko Deizalea! Antxobea atara ondorean bereala, kenduten deutsiez txalopeari ondoan gelditu jakon ur zikin guztiak, orretarako diran zurontzi edo baldeakaz; garbitzen dabe lanbasakaz guztiz ederto; ezkata zuri dizdizariz beterikako sare luze bustia, arrantzale bakotxak samearen jiran iru edo lau ingurukada artuta, eruaten dabe, errenkada bakan irrigarrian, ondartzan edo zubian esegitera; oso edo erdi legortuten danean sare ori, badaroie ostera txalopa barrura; ipinten dabe atzealdean ondo pilloturik, eta prest dagoz bariro, bear bada egunean bertan itxasora beste urten aldi bat edo bi egiteko. Gure arrantzaleok gorrira baizen azkar eztira joaten txarteletara, elizako ezkillatxoak dilin dilin luzarokoan dei egiñarren. Baña ezta gura eztabielako ta Kristiñauen ikasbidea eztakielako bez. Elizkoiak dira ta naikua ondo jakin oi daroe Kristiñauen ikasbidea, autortuten dabe ona dala ikasbide ori urtean bein itandutea, dana aztu eztakioen; zerbait ikasten jarduten dabena be badakit; baña nagitasun apurtxo bategaitik edo, euren jakituri laburra iñoren aurrean erakusteko lotseagaitik edo, beste olango zioren bategaitik, dana dala, txartelaren billa elizgelara joateko euren gorputza astundu egiten jakoe. Alan be ia arranondotar guztiak joaten dira txartelatara, asabe zarren ekandu on orri jarraituaz, euskaldun garbi guztiak egin bear dabien legez; da joaten eztiran bakartxoak, edo guztiak dira motzak eta adin illunekoak, edo gaiztakeriren bat egin dabie oraintsu ta gaiztakeria egin da laster eztaue gura apaiz nagusiaren arpegia ikusi. Artoberok, etzan bera ain argia ta gauzak ikasten erreztasun andikoa be baña, jatorri onekoa ta guraso begiratuen semea zan, da bekizan Kristiñauak nai ta nai ez jakin bear dituan gauza danak, zerbait geiagogaz. Itxasoraterik etzan goiz batean bajoian, bere lagun batzuen atzetik, atoian legez, elizara, ta ia atean zanean, ara nun Josepak berak urteten daben elizatik. Begiratu eutsien gazteok alkarri, ta Josepak, beste agurrik barik, —Txartela nai dozu? —itandu eutsan Artoberori. —Bai, baña zeuk?... —Nik badaukat bestea. Aitarentzat dala ta zeuretzako asmoan eskatu dot ori... arako besiguaren ordañez Geiago ezer esan barik jarraitu eban Josepak bere bidean, da mutillak, papertxoa bere atzamar lodietan ebala, ta bere barruko poza ezin gorderik, —Josepa —deitu eutsan— nik badakit onek zer esan gura daben. Baietz, e? Ezeban erantzuerarik izan, baña Artoberok, txartela txapel egalean gordeta, —«Ziur ziur nago, baietz esan gura dau»—zirautson bere buruari. Andik laster etorri zan Asterik Andiena, Aste Santua, ta beragaz batean baru-zaroak, eliz-jai samurrak... eta Apostolu, Beronika ta Fariseo jazteko egunak. Aste Donerako ioran andia izaten da beti Arranondoko erri sinistetsuan. Benetan ikusgarriak, beste uri txikietan egiten eztiran legezkoak izaten dira orduko eliz-jaiak; baña batez be Eguen da Bariaku Donetan elizatik urten da kalean zear egiten dan joan-etorri edo jira-bira itzala, guztiz da entzute andikoa, ta inguru-errietako gizaldra asko jai soñekoakaz jantzirik eta bideak betean joaten dira Arranondora jira-bira edo joan-etorri ori ikusteko asmoetan. Eguen Doneko arratsaldean urteten dabe elizatik Jesusen Nekaldi samiñeko gomutagarri askok, eta euren artean amairu arrantzalek, bat Jesus Bera ta beste amabiak Jesusen lenengo Ikasleak balira legez. Orrezaz gañera, Bariaku Donean agertuten dira emakume batzuk Jerusalengo Alabak diralata; lau edo zortzi gizon Erromako gudarien antzera jantzirik; beste bat, errian danik onena al bada, Jesusen gisara kurutze astun bat sorbaldan daroiala; beste bat Zirineo laguntzaria legez kurutzeari eutsika, ta eztakit nik zenbat olango Kristoren Eruankizuneko gogoragarri biziak. Guztiz egoki jantzi ta apainduak ibilten dira gaurko Ikasle, Gudari, Beronika, Zirineo ta osterantzekoak, orretarako norbaitek iasa ta itxura onean egiñiko soñekoak daukiez orain da; baña ez nik diñotan urtean. Orduan Jesusen Ikasleak alkondara ta gona zuri almidoi ta burdin beroagaz gogortu ta leunduak jazten zituen soñean! Buruan barriz oraingo Eliz-Artzain edo Obispoak eliz-jaietan erabilli oi daben antzeko txapela eruaten ebien, paper zuriagaz egiña!, oial-estu edo zinta gorriakaz apaindurikoa Eguen Donean, da oialtxu baltzagaz Bariakuan... Au irakurtean, barre egin daike nire irakurleren batek, baña ezeban Arranondon iñok barrerik egiten. Eztarririk oneneko Apostoluak, euskerazko liburu bat eskuan ebala, «Jesukristori kendu ezkero Pekatuakin bizitza, Baldin ezpadot negar egiten Arrizkoa dot biotza» erestu edo kantaten ebanean, beste Apostoluak eta erriak danak, arima arimatik eta biotzeko berotasuna arpegian igarten jakuela, erantzuten eutsien: «Baldin ezpadot negar egiten Arrizkoa dot biotza». Eder da egokitasun billa dabiltzanen begiak itxura oneko gauzea billatu barik naigabez egoten dira; baña Jaungoikozkoa idoro nai dabenak, kanpoko edertasunagaitik eztau izaten ainbeste ardura, ez ederzalea eztalako, ezpada orduan edertasunari begira eztagolako baizen. Arranondokoen iritxiz kalean jirea oso ederto egin zan nik diñotan urtean. Josepa ta Mañasik bakarrik euki eben zeresan apurtxo bat. Artobero Apostolutzat eta Anjel Erromatar gudaritzakotzat ibilli ziran, da Josepak esan eutsan Mañasiri: —Ikusi dozu gure Artobero? Ezta ondo jantzita joan. Neu izan banitz bera jazteko, alkondarea obeto leundurik eruango eban da gonak ez ain arro. Mañasik barriz Josepari: —Ta Anjel? Alango mutilla, kedarragaz arpegia baltziturik eta... Ori eztago ondo. __________ V ATSEDEN ORDUAK Agorraren erdian gagoz. Arranondotarrak, bi edo iru illabetean erbestetik atunetan ibillita, irabazi politagaz etorri dira etxe aldera, ta euren itxasoko nekeak oso azturik, zoro zoro dabiltz geienak, erriko jaiak daukien alaitasun esnagarriagaz azkortuta. Jaiak edonun dira jai, baña iñun ez legez arrantzalien artean. Baserritarrak, euren erriko Donearen eguna datorrenerako, ondo gertaurik egoten dira beti. Etxean txalen bat il ezpadabe, jai aurreko egunean okela zati ederrak eruaten ditue arategitik etxera; zaragitxuren bat edo edarrakada ardaoa ardantegitik, eta gozotegian be izaten dira gozagarri batzuen eske; bada eztago gure artean urdail betekada bageko erri-jai onik. Egun ori eldutakoan, meza nagusia entzun da laster, inguruetako aide, adiskide ta bazkarraldoakaz maian jarten diranean, eragin mutillak jan edanari. Lenengo ogi zukoa, nai aña; urrengo lapiko biak, arroa erdi urdai, odoleste, lukainka ta aragi barruan dituela; gero okelea piper andiakaz, ardaotan ondo bustita, ito arte; ta esne-arroz gozotua gañean, aotik atzamarra sartu ezkero ikututeraño. «Ekin, mutillak, —esan oi daroe— egunari berea emon bear jakota». Ori izaten da, geienetan, erriko Donearen eguneko baserri-bazkari luzea, guztizko luzea. Askotan, jardun da jan, jan da jardun, aspertu barik, amabietatik irurak edo laurak artean maian egoten dira. Olangoxe bazkarietarako izaten da bakotxak bere lagun edo ondo nai jakoen ezagunai deitutea: «etorri gero San Juanetan, edo San Pedroetan, edo Andre Marietan gurera, bazkari on bat emongo deutsuguta». Arrantzaleak baserritarrak baño estutxoago bizi izan oi dira ta eztabie ain ugari gauzea etxera eruaten; bada, diru-aldi dabenean be, ogi zorrak kitutu ta praka-jaka mengel batzuk egin ezkero, ezjakoe gauza andirik zizkoetan geldituten. Ez, eztabe diru askorik izaten egundo; baña bai dauken apurra gogoz da laster erein da zabaldu! Bana bai jai eguna gozatu iñok ez bestean! Orixe bai! Ezin izaten dabie beti. Jai egun asko igaro bear izaten ditue itxasoan arrisku andiko zeregiñen artean, goizean goizago mezatxoa entzunda, ogi zati bat janda, ur dsangada bi edan da beste barik; eta legorrean diranean (da legorrean izaten dira beti erriko jai nagusirako) orduan izaten da euren eguna. Arranondotarrak, mendi gañean, errira begira daukie, erriaren zaintzallea data, Ama Mariaren irudi eder bat, baseliza polit politean ondo gordeta. Guztiz da maitegarria ta oso dabie maite arrantzaleak: bera da euren artizarra, euren itxaropen, argi ta poza, euren biotzeko Ama Kutuna. Ama orren jaia da Arranondoko egunik andiena, ta egun orretarako, lurbirearen azkenengo mugarrietatik bada be, ta naiz zerbait irabazteko ereti bat galdu, arranondotar guztiak inguratuten dira euren errian. Ikustekoa egoten da orduantxe Arranondo. Iri edo kaleak garbi, etxeak zuri, suburuak ketan, gizon da emakumeak dituen soñekorik onenak jantzita; erbestetarren batzuk baselizaruntz, Antiguako Andre Mariari eskintzeko argizariak eskuetan daroezala; Mendaroko edo Ispasterko opil-gozo saltzalleak enparantzan, elizondoan edo gizategirik geien dabillen irietan jarrita, balotzara zabalak aurrean dituela; ta erriko neskato mutikoak, adurra dariuela ta otzaretako gozoak begiakaz jaten, euren ortz da agiñen zindotasuna erakusteko txanpon zarren baten jabe ezpadira. Amar-amarretan, kanpaiak dilin dolon atsegintsuan da zotz-egalariak, goietara igonda, tipi-tapaka asten diranean, urteten dabie abade guztiak baselizaruntz urre-zidarrezko jantzirik ederrenakaz apainduta, Ave maris stella gozoro erestuten; abadien aurretik, errenkada bikotx naikoa bardiñean jarten dira arrantzaleak; abadien urrengo, erriko buru edo alkatea ta beste udaletxeko gizonak, uriko soñularien aldrea edo Armonía de Arranondo, mutiko batek gora jasoten daben sedazko oial zuriak erderaz diñoanez, bada erderea Aitorren izkuntza garbia baño polit eta andikiagotzat dauke Euskalerrian bizi diran sedazko oialzaleak. Baselizara abadeak eldu orduko, ezta txikia baña barru ta landa ondo betea egoten da guztia, ta udaletxeko gizonak euren aulkiraño sartutakoan, berealaxe asten da mezea. Ta ez gero bertanberakoa. Andre Maria egunerako ia illabetean ibilten dira meza barriren bat ikasten Arranondoko ereslari guztiak, erbestetarren aurrean zerbait badirala erakusteko gurariagaz alkarganaturik, eta egia esateko, ondo erakusten dabie urtero. Itzaldi edo sermoia barriz onenetakoa izaten da, bada egun orretarako inguruetan danik itz leun da garbieneko abadea billatu oi daroe. Izerditan da lurrunetan egoten dira elizeak artu aldituan gizaldrak eta geiago, zutiñik, begi ta belarriak esna dituela, mezeari begira ta erestokikoen deadarrak eta irakastegikoaren esanak gogoz entzuten. —Mutillak —esaten daue, piperra baño gorriago ta buruko ule guztiak tente dituela elizatik urtetean,— axe da eztarria, eztul bat be eztau egin. Ezta izaten arranondotarrak zeñegaitik diñoen itandu bearrik, danak eukiten dabie gogoan gauza bat: erbestetik erakarri dan sermoegillea. —Eztauka jakituria makala, areik gauza guztiak buruan gordeteko. —Ta eztul bat bez, gizona, eztul bat be eztau egin. Au izaten da gauzarik onena Arranondoko izlaria izateko: eztulik ez egin bear. Baserritarrak ostera, danari irizten dautsie ondo, baña batez be eresi edo kantuari. —A! Zer soñu ederrak jo dituen! —izaten da euren lenengo esan bearra. Elizkizuna amaitu ondorean, gazteak aldazberan akitika, toki guztietan oi dabien legez; emakumeak buruko oial baltzak tolostuten; gizonak taketa baño gogorragoko atzamarren artean zigarro bat egiñaz; da guztiak ikusi daben elizjaiaren gañeko jardunean, jaxten dira arranondotarrak euren etxietara. Etxean beti geldituten da norbait meza nagusitara barik, etxeko andrea geinetan, sukaldeko topiña lapikoari begira, ta, elizatik datozenok zamau zuria mai gañean zabaldurik, ogi andi bat egal batean, ardao bonbil da ur txangilla ogiaren ondoan edo lurrean da burdiñazko lauortzekoak eta kollarak mai-jira danean ipiñita billatuten ditue. Jarri ta jan baño besterik eztaue, bada, izaten. Batek ebagiten dau ogia, beste batek ardaoa emon, da ogi errotadak aidean da edanontzia eskutik eskura ibilten dira. Iñok eztau auzoko jatunen nazkatasunik eukiten, bada eskutur maukiagaz ezpanak igortzi ezkero. garbi doa gauzea. Ta olantxe, janaz da edanaz, algaraz da barrez, da antxiñetako ipuñen batzuk alkarri gogoratu eragiñaz, joaten jakoez Arranondoko arrantzaleai atsedeneko ordu zorionekoak. baserritarrai eurenetan joaten jakoezan legez. Baña, len be esan dot eta, batzuetatik bestietara beti dago bardineztasun andia. Itxas errikoak, gitxiago jan da be, geiago jan dabiela esan leike, eurak agertuten daben pozari begiratu ezkero: euren miña, olango jaietan batez be, baserritarrena baño azkarragoa da ta... lotsagaldukotxuagoa, zoliagoak euren beso ta ankak, garbiagoa euren begiradea, andiagoa euren emon naia, sakonagoa euren barruko poza: koipea ataraten deutsie jai egunari, eurak diñoen legez esateko. Baserritarrak patxada geiagokoak dira jaten, edaten da izketan; eztira ain lotsabageak, eztirudie ain argiak, eztirudie ain emonkorrak, askotan argiagoak eta emonkorragoak izanda be. Baña danak alkar ondo artzen dakie ta adiskidetasun onean igaroten ditue alkarregaz ordu luzeak. Juan be luze joaten dira gaztientzat, bada gazteak maian baño kaleko soñu ta olgeta edo jolasetan geiago euki daroe euren gogoa. Jolasak arpegi bi badaukaz gitxienez: gaztearentzat, gozo, bigun, maitegarrizko, dizdirazi, beti kiñuka ta deiezka dagokona; zarrarentzat, epel, motel, ganora ta erakarde bagekoa; gazteari jolasaren atzetik joaten jakoz irudimena, burua ta biotza; zarrak ezteutsie jaramonik egiten; jolasa baño ardao ona gurago dabie; lagun artean egoteagaitik askotan dakie jolasaren deadar zoro barregarriari entzungor egiten; gazteak, bero ta sutsu, jolasaren atzetik oidabiltz; zarrak, aren bada-ezpadako kiñuari lepoa emon edo erakutsi oi dautsie geienetan. Luze iritxi eutsen Mañasik be amabietatik eta iru ta erdietako bitarteari Arranondoko Andre Mariaren jai egunean. Etzan Mañasi buru ariña; etzan ibilkaria; maratza zan, ganoraduna, zentzun andikoa; baña gaztea, ta gazteak, landako jolas aizearen durundia belarrira jatorkonean, barruko urduritasunen bat edo arimako irakite bizi gozoren bat izaten dau ta ezin deiteke orduan geldirik egon. Bazkarraldoak zituen etxean, da areiri begira astiune azitxoa galdu eban, da gero, etxetik urten baño lenago, ontziak jaso gura, eskaratza txukundu nai; uleai ikututxu bat emon, eskuak ondo garbitu ta jantzi barria ipiñi bear, da onetan da orretan luzatu egiñ jakon. Bere zeregiñetan ebillen artean, esku bustiak amantalpean gordeta edo erratza bazter batean itxirik, amarren bat bidar atara eban leiotik burua. Bein tanboliña beko kalean alboradea joten egoala, beste bein kanpaiak bezperetara deiez ziarduela; gero, aurreko etxean erbestekoa baebiela norbait; ostera, kalean zear eioala urlia, betekada ederra egin ondorean... dapa beti leiora, ta auzora begiradatxu bat beti, ta beti gogamen bat bere buruan: «eztau oraindaño Anjelek etxetik urten». Da zer eutsan gero berari Anjelegaitik? Ezer bere ez, baña... orixe dago ba. Soñeko barria jantzi ta gero, paparrean sedazko idun-zapi edo pañuelo urdin polit bat orratzagaz katigau nairik ebillela, etorri jakon deadarrez Josepa laguna. —Zetan zagoz, emakumia? Gaur bezperetara barik eta... —Eztakizu ba maikideak daukaguzala? —Bai, baña danerako artu leike astia. Eztozu txarra galdu. Gaur kantau dan lango Manificat-ik... Gure Gaiarrek egin ditu garrasiak!... Ene! (paparreko orratzari begiraka) Noiztik eta ona? —Nasa ondoko enparantzan tutulu mundin alboan dagon saltzalle ezkel bati erosi deutsat. —Ondo polita da berau. Zenbatean erosi dozu? —Erreal bian. —Orduan au be asko geiago ezta izango —esan eban Josepak eskua, Manasiri, begien aurrean ipiñita. —Eraztuna! Nori erosi deutsazu? —Nik eztot erosi. —Zeñek ba? —Artoberok. —Aitaren, Semearen... —Ja jaii... Tira, tira, goazen arin, onezkero estropadia asiko zan da. Lagun biak urten ebien etxetik nasaruntz. Kalean zear eioazala, —Agur, gure kaleko neskatilla gazte ederra! —deitu eutsan Tramanak Mañasiri. —Eskerrikasko Prantziska —erantzun eban arek, gorri gorri egin da. —Ta neu, Prantziska, neu? —itandu eban Josepak, olgetan. —Zu be bai, baña geurea da lenengoa, lumero uno! —Ezeiozu jaramonik egin: —zirautsan lagunak Josepari— olangoxea dozu ori beti. —Egia baño eztau esan: ikustekoa zagoz gero zu oraintxe, Mañasi. —Ixillik egongo zara, gangarrori! Olango autuetan joan ziran nasaruntz lagun biak. __________ VI ATSEDEN ORDUAK ORAINDIÑO Barriro diñot benetan eder da maitegarria zala Mañasi. Ule baltz ugari ta ondo orraztua eukan, bekoki zabal leuna, azal zuri garbia; begiak bigun, garbi ta argitsuak, ao txiki guztiz polito itxia, ta gorputz lerden biurkor ez argal da ez mamintsua. Orrezaz gañera gure neskatille au erriko ikastetxean zerbait ikasia zan, arima argidun da biotz samur sentikorraren jaubea, oso mendu oneko emakumea, mazala berez, apal, zintzo, esaneko, ixil, baketsu ta ona; itz batean esateko, jauregiren baten jaioa zirudian da ez arrantzale txiroaren alabea. Josepa txiki ta loditxoagoa zan, baltzerana, pitin bat bizitxoa, zerbait berekorra, erriertarako ausardi geiagokoa; noizean bein, arrain saltzalleakaz, deadar ozpindu batzuk egiten ekizana; Mañasi legez, mutillen aurrean lotsatia, baña emakumien artean prakadunagoa. Nasa aldera lagun biak eldu ziranean, euren buruak sartzeko tokitxu bat ezin billatu izan eben. Itxasoa goi goian egoan, eguzki beroa ur bizi kiskurtuaren gañean diz-dizka, ibai zabalaren ertz bietan gizate soka lodi trinkoa, zubi zar da barria gizon da emakumez beterik, txalopetan mutil koskorrak eundaka, pleiteru zar batean tanboliña ta «Armonia de Arranondo», bakotxa beren txandan, soñuka; ibaiaren erdi inguruan saretxalopa bi, itxas aingirea langoxeak; eta euren barruan, alkondara zuri garbien papar leuna erakutsiaz, Arranondoko mutil gazte bikañenak, erramuak eskuetan zituela, estropadea asteko laster emongo jakuen aginduaren zain. Eztot esan gura estropadeak edo gure arrantzalien indar neurketeak zelangoak diran, batetik nire irakurle guztiak ondo dakielako, ta bestetik nik egingo neukean baño milla bidar obeto besteren batek zeaztu ditualako. Gañera, zelanbaitekoa ta laburra izan zan egun atako indar neurketea, ardura ta irabazi gitxikoa: erriak zaragi bat ardao emongo eutsiela ta, ekandu zarrak etzirala galdu bear da, azkenengo egin zan otsandiko itxas deman beste euskal uri batekoen azpian geldituarren oraindiño ende oneko gizon azkarrak Arranondon begozala erakusteagaitik, gazteak euren artean gertau eben bada ezpadako estropadatxoa. Beste erri batekoakaz barriro dematuten ziranean, orduan izango ziran ipuñak! ziñoenez. Mañasik itandu be ezeban egin zeñek irabazi eban estropadea. Ez aiderik ez adiskiderik ezeukan bertako txalopetan da. Batera ta bestera begira ibilli zan saretxalopen jira-bireak iraun eban arte guztian, zerbait edo norbait begiakaz idoro gura izan baleu legez. Da gura ebana ezeban billatu. —Goazen emetik enparantzara —esan eutsan Josepari, andreteria ta gizataldea sakabanatuten asi baño lentxuago— ta enparantzara joan ziran biak. Enparantzea emakume ta gizaseme gaztez bereala bete zan; tanboliña aurretik ebiela, etorri ziran estropadako mutillak, batek besteari eskuak emon da aurreskorako sokaturik; makilka zabalune andi bat egin eban errizañak, eta asi zan aurreskoa. Ta asi ordurako —Emen be ezkagoz ba ondo —esan eban Mañasik ostera. —Zergaitik baña? —Eztozu ikusten zein dan aurreskularia? —Bai, neure zera. —Ba zeure Artoberok zure eske bialduko ditu lagunak, zu atara ezkero ni ataratea be izan leike, ta ni eznago gaur orretarako. —Zeuk gura dozuna egingo dogu. Neuk be, erri guztiko begiradak neure gañean ditudala, enparantzan tente egoteko gogorik eztaukat, santu bat banitz lez, da goazen nai dozun tokira. Baña, Mañasi, illuntxu zakustaz zeu gaur: zerbait badarabiltzu zuk or barruan. Anjel iñundik agiri eztalako eteda guztia? —Ez ba. —Ez ba neuri? Izan be mirarituteko gauzea zan Anjel lango mutil gazte sasoikoa arratsalde atan iñondik ez agertutea. Goizean ikusi eben, meza nagusitan, ederto jantzita, prestua ta iasakoa mutilla; meza nagusitik urten da kalean bera etorrela ondo begira egon jakozan begi baltz eder bi; baña arratsaldean ezeban iñok begiz jo. Nun da nogaz etebillen? Badakit neuk eta esango dot, ixillean euki bear dan ipuña eztan ezkero. Markiñaldeko aide batzuk bazkaldu eben Anjelen etxean; aideokaz egon zan, bateltxu baten, estropadea ikusten, erritik urrintxu, estropadakoak erriruntz birau bear eben tokian; da gero aideoi poz piskat emoteagaitik, an erabillen bere ontzitxua baga indartsuen gañean gora ta bera, barrukoen bildurrezko ai! ta oi!-ak entzunda nai beste barre ta destaña egiñaz. Ezeukan orduantxe asko goguan bere gomuteagaz da bera ikusten ezebalako enparantzaldean illunduta egoala norbait! Eta iñori otuten bajako eztala siñistutekoa Anjelek erriko jaietan bere burua ez erakustea, jakin daiala orrek, itxaserrietan be eztirala gizon guztiak aizedun, txakillo ta buru ariñekoak, eta badagozala zenzuna ta burua tentunean daukezan gizonak be; bada ezin leiteke, aoa betean, zuzen da egiaz beti esan: «olango erritakoak zoruak dira edo beste atakoak zentzundunak». Danetarikoak dira edonun. Anjel, itxaserritarra izanarren, mutil burutsua zan, gazte-zarra, gurasoen mendean pozik egoana, lotsabagekeria zer zan ezekian mutilla, aingeruak langoxe ona, balia baizen indartsua, erramulari errimea. Ezekian jolasetik iges egiten, baña tuntunean edo tanboliñean ezeban jakiten bere ankakaz zer egin, da gurago izaten eban erramuetan edo pelotan jokatu, ta aurreskoetan baño gizontasuna erakusteko beste edozer jolasetan ibilli. Ezeukan enparantzan bapere zeregiñik eta zer ikusirik, eta etzan joan enparantzara: ondo ebillen, ebillen tokian. Baña Arranondoko enparantzeak zer ikusia beukan da bebiltzan bertan zeregindunak. Ango gizadia, ango emakumetea, ango akitika egin bearra, ango berbotsa, ango joan etorri ta gora berea, ango ankeai ta besoai eragitea zer zan! Urriñetik begiratu ezkero, enparantzako billereak moltso zabal bat zirudian, legorreko mandxuba gorri bat, izurde ta guzti; ta, inguru guztian tente begira egozan atso, agure ta neskatilla gatzbakoak egiten ebien uztai andia, saretzat artu eikean. Urretik begiratu ezkero, etzan ikusten sarerik, baña gure arimen arerio baltz okerrak ikusgatx da ezkutuko sare sendoren bat eteukan otuten jakon Arranondoko abade nagusiari. Baderitxat neuri be: iñun izatekotan, antxe egongo zan gaizkin plagearen sarea. Mañasi ta Josepa, sareaz kanpotik orra ta ona ibilten asperturik egozanean, jo eban Abemaritakoak, eta gure neskatillok, Ama Mariari arren egiñaz, asi eben etxerako bidea. Enparantzan gelditu ziranak ezeben arrenik egin, lenagoko euskaldunak egin eroien antzera. Alkarri agur esan baño lenago, —Urtengo dozu gero suak ikustera? —itandu eutsan Josepak lagunari. —Ez nik, —esan eban Mañasik— gurean, badakizu, eztabie nai izaten gabetan etxetik urtetea; ta gañera naikoa su ta gar daukat neuk barruan. Illun, sotil da atsekabez betea sartu zan etxean Mañasi. Zegaitik? Berak be ezeukean esango erraz zegaitik. Aurreragoko gabean amesetan joan zan oera: bigaramonean jai andi alaigarria zalata, au ta ori ta bestea ikusiko zituala ta, nunbaitetik poztasun andiren batzuk euki eikezala ta. Zer, nundik eta zelan, gauza garbirik etxakon gogoratu; baña zana zalangoa, arimako asete onen bat izango zan, bere ustez; biotzaren betekada gozoa. Ta jai egun guztia igaro ta gero, biotza gosean eroian etxera, iñoiz baizen gose andiagoan... Asko guran urten da utsean biurtu. Nori etxako olango gauzaren bat gertau, bere bizian? __________ VII LENGO BIDETIK Erritxoetako jaialdiak irukotxak izaten dira. Orregaitik, bigarren egunean be bazirauen Arranondoko jaiak; baña lenengoan baño askozaz motelago ta otzago. Elizan etzan gauza barri andirik izan; erbesteko ezagun, adiskide ta odolekorik geienak alde egin eben euren errietara; erritar mutil asko, aurreguneko jan edan geitxoagaitik eta lo gitxitxo egin ebielako, guztiz zurbildurik egozan; emakumeak ez ain ederto ta apain jantzita; gizonik langillienak asi ziran euren zeregiñetan. Gazteak eta edari zaletxuak egozan oindiño irme iru egunak amaitu artean. Goizeko amarrak aldean urten eben saliña saliñak egiten. Alkondara ta praka zuri ta gerriko ta txapel gorriakaz, tanboliña aurretik ebiela amasei mutil ziran; da euren erdian, gona zarrakaz barregarriro jantzitako ta arpegia kedarrez baltzituriko gizon bi, lepoan zaragi bana eukiezala, auspezturik eroiezan. Eritxuen tokietan gelditurik, artajorran bebiltzan legez, artajorrako atxurtxuakaz, tuntunak egiten eban neurrian, aztertuten ebien kalea, ta azkenean, atxur kirtenakaz, dsartada galantak emoten eutsiezen erdiko zaragidunei... zaragi gañean. Eztago esanbearrik aizez puzturik egozala zaragiok. Gizonen atzetik ebiltzan mutiko neskatoak baziarduen, bitartean, antxiñatxuko eta zentzunbageko eresi au erestuten: «Saliñetatik etorriko da Gure eskola maixua, Ai saliña, saliña saliña, Ai saliña gaixua!» Olantxe ibilli ziran kalerik kale eguardi arte guztian. Arratsaldean antzarrari burua kentzea egin eben, ibaian; da gero aurresko barregarri bat agure zoro ta ganorabageko atsoen artean. Irugarren egunean jai itxurarik ezeukan erriak: pelota jokoa izan zan jolasketarik ikusgarriena. Tuntunera ia etzan iñor joan. Igaro ziran, bada, Arranondoko jaiak. Entzute andia ekarri eben euren aurretik, gizate guztiaren jaun da jabe izan balira lez etorri ziran kanpai ots zindo ta kalerik kaleko soñuen zarata bizigarriakaz arimetarañoko sarrakioa ta bizitasuna sartzen ebiela; baña laugarren egunerako iñok ezeutsien jaramonik egiten, da kanpai, tuntun da beste soñu bage, ixil ixilik, lotsatuta legez joan ziran barriro bere bidetan zear. Ona da jolasa, jolas ona danean, gizonari arnasea ta atseden bat emoteko; baña betiko, bein be ezta ona. Betiko jolasak betiko lanak baño geiago nekatuten dau edozein, da geiago lanetik bizi bear dabena bada edozein ori. Ta Arranondotarrak, guztizko jolas zaleak izanda be, lanetik bizi bear dabenak dira gizagaixoak eta ezin izaten dabie jaso luzaroan jolasaren astuntasuna. Asi ziran, bada, lengo bidetik. Eta zein zabala dan itxasoetako bidea, ta zein estu, larri ta keixu ibilten diran bide orretan arrantzaleak! Egunak ekatxerako dagozan garaietan, goibel da illun billatu oi daroe sarri zerua, odei baltzez jantzia, odeien artean ezkutaurik dagozan tximista erregarriz betea, ta ur gañean barriz bizi, ibilkor, erabilkor, indartsu ta itotzallea; egualdia onerako dagoanean, eder da izartsu idoroten dabe goi aldea, gabaz; eguzkiaren errañu sutsuakaz itxas gain dana ikusgarriro zidarturik egunaz; baña beti da andi ta bildurgarria itxasoa, beti aurkituten dau gizonak argal, ziztrin, uts da ezereza bere burua itxasoko zabaltasun aulgarriaren altzoan. Baña arrantzaleak badakie, an, itxasoaren barruan dagoala euren da etxeko guztien janaria, ta jan bearrak saiatu eragiten deutsie ikusi barik siñistuko ezlitzatekean ausardi, neke ta arriskoagaz. Deituten deutsie goizean goiz, gaberditik laster; jagiten dira berealako baten; jazten ditue zirezko soñak, euria bada; ipinten dabie besapean otzaratxu bat, arraña artzeko tresnakaz da jaki apurren bategaz, da badoiaz euren kaletara... Ta kalan, euri truxu zaparradetan beratuten, aize otzetan gogortuten edo eguzki berotan kiskaltzen luzaroko orduetan egon da gero, etxera datozenean badatoz, zerbait dakarrenean badakarre: bada ezta gauza ziurra beti atzera etortea ta arraña ekartea gitxiago. Jaiak igaro ta lenengo itxasora joan