Libreta horiko poemak PAKO ARISTI Liburu honen salneurria: 3,54 €. Ordainketa egiteko, edo liburu gehiago eskura- tzeko: http://susa-literatura.com/ebook © 2003 Pako Aristi © edizio honena: Susa cc-by-sa Creative Commons Aitortu Partekatu http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/deed.eu Lehen edizioa paperean: 2003ko urria Edizio hau: 2011ko ekaina Susa: 317 posta kutxa / 20800 Zarautz Adoain Aita 92 / 31015 Iruñea Zubitalde 21 / 48195 Larrabetzu Telefonoa: 943 83 26 55 Elektroposta: susalit@armiarma.com Webgunea: http://susa-literatura.com LIBRETA HORIKO POEMAK Liburu hau aurkezteko orduan duela mende asko idatzi ziren beste liburu batzuk aipatu nahi dizkizuet. Liburuak, inprenta asmatu aurretik, gaur ezagutzen diogun itxura hartu aurretik, beste bizitza bat eduki zuen, abenturaz betetakoa. «Abenturak, liburu batek?» galdetuko duzue arrazoiz. Ez edonolakoak, gainera, eta borobilduko dizuet horren arrazoia: lehen, liburuak, bakarrak izaten ziren. Eskuz kopiatu behar eta, zenbait libururen kopiak ugariagoak baziren ere, bazeuden oso ale gutxiko liburuak; beharbada lau kopia bakarrik zeuden Europa osoan, bat Erroman, bestea Granadan, bestea Vienan eta laugarrena... Irlandako monasterioren batean. Ulertuko duzue haietako bat lortu edo kopiatu nahi zuenak zer ibilera egin beharko zituen. Irlanda aipatu dugu eta jo dezagun hara. Fraide zelten artean liburua gauza magikotzat zeukaten, eta hari zioten miresmena eta begirunea halakoak ziren non kutxak egiten zituzten liburuok gordetzeko. Kutxa hauek cumlach edo cathach deitzen zituzten, eta triangelu formakoak ziren batzuek, edo lauki-luzezko- ak besteak. Zurezkoak edo brontzezkoak, gainetik zilarrez estaliak egon ohi ziren, eta bertako erliebeetan gurutze zeltak, eta bertan ospetsu izan ziren santu, abade edo ebanjelarien irudiak lantzen zituzten. Itsasora erorita ere ez zen hondatzen kutxa hauetan gordetako liburua, ondoko istorioan ikusiko dugunez. Uraren froga hau liburuen mirarizko eta magiazko izatearen oinarritzat erabiltzen zuten fraide zeltek. Kutxa horien edertasunean gordetako liburuoi kodizeak deitzen zitzaien. Kutxa haiek zabaltzea liluragarria omen zen: barnean ez eskuizkribuak bakarrik, margo koloretsuak eta miniatura filigranatuak ere aurki zitezkeen, eta esaten dute irakurtzen ez zekitenek ere hunkituta begiratzen zituztela orri distiratsuok. Kutxa haiek irekitzea ate zahar bat irekitzea zen; han ikusten zituzten bat-batean oso aspaldikoak ziren gauza, pertsona eta gertaerak, misterio eta kontakizunak, denboraz kanpo egonik ere irakurle haien denbora presentea aberastera etorri zirenak. Eta fraide zeltak gogoetan murgiltzen ziren. Ni bezala. Esandakoak erakusten digu liburuak altxorrak zirela lehen, eta altxor bezala gordetzen zirela. Eta liburuak funtzio asko zeuzkala: jakinduria erakustea, amets eginaraztea, biografiak agertzea, jendea este- tikoki mozkortzea... gaur ere ez da batere aldatu funtzio-sorta. Bat gaineratu zaio: dirua sorraraztea. Horri kontra egiteko agian idazten dut poesia. Bestela, gaur ere azal dotore eta deigarriz estaltzen dira liburuak, agian altxor itxura eman nahian. Kodizeak badira gaur egun Dublinen, Londresen eta beste hiri askotan. Horietako baten istorioa agindu dizuet, eta hona. 669. urtean idatzi zuten Lindisfarneko Ebanjeliarioa izenez ezagutzen den kodizea. Ipar Itsasoan dagoen uharte txiki bat da Lindisfarne, eta hango monasterio batera erretiratu zen San Cutberto bakardade bila. Ez zuen beste ezer eraman, berari eskainia zen kodize eder hura baino. Hura irakurtzen, hura ikasten eta hura gozatzen ematen zituen egunak. Obispo izendatu zuten, eta hantxe hil zen. Egun batean bikingoak iritsi ziren Lindisfarnera eta monje guztiek ihes egin zuten uhartetik Irlandara bidean. Eurekin zeramatzaten San Cutbertoren hezurrak eta haren kodizea. San Cutberto, ordea, saxoniarra zen, eta ez zuen bere betirako atsedena Irlandan hartu nahi. Ekaitz izugarri bat sorrarazi zuen, eta erdi-hautsitako ontzia ez zen Irlandara iritsi, Durhamera baizik. Han daude, gaur egun, santuaren hezurrak. Fraideen saminerako, ekaitzaren erdian kodizea itsasora erori zen. Alabaina, San Cutberto ametsetan agertu zitzaien, marea jaisten zenean kodizea zein lekutan bilatu behar zuten esateko. Honelaxe eskuratu zuten berriro liburu ederra, batere hondatu gabe. Gaur egun Museo Britainiarrean dago. Istorio hauek asko gustatzen zitzaizkion zelta jendeari, eta niri ere bai. Liburuen indarra ulertzeko oso zorrotzak diren ikasgaiak gordetzen dituzte. Har dezagun itsasoa; kodizea uretara erori eta ez da izorratzen. Zeren metafora izan liteke itsasoa, denborarena ez bada? Olatuek ez al daukate, euren joan-etorri amaigabean, beti igoal datozen egunen antza, beti ezberdin datozen egun berberen antza? Itsasora erori arren fresko eta eder mantentzen den liburua denbora igaro arren eder eta fresko mantentzen den liburuaz mintzo zaigu, dudarik gabe. Hori da idazle guztien ametsa. Har dezagun San Cutbertoren ekaitza, eta gero eskaintzen duen konponbidea. Liburuak antzera funtzionatzen du. Idazleak bizitzan zoritxar asko pasa ondoren idazten ditu bere libururik onenak. Idazle zo- riontsuak ez zaizkit interesatzen, onena ere aspergarria suertatzen da. Hau da idazleak gauzatzen duen miraria: berak ezagutu duen nahigabeak bultzatuta idazten du, baina saiatzen da bere orrietan gozamena eskaintzen irakurleari. Ekaitza ere erakusten dio irakurleari, baina forma literarioan mozorrotuta, fikzioan bilduta. Enbatak ez du irakurlea astintzen, baina enbata horren fruitu lasaiagoak dasta ditzake liburua irakurriz. Ni, behintzat, horretan saiatzen naiz, eta horretan saiatu naiz liburu hau idazterakoan. Cathach izeneko kodizea VI. mendekoa da. Hitz honek gudua esan nahi du, borrokaldia. Dublinen dago gaur egun, zilarrezko kutxa batean gordea. Kodize hau Finnian maisuarena zen, baina San Columban, bere ikasleak, tentazioa izan zuen gau batean, eta ezkerreko hatzek argi egiten ziotelarik, kandelak bailiren, eskuinean luma hartu eta kopiatu egin zuen osoosorik. Istorioa luzea da. Azkenean, behintzat; gerrara doaz biak kodizea dela-eta. Coll-Drevenyko zelaietan daude bien gudarosteak. San Columbanek mezulari bat igortzen dio Finniani, adieraziz zerutik ezagutu duela borrokaren emaitza, Finnianek galdu egingo duela, eta hobe dutela alferrikako sarraskirik ez egitea. Finnian ona zen, eta dena sinetsita, amore eman zuen, kodizearen kopia San Columbanen eskuetan utzirik. Hemen ere baditugu argibide politak liburuen bizitzari buruz. San Columbanen ezkerreko hatzek duten argia zer da, idazleak behar duen etorria, inspirazioa, askotan berak jakin gabe ere bere barnean dagoen jakinduriaren bat-bateko azaleratzea ez bada? Kodizea lortzeko borroka ere erraz ekar dezakegu gaur egunera: irakurle sutsuek, liburuak benetan maite dituztenek, libururik gabe bizi ezin dutenek horiek erosteko eta lortzeko daukaten borroka da; gure eguneroko ezinbesteko gastuetatik liburuak erosteko zatitxo bat gordetzearen borroka. Liburu bategatik bizitza arriskatzen zuten monje hauen etsenplua jarraituz, nik ere bizitza arriskatzea erabaki dut Libreta horiko poemak idaztean, alegia, neure bizitzaren egiak agertzea, nik izan ditudan esperientziak interpretatzea, gizartea hankaz gora jartzea. Eta monje haiek bezala, liburu hau idazteko orduan ni ere bakardade bila ezkutatu naiz nire uhartera, nire monasteriora, eta egin beharrik gabeko nire denboraren askatasunera, eta egunero itxaron dut mahaian eserita ezkerreko hatzak noiz argi egiten ha- siko. Eta kodize haiek bezala, eskuz idatzi dut nire ebanjeliario pertsonala, nire bizitza tresnaz, makinaz eta kablez inguraturik ikusteaz aspertuta. Ekologisten artean modan jarri ziren indio haiek argazkiekin bezala, uste baitut ordenagailuak energia xurgatzen didala, bista nekarazi, kontzentrazio ahalmena apurtu, arima usteldu. Eta eskuz idatzita entregatu diot editoreari. Libreta horiko poemak: hau da nire kodize pertsonala, gaur denboraren itsasora bota dudana. Ireki ezazu liburu hau, irakurle, eta irakur ezazu poema bat aldiko, irakurle, ez gehiago. Bat baino gehiago irakurtzen badituzu, nire maldizioak harrapatuko zaitu: liburuak hatzak jango dizkizu. Bizitza besterik ez ote den susmoa hartua daukat: hitzen esanahia ezagutzea, sentimenduak bereiztea, gure ekintzen ondorioak neurtzea, eta hori guztia egiten ikasi dugunean amaierara iritsi garela ikustea. Hori besterik ez ote den bizitza susmoa neureganatua daukat. Bere esanahia ezagutzera iristea, amaitu dela jakitera iristen garen une berean. Gaur tronpeta bat oparitu diot lagun bati. Onena bezalaxe ordaindu nuen, gero jotzen ez ikasteko. Nire lagunak jotzen ikasi zuen, baina ez zeukan tronpetarik. Ez da oso azkarra izan behar tronpeta hau nire lagunarena zela ulertzeko. Gauzak haiekiko grina jartzen dutenentzat dira, eta ez haiek erosteko dirua jarri zutenentzat. Hiru gauza egiten ditut egunero terapia gisan: zigarroa erre, alkohola edan eta idatzi. Zigarroa errez lasaitasun izpi bat dakarkiot bazkalondoari. Alkoholarekin lagunarteko alaitasuna ospatzen dut, eta nire noraezak baretu. Idatziz zentzua aurkitzen diet gertatzen zaizkidan gauzei, bestela hondoratuko ninduketen hutsuneen aurrean neure nortasuna babestuz. Maitasuna urteak iraun ditzakeen treneko bidaia bat da. Txartelak ez du markatzen jaitsi beharreko geltokia. Urteak iraun ditzake trenetik salto egin edo