ziran egunean, betozan arranondotarrok etxeruntz, arratsalde erdi inguruan. Garbi garbi egoan zerua; urdin urdin, bare bare ta baketsu ur zelai galant ederra. Marboillaren azkenengo arian, zeru ta itxasoak alkarturik egozan tokian, oial zuri batzuk agertu zirean, emen, an da aruntzago guztiz polito banakaturik; danak bardiñak izan arren, batzuk andi ta besteak txiki zirudien; egoak zabaldurik, geldi geldi, patxada onean leorreruntz igari etozan egazti aldra begiragarrikotzat artu eikezan; geroago, askozaz geroago, txalopen baltzuneak ego zurien azpian ikusten zirean, azkartxuago etozala; geiago urreratueran, edozeñek ezagutu eikean alkarren atzetik txalopak ekarren abiadea ta aparra, etxerago ta ariñago, bakotxak bere atzean bitsezko ari zuri luze biurri bat itxiaz; ta azkenean, noizbaiten be, txalopetako gizonen arpegi baltzeran legentsuak ezagutu zirean banan banan da garbiro. Beste iñok baño lenago ta obeto ezagutu zituen gizonok eta txalopok Arranondoko mutil sostorrak. An ebiltzan ikastetxera barik, askotxu, (bada ezta izaten gauza gozo ta gogozkoa jolas egunaren ondorean ikastetxean sartuta orduak igarotea) batzuk iskiratan, atx zuloetako osintxoetan besuak sartuta «izkira izkirea dame la bizarra» deituaz; beste batzuk urertzean, «txipli txapla», olatuakaz jolastuten, anketatik gora zelanbait jasoriko praka zar barrenak bustiaz; bat edo beste, urak gora igoeran egindako zakar-aritik zear, lau oñean, narras, itxasoak ekarririko pitxien billa; geienak ondarrean etzinda, ondar goria gañera boteaz soñeko bustia etxera baño lenago legortu naian; ia danak orpozik eta muskillea erioela. Txalopak urriñean agertu orduko eztabaidan asi ziran mutiltxuok. —Lenengo datorrena Moskorrondorena da. —Ezta. —Baida... Neuk eztot ezagututen? —Nun gero? —Nausian dakarren izarrean. —Guzurra: orrek eztauka izarrik, txaplata bat dauka orrek; Pipertsurena da ori. —Ezta Pipertsurena. Ariña be bada ta... —Ariña? Zuena baño geiago. —Guria baño? Ezta... Nai dozu kalatik ona zeñek ariñago egin? Lenagokoan be atzian itxi eban gero. —Guzurra. Gurerik ezta egundo zuenaren atzetik etorri, batera urten ezkero. Gutarrak zuentarrak baño geiago dira edozetan. —Edozetan? —Bai. Urten gura badozu arrika, gura badozu auskan (burruka), gura badozu gartzan. —Goazen pelotara. —Goazen. Zer egingo dogu? —Txakur txiki bat... daukagunean emotekotan. Baña egon piska baten, gurerik agiri etedan, aitari otzarea eruan bear deutsat eta. Onetan egozala, sartu zan egiñalean ondarrera mutikotxu ule-gorri arpegi zuridun bat, paper da liburuentzako zorrotxua lepotik bera ebala, urriñetik deadarka, bestien gañera jausi bear eban zigorkadeaz aurrez pozturik, eta surretik bera etorkon erionari zurrustada batean gorutz eragiñaz, lenengo bere aurrean billatu ebanari esan eutsan: —Txo, emongo deutsue maixuak. Eskolara bez zeuek. —Ostikoaz popan (atzean) joten bazaitut u... —erantzun eutsan besteak— lenago be koasta (sudurra) ausita daukazu gero. Euren esan bear da egin bear guztiok itxita, inguratu ebien ikastetxetik etorren ori itxas ondoan ebiltzan mutikotxo danak, bada jakin gura eukien ikastetxean zer igaro ete zan. —Zer esan dau, zer esan dau Bizardok? —itandu eutsien— izenik artu dau? —Bai, izenak artu ditu, ta esan dau eze biar dantzan egin bearko dozuela. —Ni eznaz juango, lenagakoan be irizillagaz zanbroak atara eustazan da, esan eban pelotarako gertau ziranetatik batek. —Ni bez —besteak— moskaranak euki nituanean, ia eskua zatitu eustan da. Baña beste gauza bat geratuten jakoen barruan. Bekien lengo bidetik asi bear zala ta amaren aurretik joan bearko ebiela ikastetxeko ateraño, bada gurasoak, lenengo susmau, gero itandu ta gero jakin egingo eben euren semeak non ibilli ziran, da urrengo egunean, esan dana, zapladak artuaz joan bearko... Au gogoratu jakonean, lenengokoak esan eban: —Gure amari ezer esaten deutsan txotxin ozkil barritxuari zaputzak atarako deutsadaz. —Da nik —besteak— maixuak (irakasleak) ikuturik egiten badeust, bere bizarrak atara. —Ez be —erantzun eutsan ule-gorridun mutikotxoak, beste zurrustadatxu bat egiñaz. __________ VIII ARRAIN SALTZALLEAK Arraña polito ekarren da, potiñak errira sartu ziraneko, an egozan nasa gañean emakumeak. Euren egitekoa da, Arranondon beintzat, arraña txalopetatik atara, garbitu ta gazitutea, txikia bada. (Sardiña ta antxobea). Andia danean, (besigu, legatz edo atuna, batez be) saltokira eruatea dabie asko, bada txalopa guztiak dakarren arraña batera saltzen jakue mandazañai. Emakumeai jagoke, gañera, erdalerrietara bialtzeko lantegiak erosi daroen arraña oriotan erre ta upeltxuetan tolostutea. Ta, azkenez, euren egitekoa da, errian da inguruetan jateko bear dana, kalerik kale saltzea. Iru eratako saltzalleak ezagutzen ditut: txalopa jaubien emazteak, emakume ixil da onak geienetan; potintxuak dakarren arrain txikia, erre edo egosi barik luzaroan euki ezin dan arraña, errian bertan kalerik kale saldu oi daroenak; eta besteai erosita auzoetako errietan aldan arrain mueta guztia eruaten dabenak: astodunak deritxue azkenenguoi, astoakaz doiazalako erririk erri. Astodunak ziran Tramana ta Brix, edo obeto esateko, asto jaubeak, bada errietara alogerekoak bialdu oi zituen; langilleak biak eta biotz onekoak, baña ezagutu ziranetik bata bestearen arerioak edo arerio legez bizi ziranak, eztena baño min zoli ta zorrotzagokoak, aora jatorkoen zatarkeria edozeñi esan bear eutsienak, alkar ikusi orduko beti erriertan ziarduenak, atzamarkarako beti prest egozanak. Eurak ziran emakume agirakari guztien buru ta nagusi; agiraka egitea zan euren poza; nasan batuten zireanen artean gogorrenak eta gaiztoenak izatea euren arrotasuna. Orain bat eta gero bestea esan arren ezeutsien ardura; guzurretan iñok artuagaitik etziran lotsatuten, bada deadar andiena egiten ebanak edo atzamarrik sendoenak eukazanak irabazi oieban auzia. Ta deadar, garraxi ta txillioak egiten, orretantxe ziran ba eurak mutillak... eda emakumeak! Utsa bear izaten ebien aserratzeko, ta aserre egozanean, entzutekoak izaten ziran euren destañazko esanak... edo ez entzutekoak, ikusgarria euren gorputz, buru ta eskuen eragin aukerazkoa. Aitatu dotan egun onetan be, ezerez bategaitik asi ziran, da Jaungoikoak daki zelan amaitu eben aserraldia, eztarriak itxi ta zeresanak eta indarrak amaitu jakoezanean. Otzarakada bat atunegaz etorrela, nasa gañean egozan emakumien artetik igarotean, bultzada bat emon eutsan otzara orregaz Brixek Tramanari, uste bage edo naita, ori eztakigu, bada era bietara gertau zeikean. Tramanak, burua biurturik, ikusl eban bere arerioa ta asi jakon: —Nor da berau, ainbeste leku bear dabena? Erregiña dalakoan birau natxako ta Brix sorgiña baño ezta. Tramanaren esan garratza entzun orduko, itxi eban Brixek lurrean bere otzarea, ipiñi zituan esku biak gerrian, da inguruetakoai begira, buruari eraginaz, esan eban: —Ara, ara oin be zelan asten dan kaskamotz, zikin, ordiori. Ta arerioari ausarditsu arpegia emonda, jarraitu eban: —Entzuizu, Traman zabala, atso popandia, zein sorgintsutan ikusi nazu neu? Zeu izango ziñan sorgintsuan zu, baña orditurik, eta ezenduan ezagutuko zeugaz ebiltzanak be zuk. —Ordituta neu? Zegaz gero ordituta? Zeuri atzo amantalpetik kalean jausi jatzun bonbillekoagaz? —Eee? Zeeer? Neuri bonbilla jausi jatala atzo kalean? Guzurra diñozu, zaskil, zantar, txarri, urde, zorritsu, lotsabageorrek. —Min emoten deutsu egiak, min? Alperrik ukatuko dozu ba, Marikontzek be ikusi zenduzan da. —Marikontze eskallu, txatxala, ezkel, petralari ta zuri, biori, arpegiko narrua kenduko deutsuet nik, neure atzamarrakaz, lodia daukazue baña. —Zeeeuk? Ja jaiii! Etzaite aztu gero, buruan zorririk ezpadaukazu. neuk lenago bartzak (ligarrak) ausi neutsuzalako dala. —Zeuk bartzak kendu neuri? Eztago toki txarrean. Nire buruan eztago bartzik. Burua garbi daukat nik, Tramana: zuk, zital zikin orrek, egundo zeure bizian euki eztozun bestean garbi. —Zegaz garbituta? Txanton Kaiuanetik zeroiazun pattarragaz? Obeto egingo zenduan begietako makarrok be garbitu bazenduz. —Txantonenetik pattarra baneroian, ondo neroian; neuretik, ez zuk lez iñoren lepotik... —Ja jaiii! Len eztozu ba esan ezeroiazula? —Len, da orain, da beti, neuria egia, neuriaa... —Uutik, mielga ustel gosekilla! (goseak illa). Zuaz nire aurretik, bestela... —Bestela zer? Neu joango naz, nai dotanean, zulango emakume baldar, koipetsu. zetakaz beteriko bat neure aurrean ez ikusteagaitik... Etzan onenbestegaz amaitu Brix da Tramanaren arteko ekiñaldia: aldendu ziran alkarregandik, jardunean; bana billatu eben barriro alkar bi, iru ta lau bidarreraño, ta an izan ziran angoak azkenerako, batak besteari oratu eutsienean. Askok usteko dau zatarkeri geiegi ipinten ditudala emen: izan leiteke; bana Brixek eta Tramanak esandakoen laurenik eztot ipiñi; ta alan be, erritar gizonak euren txalopetako arazo ta zeregiñetan, ezeri jaramonik egin baga jarraim eben. Betikoa zan da! Beste batzuk izan baziran baña, Tramana ta Brix... Ba!... Saldu ziran arrañak. Astodunak erosi zituen zatitxu batzuk; mandazañak geitxuago; lantegietarako gelditu ziran enparauak. Maneau zituen bakotxak bereak, astodunok ipiñi zituen eurenak asto bakotxean otzara biñaka, ta arre azkar, arre, asko ibilli bear ebien da. Arranondoko astodunak entzute andikoak dira. Astorik bizkorrenak baizen bizkor, oñez beti ordu luzietarako bidean, naiz uda ta naiz negu, geienetan gabaz, iñoren bildurrik bage, ain laster Arrateko, Iziarko, Gardotzako edo Antiguako Amari arrenez, ain laster alkarregaz agiriketan da batak besteari zitalkeriak esaten; errien sarreran alai ta pozkor, eresi zar da barri ederto esanakaz lotan dagozanak esnatuteraño, gabaz bada; ta eguna argitu ezkero arrain ederrak eta merke! luze, zoli ta garbi deadar egiñaz, belarririk sor da gorrenari entzun eragin artean; zortzi, amar, amasei asto aurretik dituela, an doiaz Arranondoko arraindunak goierrialdeko urietara, itxas ertzetako azkartasuna, oiua, zarraparradea ta gatz ale lodia kale guztietan zabalduaz. Amaika bidar Markiña ta Durangon, edo Elgoibar, Eibar, Ermua, Plazenzia, Bergara, Mondragoi ta Oñatin entzun ditue Arranondoko astodunen esakera latzak eta baita euren kanta edo eresi eztitsu ta ederrak be; amaika bidar, erritik kanpora eioazala, entzun deutsiet nik, arrantzaleak lotarako dagozan orduan, illuntzeko aize bigunak Arranondoraño ekarren olango eresi-oiarzuna: «Itxasoak urak andi, Eztau ondorik agiri: PASAKO nintzateke andik Maitea ikustea gaitik». Iñoiz, eresi au aitu ondorean, lantegiko ate ondoan, besoak lotuta, barrura sartzeko deiaren zain egoan eibartarren batek, txantxetan esan badeutsa astodunari: —Baña maiterik badaukazu gero zeuk, maiterik?, laster asko entzungo eban arrain saltzallearen era onetako erantzuera zorrotza: —Emen daukagu geure mustur baltz, eta maiterik daukagun diño berak. Bai bost, zu baño morrosko obeak eta maitegarriagoak. __________ IX GURE GAZTEAK Eztaukadaz aztuta Anjel da Mañasi. Bai zera aztuta! Euren ipuñak esateagatik artu badot esku artean darabiltan arloa. Ara emen euren barri batzuk. Itxasoraterik izan etzan goiz baten, Anjelek txibi korañak egiten ziarduala, bere ama Tomasa Andiak, etxeko arazoetan ebillen bitartean, bera (ama) zarra zala ta, lan asko egiña, nekatua ta osasunean biguna be bai ta, ona izango litzatekeala etxera andre gazte bat ekartea esan eutsan... Anjel irribarrez gelditu jakon, ezer erantzun barik. Eta ama orrek jarraitu eban ostera: —Zure biotzeko atean eztau oindiño iñok deitu, ta orregaitik eztozu zeuk be iñori oles edo jeupada bat esateko asmorik artu izan. Baña zerbait egiteko garaian zagoz, da begiz jota daukat nik guretzat ondo datorren neskatillatxu bat. Anjelek, korañera makurturik eukan burua jasota, begirada bategaz, zein da? itandu eutsan bere amari. Ta onek, semeak zer itandu gura eban igarri orduko, —Antoni errota da —esan eban— Mari errotaren alaba bakarra. Barriro makurtu eban Anjelek burua, korañera, ta amak, okerkera begira jaokon baña, ezin eutsan semeari ezagutu zelan artu eban albistea. Ta jarraitu eban, berak aukeratutako emakume ori zein egokia zan obeto erakustearren: —Bere bizikoa dozu Antoni ori, guztiz langillea, makur bakotxagaz bat eta erdi egiten dakiana ta aberatsa gañera. Ia ba, Antoniren amak berreun dukat ekarri zituan Artolatik, urretan, orduan oin baño urre geiago egoan egon be ta; aitak barriz atuntsu onak izan ditu ta bere potin andi biakaz gura daben aña diru irabazi dau urte batzuetan. Etxebizitzia be eztaukie makala orreik. Egingo neuke erri guztian beste lauk obea euki ezetz. Ango erropa zuria, ango araza ederrak, ango jarleku barriak eta ango burdiñazko lomaietan daukezan oe garbi txukunak ikustekoak dira, txotxo. Eztau ez, Antonik, ezkonsari makala eruango ezkontzen danean... Zer diñostazu zeuk, neure semea? —Nik oindiño ezer bez, ama. Orreik gauzok ardurazkoak eta ondo gogartetu bearrekoak dira. Bein ezkontzen da bat betiko. —Alantxe da, ondo erantzun dozu, gogartetu izu gura dozun beste, ta gero zeuk erantzungo deuskuzu. Orretan gelditu zan autua. Anjelek, bada, ezeban erantzun ez baietzik ez ezetzik, gauzea gero ikustekotan gelditu zan; baña bere amak aitari ta Antoniri zerbait aitatua izan bear eban, gerora jakin zanez. Sardinzarrek, ardantegian, bere semea laster da ondo ezkonduko zala esan eieban: Antonik, lagun artean, erriko mutillik ederrenak bera gura ebala. Esanok eldu ziran Mañasiren belarrietara, ta orduantxe ezagutu eban gaixoak bere barruan Anjelenganako euki eban zera etzala maitetasuna baño besterik. Naigabe sakona artu eban albiste orregaz Mañasitxuk, samin gogorra sartu jakon bere biotzaren erdira; baña bere biotz orren erdian gordeko eban bere naigabearen ozpin-beaztun guztia. Arima andiko neskatillea zan Mañasi, bada arima andikoak eztira aberatsen artean edo asko ikasitakoen artean bakarrik aurkituten. Mañasi etzan aberatsa, asko ikasia bez. Bere aberastasuna oe bat edo bi, amabiren bat izara ta beste orrenbeste burko azal, sukalde-tresnentzako arazea, soñeko edo jantzientzako kutxatxoa ta gaztaña makillakaz baserrian egindako lau edo sei esar leku izango ziran: bere jakituria, erriko ikastetxean ikasi eban apurra, edo beren guraso ta erriko abadien aotik arturikoa, euskerazko eliz-liburu batzuetan ikasitakoagaz gañera. Baña berez jatorkon garbia ta zuzena izatea, berez jaiorikoa eban gauza guztiak argi ta ondo zirean legez ikustea, Anjel ganako maitetasuna berez sortu jakon antzera. Bai zoritxarrean. Igarri barik erne ta azi jakon maitetasun ori, baña mingostasuna barruan ondo ezagutu barik etxakon joango, iñok kanpotik ezeutsan igarriko baña. Jaungoikoak daki an barruan zer igaroko jakon Mañasiri ta zenbat iruntsi bearko eban gure neskatilla onek; baña azalean, arpegian, esakera edo ibilkeretan, ezeutsan egundo iñori ezer aituten emongo. Ezeutsan iñok illeta, inkes edo zotiñik entzungo. Iñoiz baizen goiztarrago, elizarakoago, baztertuago egin zan, da jolasetara ezeban bere bururik agertu gura. Amesai ate guztiak itxi, lurreko poz guztiai agur egin, gazterik zar itxurak artu, ta Jaungoikoak emoniko kurutze astuna ondo eruanaz bizi gura eban. Zein mingarria izan oi dan olango gaztien bizitzea! Zein naigabezkoa zan Mañasirena! Jaio; biotz bero ta ederraren jaubea izan; umetasuneko egun lausotsuen ondorean maitetasunaren argi pozgarria norbere barruan idoro; argi ori geroago ta ederrago asten ikusi; berari begira, urte askoan, gozotasunez zoratzen bizi; bera gura izan, zurrak urrea baño obeto, goseak janaria baño geiago; norberetzakotzat euki argi ori, azkenerako; gurarizko ames eztitsuetan egunero beragaz ibilli... ta, usterik gitxien danean, goizetik gabera, argi ori beste batena dala ta beste bategana daroiela entzun; au da, ezti guztiak mingostasun biurtu, barre alai danak malkotu, itxaropen bigunak galdu betiko, argia amatau ta eguna gautu. A! Olango naigaberik izan eztabenak eztaki naigabea zer dan! Mañasik ezeban iñoiz ikasi gauzen azterren edo sustrairik ataraten, ta ezekian, etzan errez be ta, zelan jausi zan bera maitetasunaren lakio artean; baña ikasi eban maitetuten, bai ondo, bai geiegi, ta zer egiten eban ondo ezekiala, an egoan beti etxe zokoan arima-barruko miña gogoramenagaz ikutu ta ikutu, aztertu ta aztertu, ta, azken aldera, beti negar da negar. Mañasiri bere bizikera barria ezagutu eutsanean Josepak esan eutsan: —Nik, neuk dakit zegaitik, eztotsut ezer aitatu; baña norbaitek esan deutsu zuri Anjelegaitik zer diñoen. —Bai ta alantxe da. —Ta? —Ta ondo deritxodala. Egundokoa da Anjelentzat Antoni. —Alan izango da... edo izan leiteke; baña oraintxe zaitut nik zu iñoiz baño geiago erruki. Egia zinoan Josepak. Iñok ikusten eztaben barruko kurutzea milla bidar astunagoa da agirian darabilguna baño ta barruan erabillen berea Mañasik, iñok ikusi ezeion bildur. __________ X ATERPEN Etorri zan barriro negu baltza, ta beragaz batera agertu ziran iparraldeko aize otz da meiak gizadi zar aulduai azurretarañoko ikarea sartuaz; Kurutzemendik laño txapela jantzi eban; Arno ta Oiz sendoai buruak zuritu jakoezan edurrez; Kantauriako ur ugariak berde illunez jantzirik egozan; baga indartsuak arkaitz gogorrakaz burruka bizian ebiltzan egunero; kaio zuriak, eundaka, jira ta bira nekusan goizetik gabera Arranondoko ibai gañean; da potorrak, millaka ta millaka, sare lodi andi baten irudira, itxas-ate edo barra ondoan, uretan jarrita ikusten ziran noizean bein. Besigutarako eretirik onenean egozan arranondotarrak. Anjelek ezeban oindiño erabagi senartu bear eban edo ez, da ezer erabagiko eban itxurarik be ezegoan. Itxasorako arloetan zereginduta ebillen beti, itxasoan bizi zan goizeko orduetatik ia gabekoetaraño, itxasotik kanpora Anjelek ezegaz zer ikusirik ezeukala esan zeikean. Bein baten, masteak oña zapaldu eutsalata, miñez etorri zan itxasotik etxera ta etxean gelditu bearra izan eban sendatu arte, luzarotxo, itxasora barik. Baña etzan alperrerian egon, ori ez. Arranondon, itxasorako eztanari, legorrean emoten jako lana, danentzako egon oi da ta. Legorrean irabazten dabe aloger laurena edo aloger erdia (soldata laurena ta soldata erdia esan oi daroe) itxasorako indar gitxi daukien mutil koskorrak, gizon zar lanean lenago amaituak eta erdi gaixorik dabiltzanak; batzuk lanbasakaz txalopak urez garbituten, beste batzuk arrantzalien upeltxoak iturriko urez beteten, edo tretzetarako basoan urkulak billatuten, edo amoak arrain andien janariz beteten, edo olango zeregin danetan bear bada. Anjelek, oñeko miñak iraun eutsan arte guztian, beste indar-galduko gizon da indar-gurako umeakaz batera, euren etxe azpiko upalategian egiten eban lana. Langille danak lurrean zabal zabal jarri ta, lau aldietatik bardiñak diran otzaratxo zapalak ankartean arturik, antxoba, sardin edo lantzoi zatia amoan ipiñi ta erreskada zuzenean otzaretan tolostu, edo aurreragoko egunean itxasotik ekarririko mokoloiak askatu, arildu ta urkuletan sartzen ebezan, euskal eresi batzuk esaten zituen bitartean. Iñoiz bein, gazteak eresian aspertuta gero, gizon zarrak, antxiñetako ipuiñen bat edo euren gaztegunetako gertaerak esan eroiezan. Begozan batzuk, azkar ta sendo izan ziranean, kala-potiñak baño azitxoagoetan, Españia guztiko urertza ikusi ebenak, eta baita ontzi andien barruan urriñetako itxasoetan zear, Ameriketako ugartietaraño eldu ziranak be; ta olangoai arrotasunaren aizeak ikututxuren bat egiten eutsenean, entzutekoa izaten zan euren arteko eztabaidea. Ez miraritu, irakurlea, Arranondoko arrantzaleak, noizean bein, arrotasunaren ikuturen bat izaten ebiela jakiteagaitik. Arrotasuna edonun bizi da, edozein tokitan egiten dau bere abia kutuna, edozetatik artu oi dau bere burua apaindu ta andi egiteko erakaia: jatorri onekoa edo odol garbikoa dalako, jakintsuagoa dalako, adimen obekoa, aberatsagoa, ederragoa edo indartsuagoa dalako. Gauzea da zerbaitetan besteak baño norbera geiago dala ames egitea, besteai goitik bera begiratutea. Ta iñok eztau uste izaten zerbaitetan besteak baño geiago eztanik. Arrotasunak izen asko daukaz, erderazko izkuntzetan batez be; baña beti da bat jazkera ezbardin askogaz jantziarren. Isillik egon oida geienean, bera ezpalitz legez agertu gura izaten dau batzuetan, baña edonok ezagututen dau beingoan da edozer eratan. Milla bidar ikusi dot arrotasuna gizonen etxietan, gizonen begirunean, jantzian, izketan, ibilleran... Oial barri ederrakaz euren gorputza apaindurik daroenen biotzean legez bizi da txapel zar koipez da ezkata edo eskamaz betetakoaren azpian da soñeko baldar arabakinduakaz estaldurik. Erbesteko zalpurdi aberatsa Arranondoko kalean zear arradaka ta autsak jasoaz doanean, zalpurdikoak, nasako gizate arlotea ikusirik, erruki urrungarriagaz begiratuten dautsie, ta nasakoak barriz aoa betean diñoe zalpurdikoakgaitik: «Olango txankame bi ukabilkada bategaz amaitu leitekez. Eztira orreik askorako igarian, erramuetan edo arrañak artzen. Txibiari laster jaten emongo leuskioe orreik»... Gizon bakotxak bere arrotasuna dau, etxadi ta erri bakotxak berea. Ni esaten da aldan guztian, ni ezin danean geu, Arranondo ezin danean Bizkaia. Peru ta Mikol-en arteko eztabaidea (upalategian egozan aguratxo bi ziran Peru ta Mikol) zeñek ur da lur geiago ikusi eben izaten zan, biak be geien ikusi ebenak etziran baña. —Zu nun izan zara gero? —itanduten eutsan, diñodan egunean, lenengoak bigarrenari. —Ni? —ziñoan besteak—. Baionan be bai, Saanderren (Santanderren) be bai, iñoiz Kijonen (Gijonen) be bai. —Baiona, Saander, Kijon! A ze!... Orreik erriok edozein umek be ikusi ditu... Koruña nun dagon be eztakizu zuk. —Jakin ez ostera? Koruña Kijon baño arutzago dago. —Iñoiz egon zara bertan? —Ez. —Ni bai. —Baña ni arutzago be izan naz. —Nun gero? —Lisburun. (Lisboan). —Bai ta ni Kadizen, Tankarren (Tanjerren) da Zeruetan (Zeutan), moruak dagozan lekuan gero. Moruen izena entzun ordurako, mutiltxo guztiak ernaitu zituen belarriak, eta eztabaidako aria urraturik, asi ziran itaunketan: —Moruak Kadizen dagoz? —Ez, Kadizen gatza: gatzetara joaten giñan Joxantonion ontzian. Amaika joan etorri egindako ontzia geure San Pedro zarra! Maiteago genduan a. .. —Moruak nun dagoz ba? —Tankarren da Zeruetan. —Zeuk ikusi dozuz, Peru? —Bai, eun bidar be. —Zelangoak dira ba? —Geu langoxe gizonak. —Gu langoak? Baltzak eztira ba? —Baltzak edo baltzeranak. Zorki bat erabilten dabe buruan da jantzi zar, luze, zikin bat soñean. —Moruak baltzak dira; —esan eban onetan amalau urte inguruko mutiltxo batek— neuk ikusi neban bat bein, Saanderko llamean (Alamedan esan gura eban, erderazko izenagaz). Arpegia ta paparra ta eskuak eta dana bal-baltzak eukazan, ezpanak durdo durdo, agiñak zuri zuri ta kiskur kiskur ulea. —Orreik e eztira moruak —esan eban Mikolek. —Zer dira ba? —Aprikañuak (afrikatarrak) dira orreik. —Aprika ezta ba moruen lurra? Mikol itaunera oneri zer erantzun ezekiala gelditu zan. Etzan gitxiagotarako be. Itxasoan azi, itxasoan indartu ta itxasoan indargetua zan. Bekizan zenbat ordu bear ziran Arranondotik Kadizera edo Kadiztik Bilbora, bekizan ze aize ziran aizerik onenak joan-etorri edo osterea arin egiteko; Barzelonatik asi ta Donostiaraño egozan urertzeko erri guztien sarrerak zelangoak ziran ondo ekian, nun egozan tirañik gogorrenak eta ondar-mairik andienak be bai; bekian noiz da ze aizegaz ipiñi mastetan olango edo olango aize oiala; itxas gizon azkarra izan zan, itz baten esateko: baña ezeban iñoiz liburu bat eskuetan artu, ezeban irakurten ikasi ta ezituan egundo ondo jakin erresuma edo dierrien mugak. Nun zein agintari zan ezekian, nun zein enda edo arrazakoak bizi zirean bez. Mikolek eta aren gisako beste itxasgizonak illuntasun da naste andia euki eroien buruan olango gauzen gañean. Ameriketan izan ziranentzat, Amerika guztia Abana edo Berakruz edo ikusi eben erria zan: Españia ingurutik urten ezebenentzat, Españia ta Portugal, Franzia ta Inglaterra, or arunzko aldean egozan erri batzuk. Orreik gauzok ontzigidari edo ontziburuak ikasi bear zituanak zirean. Alan da guztiz be ezeban gura Mikolek bere jakiñeza mutikoen aurrean agertu, ta ezentzun edo entzungor eginda beste gauza batera birau eban autua. —Amaika arrisku erabilli doguz itxasoan! —jarraitu eban—. Irurogeta amazazpi urte izango ditut datorren Abenduaren seian, da ortxe, uretan igaro ditut guztiak. Arnasei urte neukazanean sartu nituen San Pedron. Ordurako iru edo lau lagunegaz neurtu neban neure besoen indarra, ukabilka, ta txopapeko txakurra baño txakurragoa nintzan. San Pedron egin nituan, Kadizera osteran, zazpi urte; gero Santa Kurutzen beste iru, ta ezkondu ezkerotik ementxe ibilli naz beti. —Beraz gaiztoa ziñan zu gaztetan? —itandu eutsan Anjelek. —Gaiztoa, gaiztoa esateko bez; arro samarra ta lotsagabetxoa, neure buruari geiegi neritxona, betondoren bat baltzitu ta euren tokitik agiñen batzuk ataratea baño beste kalterik ezteutsat iñori erakarri. —Ta eztozu bein be tirabirarik egin? —Ontzi andietan ez, estualdi asko eruan arren: txalopetan bi bidar; baña Jaungoikoari ta Antiguako Amari eskerrak, beti urten dot onean. Eztot nik egundo itxasora urten, Antiguako Amaren baselizatxoa ikusten dan tokian, txapela kenduta, Agur edo Salbea esan barik. Egia da, danok egiten genduan gauzea zan, lenago, geure gurasoak alantxe erakutsi euskuelako, eta, gañera, guztiok ekandu zarren gordezaleak giñalako. Gaur u... gaur eztakit. Iñoiz somau ditut nik gazte batzuk atzekoak Salbe deituarren, txapela erantzi barik eta berbetan. Da gero, larri dabiltzanean, Andre Mariaren laguntasuna gura. —Antiguako Amari laguntasun asko zor eideutsie ba Arranondotarrak. —Asko, guztiz asko; milla bidar atara ditu berak estutasun andietatik arrantzaleak, oneik zelan ezekiela. Nik badakit gertaera polit bat, neure aitaitari entzuna. Egia bada, guzurra bada, eztakit; baña nik egitzat daukat. —Esaiguzu ba, Mikol; tira, esaiguzu, —deadar egin eutsen mutikoak. —Or doa ba. «Bein, beste askotan legez, arranondotarrak urten eieben itxasora guztizko egualdi garbi onagaz; baña arratsalderako zeru guztia goibeldu eieban, da aizea, truxua ta euri zaparradea asi eiziran Jaungoikoak lagun. Txalopak ezeiziran agiri, ta olango eretietan oi dan antzera, erriko gizon da emakume danak, oso artega ta arduratsu baeioazan, batzuk eliza nagusira, beste batzuk talai-etxera ta Antiguako baselizara norbait edo beste. Ta emen asten da gauzearen arrigarritasuna. Antiguako Ama garbi ta ona ezeiegoan bere tokian! Zurturik urten eieben ara joan ziran emakumeak elizañari itaunketan, da elizañak, konkorturik eta bildurrez, esan eieutsen, goizean, argi-ontzia ipiñi ebanean, an egoala beti baizen eder da gozoa, ta ezekiala geiagoko barririk; itandu eieutsen abade-artzañari, ta arek be ezekiala berak ezer. Zabaldu eizan aida baten erri guztian albistea ta an joan eiziran erritar danak, zar da gazte, Antiguako inguru ta bazterrak aztertutera». «Alperrik: Antiguako Ama ezegoan Arranondon: edo norbaitek ostu eban edo berak iges. Baña zeñek ostu, lenago be ostutera joan jakozan lapurrak zirkiñik ezin eginda gelditu baziran elizmai ondoan? Gañera zetarako eben lapurrak Andre Mariaren irudia, asteguneko soñekoakaz baegoan orduan? Da zegaitik iges berak, arranondotarrak ainbeste maite baeben? Gauza illuna zan, guztiz illuna, ta iñok ezin eikien esan zelan gertaurikoa»... «Antiguara igoniko gizadiak menditik bera jatsi ziranerako, baeietozen txalopak, parra parra, patxada onean, ekaitzik eztagon egunetan etorten diran gisara. Batek bakarrik egin eieban tira-bira, urriñean; baña bertako gizonak Ama Mariaren irudiari munga ta arrenetan asi ta laster, uretan egozalakoan, zelan ezekiela, Arranondoko ondartzan arkitu eieben euren burua, iñongo min barik. Norbaitek aidean ekarri zitualakoa edo esateieben». —Milla añaniñua! Baña zelan?... —«Egon apur baten, eztot amaitu ta. Euren izugarrizko gertaerea esaten ziarduela, Antiguako elizaña emen eidator arin aringa, arnasestuka ta deadarrez: agertu da, agertu da Andre Maria!» —«Nondik? Zelan?» —«Eztakit, baña bere tokian dago». —«Igoten ei dabe barriro, ioranean, Antiguara, erritar guztiak, eta benetan, an eiegoan Ama maitea. Baña, auxe da izatekoa! Soñeko guztia bustirik eta barrenak ondarrez beteta eieukazan!» —Milla ta milla aingeruak! Orixe bai dala gauza miragarria!... Orduan Antiguako Ama arranondotarrak olatuen artetik ataraten ibilliko zan. —Alan da ustea. Beste ereti gaizto askotan be ibilli ei da urertzean, da sarri billatu eideutsez soñeko barrenak bustirik eta ondartuta. Mikolen esana nai añan arakatu ta aotan erabilli ebenean, bere tirabirak zelangoak izan ziran esan eiala eskatu eutsen entzuleak. —Nireak eztauke zer esan andirik: entzungarriagoak dira Kitolisenak eta orrek esan daiazala bereak —agertu eban Mikolek. —Tira ba, orain Kitolisen txandea da ta Kitolisek itz egin daigula. __________ XI KITOLIS Gizon txiki polit makur bat zan au, bere sorbaldetan larogeta bi urte andi jasoten zituan gizona. Iru edo lau uletxu zuri-baltz eukazan buru soil zetakaz betean, zutin zutiñik; askozaz geiago ta zuri kiskur kirikolauak garondoan, bildots edo arkume baten irudira; bepuru luze betien azpian begi urdin-abar bigun bigunak; arpegi baltzeran guztiz zimurtua; oial lodi zakar arabakinduagaz egiñiko jaka zarra soñean; praka urdin zengle batzuei eusteko gerriko tendeltxu bat mokor gañean, ontzi-soka lodi sendoaren antzera biurtua; ta olezko zapata, oinzorro edo trauskoak oiñazpian. Jaiegunetan obeto jazten zan, elizarako. Urdai zatiagaz, krusalloko orioagaz edo izurdearen zaiñagaz noizean bein bigundu oi zirean narruzko oñetakoak, alkondara zuri garbia, zarra bazan be, ta txintxonezko jaka-prakak: orixe zan jaiegunetako jantzia. Itxasorako gauza etzala gelditu zan ezkerotik, egunero entzuten eban mezatxu bat, egunero izaten zan illuntzeko errosarioan; gaixoren bati Jauna eruan bear jakonean, an joango zan Kitolis, argi bategaz; Jaunaren aurretik elizjiran ibilli bear zanean, an urtengo eban Jaun estalkiaren makilla bat jasoten; elizkizun guztietan, an egongo zan Kitolis alkate-aulkidaren atzean, belauniko. Erritar danak gura eutsien: ain zan bera zintzoa, apala, baketsua ta mendu onekoa. —«Ni eznaz izan, Peru ta Mikol legez, urandiko arraña —asi zan esaten beren aterpeko lagunai—. Toleta baño andiago enintzala, bederatzi urte neukazanean, eruan nituan lenengo neure aitak masira: neguko izotzak gogortu eustazan azurrak, orekan; udako eguzki beroak baltzitu eustan azala; besigu ta atun tatoakaz azi ta loditu ninduen; ni be, Mikolen antzera, itxasoan bizi izan naz legorretan baizen geiago; baña ontzi andietan eznaz egundo ibilli ta Kantauriko uretatik eztot urten, nai ta naiezean edo arribadaren baten izan ezik. Alanbe naikoa neke igaro dot itxas orretan. «Iru aldiz egin dot tirabira. Lenengoan, Arno atzean, besigutan gengozala; bigarrenean, aortxe (ara ortxe) erriko sarreran; da bietan berialaxe artu genduezan erritar lagunak. Baña irugarrengoa!, itzala ta ikaragarrizkoa izan zan irugarren ori. Ain zuzen, ibaian zear kanporuntz giñoiazanean, uragea edo erramua zala ta etzala, beste txalopa batekoakaz aserratu giñan; deadarka, zarataka ta arrokerizko berbak alkarri esanaz urten genduan ur-zelaira, ta iñori etxakon gogoratu Antiguako Amari beti esaten jakon Agur edo Salbea esatea. «Gabon aurretxoa zan. Bagagoz, bagagoz illunabarrean, potin txiki baten lau laguntxu, berdeletan, Orioko aurrean. Bakarrik gelditu giñanian a, berandu be bazala ta, otz be begoala ta, arrain piska bat be bageukala ta... asi giñan etxeruntz. Terraltxoa egoan, legorretik datorren aizea. Jaso genduan triketa, ta bagetozan kezka barik, atzekoak eskuak besapean berotuten zituan bitartean, eskota tosta bati lotuta genkarrela... ta, alako baten, brast, joten gaitu aize bunbada gogor batek, eta dsaust danok itxasora, txalopa barruko arrain, otzara, soka ta tresna guztiakaz batera ta nastean. Alan be urten genduan urazpitik, or batak eta emen besteak, danok otzak ikaraz; inguratu giñan, igarian, popaz gora egoan txalopara, ta itandu geuntzan alkarri: «gizonak, zer izan da au?» Baña iñok erantzun bearrik ezegoan, guztiok genkian da. Ardurabagekeritxu bat, ustekida geiegia. Zeñi baña otuko jakon alangorik, itxasoa bare bare baegoan?... «Egundo alango negargarririk iñok eztau ikusi. Gure urrean etzan iñor, da antxe egon bearko genduan ur gañean, goizerarte. Goizerarte! Ta oraindiño, geienez be, etziran seirak izango!... Otzak eta bildurrak dardaraka geunkazan, ta amabi, amairu edo amalau orduan egon bear alantxe! Ta, gañera, goizean iñor etorriko jakun ez jakin!... «Ia, mutillak, —esan euskun atzekoak, gu pitin bat azkortuteagaitik— eskeñi daiogun Antiguako Amari, danok orpozik eta erramoak lepoan ditugula bere elizatxora joatea, emendik onean urteten badogu, ta asi gaitean orain errosarioa esaten»... Ipiñi neban neuk Ikomes (Nikomedes) neure amabi urteko seme ederra, killa gañean auspez, da asi giñan arrenetan... Jaungoikoak badaki guk zenbat arren egin genduan. Errosarioaz ostean, zeruko done guztiai Aitagurea ta Agur Maria ta milla biotzeko eskari luze ta labur egin geuntsezan, alde batera ta bestera geure gorputz minberatua biratuteko utsunetxu batzuk artuaz... Onetan gengozala, amarrak aldean, aizeak ekarren indarrean da txalopearen zabunetan igarri genduan itxasoak irakin bear ebala ta gure urrean ebillela eriotzea. Illun egoan; belarrietara etorkigun aizearen txistuari destañazkoa neritxon; Getariako ta Zumayako itxas-argiak agiri ziran lurrean, da niri, illen argiak iruditu jatazan. Geu gengozan ilten osasun guztiagaz!... «Ze ordu ete da?» —itandu euskun Matxin zarrak, eriotzondoko soñuagaz! —«Amarretatik amaiketara» —esan geuntsan. Da berak, oraindiño belarrietan daukatan esateko erarik illunenagaz —«Zein luzea dan gaba! —jarraitu eban— zein luzea! Nik ezin neike iraun, laster amaitu bear dot, eta zuek ikusten badozue gurekorik»... Ezeban geiago esateko astirik izan, bada olatuaren bultzada batek kendu euskun albotik. Orratiño ekarri genduan atzera ta esondu geuntsan oratu eiola gogor karelari; baña ezertarako ezeukan adorerik eta aotik bitsa eriola, damu dot Jauna, damu dot Jauna esanaz, an joan zan ondora... Itxasoa geroago ta andiagoa etorren, olatuak geroago ta indartsuagoak, geroago ta mekotuagoak gengozan gu. Neke gitxiagoko egoera bat billatu naian, ain laster ipinten genduan gorputzaren astuntasuna esku baten gañean, ain laster bestearenean, orain igoten genduan killa gañera, orain karelera jatsi, gañean ezin egonda. . . Gau luzia zala esan eban Matxiñek. Bai ondo luzea! Ta zer ete da betikotasuna, samiñetan egon ezkero?... Neure semetxua, neure Ikomestxu, otzikara andiak artu eban, da negar muxinga, inkesaka ta zotiñez, aita bai aita asi jatan deiezka ta deiezka... Axe zan errukigarritasuna! Aitak ezin ezer egin bere seme kutunaren alde, biotzeko negar goria baño besterik; aitak ezin goiza ta laguntasuna erakarri, bere bizitzea emonda be... Etsi genduan, ezkiñan luzarorako. Jo genduzan beste baga batek burutik bera, kendu euskun txalopea esku artetik, eta aldebanatu giñan irurok barriro. Urpetik azalera urten nebanean, asi nintzan igarian semearen billa. Ez neukan neuk orduantxe indar askorik eta arrokeri andirik bez! Idoro neban semea, ta txaloparaño eruan be bai, ta esan neutsan txalopeari gogotik eutsi eiola; baña alperrik. «Ezin, aita —ziñoan— ezin!» Artu neban orduan neure bularraren ondora, potiñaren da neure gorputzaren bitartean ipiñi neban, da bere soñari ta potiñari alegiñakaz elduten gelditu nintzan... Ixillik gengozan danok, bildurgarrizko ixiltasunean. Ikomestxu —deitu neutsan andik apur batera— Ikomestxu, ondo zagoz? Ezeustan ezer erantzun. Zelan ba, ilda egoan da!» Negar malko lodia erion Kitolisi bere arrigarrizko jazoerea malla onetaraño eldu jakonean, da entzuten egozanak be ezeben urriñean negarra. «Nik eztakit ze ordu inguru izango zan —jarraitu eban— beste olatu batek txalopea ta semea besartetik kendu eustazanean, eztakit zelan oratu neutsan ostera be txalopeari, eztakit zelan egon nintzan goizeko zazpi ta erdietan Getariako potin batek artu genduzan arteraño. Azkenerako, sena ta konorta galdu jakuzan, taket batzuk giñan atzekoa ta ni, zoraturik gengozan, zer egiten genduan ezgenkiala eutsiten geuntsan txalopeari, lapeak atxari baño gogorrago, atzamarretatik odola eriogula... Gaixorik egon nintzan gero ia illabetean, da sendatu nintzanerako... itxasora barriro. Baña ez geiago Agur edo Salbea esan barik». Isil aldi bat egin ondorean, Kitolisi biotzeko naigabea kentzearren, asi ziran aterpeko gazteak eresian, da etziran geiago isildu euren lan guztia amaitu arte. __________ XII BEDAR TXARRAK Kitolis, Mikol, Peru ta beste lagunak egozan aterpetik urretxoan, nasa gañean zutinik, ondo jantziriko bost gizon egozan, alkarregaz autuan, eguzki epela artuaz batera. Iskillos edo armaduna zan bat, kontrabandoa galerazoteko Arranondon egozan beste armadunen burutzakoa, ta erdalerrikoa bera, zer esanik be eztagota; bizardun baserritarra beste bat (Indianoa esaten eutsien), Ameriketan aberastua, ez erderarik eta ez euskerarik ezekian mutil zarra, zerren aztu egin jakon bata ta bestea ezeban ikasi, baña bere buruari asko eritxon arro andia, siñiskorra ta siñisgaiztokoa, beren esakera nastau, mordollo ta gatzbakoak gauzarik adjutu ta zapalgarrienak legez astiro esaten zituana; Arranondoko dendetan oialak saltzera, lantzian bein, Bilbotik etorten zan gazte polit, guri, buruarintxua beste bat; itxasoetan luzaro ibilliriko ontziagintari azkor, zintzo ta bizia beste bat, kondaira onen asieran itxas aurrean ezagutu genduana; ta bostgarrena, besigu, atun, sardiña ta enparauak maneaten zituen lantegiko nagusia, erdalduna au be. Arranondon lanik gitxien eukienak legez, or da emen alkar billatu oieben da alkarregaz egoten zirean sarri, oial saltzallea ez besteak, eta au be bai areikaz, Arranondon zanean. Gure Itxasgizona bekoki baltz samarrekoa zan, itz latzekoa batzuetan, biotzean eukan guztia erraz kanpora botaten ekian gizona, edozeñi egia andiak esaten eutsazana, bear zanean; baña oso arima leñargi ta onekoa. Aserre zalea izan ezarren, Euskal-erriari edo Elizeari ikuturen bat iñok egin ezkero, aserretik urriñean etzan ibilten. Lelo, zio edo gai orregaitik, au da, Elizeari ta Euskal erriari bakean ezin itxi eutsielako, Itxasgizonak askoetan emon eutsen min beragaz batuten zirean erbestetar edo erbesturiko batzuei; baña alan da guztiz be ezeben beragandik iges egiten, maite ebielako, edo dirutsua, Arranondon guztiz ondo ikusia ta eskubide andikoa zalako. Bost gizonok erderaz ziarduen, baña nik euskaldunentzat egiten dot neure lantxo au ta euskeraz ipiñiko dot beren jardun guztia. —Nik eztakit —ziñoan Ezpatadunak, zeñen aurrean egoan azturik nunbait— ze deabruzko eresiak esaten dituen or barruko astuok euren txakur-izkuntza orretan. Itxasgizonak, arpegia beingoan illundurik: —Etzeunkan ona etorri baño lenago euskerea ikastea baizen: dana ulertuko zenduan orduan ederto: Nik, erbestetan ibilli izan nazanean, euren izketan itz egin dautsiet erbestetarrai, erdizka ta motel bada be. Etxat egundo gogoratu eurak euskeraz itz egin bear deustiela neuri. Iskillosdunak: —Baña, gizona, zer dinostazu? Gogoratuizu, alde batetik, zuen euskera ori, erdi-izkera ezkel zatar bat dala, ta beste aldetik españatar guztiok gaztelarrez ikastera naita naieztuak gagozala. Gaztelarrez bakarrik itz egin bear da Españian da beste izkera danak osoro ta betiko kendu. Itxasgizonak, berotuten asita: —Eztiñozu ondo, zalduna. Euskerea antxiñetako izkera-guraso, eder, mamintsu ta sakona da, atzerritar jakitun askok dakien legez, zuek jakin ezarren. Da gañera, zeñek esan deutsu zuri nai ta naiez ikasi bear dogula guk Gaztelako izkuntzea? Eztiñot gura dabienak ikasi eztaiela, ikasia beti dator ondo ta; eztiñot gaztelar agintariakaz Euskal erriko gauzen gañean zerbait erabagi bear daben euskaldun nagusiak eztabiela ikasi bearko; baña euskaldun guztiok? Zeñek nai ta naiez itz eragingo deusku gura eztogun eran? Zer dala ta? Zeñek dauka Españian gu orretara ipinteko eskubidea? Ezkara gu izan geurekorrak eta askatuak, geure gurariz da geuk ipiñiriko zerzelada batzukaz, Españiaren laguntzat, ez mendekotzat, jarri giñan artean? Nok dauka gu makurtuteko eskubidea, diñot ostera be? Indarrak? Indarra dozue eskubidien iturburua? Bada orduan ondo egin eban Napoleonek Españia menderatutera etorri zanean. Baña itxi daiogun alde batera euskaldunen geurekortasun da askatasunari. Zegaitik kendu bear jako gizon, etxadi edo erri bati beren endako itxurea, beren aberastasuna, iñoren on barik? Zegaitik kendu bear jaku guri geurea? Ezta naikoa norbere lurrean daukagun ondasuna ez ezagututea; ezta naikoa, alperreri ta nagitasunagaitik izkuntzarik zarren da maitegarriena ez ikastea, arrotzak ikasi oi daben legez; ezta naikoa bazterturik eukitea, enzun bere ez gura izatea; il da lurperatu egin bear da gañera? Eztozuez zeuek bandera oial da burdin zarrak gordeten gertaera on batzuen gomutagarri legez, edo zeuen asabienak diralako beste barik? Bada zegaitik itxi ez guri zeuen da geure asabien izkuntz ederra mendi tartean gordeten? Iskillosdunak: —Etzaite aserratu, gizona; baña jakin eikezu euskereak eztabela zuk uste dozun aña edertasun. Itxasgizonak: —Zuk zelan dakizu euskerarik ikasi ezpadozu? Oial saltzalleak: —Neuk be eztot ikasi, Bilbotarra izanarren, gurasoak ezeusten erakutsita; baña eztot damurik be. Euskalerritik kanpora euskerea ezta ezertarako, ta Euskalerrian bertan edozeñek daki gaur gaztelarrez. Itxasgizonak: —Zuk euskerea ezjakiñagaitik damurik ez izatea, mirarituteko ipuña ezta. Zuek, bilbotarrok, antxiña galdu zenduen asabien izkera biguna ta antxiñatik zagozie erdaldundurik; eta gañera, zuretzat, sal-erosketarako ona eztan gauzea ezta iñoiz be ona izango. (Zeuk saltzeko gauzea balitz, ederrenetakoa dala be laster esango zenduke zuk). Baña jakin eikezu, lenengo, saltzaillientzat onak eztiran gauzarik asko badagola lurrean, da bigarren, geure euskerea eztaukagula saltzeko. Euskal-errian barriz edozeñek itz egiten badeutsu erderaz, ainbat gaiztoago: neu dendaria banitz, ikasi bearko zendukie euskeraz, oialak eta enparauak eskiñika zatozentxuok. Indianoak, kukurruku egitera doian ollarrak legez burua jasota, sudur azpiko bizarrak kiskurtuaz, guztiz astiro ta benatsu: —Neuk esan neike iñok baño obeto, lur asko ikusi ditut eta: euskereak eztau ogia irabazteko balio. (Yo puedo desir mejor que nadie, porque ha visto muchos tierras: bascuentze no vale para ganar pan) . —Zelan irabazi dozu ba zuk geldotzarrorrek? Erderaz jardun ederren batzuk egin da? Ezagun dozu. —Nik neure ogia lan gogorrean da ondo irabazita daukat. —Eztiñot ezetz, baña lanean egiteko eztot uste euskereak kalterik egingo eutsunik, eta erdereak indar andirik emongo eutsunik bez. Baserritar bizardun edo Indianoari zer erantzunik etxakon otu, Ezpatadunak eta Oialsaltzalleak ezeben ezer esan gura Itxasgizona aserratu etzedin, da guztiak ixillik gelditu zirean apur baten. Bitartean aterpekoak baziarduen egiñaletan Berrio-Otxoaren bizitzea erestuten, da lantegiko nagusiak gure Itxasgizonari itandu eutsan: —Jakin leike zer diñoen or barrukuok? —Bai, gizona, bai: len Amar Aginduak erestu ditue, itz neurtuetan; orain, Berrio-Otxoaren bizitzea. —Zein zan Berrio-Otxoa ori? —Abade egin da laster pralletegian sartu zan elorriotar gizon done bat. Apezpiko edo Abadeartzain izatera eldu zan gero, ta Jesusen siñistea zabalduten ebillela, Tonkiñen kendu eutsien burua, ezpateagaz, Lantegiko nagusiak: —Ba, ba; abadien gauzak. Baserritar-bizardunak: —Orixe bera, emen eztago besterik. Ezpatadunak eta Oial-saltzalleak: —Egia da. Itxasgizonak: —Eztakit abadienak diran edo ez aterpekuok erestuten dituen itz-neurtuak. Emen, euskeraz, edonok eta edozer gauzen gañean daki itz neurketan, buruz da errez; guztiz egoki ezpada be, erestuteko erara beintzat: naiz Elizako erakutsien gañean, naiz errian izan dan gertaera bategaitik, naiz erramuetea, idikitea, aizkoraketea edo pelota jolasa galdu edo irabazi dalako. Ta edozelan be abadeak egindako itz neurtuak erestuteari obeto deritxot erdalerritik erakarten dituen itz zikin nazkagarriak deadarka jarduteari baño. Ezteritxazue? Indianoak: —Bai, baña eztabie gauza danak abadeak erakutsitakoak bakarrik izan bear. Ixasgizonak: —Eresiakaitik badiñozu, len be esan dot eta bigarrenean diñot edozeñek atereak izan oidirala: arrantzale bat da naikoa, beragaz ezkontzeko egoan neskatillea beste bategaz ezkondu bajako, itz neurtu batzuk neskatilla orren kontra berealako baten egiteko. Indianoak, Itxasgizonaren esanari jaramonik egin bage: —Jakituriak iturburu on asko daukaz. Itxasgizonak: —Estu estuan ezetz esango neuskizu. Orain, ikasbide asko dagozala esan nai badozu, ori egia da. Baña, abadien etsai zarean ezkero, erantzuidazu: zeñek daki eurak baño geiago Arranondo lango erritxuetan? Nok erakutsiko deusku zerurako bidea eurak ezpada? Indianoak: —Niri ezteustie egundo ezer erakutsi. Itxasgizonak: —Siñistuten dot: zuri ezteutsu iñok ezer erakutsi, ta gañera zeuk be eztozu egundo ezer ikasteko burubiderik artu. Alan zara zarean langoa. —Txarra, ezta? Kanpoetan zerbait ikasi dogun guztiok gara txarrak zuentzat. —Ori ez, txotxo, ori ez. Kanpoetan ikasiak ezagutzen ditut amaika, ondo Jaungoikozkoak eta euskerazaleak. Zu ibilli zarean lurrean, Ameriketan bertan, badira Begoñako Amari elizki ederrak egiten deutsiezan euskaldunak, eta euren jaioterriko mintzoerea guztiz maite dabienak. Ez gitxi gero, asko baño. Bizibearrak eruan zituan urriñetara, baña euskaldun bizi dira ta euren biotza Euskal-errian daukie. Ezpatadunak: —Baña egia esan gura badeuskuzu, gu be zuk gaiztotzat gaukazuz. —Nik ezteutsuet zeuenetik ezer kendu gura, ta orregaitik esango dot zerbaiterako onak izango zariela. Batori, legezkoa dana (edo legezkotzat daukazuena bada Euskalerrian egiten dozuen ori ezta legezkoa) legeak diñoana ornidu barik iñok ezer ekarri eztaien, errien mugarri ta itxas inguruak zaintzeko; besteori diru pilloak ortik edo emendik laster irabazteko; besteori, or nunbaiten egiñiko oial mengelak ingeles oial sendotzat emoteko; beste au, erriko arrañik merkiena oriotan zerbait erre ta erbestean diru andiagaitik saltzeko. Orretarako onak zarie, baña ez Eliza Donearentzat eta Euskalerriarentzako. Siñisterik eztaukien gizonak, izketa, ekandu ta erakuste gaiztoak erakarri oi ditue errietara; ta zuek, gizon argi jakintsuok, eztaukazue siñiste onaren izpirik. Beste aldetik barriz, gure izkuntza, oitura ta izateko erearen arerio diranak, geure areriotzat daukaguz, da zuek ezin entzun dozue gure izkuntzea, gure oiturak ta izakerea ezin dozuez ikusi: orregaitik begiratuten deutsuegu gure arerioari lez. Erbestetik ekarririko aziagaz emen ernetako bedar txarrak zarie zuek. —Danok? —Zuek bai, zuetarikoak ez, Jaunari eskerrak. Era onetako esate gogorrak bere aotik entzunarren, itxasgizon zarraren lau entzuleak koipekeri andian da irribarrez egozan. Irribarrez kanpotik, barruan zer erabillen eztakigu baña. —Zure gauzak —zirautsien zigatro bana eskeniaz. Urren egoanari bat artuta obeto lotuten egoan bitartean, arrast ixiotuaz joan jakon Indianoa, ta Itxasgizonari esan eutsan belarrondora, euskeraz: —Zu abadeakaz abadetuta zagoz. Da besteak Indianoari: —Ta zu abereakaz aberetuta. Itxasgizonaren zirikadea ezeban Indianoak ulertu. Aberea zer zan ezekian. Animalia esango eukean berak eta... __________ XIII ALKARREN AURREAN Ura, gatza ta ezkata edo eskamea darioela ibilten dira Arranondon txalopa jaubien emazteak, euren alabak eta alogereko emakumeak, besigutarako bear dan arrain txikia upalategietara eruan da gazituten. Baña berez garbi dana edozetan oi da garbi, ta gure Mañasi, arratsalde baten, trauskoak oñetan da belakizko (aize-oialezko) gonea jantziarren, olango zeregiñetatik, ondo orrazturiko ulea buruzapi polit bategaz loturik, ezkatak ondo astindurik, eta iturriko uretan erabilli zituan eskuak oial-zorkiagaz legortuten eioan etxeruntz, altzaneraño txukun da beste edozein baño garbiago. Ain zuzen, beren aterpetik urten da, orduantxe eioan Anjel be kale batetik besterako malletan gora, errenka, errenka, ta uste uste barik jo eben alkar gazte biak. Mañasiri, arpegiko azal zuria berealakoan gorritu ta, barruko zarrada andi bategaz, taupadaka jarri jakon bere biotza; zer esan ezekiala ta erdi moteldurik gelditu zan emakumetxoa. Anjelek, orma ondoko egur latzari elduta igoten joiala, albokera ikusi eban auzoko neskatillea. —Zer dozu, Anjel? —itandu eutsan onek, zelanbait arnasea artu ebanean. —Gauza andirik ez, baña ementxe nago iragoko egunetan, ezertarako eznazala. Lenagoko baten, (bariakua zala uste dot) txalopan, maste nausia erasten gebiltzala, eskuetatik iges eginda, ezkerreko biatzak zapaldu eustazan. Mañasik, zentzun guztiak ezpanetan ipiñita: —Baña ausi-aterarik eztozu izango? —Ez ba, zapaldua bakarrik. Alan esan eban osagilleak. —Eta zegaz ipiñi deutsue? —Linaziagaz edo eztakit neupe. —Orio ta ardauagaz nastean? —Baietz uste dot. —Orioa ta ardaua guztiz onak eidira olango zaurietarako. —Alan esaten dabe, baña neuk eztaukat oberik. Anditu egiten jat ibilleran. —Ez ibilli. —Ta etxean egon, alperrerian? —Etxean be izaten dira arazoak. —Atzo ta arañegun egin nituan neukazanak: esku-zurda ta txibi korain batzuk, bear diranerako. Orain eztaukat geiago berunik eta loro ta tantzarik bez. Geure aitak daukaz, da emongo deutsudaz gura badozu. —Ez, ez, eskerrikasko. Badaukat zeregiña tretzakaz. —Zuk, u, danari itxita, Arranobatekoagana joan bear zenduke, Anjel. —Zer edo zer egin bearko dot, obeto ezpanoa. Anjelek, nekatu egiten zan da, geldi geldi igoten zituan arrizko malla zarrak, bidean billatu eban lagunari zearkera begiratuaz; besteak, etxerako gogorik ezeukan edo, oraindik Anjelek baño astiroago igoten zituan. Asieran eukan bildurra bota ebanean, geroago ta errezago egiten eban itz, Erriberatik goragoko kalera lasterregi igotea ezeban gura, ondo egoan Anjelegaz jardunean, da au dala ta ori dala, orkoa ta emengoa, urlia ta zendia, esan da esan, txutxu ta putxu, aleban guztia luzatu eragiten eutsan mutillagaz eukan gatzbageko autuari. Ta gatzbagekoa izanagaitik autua, edo berakatza, edo porrua, edo kipulea, baeban zerbait, bada mutillak geroago ta geldiago igoten zituan mallak, eta azkenerako, Mañasiri aurrez aurre begira, atseden andiak egiten ebazan malla bakotxean. Arpegiko gorritasuna joan jakonean, zurbiltxoa gelditu zan neskatillea; begi bitarte illun lausotua eukan, baña begirada bat bai bigunagoa! Anjelek ezeban alango begiradarik ikusi, ta pozik ikusten eban orduantxe. Zer esan andirik ezeuken euren artean, baña etxera joan bear andirik bez, itxuraz beintzat, ta gora ta bera ebiltzanai «agur» edo «arratsaldeon» egiñaz, baziarduen euren amaibageko jardunean. Onetan, len goruntz joiala ikusi eben Tramana betorren ostera beruntz, ta eskuak gerrian zituala, autodun biai apur baten begira gelditurik, —Gazteaaak —esan eutsien irribarrez— luzea dozue aria zeuek. Ezin eten e, ezin eten? Da Mañasi, lo gozotik esnatuten dan bat legez, barriro gorri gorri eginda, begi andi zabalakaz begira jarri jakonean, —Ez lotsatu, neskatillatxua, —jarraitu eban Tramanak— ez lotsatu, garaian zagoz da. Aukerakoak zarie zuek bata bestearentzako. Arriturik gelditu zan Mañasi bere barruko amesak ikusi ta agertu eutsiezalakoan: Anjel, iñoiz baño geiago ta obeto neskatilleari begira. —Entzun dozu zer esan daben? —itandu eutsan onek Mañasiri. —Edozer gauza orrek —erantzun eban besteak— lotsabage andia da ta. —Bai, lotsabagea da. Ta auxe da ipuña. Tramanaren esana lotsabagekeria zan, baña gure gazteok ezeben txartzat artu. Barrez asi ziran arrain saltzalleak esan zituan itzen gañeko autuan. —Ezpagenki lez —ziñoan Mañasik— Anjel eztagola Txanogorriren alabearentzat. —Zegaitik ez? —Zagoz ixillik: gauza asko gaitik ez. Erri guztiak eztaki Antoni Errota-gaz ezkonduten zareana? —Errietan, emakumien miñean batez be, barritxukeri andiak ibilten dira. Neuk diñotsut eta siñistuidazu, Mañasi: niri oindiño iñogaz ezkontzerik etxat gogoratu. —Ee? Egia diñostazu, Anjel? —Egi egia. —Zelan, bada, egoten zara Antonigaz? —Asko askotan eznaz egon. Zeugaz be banago. —Baña nigaz beste era batean. —Zuk zer dakizu? Au entzutean, Mañasiri begi biak malkoz bete jakozan, da Anjeleri bat batera bereak argitu. Baña geiago itzik egiteko asti bage, neskatilleak, txalopetako otzarakaz mutiltxoak betik gora etozela ikusi zituanean, —Ene! Txalopak etorri dira, ta aparia egiteko oraindik, ama errekan da ta —esan eban— da asi zan arin-aringa etxeruntz, Anjeleri agur egin barik. Onek be ezeutsan agurrik egin, baña bere artean esan bai: —Zelan otu etxako lenago aparia egin barik eukala? Zer diñostazu, irakurlea? Amesetan egongo zala gau atan Mañasi? Jakiña ba. Baña amesak ames izaten dira beti, itxurazkoak izan arren. __________ XIV NAIGABEAK Sarri dakie gurasoak etxeko seme-alaben zorigaiztoa egiten: batzuk umeai zuzenbidea erakusten ardura bagekotxuak izan oi diralako; beste batzuk ikasgarri okerrak emoten deutsiezalako, euren aurrean edozer gauza esan edo egiñaz; onek norbere umearen utsegite ta griña txarrak ikusten eztituelako, beste batenarenak ikusteko begi zabalak eukiarren; arek bear dan orduan astiñalditxu batzuk emoten ezteutsezielako, aserre barik eta euren onean dirala erakutsiaz; da, geienak, semealabak bizi bide barria artu bearrean edo ezkongei dagozanean, umien zorionari baño euren (gurasoen) uste ta gogoari geiago ta obeto begiratu oi deutsielako. Alperrik da esatea osoro ta geiago eziñean maitetuten dituela euren umeak. Ori danok dakigu, baña, nire ustez, maitetasun guztien azpian, sustrai barruan, biotz mamiñean, bakotxak norbere ondo-naia, norbere buruaren maitetasuna idoroten dau bestienganakoagaz nastean, da gurasoak be bai eurenean. Orregaitik, seme alabak ezkontzeko egunetara elduten diran eretian, gurasoak eztira euren guraria ukatu gura, euren gogo betekoa eztana eztabie nai etxean, naiz da izan semien gurarikoa, ona, adjutua, elizkoia, ta langille maratza etxera ekarri gura dan mutil edo neskatillea. Ta guraso askori gogoa beteteko, dirua ta ondasuna izaten dira gauzarik onenak. Euren iritxiz, etxejauntzakoak etxejauntzakoakaz ezkondu bear dira beti, maizterrakaz maizterretakoak. Egia da, semien gañean, Jaungoikoak eta Izakiak emoniko aginpidea daukiela gurasoak, eurai jagokela esonde ta erakusmen zuzenak emotea; baña eztabie aztu bear euren aginpide ta esanetan Jaunaren legeari ta seme-alaben onari begiratu bearrean dagozala. Zarrago diran aldetik argi geiago euki daroe, ta erakutsi daiela euren gogamena: baña ez beti jarraitu eragin, seme alabak errukarri izateko zori ta agiñean ipiñiaz. Anjelen aita ta ama beste askorenak legezkoak zirean. Gure mutil onek, bere barruan zerbait erabilliarren, ezeutsan iñori ezer esan, da Arrenobaten oña sendatuten egoan bitartean, Sardinzarrek eta emazteak, emazteak batez be, euren mutilla lotsatia zala ta egundo berez etzala aurreratuko gogamendurik, Antoniren gurasoakaz egon da arautu ebien gaztien ezkontzea. Geiagoko bage gauzea eginda egoala uste izanik, atunetara baño len, Donibanetarako, ezkonduko zireala zabaldu eben erri guztian, da etxe bizitza barrirako bearkiren batzuk egin eiezala agindu be bai, ixil isillik. Antoni pozez zoratzen egoan. Etzan bera iñoganako maitetasunak urtuko eban emakumea, Anjelegaz legez beste edozeñegaz ezkonduko zitzatekean, au baño geitxoago izan ezkero besteren bat; baña, Arranondon, mutillik eder da aberatsentzat egoan Anjel, neskatilla guztiak gauzarik onena zala ziñoen, da orregaitik egoan ain pozik Antoni, gauzarik onena beretzat zalako. Erriko adiskide guztiak ondamuz begiratuko eutsien berari: orixe zan Antoniren gogamen bakarra. Entzun daigun orain, Anjelek, Elgoibartik etorri zanean, Amagaz euki eban izketartea. Aita itxasoan zan. Amak. —Astia emon deutsugu, seme, ta onezkero zerbait erabagiko zenduan. Anjelek. —Zer erabagi, ama, zeren gañen? Amak. —Ori diñostazu? Ezkontzearen gañean ba. Anjelek. —Aa! Amak.