ez iragandako bidaia honek. Egun batean maitasunak geltoki abandonatuetako bakardadearen itxura hartzen duen arte. Heriotza da. Goibelaldia. Denboraren gaubeila. Berriro abiatzeko agindua emango digun loraldia. Amodioaz hitz egitea horteroa izan gabe. Herriaz hitz egitea adjektibo sutsurik gabe. Hitzak erabiltzea esanahiak faltsutu gabe. Bizitza interpretatzea azken hitza etsipenari eman gabe. Benetako gauzak hitz dotorez apaintzea arinkeria koloretsuetan nahastu gabe. Eta gehiago: amodioaz ari dela antzeman gabe amodioaz hitz egitea, eta mezua zein den erakutsi gabe bihotzaren hezurra jotzea. Horra idazlearen lanik zailena: jendeak behar duenari erantzutea. Hitzek badakite haiek baino lehenago hil behar dugula, eta barre egiten digute esanahiak nahastuz. «Maitemina» deitzen diogu hasierakoari, eta «maitasuna» ondokoari. Alabaina, hasiera gozamen ero bat izan ohi da, denboraren iragaiteak bere labean mina ernaltzen duen bitartean. Maitasuna da mina dakarrena, eta ez maitemina. Konturatzerako, ordea, berandu da: zahartu egin gara, eta hasierako gozamen eroa bizitzeko ahalmena galduta, denboraren mina baizik ez da geratzen gure baitan. Gaita jotzen ari nintzen Azpeitiko tanborradan. Orduan neska bat etorri zitzaidan albora. Gaitaren soinua asko gustatzen zitzaion eta hurbiletik entzun nahi zuen. Burua nire aldera okertuz bihotzaren gainean pausatu zidan belarria, gaitak gorputzarekin bat egiten duen lekuan. Gaitaren musika entzuten egon zen, bere irribarrearekin lasaituz nire arnasotsa. Erakutsiko al nion galdetu zidan. Muxu eman eta jende artean galdu zen gero. Haren bila nabil geroztik herriko kaleetan, tabernetan, baina ez dut ezagutzen. Kantineraz mozorrotuta zihoan, kapela eta guzti; inoiz erabiliko ez dituen arropajez jantzita, eta edertasun hura ikusezina zait orain egun arrunten geografian. Hogei urte daramatzat tanborradan jotzen, baina minutu haren lilura baino ez da etortzen nire oroimenaren espetxera. Bohemioa nire baitan bizi da, urruneko neskak maite dituen hori, abentura bakartietara ihes egiten duen hori, etxetik ateratzerakoan inoiz eduki ez dituen haurren mineriarik sentitzen ez duen hori. Baina nire baitan bizi da burgesa ere, emaztearen ongietorriak urtzen duena, etxean ahots umetuen falta sumatzen duena, igandero urduri dabilena aspergarritasun planifikaturik gabe. Bohemioa eta burgesa borrokan bizi dira nire baitan, eta borroka horrek ni aberastu egiten nau. Zein alde dago gorputz bat lehen aldiz biluztu, laztandu, ukitu eta gozatzetik berrehun, bostehun edo milagarren gozaldira? Zein bidaia gertatu zen bi puntu horien artean dena hain aldatuta egoteko? Nolatan desbideratu ziren arnasots haiek desioaren hiztegitik? Nolatan ilundu zen begirada haren urduritasuna gorputzaren esanahi barrukoenak ikusi eta ulertu gabe? Nork egin zituen gorputzaren aitzin-promesa haiek etsipenaren jakitun? Zerbait larria gertatu zitzaigun, gertatu zitzaigula enteratzeko urteak erantsiko zizkion larritasun gehituaz ohartu gabe. Bizitza jendez inguratuta igarotzen saiatzen gara. Sendiarte batetik gatoz eta beste bat osatzera goaz berehala. Leku jendetsuetan ibiltzea gogoko dugu, jaietan, larunbat arratsaldeetan, oporretan, zinematan, hondartzetan. Bakardadeari beldur diogu, eta beldur horren ondorioz bakardadea gaitz bat bezala sailkatu dute psikologoek, patologia bat omen da mendetan bizitzaren alderdi naturala eta beharrezkoa izan dena. Itsusia omen da haurrak bakarrik uztea. Desleiala omen da lagunak bakarrik uztea. Ondo pasatzeko jendea egotea ezinbesteko baldintza da, bakardadea aspermenaren aurpegi nagusia ei da eta, dohain guztiak galdu dituen garai bateko jakintsuen erne-leku eder eta goraipatua. Ezintasun sakonekin lotzen gaituen arinkeria ziztrina da benetan bakardadeari izua edukitzea, oso erraz baretzen den munstroa delako. Lagun on bat aski da oso ondo pasatzeko. Zeure burua interesgarria den norbait dela sentitzen duzun unean bakardadea oso gozagarria bihurtzen da. Bizitzako lorpenik garrantzitsuena hori da: zeure burua zeure aurrean interesgarri agertzea. Horrek bakarrik dakar bakardadearekiko beldurraren amaiera. Atsegin dut maitasuna kontaketa denean, gure ilusioen kontaketa. Gorroto dut maitasuna zenbaketa bat denean, gure ondarearen zenbaketa. Atsegin dut maitasuna banaketa bat denean, gure pozaldien banaketa. Gorroto dut maitasuna batuketa bat denean, irain-zerrendaren batuketa. Atsegin dut maitasuna gure askatasunean tenkortzen denean. Gorroto dut maitasuna gizartearen aurrean makurtzen denean. Atsegin dut maitasuna arriskua denean. Gorroto dut maitasuna harrizkoa denean. Atsegin dut gorrotatzen erakusten ez duen maitasun hori. Gorroto dut atsegina azkar baztertzen duen maitasun oro. Jende askoren distira ikusi dut itzaltzen urteotan. Lagun askoren berezitasuna ikusi dut amatatzen urteotan. Kantu bat amaitzen denean bezala, haien begietako txinparta desagertzen ikusi dut. Haien bizitza argitzen zuen hura ihes egiten ikusi dut, haien aurpegiak ilunpe ikaragarri batek estaltzen zituelarik. Batzuetan bat-batean gertatu zen guztia. Besteetan poliki-poliki, eta nik ez nuen jende hura hartaz ohartarazteko biderik aurkitzen. Nik «hi, zertan ari haiz?» esaterako zoriontasunean murgilduak ziren. Zoriontasunean itoak ziren. Egun ederren planeatzaile profesionala bihurtu naiz. Data seinalatua halako lekuetan ez dakit norekin igarotzeko planak egitea da nire ahuldadea. Eguraldi argia egingo du, nire gogoak imajina dezakeen istoriorik zoragarriena biziko dugu, eta arazo guztiak berez konponduko dira, egun hori milaka urte hauetan gure izenaz bereiztua, guretzat gordea egon balitz bezala. Baina goiz seinalatua iristen denean ez zait iruditzen egunak behar adinako distirarik dakarrenik, nire gogoa ere ez dut imajinaturiko guztia bizitzeko indarrez aurkitzen. Etorkizuna, oraina bihurtu orduko, usteldu egiten zait, San Juan ondoko goizak bezala, nire aberria inoiz bete ezin den imajinazio distiratsua balitz bezala. Etortzekoak diren egunak irudikatzen ematen dut orainaren zati handi bat. Eta egunak iristen direnean, orain bilakaturik, berriro haien zati handi bat, etortzekoak diren egunak irudikatzen ematen dut. Honela, bizitzeari uko eginez eta etorkizuna irudikatuz ematen ditut egunak, asteak, hilak eta urteak, zoriona deitzen dioten bake urduri baten zain, jakinduria deitzen dioten itsutasun baten itxaropenean, minik sortzen ez duen itxoite baten atarian. Eta dena jakina zaigunean, elkarrizketa guztiak ezagunak zaizkigunean, barre algara guztien makinaria aztertua dugunean, milaka aldiz entzundako gaurko hitzen pisu astunak mundua are gogaikarriagoa bihurtzen duenean, ez dago beste zereginik: isilik egotea, ardo on bat dastatzea eta puruaren kea urrun jaurtitzea, oroimenak hurbil dakizkizun bere begiradaren aire urdinean. Badirudi hori izango dela nire patua: irudikatzen ditudanak nire ekintzekin ezin hobetu triste bat, amesten ditudan konplizitateak ezin gauzatu etsitua, ustez egiteko gauza nintzen hura guztia zaborretara botatzen ikustea, sinetsi nituen hitzen gezurrezko izaeraz ohartze arriskutsu eta beranta. Badirudi hori dela nire kondena: itxarotearen eta datorrenaren artean harrizko zubirik gehiago eraikitzen ez den garai batean bizitzea. Eta hori bera baino ezin liteke izan nire salbamena: itxaron dudanaren baitan nire orduentzat etxe bat eraikitzea eta bertan bizitzea. Saltzaile ibiltzen zen herriz herri, probintziaz probintzia. Egun batean baserri zahar bat erosi eta hantxe ezkutatu zen betirako, erretiratzeko gazteegia zela esan zioten arren. Tomateak hesolan sortzen ikusi zituen, supermerkatuko plastikorik gabe, ardiek esnea osagai guztiekin eskaintzen zioten, eta patatak lurretik erauzi behar zirela jakin zuen, eskuak zikinduz. Antzinako gizonen ezaugarriak berekin ditu: hegaztien sena, zomorroen egoskortasuna eta azerien bista. Orain ezertarako balio ez dioten gauzak ahantziz lekua berreskuratu du bere baitan jakinduria berri batentzat. Baserritik eta bere ingurunetik atera gabe inoiz baino urrutirago iritsi da: jadanik ez ditu ezagutzen auto berrien markak ere. Ohean ari naiz idazten. Zalantzazko hitz bat agertu zait lerroetan, duda-mudazko esanahia du, baina hiztegia begiratzera jaikitzeko alferregi idatzia utzi dut, uste baitut nire hitzak jasoko dituen irakurlea —azkarra bada, eta hala izango da— ohean egongo dela irakurtzen, eta bera ere zalantzazko hitz hori, duda-mudazko esanahia daukana, hiztegian begiratzera jaikitzeko alferregia izango dela, modu horretan, akatsa bertute bilakatuz, bion arteko konplizitatea sendotuta geratuko delarik. Pertsonak, adin batetik aurrera, uste du bi mundu ezagutzen dituela, lehengoa eta oraingoa. Lehen sexua nola zen, orain sexua nolakoa den; lehengo lan baldintzak, oraingo lan modua; lehengo familiak, oraingo nahaspilak; lehengo edariak, oraingo drogak. Gaur dakienarekin lehengo mundua menderatuko zukeen, baina lehen ikasi zuenarekin gaur bizirik irautea du helburu bakar. Iragana antigoaltzat hartuz, zorrak kitatuko dituen helmuga urruna zaio etorkizuna. Orainaren meneko bizi da sarritan bi mundu ezagutu zituen pertsona jakintsua. Politikatik esaten ez diren gauzak interesatzen zaizkit. Militantziatik egiten ez direnak. Historiatik iragana faltsutzeko tresnak. Oroimenetik iragana berreraikitzeko ahalmena. Erlijiotik munduaren sorrera kontatzen duten ipuinak. Ipuinetatik elurra eta tximiniak interesatzen