—Guk u, zeuri bideak edegiteagaitik, Antoniren gurasoakaz itz egin dogu, Antoni bera be prest dago, ta eztaukazue abadeagana joatea besterik. Ara ama on batek zelango lanak egiten deutsazan seme onari. Anjelek.—Baña, ama, nik ezer erantzun ezpadot! Amak. —Eta etzenduke erantzun be egingo. Lau illabete bada gauza onen gañean itz egin neutsula, ta mutik ezteustazu esan, da nik i... Beti ezkongei egon bear aldozu? Anjelek.—Eznaz oraindiño zarra. Amak.—Baña ni bai, ta gure etxean neke asko dago emakume bakarrarentzat. Anjelek.—Artu bei ogipeko neskame on bat. Amak.—Etxekoa dozu neskamerik onena, txotxo. Anjelek.—Ezkara ondo bizi, ama? Bizi gaitezen olantxe, oraindiño. Amak.—Ta zegaitik eztozu ezkondu gura Antonigaz? Anjelek.—Egia esateko, etxat biotzera sartu neskatilla ori; arrotxoa dala uste dot, apainduri zalea, lerdenegia. Amak.—Ta zer esango dabe gugaitik Antoniren gurasoak? Anjelek ezeutsan itaune oni ezer erantzun. Bekian amarena berea zala errua, baña ezeutsan arpegira bota gura. Aita itxasotik eldu zanean, illuntxo billatu zituan ama-semeak, eta bere itauneri «bai» edo «ez» besterik erantzuten ezeutsiela. Igarri eban nundik etorriko zan illuntasunaren asierea, baña euren aotik entzutearren, —Zer izan dozue? —itandu eban. Amak.—Zer izango da? Gure seme oni arrotxoa irudituten eijako Antoni Errota, lerdenegia, apainduri zalea. Lerdena izatea obea da korkoixa izatea baño, ta apainduten bada barriz, bereagaz apainduten da: berak dauka arek apaingarriak erosteko ta geiagorako. Sardinzarrek semeagan ipiñi zituan bere begiak, arek zerbait esango ebalakoan. Anjel suaren garrari begira egoan, ixillik. Baeukan mutillak zer gogamendu. Alde batetik bere buruak zirautsan txarra zala gogokoa etzan emakume bategaz ezkondutea; beste aldetik ezeutsan bere amari naigaberik emon gura; axe zan bene benetako estualdia. Sardinzarrek barriz, gauza guztien gañetik etxeko bakea ta semearen ona gura eban. Egia, bera ibilli zan, ainbeste bidar, ardantegiko lagunai ta txalopa barrukoai esaten, Antoni Errotagaz ezkontzen jakola semea, ezkontza ori gauza andia zalakoan; baña etzala ezkontzen esateko be laster jarriko zan, alan bear izan ezkero. Iñok aorik ezebaia edegiten ikusita gero. —Ia ba —esan eban— guk u, Anjel, egin doguna zeure onagaitik egin dogu; baña zeu zara ezkondu bear dozuna ta zeuk gura ezpadozu... Amak, negarrez.— Auxe da ordaña! Beragaitik buruausten jo ona ta jo orra ibillita, auxe da ordaña! Amaren ganorabagekeri ta bidebageko esateak min andia emoten eutsien Anjeleri. Ezekian zer esan, ezekian estualdi atan nundik urten. Begiak itxi ta ezkonduko zala esateko be baegoan. Azkenean, egonaldi bat eginda, —Ona da —itandu eban— norberak nai eztabela ezkondutea? Aitak.—Ez, txotxo, ori ez. Zeuk gura ezpadozu, len be esan dot eta... Anjelek. —Nik badakit esker asko zor deutsiedala neure gurasoai ta eskerbagea eznazala uste dot: euron mendeko nago, ta eurok agindu ta gogo barik ezkondutea ona dala esan ezkero, ezkondu be bardin egingo nitzateke; baña ezta ori neure guraria gaur beintzat, eta nire iritxia da luzapena emotea Antoniren gurasoai. Olan eztira eurok iñogaz txarto geldituko ta nik arnasea eukiko dot. Aitak.—Ondo esan dozu, seme, ederto. Goazen orain errosariora ta ¡biba la pas! Andrea, ipiñi eikeguzu gaur apari on bat. Amak ezeban geiago ezer esan. Gizon biak joan ziran elizara. Andik urtetean, gure mutil oni, aparitara eioala, «Anjel» deitu eutsan kale baztertxuan eliz-zapia tolostuten egoan emakume gazte batek. —Ola, Antoni, —erantzun eban mutillak. —Zer barri? Noiz etorri zara? —Gaur arratsaldean. —Ondo? —Bai, sendatu naz. —Elizan ikusi zaitut eta itanduteagatik urten deutsut bidera. —Eskerrikasko. —Ta? Ezer esan deutsue etxean? —Bai. —Zer deritxozu? —Oraindiño eztogula olangorik bear. —Ee! Zegaitik? Donibanetarako ez? Noizba? —Eztakit noiz. —Eztakizula noiz? —Ez. —Gitxi gora bera bez, gizona? —Gitxi gora bera bez. —Zoratuta alzagoz? Zuk eztaukazu ezkontzeko gogorik. —Oraindiño ez. —Oraindiño ez? Neuk be ez ba... Nai baneu zu baño obeak badaukadaz edonoiz da edonun. —Eukizuz ba, emakumea. Zeñek esaten deutsu ezetz? Onenbestegaz aldendu zirean neska mutillak bata besteagandik: azkar neskatillea, batbatera esnatu jakozan kirioak emoten eutsien bizitasunagaz, aserre ta muker, etxe bazterrean negar egitera, erriko mutillik ederrena beretzat ezegoalako; baña kalearen erdian kezka bagekoaren antzera agertzeko ustean, berak itxi ebala mutilla esateko asmoagaz: Anjel, astiroago, amaren bildurrez, baña pozik, gurasoak ipiñi eutsien lokarria ain laster urratu ebalako. Ezeban uste berak alango gertaldirik ordubete lentxuago. Bear bada gurasoai aurre artzea etzan ondo egiña izango, baña zer egingo eban ba, gauzea esku artera etorri jakon ezkero? __________ XV USTEGABEKO JAZOERAK Antonik baño negar mingotxagoak egin zituan Mañasitxuk. Ezekian onek zer igaro zan Anjelen etxean, au etorri ta urrengo goizean goiz, bera, Mañasi, Bilborako zalpurdian sartu zanean. Entzun eban lenago, Anjel Elgoibarren egoan artean, au ta Antoni laster ezkontzen zireala. Ezin sinisturik, alde askotan itandu eban egia ete zan albistea, ta alde guztietan ao batetik zirautsen baietz da baietz: gauza ziurra zala. Antoni ta Anjelen gurasoak eurak ziran barri ona toki guztietan zabalduten ebenak. Artoberok ziñoanez, Sardinzarrek be txalopako guztien aurrean autortu eban. Lenagaz gañera asko argaldu zan Mañasi: bere buruan erabiltzan gogamen tamalakaz da biotz barruko naigabe sakonen indarrez, oso uldua gelditu zan gaixoa. «Zetarako —gogoratuten jakon— zetarako esan eustan Anjelek niri Erriberako malletan esan eustana? Neure lepotik barre egitearren? Ai orduan billatu ezpaneu! Ezeban jakingo gaur dakian beste. Ai, txatxala burubagea ni! Negarrez enintzan ba asi, Antonigaz ezeukala ezer entzun neutsanean? Dana igarri eustan orduantxe. Ainbeste urtean ondo ixillik eukitako gauzea...! Orain Antoniri esango deutsa ta laster jakingo da Arranondo guztian. Zer lotsaria! Zer barriak egingo dituen orain nire lepotik! Ez, ez nau ni emen geiago iñok kalietan ikusiko, Bilbora joango naz neskame, antxe ezkutauko dot neure burua ta eznaz geiago Arranondora etorriko. Ta nik, zoruonek, zer poza artu neban bere biotza katigau barik egoala jakiteaz...! Ez zirudian guzurtia ba, baña»... Lortu eban zelanbait gurasoen baimena ta bajoian Bilbora. Amak eta Josepak lagundu eutsen zalpurdiraño. Zalpurdi barrura sartu baizen lentxuago, Josepak belarrondora esan eutsan: —Atzo etorri zan bera, ezta? —Bai. —Ikusi dozu? —Bai, besteagaz. Bart, kalearen ertzean egozan biak, aurrez aurre. Jaungoikoak adu oneko ta zorioneko egin daizala. Ezeben geiago itzik egin. Bularraren kontra Mañasi estutu, malko gori andi batzuk igortzi, barri onak eta laster bialtzeko sei edo zortzi aldiz esan, zalpurdia bidearen jira batean estaldu zan artean egon, bidezkoari sudur oialak agurka, ta negar ondoko arnasestuagaz banatu zirean euren etxietara Josepa ta Mañasiren ama. «Ori burubidea artu dau —ziñoan onek— ori burubidea artu dau neure alabeak, irabazi egingo dabela ta! Jaungoikoak daki zein etxetan izango dan, zelan begiratuko dautsien da zenbat negar egin bearko daben. Jesus, Jesus! Naiago neban baimenik emon ezpaneutsa. Eskerrak bera pozik doanari». Pozik! Ezekian asko bidezkoak eroiazan naigabe ta zotiñak. Bilbora eldu zanean, arranondotar ezagun bat eukan arek Atxuriko gelunean zain, da beragaz batean, beti erri andietan oiturik dagoan emakume baten antzera, geluneko gizon da emakume narrasen deadar. eskintze ta morroikintzeari jaramon barik, kalietan zear joan zan aurretiaz billatuta eukan etxera. Andik jakin erazo eutsien amari ta Josepari guztizko toki onean egoala ta ez beragatik kezkatan egoteko. Alaxe zan. Berezko argia eban Mañasik gauza danak errez ikasteko, oso apala ta begiratua zan, lenengo egunetik asi zan berari jagokozan eginkizun, arlo edo arazo guztiak alebanik ondoen egiten, da beren nagusi ta etxekoandreak ikusi ebenean neskatillea ain azkar, zintzo ta gogotsua, ain leun, garbi ta itxura ederrekoa, etzirudiala neskametarako jaioa ziñoen, da begi biak emongo euskioezan pozik. Nagusiok guztiz zirean elizkoiak, eta egunero, goizean goiz jagita, mezatara joaten itxiten eutsien, zortzian bein autortuten zan, euskaldun abade on baten oñetan; amabostetik amabostera, jai arratsaldetan, urten oi eban edo elizara edo itxasaldera, beste biderik ezeban ikasi gura ta. Benetan egoan ondo, ta neskame izatekotan, ezeukean egundo etxe atatik beste batera urtengo. Arratsalde baten, zaldi-mandoen indarrez burdin aritik ebillen burdian, Ondartzetatik Bilbora etorrela (oraindik tximist-indarrik ezegoan orretarako, Bilbon), Arranondoko gizon bizardun bat billatu eban burdi barruan: Indianoa. Norbere lurretik kanpoan billatu ezkero, naiz da errian agurrik egin ez, arpegi ona ipinten jako erritar bati, ta alan, Mañasik eta Indianoak, guztizko arrera ona egin eutsien alkarri, ta biak, bata itaunga ta erantzuten bestea, Arranondoko gauzen gañeko jardun luze batean asi zirean. Mañasi zan itaunle, berak nai eban aritik eruaten eban jarduna, ta ain buru-ta-biotz arlotu zirean euren autuan eze, ezeri be jaramon barik, ez bide inguruko burdin lantegi ketsuai, ez Ibaizabalgo ontzite ugariai, ez gora ta bera oso astiro eroiezan gabarra astun beteai, ez edonun agiri ziran gizadi zamatzalleai, ez burdi barrukoen barregarrizko esanai, ez Bilboko sarreran egozan jauregi barri ederto apainduai; ezeri begiratu barik, ezer ikusi barik, uste baño lenago eldu zirean zalpurdia geldituten zan kaleraño Indianoa ta Mañasi. —Nun bizi zara? —itandu eban gizakumeak zalpurditik jatsi ziranean bereala. —Ementxe bertan, aurreko etxe onetantxe. —Naigabe dot. —Zegaitik? —Zeuri apur baten aconmpañatea gura nebalako. —Eskerrikasko. Etxatorkit ondo zulango lagunik kalean. Ze esango leukie? Banoa. —Zagoz piska bat. Dos de Mayoko korridak ikustera etorri naz ni, ta alkarregaz joan bear dogu biarkora. Neuk artuko deutsut billetea, Mazantini da primer espada, guztizko toriadore abilla. —Jesus, Mari ta Jose! Ezta... Eskerrikasko. Eznaz zezenzalea. Agur, eztaukat astirik egoteko ta, Arranondon gurekorik ikusten badozu, gorantziak. Bideko laguna aoa bete agiñegaz itxi ta, sartu zan etxera Mañasi. Indianoa egon zan, etxe ari begira, ordu laurenean bai, bere artean esanaz: «arrano-arranoa, orixe da neskatilla ederra dagoana Mañasi». Andik egun batzuetara, nagusientzako eioazan eskutitzen tartean, Mañasirentzat eldu zan beste bat. «Niretzat ete da», esan da, bi edo iru aldiz begiratu eutsan estalkira. Aots edo letra andi oker batzukaz Maria Iñasi Irazabal, Estupa, lumero 6, Bilbao, ziñoen estalkiak. Eregi eban jaubeak eskutitza, ta ara emen zer eukan barruan: «Arranondotik 18...ko Maiatzaren 7-an. Irazabalgo Mañasitxuri. Mañasitxu neuria: Antxiñatik begiratuten neutsun ondo, luzaroan zaukadaz neure biotzean sartuta, aspaldietan nerabillen zeugaz egoteko gogoa; baña zugaz itz egiterik eztot izan joan dan jaiegunerarte. Orduan be eneutsun esan neuk gura nebana, ta oraintxe eskutitz onen bitartez diñotsut. Ezkongei nago ta ezkontzeko ustean nabil, neugaz pozik biziko dan lagun baten billa. Beste askoren artean zeu aukeratuten zaitut: zeu izango zara niretzako lagunik onena. Ezta alan, Mañasi? Ia berrogei milla ogerleko daukadaz, Bankoan ondo gordeta: ni ilten nazanean, zeureak izango dira danak, eta bitartean, eurak emoten dabenagaz biziko gara biok ederto. Erantzun daidazu baietz da zeruan sartuko dozu eskuak munga dagotsun Egurbideko Joxe Antonio». Arriturik gelditu zan Mañasi eskutitz au irakurtean. Etxakon iñoiz berari alango gauzarik otuko, ezta, ezta. . . Bere billa Egurbideko Jose Antonio, bizardun baserritarra, Indianoa! Ezin zeitekean siñistu. Andiki billa etzan ba ibilli? Jakin izan baleu aurreragoko domekan!... Mañasik jakin ezarren antxiñatxutik begiratuten eutsan begi onakaz Egurbidekoak. Egia da, andiki etxetako alaba bateri baño geiagori itz egindakoa zan gure mutil zarra, eurakandik ezezko biribillak arturikoa be bai, baña beti euki eban biotz bazterrean tokitxu bat Mañasirentzat, eta andikirik izan ezean... Ezkutuko uste ori eukan Arranondon; baña Bilbon ikusi ebanean ain polito jantzia ta ederra, urretik ezagutu ebanean bere izketearen soñua, egokitasun barriak idoro eutsazan neskatilleari, etxe andiko alabarik onena baño obea iruditu jakon bera, ta orregaitik berealako eskabidea, besteren bategaz lotu etzedin Mañasi. Orain ikusi daigun neskatilleak Indianoari emon eutsan erantzuerea: «Bilbon... Egurbideko Jose Antoniori. Neure jauna: Eskerrikasko, baña etzaitut bear. Berrogetamar urte inguru eukiko dozuz onezkero: zarra zara niretzat. Kristiñau otza ta euskaldun badaezpadakoa zarean entzutea dot: ortik be ezkiñake ondo etorriko. Gordeizuz, bada, zeure diruok beste batentzat, eta parkatu egiozu bere gordinkeria Irazabalgo Mañasiri». Ondo egin eban onek alan erantzutea? Nik neure aldetik eztot ezer esan gura. Olango gauzetan biotza izan oi da agintari, ta biotzak bere legeak eta bere egitadeak daukaz. Dakitana da erregeri be Egurbidekoari legez erantzungo eutsala orduan Mañasik. Bere erregea Anjel zan: ezeban besteren bearrik. __________ XVI ALDERDI ARGALETIK Min andia emon eutsan Indianoari Mañasiren erantzuereak. «Asko da gero —zirautsan bere artean gizon orrek, Mañasiren eskutitza artu ebanetik laster— asko da famili beartsuko neskame pobre batek nire aberastasunari ez begiratutea... Zarra nazala ni! Orixe da gizonari arpegira emoteko arrazoia! Iñoiz bein akordau jataz neuri be neure urteak: ikusi ditut, naigabez, ispilluaren aurrean nagoala, bekokiko zimur da arpegiko bizar batzuen zuritasunean; baña olango gauzarik etxako iñori esan bear... ¡Sin educasión! Neuk erakutsiko deutsat ari. .. Nik eztot gura zartasunaren gomutarik. Zetarako da edadeak bere atzetik dakarzan eritasun, gaixo ta eriotzeagaz gogoratuten egotea? Berez be badatoz bai olango pentsamentu gaiztoak, geiegi, ta naikoa garraztasun emoten dabie.. . Olango kontuak aztu egin bear dira zerbait ondo bizi izateko, ta orregaitik etxat gustetan gaixoakana ta entierroetara joatea. Gustoko pertsonak ezleukie joan bear egundo... Beste gauza bat da erromeri ta bodetan ibiltea!... Ta noiz zelebrauko ote dodaz neure bodak?... Egi egia neure buruari esateko, ez naz gaztea, ez; baña ezkonduten dira zarragoak amaika... —Kristiñau otza nazala, gañera, ta bada ezpadako euskalduna! Iñusentea! Zer dauka orrek zer ikusi ezkonduteko edo ezkongai egoteko? Au ezin leike Arranondon esan, baña eztira bizi asko munduan ondo ederto, Jaungoiko barik? Zetarako dogu gero Jaungoikoa?... Ta zer gauzea euskaldun izatea! Zer kostumbreak eurenak! Artoa jan, sokilla jo ta iñok eztakian lenguajean itz egin, Ameriketan ikusi ditudan salbajeak legez, gitxi gora bera. Orixe da emengo baserritarren bizimodua: orixe izango zan neurea, mendi tartetik urten ezpaneu. Ta bizimodu ori maitetu! ¡Parese mentira!... Abadeak daukie kulpea, abadeak. Eurak dabiltza beti emengo abueloen uso kostumbreak konserbau bear dirala deiezka; eurak eidiñoe eznazala ona elizara sartzen eznazalako. Ezagun da bai argizari jaleok ni lez estranjerian ibilli eztirana. Nik aña lur ikusi balebe, jakingo leukie ilustraziñoia daukien gizonak eztirala joaten elizetara... Lastimea da Mañasi lango neskatilla bat abadien esanera egon bearra, lastima andia. Kenduko deutsadaz nik elizkeriok nire eskuetan jausten bada. Ta jausiko da. Zegaitik ez? Maitetasunaren eztena, biotzaren erdian, geroago ta biziago daukat, zirika-zirika, ta egin bear dot zerbait. Mañasiren biotzak gaztelu sendoa dirudi, baña badakit nun dagoan gazteluaren alderdi flakoa, badakit, eta alderdi orretatik sartuko naz gazteluan. Bai, Jaungoikoak gura badau, Jaungoikorik eztago baña». Esan da egin. Iñoiz ez da egun atan, Indianoa, egualdi txarrari arpegi ona ipiñi oi deutsienen gisa, barrez barrez, Txanogorriren etxera joan zan illunabartxoan. Txanogorrik muskillea eriola ezagutu eban Joxantonio; Txanogorriren emazteak amaika bidar erosi eutsan iru errealeko egur txortea enparantzan; baña gero, Egurbideko mutil ori, kanpoetan ibillita, Arranondora barriro agertueran, andikiakaz batu oi zan beti; ta D. Jose Antonio esaten eutsan erri guztiak. Txanogorrik eta emazteak gure jantzi apañeko baserritar-zalduna, urrezko katedun gizona, etxean ikusi ebenean, ezekien beragaz zer egin. Emakumea, zarrapastaka, ezarlekurik onenaren billa ebillela, —Baña, Jauna, zer dakar gure etxe zarrera berori lango gizon batek? —itandu eutsan Txanogorrik. Indianoak.—Niri ez zuk jaunik esan. Zuk niri seme esan bear deustazu. Tx. eta E., konkortuta. —Zer diño, Jauna? Seme? Zelan izan leiteke ori? I.—Zelan? Era batera bakarrik. Etxazue gogoratuten? Tx. eta E., alkarri begira. —Ez... edo bai... baña... ori.. I.—Ezin leiteke? Ezeuskidazue emongo Mañasi emaztetzat? Tx. eta E. —Baña badaki berorrek zer esaten daben? Ondo ulertu dau eskabidea? Gulangoakaz berorren burua bat egitea... I.—Zeuek gura badozue beintzat... Tx. eta E. —Guk bai, Jauna, guk bai pozik. I. —Bada Mañasiri esan eikeozue. Tx. eta E. —Bai Jauna, ta berorrek be, esan beio. I.—Nik esan deutsat. Tx. eta E.—Eta? I.—Eznabela gura erantzun deust. Tx.—Zoro arraiua! I.—Zein? Tx. —Neure alabea, Jauna, neure alabea. Eztakie gazteak ogia irabazteko zenbat izerdi bota bear dan. Berorregaz ezkontzen bada, ogia izango dau. I. —Nigaz ezkontzen bada, señora izango da Mañasi. Ia berrogei milla ogerleko daukadaz nik. Tx. eta E. —Ee? I. —Ia berrogei milla ogerleko. Tx.—Jeseuus! E.—Ezin kontau ala diru! Tx.—Ez bei bildurrik euki, Jauna. Nire alabea berorregaz ezkonduko da, berorrek gura badau. I. —Nik gura dot ba. Tx. eta E. —Guk be bai, ta ezkonduko da. I. —Zuen eskuetan geldituten da nire eskabidea. Indianoak oso alai urten eban Txanogorrinetik, bere artean esanaz: «neurea da, diruak edegiten eztaben aterik eztagota». Txanogorri ta emaztea barriz txotxindurik egozan. Aberatzak izango zirean, guztizko aberatsak. Nai aña jango eben, nai aña edan, gura aña lo egin, da lanik baperez. Etzan izango geiago gaberdian jagiterik, etzan izango besigutara edo atunetara joan bearrik: besigu ta atunik onenak etxera ekarriko eutsiezan aurrerantzean. Atuna ta besigua? Baita okela zati ederrak, ardao zar ona ta tabakorik indartsuena be. Axe zan erea! Neguan jaka-gona bigun lodi berogarriak jantziko zituen; udan, aukerako oial mei zuritsu argi ta garbiak; egunero entzungo zituen mezatxu bat edo bi, illuntzean joango ziran, biak alkarregaz, Antiguako Ama maiteari eskerrak emotera, ain zartzaro ona jaditxi eutsielako. Euren lenengo zoroaldian, albiste entzungarria erri guztiari esateko gogoa etorri jakoen, baña gero, gauza guztiak orapillotu artean ixillik eukitea obeto izango zalata, egun batzuetan ixillik eukitea erabagi eben. Deitu eutsien Josepari, eskolaua legez, eskutiztxo bat egitera, ta atean sartu orduko asi jakozan senar emazteak: —Josepa, zuk be gaur geugaz batean poztu bear dozu. J. —Zer dala ta? Tx. eta E. —Mañasiri eskutitz bat egin bear deutsazu barri on bat emonaz. J. —Baña zer da bera? Tx. eta E. —Guk be ezin siñisturik gagozan albiste zoriontsu bat. J. —Esaidazue ba ia zer dan. E. —Ara. Ezagututen dozu Egurbideko Indianoa, D. Jose Antonio? J.—Arako agure motrollo ganorabakoa? E., arpegia zerbait illundurik. —Emakumea, ezta oraindiño ain agurea ta gitxiago barriz motrolloa. Tx. —Ta ganorea, Josepa, ganorea dirua da. J. —Ganorea dirua? Noiztik ona? Tx. —Antxiñatik eta beti... ta orrek dirutza andia dauka; gure etxeak artu ezin ala bai. Zorrozkeri bizian zerbait erantzuteko gogoa etorri jakon Josepari, baña bere lagunaren gurasoak zer eterabillen jakingureak atzeratu eutsan miñaren ertzean eukan esakerea. Tira —jarraitu eban— argiratu daidazue ipuin ori, ta Indianoaren diruakaz nundik daukazuen zer ikusia. Txanogorrik, barruko eztitasuna ezin gordeta, irribarrez, lurrezko pipa motza atzazkal lodiakaz beteaz: —Eizu kontu D. Jose Antonioren diruak neureak dirala. Mañasiren ama, beso biak bular azpian kurutzetuta, begira jaokon Josepari, onek ze arpegikera ipinten eban ikusteagaitik. J. —Ezin dot ulertu ori zelan izan leitekean. Tx. —Geure alabea D. Jose Antoniogaz ezkonduta!... Berbera etorri jaku, ementxe egon da, berak esan deusku Mañasi nai leukiala emaztetzat. J. —Baña Mañasik eztau naiko senartzat Egurbideko agurea. Tx. eta E., batera, aserrezko arpegia ipiñiaz: —Zegaitik ez? J. —Burutsua ta ona ta biotz andikoa dalako Mañasi, ta biotz, buru ta Jaungoiko bageko gizon bategaz ezingo litzatekealako ondo bizi. Tx., aserre andiagoan. —Ta zeñek esan deutsu zeuri buru ta Jaungoiko bagea ta biotz gogorreko gizona dala D. Jose Antonio? Iñoren ona ezin ikusi daben dollorren batek, satorraren antzera edonori azpiak janaz bizi dan ozkil, salatzalle, guzurtiren batek. Eleuzkit neuri arpegiz-arpegi esango. E. —Ta, Josepa, zer da burutsua izatea, zer? Etxera datorkigun ondasuna leiotik bera jaurtitea? Zulango eskallu burubakoa izango litzateke Mañasi be, ezkondu gurako ezpaleu... J. —Etzaiteze aserratu, baña eztau gurako ba... Ezta naikoa nik esatea, berak erantzungo dau. Tx. —Ba, ezezkorik erantzuten badau, eztau gurean geiago ankazurrik sartuko. E. —Ori ez orraitiño. J. —Paperik eta lumarik badaukazue? E. —Ara or: beko andreak emon deuskuz. J. —Ia ba, egin daiogun eskabidea. E.—Baña dana ipiñiko deutsazu gero. J. —Dana. E.—Ezteilla burubakoa izan. J. —Bai. Tx. —Señora izango dala. J. —Bai, bai. E. —Gure zartzeari begiratu daiola. J. —Baita. Tx. —Ondamutsuen esanari ez jaramonik egiteko. J. —Baita. E. —Zoriona etorriko jakula. J. —Dana, zuek diñozuen guztia... ta zerbait geiago. __________ XVII JARDUN-ETXEAK Emakumeak, biziko badira, jarduna nai ta naiezkoa dabie. Orregaitik billatu oi ditugu beti autuan, edozein aldetan da edozer akiakulagaz. Iturrian, buruko edarriaren zabunak ezin zaindurik eta sudur aurretik bera ta bekokian zear, ituxuraren irudira, ur tanto lodiak datorkoezala; erosketako enparantzan, etxerako bear diran elikaturak erosita gero, otzara zamatua, besoak eten arteraño, ezin jasorik dindilizka daukiela; nasa gañean, euren umeai bularra emonaz, edo kalearen erdian zabal zabal, bidezko guztiai bide-aritik ibiltea galerazoten dagozala; errekan, elizpean, etxeaurrean, leioetan; goizean, arratsaldean edo gabaz, asti apur bat daukien tarte danetan; bik edo lauk, ixillik edo deadarka, deadarka sarri, itz egin bear dabie edozetara ta edonun, noiz nai ta edozergaitik. Norbait iñora joan bada, beste norbait errira etorri bada, urlia erriko gizona edo emakumea erbestean ikusi badaue, galanta badago, gaixorik badabil, eztul txarra badauka, alborengoa badau; auzoan jaiotzea, ezkontzea edo eriotzea gertau dalako, jaiobarria aitaren edo amaren itxurakoa dalako, orko edo ango neskatilleak ezkonsari ona daroalako, gorpuari olango edo alango iljantzia ipiñi deutsielako; goiko ta beko bizilagunakgaitik, txalopa jaubeagaitik, erakusleakgaitik, osagilleagaitik, udaletxeko agintariakgaitik; txankame, txotxapaindu, buztanikara, diruzale, andinaiko, koipelustre, ekin beti ta eragin mingain zorrotzari. —Jakingo leukie barri edo albiste bat lurpean gordeta egongo balitz be, ta uskeria izan daroe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko. Orretarako, gizonak euren batzar-tokiak daukiezan irudira, emakumeak be baditue euren jardun-etxe jakiñak. Lenago, oraindik ez antziña, udako jai arratsalde ta neguko eguzki orduetan, etxeko atarian egin oi zituen billeratxoak, lauziri laumarikoak ogetamaikan jokatuaz edo batak bestea orraztuten euen bitartean, zerren bitarte orretan be ezin dira ixillik egon Arranondoko emakumeak... beste lekuetako guztien antzera. Gaur eztira ainbeste ikusten atarietan, baña ezin itxi daroe gabeko jardun-etxe aukeratua, batez be neguan. Zelan ba, sukalde batean danak inguratu ezkero, beste guztietan egurra ta argia aurreratuten badira? Ta esan daigun euren goraldirako. Aurreratute orretan Euskalerriko emakumerik geienak mutillak dira, ta orregaitik, gizonak, irabazi aldietan, ardantegi edo sagardantegian bear baño erreztxoago txanpona emoten dabien bitartean, emakumeak askotan oidabiltz buruausten, txanponari nondik iraun eragingo edo txakur txiki bat geiago zelan irabazi edo atarako. Baña gauzeari iraun eragiten edo diruari ondo begiratuten Arranondoko emakume zintzoari eruango deutsanik ezta iñun jaio. Ori bai, eralgi ta zabalduko daue itza ugari, imillaunga edo imiñaka; baña ez dirurik. Dirurik ez eralgi, batu albada. Esangura andiakaz joaten dira batzarretara, baña beti doiaz eskulan, arazo ta irabazbideren bategaz. Eztaroie gaur nire ume-urte gozoetako ardatz, goru ta matazuzkirik; eztira orain Arranondoko eskaratz sukaldeak sapio, mulo ta amukoen autsagaz loituten; ezta iñun ikusten ez matazarik, ez ardazketarik eta ez arilketarik, eta ezta entzuten be niri ainbeste ames eragiten eustien lamiña ta sorgiñen ipuin itzal bildurgarrizkorik. Orreik gauzok, sañez beteriko krusallu baltz koipetsuaren egunetako ekanduak, joan ziran betiko, beste oitura gomutagarri asko joan diran taiuan. Gaurko egunean andrazkoak batzarretan daroien zeregiña, sarea edo galtzerdia izan oi da, edo gona, praka ta atorra zarren arabakintea. Krusalluaren egunak antziña joan ziran, baña oraindiño, gure andrazkuok, sukalde bakotxean argi motel bat euki daroe danentzat, merkiena. Ezta geiagoren bearrik sarea edo kaltzerdia egiteko, mutikoaren atorreari aitaren zarrenagaz idun, eskutur, mauka barriak ipinteko; senarrarenari arratadarik andienak josi ta paparrean soin-ale bat edo bi ezarteko, ta neskatoarentzat, amaren goneari aloz batzuk artu ta gerria zerbait estutuaz, gona polit bat egiteko. Eztala ona izango? Tramanaren alabak ezeuen oberik eukiko jaio ziranetik amabost urteraiñokoan. Batzarrean batu ondorean errosarioa esatea da lenengo egin daroen lana. Lan luzea: nik eztakit norañoko Aita gure ta Abe Mari-en erreskadea esaten dauen