zaizkit. Ahozko literaturatik irudiak. Zientziatik etorkizunerako promesak. Filosofiatik gizona biluzik ez lagatzeko ahalegin noblea. Musikatik malenkonia eta geografiatik mendi eta haranen izenak. Horiek guztiak nahastuz osatu dut poesia deitzen dudan jakinduria umil hau. Larrua jo ondoren gizonak joan egin nahi du, eta emakumeak geratu. Larrua jo ondoren gizonak ez du laztanik behar, eta emakumeak bai. Gizonak ez du hitzik behar, baina emakumeari maitasuna hitzez elikatzen den sua zaio. «Ederki gozatu dut» dio gizonak. «Ederki gozatu du» pentsatzen du emakumeak. «Hau ere erori da» pentsatzen du gizonak. «Ezagutzen dudanetik maite dut» pentsatzen du emakumeak. «Titi ederrak dauzka» kontatuko du gizonak. «Irribarre polita dauka» kontatuko du emakumeak. «Bat gehiago!» pentsatuko du gizonak. «Ez dut gehiagorik nahi, hauxe baino» pentsatuko du emakumeak. Gizonak dio: «Hau denekin izango da beroa». Emakumeak dio: «Hau nirekin bakarrik eszitatuko da horrela». Hain ezberdinak izanik, ez dakit nola elkartzen garen larrua jotzeko ere. Ai zer plazera ezertarako balio ez duten gauzak egitea, dirurik emango ez duten gauzak idaztea, bilera antzuetan egotea, kobratuko ez ditudan kilometroak egitea izartegiaren lilura ikuste hutsagatik. Ai zer plazera tabernan dauden guztiak gonbidatzea, autopistan orduko 80 kilometrotan joatea, auto ilaretan barre egitea, erosketaren preziorik ez neurtzea. Ai zer plazera zer ordu den ez jakitea, aukera on bat galtzea, lan debalde egitea, gizartearekin lotura txikienik ere ez edukitzea. Ai zer plazera kapitalismoari bere armekin kontra egitea. Ustekabean, itsumustuan, nekea iristen da. Betiko elkarrizketak, betiko jendea, betiko gorputzak. Ez dago gogorik ezta afaritako ardoa edateko ere. Lagunen esanak amorrua pizten duten inozokeriak zaizkizu. «Maite zaitut» esatea hezur mingarria da eztarrian. Zoriontasuna asmakizun higuingarri bat. Higuingarriak maitasunari buruz sinetsarazi zizkiguten gezurrak. Nekea: bizitzeko indarrari bere xarma ematen dion ezustea. Jadanik ezin dut gogoratu laztandu nituen bularrak nolakoak ziren, nolakoak muxukatu eta lanbro-bidera ekarri nituen aluak, jandako ipurdien azala, gorputz haien usaina. Hitzak gogoratzen ditut, begiradak, promesak, bidaiak. Urteen buruan ezin ditut gogoratu erotzen ninduten larru-jotze haiek, saio izerditsu haiek, une hartan beste ezer baino garrantzitsuagoak ziruditenak. Elkarrizketak gogoratzen ditut, barreak, isiluneak, eguzki-sarrerak. Agian maite izan ez nituelako, gozamenarentzat hutsik ehizatuak izan zirelako, ez ditut gogoratzen gorputz ederrak. Sexuak ez du oroimenik elikatzen, samurtasunak aldiz bai, maitasuna oroimenaren giltza bilakatu didaten urte hauen buruan. Nola deitu sexuaren ostean gizona bereganatzen duen bakeari? Nola izendatu ezkonduaren bake soziala? Nola ezkongabearen bake fisikoa? Nola itsusiaren bake psikologikoa? Nola grinatsuaren bake etsitua? Nola ederraren bake matematikoa? Baina nola deitu sexurik gabe lortzen den bakeari, sexuaren beharra gaindituz askatasun zabalagoa dakarkigun horri? Nola izendatu sexuaren desorekatik urrun bizitzeko beste tenple bat dakarren bake hori? Nola adierazi bestea baino osoagoa, beteagoa, sakonagoa dela, aldi berean eskasa, zirrarabakoa, mengela, salda epela bezalakoa dela esan gabe? Ligatzea... neskaren eskuak zurea inarrosten duela sentitzea, musu eman nahi dizula antzematea, haren ahoko zaporea, lehen aldiz haren bularrak ukitzea, estutzea, laztantzea, titiburuak gogortzea haren arnasa zure belarrian kiribilduta, azala usaintzea haren sabela mugitzen ari delarik, aluko ileak hatzetan korapilatzea bustitzen doazkion ezpainetan galtzeko, klitoriaren aurkikuntza, bularren igurtzialdi berria, haren ahoaren itxi-ezina, listua, aluko ura zure ahoan, arnasotsa, zakilaren eromen gogorra, begien itsumena, gorputzaren esnaera ikusi ezinik. Ligatzea, dardararen miraria, bere heriotza lasterraz ezer ez dakiena. «Zuk ez duzu merezi izan eduki duzun emakumerik... hainbeste maite izan zaituztenak...!», esan zidan lagunak, alkoholaren euforia lotsagabean. Botila hutsa eskuan neukan, haren buruan txikitzeko, baina asko maite dut laguna, eta poema bat oparituko diot. Nork merezi du nor? Zein da prezioa? Gogaipenetik zutitzen dakiten hitzak esatea? Poza dakarten mozorro tristedun keinuak egitea? Traizioaren onarpena?... Maitasuna ematea erabaki duena kalkuluen astunkeriatik libre geratuko da, eta denborarekin, bizi izan ez diren istorioak epaitzetik ere aske geratuko da «epaiketa» hitza maitasunaren erreinutik harri bat bezala urrun botatzeko. «Zatoz» da beti maitasunaren aditza eta «Zoaz» gorrotoarena. Umeen gelak denak jostailuz beteak daude. Gure sukaldeak tresna, gailu, ontziteria eta asmakizun xelebreez gainezka. Armairuak arropaz eta oinetakoz josita. Egongelak elektronikaz, oroigarriz eta argazki inozoz itota. Jendeak altzari berriak erosten ditu, zaharrak ikusten aspertuta. Etxea ez zaigu nahikoa, ganbara behar dugu, garajea, elkarte gastronomikoa, txabola eta txalupa. Auto bat ez, hiru; telebista bat ez, bana. Erosi beharraren esklabo lehenak, traste artean jakinminari lekua jan diogu, ilusioa ito zaigu, eta umorearentzat ez dago aukerarik beti zerbait ordaindu beharraren nekean. Eta horri, jakinminik, ilusiorik eta umorerik gabeko bizitzari progresoa deitu diogu. Zergatik lehen elkarren barrura sartzeko eta bertan urtzeko irrikan zeuden gorputzak gero hoztu eta elkarren ezaxolati bilakatzen dira? Non galtzen da ile guztiak tente eta haragia dardarez uzten zuen tximista hura? Noiz konturatzen gara inoiz amaitu nahi ez genituen larrujotze haiek bukaera-epea zeukatela? Nola jakin zorion infinitua zekartela ziruditen bustialdi izerditsu haien eromena mugatua zela? Nork pentsatu behar zuen elkarren igurtziekin arnasa hartzen zuten gorputzak gero urrundu egingo zirela film txar bat botatzen duten aretotik ihes egiten dugun bezala? Nola pairatu gorputza hainbeste desiratutako beste gorputz haren dekadentziaren ikusle bihurtzen zaizun une mingotsa? Gorputz haien lilurak arrazoia kendu zion buruari, eta orain gure burua ez da gauza gorputzaren hutsegiteak dakartzan galderak erantzuteko. Badira eurengan argia daramaten pertsonak, ikusi orduko distiratzen gaituztenak. Eta badira begiradan tunel beltzak daramatzaten pertsonak, ikusi orduko ikaratzen gaituztenak. Tunel beltz horiek argitu egiten dira aldika, alkoholezko gauetan, adibidez. Eta argia dutenak itzali egiten dira aldika, sentipenek gainezka eginda, adibidez. Baina gero, egun berriarekin, argia isiotu egiten da galdu zutenengan, eta tunel beltzek berriro zulatzen dituzte alaitasun bustiaz erotu zirenen begiak. Gauza bat aldia baita, eta bestea bizialdia. Aldiaren orbanak eragindako liluraren ondoan aldi horien brodaketa urtekakoak ehundutako margoa gauza dotorea da. Goizero galdetzen diot ispiluari ea zer naizen, argia ala tunela, baina ez hari begira nagoen goiz hartako unean, baizik eta egunen betikotasunaren ibilbidean, bizitzaren ibilbide labartsuaren amaiera aldean. Halako batean nire lagunak hasi nintzen ikusten, eskolakideak, ezagunak, igande goizetan umeekin paseatzen. Aspermena ageri zen haien aurpegietan trafiko seinale bat bezala. Nik autoaren abiada azkartzen nuen haien ibilbide hitsetik ihes egiteko. Gauetan, ordea, ezkondu ez ziren nire lagunak hasi nintzen ikusten, eskolakideak, ezagunak, tabernetako barran mozkortuta. Petralkeria ageri zen haien aurpegietan kondena bat bezala. Nik ihes egiten nuen taberna haietatik euren ibilbide antzua ez ezagutzeko. Geroztik bi aukera horien artean gatibu nabil, aspermena eta petralkeria artean bide berri baten bila, bietan erortzeko arriskuan askotan, bide zoragarri bat aurkitzeko zorian beti. Beti bezala sartu zen tabernan, bere poltsarekin, gimnasiotik baletor bezala, baina orain urrunagotik zetorren inolaz ere. Urteak zituen bezero hura ikusi gabe, baina barmanak kasu egin zion burua jasota, lehen, beti bezalaxe. Bezeroak ere burua jasota agurtu zuen. Ribeiro botila bat edan ohi zuen neska lirain batekin, lukainka janez platertxo batean. Hura gogoraturik, ribeiro botila bat hartu zuen barmanak, beste eskuan kopa bi. Erdibidean ohartu zen neskarik ez zela sartu haren ondotik. Berandu zen; botila eta bi kopa utzi zizkion aurrean begiradarekin galdetuz bezala: Zer gertatu zen? Non da zurekin etortzen zen neska polit hura? Bezeroak ere begiratu egin zion, erantzunez bezala: Zer gertatu zen? Non da nirekin etortzen zen neska polit hura? Ni munduan nago, eta parte hartzen dut bizitzaren erritu guztietan. Lagun artera agertzen naiz bromatsu, etxekoen kezkak jarraitzen ditut arretatsu, maitasunaren enbatetan zutik egoten saiatzen naiz, gorputza ere zaintzen dut eta lantzen, lan merkatuan ene balioaren plusbaliak babesten ditut... baina munduan ez egotea ere planteatu diot nire buruari. Ez inor izan, gutxi jan, alkoholik ez hartu, festei ihes egin, autoa itsasora bota, oinez atera bide bazterretan barrena, idatzi gabe, gutunik jaso gabe, inor berririk ezagutzea desiratu gabe. Gure nortasunaren eta ongizatearen eraikuntza bezala planteatu diguten bizitzari deseraikuntzaz erantzutea, lortu dugun lekua hutsik uztea bat-batean, gurekin harremana duen kate-sail osoan ikara bat barreiatu arte, zalantza, ezinegona. Desagertzeak eskatzen duen indarra pilatu arte munduan nago, eta gogo handirik gabe betetzen ditut bizitzaren erritu guztiak. Militantea eskiatzera doa ostiral iluntzean, arratsaldean presoen aldeko manifan izan ondoren. Rockeroa furgona berrian doa kontzertua ematera, eta ordu txikietan sartuko da amak goizean egin dion ohean. Gazteak autobusean doaz Donostiako gaurko manifara eta gauean bapo afaldu eta mozkortuko dira. Funtzionarioa Chiapasera doa iraultzaren taupaden bila urte osoan hiritar ernegatuoi burokrazia tonak irentsarazi ondoren. Gosearen aurka limosna eman duen kristauak bi hilabeteko soldata botako du udako apartamentuagatik. Futbolariak dira jende xehearen miresmen eta eredu: diruagatik euren burua edonora saltzen duten mertzenarioak. Gure historia aztertu duen ikerlari sutsuak ez daki bere aurkikuntza jatorrizko hizkuntzan ematen. Eskuineko parametroen erosotasunean bizi gara baina herrialde iraultzaileekiko sentibera gaude beti: aberatsak izanik prest gaude beti pobreei pobreago izaten laguntzeko. Gauza garrantzitsuak gazteleraz esanez babesten dugu euskararen garrantzitxoa. Hau da Euskal Herria: burges putaz beteta dagoen munduko herririk iraultzaileena. Ez dut ulertzen beroarekin jendeak itsasorantz burutzen duen exodoa. Itsasoak aspertu egiten nau, behi baten burukadak bezala. Itsasora joatea imajinaziorik gabeko langile xumeak yatean ihesi doan aberatsa harrapatu nahi izatea bezala da. Gure gustuko paisaiaren bilaketak errespetu eta arreta gehiago merezi lituzke. Gure begien atsedenleku hori aurkitzea ez da erlijioa edo ideia politikoak aurkitzea baino garrantzi gutxiagokoa. Eguneroko bizitzaren itsumenetik ihes egiteko atea da paisaia, telebistaren abiadak dakarren eromena baretzeko modu bakarra: begiak zabaldu, atseden hartu, koloreak dastatu, formak aztertu eta haizeak zure nortasunaren muinera hori nola barneratzen duen sentitzea. Nire paisaia, nire lilura, atsedena eta betetasuna Gaztelako gari-sail amaigabeak dira, udaberrian berde, udan hori-erre eta udatzenean segaren lorratz, tximiniako suaren bakea daukaten gari-sail infinituak dira mendi-zuloan jaiotako honen begi-egarri, estuasunaren deuseztagarri. Eta nire poema bat noizbait poster batean inprimatzen badute mendiertzaren gainean iraungiz doan eguzki gorria ageri den paisaiaren osagarri, eta nerabeak bere gelako horman itsasten badu, eta goizero, iluntzero posterrari begiratuz noizbait, oso urrun ez legokeen egun batean etxetik alde egin eta oinez, lurra zapalduz —hautsa bilduz benetako bidaiarien modura—, paisaia hori eta horrelako edertasun asko zeharkatu behar dituela amets egingo balu, eta nire poema une ilunei aurre egiteko haren bihotzak behar duen brujula bilakatuko balitz, eta horrelako hitzak esango dizkionarekin baizik ez dela maiteminduko zin egingo balu, ilargi betearen gorazarrean piztutako suaren aurrean ni zoriontsu izango nintzateke, hitzaren gure aurreko azti zaharrek nirekin lortu zuten mirari zaila lortuko bainuke belaunaldi berriengan. Oraina egunero jaiotzen den promesa bat da. Mendian behera garo artean iristen da, guretzat, edo itsasoko olatuen gainean dator, kostaldekoentzat. Adan eta Ebak paradisuan ez zuten beste zereginik: oraina bizi. Iragana argitara ekarri edo etorkizunari aurrea hartu nahi izan ziotenean igorri zituen Jainkoak handik, geroztik gurea bezalakoa den mundura. Oraina umezurtz jaiotzen da egunero, eta ondo-ondo zaindu beharreko umea da. Ez diogu gure eginkizun txepelen presarik erantsi behar. Ez diogu, atzokoaren igoala izango dela-eta, ilusiorik kendu behar. Orduen biluztasunaren aurrean gaudelarik, gure nortasuna estaltzen duten erosotasun horiek guztiak gabe, benetan ez daukagu ezer, oraina baino. Eskolan erakutsi behar ligukete oraina maitatzen. Aseguru etxeek beldurra ezartzen digute, ordea. Tradizioak bere errepikatu-beharraren zama ezartzen digu. Eta goizean goizetik promesa batekin zetorren oraina begien aurretik iragaiten zaigu gure konformismoa elikatzen eta sendotzen duen aldaketa ezaren menpean eraila. Bere bizitza aldatu nahi duenarentzat idatzi nahi nuke liburu hau. Motxilan sartu eta erraz eramatekoa, gaueko sutondoan argia egingo diona, lotarako bakardadean lagungarri litzaizkiokeen hitzak dauzkana. Maiteminduta dagoenarentzat, barruan kokatu zaion gose berri hori ase ezin duenarentzat idatzi nahi nuke, minik eragingo ez dioten izarrarteak eskaintzeko, sar nazala jakako poltsikoan Nerudak inoiz ez zuela arrazoirik izan esateko. Itsaslabarraren ertzean jauzi basatia, azkena egin nahi duenari idatzi nahi diot, ez haren ihes-nahiari arrazoirik kentzeko, ahots isil askok bizitzeko erregutzen diotela ohartarazteko baizik, isiltasunean lagunduko dioten hitz ezinbestekoak erakusteko. Bizitza aldatu nahi dutenentzat idatzi nahi du liburu hau, bere bizitza aldatzen jakin ez zuenak, maiteminari neurririk hartu ez zionak, itsaslabarren maitale izan zenak, haren ahuldadetik besteek indarra hartuko dutelakoan. Banketxeak ez zaizkit gustatzen. Garbiegiak daude, autopsiak egiten dituzten gela horiek bezala. Banketxeetan ere zure irabazien egia baino ez dute begiratzen. Gaueko adiskide irribarretsuak ere seriotu egiten dira banketxeko ilaran daudenean. Ni bezero txarra izan naiz banketxeentzat. Neuk nahi nuena erosteko eta maite nituenak laguntzeko adina diru izan dut, baina ez gehiago, eta hori gutxiegi da banketxeentzat. Proportzioan duela hogei urte neukan kontu-korronte berbera daukat. Hemeretzi urterekin 600 euro aurreratu nituen, berrogeirekin 6.000. Beraz, pobreentzat eredugarria naiz, eta aberatsentzat arbuiagarri, irabaz nezakeen diru askori uko egin diodalako. Baina ni neu naiz orain, eta ez gizarteari ondo letorkiokeen makina bat. Nik idatzi dut poema hau. Makina horrek txeke bat sinatuko zukeen. Ez dut beste mendekurik desio: nire irudia daraman dirua ateratzea noizbait bankeroen eskuak zikintzeko, baita xentimoetan izan behar badu ere. Getariako Gaztetape hondartza oso berezia da. Behin bainu bat hartzera hurbildu nintzen itsasertzera. Betaurrekoak jantzita neuzkala konturatu nintzen. Haitz baten gainean utzi eta murgildu nintzen freskura ederrean. Ateratakoan betaurrekoak falta! Karramarroak ikusi nituen iheska. Haiek eraman izango zizkidaten. Geroztik egunkariak desagertu egiten zaizkio jendeari uretako sartu-irteeretan. Astero liburu bat ostu diotela salatu duenik bada. Jehovako lekuko bati biblia desagertu zitzaion, eta bera pozik. Haitzartera hurbiltzen direnek kontatzen dute karramarroek politikaz hitz egiten dietela, Ibarretxeren planaren atal inkonstituzionalei buruz. Surflariei taula hobeak non erosi gomendatzen diete. Bikoteen ur azpiko ferekak sailkatzen dituzte patologia sexualen arabera. Ez dira mariskoaren aristokraziako partaide, baina saiatzen dira euren maila soziala hobetzen. Zaintzaileei burtsako gorabeherak komentatzen dizkiete. Behin Juan Mari Arzak aurkitu zuten uretan eta genozida bat zela esan zioten. Gauez haitzetara joan zen bikote batek marihuana erretzen aurkitu zituen, eta cannabisaren onurei buruzko hitzaldia entzun behar izan zuten. Karramarro irakurriek orain mundua politagoa dela esaten duten arren, zientzialariak oso kezkatuta dabiltza espezie honen garapena dela-eta; hori eragozteko, sei telebista aparailu kokatu dituzte haitzetan Haizearen Orraziko burdinak horretarako ekarrita. Nik ere sexuan asko pentsatzen dut. Eta hau esanda badakit poema irakurtzen jarraituko duzuela. Eta badakit hau esanda zuen guztion bozeramaile bihurtu naizela, zuek denok ere asko pentsatzen baituzue sexuan. Sexuak gorputz osoa astintzen digulako, goitik beheraino, eta gorputzarekin batera nortasuna ere bai, izaera. Agertzen denean sexuak gure bizitza kolokan jar dezake, iraunkorrak genituen emaitzak denak triskaldu, eta gure bizitza kolokan jar dezakeela badakigulako diogu sexuari errespetua, beldurra eta miresmena, dena batera. Baina sexua agertzen ez denean ez da bakerik iristen, bere ausentziaz itaunka hasten baikara, ausentzia horretan guk daukagun erruaz, ausentzia honek izango duen iraupenaz, ausentzia honek frakasoaren itxura hartuko baitu iraunez gero. Sexua geure buruaren indarraz menderatzea da gure ametsa, hark eraginik ez izatea gure erabakietan. Eta lortu ez arren, geure buruarekin edukitzen ditugun elkarrizketa luzeetan baietz esaten diogu, lortu dugula. Ahaztu nahi dugunean agertu egiten delako, gozatu nahi dugunean mingosten ere badakielako, beste guztia ahantzarazten digulako pentsatzen dugu hainbeste sexuan. Baita nik ere. Gazteagotan deseoa zerbait bortitza zen. Gero leundu egiten da, baina ez apalago bihurtzeko. Lehen titiak kanpoan agertzea aski zen zure barneko indar guztiak biltzeko. Egonda nago bi orduz emakume bati bularrak jaten, bularrak jaten, bularrak jaten... lehertzeraino. Orain nahiago dut neska kamiseta jantzita ikustea nire gainean. Orain deseoa pizteko bideak bihurritu egin dira. Erritmoak, kadentziak, arnasketa geldotu dira. Jakintsuago bilakatu dira agian. Orgasmoa ez da ibilbide eder baten saria baino, eta ez helmuga. Lehen atal batean geratzen zena orain gorputz osora hedatu da. Indarra galdu du, baina lurraldeak irabazi ditu. Haren eragina zabalagoa da. Burmuinera iristen den informazioa plazer-puntu askotatik igorria da, eta burmuinari gozamen osoagoa iruditzen zaio atal baten eraso bortitzak eragiten zuen hura baino. Pobre jaiotzea zorte handi bat da. Badakizu gauzak zenbat kostatzen diren. Ezer eduki gabe ere denbora disfrutatzen badakizu. Ezagutzen duzu lagun hurkoari zor zaion errespetua. Publizitateak