azkenean, bidietan da itxasoetan dabiltzanakgaitik, gaisoakgaitik, il zorian dagozanakgaitik, etxean il diranakgaitik, aide ta ezagunakgaitik, Garbitokiko Arimakgaitik eta neke premiñetan dagozan beste askogaitik. Danak aspertu barik jarduten dabie lan luze done orretan; Tramanak eta Brixek be bai, bada, zer esanik be eztago, olango billaldiak egozan tokian, Tramana ta Brix izaten ziran nagusi edo etxekoandre, biak etxe banatan. Etziran zorro bateko urunak. Eta iñok ezeukean esango, Tramanori arrenetan egoanean, nasako Tramana bera zanik; ain samur-itxuran egiten eban arrena, goi goitiko deadar me ta erdi negarrezkoan, katuaren aueneko miauaren irudira, baña gero, errosarioa esandakoan, biurtuten zan bere betiko senera; goi-goitik be beraño erasten eban, eztakit nik zelan, bere itza, ta loditu, sendotu ta garraztuten jakon berealako batean. Errekisto biko orgañua eukan eztarrian, bere lagunak ziñoenez. Arrenak amaitu ondorean asten ziran lagun urkoai narrua kentzeak, eta orduan erakusten zituan bere griña gaiztoak gure atso zabal onek. Berau joaten zan etxean, gau baten, erriko gauza guztiak goikoaz bera ta azpikoaz gora erabilli ta gero, nor edo nork itandu eban: —Zer egin zan Mari Errotaren ezkontzeagaz? —Eztakigu. Galdu egingo zan edo... Ixillik dagoz beintzat Sardinzarrenekuok. —Ondo bero ebiltzan ba eraldi batean. Beste zerbait egongo da or. Mari Errotak esan ei dau... —Mari Errotak edozer gauza. Gurasoak bai, Anjelen gurasoak ibilli ziran berorik; baña semea guztiz otza eida olango gauzetarako. —Otza, e, otza? Antonigaz izango da ze, neuk ikusi dot iñoiz besteren bategaz ondo gogozkoa. —Zeñegaz? —Mañasigaz. Onetan, billaldira besteak baño beranduago eldu zan atsotxu batek, albisterik onenaren jaubea baillirean, bere burua jaso ta eskuari eragiñaz, —Mañasii! —esan eban— Ai enetxoak! Mañasik orain gora begiratuko dau. Ezer eztakizue? —Ez. —Bada ezer ez izatea izan leike, baña niri gauza bat otu jat. —Zer dala baña? —Atzo illuntzean Egurbideko zimarroia Txanogorrinera joaten ikusi neban. —Indianoa? —Bai, ta berak urten da laster, Txanogorriren andrea, poz itxura andian, Joseparen billa ebillen, Mañasiri eskutitz bat egin bear eutsielata. Ortik artu neban atzo susmoa, ta gaur, Txanogorriri barri onak daukazan itandu deutsatanean, baietz erantzun deust, guztiz onak. Eztot astirik izan geiago jakiteko, baña... —Aita ta semea ta!... Apetaldia da! Ikustekoa izango litzateke. —Ikustekoa, esatekoa ta entzutekoa. Egundo olangorik! —Orixe da azartona! —Azartona zergatik? —Ia ba, milloi bat baeidauka zimarroi orrek eta... —Milloi bat! Auntzaren gaberdiko eztula da! —Ta milloiagaitik zimarroia edo izurde ustela artu bear da senartzat? —Ja jai! Izurdea ostera? Benetan, aren lepo lodi baltzak izurdearen antz pixkat badauka. Baña oraindiño itxurazko gizona dagotsu. —Itxurea bai ta kemenik ez. Orreik, Ameriketan izandakuok, osasuna galduta etorten dira. Suldarrez beteta eidauka gorputz guztia, ta gañera gibeleko gatxa ta kuntzurrunetakoa be baeidaukaz. Eztabil ba beti Zestuako ta Zaldibarko urak edaten? —Bai, ta orregaitik itxi eben Azeritxuneko Petrak eta Birigarroneko Mikallak, ez dirurik nai ezebelako. —Ezkontzeko gogoaren bizarra dauka agureak. —Ta lausotasuna andia ari alabea emon gura deutsienak. Aingerua lango neskatillea judioak baño okerragoko gizonari! —Ori da bildotsa otsoaren auan ipintea beste. —Ixo, ixo, eztakigu gauza ziurrik eta! Baña etzirean ixildu. Bai zera! Ezin eben. Ain zan albiste ori jakingurearen esnagarria eze, entzun ebenetik eta bigirea amaitu arteraiño, bera izan zan gau atako jardungei bakarra. Erruki barik astindu zituen Indianoa ta Mañasiren gurasoak; ezin geiagoan mutildu, billostu ta barregarritu zituen irurak. —Ikustekoa egongo da —zirautsen— Txanogorri balaunetarañoko lebiteagaz! Da emaztea sedazko parpalladun soñeko luze luzea jantzirik? Tramanak jasoko eutsan atzetik, kaleko autsetan loitu etxakion. Ja, jai! Amona mona se quera.... Indianoa barriz itzain ibilli eizan Ameriketan, ta andik etorri ezkero be, zaldun jantzia eukiarren, itzaiña baizen besterik etzan. Baña arroa andia, bizturiko zorri guztien senera. Ezeiekian beartsuari arpegirik emoten, da aurreragoko egun batean, Tramanaren agurrari muu erantzun eieutsan... Ezeukan Mañasik lan makala izketan ari erakusten Da Aitearen egiten gañera, ezekian da. Besteak baño zentzun geiagokoa edo biotz obekoa zan andrazko batek. —Gazteak —deitu eban azkenean— larregia be larregi da ta itxi daiogun gauza orri bakean, egia dan edo ez jakin arte bada be. Onek Tramanonek nastuko leuke... —Ee? Nik orain? Nik ekarri aldot albistea? —Ez, baña zeuk zirikatu dozu geienbat eta zeuk esan dozuz esatekorik andienak. —Ondo egin dot, eta albiste orrek egiak urteten badau, obeak entzungo ditue, arpegiaren aurrean esan da. —Baña beti izan bear dozu?... —Bai, beti, Tramana txarra dalako, zeuek be etzara onak baña. Ez, zeuek bez. Tramanak emen txarria ilten dabenean, zeuek egoten zarie txarriari anketati eutsika, ta zeuek jaten dozuez gibel-odolosteak. —Ba danok egiten dogu txarto, zerren ezkenduke lagun urkoa ainbestean iraindu bear. —Iraindu ez? Zuzitu, banatu, birrindu ta itxasora jaurtiko nituke nik irurok; batzuk, euren neurritik urten gura daben zoroko, itsu, asto, ganbelu dongeak diralako, ta bestea, len be esan dot eta, panparroi, judio, ustel, izurde, zorribiztua. Eztiñot nik guzurrik: niri egin eustan erantzuerea, bardin bardin neuk diñotan langoa zan: muu!, olantxe. Bigirako guztiak Indianoaren lepotik barrez estanda egiten jagi zirean. Iñor etzan aserratu, Tramana bera bez, itxurak egin arren; iñok ezeutsan ezer erantzun, «zugaz ezin leike» baño besterik. Eta bazan norbait, jardun etxeko atetik urtetean, Tramanari barriro itanduten eutsana: —Zelan, zelan esan eutsun? —Muuuu! —egiten eban ostera be arek, lagunak algaraka eukazan bitartean. Ain zuzen, orduantxe eioan Indianoa gizonen batzar tokitik etxera, ta urriñetik ezagutu ebanean murruskadaduna, bazirautsan bere artean: «niri espiritista batek esandakoa egia bada, gu izate batetik bestera biurtu albakeikez, Tramana beia, idia, edo zezena izango zan emakume baño lenago». __________ XVIII ATXETAN Mendien egalean da itxasoaren ondoan Arranondotik L...raño dagon iru orduko bidea, nik ikusi ditudanetik ederrenetako bidea bada. Bide orren alde batetik ikusten da, orain aldatz bera datorren solo gariz betea, gero sagastitxo bat, laster baserri eder bat, beingoan iratza zabal berdea, gaztañadi andia urrengo, arizti tantaitsua ondorean, errekondo sakon bat noizean bein, sagasti andiak ostera, soro landuak barriro, ta bidearen biurri batean, usterik gitxien dan orduan, buru alde guztia arrano goitarrez inguraturik daukan ikaragarrizko atx andi baltz sendo ta arro zerurutz jasoa. Beste aldetik kantauriako itxas bardinbagea agiri da bere betiko edertasunez apaindurik, ain laster urdin, bare ta baketsu urertzean txiplitxapla jolasean dagoala ta Bilboruntz edo Donostiaruntz, Franziara edo Santander aldera doiazan ontziak eta Euskalerriko arrantzalien potintxoak bere mokorren gañean maitero darabilzala; ain laster gaizto, aserre ta bildurgarria, bitsez betea ta irakiña, bere gañaldeko gauza guztiak ondatu nairik eta legorreko atx irme gogorrakaz burruka indartsu bizi ta amorratuan orroaka. Bide orren itxasaldetik dagozan atx zati andiak, batzuk, txukuntasun bageak, akatsez beteak eta zulotsuak, beratuten dagozan artalakatz lodiak dirudie; beste batzuk, leun leunak, odoldi berde bigunez jantzirik dagozanak, bedar txondorren itxurea daukie, urriñetik begiratu ezkero. Atx asko dira bertan sustraia daukienak, baña geiago goitik bera jausirikoak, eta zelan iñok eztituan alkarren gañean tolostu, itxasoaren barezko egunetan, zulo, tarte, utsune ta inguruetatik sartzen jakoe ura polito, ta oni bai ta orri ez, alderdi batetik bai ta bestetik ez, azpiak eta alboak miazkau naian edo betiko igortzi bigunaren indarrez ondartu ta ezerezera erakarri bailirean ibilten jakoe, ziliboka ta bairatsu; baña itxasoaren aserre orduetan, urazpian ezkutaurik edo alderdi guztietatik bitsa darioela egoten dira arkaitz danak, esnetan egosten dagozan arto zati lodien antzera. Atx tarte orreitara jaurti oi ditu itxasoak, bere amorroaren ezpanetara jatorkon bitsagaz nastauta, ibaiak legorretik eruaten deutsazan egur, mallasto, abere-il da zakar guztiak; txalopetatik jausten direan edo baga ausarditsuak ataraten dituan balde, tosta, panel, tolet, estropu, lanbas, kako ta treotzarak; an bertan sortuten dira lapak eta mutxilloiak, marraskulu, lanperna ta itxastriku edo morkotzak, eta bertan daukie gañera euren bizitzea izkira, amarratz, olagarro ta beste janari mueta gozo askok. Orregaitik joaten dira atxetara Arranondoko emakume ta mutikoak egurbilla; itxasorako gauza eztiran aguratxoak, kañabereagaz atxarrain batzuk atara naian edo lapa, marraskulo ta lanperna eske; eta iñoiz bein, erriko jauntxoak be bai, erbesteko txankame batzuekaz nastean, etxetik kanpora ta arrantzalien itxurak egiñaz, ordu alai batzuk igaroteko ustietan. Mañasiri bigarrengo eskabidea egin jakonetik laster, araxe joan ziran goizean goiz, egun guztia bertan emon bear ebelata, beste askoren artean, geure ezagun batzuk: Iskillosdunen Nagusia, Indianoa, Lantegiko Jaubea ta Ontzi Agintari Zarra. Au eben guztien buru. «Ia mutillak —asi zan esaten eldu ziranerako —ekin danok lanean. Emen eztago ostaturik eta itxasoari kenduten deutsaguna jan bear dogu gaur. Oraintxe ikusiko da bizi izaten atara aldaikegun. Zu, Jose Antonio, esku-zurdea artuta, zoaz arako an dagoan atx lerdenaren gañera, ia arrain batzuk ekarten dozuzan. Zu, Fernandez, beste alde onetara, ta etzaite etorri lupiña bi barik. Ortxe egon bear dabie, ta badakizu guztiz ederrak dirana. Batek egurrak batu ta sua egin daiala, te besteok gura dozuen tokietara joan zaiteze. Ni, ura beian dagoan bitartean, lanpernatara noa». Oñetakoak kendu ta praka barrenak gora jaso zituanean, ezkerreko galtzarpean zorrotxoa ta eskumako eskuan burdiña luze bat arturik, asi zan lasterka, atxetik atxera, lagunetatik aldenduten. Bekian itxas gizon orrek nun egozan lanperna zulorik onenak, baña ezeban gura beste iñok jakiterik, urrengorako be. Ezkutuan euki gura zituan berak idorotako lanperna gozoen sor-lekuak, umeak txori abiea iñori esan barik ezkutuan euki oi daroen antzera. «Arrapauko aut» —bere artean esanda— jarraitu gura izan eutsan Lantegi-Jaubeak, baña alperrik: bidean eukazan labantasun, traba, utsune ta min artzeko arriskoak ikusi zituanean, atx batetik bestera joateko bi edo iru aldiz jira-bira neketsuak lau anketan emon da gero, erderazko ¡moño! batzuk esanaz, bertanbera gelditu zan, lan errezagoko batean: lapak eta mangoliñoak batzen. Areik etziran gizona ibilteko tokiak. Bitartean, mutil sostor bat sua egiten itxita, sakabanatu zirean besteok ara ta ona, ioranik andienagaz, bada geienak ezeben egundo arrantzarik egin, da euren adjutu ta zintzotasunez arrañak artzeari gauza andia eritxoen. Zentzun guztiak euren arloan ipiñita, ur azal biziaren zimurretan batera ta bestera, gora ta bera ebillen artalakatzari begira, edo ur garbi barru mamiñean agiri ziran arraintxoen igari politak ikusten, luzaroan egon ziran batzuk, ezer artu eziñik. Zenbat emongo eteukien arrain andienetako bat euren eskuetara erakarteagaitik! Bada antxe be, beste edozein tokitan lez, arrotasuntxoa eukien gizonak, eta bakotxak izan gura eban errimiena. «Elduko baleutsa jakiari arako buruandiak! —zirautsan berarengo gure Indianoak itxaskabra bateri begiak boteaz—. Eztabil ba urriñean...! Et... et... Zer naigabea! Apapuan, jausi egiñean, ia-ian zanean, bira ta iges itxaskabreak... Baña betorren, betorren barriro... oraintxe, oraintxe... gora...! Bai, gora!, baña utsa, ta jakia galduta. Jaki barria ipiñi bear, da ipinten egoan bitartean, arutzagoko lagunak karraspio andia eskuetan...! Añaniñuena!» Olantxe joan jakoezen orduak, zerbait artuko eben itxaropenez beterik, eta arraintxuren bat eskuartean ikusi ezkero, pozarren, Napoleonek gudarik andiena irabazi ebanean baño pozago. Goiz-berandutxoan agertu zan Ontziagintaria, iñok ezekian ezkutuko bere atx-zuloetatik; zorroa bete lanpernagaz; jeupadaka ta eskuziñuka deitu eutsen lagun guztiai; sartu zituan lanpernok ur gesalagaz ordurako sugañean egoan topiña baltzean, da asi zan lagunok ekarren arrantzea zelangoa zan ikusten... ¡Marari marariena! Lupiñarik ezetorren. Pantxoak ekazan batek; beste batek itxaskabrea, durdo bi ta iru karraspio; Indianoak, txangilla ta mustoa. A, ze janaria, ainbeste gizon andirentzat! Lapak eta mangoliñoak egozan ugari, ta besterik ezean, lengo arlotearena esan bearko: «Lapa. y mangoliños, Txanton Erreka, Ondo gozoak dira Sutan erreta». —Erre, erre, —esan eban Agintariak— erre jatekoak diran gauzok. Galsuaran baserritik ardao ta ogia dakarrezen bitartean. Txangilla ta mustoa gorde daizala Jose Antoniok etxeko katuarentzat. Galsuarandik ogia ta ardaoa baño zerbait geiago ekarri eutsien: lapiko andi bat bete baba baltz, urdai azpiko ta lukainkaz ondo gozaturikoak. Zerbait bear zan egun bateko arrantzaleon urdallak beteko baziran. Goseturik egozan geienak, ia guztiak gogo andikoak, Lantegi Jaubea bakarrik jankartxoa. Onek ziñoanez, astakeri andi bat egin eben atxetara egun guztirako joateaz. Eguzki galdatan arpegia erre jakon berari ta burua berotu, txirristadaka eskuak eta praka belaunak urraturik eukazan, kerizpean jarrileku on bat ezin eban idoro, baba baltzak ezin zituan iruntsi, arrañak txarto erreta egozan, itz batean esateko, dana zan beretzat gogorra ta latza, ta etxeko kerizpe ona, jarrileku egokiak eta jaki gozo guranaikoak izteari, zorakeri andi bat eritxon. Alan ezin zeitekean gizonik bizi. Indianoa eban zerbait bere alde, baña beste lagunak, sendokoteagoak eta oituagoak, patxada onean ziarduen aurrean euken danetik jaten, da Lantegiko Jaube argal, makal, bigun, gizagaixoari, marmarrean toki on bat billatu eziñik ebillen bitartean, barre egiten eutsien, barre algaraka, ta adarra jo gañera galanto. Baña guztien artean zirikariena Ontzi Agintaria jaokon. —Oituko ziñake, itxasotik bizi bear bazenduke —zirautsan—. Au beingoa da bildur bageko arloa, geure gurariz egiten dogun jolasa. Ondo alaitsu etorri gara, naikoa lo egin da gero; eta gañera, ostaturik eztagola esan deutsuet, baña ostalari ona billatu dogu Galsuaranen. Baña gure erriko arrantzaleak, zuri sardiñea ta besigua saltzen deutsuenak, gogo asko barik, lo gitxiago eginda, egunero, eguzki beroagoaren azpian kiskaltzen, ia janari bage, tosta gañean jarririk eta lepoa nun ipiñi eztaukiela igaro bear izaten ditue ordu aspergarriak, erramuari tenga ta tenga. Ikasizu, (begiari kiñu eraginaz) arraña zenbatean erosi bear dan jakiteko. —Jolaserako gogo andia daukazu, zeuk, bana erruki gitxi. Ekatzuz lanperna batzuk, orretxek dagoz onenak eta. —Errukarriari erruki ez zuri. (Eskua bete lanperna emonaz). Ez nik errukirik zuri ta beste onako izerdi koipetan dagoan oni, (Indianoagaitik) mukertxo dakust berau baña. Zuek añako bizibide onik eztaroa iñok Arranondon. Goizean zortzirak aldean jagi, buruko uleak eta arpegiko bizarrak orraztu, ta egunaren orduak ezin emonik gero: orixe da zuen bizibidea. —Geure lengo lanari eskerrak. —Len egingo zenduen ze, gaur beintzat ikusi da zenbat daikezuen. Batorrek lapa ta mangoliño batzuk ekarri dozuz, besteorrek txangilla ta mustua, ta emen zagoze biok auldurik eta ezer geiagorako etzariela. Iskillosdunak. —Jose Antoniok arrantzan badaki, itxasoan ezpada, legorrean. Nik entzun dotanez, arrain ederren bat katigau eijako bere... diruan. Azkenengo itz au ixil ixillik esan eban, Indianoak ez entzuteagaitik. Itxasgizonak. —Bai ete? Neuk be zer edo zer entzun dot, baña eztot siñistuten. Barriro be lenagokoa izango da: usain egingo deutsie arrañak amoari, ta gero iges. Iskillosdunak. —Baña masia jaurtiten badau? Itxasgizonak. —Masia onek jaurti? Erakutsi bai, baña emon? Indianoak. —Zegaitik ez? Zetarako ditut ba neure diruok? Eznazue zuek ondo ezagutzen. Danak. —Bien, Jose Antonio, ederto diñozu! Itxasgizonak. —Benetan, etzazauz gaur iñok. Indianoak. —Nik i, bear danean, masia botaten badakit. Itxasgizonak. —Beraz, badarabilzu zerbait. Indianoak, irribarrez. —Bai, zerbait bai. It~asgizonak. —Manasigaz? Indianoak. —Mañasigaz. Itxasgizonak. —Bazkari onen bat emongo deuskuzu orduan. Indianoak. —Bai, gaurkoa baño obea. Iskillosdunak, edanontzi bat eskuan artuta. —Jaunak, edan daigun ezkongeiaren osasunerako! Lantegi Jaubeak, albokoari, belarrira. —¡Tabaco! Gaur danoen artean egin dogun astakeria baño, onek bakarrik andiagoa egin bear dau. Barrea ta esangurea ezpanetan gelditu jakoen guztiai makilladun gizon bat akitika ta izerditan eurekana etorrela ikusi ebenean. —Pedro errizaña da —esan eban—. Zer ete dakar? Berialaxe jakin zan zer ekarren. Alkateak bialdu eban Bilboko diputau gei bat erriratu zala ta Jaun guztiak udaletxera joateko esatera. Guztiak. —Zein da bera? Errizañak. —Eztakit. Lantegi Jaubeak. —Danadalakoa, goizago dabil. Oraindiño lau egun ezta Sagastak agintea itxi dabelata... Itxasgizonak. —Danadalakoa, agur Arranondoko alkartasuna ta agur gure arteko bakea! __________ XIX MASIA Gau atan bertan, ukabil sendoa lotuta Indianoaren etxe-atean danbada batzuk emonaz, Ave Mai Puixima! deituten eban gizon arrantzale batek. Atea eregi ebenean, barrutik etorren argiagaz ezagutu genduan deizalea zein zan: Mañasiren aita, Txanogorri. Zer eteroian berak Indianoaren etxera? Aurraldeko beste etxe batean zelataka egoan atsotxoak ezekian, gura izanarren; baña neuk dakit eta esango deutsuet, irakurleak. —Ara, Jauna, —esan eban Txanogorrik Indianoagana eldu zanean —lotsatube egiten naz, baña, laguntasuntxo bat eskatutera nator. Egia da, berori gure Mañasitxugaz ezkontzen danean, legatzetarata joan bearrik eztot izango; baña, edolabere. itxasotarra nazalako itxasoari guztiz ezingo deutsatala itxita, orretarako potintxo barri baten bearrean nago, erri aurrean da atxondoetan ibilteko baizen ezpada be. Lengoa zarra daukat, zarra ta sorra, askotan arabakindua, sutarako baño geiago ia eztana, ta barria neuk egiteko eztaukat naikoa dirurik. Irabazi txikia izan dogu aurten, Jauna, ta jan bearra, jantzi bearra ta etxe-saria emon bearra edozein urtetan legez... Berorrek milla bat errealegaz jantziko banindu, nik potin barria eukiko neuke. Txanpon arotzanean ikusi dot gaur bat, ondo polita. Indianoa, bekokia zimur zimur eginda, ezpanetako bizarrari tenga gelditu jakon, begira begira. —Zeuk eztaukazu dirurik bape? —itandu eutsan gero arrantzaleari. —Bape, bape bai, baña neskatilleak ezkondu bear badau esku utsean ezingo dogu etxetik bialdu, ta ordurako zertxobait gorde nai genduke. —Gizona, zeuek dirua eukita beste bategana diru eske joatea, ezta itxurazko ibillerea. —Baña, Jauna, esan deutsat ba, eztaukagu txalopea erosteko aña, eztaukagu naikoa. Tira, estu estuan onezkero Mañasik be zer edo zer aurreratuko eban da, berak daukanagaz... berorregaz ezkondu bear izan ezik... Indianoak, milla erreal emotea baño aoko agiñak ataratea gurago eban; baña, ezkontzarako bidea okertuko ete jakon bildurrak ikutu eutsanean, jarrita egoan tokitik aida batean jagi, inguruko gelatxo batean sartu ta atara zituan nunbaitetik diru-paper batzuk. —Nire izketea esate bat baño besterik ezta izan, —esan eutsan Txanogorriri, paperok bere eskuetan ipiñiaz—, baña ara emen nire borondate onaren pruebea. —Zer da au, Jauna? —Dirua, milla errealak. Onek paper batonek eun peseta balio ditu, onek beste eun, da onek sinkuenta, berrogetamar. —Eun da eun... berreun... da berrogetamar... berreun da berrogetamar dira oneik. —Bai. —Milla erreal eztau esan ba? —Bai, berreun da berrogetamar peseta milla erreal dituzu. —A! Bai. Eun lauko... (buruari atz eginaz) eun lauko laureun... beste eun lauko beste laureun.. ara non diran zortzireun... da berrogetamar... zortzireun da berrogetamar. —Baña berrogetamarreko au berreunekoa dozu. —Berrogetamarrekoa bada zelan izan leike berreuneko? —Berrogetamarrak pesetak diralako. —A! Bai, pesetak... Baña... Ara, jauna, nastau egiten naz ni, baña ondo egongo da. Irakurten be ezeuskuen erakutsita... Mañasik bai, arek ederto daki, eskolau andia da. —Neuk be badakit orrenbeste ta geiago. Kanpoetan asko ikasten da. —Bai, Jauna, bai; geu gara ezer ikasi eztogunak, itxasoko gauzea ezpada. Eskerrikasko, Jauna, (diru paperak txapel koipetsuaren egalean, pipa motz zarraren ondoan gordeaz) eskerrikasko ta agindu. Esan deust niri andreak berorrek ezeustala ezer ukatuko. —Ezin ukatu neizu. —Alan esan deust berak; nire andrea be argia da, Jauna. —Bai, argia izan bear, Mañasiren ama data. Baña eztau berak ezer abisau? —Zeñek? —Mañasik. —Oraindiño ez, Jauna. —Ba eskribidu eiozue biar barriro, ta esan neuk emon deutsuedazala milla erreal potiña erosteko. —Ta potiña da gero bera, nik begiz jota daukatana. Ezta errian beste bat politagorik egongo. Matxin Koipek beretzat gura ei dau. —Alegretan naz potin ori gustokoa dalako. Baña eskribidu gero. —Bai, Jauna, bai, Jauna, orixe bai! Gure arrantzaleak, pozarren, bere etxeruntz urten ebenean, Indianoak, ezker eskuma len baño gogorrago ezpanetako bizarrari tenga, —Arraio, arraioa —zirautsan— milla erreal, milla erreal andi atara deustaz dirua zer dan be eztakian agure zikin orrek!... Masia bota bear bazan bota dogu masia ugari, ondo ugari gero! Baña ezta ezer galduko: laster izango da neurea Mañasi, ta potiña be bai. Txanogorri ta emaztea, onen asmoak ondo urten ebielako, diru-paperetako santuai luzaro begira egonda gero, zorionezko ames gozoak egiñaz sartu ziran oera, ta urrengo goizean goiz, Joxepak baño obeto ekialata, erriko irakasla edo maisuaren bitartez, egundoko eskutitz larria bialdu eutsien Mañasiri. «Indargetuta egozala senar-emazteak, oso indargetuta, iñondik ezegola ezeren irabazirik, zorpean sartuta egon bearko ebiela, ta laster gaixotegi edo ospitalera joateko bideak egin bearko zirala... Don Jose Antoniori baietza emon ezik. Au zala gizona, au. Ondraua, emonkorra, biotz andikoa, bardinbagea. Milla erreal emon eutsiezala berak txalopa barri bat erosteko! Baña, danak betiko ondatu etzaitezen, ondo erantzun bear jakola, ta ondo erantzuteko, arren! Jaungoikoagaitik, Antiguako Amagaitik, guraso zar errukarriakaitik!...» Geiegitxoa zan, guk badakigu, gurasoak Mañasiri esaten eutsiena; baña norbere gogoaren alde zerbait jaditxi nai danean, edozeñek daki geiegi esaten. Ezagutzen ditut nik amaika euren gogoa ta iritxia indartu gura dituenean, esan-alak esaten bein be aspertu ezin diranak, guzur da abar. Gogoa bada neurri, ezta erraz neurria beteten. Txanogorrik berberak bota eban, elizpeko eskutitz ontzian, Mañasirentzat egiñiko eskutitza, ta bereala, pozkor, irribarrez da urduri Txanponen ontzitegira joan da, ordu erdi baño lenago, egin zan begiz jotako txalopatxoaren jaube. Ezegoan oraindiño ain indargetua gure agurea. Edozeñek artuko eban gizon gordin, zail, sendotzat, txalopea, narras, uretara eruaten egin zituan indarrak ikustean, da gero, ibaian jira-biraka, ain laster arraunean, ain laster aize-oialtxoa jasoaz; potin orren azkartasunak erakusten ibilli zanean. Lan orretan ebillen bitartean, itxasoraterik etzan izan da, arrantzale asko jaokozan begira, ta danak ekien da guztiak ziñoen nundik etorkon aguratxoari onek ezin gorderik erabillen poza ta gozotasuna: Indianoagandik, Indianoak berak esan ebanez. Beste arrantzalien artean, antxe nasa gañean egoan Anjel be, besoak tolostuta, adiskidien jardunak entzuten, da antxe jakin eban, gauza ziurra legez laster ezkontzen zala Indianoagaz Txanogorriren alabea. Zergaitik ezekiala keriz andi bat sartu jakon mutillari biotzaren erdiraño. Alango gauzarik! Zer joakon berari Mañasi ezkonduagaz? Ezer bez, baña gogoratu eban bat batera neskatilla orregaz Erriberatik Kalenagusirako malletan bein euki eban jarduna, etorri jakon begien aurrean egun atako Mañasiren begirada gozoa, gomutau zituan aren orduko malkoak, esangura andiko malko lodi garbiak, eta geroago ta samin andiagoa jarten jakon biotz barruan. Egundo ez da orduantxe ikusten eban Mañasi lango emakumerik ezegoala ez errian da ez erbestean: ain zan txukuna bera, ain itxurazkoa, ain langillea, ain... Da bear bada, Anjelek bere eskuetan euki eban Mañasiren biotza. Garai onean otuten jakozan olango gogamenak, garai onean! Ura joan da gero malatua. Gure mutillau, eguardi aurretxoan, bere lagunak nasa gañean itxita, itxas aurrera joan zan, bakar bakarrik, bere arimako samiñak astindutera. Aurreragoko egunean ain bare gelditu zan itxasoa guztiz egoan arro, bere zabaltasun danean kiskur, bizi ta apartsu; aizea, neguko egunik txarrenetakoaren antzera, gogor, zematzalle ta soñulari; odei moltso lodiak, baltzak geienak eta itxura itzalekoak, iñoizkorik azkarren joiazan Franzia alderontz, norbait atzetik jarraika baleue legez; Gipuzkoako mendi ta arkaitzak laño ta bisuts azpian estaldurik egozan; Matxitxako entzutetsuaren mustur zorrotza itxasoak iruntsi ebala esan zeitekean, bada etzan iñondik agiri; ur malla sendo galantak eten bageko errenkadan etozan erri aurrera, Arranondori berezi gaizto bat ipiñi naian legez; da kaio zuri lumatsuak, egoak zabal zabalik, zerutik etorriko kurutzeak bailirean, or jausiko emen galdituko ebiltzan baiezean, ekaitzaren orruari jaramon barik. Anjel, ezarleku batean urriñera begira jarrita, bere barrualdea zearo ikusteko asmoetan gelditu zan. Begiak urriñera begira dagozala askozaz obeto ikusten da batzuetan norbere barrua. Jakin bear eban, noizbaiten, zelango arpegia eukan beretzat etorkizunak, noizbaiten arakatu bear eban bere biotza. gogamendu bear zituan noiz edo noiz arimako gogo ta iritxiak. Ezeban orretarako bein be astirik artu, gauza danak berenez, euren bidetik, nai eban erara etorriko jakozalakoan. Gogamenetan asi zaneko ai! ezagutu eban ederto Anjelek Mañasi zala, ordurarte ondo igarri barik, beretzat aspaldietan aukeratuta eukan emakume egokia. Bai, garbi egoan, orixe izan zan bere iritxia, orixe bere gogoa, neskatilleagaz itz egin eban ezkero beñipein. Orretxegaitik naigabetu eban bere ama maitea, orretxegaitik emon eutsan Antoniri bidebageko atzerapena. Bere gogo au ezeban iñoiz ondo jakin, baña orain, aspaldietan jakiñiko gauzea zirudian. Zetarako izan eban burua ain argi egozan gauzak lenago ez ikusteko? Zetarako mingaña bear zan orduan Mañasiri zerbait ez esateko? Anjelek, gogamenokaz, zauri sakona egiten eban bere biotzaren erdian, da alan da guztiz be luzaroan egon zan jarrilekutik jagi barik, biotzeko zauriari geiago ta geiago ikutuka. Baña zenbat eta ikutu geiago ainbat eta min andiagoa artzen eban gizagaixoak, eta azkenerako, miñaren miñez, itxi eutsazan argiari begiak, eta astakeri andiak etorkozan burura. Min danean itxi oi dira begiak eta orduan astakeririk andienak egin. Mutillorren esakeran, ekatxak itxasoaren erdian artu daroan txalopa baten irudira egoan bera: ekatxak urten baño len, edozein tokira joateko eskubidea baeukan; orain ez, orain al zan portura sartu bearko, naita naiezean, arribadan. «Neure erruz nago ni galduta, —ziñoan— baña, dana dala, neu samiñez nagoan ezkero, emongo neuskio nik orain samintasun bat Mañasiri be... Ta nire susmoak egiak badira, ari min emoteko egiterik andiena, bera baño neu lenago ezkondutea izango litzateke, Antonigaz... Ta gero Bilbora joan, bera, Mañasi, ikustera, erritarra legez... Egingo ete dot bero beroan?»