ez dauka eraginik zuregan. Horra klabe bat: publizitateari kasu egiteari uzten diogunean hasiko gara zoriontsu izaten. Pobre jaio bazara badakizu gauzen balioa pertsonen baliotik bereizten. Badakizu bizitza bidaia eder bat dela; zenbat eta gauza gehiago pilatu orduan eta astunagoa bilakatuko den bidaia. Aberatsen bekaitzean bizi ez bazara bizitzaren zentzua ulertu egingo duzu, eta inoiz ez duzu ahaztuko hainbeste gauza gabe aurretik ere bizi izan zirenen ikasgaia. Pobre jaio bazara bizitza pijo bat bihurtuta amaitzeko lotsatik aske egongo zara ziurrenik. Libre egonen zara baita itxura progrea daramaten eta puntualki ekintza iraultzaileetan parte hartzen duten burges nazkagarri horietako bat bihurtzetik ere. Musu ematen ikastean hizkuntza berri bat zeureganatzen duzu. Ongietorriko musuak daude, ate irekiak direnak ilunpe umelagoetara, musu indiferenteak, nahita ezpainetan lehertzen direnak edo ezpain itxiz jaurtitako gezi ezeztarrak. Ikasten duzu bereizten zu gabe bizi ezin direnen musuak gau baterako hurbiltzen zaizkizunen musuetatik. Amaren musuak, haurtzarora itsatsita geratu zirenak, ez dituzu geroztik behar izan, baina ama eman gabeko musu horien zain egon zela jakiterako joana zaizu. Halere, huts egiteak musu emaile hobea bihurtuko zaitu. Begirada baten gonbitaz iristen diren musuak daude, sorbaldan pausatuta esku batek eskatzen dizkizunak, gorputzaren mapa ezagutu nahi duten musuak eta itxaropenik gabe tristura basatira bultzatzen zaituztenak. Ezpain baldarrak daude, eta gorputzaren jakinduria guztia biltzen dutenak. Musuen aroa: hizkuntza berri bat ikasten duzunetik nori emanik gabe geratzen zaren egun itsusira arte doan denbora. «Enamoratuta nengoen eta» esaten du jende ahulak egin zituen txorakeriak justifikatzeko. «Amarengatik batez ere» esango dizu ezkontzera doan bikote inozoak. «Kreditua eskatu nuen eta» argituko dizu bere burua ordu estren truke saldu duen langileak. «Kapritxo bat neure buruari» adieraziko dizu autorik garestiena ekarri duen morroiak. «Eske telebistan ikusten dute eta» justifikatuko du gurasoak umearen opari garestia, gaineratuz: «Gainera bere lagun guztiei erosi diete». «Nora joan behar duzu ba bestela?» erantzungo du naturaltasunez arratsalde pasa supermerkatura joan den sendiarteak beharrezkoak ez ziren gauzetan dirua gastatzera. Eta horrela, besteen esanak jarraituz, besteen pare agertu nahian, denbora alferrik ez dutela galdu sinesteko dirua alferrik xahutuz igarotzen dute batzuek, askok, gehienek... bizitza osoa. Espero dut nire egunen bukaeran diru asko ez edukitzea banketxean. Ez nituzke nire oinordekoak apurrengatik borrokan ikusi nahi. Bizitza erabat aprobetxatu ez nuen seinale litzateke. Lagunei ez niela behar adina lagundu. Maiteei ez niela bizitza erosoago eramaten erabat lagundu. Opari garrantzitsu batzuk ez nituela egin. Ez nuela behar adina xanpainik edan. Niri dirua soberan geratzen bazait zerbaitek huts egin zuen seinale. Ez al nituen liburuak erosi, irakurri ezin ahala? Ez al nituen puru habanoak erretzen, astean hirutan? Nolatan irabazi nuen xahutu nezakeen baino diru gehiago? Nire lanak halako garrantzia izan al zuen botereak diruarekin estali eta ilundu nahi izateraino? Nolatan hartu nuen lo diru hura merezi nuela pentsatzeraino? Nire egunen bukaeran ehun mila euro banitu, esate baterako, hilotzik miserableena nintzateke, bizitzaren helburutzat dirua pilatzea daukan gizarte bati arrazoia emango niokeelako. Badakit Euskal Herrian ez dagoela gauza hauek esaterik. Jendeari bere diru-nahia kritikatuz gero samindu egiten dela. Horregatik idatzi egin dut. Idatzita utzi dut, inoiz notario bati ordainduko ez diodan testamentu baten antzera. Inork estimatzen ez dituen liburu gehiegi idatzi ditugu agian, eta itsasbeherako basatzaren orduan usteltzen dauden txalupak bezala geratu dira apaletan. Lohasma ederrean zeuden hitzak idatzi ditugu lotsagabeki, jakin gabe zeinentzat eta zertarako... Ez dakigu oraindik gauzak esan egin behar diren edo ez, gaua beso ezberdinen artean pasa duenak bere maitearen aurrean zer egin ez dakien bezala. Eguntxintaren paisaia gardena ikusi duenak kontatu egin behar al du ikusitakoa? Begiei atsedena eman dieten koloreak deskribatu egin behar lituzke? Norberak soilik ulertzen duen jakinduria apal bat badagoela iruditzen zait, eta susmoa daukat hori agertzen saiatzeak jakinduria horren deuseztatzea ez ote dakarren. Isiltasunak zoriontsuago egingo ez ote gaituen ikararekin idazten dut. Ezagutu ditut mendiko aterpeak bezalakoak izan ziren pertsonak nire bizitzaren ibilbidean. Ur uherretako ibaien gainean zihoazen zubi arriskutsuak zeharkatu ditut haien laguntzarekin. Gorrotoa ezagutu dut, niregan, besteengan. Bekaitza ikusi dut. Nire hitz askoren botere izugarriarekin harritu naiz maiz, eta botere horren sorburua aurkitzea izan da bidaiarik luzeena, erakargarriena. Biluzik jarri behar zenuen haraino iristeko. Ezagutu ditut begiratuak izateko diru asko inbertitzen zuten pertsonak. Nire begirada bilatzen zutenak, eta, esker onez, euren sexua eskaintzen zidatenak. Ezagutu ditut mendiak baino handiagoak ziren pertsonak, aterpe izaten erakutsi zidatenak, hitzaren menderatzaile, edota begiratua izan nahi zuen inbertsore triste, eta haien gailurra irabazteko borrokara bultza nindutenak. Nire liburuei bi gauza eskatu izan dizkiet beti. Bat: irakurleengana iristeko ahalmena. Bi: ni mantentzeko dirua sortzea. Bi gauza hauek ez daude lotuta. Asko sal dezakezu, bizitzeko behar duzuna baino diru gehiago irabazi eta irakurleen albisterik jaso ez batere. Liburuak zure isla dira, baina irakurleek esandakoarekin osatzen du idazleak ispilu borobila. Irakurleak liburu bila doazen bezala joan behar du idazleak irakurleen bila. Idazlearen nortasuna, idazkera berak uste baino ederragoa izan daiteke, edo kaskarragoa, Eta irakurleak soilik emango dio ezjakintasun horren neurria. Irakurleak idazleaz pentsatzen duena ere idazlearen nortasunaren zatia baita. Hau ulertzen ez duen idazleak inoiz ez du ikusiko hamasei urteko neska bat parkean bere liburua irakurtzen. Nire etsaiak maite ditut. Etsairik ez daukanak benetako lagunik ere ez du izaten. Etsai bat kalean agurra ukatzen ikusten dudanean badakit nire lekuan nagoela. Etsai bat berriro haserretu zaidala jakitea bide onean noala jakitea da. Etsai batek nitaz idazten duen bakoitzean nik idatzitakoaren indarra baieztatzen dit. Etsaiena da dagoen maitasun eterno bakarra. Bizitza osoan gogoratzen dituzte zuk egindako irainak. Bizitza osoan gogoratzeko moduko iraintzat har daitekeena egia bakarrik izan liteke. Gezurrak, arinkeriak, ezjakintasunak ez du hainbeste irauten. Egia atzeman eta adierazten jakin zenuelako dauzkazu etsaiak. Lagunik onenak ere aitortuko ez lizkizukeen dohainak aitortzen dizkizu etsaiak. Nola ez maitatu zurekin hain bihotz zabala dena! Amets bat darabilt buruan nerabe izaten hasi nintzenetik: ermitauaren ametsa da. Goiz argi batean etxetik ateratzea, motxila bizkarrean, kantu bat bihotzean, eta gehiago ez itzultzea. Gaztelako eremu zabaletara joango naiz, makalek itzalpetutako ibaietan freskatu, haranak zeharkatu, ermitak bisitatu, eta leku egoki batean bizitzen jarriko naiz. Ez dut jateko asko behar, gazta, ardoa. Tarteka bekatu egin nahi nuke, zazpi bekatu nagusietako bi edo hiru, ermitau bekataria izan, ermitau ateo bat, neskazalea hiru hilabetez behin edo, eta mozkorra. Ez nuke lagunen bisitarik nahi. Irakurtzen eman eguna, inguruak ezagutzen. Tarteka bidaia luze bat zibilizaziora. Nire liburuen diruarekin bizi nahi nuke, eta ezintasun hori da oraingoz munduarekin nire lotura, hori eta nik dakidan baten begirada maitemindua, ametsa eragoztearekin batera amets egitera naramana egunero. Egun batean begira jarri nintzen nire adinekoak nola bizi ziren ikusteko. Lau lorpen eginak zituzten gehienek: lan iraunkorra zeukaten, etxebizitza erosia, ezkonduak ziren eta seme-alabak zeuzkaten. Krisialdi bat eduki nuen: nik ez neukan ezer. Baina haiekin hizketan hasita bekaitza ikusi nuen haien begietan hemezortzi urteko neskatxa bat nola maitemindu nuen kontatzen nienean, hartutako aukeren egokitasuna ala okerra garbi ikusten den adinean egon arren ez zuten horretaz gogoetarik egiten, gorputzez ondo eta sano egon arren burua ardura estuetan itoa zuten beti, gauza asko konpromisoz egiten zituzten, eta euren gogoz oso gutxi. Iruditu zitzaidan ez zidatela abantailarik kentzen, eta haien zorion modua ez zitzaidala gustatzen: nik barrua astintzen duen zoriona maite dut, ez kezkak baretzen dituena. Askatasunaren ondorioa den zoriona, alegia, ez beldurraren ondorioa dena. Bide onetik nindoan nire adinekoen ondoan. Bizitza gure ulermenari iheska dabil askotan. Maitemintzen zarenean ez dago besterik munduan, baina igaro denean zeinen itxi egon zaren ikusten duzu, artean zenbat pertsona zoragarri zenituen ezagutzeko. Oraina da beti gure memoriaren epaile, ezin jakin inoiz gauzak ondo joan ziren edo gaizki: baikor zauden egunean iragan gehientsuena ondo dakusazu, petral zaudenean, aldiz, oso itsusi eta arrunt. Ondorengo aroen emaitzak gure iraganean etengabeko eragina duten abentura honetan memoriaz ezin gintezke erabat fidatu. Eta horrek bizitza aingira iheskor bilakatzen du, iheslari arriskutsua gure ustearen atzaparretan. Gaztetan denborak infinitua dirudi, baina laster hasten da mugatu itxura hartzen, eta horrek larritasuna bizkortu egiten du. Edertasuna, esate baterako... Edertasuna gaztetan edukitzen da, baina zahartutakoan apreziatzen da. Hori jakiterako, ordea, galdu duzu zeurea, eta edertasun berri baten eraikuntzari ekin beharrean aurkitzen zara beste neke askoren erdian. Oroimenari bertute salbatzaileak ezartzen dizkiogu. Norbait hiltzen zaigunean esaten dugu: «Beti gure oroimenean biziko zara» Edo: «Besteen bihotzean dagoena ez da inoiz hilko». Inozoak gara benaz heriotzaren aurrean. Materiarik ezaren erreinuan galduta gabiltza bizitza osoa ondasun materialak pilatzen eman ondoren. Handitasun ekonomikoa erdietsi nahian beti, leinuak sortzen ditugu, jarraitzaile zintzoak, eta heriotza iristen denean oroimena bezalako tresna inmateriala, ahula eta alferrekoa baino ez zaigu geratzen hari aurre egiteko. Heriotzaren sustantzia ezereza da, ezdeustasuna, desagerpena. Oroimenarekin garaitu nahi dugu heriotza, oroimenak ere haren osagarri berberak dauzkala konturatu gabe, beteko ez ditugun promesekin heriotzaren garaipena sinatzea baizik ez dugula egiten jakin gabe, materiarik gabe ezer ez garela onartu ezinik. Gure ingurura zintzotasun apur batez begiratuz gero oso nabariak diren gauzak esanez eman dezake idazleak bizitza osoa eta aldi oro berritzaile gertatu. Esan dezake, esate baterako: «Mundu osoarentzat elikadura sortzeko tresnak edukita gosez hiltzen den jende saldoak hiltzaile bihurtzen gaitu automatikoki». Eta erants dezake: «Ez dugu epaiketarik ere merezi, kondena segurua eta azkarra baizik gure axolagabetasunagatik, gure utzikeriagatik, gure dirua gosearen aurkari bilakatzea eragotziz erosi ditugun alferrezko traste guztiengatik». Eta jarrai dezake: «Mundua gure kapritxoak betetzeko miseria eremu bilakatu dugu». Eta gehiago: «Gezurra da mugak desagertzen ari direla, muga ekonomiko eta burokratikoak gero eta handiagoak dira». Moderno izaten aspertuko ez diren idazleen ahots eternalak behar ditugu gure artean. SOS. Benetan diotsuet: ez dut gorputzik gogoan. Eskuetan edukitako formak, arnasestuetan bildutako igurtziak, labainduta ere ihes egin ezin zuten besoak, isurialdi lekedatsuetan pitzatutako azala, haragi hura dena ez da gauza orain nire oroimena ikaratzeko. Bular gogoangarriak iruditutakoak ez zaizkit orain batere gogoragarri, hanka luze haiek aluak lotsati agertzen zituztenak, bizkar haien erorketa ipurdi zurien nagusitasunera tentetzeko, gorputz haiekin bat egiteko zeuden moduak, erosoak, behartuak, artistikoak, zabarrak ez dira oroimenean ezer esatera iristen. Agian haragiaren hizkuntza hurrengo gorputzarena delako, gorputz berrien gutiziarena, oroimena gure nortasunaren iraganean osagarri nobleagoak bilatzen saiatzen den bitartean. Poema hau berau idaztea, gorputzaren gorazarrezko esaldi horiekin, asko kostatu zait. Ez dut inoiz zakil bat ahoratu, inoiz ez naiz aritu zakil luze eta indartsu bati zupa eta zupa esne zuria isurtzen ikusi arte dardara batean. Zer sentitzen ote da? Nolako zaporea ote dauka? Gustagarria ote da, nazkagarria... Non jartzen ote ditu mutilak eskuak? Zure buruan? Zure ipurdian? Nolakoa ote da bere hiztegia nik hortzartean bere morboa gero eta abiada biziagoan jartzen dudalarik? Ez dakit idatzi dudan hau umekeria bat ote den, ala sexu aukera ezberdinen aldeko borrokan lagungarri gerta litekeen aitormen underground samarra, baina idatzia geratu da, eta liburuan agertuko da ezbairik gabe. Gure gizartea deseoak sortzeko lantegi erraldoia da. Grina artifizialak sortzen dizkigu, gero grina horiek asetzeko beharra sortzen digu, eta azkenik gure dirua xahutzen dugu horretan. Irabaziekin deseoen lantegia hazi egiten da, dibertsifikatu bere ekoizpenak, gure grinak are xelebreagoak izan daitezen. Oporrak Santanderren igarotzen zituenak ez du aski. Yatean joan nahiko du Bretainiara, eta hurrena zaldiz Danimarka zeharkatu. Gure eguneroko bizitzarekin zerikusirik ez daukaten grinak ase ezinda gabiltza, eta publizitatearen helburua gu ez erotzea da, esperientzia bereziak, exotikoak aberasgarri direla esanez, aseguru-etxe eta kredituen mende bizi garen koldarroi abenturazale handienen pare gaudela sinetsaraziz. Erosteko gure ahalmenetik bizi den lantegi erraldoia da gizartea, eta publizitatea erabiltzen du erosten ez badugu gu gaizki sentiarazteko, guk, liluraturik, erosteko aukera amaigabeari askatasuna deitzen diogun bitartean. Nire inguruan diru asko irabazten duen jende asko ezagutu dut. Udaletxeetako zinegotziak, esaterako. EAJkoak dira, hogeita hamar urtetik beherakoak, beste lan bat eginez udalean ordu batzuk sartzen dituztenak. Dena kobratzen dute, lana eta udala. Diru asko kobratzen dute herriaren alde lan egiteagatik. Hilean hiru mila eurora iristen dira aise. Gaur banandutako emakume bat joan da udalera pobreziaren aurkako dirulaguntza eskatzera. Hilean berrehun eurotakoa da laguntza hori. Beraz, urtean ez du kobratuko udaleko zinegotzi gazteak hilabete bakar batean irabaziko duena ere. Paperak betearazi dizkiote emakumeari. Bere egoeraren ulermen prozesua baino, bere beharren sailkapen bidea baino kontrol finantziero-polizialaren itxura hartu die paperei. Aztertuko dutela agindu diote. Izango duela erantzuna laster. Badaki txikikeria bategatik atzera bota diezaioketela. Orain ulertzen du pobre asko zergatik ez diren agertzen euren pobrezia demostratzera. Orain badaki zein sistema darabilen faxismoak pobrerik ez dagoela demostratzeko. Urtaro bakoitzari ezar dakiokeen sustantzia erabaki dut: Udaberria argia da, goizeko freskuran margotua. Uda airea da, bero astunaren arnasa. Udazkena usaina da, lurrak isurtzen duena. Negua laztana da, izotzaren laztana. Huaoraniek, ordea, beste egutegi bat daukate. Haien aroak dira: txonta loratzen den aroa, suge dantzariaren aroa, errekaren gorakadarena, tximua gizen dagoen aroa. Gure aroak nekazarien izendegitik hartuak dira. Huaotarrenak ehiztarien hiztegiko harrapakinak dira. Urtaroak dira nekazariaren pausokera astunaren eta ehiztarien ibilera arinaren lehen borroka-gune. Hau izan da milaka urtetan giza belaunaldien arteko dualitate nagusia: etorriko denaren beldur nekazaria, datorrena garaitu beharrean ehiztaria. Haiek nomadak dira euren hamaketan zabuka. Gu lur maite geldoak geure ohe sendoetan. Haiek pobreak dira eta gu aberatsak. Halere guk liburuak egiten dizkiegu mirespenez, eta haiek eskuekin aurpegiak estalita agertzen dira, ez gaituztelako ezta argazki haietatik ere ikusi nahi. Badira beldurra ematen duen edertasuna duten neskak. Dardara eragiten duten begiak. Euriaren lurrina daraman ahoan erokeriaren bat egitera bultza zaitzaketen ezpainak. Haien ilea, nola utzi laztandu gabe! Nola kendu burutik haien gorputzaren irudi imajinatua, gauean gelako epeltasunean zaudenean! Hain ederrak dira neska batzuek non neure burua saldua sentitzen dudan haien aurrean. Madarikazio biblikoen antzera, haien hitz bat aski nuke errekara saltatzeko. Zergatik egiten gaitu besteen edertasunak hain ahul, mengel, nerabe eta eskas? Gaur goizean ikusi dut horrelako bat, zelta-odola daraman euskaldun bat. Eskerrak ez didan begiratu, eskerrak ez den niregana hurbildu sua eskatzera, edo ordua galdetzera, edo elkarrizketa bat hitzartzera, eskerrak ez didan esan nitaz maiteminduta dagoela, eskerrak ez didan eskutik heldu eta «goazen» esan, ezingo bainiokeen ezetzik eman eta ezagutzen dudanetik maite dudala ukatu. Sinboloen eremura murriztuta dago aspaldi gure borroka. Ikurrina, manifak, selekzioak, betetzen ez diren legeak, ezertarako balio ez duten oihu eta aldarriak, euskaltegiak husten ari diren bitartean. Lehen garrantzitsua izan zen sinboloak berreskuratzea, gure ispilua zirelako, guk edertutako arbasoen ordaina, baina gaur sinboloen borroka inpotentziaren eremu bilakatu da. Ez dago eternalki sinboloekin estaltzerik gure utzikeria. Etiketa hutsekin deitzen diogu elkarri: xenofoboa, baztertzailea, nazia, faxista, hiltzailea. Ezkertiar guztiek egunkari eskuindarretan ateratzen dituzte eskelak. Oporretan gehiago gastatzen dute, txiringito zikinetan ganbak janez, egunero haien adimena elikatuko lukeen euskarazko egunkarian baino. Pegatak, kamisetak, pankartak, sloganak eta oihalak erakusten gabiltza beti gure biluztasuna estaltzeko, hutsik dagoen arimaren kontzientzia lasaitzeko. Sinboloen borrokak, urte gehiegitan luzatzen bada, gure eguneroko bizitzarekin harremana galtzen du, folklore bihurtzeko, gure porrotaren lore. Txikitatik erakusten digute: emaztetxo bat hartuko duzu, harekin biziko zara. Eta emaztetxoei esaten diete: senarra izango duzu, harekin biziko zara. Gerora jendea maitemindu egiten da eta etxe polit bat erostea erabakitzen du, umetako ametsa bete nahian. Etxea erosteko kreditua eskatu behar. Kreditua emango badizute lana eduki behar. Eta kreditua ordainduko baduzu ordu estrak sartu behar. Etxea galduko ez baduzu, emaztea, seme-alabak, zure txikitako ametsa galduko ez baduzu langile zintzo, isil eta meneko bihurtzen zara, nagusiari nahi duen guztia egiten utziz, protesta egiteko beldurrez beti, legerik makurrenak irentsiz. Zure familia ondo bizi dadin burututako sakrifizio guztiekin mundu ankerrago bat utziko diezu ziurrenik zure ankerkeria multiplikatzen jarraituko duten zure seme-alabei. Jadanik badakizkigu egia ikaragarri batzuk: ez dagoela bizitza osoa irauten duen maitasunik, maitatzen ikasteak ez duela ezertarako balio ahanzten ere ikasten ez baduzu, maitasuna ez dela grina erosotasunaren truke saldu zuten bikoteen elkar ulertzearekin nahastu behar, askatasuna