... Eguardiko amabiterdietan, bestetan baño berandutxoago, sukaldeko maitxoaren ondoan bazkaitara jarri zanean, —Ama —esan eban— Indianoa ezkontzen dala entzun dot. Amak. —Alan diñoe, seme... Ta zeu. noiz ezkonduko zara zeu? Anjelek. —Ni be noiz edo noiz ezkonduko bearko. Amak. —Eztakit ba nik, aserratuta daukazu zeure ezkongei ori ta... Anjelek. —Aserratuta badago, aiskiretu leike. Amak. —Lanbide ori pozik artuko neuke neure gain. Anjelek. —Artu bei ba. Amak. —Benetan diñozu? Anjelek. —Benetan. Amak. —Jesus, Maria ta Jose ta Aita San Antonio bedeinkatua! Bein edo bein, bein edo bein! Gaur bertatik asiko naz lanean, baña, Anjel, zeuk be koipekeri batzuk esan bearko deutsazuz Antoniri. Aitak. —Bai, amak amoan ipinten daben jakiagaz bakarrik ezta jausiko: masia bearko da or, masia. Anjelek. —Masiori be emongo jako. __________ XX GEROAGO TA TXARRAGO Masia emongo ebala esanarren, ezin eban Anjelek iñondik iñora Antonirentzat masirik emon; ezin eutsan, naita be, neskatilla oni oparitxo bat eskiñi, ezin eutsan eregutxo bat opa, ezin eutsan eztiro itz egin. Atsekabetua ebillen mutilla beti neskatillearen igesi, ta bizitzeak irauten eutsan artean zorigaiztokoa izan bear ebalakoan. Indianoaren dirutik agertu eijakon zorigatxa. «Urreak indar andiak ditu, —ziñoan sarri beretzat— baña okerrerako geienetan. Urrerik ezpalitz ezlegoke lurrean ainbeste gauza oker, ainbeste zapokeri, ainbeste griña gaizto. Urrerik ezpalitz ezlegoke ainbeste lagun saltzalle, ainbeste andinaiko, ainbeste lapur. Urrea izan ezpalitz, gizonak askozaz onagoak, zuzenagoak, eta apalagoak izango zirean. Urrea geituten danean geitu oi da gizonen arrokeria, itxasoa gora datorrenean ibaiko ura geituten dan legez. Eztago geuri atuntsuko irabazitxoak dakarguzanean begiratutea baño. Andre Marietako egunak eta ezer eztan garizumakoak eztira emen bardiñak izaten... Urre madarikatua, biotz samurren gogortzallea, adimen argien itxumena! Bai, urreak itxutu ditu nire ama ta Mañasi be. Au, itsutua dagolako, ganbelu bategaz ezkonduko da, ta nire amak, neu ainbeste maite izan da, emakume arro, buruarin, geldu, epel bat emon gura deust emaztetzat... Urre asko barik bizi leiteke ondo. Biziko nintzan ni Mañasigaz. Nik lana egingo neban gogotik, eta berak etxea txukundu, atarakoa da ta. Ze garbi eukiko eban arek gure etxea! Jateko ta jazteko lain irabaziko neban nik, eta berak jatekoa ipiñi ta jantziak zaindu. Ze gozoa izango zan arek egosiriko lapikotxoa! Jateko ta jazteko aña eukiko gendukeala uste dot, eta zer geiago bear dau gizonak? A! Bai, etxeko poza, etxeko bakea, arrera ona, maitetasuna; orrek emoten deutsa osasuna gizonari, orrek lanerako arnasa barria, ta nik ezin neike ori Antonigaz izan». Anjel olango buruausteakaz ebillen bitartean, Mañasi, Arranondotik bialdu eutsiezan albisteak irakurrita, negarrez egoan Bilbon. A ze albisteak gurasoenak eta Joseparenak! Onenak batez be. «Ixil aldi andia izan da, —esaten eutsan Josepak— guzur asko ibilli dira emakumien aoetan, danon uste izan dogu galduta egoala, baña egia da oraingoan, ziur ziur dakit: Anjel laster ezkontzen da Antonigaz». Gurasoen estutasuna, bai, txarra zan; baña nasaitu zeitekean zelanbait Mañasik berak aurreratuta eukazan diru apurtxoakaz. Bestearentzat ezegoan iñungo osabiderik. Mañasiren negarra egiazkoa zan, barru barrutik berez etorkona, ta nagusien aurrean erakutsi naiezarren, arpegiko illuntasun da begi ederren gorriunean ezagutu eutsien bereala. —Zer darabilzu, emakumea, ain muker da tamal egoteko? —itandu eutsan etxekoandreak. —Ezerez, andrea. —Bai zerbait. Lagunakaz aserratu alzara? —Ez, andrea. —Gaixorik alzagoz? —Ez andrea. —Naigaberen bat emon aldeutsugu? —Ez, andrea, esatea be! —Ia ba, zer edo zer esan bear... Barri txarrak artu aldozuz zeure etxetik? —Bai, andrea, eztira ain onak be. —Zer diñotsue ba? —Ezerez, andrea. —Ezerez? Ezerezgaitik zagoz olangoa? Esaidazu niri zer daukazun. Badakizu emen ondo begiratzen deutsuguna, ta guk zerbait egin badeikegu... Neskatilleak, bere etxekoandrearen biotz da gurari ona ikustean, ezer erantzun barik, negarrari emon eutsan barriro. —Jakin bear dot nik, Mañasi, —jarraitu eban arek— zure etxetik zer diñotsuen. Erakarri daidazuz gaur goizean artu dozuzan eskutitz biak, ixilleko gauza astunen bat ezpadaukazu. —Ez neuke nik, andrea, berorregaz ixilleko gauzarik euki gura, berori nigaz gurasoa langoa da ta, baña... lotsatu egiten naz. —Gauza lotsagarrietan nastaurik alzagoz? —Ene bada ta, Jaungoikoaren izenean! Ez, andrea. —Emoidazuz, bada, zeure eskutitz biok. Emon eutsazan, da etxekoandrea irakurten egoan bitartean, gure neskatilla apal bildurkorra, epaia emon bear dabenaren aurrean dagon gaizkille baten taiuan, ikaraz jaokon begira. —Emakumea —esan eban epaizaleak bere arloa amaitueran, eskutitz biak estalkietan sartuaz— emen eztaukazu ainbesteraño naigabetuteko gauzarik. Zure gurasoak zarrak badira ta irabazi gitxian badabiltz, emongo jakoe zerbait, eta. . . —Ezteust, andrea, ainbeste ardura orrek emoten. Gurasoentzat dira neuk aurreratutako guztiak, eta eurok izango dira naikoa nire aitamak daukiezan premiña laburrari arpegi emoteko. Beste alde batetik dator nire samiña. —Emen diñoen D. Jose Antoniogandik? —Bai, andrea. —Zein da bera? —Indiano bat. —Zugaz ezkondu nai aldau? —Bai, andrea. —Ta zuk etzenduke gura? —Ez, andrea. —Zarra dalako? —Ezta ain zarra. —Diru gitxi daukalako? —Berrogei milla ogerleko baeidaukaz. —Eliz-emakumea izan gura dozulako? —Ez, andrea. —Beste Anjel orregaz zerbait izan dozulako? —Nik eztot ezer euki Anjelegaz. —Etzarie alkarren adiskideak izan? —Adiskideak? —Bai. —Ezteutsu berak ezkontzarako itzik emon? —Ez, andrea, ori ez. —Da ezta mutil ori Antonigaz ezkonduten Josepak diñoanez? —Itxurak alan dira. —Bada orduan. neskatillea, Anjelek egundo ezkonduteko itzik emon ezpadeutsu, ta gañera beste bategaz ezkontzeko aurreratua badabil; Indianoak ostera zeu gura bazaitu, aberatsa bada ta zeure gurasoak begietatik zear sartu gura badeutsue, zetan zagoz da zeri daukazu zer negar egin? Niri ezjatorkit ondo, gure etxearen kaltean izango da; baña maite zaitudalako ta zeuretzat ona dalako, gurasoak diñotsuena bera esango deutsut, Indianoagaz ezkondu zaitezala. Eztozu olango beta onik egunero izango. Asko gelditzen dira ezkongei euren aukera ta gogobetekoaren zain luzaroan egonda gero. Ez ibilli irudimenetan da eztabaidetan: begiak itxi ta aurrera. Begiak zabal zabal eginda gizonai ondo begiratzen asten bazara, etzara iñoren emazte izango: senargei batzuk zarkoteak dituzu, beste batzuk gaztegiak; batzuk txepitx burudunak, beste batzuk bekoki baltzegikoak; batzuk zatarrak, beste batzuk emakume itxurakoak. Danak daukie akatsen bat: edo andiak dira edo txikiak, edo arloteak, edo jokalariak... beti dabie zerbait. Amesetan ikusitako gizonak eztira lurrean bizi, edo eztira beintzat etorten gure billa... (Jesus! Gure Pakok entzungo baleust... Niri gura añakoa etorri jatan, Mañasi, egia da; baña ori noizean beingoa baño ezta izaten). Guazen aurrera. Gaur Indianoari gura izan ezarren, emendik urtebetera maite kutuna legez euki zeinkezu. Ara or alboko Maria Mendata, goizero elizara zalpurdi ederrean joaten dan andre apaña; jostun bat zan ori ta naiezean lez ibilli zan luzaro Zubiaur zarragaz ezkontzeko, baña ondo pozik eta maitero bizi da gaur bere gizon zintzoagaz. Ara or Josefa Olite, Bidebarrietako alargun aberatsa: orrek be Barrenkaleko zigarro-saltzallea zanean, ezeieban gura senartzat Eguren indianoa; bana eztau orain damu bere gurasoen esondeari jarraitua. Gogobetekoaren zain egon balira, nork daki zer izango zirean zartzara orreik emakume biok? Eta gaur ostera etxe andi ondasuntsuan jaiorikoak dirudie. Zeuk be, Mañasi, eneuskizu esan bear baña, beste edozeñek lango egokitasunak daukazuz zeure errian andre andi ta ona izateko. —Ixillik egon bei, Jaungoikoagaitik! Berorren esanakaz, nengoan baño geiago lotsatuten nau. —Baña ezteritxozu ain txarto andikia izateari. —Eznau, berorrek uste daben aña, aberats izateak arrotuten. Eztagoz ondasunetan gozotasun guztiak, berorrek ondo daki; ta gañera, ni aberats jaio eznazanean, Jaungoikoak aberats gura eznauan agiri argia da. —Zer? Gaurko aberats guztiak beti aberats izan dirala uste aldozu? Ez gaurkoak, eta ez atzokoak. Aberastasun guztien iturburuak beartsu ta urriak izan dira beti. Eztostazu entzun oraintxe esan dotana? Jaungoikoak emon da kentzen ditu gure ondasunak Berak gura dabenean. Jaiotzan emon ezeutsuna orain emon nai badeutsu, orixe da, nire ustez, orain aberats gura zaituan agiria. Ta beste aldetik, begiratu eikezu, Mañasi, alaba bakarra zareala, ta zeure gurasoen azken onari begiratu bearrean zagozala. —Eztakit, andrea, zelan erantzun; baña darabilgun autua asi daneko, gauza bat esateko gogoa daukat. —Zer da bera? —Nigaz zertu nai daben Indianoa eztala Jaungoikozko gizona, ta bear dan legezko euskalduna bez. —A! Nik eznekian ori. Orrek atzeratuten bazaitu, bide orretatik datorkizun oztasunari txalogarria deitxot; baña ortxe bertan ikusi zeinkezu Jaungoikoak zure eskuetan ipinten daben lanbide on bat: zeuk ondu zeinke Indianoa, zeuk egin zeinke elizkoi ta errizalea. Emakume batek oso asko daike maite dauan gizonagaz, bada ezkondu bear dabien aurrean guztiak dira arkumetxoa baizen bigun da otzanak. Eztozu, Mañasi, gizon bat zeure erriarentzat eta arima bat Jaungoikoarentzat irabazi nai? —Ta ezin bada? —Ezin bada, itxi. Itxiteko astia izango dozu. Asi zaite beñik bein zeure arloan. Esaiozu gizon orri ondu deilla, ta ikusiko dozula gero zer egin. Gelditu bedi onetan gure autua, ta legortuizuz zeure malkuok, eztaukazu zeri negarrik egin da. Amaitu zan jarduna, baña ez Mañasiren illetea. Etxekoandreak, gogo ta usterik onenetakoagaz, neskatillea poztu ta zorion bidean ipinten alegin guztiak egiñarren, da Mañasik arpegia alai erakusten arreta andiak ipiñi ta be, ezin eban onek egiazko alaitasunik agertu. Arranondotik urten ebanean, arimako itxaropenak, antxinetatik ainbeste txera palagutan eukazan itxaropen eztitsuak, ilteko zorian eruan zituan Bilbora; baña etziran oso il oraindiño, ta bizirik egozan bitartean, azken agur latza emon baño lenago iñoiz baizen obeto maitatzen zituan, iñoiz baizen obeto losindu ta elikatu, ta bere gurari beroaren bitartez, irudimenean sorturiko gorabera andien bidez, askotan siñistu eban emon eikioela Jaungoikoak bizitza ta osasun sendoa. Ai! Orain ezegoan olangorik. Il jakozan osoro ta betiko itxaropen guztiak, eta itxaropenak ilten diranean arimea baltzez jantzirik gelditu oi da! Orregaitik agiri jakon Mañasiri arpegiko irribarreak ezin ondo estaldu eutsan barruko naigabea; orregaitik ikusten jakon, bekoki goibelaren azpian da begi bitarte bigun gaixoaren zear, arima saminduaren progua ta biotz errukarriaren iljantzia. Ezeukan gogorik, baña bere etxekoandreari ez miñik emotearren, da onen betiko esanak jarraituaz, erantzun eutsien gurasoai ezeiela gaixotegi edo txiro-etxera joateko bildurrik euki ta Don Jose Antoniori esateko izan zedilla ona ta elizkoia, ta ikusiko zala gero zer egin bear zan. Oraindik ezegoala lasterka ibilli bearrik. «Edolabere —uste eban Mañasik— ezta esonde on bat emotea baño, ezteutsat nik itzik emoten, eztot neure burua lotuten da ortik etxat okerrik etorriko». Baña erantzuera orixe izan zan naikoa bere gurasoak eta Indianoa, gauza guztiak egiñak egozalakoan, pozez zoratzen jarteko. Andik laugarren eguneko arratsaldean, gure neskatillea, nagusien agindu batzuk eginda kaletik etxera sartu zanerako, eskutitz bat eta sedazko paper bigunetan baturiko gordairutxo bat emon eutsiezan Arranondoko emakume batek ekarri zitualata. Eskutitzean zirautsien gurasoak «D. Jose Antonio lurbirako gizonik onena zala ta bere ontasunaren agergarri ona joakola Mañasiri eskutitzagaz batera emongo eutsien gordairu barruan. Alango gizonik ezebala egundo iñon billatuko, ta luzapenetan ibilli barik, neskametzeari betiko itxi ta ainbat lasterren erabagi beur ebala gauzeak». Lenengoan ezeban Mañasik kutxatxoa edegi be gura izan: nazkatu egiten eban Egurbidekoaren opariak, eta, zanlakoa zala, urrengo goizean jaubeari biurtzekotan ipiñi eban oe gañean. Baña gero, bere arloetan ebillela, gordairu barruan egoana zer zan ikusi ta jakin naiak, ziri ortik eta ziri emetik, irabazi eutsan biotza; otu jakon, gañera, etxekoandreari esan barik ezingo ebala biurtu Indianoaren oparia, ta ikustea ta etxekoandreari erakustea erabagi eban. Sartu zan gelara, kendu eutsazan gordairuari lokarriak, edegi eban, da agertu jakon, bere abian gordeta dagoan sube biribilduaren antzera, sedazko oial eder gañean dizdizka, urregorri ta arriargitsuz egiñiko eraztun apain bat. Jesus! Zelango gauzak asmau dituan arerioak emakumien arimak zirikatuteko! Sarrakio andi bat egin jakon barru guztian Mañasiri, ta eraztuna ondo ikusteko asti barik kutxatxoa estaldu ta etxekoandreagana joan zan. —Ara, andrea, zer biraldu deustien. —Zeintzuk? Zeñek? —Neugaz zertu gura leukean gizon orrek. —Ederra da!... Baña zelan geiagoko barik? —Ara emen eskutitza be. —Azkar dabiltz —esan eban etxekoandreak paperari begirada bat emon orduko—. Arin nai ditue gauzok. —Ariñegi, andrea. Nik biar atzera biurtuko dot eraztuna. —Ez, gordeizu. Ibilli gaitean astiro ta patxada onean: erabagi obea emongo dogu. Biar edo etzi erantzungo jakoe. Lenengo beintzat jakin daiala gizon orrek eztala naikoa zugaz ona izatea, Jaungoikoagaz be izan bearrean gagozala. Mañasik, bere zeregiñen erdian, ezin izan eban aztu Arranondoko Indianoaren oparia. Oñetako barri batzuk jantzi bear dituan ume baten senera egon zan gau guztian opari orren gomuteagaz. Begiratu barik ikusten eban ederto, bere begien aurrean euki eban, ezin kendurik, eraztunaren argitasun deigarri biguna, ta etxeko lagun guztiak ezagutu eben, gauza atan, iñoiz baño artega arduratsuago egoala neskatillea oera joateko orduaren zain. Ordu ori eldu zanean, bere gelako atea ondo itxi, ta lenengo egin eban lanbidea izan zan, gordairoa barriro edegi, eraztuna astiroago ikusi ta ezkerreko bigarren esku-atzean ipintea. «Ezta makala eraztuna! —ziñoan, argiaren ondoan eskua ipiñita—. Artoberok Josepari emonikoa baño zerbait obea bada. Neure etxekoandreak daukazanak langoa ia, edo ia barik Jaungoikoak daki zenbat dirutan erosi daben au Jose Antoniok. Ta ondo egoki datorkit berau, egia esateko. Eskuak be, dan baño askozaz politagoa dirudi. Ikusiko baleust oraintxe neure eskuan Josepak! Anjelek ikusiko baleust!» Gau atan andiki ames asko egin eizituan Mañasik, eta esnatu zanean iñoiz baño bekoki illunagoa jarri eijakon. Asiko etezan biguntzen Indianoaganako gure neskatillearen biotza? Ez jakin, urreak indar andiak dituta. __________ XXI LAZKA-MATAZAK Guztizkoak sortu zirean Españako legegille ta Euskalerriko gauzen jaola, Arranondo ta inguruko errien izenean, urlia edo sendiak, Patxik edo Peruk Madridera joan bear ebalata. Etzan alango bizitasun, aserre ta nasterik Arranondo baketsuan ikusi, arako bere seme sendoak beste euskal-uri eder batekoakaz euki eben indarneurtze, itxasdema edo arraunketa estua igaro zan ezkero. Ordukoa...bai, ordukoa be andia izan zan. Zeaztu daiogun emen irakurleari, gure arloaren aria pitin batean etenda bada be, zeazgarria data. Indar-neurtze orretan, gure arranondotarrok, ain entzute andikoak izan da; euren burua, erramuetarako, iñor ez legezkotzat eukita; irabazia eskuan eukielakoan zoro zoro luzaroan egonda; galdu egin eben arraunketarik ospetsuena, galdu euren entzute andia, galdu ain nekez irabazitako dirua! Onek emoten eutsien negargurea ta sabeleko miña Arranondoko emakumeai, dirua galtzeak. Entzutea gauza ona zan, baña entzute ori erakarriko eben barriro, urrengoan zerbait obeto gertau ezkero. Orren sinismenik etzan egundo Arranondon galdu. Baña ta dirua! Euren umetxo maitien ogi ta soñekoa zan dirua, zelan erakarri etxera, beste alango erarik gizaldi batean etzan izangota? Mirari bat igaro zan orduan: Tramana ta Brixek alkar artzea, biak iritxi batekoak izatea. Biak ibilli ziran iji ta aja ioranean, erramuetea baño lenago esaten, au zirala, ta ori zirala; onenbeste edo arenbesteko bitartean errez egingo zituela uretan egin bear ziran bideak; urgañeko gauzetan arei bakean itxi bear jakuela; alango morroskorik, alango bularrik, alango besorik; jango leukiena, edango leukiena, jasoko leukiena; bear zan orduan eukiko eben ausardia, errira erakarriko eben dirutzea, egin bear jakoen arrerea... nik dakit zenbat ipuin, ames da geiegizkeri? Biak ibilli ziran gero batera, erramuetea galdu zanean, gertau zan arrigarritasuna siñistu ezinda, buruak makurturik, barruak jaten, iñoiz baño erreago ta zitalago, euren beaztun mingotxak norbaiti arpegira jaurti naian da zeñi jaurti ezin jakinda. Onak egozan eurak orduan iñoren destañak entzuteko ta erbestekoen adar-joteak bakean eruateko! Ta ain zuzen orduantxe alboerrietako emakumeak gizonezkoak baño geiago, antxinetako erdiaserreak gogoraturik, orduantxe eiebiltzan arranondotarren lepotik barre andiak egiñaz. Arranondo betiko lurpean sartu zala ta etzala bertan zer janik gelditu, eiziñoen gañera, pozez beterik. —Bai, —esan eban Tramanak olango albisteak entzutean— gure errira lenengo datorren Musturzuloko edo Lekuitoko atso ezkelak eruango ditu bereak eta bi. Esan da egin. Musturzulotik sardiña batzukaz lenengo agertu zan emakumetxoari errira sartu baño be lenago, erruduna edo errubagea zan jakinbarik, asi jakon Tramana deadarka: —Entzuizu, Mari lotsagabe, zelan zatoz zeu Arranondora, gugaitik esan dozuezanak esanda gero? Sardiñok zeñek erosiko deutsuzalata, emen dirurik ezpadago? Narrubiko arpegia daukazue zuek, ijito, motxalle, pizti, zantar, zikiñok, narrubiko arpegia. Baña neuk kenduko deutsut batori... Onetan ziarduala, urten eban Brixek arin-aringa, eztakit nondik, txalopai emoten jakoen bria-koipetan sarturiko lanbas bat ekarrela, ta buztana zapaldu dautsen katuak egiten dituan lango garrasiakaz, deitu eutsan adiskideari: —Eutsiozu, Tramana, eutsi gogotik. Ezteutsagu narrurik kendu bear. Irugarrena ipiñi bear jako, narru baltza. Bai laster ulertu ta azkar lagundu besteak. Ondo iruditu jakon Tramanari Brixen egitekoa, txarra zalako, ta Musturzulokoari ezertarako astirik emon bage, artu eutsazan eskuak beingoan atze-aldera, eta Aitaren semearen esan orduko, afrikatarren itxurako arpegia ipiñi eutsien gaixoari... Ta barre egiten ebien gero gaizkille biak, sardinsaltzallea txistuak boteaz da arpegia garbitu eziñik ebillen bitartean. Urrengo egunean barriz agertu zan Arranondora Lekuitoko andre zar bat, eta oni, zarra zalako, edo besteari egiñikoa naikotzat artu ebielako, imiñerdi baba zuri ta urdai zati bat emon eutsien, ikaraz egoan andretxoari itz gozo-garratzetan esanaz: —Ara, aditzen emon eikezu Lekuitoan, badaukagula oraindik zer jan apur bat, gure Jaungoikoa bizi dalata; baña zuen erriko Jaungoikoa, Urlia zaldun aberats zintzoa il jatzuelako, geuk, Arranondoko arloteak bialtzen dogula janari ori Lekuitoko beartsu guztienzat. Geiago bear dozuenean etorri eske. Arranondoren lepotik egindako barreari olango destaña ta iraintasun mingarriakaz erantzunarren; lotsagalduak, (egia esan bear da) min txarrekoak, (edonun dago bat edo beste) ta gaizto itxura andikoak izanarren, etziran barrutik gaiztoak Tramana ta Brix. (Arranondon eztago biotz gaiztokorik, arranondotarra bada). Ondo erakutsi eben barru onekoak zirala, andik laster, erritar erramulariak garaitu zituan txalopako agintari gizagaixoa ito zanean. Biotz guztiagaz emon eben arranondotar danak euren oparitxoa gizon orren etxerako, ta Tramana ta Brix ibilli ziran eskean aterik ate, negarrez, bene benetako negarrakaz. Ordurako dana aztu jakoen. Txarra da, irakurlea, anai-errien arteko aserrea, laster aztutekoa izan da be, ta ondo egingo leuke aldabenak olango aserre-bidea sustrai ta asieratik kentzea, gure anaitasuna egunean baño egunean geiago zindotu dedin; baña askozaz txarragoa da uri barruan bertan, norbait alkatetzarako edo legegilletzarako autatu bear dabenean, erkideak eurak sortu daroena. Itxas-dematik jaiorikoa baño milla aldiz okerragoa izan zan, Patxi zala ta Peru zala, Arranondon sortutako atrakala ta naste galgarria. Ez Patxi ta ez Peru etzituan urian iñok ezagutzen, jauntxoen batek izan ezik; baña erritar bakotxak beren etxean, beren txalopan edo ardantegi bazterrean zerbait entzunda beste barik, goizetik gabera gelditu ziran gizon da emakume guztiak Patxiren edo Peruren alde. Baña zelan gero! Arranondotar guztiai esnatu jakoezan barriro beti lotan egon bear eukien griña gaiztoak, erritar guztiak urratu zituen euren arteko anaitasunik zintzoenak, aspaldietako adiskideak alkarregaz aserratu zirean, beti betiko lagun zarrak batabesteagaz areriotu, gizon askoren biotzak gorrotoz bete ta emakume geientsuen mingain zoliak puzoni zitala erioela jarri. Dana egoan orduan azpikoaz gora. Alperrenak ebiltzan langillien, autari billa; eztitsuenak garratzen, bigunenak gogorren, bildurtienak ausarditsuen, onenak gaiztoen; baketsuenak esetsi bizian, ixillenak oiuaka, ollo irudikoak azeri eginda, arkume antzekoak otso biurturik. Alderdi guztietan egoan alkarganako esamesana, ezin-ikusia, gaizkinaia, irria, ziñua, zapokeria, atximurra ta atzamarkadea. Ta zuzen irudiko gizadiak olan baebiltzan beren artean, zer egingo eben erriertarako, dongakerirako ta burrukarako beti prest egozan emakumeak? Zer egingo eben Tramana ta Brixek? Ezeukien erea makala aora jatorkoezan guztiak esateko. Ta ezeben era on ori galduko, ez orixe! Alkarren barri ezer lenago jakin barik, biak aurkitu zirean Patxiren aldekoak, eta euren bizitza guztian bigarrenez, bata bestearen aurrean ez egon bearrak naigabe apur bat emon eutsien lenengoan baña, zeñi ekiña naikoa baegoan da, laster aztu ebien naigabea, Peruren aldeko guztiai zorrotz ekiteko. Ikasi ta gomutau zituen orretarako, erne-une ta sustraitik, arerio guztien bizitzak, atara eutsiezan euren zapi zikiñak eguzkitara, ta asi ziran, guzur da abar, astiñaldirik lotsagarrizkoenak. Eztau iñok lurrean, emakumien aotik, areik egin zituen lango jardun gordiñik egundo entzun. A zelangoak zirean areriuok! Puaaa!! Lantegiko Nagusi okerra, Egurbideko Baserritar kalabazaz betea, Arranondon zer bear zan ezekien erbesteko etxejauberen batzuk eta Matxin Koipe, Mari Errotaren senar ganorabakoa. «Neuk ezagutu neban bata, deadar egiten eban Tramanak kalearen erdian, Arranondora berakatzak eta piper gorria saltzen zauriz ta zornaz beteriko mando zarragaz etorri zanean. Praken atzekoaldeak txaplataz beteak ekarri zituan orrek eta amilliaren ukarondoak be bai. Orain begiratzea baño ez taukazue: lantegi barri andia egin dau ta ia erri guztiaren jaubea da. Zeñen lepotik? Geuretik, geuretik, geu astoak garealako... Danok ezagutu dozue bestea, muskillea eriola, enparantzan, gaztaña ustel batzuk eta urez beteriko esnea ezin saldurik. Zapaburuak idoro neutsazan nik, bein baño geiagotan, arek saldutako esneari. Ta or daukazue orain, egun batetik bestera ta iñok zelan eztakigula aberasturik, pavo riala baño arroago ta erri guztiari agindu naian. A ze jatorrizko zalduna bera! A ze jakintsua! Gizon argia izango litzateke... ezpanean krusallu bat baleuka... Etxejaubiena barriz jakiña daukagu: danak dira onak etxe-saria artzeko, baña estutasun batean ez eurakana txanpon baten eskean joan. Euren etxietan erretella bat eragiten be eztakie. Gurean beintzat beti gagoz ituxuratan da etxeko katillu-terriñak eztitut naikoa euria dan bakotxean... Matxin Koipe ostera nok eztaki andikien morroi, zuriko, azpijantzalle, dollor, guzurti andi bat dala?»