lapurtuko dizun inongo harremanek ez duela maitasun izenik merezi, edota maitasuna bukatzea ez dela munduaren azkena, ikasi duzuna errepasatzeko ordua baizik. Maitasun eza ez da hutsune bat bezala bizi behar, zeure buruarekin hitz egiteko aukera gisa baizik, zeurekiko solasetan indartuz baitoa beti aro berriak gozatzeko beharko duzun alaitasun eta lilura ahalmena. Aukerak alferrik galtzen ikastea da bizitzaren edertasuna are eta gehiago apreziatzeko bide bakarra. Badakit gizakiaren jakinduria esperientziaren morroi dela, eta aurrekoen esanak ez dituela ezagutzen berak bizi arte, baina hau guztia eskolan irakatsi baligute gutxiago sufritu izango genukeen denok ere. Zure ondoan nago, maite, ordubete daramat zuri begira. Aspaldi eman zenidan giltza horrek jarri nau zure etxerako bidean. Bero egiten du, eta maindireak larri-larri estaltzen dizu sabela. Ederra zaude, ilargiaren argi emearen laztanak are emeago bihurtzen zaituen une honetan! Zure besoak, aurpegia, saihetsak, izterrak, ipurdi masailak... ukitzen ditut, zure azal zuria musukatzen dut argi sakratuaren baitan. Loak zure gorputzari atseden hartzeko ematen dion postura liluragarrian, urrun zaude, bakean, baina bazatoz poliki-poliki nire deseoaren deira, nire arnasotsa labirintotik ateratzeko kriseilu zaizu. Halere zure sexua lehenago iritsi da nigana zure kontzientzia baino, bustia dago, eta larrua jotzen hasi natzaizu isiltasunean. Orduan iritsi zara zu ametsetatik, begiak zabaldu dituzu. «Non egon zara?» diozu, «Zer ordu da?». Orduan hasi gara hitz egiten sexuen joan-etorrien haizealdi txikietan, gozamenak mundutik betirako kanporatuko gaituen beldurra baikeneukan, tripiaren bidaia gaiztoetatik inoiz itzuli ez ziren haiek bezala. Mundua bakoitzarentzat jaiotzen den unean hasten da, begiak ireki, gauzak ezagutu eta dagoenaz jabetzen hasten denean. «Nik hura ez nuen ezagutu» esango dizu aurrekoa existitu izan ez balitz bezala. Gaurko ume batek ez du oporretara joan gabeko udarik imajinatzen, goxoki gabeko egunik, play-stationik gabeko gelarik, lauzpabost opari handi gabeko urterik. Uste du jaiotzez irabazia daukala horretarako eskubidea. Nerabezaroan motorik ekartzen ez badiote injustizia ikaragarria irudituko zaio, eta geroxeago autorik ekartzen ez badiote sekulakoak esango dizkie gurasoei eta haiek agurrik zuzendu gabe sartu eta irtengo da inoiz abandonatuko ez duen jaiotetxetik. Munduaren miseriari lapurtu dizkiogun gure eskubideen historia bat eskolan ematen ez den bitartean faxista belaunaldi amaigabeak sortuko ditugu gure ongizate gehiegizkoaren babesean. Telebistarik gabe hazi zen belaunaldi bat existitzen da oraindik gure artean, eta horietako inork ez luke gaurko haurra izan nahi. Gauza guztiak bene-benetakoak ziren: hildakorik ez zenuen ikusten etxean norbait hil arte, baina benetakoa zen hilkutxan zegoena. Denbora pasatzea zure irudimenaren esku zegoen. Jolasak antolatu behar ziren lagun artean. Eta gaur hainbat zoritxarren albisterik ez zen iristen etxeetara. Horregatik diote haurtzaro zoriontsua izan zutela. Belaunaldi horretako inork ez du gogoan umetan aspertzen zenik. Txandaka hitz egiten badakite, jendea agurtzen lekuetan. Gaur egun ikusten duzun adina idiota ez zuten ikusiko bizitza osoan. Zure orduak kanpotik antolatuko zituen tresnarik gabe, zeure baitatik mamitu behar zenuen denbora. Gero telebista asmatu zuten aspermenaren kontra, eta gaurko haurrak telebista ikusten ere aspertu egiten dira. Jostailuekin bi egunetan aspertzen dira. Gurasoekin mahaian bazkaltzen aspertu egiten dira. Gaitz larri bat eragin dugu haiengan: irudimena lapurtu diegu, altxorrik ederrena. Eta hori gabe bizitzen ikasi beharko dute. Kondena horren sinboloa baino ez da telebista gaur eguneko haurtzaroan. Herrialde aberatsak oso arriskutsuak dira munduarentzat. Animaliak babesteko legeak egiten hasten dira euren muga itxien atarian milaka etorkin gosez eta hotzez hiltzen diren bitartean, pateretan, kamioien azpietan, oinez hankak lehertzeraino. Herrialde bat aberasten denean armak ekoizten hasten da, hori da aberastasunaren ezaugarria, negozio polita izateaz at negozio bedeinkatua. Aberastu aurretik bizitza nolakoa zen jakiteko herrialde txiroetara bidaiatzen dute, eta horri «turismoa» deitzen diote. Herrialde aberatsen zorrak dekretuz ahantzaraziak dira, baina herrialde txiroek derrigorrez onartu zuten legediarekin egindako zuloari «kanpo zorra» deitzen diote, eta ahantzezina da. Teknologiaren mende bizitzeari «erosotasuna» esaten diote, eta etxeak hiru sarrailaz itxita bizitzeari «zibilizazioa». Euren aberastasuna naturala dela uste dute, natural bihurtuz, horrela, goseak hiltzen diren milioika txiroen bizitza, eta naturaltasun hori zalantzan jartzen dutenei «terroristak» deitzen diete, «erradikalak», «integristak». Horregatik, munduarentzat arriskutsuenak herrialde aberatsak dira, ondasunak xahutzeaz aparte hitzen esanahia ere xahutzen dutelako. Orain badakit zigarro bat erre nahiko duzula hortxe, ohean eserita. Aurki gogoratuko duzu ez daukazula hautsontzirik, eta begirada ezberdin batekin eskatu egingo didazu, zure ondoan uzteko mesedez. Eskerrik asko. Kafesnea ekartzen dizudanean botatzen didazun begirada eta lehen tragoa egin ondoren daukazuna ezberdinak dira. Lehenengoarekin maite nauzula diozu, bigarrenarekin kafesnea ona dagoela, zuri gustatzen zaizun bezalakoa. Ezagutzen ditut zure hogei aurpegiera ezberdin gutxienez. Haserre zaudenekoa, lanetik nazkatuta zatozenekoa, iraindu bazaituzte edo ezuste txarren bat jaso baduzu ere, nik ezagutu egiten dut zuregan, zuk ezer esan aurretik. Zu ezagutzera zuzendu dut nire arreta urte askotan. Zu nondik iritsi zaren jakin nahi nuen. Zertara agertu zaren nire bizitzan, onerako edo txarrerako. Ez dut erantzunik kausitu, baina isiltasuna gure alde erabiltzen ikasi dut. Eta begiradak arimaren argibide bilakatu dira. Oso erraza da: ondo gaudenean oso ondo gaude, eta gaizki gaudenean ez gaude hain gaizki, isilik gordetzen bagara begiraden ezkutaleku lasaian. Larrua jotzen hasten garenean bakarrik esaten duzu zerbait hormari heltzen diozun bitartean, gozamenak mundutik betirako kanpora gintzakeen beldur bazina bezala. Galiziara egin ditudan bidaia guztietatik oroimen bat agertzen zait bereziki besteen gainetik. Askotan errepikatzen delako hartzen du oroimen batek gorputza bizi izan ditugun gertaera guztien zerrenda amaigabearen erdian. Errepikapena da oroimenaren ezaugarri nagusia, eta errepikapen batetik bestera hobetu egiten da, edertu. Hortik dator beti darabilgun gezurra: oroimenik onenak oroitzen ditugu. Ez. Errepikatuz asko edertu ditugun gertaera arruntak dira oroimenak. Nire Galiziako oroimena bezala: Ohean nago, gela ilun batean. Goiza da. Bat-batean, gaita hotsa entzuten dut urrunean. Poliki-poliki, soinua sendotzen doa, indartzen, hurbiltzen. Herriko jaiak dira, eta gaiteiroak jendea esnatzera datoz. Autobusak herri sarreran utzi ditu, plazan jaisteko lotsa balute bezala. Oinez datoz orain, ilara luzeetan kaminoa hartuta. Ongi afinatutako zarata basatiarekin bereganatu dute herria. Nik hori dena ikus dezaket ohetik mugitu gabe, eta gehiago. Urrundik heldu, zure leihopetik pasa, eta berriro urrundu dira. Loreen nagikeria guztia distilatuko zukeen alanbike baten tanta-jarioa bezala iristen zen musika hura, eta udaberri larrutuan bazter guztiak betetzen zituen, gero berriro desagertzeko. Poesiak egiten duen bezala. Zure leiho azpitik igarotzen da eta zure begirada aurkitzen ez badu betirako galtzen da. Ezin dut eraman gizarte honek etengabe egiten duen diruaren apologia ankerra, denek akritikoki ontzat ematen dutena. Dirua irabaztea da kirol nazionala, dirua galtzea tristura nazionala. Telebistako lehiaketa guztietan dirua ematen da, eta negargarria da jendeak diruaren pozez egiten dituenak ikustea. «Asko irabazten du!», esaten da norbaiti gauzak ondo joan zaizkiola adierazteko, eta esaldiak errespetua eragiten du. Diruak jendea harrotu egiten du: ezjakin handiena gauza da adituen mahaian eztabaidatzen hasteko, aberatsa bada. Diruak jendea umetu egiten du: loterian zortea izan dutenen ospakizun patetikoak ikustea aski da. Traizio guztiak barkatzen dira diru gehiago irabaztekotan. Zure dirua bankuan interes egokiekin ezartzen ez baduzu atzeratua zarela esango dizu lagunik onenak. Enpresarien hitza politikako zutabe nagusiena bilakatu da. Bizitzan dirurik ez baduzu irabazi porrot egin duzun seinale. Dirurik ez badaukazu ezta iraultza egiteko ere ez dizute deitzen. «Ni izorratu nahi banauzu, emaizkidazu hiru milioi euro», esan zuen behin Mikel Markezek. Ados nengoen eta nago esaldi gogoangarri horrekin. Dirua irabazteko beharrik ez edukitzeko adina diru irabaztea aski izan zait bizitzan. Hortik aurrera, dirua irabaztea denbora galtzea baino ez da izan. Ez dut inoiz neure buruarentzat beste paturik irudikatu idazle izatearena baino. Ez nuen neure burua goizero lanera joaten ikusten, edo etxebizitza berri bateko parketa zapaltzen umeen jostailuen erdian. Tipo bakarti bat izan nahi nuen, aldika konpainia onarekin gozatuko zuena. Aldika tabernan afaltzen duten tipo argal horietakoa izan nahi nuen, hitz gutxi esan baina sekretu asko dauzkatenak. Lekuetan agertu eta desagertu, inork ez dakiela nora joan naizen. Parrandan atera eta gaua non amaituko duten ez dakiten horietakoa izan nahi nuen, konpromisoak erantzun gabe utzi, ordu erdia irauten duten maitasun promesa