... Nik ezin neikez emen ipiñi, erdizka baizen, arein esakera zantarrak. Eta gauzarik okerrena zan, zentzuneko gizonak eurak Tramanaren esate gaiztoak ontzat emotea, arerioen kontrakoak ziralako. Ai, Jaungoiko maitea! Zenbat kalte datorren, arimentzat, olango gertaldietatik! Gauza txar asko asmau ditu gaizkiñak gure arimak galtzeko, baña legegille barri bat erriak eginbearra baño txarragorik eztakit asmau ete daben be. Zoratuta egozan azkenerako arranondotar guztiak eta zorakeri aundiak egiten zituen. Patxi ta Peru: ezegoan eurentzat beste gauzarik Lurbira danean. Batzuentzat, Patxi zeruko aingerua zan da deabru gaizkiña Peru; bestientzat, Peru zan zerutarra ta infernukoa bestea. Nor zeñen aldera ebillen, alkarri ipinten eutsien betoskoan ikusten jakoen garbiro ta oraindiño garbiroago (nok esango leuke?, baña egia da) oñetakoetan! Abarketa zurien gañean ipiñi eben batzuk izkiratuta Bizi bedi Patxi! eta besteak Bizi bedi Peru! Arranondoko abarketariak nai aña diru irabazi eban egun areitan. Baña jausi biar eban egurrak. Ainbeste aize ta zorakerien atzetik, ainbeste bena, goibeltasun da trumoiren ondorean etorri bear eban ekatxak ta ekatxa etorri zan, baltza, zematzallea, ikaragarrizkoa. Legegilletzarakoa autatu bear zan egunean, goizeko zortzirak baño len asi zan, txartela gora ta txartela bera, gizonen arteko eztabaidea, Perurenak eta Patxirenak sartu ziran bakotxa bere aldekoai laguntzera ta arerioakaz burrukara, ta oni eutsi ta orri bultza, bata estaldu ta bestea jaurti, aurrekoari emon da albokoa gorde, au jo ta bestea zapaldu, ukabilka, makilka ta arraioka, an izan ziran angoak eliz-aurreko enparantzatxoan. Bederatzi-terdiak aldean ikustekoa egoan gure Indianoa, burutsik, alkondarean iduna urraturik, jantzia basazturik, surretako odola bizarretatik bera eriola ta Tramanaren ule zikin batzuk eskuetan zituala, Tramana ta Brix errizañak, tatarrez, katigutegira eroiezan bitartean. Itxi daiogun ekatxa zelan amaitu zan esateari; geldi bedi alde batera zenbat kaskarreko, zenbat sudur-auste, zenbat dubako agin-aterate izan zan ainbatutea; eztaigun esan Peruk edo Patxik zeñek txartel geiago izan eban be. Ardura gitxi deusku guri naiz lenengoak naiz bigarrenak garaitu, bada biak ziran nabar samarrak, biak euren buruaren anditasunagaitik ebiltzanak, Euskalerri maitea aotan artuta. Guazen gu geure lagun batzuk naste orretan zer egin eben jakitera, guri geien dagokigun lanbidea ori dan ezkero. Mañasiren aita guztizko larritasunetan ibilli zan txartela nori emon ezekiala. Lenengo egunetan Indianoari agindu eutsan bere alde emongo ebala, baña gero txalopakoak jagi jakozan gora goraka, ardantegiko lagunak ia ito eben, edozeñek esaten eutsan, kalean, saldutako gizona zala, erriaren arerioak potin baten diruagaz erosi ebiela, goiko ta beko Patxitarrak ezeutsien bakean izten iñun be, ta azkenean, ondo eldutako ikoa baño bigunago egoan gizona, edo obeto esateko, lakioan jausiriko txoritxoa legez egoan, da ezekian zetara jo edo lakiotik zelan urten. Andreak sendatuten eban sarri, etxean, gizon orren indargetasuna. —Ai, makala! —esaten eutsan— zuri zer deutsu lagunen jardunagaitik? Zuk egizu zeurea ta ezeiozue besteai jaramonik egin. —Bai, ta iñori arpegirik ezin emonda gelditu norbere errian? —Da ainbeste lagundu deuskun gizonari emondako itza jan? —Nik eznekian orduan Peru zein zan: txarra dala diñoe, ta gañera Patxik nasa barriak egingo dituala, bearra be badago ta. —Guzurra da ori, Kurutzemendi baño guzur andiagoa. Patxi dozu gizonik gaiztoena, judio protestante baten jatorrikoa eidata: neuri esan deust Ana Balentiñak, eta Ana Balentiñak badaki, Peru ostera oso eskubide andikoa dozu nasa barriak egiteko ta edozetarako: Madrilgo agintari guztien adiskidea ta erregeren maian jaten daben gizona eijatsu ori: Ana Balentiñak esan deust. Atseden pixkat egin da gero, ixiltxoago ta bigunago jarraitu eban: —Baña, gizona, eukizu zentzun apur bat. Zuk diñozuna alan izanda be, zelan nai zenduke gure alabearen ezkontzea galdutea? Arranondon izan dan ezkontzarik onena? —Emakumea, ezeidazu burutik eragin. Nik eztot nai Mañasiren ezkontzea galduterik, eta D. Jose Antoniok maite badau, ezta orregaitik galduko. Buru oneko gizona da, ta neuk esango deutsat... —Ezteutsazu ezer esango, eztozu etxetik urtengo. —Gaur ez, baña biar itxasotik natorrenean... —Ezta biar be, ezta egundo be. Olango autua egunerokoa zan Txanogorriren etxean Españako Legegille edo auzi-erabagitzalleok autatu bear ziran aurretxoan, baña etzan azartu Indianoari gauza orren gañean ezer esaten. Azkenengo egunean, aren ona eukiteagaitik eta andrearen esanak jarraitzearren, etsi etsi eginda Peruren alde txartela emotera joiala, enparantzako burrukea ta iskanbillea ikusi ebanean, armin da keixu, biurtu zan etxera gure gizontxoa, ta estutasunak emoten daben ausardiagaz, atean sartu orduko asi jakon emazteari: —Nik ezin neike ez bataren da ez bestearen alde gaur txartelik emon. Gaur ez, beste baten eztiñot baña, gaur ez! Alperrik esango deustazuz esanalak, gaur neureagaz urten bear dot. —Baña zelango gizon epela zara zu? Oraintxe urten dozu etxetik abiadan... —Bai, baña ez burrukarako asmoan, da burruka barik ezin leiteke iñor udaletxera sartu. Ni Lekuitora noa gaberarte. Eske badatoz, premiñazko zeregin bategaz joan nazala. —Ta zer esango dau D. Jose Antoniok? —Min dabela. Ederrak emon deutsiez enparantzan. Ostikopean erabilli eidabie, ta odola dariola ikusi dot. —Jesus! Jesus! Auxe da itxumena. Eztago errian bururik? —Gaur eztot uste. Gaur burua daukien guztiak erbestera joango dira, ta ni be bai. —Baña... —Eztago bañarik. Erabagita daukat. Agur. Atean urten orduko bere atzetik eban Sardinzar laguna. —Jeup, adiskide! Nora zoaz? —Lekuitora. —Neu be bai, emen gauza onik eztagota. Txartela emon dozu? —Ezta emongo be. Ezin leike, iñogaz aserratu barik. —Nik geure alde emotea gura neban, baña ondo egiten dozu. Ontxe emon dot nik neurea, ta Matxin Koipegaz aserratu egin bear izan dot. Gizon arroa! Berak gura dabena egin bear genduala Anjelek eta nik eta gure txalopetakoak. Eztago toki txarrean! —Anjelek naiko eban ba. —Anjelek? Orrek iñok baño gitxiago. Egundo eztot gure mutilla ain bero ikusi olango gauzetan. Antoniri be ezteutsa jaramonik egin. A! Ta badakizu zer esan eutsan bart gabean zugaitik? Indianoak zu estutzen bazaitu geuk emon bearko geuntsuzala milla erreal, orrenbeste alderdi bageunkalata. —Ezta txarto esana. Eskerrik asko. Arratsaldean, azken orduan, geroago ta estuago autari billa ebilzanak Txanogorriren eske joan ziranean: —Ederra egin dau! —esan eben— masia jan da iges! __________ XXII OTSOAREN BELARRIAK Nok daki etorkizunaren barri? Zeñek igarri leikez bere barruan gorderik dagozan erri ta gizadien goraberak? Zelan neurtu gauza uts batetik etorri leitekean ona edo kaltea? Nondik otuko jakon Anjelen amari, illabete lenago, Antoni ta Anjelen arteko ezkontzea galduko zala barriro? Bada galdu zan. Patxi ta Peru jaso edo jatsi bearragaitik gurasoak aserratu ziran lenengo, ta eurak egin eben lanik andiena gazteak otzitu eitezen be, Anjelek bere aldetik ezeban asko bear baña. Sardinzarren ustez, Koipetarrak antxiñatik zirean eriste andiegikoak, beti euki oieben burua besteak baño geiagokotzat, eta areikaz ondo egon nai ebanak, morroi edo mendeko izan bearko eieben, naiz da euren etxean bizi ez. Emazteak ostera, diru zaletxoa zan baña, ezeban gura bere seme kutuna iñoren morroikintzan ikusterik: etzan orretarako azia. Etxe bietako nagusi gazte maite bat ez izatekotan, senartu zedin be ezeban gura. Zarrak baño askozaz obeto zainduko eieban Anjelek etxe bietako ondasun izkia. Mari Errotak barriz, bere aldetik, ondo izateko ezebiela eurak iñoren laguntasunik bear, esaten eieutsan alabeari; ez ibilteko lagun billa, gura añako ezkongeiak etxera etorriko jakoezala ta. Jokatuko eieban arek, eta baita Matxiñek be, eurenean Sardinzarren etxean baño urre zar geiago idoro baietz. Etzan, alan be, Antoni amaren siñistekoa, ta amari entzungor egiteko asmoak ebiltzan lenengoan. Urre zarra eukiko ebien, baña berak gura añako mutillik ezjatorkon Antoniri. Erbesteko oial-saltzalle guzurti batek zerbait esan eutsan bein, jai arratsalde batean, (ai ze poza izan eban orduan!) baña oial-saltzallea etzan geiago Arranondora agertu. Ainbesteren atzetik ibilli zan Indianoa be, etzan gomutau beragaz, Antonigaz. Itz egin eutsien mutillak etziran bere duin, bada-ezpadako arlote batzuk ziran danak. Anjel añakorik ezegoan. Anjelen zale ziran erriko neskatilla guztiak, Anjelen adiskidea zalako lagun danak ondamuz begiratuten eutsien berari, Antoniri; Anjel bear eban Antonik nai ta nai ez, erkidien barregarri gelditu etzaitean be. Orregaitik, gurasoen aserreakaz gazteak zer ikusirik ezeukielata, egiñalak egin zituan neskatilleak arrantzale gazte orren biotza irabazteko, baña dana alperrik. Aiperrik jantzi zan iñoiz baizen obeto, alperrik orraztu zan egundo baizen apañago, alperrik egin eutsazan negar musingak eta guzurrezko zotiñak: ain otza, motza, motela ta gogoezekoa aurkituten eban Anjel ori eze, aspertu zan noizbaiten neskatillea, kirio guztiak jagi jakozan guztiz biziro ta aserre itxura andiakaz itxi eban mutilla, agurrik esan barik. Auxe izan leiteke onena, —apetau jakon oraindiño—. Ni langorik eztau billatuko, ta etorri leiteke neure billa, arpegi añutsuagaz ikusten nabenean. Lenago be etorri jatan. Baña arpegi añutsuagaz ezeban ezer irabazi, Anjelek ezeutsan geiago itzik esan, ezeutsan jaramonik egin da bertanbera amaitu zan gure neska mutillen adiskidetasuna. Ta zer egin eban Indianoak? Ezeben mutil zar au Txanogorrinekoak eralditxo batean ikusi, ta bildurrez egozan lenengo alkar ikustean zer gertauko ete jakoen, baña oso abegi ona egin eutsien batak besteari. Indianoa bera joan zan Txanogorrinera. Gure arrantzale gizagaixoa, gaiztakeri bat egin daben mutikoaren antzera, gogamen bategaz ebillen beti, ta D. Jose Antonio ikusi ebanean, trumoi ta tximistakaz eioalakoan, jarteko astirik emon baño len asi jakon esaten: —Ara, Jauna, nik berorri bai, bai, pozik atan be; baña orixe dago ba, lagunakaz be ondo euki bear da ta orixe dago ba! Txanogorriren esakerea etzan erraz ulertutekoa, baña ulertu eutsan Indianoak, eta estutasunerik atara eban gizona. —Eznator orretara. Ori joan zan. Ori joan zan! Eznator orretara! Itz gozoagorik ezeban egundo iñok entzun. Axe zan poza! Axe zan aldabatera kezkarik astunenak kentzea! Zeru illunaren azpian ostilika edo ostarku ederra ikusten eban Txanogorrik. —Zer dakar ba, jauna? —itandu eben senar-emazteak, pozezko arpegi alaiakaz. —Zer ekarriko dot? Zetan garan edo jakitera nator. —Ba, jauna, gu lengoan, lengoan beti. Arek eztau ezer erantzun, baña lotsaz egongo da. Geuk esaten dogunean a... —Ba orduan ainbat lasterren. Desagradeziduen erri onetan ezin leiteke persona formalik bizi, ta nik bereala ezkondu ta kanpora joan bear dot, illa batzuetarako bada be. —Ondo egingo dau, bai jauna, badauka zegaz be ta. Asi gaitezen paperak egiten da gertu gareanean erakarriko dogu neskatillea. Berorrek gura dabenean joango gara abade nagusiagana. —Zetara? —Paperak egitera. —Ez, enetxoak. Orretara luze joango jaku. Niri esan deustienez, norbera ibilli dan toki guztietako dokumentoak eskatzen eiditu abadeak, eta nire dokumentoak etorri orduko sei illabete joango litzakez urrean. —Ezta, jauna, ainbesteraño luzatuko. Gizon andia lez, ibilli dan toki guztietan ezagutuko ebien berori abadeak eta... —Ni lanean bizi izan naz, da ez abadeakaz pasietan. —Dana dala, jauna, paperak bear dira beintzat. —Abadienak eztira prezisokoak. —Zeñenak ba? —Alkate ta juezanak, errekisto zibillekoak. —Zer esan dau? Errekisto... Jesus, Maria ta Jose! Ori gauza txarren bat da. —Zuek ezer eztakizue, ta nik ostera asko ikusi ta asko ikasi dot. —Alan izango da, bana, edozetara be, abadeak ikusi bearko ditu gero paper danak. Eurak dakiez ondoen olango gauzak. Gu ezkondu giñanean, antziñatxu da baña, bikario jaunak egin euskuzan guri bear izan ziran jirabira guztiak. —Ezta nai ta naiezkoa abadeari gure paperak erakustea. Abade barik be konpondu geinkez, geuk gura izan ezkero. —Zelan baña? (Señar emazteak aoa zabalik geldituta). —Guztiz erraz. Abadeari jaramonik egin ezta. Geuk ezkondu bear dogu ta ez arek. Ni ibilli nazan tokietan asko ezkontzen dira elizara barik. —Elizara barik! Eta ori gura leuke berorrek? Obeto da garai onean jakin dogun. Sasiezkontzea gura leuke? Sasiko dala uste aldau geure Mañasi? Ez orixe, ta eztaukagu sasi-ezkontzetako, Españako erregaagaz izanda be. Txanogorrik azkenengo itzak bero bero eginda esan zituan. Etzan jakituna gure arrantzalea, baña bai biotz zindoaren jaubea; epeltxoa zan, baña siniste onekoa, Jaunaren bildurrean azia, Elizearen lege ta asabien oitura zarren alde bere bizitzea emongo eukean gizona. Orregaitik, bereala berotu jakon bere odol garbia, beingoan argitu jakon burua, aidabatean biurtu jakon biotza gogo batetik bestera. Maite dogun gauza bati min emon ezkero, gizonik epelenak azartu oidira; agirian dagoan egia begirik lausienekoak ikusi oi dabie, ta Txanogorriren siñiste maiteai min andia emon eutsien Indianoak eta agirian gelditu zan onen siñisteza, malmuzkeria ta Elizeari egin gura eutsan iraintasun okerra. Arrantzalearen emazte naigabetuak, bere ordurañoko errua ta Indianoaren gaiztakeria ezagutzean, dana lotsaturik eta garrazkeri andiren batzuk ez esatearren, gizonakgandik alde egin eban. Agintzallea zan etxean, baña kanpokoen aurrean ezeban geiegi sartu gura, ta geiegi sartuko zan, asi ezkero. Berak baño neurri obean senarrak esango eutsazan bear ziran egiak Indiano dongeari. —Gizona —jarraitu eban zaldun jantziriko baserritarrak— elizara eztoiazan guztiak eztira sasikoak. —Naikoa sasiko, Ama Eliza ta Aita Jaungoiko bagekoak dira ta. —A gizagaxoa! Olango Aitamen semea izanda beteko jatsu zuri patrikarea. —Ta zure lege barriak ondo beteaz zer irabazten dot? —Neure aitagiñarreba izango zara. —Bai urte batzuetan, baña gero? —Itxiozu gerokoari. —Bai gerokoak neu itxiko banindu. —Bizi zaite ondo aldozun artean. —Beti gura neuke Jaungoikoagaz ondo bizi. —Ze Jaungoiko ta... Etzaite txotxiña izan. —Oraintxe naz iñoiz baño gitxiago. —Txanogorri, gogoratuizu etxazula ondo etorriko nigaz aserratutea. —Ezta Jaungoikoagaz aserratutea be. —Ba, ba! Zuekaz ezin leiteke iñor entendidu. Neu en persona joango naz Bilbora. —Zetara? Gure Mañasigaz ulertuko zaralakoan? Alperrik, geure odolekoa data. Eztaukagu arimarik saltzeko. D. Jose Antonio, egizu kontu gure Mañasigaz da gugaz eztaukazula zer ikusirik gaurtik aurrera. —Eztaukatala zer ikusirik? Esto es demasiaro. Eta nik prestau neutsuzan milla errealak? —Uste dot laster biurtuko deutsadazala euren jaubeari —Ta Mañasiri emoniko anilloa? —Ori be biurtuko jatsu. Eztogu iñoren gauzarik bear. Trumoi soñoaren antzeko deadar lodi garratzakaz da bere aotik tximista goriak jaurtiaz urten eban Indianoak Txanogorrinetik. —¡Qué intoleransia! —ziñoan eskillaretan bera— ¡insivilisaos! ¡astokillos! Emen eztago gauza onik abade guztiai lepoa kendu ta eliza guztiak itxi artean. Neuk albaneu... Bitartean, gure senar-emazteok, alkarri begira jarrita, bata-bestearen naigabea gozatu nairik gelditu zirean. Euren ames-jauregi gozoa goi goitik beberaño etorri jakoen, baña etzan ardura, zerua etzan jausiko. Etzirean aberatsak izango, etzituen beti gura añako jaki ta jantziak eukiko, noizean bein estutasuntxoren batzuk igarotea be izan zeitekean; baña ordurartean be bizi zirean da, aurrerantzean be, lan piskat egin ezkero, biziko zirean beintzat. Antiguako Amari eskerrak emon bearrean egozan, otsoari belarriak agertu eragin eutsazalako. Indianoak judioa edo olangoa izan biar eban. Jesus, Jesus milla bidar! Toki onean geldituko zan euren alabatxoa aren eskuetan! __________ XXIII EZKON BARRIAK Andik egun batzuetara, Bilboko kalietan zear ebiltzan alkarregaz, dendaurretan begira, on itxurako gizon motz, gazte, sendokote, arpegi zabal bat eta bere ideko emakume argi, garbi, azkor, baltzerantxu bat, zituen jantzirik onenakaz biak, aterpetxu edo guardasol bana eskuetan ebiela. Ezagun zan, urriñetik be, erri txikiren bateko ezkonbarriak zireala. Atean atean geldituten zirean begira, bada ate danetan dago Bilbon dendea, salerosketea ta zer ikusia. Emen, danetariko oial-barriak arro arro; or, atorra zuri ta alkondara leunak tente tente; orain narru bigunezko oin-zorro edo zapatak goitik berako errenkadetan argi argi; jarleku, mai, oe ta ispilluak urrengo, etxea betean; ardao zar da erari mueta edo eringo guztiak arutsatxoago, piper, tomate, lukainka ta urdaiazpikoen ondoan tolostuta; gozotegirik ederrenak gero, gozozko gizon, aingeru, etxe ta eliza ta guzti; ta beste aldean ostera zidarrezko ontzi tresnarik ikusgarrienak ugari, urrezko orduari edo erlojuak eundaka ta kate apain dizdizariak millaka. Aretxek zirean dendak, aretxek! Zenbat diru etegoan Bilbon! Korreo kalean Au monde elegant izeneko denda eder baten aurrean bibo1iña joten egoan guzur-gizontxo bati barrez barrez begira egozala, billatu zituan Mañasik gure emakume ta gizona. —Aitaren, Semearen! —esan eban, kurutzea egiñaz—, Josepa! Artobero! Nondik eta ona? —Ementxe, Bilbo ikusten. —Neugana etorri barik? —Zeugana giñoiazan oraintxe. —Noiz etorri zarie? —Bart arratsean. —Ezkonduta alzagoze? —Bai, atzo ezkondu giñan. —Da neuri jakin eragin bez? —Zetako? Bagenkian Arranondora etorriko etziñalata. —Ezteust iñok be ezeren albisterik jakin eragiten. —Geuk dakarguz zutzat Arranondoko albiste guztiak, onak atan be. —Onak? —Ezin obeak. Atzo gure ezteguetan —jarraitu eban Josepak— gure lagun guztiak an ziran, zu izan ezik, zeu, lagunik andiena ta onena. Zu an etzegozalako utsune andia neukan barruan nik... eta besteren batek be bai. —Zeñek gero? —Anjelek. —Anjelek! —Bai, geure ezteguetan zan Anjel be, ta uste dot zu an izango ziñalakoan etorri zala geienbat. Lenago jakin izan baneu...! Onetan egozala txinel edo errizain batek dendaurrean ez geldirik egoteko esan eutsien iru arranondotarroi, gizadien ibillerea galerazoten ebielata; baña Josepak eta Mañasik ezeutsen jaramonik egin. Eztakit entzun eteutsen be, andik urriñean egozan da. Ezeukien orduan belarririk ezer entzuteko, ez bururik ezer ulertuteko, ez biotzik ezer gura izateko, Arranondoko gauzak izan ezik. Artoberok bakarrik esan eban Arenal aldera eskua luzatuaz: —Goazen aorrutz (ara orrutz) emen ezkagoz ondo ta. —Zer diñostazu? —itandu eban Mañasik. —Zeuk entzuten dozuna. Anjelek zeugaz ezkondu gura dau, ta laster egingo deutsu eskabidea, edo, obeto esateko, oraintxe egiten deutsut neuk, bere izenean. —Emakumea! Ezeidazu irririk egin zeu zorioneko zareanean. —Mañasi, noiz egin deutsut nik zuri barre? Noiz esan deutsut guzurrik? Egia, ni zorioneko naz, gizon langille on bat artu dot eta; baña zeu be bidean zagoz zeuk gura zenduanak gura zaituta. Aren aginduz edo esanez beren gurasoak emon deutsiez zuenai Indianoarentzat bear zituen milla errealak. —Neuk be baneukan orrenbeste... Anjelen aginduz!... Eskerrak emotekoa da... Ta zer esan deutsu? —Osterabe? Gozua alda albistea? Zeugaz ezkondu gura leukeala, orra, orixe. —Noiz, nun da zelan esan deutsu? Dana jakin gura dot. —Atzo, zalpurdi ondoan, da biotzetik ezpanetara jatorkozan itz egiazkoakaz. Zeugatik, bai, zeu ikusteko gogo andia neukan da; baña beragaitik batez be etorri gara gu Bilboraño, bada bestelan ezkiñan gu Durangotik onuntz igaroko. Bera egon jatan atzo, azken orduan, Bilbora ta Bilbora ta Bilbora etorteko jardunaz zuri esan deutsutana esateko. Pozik zagoz orain? —Josepa, au poz geiegia dala uste dot niretzat. Ezin ziñistu daiket. Zelan izan leiteke ori Anjelek eta nik alkarregaz bein bakarrik itz egin badogu? —Jaungoikoaren gauzak, Mañasi. —Ta nondik edo zegaitik eten da Antonigazkoa? —Patxi ta Perugaitik. Batak eta besteak Diputau edo orretariko agintari izan bear ebalata, erri guztia nastau dabie: Jakingo zenduan. —Bai, zerbaiten entzutea badot. Artobero, ordurarte ia itzik egin ezeban Artobero ixilla, Arranondoko aserrien oiarzuna balitz lez, sartu zan autuan: —Patxiren aldeko guztiak zenrzubakoak dira, Mañasi. Eztago Peru lango gizonik, ona, errikoia, jakintsua, emollea da Peru. Bestea barriz edozer gauza, badakizu zer dan edozer gauza? Orixe da ba. Perutarrak gara gu, ta Anjel be bai. —Ondo da —erantzun eban Mañasik— baña bere aritik eruan nai eban autua, ta Artoberok edegi eban bideari jarraitu barik, —Eta eraztuna? —itandu eutsan Mañasiri. —Ai! Barre andiak egin doguz eraztun orregaz. Zuk Arranondora bialdu zenduanerako, erri guztiak jakin eban Baserritar Mutilzarrari emoniko kalabaza barrien albistea, ta emakume ikusmin asko izan giñan zuenean eraztun ori ikusten. Ikusi orduko berialaxe esan eban Azeritxuneko Petrak:—Ene! Neuk euki nebana berbera da. Neuk lenengo ta Birigarroneko Mikallok urrengo, Ja jai! Etxerik etxe erabilteko erosia izango da.— Gero barriz, otu jako Tramanari bere eskuetan euki bear dabela, sartu dau bere beatz lodian, señora balitz legezko itxura ta ziñoak egiten ibilli jatzu ta, azkenean, ezin inondik iñora biatzetik atara. Zure aitaren estutasunak, Tramanaren arraiuak, gure algarak zelangoak ziran! Tramanari atzamarra ebagi bear geuntzelata ibilli giñan, olgetan. —Baña emongo eutsien eraztuna jaubeari? —Bai, emakumea, bai, ta oraindik askoren eskuetan ibilli bear dabela deitzot. —Ederra zan ba! Egunero ipinten neban eskuan, guztiz ondo jatorkidan, da egia esaten deutsuet, eraztunagana zaletu egin nintzala uste dot. —Bana Indianoagana etziñan zaletu. —Ez, ori ez. Alperrik gure etxekoandreak egin ditu egiñalak eta esan deustaz esateko guztiak, nire biotzean ezin izan da sartu Egurbideko gizon ori. —Jakiña ba. Bestea zeukan biotzean da... —Baña, Josepa, benetakoa eteda Anjelen eskabidea? Zer deritxozu? —Barriro be lengora? Eztotsut ba esan biotzetik ezpanetara jatorkozan itzakaz esan eustala? —Ta zuk zelan dakizu? -Ikusiagaz. Orreik gauzok arpegian ikusten dira. Ondo siñisgaiztokoa zagoz zeu. —Ia ba, Antonigaz be bi aldiz ibilli da ta. —Baña ez gogoz. Berak autortu dau. —Berak autortu! Ai, Josepa! Ondo esan dozu len: Jaungoikoaren gauzak dira oneik. Jaungoikoak entzun deustaz nik Begoñako Amaren bitartez egin deutsadazen arrenak. Siñisgaiztokoa nagola diñozu, baña eztot nik egundo siñistea galdu. Ziur ziur zenkizula ta Antonigaz ezkontzen zala esaten zeunstanean be, nik baneukan neure arima barruan eztakit nondik norako siñistea ta itxaropena. Gauza miragarriagorik nai dozu? Nik eztakit noiz artean egongo ziran autuan gure ezagunok, beti lelo bati eragiñaz, non egozan be aztuta, bertan bera sartu zan aize indartsu ta euri zaparradeak igitu ezpalitu. Aizeak zabundu zituan gogotik Ondartza edo Arenal-eko zugatzen adarrak, jaso zituan lurretik odeien itxurako autsak, itxutu ebazan joan etorrian ebiltzan gizadiak, kendu ebazan buruetatik ondo sartu bariko gizon-txapelak; eta aizearen atzetik etorri zan truxuak sartu eragin eutsien zalapartaka bebarruetara kafe aurretan jarrita egozan gizon guztiai. —Jesus! Auxe da egualdia! —esan eban Mañasik, Done Nikolas ondoko aterpera akitika eldu zanean—. Arratsalderako onduko dau, Artobero? —Baietz uste dot —erantzun eban onek. —Nai neuke beintzat. Zuei laguntzeko baimena eskatutera noa ni. Arratsaldean Begoñara joan bear genduke, ta olango egualdi txarragaz... —Egualdi txarra? Lurraldean eztago egualdi txarrik, aterpeak dagoz da. Itxasoan dira egualdi txarrak, eta jum! gaurkoak gogor joko dabela uste dot. __________ XXIV ONDAMENA Bigaramon goizeko seirak aldean, aspaldietan euki eban baño lo gozoago bat eginda Mañasi oetik jagi zanean, Bilboko albistari saltzalleak bebiltzan batera ta bestera ariñiketan, kale ertz guztietatik eztarri erreakaz indarrez deiezka... ¡ciero bilbainooo, con la catástrofe del Cantábrico! E? Zer gertau etezan itxasaldean? Zer? Sarritan oidana. Bilboko uri barruan gizadien autuak eten, Arenaleko abeak zabundu, gizonen txapelak buruetatik eruan, esku aterpeak azpikoaz gañera ipiñi, zabalik egozan ateai danbadak emon, leiar edo kristalak zatitu ta kezulo edo tximiniren batzuk kalera jaurti ebazan ekatxak, itxasoaren erdian erakutsi zituan askozaz obeto bere alizate ta gogortasun guztiak eta bertan galdu ainbeste gizon eder, mendean arturiko itxas-langillerik geienak. Errukarriak Kantauriko arrantzale maitegarri zintzoak! Osasun andi ta egualdi girorik onenagaz urten ebien, goizean goiz, euren etxietatik; itxas barruan ikusi eben eguzki garbiaren jaiotza pozgarria; itxaropenez beterik jaso zituen txalopetako oial zuriak, bakearen eskaleak balira legez da aizeak euren bidean lagundu eioen; janbearrak eta irabazinaiak emoten daben gogoagaz erabilli euezan erramuak zoli ta biziro; ta ezeren peku ta bildur barik, alaitsu ta pozkor, eldu ziran arrain-tokira, etxadietako janaria an egoalakoan. Ai! Ezeben janaririk aurkitu: galdumendi, azken orduko ta ikaragarrizko eriotzea idoro euen gizagaixoak. Jagi zan, nondik eta zelan eztakit, an nonbaiten ezkuturik bere orduaren zain egoan erruki bageko itxaski amorratua; zabaldu zituan izpi baten, beren ego azkar, luze ta sendoak; iges egiteko astirik emon bage, artu ebazan txalopak inguru guztietatik, sare andi batek arrañak artu oi dituan eran; erabilli ebazan lenengo tatarrez, urruingarri, dardaraka, bultzadarik gaizto gogorrenagaz; ausi, ataldu ta birrindu eutsiezan gero arraun, maste ta aize-oialak, paperez da zotzez egiñikoak bailirean; intxaur oskol uts batzuk baizen errez, itzulastu zituan laster gizon irmez beteriko arrainpotiñak; eta sartu zituan, azkenean, alzituan guztiak ainbeste illoi daukazan itxasoaren kolko barruan. Arrantzale batzuk, oraindiño, igari egin eben zerbait itxas irakin esnetuaren gañean; berezko bizigureak emoten eutsen azkortasunagaz jasartu ziran gogotik truxu ta bisuts, aize ta baga indartsuen kontra; ibilli ziran eten arteraño ur azalean gora ta bera, itxasoak atxetara jaurti oi dituan abe zakarren irudira; eskatu eben arren! Jaungoikoaren izenean! lagundu eioela norbaitzuk estualdi ta il-zori arrigarrizko atan, baña alperrik! Arrantzalien alarau mingarria ekatxaren il-soñu garratzean galdu zan betiko! Ezin eutsien iñok laguntasunik emon. Lenengo unetik ondatu bageko potin bakanak, tximista gorria baizen arin joiazan ekatxaren aurrean ekatxak gura eban tokira, nai ta naizko dsaustada, gora bera ta joate bildurgarrikoan, eriotzearen txistu, arnasestu ta deadarra aldamenean eroiezala; ta ezin eben ezer egin ur gañean igari ta oiuaz egozanen alde. Potiñetakoak eurak eioazan laguntasun bearrean; eurak arrenez Aita Jaungoiko ta Antiguako Amari; eurak karel baten gañean, oker, larri ta noiz ondatuko, aleben giñoan igesik, arerioa urrean daroien gudari garaituak joaten diran antzera... Geienez be sokaren bat jaurti eikien da jaurtiten eutsien ai zelango gurari ta biotz onagaz! euren bidean billatzen zituen lagunai, baña txalopearen abiadea kendu? Nai eukien tokira eruan? Gura eben lekuan gelditu? Ekatxari arpegia emon? Zeñek? Zelan? Nondik? Nongo indarrakaz? Ezin zeitekean gauzea zan. O! Ta azkenengo txalopea, lur azpian sartzen dan suburdi keitsuaren gisara, ur-laño tartean ostendu jakoenean zer zan amaigabeko urzelai atan gelditu ziranen atsekabea! Zelangoa euren bakartade ta argaltasuna itxas-eremu edetsuaren erdian!... Odei baltz lodiak eukezen goialdetik, eta odeiai ezin eutsi; zingo andiko ur gazi aserrea beian, da ur orren azalean ezin geiago iraun!... Ito egin bear nai ta nai ez! Orduantxe amaitu zan arrantzalien pentzuda ona, orduantxe artu euen azkenengo etsipen negargarria... Bakotxak beren etxekoai biotzeko agurra ta Zeruko Aitari arimako eskari bana egin eutsien, iges egin eban adoreak euren besoetatik, etorri jakoen begietara beti betiko loa... ta ondatu ziran, bata bestearen ondoren, ur-azpiko illoi sakonean. Etziran lenengoak eta etziran azkenengoak izango. An egozan, nonbaiten, lenago antziñatxu joandako lagunok, azur utsetan, ondar barruan estaldurik: an egozan sartu barriok, ondar gañean etzinda, ta batzuk burua beian ipiñi orduko bajoiazan bestiak goitik bera, isil isillik, como corpo motto cade, ildakoak beti daroen ixiltasunagaz. Iñoiz ez añakoa zan egun atako ondamendi ta galdumena. Ondarrabiatik asi ta Santurzerañoko euskal itxaserri guztiak eukien zeri negar egin andia, baña batez be Bermeotarrak, Elantxobe, Lekuito, Arranondo ta Muturzulokoak. O! Nok esan leike itxaserrietakoen samintasuna euren ezbear gaiztoa jakitean? Onek bere aita ona galdu eban, arek bere anai langillea, urliak bere senar maitea. Guraso asko gelditu ziran seme barik, emakume asko alargun, gazte asko umezurtz, zer janik ezta... Beingo baten zabaldu zan Bilboko uri danean barri txar ori. Erri guztiak beste zer esanik ezeukan. Eskutik eskura ebiltzan paper albistariak lagunterien albiste-gosea asetu eziñik. Irakurle guztiak egozan arriturik eta albiste bakotxaren ondorean zeresan barri bat otuten jakoen. Danak zirautsen sarritxuegi ondatzen zirala Euskalerriko itxasgizonak, ausarditsuegiak ziralako ta urriñegi joaten ziralako; neurriren batzuk artu bearrean egozala agintariak; onenbeste zabalera ta arenbeste luzerako potiñak eragin bear jakoezala, ta estakit nik zenbat beste olango ipuin. Baña orreik gauzok geroago erabagitekoak zirean. Aurrenengo beintzat diru mordoskada bat batu bearko zan zelanbait, gosearen ate ondoan jarrita gelditu ziran gizagaixoentzat. Edonungo beartsuei laguntzen ekien bilbotarrak ainbat geiago lagundu bear eutsiela euskaldunai, ziñoen zaldun batzuk, eta berbetatik eruan bear ebala bakotxak bere oparia paper albistarietara; beste batzuk, eurak ondo jolastu barik eta txanpon bakotxari koipea kendu barik ezer emoten ezekienak, danen artean batzarra egin bear zala esaten euen, dirua zelan batu ta zer jaialdi egin ondo erabagiteko. Bereala otu jakon norbaiti etzala jairik txarrena izango zaldunak eurak kalerik kale eskean urtetea, zaldiz, burdiz da oñez, asabien egunetako jantziakaz, gertaldi zarrak gomutauaz, ipuin liburuetako gizonen irudira. Eintzakotzat emoten ebien geienak kalietako ibillerea: urlia izango zan Lekobide ta sendia Lartaun, bata Don Pedro Erregea ta bestea Don Juan bere anaia, au Marte ta ori Erkules, orrako gizona Kijote ta arako mutilla Santxo... Santxo! Kijote! Ja jai! Alagalakoak ziran orretarako orkoa ta emengoa. Barregurea etorkoen gogoratuta beste barik, eta barrez egozan zalduntxo batzuk, barrez negarrak legortzeko asmoetan ebiltzala! Etzituan ain laster ulertu Mañasik kalekoen autuak. Iñoiz baño beranduago jagi zan egun atan, ezeban Mezatara joateko astirik artu, ta etxaldeko arlo zeregiñetan ebillen egundo baño azkarrago ta pozago, barru alai gozoak emoten eutsan maraztasunagaz. Leiotik Arenalera begira egonda, bazala nunbaiteko ezbearren bat etxeko lagunak esan eutsanean, «Somorrostro aldekoa zerbait», erantzun eban gure neskatilleak, «jakingo dogu lanak egindakoan»; baña, geroago, zer edo zer itxasaldekoa zala esan jakonean, gauza guztiak bertanbera itxita urten eban leiora inguruetako neskame guztiai zer zan galdezka. Poza ta naigabea ezin leitekez alkarregaz bizi. Geu pozik bagagoz, naiz onak eta lagun-urkoaren edo geidearen maitaleak izan, leku gitxi euki oidau gure biotzean iñoren naigabeak, zenbat eta pozago, ainbat eta gitxiago. Egi zaleak bagara esan daigun egia: geu pozkor bagablltz, ezta iñoren naigabea gure mingañetik barrura sartzen, geientsuetan. Mallak eta neurriak daukaguz onetarako. Iñor ori ezezaguna edo urriñekoa bada, bere naigabietan iñor ez balitz legez begiratuten deutsagu, ta orduan mingañak berak be zer esanik eztauka. Inor ori urrekoa ta ezaguna bada, orduan mingañak zer esan batzuk badaukaz, itxureagaitik bada be. Iñor ori geutarra edo ingurukoa bada, orduan mingañak gauza bigunak esaten ditu, arpegiak illun samar ipinten dira, begiak malkoren bat bota oidabie ta zerbait egin daroagu geutarren alde. Baña iñor geu bagara, geurea edo geure odolekoena bada naigabea, orduan naigabe ori biotz guztiaren jaube egiten da, bene benetako malko-ari mingotxak isurtzen ditugu, ta ez bakarrik eztauka lekurik bestien pozak gure barruan, ezpada ze mingostasun barriak emoten deuskuz. Olango zerbait igaro jakon Mañasiri. Pozik ebillen, oso pozik, eta gertaera gaiztoa Somorrostrokoa zala uste izan eban artean ezeutsan gauzeari gora andirik emon, bada toki orretan ezeukan iñor ezagunik eta ezezagunak beti dira urriñekoak; baña jakin ebanean itxaserrikoa zala ezbearra, artega, nabarmen, kiriotsu, zalapartaka ta itsumustuan jatsi zan kalera albistari baten billa... Artu eban bere eskuetan albistaria, begiratu eutsan, arnasa batean, goitik barreneraño; baña dardaraz egoan, lausoak eukazan begiak eta ezin eban ezer ikusi. ¡Horrible hecatombe! ipinten eban paperak letra andi baltzakaz. ¡Horrible hecatombe! ¡Más de cien ahogados! Ai ene bada! Ai ene! Nongoak ete ziran gizon itoak? Bermeokoak berrogetak, Elantxobekoak amalau edo amabost, Lekuitokoak ezekien zenbat... Ez aletorren Arranondoko barririk?... A! Bai, an egoan bazter baten Arranondoko erri nagusi edo alkateak bialduriko albiste mingarria ta Sardinzarren txalopako guztiak ondatu zirala ziñoan!... Danak ito zirala, danak, eta antxe zan Anjel! Bekokian mallu bategaz jota legez jausi zan lurrera Mañasi, albiste ori irakurri ebanean. Jaso eben auzoan egozan emakume ta gizon batzuk, zein zan galdezka, ta bere etxeko atezañak erantzun eutsien: —Arrantzale baten alabea da. Gaixoa! Aita edo itoko jakon. __________ XXV ELIZKARIAK EDO ELIZ-ARRENAK Bere konortera etorri zaneko jagi ta jantzi zan Mañasi, ta etxekoandra errukitsu ta nagusi onaren esanei jaramon barik, buruko uleak bekokian bera zituala, anpolaiak baño begi gorriagoakaz, zoro baten irudira, zotinga ta negarrez, Arranondorako zalpurdia artu ta urten eban, Bilbotik orduan urteten zan lez, Atxurin gora, Miraflores-tik zear, Zubi-barriruntz. Zalpurdi atan joiazan beste bidezkoak bekien nunbait zetatik etorren neskatillearen naigabea, bada baziarduen euren artean, ixiltxu, baña itz bakar bat ezeutsen esaten Mañasiri. Ondo egiten ebien: atsekabearen lagunik onena errukizko ixiltasuna da. Ezeban gura be Mañasik iñogaz elean jardun: naikoa zer esan da zer entzun baeukan bere barruan. Ezeutsan iñori arpegirik emon be. Zalpurdi-leiotik begira joian solo, zelai, mendi ta erriak ikusiaz. Egualdi ederra egoan. Larrain zabaletan ekusan aguratxoak, azmantarrak ipinten edo abarka zarrai txopitea josten; lur langintzan nekazariak, idi buztartuakaz aidaka; solo ertzean jarrita, edo errekastoaren ondoan auspez, ume sostorrak, lora sortatxoak egiñaz; ordeka erdian bei gorriak bedarra jaten mana edo patxadarik andienagaz; mendi egaletan artzañak euren artaldetxoai begira, ta mendi goi gañean zaldi ta beor askatuak irrintzika... Dana egoan bakean, dana Mañasiren arimea izan ezik, eta bestien bakeak berak min barria emoten eutsan neskatilleari. Idiak atzetik eroien golde ortza biotzaren erdian sartzen jakon burdiñea zala esango eukean... Zornotza aldeko baserritarrak ezeutsien garrauzi andirik emoten arrantzalien ondamenari, edo ezebien oraindik ezer jakingo... Ez, ezeuen jakingo; baña jakindakoan be, orduantxe ziarduen legez jardungo euen lanean... Bearrak eragin. Itxasaldeko ondamena gora bera, gauza guztiak euren bidean joango ziran. Bestien naigabeak min emonarren bakotxak geure arretak izan daroaguz... An ikusten eban Mañasik, aurreratxoago, Anbotoko atxa, gogorra, legorra, arrizko biotzduna, gizonen gauzakaitik ardurarik ezeutsana... Ta olantxe egongo ziran ajolagabe urriñaldeko gizadiak, ez euren zeregiñetan bakarrik, baita euren jolasetan be. Egunerokoa da norbaitzuk negarrez dagozanean beste asko barrez egotea... An agiri zan, gañera, Urkiolako baselizea. Baseliza orretan, Done Antonio miragillearen bitartez, ainbat euskaldunen zauriak sendatu zirean, ainbat samiñak ezti biurtu... Egingo eukion Doneari bederatziurren beroa Mañasik, onen gurariko mirari barri baten ordez. . . Bai, ta ez Done Antoniori bakarrik, baita Antiguako Amari, Iziarkoari ta Begoñakori be... Durango aldean bekien nunbait albiste dongea, zerren erri atako gizadi onak izu ta baltz egozan, aldratxoetan, iñoiz ez legezko jardun bizi arduratsuan... Arrangiz gañean negarrez ikusi euen gure zalpurdikuok bide-ostatuko andrakumetxo bat, ostatu orretan sarri gelditu oizan astodun baten semeak ito ziralata.., Markiñan barriz guztizko kerizpe ta illuntasun andia idoro ebien; bada Markiñarrak Arranondotarren lagun andiak eidira beti. Zenbat eta itxasotik urrerago, ainbat eta atsekabe andiagoa ikusten zan, baña ez Arranondon langoa. Ai! An berbertakoa zan naigabea, oso egiazkoa, bene benetan sakona. Mañasi Arranondon sartu zanean, uri maite onek illerri andi bat zirudian. Aizearen izpirik etzan iñondik sortuten; itxasoa, bere egikereagaz damuturik legez, bare ta baketsu agiri zan; ontzitegiak langille barik ikusten zirean; potiñak alkarren ondoan tolostuta; dendak itxita; gizonak, jankar da nakar, soñeko baltzak jantzirik; emakumeak, indarga ta zurbil, buruko oialak jazten elizarako; biotz guztiak egozan minbereak, aoak ixil ixillik, begiak malkoa erioela... Itandu be ezeutsan iñok egin, Mañasiri, errialdera zetara joan zan: ezegoan itandu bearrik. Iñok ezeutsan ondamenaren geiagoko zerzeladarik esan be. Zetarako? Gure neskatillea ikusteaz batera negar egin eben gurasoak, negar aideak, negar adiskideak, negar ezagunak. Negarra bera da naikoa esale. Danak joiazan elizara, itoen onerako elizkariak orduantxe asten ziran da... Eliza guztia atietaraño bete ta gero, udaletxeko agintariak euren betiko aulki luzean jarri ziranean, Eliz-gizonak, bigun, illun, astiro ta samur, Regem cui omnia vivunt, erestu eben, Regem cui omnia vivunt, venite adoremus, da Arranondotar guztiak, elizmai aurrean belaunikoturik, otzan, apal da makur, zigorkada mingarria artuta egonarren, Jaungoikoaren neurribageko anditasun, gauza guztien gañeko eskubide, itxasoetako agintaritza ta etorkirik oneneko Jaubetasuna autortuten euen. Abadien esana osoro ulertu ezarren, danak egozan, arima arimatik, arein esanagaz batean, danak gurari ta eskari bardiñekoak, danak zirautsien biotz barruan Jaungoikoari: «errukitu zaite, Jauna, gure gaixotasunagaz; sendatu gaizuz, bada azurretaraño gagoz ikaraz. Requiem aeternam dona eis Domine, et lux perpetua luceat eis, ziñoen gerotxuago abadeak, eta eliz barruko guztiak ziñoen biotzean orixe bera: bai, emoeiezu, Jauna, ito diran guztiai, beti betiko nekerik eza, atsedena, atsegiña, Zure argia ta arpegi ederra ikustea. Onetan egoan gure Mañasitxu, auspez bera, armiñez gaixoa, larritasunik baltzenagaz, urtu bearrean, arako baten, begi malkotuakaz elizmaira begira egoala, ikusi ebanean aurrez aurre, erri-agintarien ondoko aulkian gizon bat, gizon bakarra, bada beretzat ezegoan beste gizonik iñor: Anjel... Jesus! Jesus maitea! Jesus ona! —esan eban berarengo, begiak igortziaz—. Zeruko agermena da? Irudimen utsa? Ames barria?... Geundurik ete daukadaz begiak? Lausoturik ete nago?... Ez, ez, ezta irudimena, eznago lausoturik, egia dakust, Anjel da! O! Antiguako Ama kutuna, Aita San Antonio errukitsua, zelan erantzun neikizue? Baña ezaltzan ondatu Sardinzarren potiña? Nondik etorren bada Anjel elizan egotea? Gero jakin eban Mañasik jazoera miragarrizko au. Ekatxa, igarri barik, arrantzalien gañean sartu zanean, lenengo joteagaz batera ipiñi eban azpikoaz gora Sardinzarren txalopea, ta barruko gizonak, ur azalean alegiñak egiten oso mekotuta gero, ito egin ziran, Anjel da Sardinzar izan ezik besteak. Sardinzar, semeak atara eieban bizirik. Seme orrek orduan egin ebana ezeidau egungo iñok egin. Ezegoan arrantzaleai entzutea baño. Lenago be zerbaitekotzat baeuken Anjel bere errian, baña une atatik aurrerantzean, aren egikerea zabaldu zan ezkerotik geiago, beste iñor ez legezkotzat daukie. Elea zirudian. Gure mutil ori, bere burua, zelan ezekiela, itxasoan idoro ebanetik naikoa laster, aita zarra beragaz eroiala, eldu eizan zearretaruntz, ekatxaren igesik joian potin bateraño, guztiz unaturik, eta potin barruan sartu be bai, Jaunari eskerrak emonaz; baña ikusi ebanean aitak ezeutsala sokeari ondo eutsi ta itxas gañean gelditzen zala bagaen jolaserako ta arrañen janaritzat, geiagoko barik, lagunen esanei belarriak itxi, oratu gura eutsien adiskideak tostapera jaurti ta murgildu eizan barriro gurasoaren eske Kantauri aserratuaren erdian. Geiegizkoa iruditu jakoen Anjelen lagunai aren egitadea. «Jakin berak —ziñoen— potiñaren abiadea ezin geinkeala gelditu, jakin iñungo laguntasunik eztaukiela, ta alan be uretara. Orixe da norbere bizia ez maite izatea». Txalopakoen begietatik beingoan ezkutau eiziran aita-semeak, eta orduan asi eizan bien arteko eztabaidarik eziñizgarriena. —Astakeri andi bat egin dozu Anjel —eizirautsan aitak. —Alperrik da orain ezer esatea —semeak. —Itxi eidazu, seme; joan zakidaz emendik norabait, indarra daukazun artean. —Ez olangorik. —Biok galduko gara. —Ez, aita, ez bildurtu. Jarri neure bizkarrean neuk jasoko dot eta. —Zeure bizkarrean! Zeu ondatuteko! —Ni ondatu? Ezta... ezta... Egundo baño sendoagoa nago. Eruango neuke nik orain lepoan geure etxea be. Ta zetako dot sendotasuna berori eriotzatik atarateko ezpada? —Sendoa bazara, sendotasuna nun emon badaukazu. Eznazu zurituko... Iges egidazu, Anjel, maite zaitut eta. —Egia diñotala, aita. Nik gaur daukatan indarra...! Eztau ikusten emoten dotan besakada zolia? Aufa! Auxe da gaztetasuna! Auxe da sasoia! Tira, aita, ipiñi eskuak neure samatik, sorbalden gañean ezarri ondo, ta betor aizea, betor erausia, betoz olatuak. —Antiguako Amak lagundu dakigula. —Bai, aita; beragan daukat neure itxaropena, ondo daki berak, sarri esan deutsat eta. Ordu bi osoan ibilli zan gure gazte umantkorra bere gurasoagaz zamaturik, itxaso aserratuaren erdian, bakartaderik itzalenean, izatekorik trebe, zail, zoli, ta zimelen, ausardi ta gaitasunik andienean; atuna baño azkarrago, izurdea baño gogorrago, balea baño adoretsuago; ona ta orra, gora ta bera, azpira ta azalera; ekin da otoitz, arren da igari, saiatu ta esetsi; bagen erditik bideak edegiak, ekatxari betondo baltza ipiñiaz, gesala galanto iruntsiaz, aotik birikak boteaz; neketik indarrak atara guran, ur barruan must egin bearrean, ur gañean arnasarik artu ezinda; eriotzeagaz burruka, bernadaka, besadaka, ukabilka; noiz etengo, noiz lertuko, noiz amaituko, noiz ondatuko; baña irme beti, burua gora ebala, laguntasunik etorren ikusi guran, ur geiago aoan sartu etxakion, aita gizagaixoak etsi ezeian... arako baten, ia albetan egoala, Jaungoikoak ala naita, nunbaitetik agertu zan txalopa batek aita semeok bizirik artu zituan artean. O! Zer ikusteko goitandia Sardinzarrek eta semeak Kantauriko itxasoan euki eroena! Zer eredua, zer adibide jakingarria, Anjelek, gurasoari zor jakon maitetasuna erakusteko, egun orretan erakutsi ebana! Zein andia, zein neurribage ona ta txalogarria zan mutil au! Ta alan be, ezer egin ezpaleu lez ebillen Arranondoko iri edo kalietan. Kantauriko umant apalak! Uskeri baten euki daroezu, batzuetan, zuen arrotasuntxoa, ta egitadarik andienak eztituzue aintzakotzat artzen. Iñok eztitu itxas barruetako zuen lanbide garratzak eta ibilbide leñargiak ikusten ondo, ta gitxik goratuten zaitue bear dozuen añan; baña Jaungoikoak dakus zeru goietatik eta berak goratuko zaitue egunen baten. Berak dauka zuentzat gordeta azkensari ederra, ez erramuetan, igarian edo arraña joten dakizuelako, ezpada eruapen andiko ta biotz oneko kristiñau zintzo ta egiazkoak zarielako baizen. Jaungoikoagaz batera jaso nai zeunsket nik neure aldetik, eta ara emen orretarako geienbat egin dotan KRESALA. KRESALA zuek jasoteko, zuek ezagutuagoak, errukituagoak eta maitetuagoak izan zaitezen sortutako liburutxoa da. __________ XXVI ESKERTSU Ederrak dira gure euskal mendiak. Ederrak eta sendoak eta iraunkorrak. Zarrak izanarren gazteak dirudie. Beti dagoz bere berean, beti era batekoak Jaungoikoak dakien gizaldietan. Gure aitonak ostera jaioko balira, ezlitukie euren ondorengo asko ezagutuko beste iritxikoak biurturik eta beste itxurakoak dagozalako; baña mendiak bai: mendiak eztira aldakor, lengo lengoak dagoz, beti batean. Izakera bat legez jazkera bat daukie: berdea udabarritik udazkeneraño, lañuzkoa edo edur zuriz egiña neguko egun batzuetan. Beste soñekorik eztaue jantzi egundo. Bai, ederrak eta maitegarriak dira. Mendian dagoz aizerik osasuntsuenak, mendian usañik gozoeneko loratxoak, antxe iturbururik garbienak, bertan eztitsuen erestu daroen txoriak. Maite ditu eguzkiak gure mendiok, eta sortaldetik jagiten danean, eurentzat izaten da bere lenengo argi errañuaren txera epela, ta illunabarrean, beterri guztiak, ondamutsuen antzera, añutsu gelditzen diran orduan, mendi tontorrentzat izan oi da eguzkiaren azken agur biguna. O! Neuk be maite ditut gure euskal mendiak, ez bakarrik ederrak, iraunkorrak eta geureak izatearren, baita geiago, askozaz geiago, kurutzearen arroñak diralako. Begiratuizu goialdera, irakurlea. Ara or Gorbea, ara or Aloña, ara or Aitzgorri, ara or Ernio, mendirik andienak baño besterik ez esateko; danetan dakutsuz kurutzeak, besoak zabalik. Euskaldunak jaso ditue euren siñistearen agergarritzat. Baña estakutsuz kurutzeak bakarrik. Ama Mariaren orube ta jauregitxoak ikusiko dozuz, gañera, Guadalupen, Arantzazun, Arraten, Iziarren, Antiguan, Begoñan, alderdi guztietan. Ia erri danak jaso deutsie eurena Ama Mariari. Arranondok ibaiaren alderdi batetik dauka bere Kurutzemendi, beartsuen bizitzea legez aldats andikoa, gatxa ta latza, ta mendi barrenetik asi ta gallurreraño, gaztaña, pago ta aritz tartean, agiri dira kurutze astunak, gizonak zerura bidean eruan bear dituanen irudikoak. Gain gañean dago kurutzean josiriko Jesus Jaungoikoaren baselizea, zuri zuri. Ibaiaren beste aldetik ikusten da, Kurutzemendi baño askotxu berago, Antiguako Amaren orubea, malkoen legorlekua, naigabien gozategia, Arranondoko oneraspen andi, sakon, egiazkoaren barri dakian jauregi maite maitea. Bada, euskalerriko uri guztiak oneraspen andikoak izanarren, Arranondo da, ez iñor aserratu, oneraspenik geienekoa. Nun nai ta edonoiz erakutsi dau. Orain dala bostenbat urte gure Begoñako Amari urre ta arriargitsuzko aroa buruan ipinteko jairik ospatsuenak egin jakozanean, an joan ziran, itxasoz da legorrez, ankazurra jaso alizan eben arranondotar arrantzaleak, eta liburuetan dabiltz eurak orduan Ama Mariari egindako maitetasunaren agermen beroak. Igaro dan urtean, Erromako Aita Doneak alan gura ebalako, Maria Garbiaren elizetara Euskalerriak egin dituan joan-etorrietan, an izan dira beti gure arrantzaleok aurrenengo: Iziarren, Arraten, Arantzazun, Begoñan, edonun. Eliz jai aldiak dagozan toki guztietan agertuko dira beti arranondotarrak beste errietakoak baño errezago, ugariago, pozago ta gogotsuago. Baña batez be 1904-ko Agorraren 22-an urten ebien eurenetik. Erabagita egoan, inguru guztietako eliztikoak, euren abadeakaz batera, egun orretan Antiguara joatea ta Antiguako Ama Garbia berbera baselizatik uriko enparantzara erakartea. Orregaitik, aurretiaz ebiltzan erritar guztiak, gazte ta zar, emakume ta gizon, morroi ta zaldun, abade ta arrantzale, dendari ta jostun, ioranik sutsuenagaz erria ta elizak iñoiz baizen obeto apaindu nairik. Lortu ebien egundokorik ondoen uri dana edertutea. Bere maitea ikusteko jazten dan maitea legez, ezteguetarako txukundurik dagoan gazte baten antzera, erregiñari ondo-etorria emoteko apaintzen dan uri baten irudira, ikusgarriro ornidurik egoan Arranondo Agorraren 22-an. Bazter danak ispillua baño garbiagoak eukazan, iri edo kale ariak usain gozozko bedarrez estalduta, zatar itxurako orma zarrak oestalki ederrakaz gordeta; etxe-leio guztiak oial zuri ta urdiñez, loraz da landaraz jantzirik; ibaiko potiñak eta eliz gañen jirak mueta guztietako bandera-kaz apaindurik. Erri-sarreran, eliz ondoan, Antiguako kalean da pelota lekuko ertz baten mako guztiz politak egozan, batzuk, zugatz adar da ostro berdeakaz oso itxuran egiñak. besteak, sardin sare, itxas aga ta txalopa masteakaz egoki tajutuak. Pelota lekuaren erdi erdian ipiñi eben meza nagusirako elizmaia, ta aren gañean, argiz beteta, estalpe zuri aberats bat goitik ebala, Maria Donearen urrezturiko jarlekua. Etzan eliz-barruan auzoerrietatik etozan gizadientzat aña toki, elizea bi aldiz andiagoa izan balitz be. Erbestekoak, egundo Arranondon izan etziranak, zurturik egozan ikusten ebien edertasunagaz. —Au ezta guri esan deuskuen erria —zirautsen—. Arrainsundadun uri koskor bat zala ta... Amarrua egin deuskue guri... Erri au, beste edozein añakoa edo obea da. —Gaur bai beintzat —niñoan nik—. Garbitasunean da jazkera onean dago edertasunik erdia, ta auxe dagoan baño itxurazkoagoa beste bat aurkitutea ezta errez. Aspaldietan enintzan Arranondon izan ni, ta bertako neure ezagunen barriak jakiteko asmoa neroian: baña alperrik. Ni eldu nintzanean, Andre Maria ta Andre Maria baño beste auturik ezebillen erri atan. Betozan ordurako, kaleak betean, Berrituko gizon morroskoak eta emakume galantak, bularren gañean Antiguako Amaren irudiak zituela; agertu ziran gero Markiña, Jemein, Goibar, Etxebarria ta Zigarrotzakoak; igon eben danak, aldizka aldizka, Antiguaraño, soñu gozoak joaz, Ama Mariari ikuste bat emotera; ta guztiak agur biguna egin eutsenean, eldu zan Mariaren irudia errira jasteko ordua. Une atatik gertaurikoa ezin leike nire luma kaskarrak zeaztu. Kanpaiak, txupiñak, eresiak, soñu joteak, txaloak, goramenak, bizibediak; atsegingarrizko durundi, zunburrun, ots, alaio, deadar guztiak, danak asi ziran batera, biotza taupadaka ipinten eutsien nasterik eztitsuenean. Arranondotarrai zoratu bear jakoen. Ainbeste urtean ezeuen ikusi Andre Maria maitea baselizatik kanpora, ta egun gomutagarri atan kalean bera etorkoen, soñekorik onenagaz jantzita, eliz-gizon gaztien sorbaldetan, ain ederra, ain biguna, ain maitegarria. Ezin zituan narruak artu ango gizadiak, ezin gorde ebien euren barruko zarradea, estanda egin bear euen, pozak urteten eutsien begietatik, maitetasuna jariokoen aotik. Soloetan, zugatzetan, atietan, leioetan, kale-ari guztian gizaldra ugariak agiri ziran besoak jasoaz, oiuka, eskarika, oparika, bizibedika; Ama laztan, Ama errukitsu, Ama kutuna deiezka; gurariak autortzen, eskerrak emoten, umeak eskintzen, aora etorkoezan itz on guztiak esaten, aspertu eziñik. Eztau iñongo erregiñak alango sarrerarik iñon egin. Andre Mariaren aurretik joiazan, banderatxoakaz, orretarako aukeratu zituen mutil koskor batzuk, eta onetariko bat, azal zuriduna, arpegi betekoa, guri guria, baba lorea baño ederragoa, Anjelek eroian eskutik. Pozik ikusi neban gure antxiñako ezagun au, ta beragana joan jatazan begi biak. Gizon bikaña egoan, osasun itxura andikoa, arrantzaleai dagokioen lez burutik beatzetara ondo soñekotua. Ezin nintzan egon norbaiti itaunketa batzuk egin barik. Ain zuzen Artobero idoro neban alboan da berari itandu neutsan: —Entzuizu, Anjelek eskutik daroian mutiltxoa bere semea dau? —Bai, jauna. —Zeñegaz senartu zan Anjel ? —Eztaki? Mañasigaz. —Ondo bizi dira? —Ezin obeto. Txalopa jaube andiak dituzu, aurtengo atuntsuan be nai aña irabazi daroe ta senar emazteak barriz egunero ta maiteago dabie alkar. —Zeu be bere txalopan ibilliko zara? —Ez, jauna, ni eznabil aren txalopan, edo bai... —Zelan da ori? —Ara, jauna, ni txalopako patroia naz, da nik darabiltan potiña Anjelena da. Berak beste bat darabil. —A!... Lagun ona dozu beraz Anjel? —Ona? Eztago beste olango gizonik Bizkai guztian, lagunentzat eta lagun eztiranentzat. Arren goramenak esateko asti andia bearko neuke. —Ta Mañasi? Ona izango da Mañasi be. —Gure maestresea? Zerutik jatsitako aingerua, eztia baño eztiagoa, biotz andikoa, ongillea, etxekoia ta elizkoia. Bere senarra, bere umeak, bere elizea: arek eztauka beste gauzarik, beartsuren bati laguntzea ezpada. Erri guztiak gura deutsa. Ia ba, Tramanak be... ezagutzen dau berorrek Tramana? —Bai. —Ba Tramanak be Mañasi lango emakumerik eztala jaio diño ta... Ara non dagoan bera, Mañasi, eliz ondoko makoaren azpian... Gaur eztau orrek lo andirik egin. Gau guztian ibilli da geure Josepa ta beste lagun batzukaz, kaleak, makoak eta elizmaiak jazten. Etxean daukazan oñazpiko, oestalki, lorontzi ta gañerontzeko gauza onak kanpoan ditu gaur. Artoberok ziñoan alderantz begiratuaz batera ikusi ta ezagutu neban Mañasi, beste andrakume batzuen artean. Urteak joan jakozanik ezin zeitekean esan, lengo lengoa egoan, ule zuri bat eta zimur bat bagekoa, gazte egunetan lez txit jasoa, ta ioraneko arazoetan zerbait arpegiz gorritua. Ondo jaokon itxuraz egiñiko soñeko baltza, ondo matralletako gorriunea, ondo betiko begirada biguna, ondo ezpanetako barre-antz gozoa. Berez bear, da berezkoa eban dana Mañasik. Iñok ezeukean esango arrantzale baten andrea zanik alango emakumea, bada berak uste barik, erregin apal baten itxurea eukan. Baña ez, eztiñot ondo: aren arpegi zuri leunak, burutik berako oial me zengleagaz inguraturik, gure elizetako irudi on bat zirudian. Toki atan, kalean baño zabalune geiago egoan da, gizadi mordoska lodia ikusten zan utsune guztiak beteaz. Buruak eta buruak eta arpegi baltzeranak baño etzan besterik agiri, bada arrantzaleak ziran geienak, ikazkiña baño askozaz obeto ta beroago siñistetsu diran arrantzaleak. Mako gañean egozan, Andre Mariari lora ta usoak botateko gertauta, zuriz jantziriko neskatillatxu batzuk, eta Mañasi zan euren zuzendari edo erakustzalle. Bere alabea eban bat, ondo polita, urduria, pitin batean geldi ezin egon zana, ta oni ta beste guztiai aginduak emoten ebillen gure andrea. —Geldi, gaixuok, neuk esanarte —zirautsen—. Neuk esango deutsuet noiz jaurti, ta orduan, makurtu danok batera zeuen buruak, jar-egin usoai eta bota ta bota lorak amaitu arte; danok batera gero, len erakutsi deutsuetan legez. Eldu zan Irudi bedeinkatua makoaren ondoraño, ez neskatillatxoak gura eben ain laster, da agintariaren esanera, urten ebien usoak umien eskuetatik, jausi zan Ama Garbiaren aurrean lorazko euririk ikusgarriena, ta itxasoetan deadarka oituriko eztarriak jaurti eben urra! gora! viva! edo bizi bedi! bat itxasoaren orrua baño sendoagoa, luzeagoa, iraunkorragoa, ia azken bagea, baña gozoa, ai zein gozoa! Amaika emakume ta gizonezkok negar samurra egin eben egun atan, pozaren pozez! Etzan miraria Anjelek, bere alabeak ereiten zituan lorak buran ikutu eutsenean, gorputzeko ikaratxo baten ondoren, malko lodi batzuk igortzitea, burua goratu barik; eta gitxiago, Mañasik senarrari zer igaroten jakon igarrita, ezin bereak gorde izatea. Ama maitearen Irudia pelota lekuko elizmai gañean ipiñi arte iraun euen gizadien gorameko deadarrak. Antxe, enparantza zabal atan auspezturik, Meza nagusi gogoangarria esaten zan bitartean, emon eutsezan eskerrak Antiguako Amari arranandotar guztiak, erbestekoakaz batera; antxe, neure irudimena lotu eziñik, egon nintzan zeruagaz amesetan; antxe egon nintzan A. Pralle entzutetsuaren itzaldia ulertu eziñik, burura jatorkatazan aspaldiko ezagunak nun eteziran begira; antxe ikusi nituan, len esandakoakaz gañera, Josepa azkarra, Mañasiren ondoan; Anjelen ama, zuriz jantzitako lobatxo bat alboan ebala; Ontzi Agintari zarra, oraindiño naikoa gordiña; Tramana ta Brix, bata upela baño lodiago, mallastua baño meiago bestea, oso atsoturik biak; Antoni, neskazar itxura andikoa, zedenak jandako arpegiagaz gaixoa, bada naparrei edo sakutea izan eieban. Besterik ezneban nire begiakaz billatu... Nun etebillen Indianoa? Gero jakin neban Ontzi Agintari zarraren aotik. —Ameriketara joan da barriro —esan eustan—. Zapokeri andia egin eban dongetzarrak eta... Arako, orain bi urte, Begoñara joan giñanean, bere burua bilbotar edo Bilbon bizi diran gazte nagi, txakil batzukaz bat egin da, ango gizon malmutz, edari ta labankeri zaleakaz nastean, geuri arrika ta txistuka ibilli zan ozpindurik. Gerora ezta emen agertu. Narrua kenduko geuntsan da... —BañaAmeriketara? Baeukan Bilbon bizi izatea baizen? —Zegaz bizi? —Ezeukan ba beretzat aña? —Ez, jauna. Bilbon oraintsu erabilli dauen paper-joku, irabazbide edo galdubide orretan iruzur eragin eutsan norbaitek eta oso kuskillau ebien... Arratsalde atan, Arranondoko jaialdi guztia amaitu baño len neure etxera etorri bearrean nengoalako, lagun batzuei agur esaten nebillela, idoro nituan beste ezagun bi, elizpeko ezarlekuetan jarrita, alkarregaz autuan: Txanogorri ta Sardinzar. —Lagun zarra —ziñoan onek— egun zoragarria gaurkoa. —Bai, adiskidea; onezkero egun askotarako ezgaukaz Jaungoikoak, baña gaurkoa beñepein ikusi dogu. —Ta zer gauza oberik ikusi geinke lurrean? Nun izango da guk ikusi doguna baño jaialdi obea? Zeñek euki leike gaur guk geure Andre Maria ta geure lobatxoakaz euki doguna baño poz andiagorik? —Alan da, baña laño bageko egunik eztago, ta utsune andi bat euki dot nik; neure andrea bizi izan balitz, gugaz batera arek izango eban poza gogoratutea. Egun guztian ezin izan dot bere gomutea burutik kendu... Datorren astean izango dira urte bi il jatala, Kitolis baño lentxoago... Ia ba, betiko ezkiñan jaio ta... —Ez, ezkara betikoak —jarraitu eban Txanogorrik, astiro astiro bere pipa zarra beteta gero, toxa besteari emonaz— ezkara betikoak eta gazteagoak be ilten dira. —Bai; ta beste aldetik, gure lurbirako zeregiñak amaitu jakuzala esan geinke. Umeak ondo daukaguz, orixe nai genduan da; lobatxoak ostera asko azi dira, asko gero... Neskatillea neure sorbaldaraño bada, ta politagoa bera! Ez neure lobea dalako, baña Españako erregiñak eztauka alango umerik. —Eta mutilla? —Mutilla? Argiagorik eta ikastunagorik eztago errian. Katona be badaki ta!... Ara zer esaten deutsutan (belarrira, iñon entzun eztaigun): gizon andiren bat izango ete dan susmoa daukat. —Guk eztogu ikusiko: guk besteak joan diran bidetik joan bear dogu laster. —Jaungoikoak gura dabenean izan dedilla ba. —Bai, —amaitu eban, Txanogorrik, gorutz begira, ta lagunagaz batera aoa betean keia boteaz— Jaungoikoak gura dabenean. Aguratxoen pipetako keiari, eztakit zegaitik, arrantzale zarrok, zerura eskiñitako eliz-lurrun edo intzentsua neritxon nik, eta euren azkenengo esana, arako Simeon Igarlearen Nunc dimittis iruditu jatan. Nunc dimittis servum tuum, Domine, secundum verbum tuum in pace. AZKENA __________ Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)