eternoak egin. Nire patua idazle izatea da: ez duzu lotura laboralik inorekin, interesgarri agertzen zara denen aurrean, eta beharrezkotzat onartzen dizuten ero-puntuak zeuk nahi bezala bizitzen laguntzen dizu. Edo zeuk nahi duzun bezala hiltzen. Nik ere aurkitu nuen nire bizitzako amodioa, nahiko azkar, gainera, baina ez nuen bizitza osoa harekin igaro nahi izan. Misterioren bat gordetzen zuten gorputzetan galdu nintzen, edertasunaren ikara zeukaten gorputzetan, zantarkeriaren lilura zikinean ibili nahi izan nuen aztarrika nire mingainarekin, nire eskuekin, besteen izerdia dastatu eta zakila barneratu errai egokietan edo leku antzu anitzetan. Zure bizitzako amodioarekin gertatuko dena iragarria izan zaigu enpagua sortzeraino. Gela ezberdinetako usaina ezagutu nahi nuen. Hainbeste lanekin lortutako zorion samurra apurtzearen plazera sentitu nahi nuen gorputz osoarekin. Neure burua bota eta haitzak jo nahi nituen gorputz osoarekin, eta era berean nire minaren ikusle bilakatu. Zorionak ez nau liluratzen. Jendeak zorionagatik egiten duenak hotz uzten nau. Horregatik nire bizitzako amodioa hil egin nuen, benetan nire bizitzako amodio baldin bazen berpiztuko den itxaropen etsitu baten agindura. Niregatik balitz, nire maite, maitale edo noizbait konplize izan diren guztiekin larrua jotzen jarraituko nuke bi edo hiru hilabetez behin. Denak ziren ederrak, desiragarriak, bestela ez nintzen haiekin oheratuko. Eta maitagarriak: oheratu naizen neska guztiak maite izan ditut nik, gehiago edo gutxiago, une batean edo bestean, aurretik, bitartean edo ondoren. Maitasunak, niretzako, magma baten antza dauka, inguratzen gaituen indar bat grinaz, irribarrez eta algaraz osatua. Baina nire maite, maitale edo noizbait konplize izan zirenek maitasunarekin zerbait egin nahi zuten, bizitzan gauzatzen joan beharreko egitasmo bihurtu edo, eta hori niri nekagarria iruditzen zitzaidan. Hesi batekin itxitako amets bihurtu nahi zuten maitasuna. Baina zein amets itxi liteke hesi batekin desegin gabe? Urte asko ezkonduta daramatzatenen esaera da, emazteak ez dituela berotzen eta: «A, baina beste neska batekin zeinek gelditu ni?». Agian, ugaritasunaren ametsa bizi dugu gizonok, baina emakumea aukera egin duenaren ardurak bizi du, bere aukera zaindu beharra dauka ez dela erratu demostratzeko, eta agian horregatik deuseztatzen du maitasuna magma bat bezala bizi nahi dutenen ametsa. Prest al gaude gure bizitzako egiak entzuteko? Galdera egiterako prest egon behar duzu erantzuna pairatzeko, egia batzuek lehergailuen indarra baitaukate, zure bizitza hankaz gora jar dezakete eztanda labur batekin. Prest al dago emaztea senarra astero putetara joaten dela jakiteko? Prest al dago gaztea gurasoek harekin izandako desilusioa jakiteko? Prest al dago bikotea egunetik egunera bizitza aspergarriagotzen ikusteko? «Nik hau nahi dut!» esatetik «Nik hau nahi al nuen?» galdetzera dagoen eremua zeharkatzeko prest al gaude? Jendea presaka bizi omen da, lana, atsedena, loaldiak eta dena programatuta, ez dauka eta ez du eduki nahi denborarik ezertarako. Etsaia zaigu denbora, galderak parasitoak bezala ernaltzen dituen lur emankorra baita. Ezer egin gabe gaiztotu egiten den landare ahula da gizakia. Iraupenaren alde sakrifikatzen ditu gauza asko. Bere oreka kolokan jarriko duten galderarik egin gabe, bizitzea eragozten ez duten gezurrak onartuz ihes egiten dio suntsipenari, gauzak noraino jakitea komeni den antzemanez. Berandu denean bakarrik pizten zaio egiaren jakin nahia. Egia ausardiaren edo etsipenaren fruitua baita, eta gezurra koldarkeriarena. Alabaina, koldarkeria hori bera ez ote da jakinduria lortzeko bide bat, egiara iristeko bidezidor bat? Ni naiz gizon bat maitasun gehiegikeriagatik mutilzahar geratu dena. Maitasuna bi neskaren artean banatu izan dut beti. Bi neskak bete beharreko sentimendua izan da maitasuna niretzat. Bigatasunaren jokoak suntsitu ditu beti nire asmo onak. Gaztetan banuen amodio erromantiko bat Azpeitian, baina Urrestillako bati eskua sartuz askatzen nuen lujuria. Gero euskarazko klaseak eman nizkien hamar neskari. Berehala bereiztu nituen haietako bi: bata arrastirian paseatzeko egokia iruditzen zitzaidan, bestea sukaldean irudikatzen nuen etxeko lanak egiten. Azkenik paseotarako laguna maitemindu nuen, baina ez bestea. Izan dira neskak maitasunaren osagai guztiak beregan bildu zituztenak. Urte zoriontsuak eman dizkidatenak. Baina bat-batean bestearentzako dena izan gintezkeela pentsatzearen handiustekeriak zauritzen ninduen. Agian umildadea falta izan zaigu, gure lilura ahalmena mugatua dela onartzeko. Oinarrizko gauzak onartzeko naturaltasuna: pertsona bera izan litekeela zoragarria zinemara joateko, edo bidaiatzeko, eta ez etxean egunero ikusteko; izan litekeela ikaragarria sexualki, eta ez liburu bati buruz hitz egiteko. Geroztik maitasuna hutsunez eta itzalez beteta bizi dut, maitasuna tristurarekin, maitasuna sexu faltarekin, maitasuna gogaipenarekin, baten asemenak bestearen ase ezina dakarren bigatasunean. Eta hau esan ondoren, berriro hastea baino ez zait geratzen, maitasuna baita berriro bizitzeko gogoa sorrarazten duen porrot bakarra. Haurtzaroa dut gogoan une honetan. Urrestillako aiton-amonak. Gehienak ezagutu nituen neure aitonaren bidez, eta baserrietara pasieran joanez. Niretzako pertsonajeak ziren denak: aitonek ardoa edaten zuten tabernan, amonek anisa etxean. Bakoitza bere jenioarekin, bere hizkerarekin, bere istorioekin, bere misterioekin, bere egiekin eta bere gezurrekin, pertsonajeak ziren denak. Gehienetan bakarrik ikusten nituen, eta ez ziren kexatzen. Gaurko zaharrak kaskartu egin dira zeharo. Autobusetan doaz denak elkarrekin turismo lekurik ziztrinenetara, telebistan agertzen dira inkestak erantzunez, gimnasia egiten dute, ikastaroetan izena eman, eta begiak lurrera erortzeko moduko marrazki itsusi eta perspektiba gabeak jartzen dituzte erakusgai (eta salgai!). Adin guztietako jendea taldeka antolatu eta eraman nahi duen gizarte honek hondatu du zaharrei nien errespetua eta miresmena, errespetua ere irabazi egin behar baitu bakoitzak. Etxeetako jabe zirenak ekintza barregarrienen jabe baino ez dira bihurtu euren moderno izan nahian, gaur egungo izatea gaur egunerako balio izatearekin nahastu dutelako. Ahotsa izan da beti zaharren altxorra, eta ez gorputza, pertsonaje interesgarri haiek txandalez jantzitako txorimalo bihurtu ziren arte. Haurtzaroa dut gaur begien aurrean, baina ez neurea. Nire etxe aurreko auzora etorri diren ezkonberrien umeena baizik. Jolasean dakuskit parkean, eta haien gurasoak, zenbait gaztetatik ezagunak ditudanak, orain zahartuak. Diote umeak etortzen direnean bizitza haien bidez ikusten hasten zarela, oso ikuspuntu ezberdinetan kokatzen zaituela honek, bizitzako gauzarik aberatsenetako bat dela, geure apetak asetzeko egoismotik goratu egiten gaituena. Umeak umetu egiten zaituela, baina aldi berean heldutasuna gordez. Baina zergatik daukat nik gurasoak berehala zahartzen diren irudipena? Agian umeekin haien autoritarismoa berpiztu egin delako. Mende askotako gurasoen nekea gainera erori zaiela dirudi, eta nekeak ez du jakinmina ezagutzen. Lehen irekia zegoena umearen baitara ixten da. Haien kezkak egunen beharretara jaisten dira. Urrun begiratzen dutenean umearen arrakasta irudikatzeko da. Bere ondasunak lege zorrotzez babesten dituen gizartea hurbilago sentitzen dute orain, ulergarriago, ulergarriago errieta, zigor eta espetxeen beharra. Azken batean haurrak jartzen ditu gurasoak bere lekuan, gizartearen iraupen-katearen baitan denen norabidean tiraka. Tipo ikaragarria zen aitona Anbrosio, pertsonaje bat hura ere. Aurkitzen nuen eta esaten zidan: «Alde egin behar dek hemendik. Hilabete batean ikasiko dek hemen hamar urtetan baino gehiago». Hamalau urte neuzkan. Eta berak, asmatu balu bezala: «Hamabost urte egindakoan, orduan alde egin behar dek etxetik. Biaje iniziatikoa izango dek hiretzat». Hau esanda triste antza geratzen zen. Niri barruan eztanda egiten zidan hitz hark: Biaje iniziatikoa. Neure buruari errepikatzen nion: Biaje iniziatikoa. Non ikasi ote zuen aitona Anbrosiok hitz hura? Ez nekien bere esanahirik baina ulertzen nion zentzua, eta nire bidaia prestatu egin nuen. Etxean bagenuen moto bat, eta harekin emango nion itzulia Iberiar penintsulari, itsasertzetik beti. Libreta bat eramango nuen idazteko. «Noiz joan behar dek?», galdetzen zidan Anbrosiok beti, berak ere bidaia honekin amets egingo balu bezala. Nik bidaia ahazten nuen bakoitzean, Anbrosioren interesak berpiztu egiten zidan. Ordea, ezin nuen lagunik aurkitu, eta asmoa atzendu egin zitzaidan. Urteak pasa egin ziren eta Anbrosio oso gaixotu. Bisita egiten nionean beti errepikatzen zidan: «Alde egin behar dek hemendik, eta gero etorri neri kontatzera. Denek nahiko ditek hirekin hitz egin, baina hi neregana etorri». Azken bisitan larri zegoen: «Neuk lehenago joan beharko diat!». Eta hitzik gabe geratu zen, haren bidaiak ez zeukalako definiziorik. Urteak daramatzat geroztik biaje iniziatikoa egin nahian, berandu izan baino lehen. Zor diot Anbrosiori, eta zor diot neure buruari. Concceta Probanzak oparitu zidan libreta hori hau, behin kalean topo eginda. Bere maitasuna Jose Luis Padroni ematen dio, beraz, niri libreta hau eman zidan. Galtzaile ona izan naiz beti. Beste erremediorik gabe poemak idaztera dedikatu naiz musuak eman ordez. Hona azken poema, horra azken musua.